Euri zitalari esker
Euri zitalari esker
2021, nobela
376 orrialde
978-84-17051-68-6
Azala: Ainara Azpiazu Aduriz, Axpi
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

XIX

 

 

Gauerdiko loak eraman ninduen, Peio Elizaldek prestatu ohean etzan baiko. Ilseren deiaren ondotik, mezua utzi nuen Xabik azkenean eman zidan Maddiren amaren telefonoaren linboetan, berri ona emanez. Pentsatzekoa zen emazte gaizoa zuzenen atsedenean zegoela, zabal-zabala, zurrungaz agian. Haren pausuaren trabatzeko gutiziarik ez neukan. Biharamunean ere argituko zuen. Peio ikusten nuen, zigarreta ezpainetan, isilik, hausnarrean bezala. Ez nuen lagunaren pentsamendu uhina hautsi. Estalipea inguratu eta loari eman nintzaion berriz. Amets arraroek urratu zidaten burumuina, izutzeraino: hiltzear nengoen, baina ez nintzen hain gaizki sentitzen, zer nintzen biktima ala borreroa, horixe zen ene galdera hutsala, handik gutxira ogiaren egiteko orea nahasten ari nintzen, plazera nabarituz, eta Sigmunden aurpegia zehaztu nuen, ene gainean arrano beltz, zerasadala “zuk nahiago duzu bidea zure kaxara itxuratu eta egin, ezta?”.

      Argi zirrinta iraizten zebilen. Iratzarri nintzen. Ohe hegian jarri eta ariketa fisikoak egiten ari zen Peiori so geratu nintzaion. Aharrausi borobila askatu nuen eta elektrizitatearen pareko ikara zoharra eragin zidan suan berotzen zegoen kafearen usainak, gorputzean zehar. Amesgaiztoaren aztarnak ezabatu nituen, begiak esku gibelaz torratuz. Peio hurbildu zitzaidan:

      — Maddiren amaren berririk?

      — Ez, momentuan, ez.

      — Kafea zerbitzatzen dizut?

      Hitz gutxiko esnatu zen nire unean uneko lagun premiazkoa. Likido ilunez bete zidan kikara. Lehen hurrupaldiak berotasun bizitorea hedatu zidan zelulen artean. Mundua ireki zitzaidan, maitasun eta dolore, opari eta ostiko, distira zilarraren eskaintza amultsua bailitzan. Eguna planifikatzen hasi ginen: Maddiren amari aho biziz telefonatzea, bilkura leku diskretua Ilserekin finkatzea eta afera minbera honi erremate ederra ematea. Peiok bere kafeari ttotta ttantta bat isuri zion, kemen apur eta ziurtasun bila.

      — Horrela egiten dugu gerra leku mortuetan gabiltzanean. Alkohol xorta bat eta inarrosaldi fisikoak. Zuhaitz zaharkitua banintz bezala. Baina bego...

      — Non ezagutu zenuen Nolwen?

      — Parisen ikasi genuen dretxoa eta han elkartu ginen. Mila bihurrikeriatan genbiltzan, hiri hartako auzune bitxietan, ordukoz Nolwen emezale aitortua zela. Kontzertuak, manifestaldiak, dantzaldiak Bastilla aldeko Bal à Jo ospetsuan... eta ikasketak bukatzean, hautatu behar izan genuen, Nolwen Polizian sartu zen eta ni zerbitzu sekretuetan. Orduz geroztik harreman estuan gaude, batak bestea behar duenean, han edo hemen laguntzeko prest agertzen garela. Maddiren desagertze istorio honen karietara adibidez. Nolwen, zu eta ni neu, hirukorik eraginkorrena, bai anderea!

      Peioren predikua entzun nuen arraposki, Maddiren ama helatu aitzin. Linearen puntako emaztearen ahotsaren dardarak beldurtu ninduen.

      — Aurkitu duzu orduan?

      — Bai, Akizeko erietxe batean dago, Ilse izeneko ene lagun psikiatra baten gomendioan.

      — Eta semetxia?

      — Hura beranduago ezagutuko duzu, azterketa luzeak baditu egiteko eta orekatuko denean bere amaren eta zure menean egongo da. Pazientzia da zuk orain behar duzuna...

      — Non biltzen gara?

      — Galdera ona. Leku diskretu batean... eman dezagun Habasko eiheraren oihan eta sasitzarretan. Zer diozu?

      — Xabirekin etorriko naiz. Eguerditan han izango gara.

      Hori egina. Ilseri mezu bat bidali nion. Hitzordu tokiaren koordenatuekin batera. Ez nekien zuzen zergatik, Habasko eihera ohia hautatu nuen, menturaz, betidanik erroten auzoetan juntatzen zirelako ebasleak eta gaizkileak. Haietatik ginena? Ez etxit. Baina diskrezioa hitzemana nion Maddiren amari eta horretan finko nenbilen. Eihera elea marmartzen nuenean, haur denborakoa zetorkidan akordura: etxe zolan isurtzen zen errekaren hegian, arbola, belar eta sasiz emokatu zoko batean altxatzen zen gure eskualdeko eihera, bere nasa, kanal eta bihiak ehotzeko errota animalekin. Guretzat, aukerako jostalekua zen, udako oporretako arratsaldeak bertan pasatzen genituen, xarboak eskuz harrapatzen, bainatzen edo belazean etzanik etorkizuna irudikatzen.

      Dagoeneko errotak abandonatuak dira; nasak eta kanalak berriz lurrez tapatuak. Haur denborakoak eta gaineratikoak. Mango eta Doraren ezteietan Lasturkoa miretsi nuen, uraren ekarria, arto bihi irinduen metatxoak, errotaren klaska hipnotikoa. Egun hartan, Joana Garraldaren eskua bereziki tinkatu nuen, beste maitasunik ez neukala berresteko moduan. Uste dut sinetsi ninduela. Asteburu zoragarria pasatu genuen, bizitzak amodioz ehotzeko eiherak bilakatuak ginela. Gogoratzen nintzen halaber, paper zaharrak aintzakotzat hartuz, Baionako marea-eiheren kokapenak aurkitu nituela, ohiko detektibe inkesta bat eramanez: Aturriren ezkerraldean Balishon eta Tarridekoak, bai eta gaur egun hatzik utzi ez duen udaletxe plazakoa litekeena, eta, ibaiaren eskuin aldean, menditik itsasorako norabidean, Baxefores, Kastera, Boyer eta Saultekoak, San Bernardekoa azkenik, orain zabortegia bihurtua den Erdi Aroko beneditar seroren komentu zaharraren aldamenean. Habaskoa errekasto batek mugiarazten zuen eta han ginen juntatuko Maddiren amak bere alaba besoetan hartzeko gisa. Horretan buklatuko nuen afera latza hau, gogo onez.

      Eskerrak telefono mugikorrak eskumenean genituela. Bestela nola egin genezakeen komunikatzeko eta gauzen jakinean egoteko? Nola egiten genuen hiru hamarkada lehenago? Galdera horiek nituen buru zokoan, eskukoak berriz jo zidanean:

      — Jason eta Jose preso eraman dituzte eta, naski, ez dute egun argiaz luzezkoan gozatuko, jakizu, presondegian mutxituko dira arratoi batzuen maneran... Kartzelan ez dituzte haur bortxatzaileak biziki estimatzen gainera, hori ere entzuna dukezu?

      — Bai, Nolwen, entzuna dut. Biba zu eta biba gu, lortu dugu. Ilse adiskideak Maddi ekarriko du Habasko eiheraren maldan dugun haren amarekiko gailurrera, nahi baduzu etorri, Akitania Berrian zabiltzano!

      — Bikain.

      — Eta bihar, igandea, bazkaria dugu Joanaren Atharratzeko Erratzü baserrian: gonbidatua zara. Zatoz, lotsarik gabe, plazer bat dateke.

      — Mintzatuko gara.

 

 

Sudurretatik biriketaraino zihoakidan Peiok erretzen zuen zigarretaren kea. Utzia nion, bazen hamar urte, baina erraten zen bezala, behin hasiz geroztik betirako erretzaileak ginen, pasiboak alabaina. Ez nion gaitzesteko keinurik luzatu. Bizkar zakutik ateratako termo gris distiratsutik ferblankezko godaletetara isuri zuen kafea:

      — Zure ikerketaren bukaera zoriontsua ospatzen dugu?

      — Bai... ea nor den lehena agertuko... ama ala alaba, parioak irekitzen ditugu? Amak telefonoan urduri ematen zuen eta berantetsia dut Maddi nolakoa den ikustea...

      — Hainbeste urte preso iragaten dituena ez da ongi izaten ahal. Ilunpean eta psikotropoz aserik pasatu ditu azken sei urteak, fantasma, haluzinazio eta bortxaketa artean.

      — Izugarria da, izugarria denez.

      Ez nezakeen besterik ahoska. Ohartzen nintzen emazte horiek jasan zuten biolentziaren gradu gorenaz. Sarraskiak zituzten pairatu, batak alabaren faltaz eta besteak, gorputzaren mugekin jolastu ondoan, harrapari sexualen atzamarretan gatibu. Itxura hitsak ezabatu nituen garunen arrakaletatik eta ingurura beha geratu nintzen, kikara beroa ahurretan: bazter berdeak ziren, eguzki azpian distiratsu, eta bideaz bestaldean zetzan urmaeletik zetorren ibai hertsiaren aldamenean altxatzen zen Habasko eihera. Abandonuaren hatzak nabaritzen zitzaizkion, nahiz eta hiriko langileek hurbileko pentokako belardiak arrasatzen zituzten noizean behin. Lekua ederra zen, baketsua, eta nehork ez gintuen zelatatuko. Ez nekien zergatik hautatu nuen toki hori Maddiren amarekin biltzeko, intuizio zirikaria izan zela baizik.

      Sasitzarrak makilekin harrotuz, eiheraren atariraino iritsi nintzen. Eki meleka honekin, beldur nintzen sugeak laparretan metan txirikordatuko zirela. Astiro nindoan aitzina. Leiho hautsi batetik etxearen barneko anabasa miretsi nuen, mahai eta aulki apurtuak errauts pean eta Eskualdun Gazteriaren egutegi zaharra lurrean. Murru baten kontra, errota borobila bermatzen zen. Bihotz ximikoa jasan eta auto baten burrunba hauteman nuen, biak batera, ordena horretan. Ilse ala Maddiren ama zen? Ez bata, ez bestea, Nolwen zen. Maitale ohiaren besoetara lehiatu nintzen, besarkada luzeen berotasun eztia eskas nuela konturatzeko denbora hartuz. Hainbeste egun ez ninduela nehork bere besoetan tinkatu, minutuak ahituz eta ele eztiak marmartuz. Betezpalak hezetzen sentitzen nituen.

      — Hemen gara beraz, aiduru.

      — Nolwen... ama eta alaba etorriko dira.

      — Zer da toki bitxi hau?

      — Tokirik egokiena diskretuak izan nahi dutenentzat, eta gaur gure kasua da. Normalean, gaizkile txikiak datoz hona, trapitxeroak eta maitale klandestinoak. Begira hormetan sprayez egin marrazki horiek, zakilak, bularrak, aluak, anarkiaren zigiluak eta irainak munduari... irudimen zabala dauka izaki humanoak...

      Barrea libratu zuen Nolwenek. Irriaren sakonak nahasi ninduen, amodioa egiten genuenean, algara hori zuelako askatzen, uherra, ausarta, menderaezina. Peio Elizaldek behatza belarrira eraman zuen:

      — Ixo, norbait dator.

      — Hesi horren gibelean gorde gaitezen...

      Kanguru arinak bagina bezala, ezkutatzera ernatu ginen, asunetara jauzi eginez. Eskerrak Maddiren ama jalgi zela kotxetik. Punpaz atera ginen gure gordagitik, denak laido eta hazka. Emaztearen begirada larderiatsua neurtu nuen:

      — Nor dira jende horiek? Nik zurekin ditut aferak. Non da ene alaba?

      — Maddiren desagertzearen misterio lodia argitzen lagundu nautenak dira... Xabirekin etorri zara?

      Galdera egin orduko, belardiaren erdian moldatzen genuen zirkuluan sartu zen Maddiren anaia. Peiorengana jo zuen zuzen-zuzena, eskua luzaturik, gizonen arteko agurrak eskatzen zuen moduan. Euskaldunentzat konfiantzak ere generoa bazeukan, eta gehienetan maskulinoa zen. Emazteak ikusezinak ziren. Tua irentsi nuen eta garatzen zihoan solasari uztartu nion adimena. Xabiren hitzak ziren hauteman:

      — Arreba ez da jin oraino?

      — Ez, jauna, ez da jin. Baina jinen da. Itxoiten gaude.

      — Ez dut denbora askorik, enpresa bat badut nik eramateko, ez naiz zuen antzeko funtzionario antzua!

      — Ongi hasi zara, jauna, ez duzu lotsarik, zure arreba aurkitu dugu eta horrela eskertzen gaituzu?

      — Ez diot inori eskerrik zor...

      Hara, errana zen, motz eta zotz. Gizonak burua gora zetxikan: nehork ez zion tranparik egingo, ez zen eroriko. Peiok eta Nolwenek bake keinuak helarazi zizkioten, amarengana joaten nintzen bitartean. Ahurra sorbaldan pausatu nion:

      — Distantzia atxikiko duzu Maddi agertuko denean. Mediku batekin etorriko da. Beharbada urrunetik solastatu beharko duzue. Hurbilketa fisikoa gerorako izanen da. Ilse psikologoak kontatuko dizu den-dena...

      — Zer da zizpologo hori?

      Hatsaldi arinaz, eskakizunaren gakoa airean abandonatu nuen. Emakumeak pixka bat galdua zirudien. Xabi ere jabaldua zen. Oilar hanpurus jaidurari uko egin zion Nolwen eta Peioren parean. Haizearen murmurrak hostoetan baizik ez ziren entzuten, baina kotxe bakun baten hotsak nahasi zuen eiheraren aldeko isiltasun berdea. Igurikatzen genuena zen. Ilserena, Maddi edo Marie-Cecilerekin. Begiak zabal-zabalik autotik nor aterako zen aiduru geunden, estralurtarren ontzi batetik izaki muskerrak jalgiko bailiran.

 

 

Ilse ezagutu nuen. Besotik loturik, Maddi izan zitekeena laguntzen zuen aitzinatzen. Emazte mastoka baten itxura zeukan adiskidearen aldamenetik zetorrenak. Hautsia zen, errautsia, deflagrazio nuklear baten ondotik zirtzikatua bezala. Burua alde orotara higitzen zuen, neguaren garratzetik salbatu txoritxo edo inguruak miatuko lituzkeen surikata baten antzera. Ninikak uhertuak zituen, zuri gehiago ageri zela urdin edo berde baino. Ezpain artetik lerde zurbila zetorkiola iruditu zitzaidan, baina ene imajinazioaren igalia baizik ez zen. Poetikoki erranik. Hargatik, Maddiren egoerak poetikotik deus ez zeukan.

      Behako biribilaz, ipularrean zain zegoen familia aztertu nuen. Izuak gatibatzen zituen. Ez zekiten zer egin, nola ekin eta zelan eragin, ikusten zutena egia zela segurtatzeko. Amaren gibelean zutik, Xabik ezinegonaren zantzuak erakusten zituen, oin batetik bestera jauzi txikika ari zela, eskuak ileetatik zaintsuki pasatuz. Antsiak nabarmenki itotzen zion begirada. Ama aldiz, kopeta apalik, malgortzen zihoan, munduan pasatzen zena ez zitzaiolako batere interesatzen momentu hartan. Hondorik gabeko zulo bat zirudien, airea, hatsa eta odola iragazten uzten zuen leizea funtsean. Urrunetik, negar zorian ematen zuen. Hunkitzen ninduen normalean hain zainarta eta larderiatsua zitekeen emakumearen traka latzak.

      Nolwen eta Peio Elizalde elkarren ondoan zeuden, muturik, ikusgarria nola garatzen zen begiesten. Prest ziren, edozer gerta ere, beren polizia karta ofizialak jalgitzeko. Amerikar telesailetakoen maneran, sasietatik punpa egin eta hiltzailearen sudur pean plaka itsasteko harridura orokorraz baliatuz. Baina ez ginen film batean. Habasko eiherak ez zukeen bere zedarrietan sekula hainbeste brigantik herronkan ikusi. Alta historia luzeko egoitza zen, bidegurutze emankorrean kokatua, oihanaren erdian, hiriak finkatzen zituen legeetatik eta legegizonetatik at. Auzo horretan eraiki zen zikinak tratatzeko zentro erraldoia ere, autobide hegian, zarata eta ustel urrin artean. Eiheraren urmaela idortzen ari zen denborarekin, Habasko larre eta xarak urbanizatzeko boladaren ondorioz. Kasik ziur nintzen, bost urteren buruan, hemen ere etxebizitza iraunkor kartier berri bat eraikiko zela eta eiheraren izena baizik ez zutela atxikiko.

      Burutazio antzuak haizatu nituen. Bost axola hondarrean. Joana Garraldaren Erratzüko baserrian baino ez nintzen ekologista eta bobo sentitzen. Anartean, Ilse eta Maddiren aitzinatzea segitzen nuen eta, nire parean aurkitu zirenean, hurbiltzeko keinua eskuz egin nien amari eta Xabiri. Bi taldeen arteko distantzia metro eta erditan finkatu nuen:

      — Geldi. Ez mugitu. Hara, hor duzu zure alaba.

      — Maddi, Maddi, Maddi, Maddi...

      Andere kiribilduak ez zuen besterik errepikatzen, alabaren izena, berriz eta berriz, zintzurrean gora zetorkiola ematen zuen, goitikin pikorra balitz bezala.

      — Zatoz, Maddi, ene besoetara. Tinka, besarka eta musuka zaitzadan. Zatoz, arren, Maddi, zure ama xaharra naiz.

      — Ez zaitut ezagutzen.

      Maddiren hitzak harrikadak bailiran hartu zituen emazte astinduak. Ez zituen sinesten ahal. Amak, bere aldetik, gauza bera erran zezakeen, ez zuelako bere alabaren fisikoa ezagutzen. Zazpi urte bazen joana zela, eztei eder haien bezperatik ez zuten elkar inoiz ikusi...

      — Non zinen orain arte?

      — Ilunpe zakar batean nintzen, ama, paradisu batean preso.

      — Zer erraten du?

      Maddiren amaren galderari erantzun zuzenik ez zegoen. Ilsek trinko zetxikan emakumea perpaus misteriotsuka mintzo zen. Ulergarria zena, drogatua eta bortxatua izan zelako hainbeste denboraz, Labriteko Piteier baserriko gela tepuetan. Ez zuten Nafarroako erregina baten gisa tratatu alabaina. Ihes egitea lortu ez balu, oraindik ere Jose eta Jasonen atzamarretan pairatzen egongo zen. Indar gaitza egin zuen egun hartan, egundokoa, agian kemenez arras hustu zuena. Ez zuen esfortzurik egiteko kalipurik gehiagorik:

      — Barkatu, ama, barkatu.

      — Ezagutu nau!

      — Ni ere ama izan nintzen.

      Hitz hauek ahoskatzean, malkotan urtu zen Maddi. Uste dut Nolwen, Peio eta hirurok, halaber, emozioz hantzen ari ginela. Begiak bustitzen zihoazkigun. Amak alabarenganako urrats bat egin zuen, baina, kokotsaz, lekuaren gainean egotea manatu nion. Obeditu ninduen, gogo txarrez, bistan dena. Nahiz eta alabaren heziketa gogor kontrolatu zuen, alaba bakarra maite zuela onar zezakeen, istant hartan bereziki.

      — Maddi, zer pasatu da? Zer pasatu zaizu? Zer pasatu zaigu?

      — Ama, barkatu.

      — Herenegun kontatu didazuna, konta iezaiozu...

      Ilseren ahots eztia zen. Maddiri hitz egiten. Hatsa sakon hartu zuen eta elearen kordela askatzeari ekin zion. Aditzak hortzen eta ezpainen mugan traukatzen zitzaizkion baina, zintzur karraka baten ondotik, hasi zen, arraposki, perpausak mailukatuz:

      — Ez dakit nondik abiatu, ez dakit gertatu zaidanaren hobenduna ala biktima naizen, ez ote nuen hiltzea hobeko, nagoen egoeran, ama, zure aitzinean agertzea baino...

      — Lasai, Maddi, epaitzeko ez gaude zure anaia eta biok, zuretzat ongia baizik ez dugu nahi, beti ez baldin bada horrela izan ere.

      — Badakit, ama, badakit...

      Eiheraren ingurunea aztertu zuen soaz. Salbamen haga baten bila ari bailitzan. Udaberri atarian iratzartzen ziren txorien kanta airosak entzuten ziren. Berdetasunaren usainak troxatzen gintuen, belar ausarten balantzak etorkizun hobeagoa iragartzen zigula. Aitormenaren ordua zetorren. Maddiri begira geunden, aldi berean hormatuak eta esperantzaz beteak:

      — Bizi berri bat hastera noa. Ez naiz arras gogoratzen zer pasatu zaidan hondar sei edo zazpi urte hauetan. Ehortzia izan naizela iruditzen zait, atea giltzatu gabe utzia zutela ohartu nintzen goiz hartaraino. Ihes egin nuen orduan, oihanean barna, orein grazios baten urratsetatik. Hark salbatu ninduela uste dut, egiazki salbatu eta aipatzen dizuedan bizitza berri honen bidean jarri...

      Maddi isildu zen. Hitzak bilatzen zituen, hatsa bezainbeste. Estofatzen ari zela ematen zuen. Esku zapalaz kolpe eztika, bizkarra banbakatu zion Ilsek.

      — Arren, Maddi, jarrai ezazu, otoi.

      — Bai, preso atxiki naute madarikatu horiek. Ene senarrak, honen amak eta Jose bere lagun minak. Hirurak ene ezteietan ziren, gozo eta lagunkin, oroitzen naiz, horrek burumuinak larranzten dizkit. Kaka eta pixa gela zikin hartan bertan egiten nituen, ez zuten sekula garbitzen, janaria apurka ekartzen zidaten eta pastillaz emokaturik atxikitzen ninduten. Gogoan dut, garunak ezabatzeko, tauleta bat banuela, filmak ikusten nituen, haurrentzako marrazki bizidunak eta Twin Peaks telesaileko bi lehen sasoiak. Nire izena ahanzten nuenean, Laura Palmer nintzela marmartzen nuen, hala deitzen ninduten, begiak tapaturik, bideo pornografikoak egitera eramaten nindutenean...

      — Gaixo Maddi, gaixo haurrak: zer egin dugu?

      Ama xifrituaren ahotsa zen. Xabi hurbildu zitzaion eta besoetan hartu zuen amultsuki. Ahozabala izanagatik, seme onaren papera ederki atxikitzen zuela onartzekoa nuen. Kopetaz, hizketan segi zezan seinalatu nion Maddiri:

      — Egur puska bat baneraman besarka, ene semea zen eta artatu nauten erizainei, gurutzatzen nituenei, nitaz axola hartzen zutenei, erran zahar baten musikaltasuna zuen “Kanpoko egurrak sua ezin egar” perpaus misteriotsua errepikatzen nien, ez dakit nondik ateratzen nuen, nork txertatu zidan memoriaren hondoan, batzuetan sardexka batekin jaten saiatzen zen ziminoa sentitzen nintzen, urte horietan guztietan ez dut egun argirik ikusi, ganbera likits hartatik ateratzean, itsu nintzela uste nuen, itsu eta mutu, hosto lehorrak lehertzean ene kasko zokoan zartaketa erraldoiak entzuten nituen eta hinki-hanka nindoan, hatsa galdu arte, hilko nintzen, hilko nintzelako...

      — Baina bizirik zara, Maddi, aitzina...

      Animatzen saiatzen nintzen, kontakizunaren bururaino joan behar zuen, bere ahotik isuriko ziren hitzen peskizan geunden, Maddirengandik egiazki gertatu zena entzuteko:

      — Aspaldiko istorioa da, odolez bustirik iratzartu nintzen, sabela huts. Ez naiz deusez gogoratzen, zer pasatu zen orduan, baina ahurrak likido malgu batez gorri neuzkan. Uste dut haur bat munduratu nuela, ene egur puska maitagarriari Buba ñiñaño kantatzen nion, emazte eta humano nintzelakoa berresten nuen, bestela abere baten pare tratatzen ninduten eta nik neuk ere ez neukan indar askorik asaldatzeko, oldartzeko edo gatibu nindukatenak trabatzeko. Ahulegia nintzen, baporeetan urtua eramaten nituen egunak, den mendreneko keinua egiten nuenean, laido, zaflako eta ostikoka menderatzen ninduten... eta biolentzia olde horien lekoreko bideo grabaketa saioak izugarriak ziren, bertaratzen ziren emazte eta gizonak are bortitzagoak zirelako enekin... negarrez eta auhenez kulunkatzen nuen egur puska besoetatik kentzen zidaten, indarrez, galdua nintzen, ziztuan, salbatzeko heldulekurik gabe...

      — Maddi, non da zure balizko seme hori?

      Eskakizun arranguratua egin zuen Xabik. Izua zekarren bozean. Amaren aldera bildu zen eta biek urrats bat egin zuten Maddiren aitzinean berrogeita hamar zentimetrotan plantatzeko.

      — Zer gertatu zaio?

      — Sei urte ditu, medikuek erran didate bizirik dela, handizki traumatizatua baina bizirik. Julien du izena, argazkitan ikusi dut, mutiko polita da, dena ama...

      — Non dago?

      Ordura arte isilik egon zen Nolwenek hitza hartu zuen. Eleak hautatzen zituen bereziki, Maddiren kalbarioaren narrazioa pairatzen zuen familiakideekin solastatzeko.

      — Zerbitzu sozialek daukate, afera hau jabaldu artean, harrera-gune batean egongo da, mediku-arta askoren premia du, arazo handiak ditu helduei konfiantza egiteko, arazo larriak jakizue...

      — Ez duzue uste gurekin hobekiago litekeela leku zeken eta barbaro horietan baino?

      — Xabi, aski, ongi inguratua da, han ez du nehork gaizki tratatzen, hala espero dut bederen, baina familiari itzuli aitzin, baketzeko eta mundua onartzeko urrats anitz baditu eramateko.

      Nolwenen ebazpena zorrotza zen. Xabiri karta bat eman zion, zentroaren zuzenbidearekin, Muriel Berrondo gure adiskidearen kontaktua erantsiz. Arte horretan isilik egon zen Maddi, ezker-eskuin balantzaka. Zeruari begira zegoen, fermuki zutik, iluminatua bailitzan. Betazalak zabalik atxikitzen saiatzen zen eta eguzki arraioekin jostatzen ari zela zirudien. Eta gero, argitasuna bereganaturik, burua apaltzen zuen lurreko belar tusta gotorren berdetasun hunkigarriaz horditzeko.

      — Ama, ni ere ez naiz etxera bueltatzen ahalko. Zauri asko dauzkat sendatzeko. Bihotzekoak eta arimakoak. Ilseren ospitalean pasatuko ditut hurrengo sei hilabeteak. Ene bisitatzera etorriko al zarete?

      — Bai, jinen gara, haurra, jinen garela, Akize ez da Baionatik sobera urrun. Alaba gaixoa, horrelakorik agitzeko ere!

      — Ama, ez da zure errua, ez da zuen falta. Bizirik gaude, Julien eta biok, hori da garrantzitsuena.

      — Stockholmgo sindromearen ondorioak ezabatzen ari zaizkio, jakizue duela gutxi arte setiatzaileen defentsa hartzen zuela Maddik ere... Zaila da hainbat urtez irun biziraupenaren armiarma sarearen desegitea, egiazki neke da, ez hiltzeko behar izan du bahitzaileen ekina justifikatu, bere onerako zela konbentzitu, maite zutela bereziki bideo pornografikoak biltzera zihoazenean, jatera ematen ziotenean, filmak ikusten uzten edo hamabostean behin eme eskuek dutxapera bulkatzen zutenean.

      Taldeak erlijioski hauteman zuen Ilseren predikua. Labriteko Piteier baserriko gaizkileak giltzapean zeuden dagoeneko Bordele inguruko presondegi ezagun batean. Nehor ez zen haiengatik urrikalduko. Fernanden harriduraz gogoratu nintzen, kliska batean: sekula ez zuen pentsatuko egun oroz elizan, plazan edo merkatuan gurutzatzen eta agurtzen zituen jende horiek antzeko kalbarioa jasanaraz zezaketela menpeko ahulagoren bati. Eta askotan horrela zen, ardi larruz apaindu otsoz inguratuak ginen. Xabi eta Maddiren ama neuzkan begi bistan, hauek azala bortitza zuten, baina mamia mantsoa, mardula, mamurra. Distantzia sozialak mantentzera deitzen gintuzten seinaleak ziren. Gure aita zenak erraten zuen bezala, apezekin, errientekin, jendarmeekin eta ezezagunekin beti akort eta aparte.

      Haize ufako hotz batek freskatu zuen Habasko eiheraren eremu desolatua. Berdetasuna bera aniztasunaren alargun zetorrela zirudien. Maddiren ahots lakarrak inarrosi ninduen barnez, bere burua salbatzen saiatu baitzen sei urte iraun zion marasmaren minetik. Eskua kopetan pasa eta pasa ari zen, izuaren balizko izerdia idortzeko moduan. Baina Maddiren garunean beldurra baizik ez zen, oraino ere, anaiak eta amak zer pentsatuko zuten, hobendun sentitzen zen, are gehiago Pantxoa eta Maialenen figurak etorri zitzaizkiolarik oroitzaren zurrunbiloa nahastera:

      — Non dira Pantxoa eta Maialen? Haiek bazekiten zerbait larri gertatzen ari zitzaidala... ez zuten deus egin...

      — Ez ziren ohartu —ihardetsi nion isiltasun dorpea ebakiz— deusez, ezkondu zinenetik bide txarretik zindoazela, ez zuten zure berririk. Afruntatuak sentitzen zirela erran didate eta, neurri batean, aurkitu baldin bazaitugu haiei esker ere izan da. Ez zuten berehala egia laxatu, baina egin zuten bigarren bisitaldian. Gertatu zenaren hondorik gabeko putzuaren zakarraz jabetu ziren orduan.

      Igelak, putzu zolan zegoenean, preseski, ez zuen itsaso zabala ikusten, baina zeru sakonaren hedadura mirets zezakeen libreki. Hubei eskualdeko aforismoak izpiritua zeharkatu zidan bala baten abiaduran. Maddi begietsi nuen Ilseren saihetsetik astiro aldentzen, Nolwen eta Peio ere hurbiltzen, amak urrats bat aitzinera egin zuen, itsasoa trabeskatzeko bezala, eta Xabi lekuaren gainean gelditu zen, nire antzera. Igel baten kanta hauteman nuen sasietan gorde errekastoaren ohetik altxatzen, putzukoa bide zen, oparoa, oparia, denboraren poderioz ikasia duena mugatua den libertatea irekia eta aberasgarria dela: gero eta zabalagoak iruditzen zitzaizkigun eremu murritzetara konfinatuak ginen guztiak. Zirkuluetatik jalgitzea zitekeen zailena.

      Bururaino neraman azken ikerketa zela banekien. Hala erabaki genuen Joana Garralda maiteak eta biok, Atharratze gainaldeko Madalena mendi mazelako Erratzü baserrira bizitzera joateko deliberoa hartu genuenean. Inguruan neuzkan kide eta adiskideei beha nengoen, hunkiduraren harian oreka bilatzen eta nirekiko “jakin behar da liburu bateko hondar orrialdea itzulikatzen” errepikatzen. Sigur Ros talde islandiarraren Route One albumeko musika elektroniko puskek irentsi eta itotzen ninduten orduan: hemendik aitzina, bide bat baizik ez nukeen, igel jauzilari baten egunerokotasunaren uhartearen bueltan, itzulerarik gabekoa. Prestatzekoa nintzen, ahalik hobekien.

      Ama alabarengana joan zen, poliki eta geldo, Ilsek debeku keinua marraztu zuen arren, debalde. Maddi ere ausartu zen, urrats bat baino ez, eta amaren besoetara erortzen ikusi genuen. Happy end delakoaren aztoramenduak gatibatu gintuen eta, naski, malgutzen sentitu genituen gure bihotz endurtuak: ez ginen kanpoko egurrak, sua egartzen ahal genuen, zorigaitzaz harago zorion puxinkak dastatzeko.