Dendaostekoak
Dendaostekoak
2020, kronika
216 orrialde
978-84-17051-49-5
Azala: Xabier Gantzarain
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2019, saiakera
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

 

 

Neguan hotz egiten du dendan, ainubea da hau, kontrasola. Beti pentsatu izan dugu dendako ateak parez pare irekita egon behar duela. Dendak gonbidatu egin behar du sartzera. Horregatik, hozmina egiten du neguan, batez ere dendaostean. Beirate zaharra geneukanean erreka haizea sartzen zen, izoztu egiten ginen, urtarrilean eta otsailean zortzi gradutan egoten da dendaostea. Erradiadore bat jartzen dugu, baina ahalik eta gutxien pizten. Asko mugitzen gara. Iberdrolaren kontra galtzerdi lodiak, zapata onak eta mendiko arropa.

      Udaberrian hozkirri egoten da oraindik, epeltzerako izaten da maiatza. Opari papera aldatzen dugu, loratua ateratzen; erakusleihoak kolore biziagokoak jartzen ditugu udaberriko kuxin, koadro, poltsa, zapi, guardasol eta argitalpenekin.

      Udan txandaka lan egiten dugu. Abuztuan ez dugu ixten. Lehen uda betean herria basamortu bilakatzen zen; ordea, tailerrak egutegia luzatzen hasi ziren. Lantegia gelditzea eta ostera ere martxan jartzea gastu handia da. Uztailean hasten gara eskola liburuak saltzen, ekainaren 22an ematen diete ikasleei hurrengo ikasturteko liburuen zerrenda. Erakusleihoak mapaz, bidaia gidaz eta udako koadernoz betetzen dira. Haur txikiak genituenean eguerdiko tartea profitatzen genuen trenez, antxoak latan nola, hondartzara joateko.

      Udazkena erosketa garaia da. Denda goraino betetzen dugu Gabonetan prest egoteko. Garai batean, Eguberri eta Errege egun bezperetan seme-alabak jartzen genituen oparitarako xingolak kizkurtzen, liburuak biltzeko hauspodun gutunazalgintzan…, eta senarrak atean gorilarena egiten, ezin kabitu zelako jendea. Lagunak ere inguruan ibiltzen ziren beti. Halako sartu-irtena izaten zen dendaostera, Eguberri batzuetan, denda jendez lepo, langile guztiok kanpoan bezeroei kasu egiten, non sartu zen morroi bat, ezezaguna, dendaostera. Biltegira nindoala egin nuen topo harekin: “Zer egiten duzu hemen?”. Lapurretara sartu zela pentsatu nuen. Lasai-lasai erantzun zidan: “Hainbeste jende ikusi dut barrurantz, hor ere zerbait bazela pentsatu dut”. Momentu batzuetan jende mordoa biltzen ginen dendaostean. Gabonak amaitu zirela ospatzeko errege opila eta ardoa ekartzen zizkiguten lagunek; dendaostean jaten genuen zazpi-zortziren artean, adiskideek zutik eta jesarrita guk, errendituta.

 

 

Guztiok kabitu behar dugu mendian, denon neurriko planak egiten ditugu. Gazteak ginenean ez zegoen arazorik, denok eusten genion martxari, baina orain adinean gora goaz, erritmo eta gaitasun desberdinak ditugu. Horregatik, bi plan diseinatzen ditugu urtero: zirkuitu luzea eta laburra. Aurrez prestatzen ditugu denok elkarrekin egoteko tokiak eta momentuak ere. Laster hirugarren plana gehitu beharko dugu. Paulak laurogei urte ditu, esan zenion: “Paula, hirugarren plana egin behar dugu zuretzat!”. Zarta erantzun zizun: “Nik ez dut hirugarren planean egon nahi!”. Barre egiten dugu. Gauza bat garbi daukazunean beti egingo duzu lortzeko ahalegina.

      Aurtengo irteera kañeroa izan da, orain arteko gogorrenetakoa, Porta del Cel-en, Katalunian. Egunero hamar orduz ibili gara. Horretarako, asko entrenatu dugu denok, urte osoan inoiz baino gehiago ibili dira taldekoak mendian, Paula ere bai, garbi dauka ez duela txanpa galdu nahi. Zenbat eta zaharrago, denbora gehiago eskaintzen diogu prestaketari. Dolomitetara joateko asko entrenatu ginen: Pirinioetako ferrata txiki bat egin genuen aurrez; eskalada ikastaro bat herriko mutil batekin; iluntzetan, denda itxi ostean, slackline oreka zintarekin trebatzera joaten ginen San Rokera; geure buruak segurtatzen eta eskalada korapiloak egiten irakatsi zenigun… Lehen zuk bakarrik zenekien hori.

      Gauza batzuk egiteko honetara ezkero berandu da guretzat, baina gutxienekoak ikastea denon eskura dago, ardura har dezakegu.

      Bestela, pisu handiegia da zuretzat.

      Nik nora goazen erabakitzen dut; tokia ezagutzea gustatzen zait, jakitea nora daramadan taldea. Nahiago dut aurrez bisitaturiko tokietara itzultzea, ez dakigula jazo glaziar hartan gertatu zitzaiguna. Ez nuen lortu taldeak glaziarra zeharkatzea; gaizki pasatu nuen. Denei galdetzen diegu nora joan nahiko luketen, baina nik izaten dut azken hitza. Batek, adibidez, esan zuen Midi d’Ossaura joan nahi lukeela; ordea, nik garbi daukat ez dudala taldea Midira eramango, ardura handiegia da. Nire mailatik gora dago; gauza bat da norbera berera igotzea, eta bestea taldeburu joatea; ni ez naiz gai talde bat Midira lasai eramateko. Asko arduratzen naiz, bezperan ezin izaten dut lorik egin: eguraldi iragarpena dela, taldekoen osasuna dela… Dolomitetara joan ginenean semea gurekin etortzea lasaitua izan zen niretzat: mendian esperientzia handia du, glaziologoa da, asko daki, eta bidaia izugarri ondo antolatu zuen. Hala ere, banituen nire kontraesanak…

      Beti iruditu izan zaizu inportantea emakumeok geure kasa bidaiatzea.

      Azken bi urteotan, hogeita hamar urtean aurrenekoz, kostata baina, laguntza eskatu diet semeari eta senarrari. Iaz semeari eskatu nion Dolomitetara gurekin etortzeko, eta aurten Jose Inaziori Kataluniarako. Bazen igarobide bat konplikatua; Wikiloc-a eta GPSak generamatzan arren ziurtasuna ematen zidan Jose Inazio gurekin egoteak. Porta del Cel-eko alderdi frantsesa ez dago markatuta. Kristoren zortea izan genuen eguraldiarekin, eguraldi txarrarekin ez dakit egin ahal izango genuen. Guretzat oso esperientzia indartsuak izan dira, baina emakumeok bakarrik moldatzeak daukan garrantziaz jabetuta… akaso inportanteagoa da autonomia hori lantzea gidarekin joatea baino, erronka errazagoa izanagatik. Emakumeon artean egitea dena: antolaketa, gidari lana, bidaia txartelak erreserbatzea, ibilbidea markatzea, erabakiak hartzea… Azken bi urteotan laguntza eskatu diet gizonei eta… ez dakit ba.

      Hirurogeitik laurogeira urte artean gabiltza…

      Haiek badakite zein den gure plana eta zeinen inportantea den guretzat edozein kontu geuk erabakitzea, geuk bizitzea. Jose Inazio azkena jartzen zen; lehenengo egunean, larritasun momentu batean, aurrean jartzeko galdegin nion eta uko egin zidan: “Ez, ni atzean”.

      Dendatik antolatu izan dugu guztia; atea irekita daukagu eta hemen ibiltzen dira lagunak sartu-irtenean: txangoen aurretik bulego bilakatzen da denda. Ez dago egunik dendatik lagun bat edo beste igarotzen ez denik. Eskaparatea jartzen ari zara eta agurtu egiten zaituzte eskuaz… kontaktu hori dago, egunero. Igarotzean batek galdera bat egiten du, besteak proposamen bat, hirugarrenak ilusioa adierazten, kontuak esaten, argazkiak ekartzen…

 

 

Eskaparatearen ideia modernoa da, 80ko hamarkadaren aurretik dendek ez zeukaten erakusleihorik, bistan egoten zen material guztia.

      Guk hasieratik eman genien garrantzia eskaparateei: bi gauza dira jendeak ikustea eta zeuk erakustea. Lehenengo eskaparatean brodatutako izarak jarri genituen abaniko bat osatuz. “Halakoak egiten ditugu” esaten zuen erakusleihoak, ez “hauxe da dagoena”.

      Beti zaintzen dugu kolorea, aitaren eragina izango da.

      Ez ditugu bi kolore baino gehiago nahasten.

      Hirugarren kolorea sartzekotan, grisa, beltza edo zuria.

      Azkenekoan, horiarekin eta berdearekin jokatu dugu.

      Eskaparate guztietan jartzen ditugu liburuak. Liburuek badute beren erakusleiho propioa, baina eskaparate bat dekorazioko gaiekin egitean ere liburuak kokatzen ditugu han-hemen, kolorearekin bat datozenak.

      Atzo sartu zinen dendaostera eta “Izas, erakusleihoa aldatu dut, zer nobedade interesgarri dago?, tonu okreak, horiak edo berdeak”. Ondo ematen zuten liburuak bilatu nizkizun: Atxagarena, Etxeak eta hilobiak, hori-berdea, Unai Elorriagarena, Iturria, berde iluna, Olga Tokarczuk Nobel saridunarena, Los errantes, krema kolorekoa.

      Zuri beste kolore batzuk gustatzen zaizkizu.

      Nik zuri, beltz eta gorrietara jotzen nuen; nire erakusleihoak gogorragoak ziren.

      Egunen batean despistatu eta libururik jartzen ez badut, abian azaltzen zara: “Marijo, liburuak?”.

      Liburuen erakusleihoa hamabost egunean behin aldatzen dut nik, berriak jartzen ditut bistan.

      Barrutik ere hilero aldatzen dugu denda. Badaude toki batzuk finkoak, urte osokoak, baina beste txoko batzuk sasoiaren arabera aldatzen ditugu, kanpainaka: orain bufandak eta zapiak dauden lekuan duela hilabete koadernoak eta libretak zeuden. Nik goizak denda antolatzen ematen ditut, erakusleihoak bezala barrua atontzen: jostailuak motaka, puzzleak adinka, arropak koloreka, kutxak tamainaka... Dendak mugitu egin behar du. Tiraderen garbiketa egiten dut. Irailean kaxoiak kalkulagailuz, konpasez, boligrafoz, erregelaz beteta egoten dira. Gero hustu eta betetzen dira eskularruz, bufandaz… Inauterietan aurpegiko margoz, distiraz, lumaz, ileordez… Hilabete bakoitzean gehien saltzen denak eskura behar du. Belarritakoen tiraderak ere txukundu behar dira. Banaka ere saltzen ditugu eta desordenatu egiten dira. Uztaietan badira lisoak, landuak, zapalak, lodiak, finak… diametro guztietakoak.

      Beste etxe edo marken erakusmahaiak jartzeari uko egiten diogu, geure erara antolatzen dugu denda, geuk erabakitzen dugu salgai bakoitzari zein toki eman.

      Mila zapatategikoari Panama Jackek, Camperrek eta abarrek egiten zizkioten eskaintzak, erakusleihoa eurek atontzea eskaintzen zioten, baina handi-handizka erosarazten zizkioten zapatak. Ezetz esaten zuen.

      Guztiek saldu nahi izaten dizkigute erakustokiak: jostailuentzakoak, bitxientzakoak, kaierentzakoak, liburuentzakoak…, merchandisinga da. Opari ere ematen dizkigute, ez ditugu onartzen. Erakustokiak jartzeko altzariak kendu beharko genituzke, askoz gauza gutxiago kabituko litzaiguke dendan. Ez diogu salgai jakin bati lehentasunik eman nahi, edo guk nahi dugun garrantzia eman nahi diogu bakoitzari, denda ez da inorena, geurea da. Horregatik aldatzen ditugu hainbeste erakusleihoak, mugitzeko, lantzean bata edo bestea eskaintzeko.

      Herrietan eta hirietan gauza bera gertatzen da: marka batek erosten du lokal bat edo eraikin oso bat, eta hiriaren zati hori marka horrena bilakatzen da. Ez da gehiago herriarena.

      Esaten digute: “Askoz gehiago salduko duzue”. Bai, gehiago salduko dugu zuretik, eta besteenetik?

      Mugimendua garrantzitsua da. Ia egunero ateratzen dugu mahairen bat dendaurrera: liburuekin, bitxiekin… Bagenuen maniki bat Maripili izena zuena. “Maripili ateratzera noa” esaten genuen goizero. Amak kargu hartzen zigun: “¿Ya vais con la barraca del maño?”. Trauskila, klase gutxikoa iruditzen zitzaion atzera eta aurrera astolanean aritze hura. Baina guk garbi geneukan dendak mugimendua behar zuela.

      Salgai dauzkagun ordulariak, adibidez, martxan izaten ditugu, eskumuturrekoak eta hormakoak, ordua markatzen; baten bat gelditzen bada, pila aldatzen diogu. Atzeratutako erlojuek eta gelditutakoek ezinegona sortzen dute, geldirik dagoen ordulari bat saltzea askoz zailagoa da martxan dabilen bat saltzea baino. Etxe batera joan eta erlojuak geldirik aurkitzea baino tristeagorik ez da. Ordu aldaketaren eguna iristen denean zoramena izaten da, ezin izaten ditugu denak era batera eguneratu: aurrena geureak aldatzen ditugu, dendaostekoa eta dendako ate gainekoa; ondoren horma-erloju guztiak, bitrinetakoak… Hogei bat horma-ordulari dauzkagu, beste hogeita bost bat iratzargailu analogiko, iratzargailu digitalak eta erloju-irratiak, eskumuturrekoak ehun eta berrogeita hamar inguru… Ordulari digitalak neuk bakarrik maneiatzen ditut, besteek ez dute ikasi nahi, lan bat gehiago egokituko zaien beldurrez. Garai batean amaren etxekoak ere aldatzen nituen, nirea zen erlojuei ordua aldatzeko ardura: hamabost ordulari zeuzkan, txikiak eta handiak, antigoalekoak eta modernoak, guztiak aldarazten zizkidan.

      Dena antolatu behar da etengabe: bistakoa eta ezkutukoa. Badu etxeko antolamenduaren antzik: udako arropak gorde eta negukoak ateratzen dira, ezta? Eta galtzerdiek eskura egon behar dute, egunero erabiltzen dira eta. Platerak goiko aldean egongo dira eta garbikariak azpiko armairuetan… Edozein etxekoandrek daki hori.

      Enkarguek ere beren tokia dute, epe laburrekoek mostradorearen atzean eta epe luzekoek dendaostean…

      Eta denok jakin behar dugu gauza bakoitza non dagoen: antolabide hori, esplikatu egin behar da. Orain hiru langile egoten gara aldiro dendan: goizez Mariaje eta gu biok, eta arratsaldez gu biok eta Rosa. Ordena fisikoa denok ezagutzen dugu; ordena mentala, bi ahizpok bakarrik.

      Inguruko eskaparateekin pentsatzen ari nintzen.

      Milak gustu ona zeukan oinetakoak erakusteko, ez da batere erraza zapata eskaparateak egitea. Esker txarrekoak dira zapatak. Teodosiaren denda oso berezia zen: gauza guztiak bistan zeuzkan, lurrean, eskaparate etzana zen, dendan sartu eta salgaien artean zeunden, argi ibili behar zen ezer ez zapaltzeko. Txuskoren denda ere bitxia zen, asko gustatzen zitzaidan. Maalako parkean zegoen, San Frantzisko kalearen amaieran. Parkea izan aurretik, astoak lotzen ziren tokia zen hura. Han atzean, beirate baten ostean, tailerra zeukan: ezker-eskuin, lerro-lerro zeuzkan bizikletak; ez zituen sailkatzen, denak erakusten zituen; filan jarrita egoten ziren, ziklista karreran irteerako tiroaren zain baleude bezala.

      Orain badira dendak eskaparaterik ez dutenak baina denda osoa bilakatu dutenak eskaparate, aurretik atzera antolatzen dute espazioa hiru dimentsiotan. Oraingo dendak begiarentzat egiten dira; lehen, sabelarentzat, eskuentzat, oinentzat…

      Dendak bihurtu dira eskaparate, baina ez dendak bakarrik!, baita kafetegiak eta ile-apaindegiak ere. Bezeroak begi-kolpe azkarrean ulertu behar du denda. 90eko hamarkadan hasi zen saltoki irekiagoen eta espazioaren antolamenduaren ideia. Santa Ana kalean dekorazio denda bat ireki zuten diafanoa, aurrenekoa herrian.

      Salmenten % 40an eragiten omen du erakusleihoak. Nik aspaldi utzi nion eskaparategintzari.

      Belaunengatik.

      Ez zen horregatik izan.

      Nik uste baietz, errotuletako higadura zeneukan eta min ematen zizun belauniko jartzeak.

      Eskalatzea baino gogorragoa da.

      Baina erakusleiho pila bat jarri izan dituzu, apurtzaileak, ukitu berezia zuten, “Izasen ukitua”, nortasun handia. Gogoan daukat eskaparategintzako ikastaro batetik itzuli zinela irakaslearekin zeharo liluratuta; beste inori ez zitzaion gustatu, ez omen zioten ulertzen, abstraktuegia omen, zu txunditu egin zintuen.

      Arte eskolak eman zizkigun: begi bistako gauzetatik hasita kontzeptu abstraktuagoetaraino. Argiaz mintzatu zen, perspektibaz, plano diagonalaz, konposizioaz… Formez hitz egin zigun, laukiez eta borobilez; espazioaz, aireaz. Aitak margolanei buruz hitz egiten zigunean bezalakoxea izan zen: ohartu argia nondik sartzen den, erreparatu diagonalari, kontuan hartu ihes puntuak, hautatu koloreak tentuz, jokatu bolumenekin, gidatu ikuslearen begia… Argazkigintza ikastaroetan barneratu nuenaren antza ere bazuen. Begiaren funtzionamendua ulertu behar da gustatzen zaizkidan hainbat gintzatarako: argazkigintza, joskintza, eskaparategintza, afixagintza…

      Instagram…

      Bai, hori ere beste eskaparate bat da.

      Nik egiten ditudan erakusleihoak klasikoagoak dira.

      Bezeroei gehiago gustatzen zaizkie zureak.

      Konbentzionalagoak direlako, leunagoak.

      “Bai eskaparate dotorea”, esaten dute.

      “Gatzgabea”, zuk, atzetik.

      Epela, baina salgarria.

 

 

Astearte eguerdiro Karakatera igotzen gara, badira hamar urte hala egiten dugula. Denda itxi, bazkaldu eta 14:15ean elkartzen gara Pili, Mari Tere eta gu biok. Txillarrerekin joaten ginen lehenago, harengana joaten gara orain. Euri, elur… igual du, beti joaten gara. Uste nuen jubilatu ostean lagunak ez zirela gehiago etorriko, ordua ez baita egokia, baina etortzen jarraitzen dute.

      Orain bi aste gizon batekin gurutzatu ginen goranzkoan, esan zigun ez jaisteko betiko bidetik, erorita zeudela hainbat arbola. Kasu egin genion, baina harra gelditu zitzaigun: “Bera igaro bada, gu zergatik ez?”. Hurrengo astean aipatu bidetik jaitsi ginen: a ze lanak enborrak gainetik eta azpitik igarotzen, gozatua! Bideoa grabatu genuen. Arbola handi bat zegoen bidean gurutzatuta, jauzi egin behar zen enborretik mendi mazelara igota; algaraka aritu ginen. Pili erori egin zen, ezin txizalarriari eutsi, horretarako ere ez dauzkagu hogeita bost urte. Droga modukoa da Karakate, ohitu egin gara asteartero igotzen eta beharrizan bilakatu zaigu.

      Txillarreren errautsak han zabaldu genituen, Rosak ere han dauzka senarrarenak.

      Eta Mari Terek nola disfrutatzen duen, Karakatera joaten garenean ume bat dirudi, pozarren. Ederra da ikustea. Lehen ere askotan joaten ginen, udaberrian batez ere. Ama hilzorian zegoela huts egingo genuen astearteren batean, baina saiatzen ginen biotako bat dendatik lehenago irten, amari bazkaltzen eman eta mendira joaten. Loreak biltzen ditugu, adaxkak, belarrak.

      Ama Txillarre baino hiru hilabete lehenago hil zen. Amarena irentsita geneukan, baina Lurdesek gure adina zeukan, gauza asko konpartitu zituen gurekin, tripak nahastu zitzaizkigun. Mendiko makilekin arku bat egin genion hilkutxari, bihotzetik egindako despedida izan zen, asko maite genuen.

 

 

Ama zahartu zenean bion artean antolatu genuen haren zaintza. Biotako bat joaten zen goizean zortziak laurden gutxitan; hasierako urteetan jaikita egoten zen ordurako, kulunkaulkian eserita, gure zain aurpegia makillatu geniezaion, orraztu genezan, oinetan sendaketa egin geniezaion. Diabetikoa zen, gangrenatzeko zorian zeuzkan zangoak. Azkeneko egunean ere apaindu zen margoz eta irakurri zuen egunkaria. Gosaria atera, pintatu, janzten lagundu eta sofan esertzen genuen. Gero eta lo gehiago egiten zuen. Eguerdian, denda itxitakoan, bazkaria ematera igotzen ginen eta sofara itzultzen zen berriz; asko gustatzen zitzaion teletestua, futboleko eta pilotako emaitzak begiratzen zituen. Egunkaria xehe irakurtzen zuen, notizien haria jarraitzen. Pardela aldatzen genion goizean, eguerdian eta gauean. Telefonoa lanparatxo bati konektatu genion, jotzen zuenean argi egin zezan, ez baitzuen entzuten. Dendatik deitzen genion ondo zegoen galdezka. Azkenerako tinbrea jarri zuen lepotik zintzilik; hainbatetan jaitsi nintzen goizaldeko ordu txikietan, arnasa etenda. Zentralitatik deitzen ziguten, abisua ematen ziguten amak deitu zuela baina ez ziguten esaten zergatik, bihotza kolkoan egiten nuen amaren etxerako bidea, kakalarriak jota, zein egoeratan aurkituko nuen ikaratan. Normalean, antzeko kontua izaten zen: arnasa hartzeko zailtasunak zituen eta ohetik jaiki eta aulki kulunkarian eseri nahi izaten zuen hobeto arnasteko; ez zen beti iristen ordea, pisu handia zeukan eta huts egiten zioten hankek. Erori egiten zen, ez zuen beti asmatzen ohetik kulunkarirakoan. Hasieran tinbrea etxeko sarreran uzten zuen, kosta zitzaion jantzita eramatera ohitzea. Hoztuta topatzen genuen lurrean.

      Deitzen zuenean beti zen “erori egin naiz, etorri!” edo “gainean kaka egin dut, etorri!”.

      Hor ez zen gaitzik: esaten zenuen “banoa!”, bazenekien zertara zindoazen, baina zentralitatik hots egiten zutenean… Hil zenean lasaitasun handia hartu nuen ohean eta bare-bare topatu nuelako, mantak gerrian tolestuta. Mila modu imajinatu nituen ama hilda aurkitzekoak. Asko balio izan zidan azken une trankil hark. Eta orain ohartzen naiz zerk lasaitu ninduen gehien: ama osorik hil zen. Amona Genarari hanka pasmatu eta ebaki egin behar izan zioten, betiko izutu ninduen ebakuntza hark. Ama bi zangoekin hil zen, osorik.

      Horrelako gauzek kontsolatzen gaituzte.

      Gaueko hamaikak aurretik hil zen eta goizeko zortzietan aurkitu nuen, ez zigun gaua berarekin igarotzen uzten, aski beregaina zen. Gorra zenez, batzuetan isil-gordeka gelditzen ginen haren etxean, aldameneko gelan gaua pasatzen; iritsi berriak ginelakoa egiten genuen goizean. “Egun on, ama! Zer moduz gaua?”. Medikuek esaten ziguten edozein momentutan hil zitekeela, amaren aldamenean egoteko, baina berak argi zeukan: “Bakarrik hil nahi dut”. Goiz hartan niri tokatzen zitzaidan amaren etxera igotzea; iritsi nintzenean ohean zetzala ikusi nuen, ohiko posturan, alboz etzanda, hasieran ez nintzen ohartu hila zenik. Nik uste dut ohera sartu eta berehala, lo hartu orduko eman ziola bihotzekoak, izan ere, gauero hutsik egin gabe iratzartzen zen hamaikak aldera, agondu eta gau-mahaian izaten zuen ahabi zukua edaten zuen. Gelara sartu nintzenean edalontzia beteta zegoela ikusi nuen, ukitu ere egin gabe: gau hartan ez zen esnatu. Ez nuen jakin zer egin, sorbaldaraino igo nion tapakia, ez nion musurik eman. Egunkaria nekarkion goizero bezala, eta irakurtzera eseri nintzen. Handik minutu batera “zer arraiotan ari zara?”, esan nion neure buruari. Zur eta lur gelditu nintzen nire erreakzioarekin. Orduan deitu nizun.

 

 

Ama hil ostean landareak ureztatzera joaten ginen haren etxera astean behin. Artean bizirik zela ikusi nuen lehenengo aldiz ahate bat leiho ertzeko lorategitxoan. Ama oso geldirik egoten zen, hegaztia ez izutzeko bezain geldirik. Leihotik ahatea ikusi nuenean esan nion “hara! Paitta bat, ama!”. “Bai”, erantzun zidan, “noizbehinka etortzen da”. Hil ostean, landareak ureztatzera joanda konturatu nintzen ahatea bertan zegoela, erdi lo. Leihoaren zirriztu bat ireki eta begiratu egin nion, ez nintzen uxatzera ausartu. Geroztik, paitta bertan bazegoen ez nituen landareak ureztatzen. Hiru bat hilabete eman zituen leiho ertzean.

      Bi kumaldi izaten dituzte: udaberrian eta udazkenean. Herriko liburutegia King Kongeko lehenengo pisuan egon da urte askoan, eta liburuzainek paittatxoak ikusten zituzten zerutik erortzen, ahatekumeak zoruan paf lehertzen. Pena eta nazka eragiten zien horrek. Leiho ertzetako balkoitxoetan jartzen dituzte arrautzak. Ahateentzat goi mailako loftak dira King Kongeko balkoitxoak, hara ez da harraparirik iristen. Normalean, mendian ugaltzen dira, erreka ertzean harrapariek jaten dizkietelako arrautzak. King Kongeko balkoitxo garaietan lasai-lasai txitatzen dituzte, balkoirik lasaienak hautatzen dituzte, inor bizi ez den etxeetakoak edo, ama bezala, oso gutxi mugitzen diren zaharren etxeetakoak. Arazoa da ez dutela bigarren urratsa kontuan hartzen: kumeak ibaira nola eraman. Liburuzainak esaten zuen: “Ama txarragorik!”; ez zitzaion normala iruditzen arrautzak salbu eta berotan txitatu ostean ahatekumeak zoruaren aurka lehertzen uztea. Jo zortzi arrautzatik txita bakarra ateratzen dela bizirik; onenera, bi. Ama kume bat ibaira eramaten ari den bitartean egiten dute jauzi gainerakoek. Ikusi izan ditugu kaioak erreka hegian txita jaioberriak jaten. Arrautzak ibaitik urrun jartzen ikasi dute ahateek, zortedunak ibaira itzultzen dira. Dena dela, gero eta paitta gehiago daude urtean-urtean, beraz, argi dago eboluzioak funtzionatzen duela.

      Ama hil eta aste gutxira joan nintzen haren etxera eta han ikusi nuen paitta txiki bat arrautza oskola kraskatu berria. Oso urduri jarri nintzen, deitu egin nizun: “Izas, jaiotzen ari dira”, hil ala biziko zerbait balitz bezala kontatu nizun. Hunkitu egin ginen. Denda itxi eta denok igo ginen arrautzak eklosionatzen ikustera.

      Han utzi genuen ahatea bere kumeekin, ez zitzaigun eskua sartzea bururatu, nola sartuko zara deitu ez dizuten lekuan?

      Desatsegina da txitak hiltzen ikustea…

      Baina pentsatzen duzu: honela funtzionatzen du hautespen naturalak.

      Ez genekien zer egin, begira egon ginen, prozesu osoari adi. Txitaldia, jaiotza, jauziak… Paf-paf.

 

 

Latoizko apaingarri bat eta bi kutxatila hartu nituen neuretzat.

      Aterkiontzia, guardasolak, iduneko hau eta landare batzuk nik.

      Urrezko bitxiak saldu egin genituen eta diru apurra biloben artean banatu: hala agindu zuen testamentuan. Imitaziozko bitxiak arka batean gorde genituen eta dendara ekarri. Bezeroren batek edergailu klasikoak eskatzen dizkigunean kutxa ateratzen diogu. Alpakazko erretiluak saldu egin genituen.

      Amaren objektuak saltzen hasi ginenerako igaro ziren bi urte haren heriotzatik. Dolua egin behar izan genuen, deslotu.

      Amaren makillatzeko hauts kaxa hartu nuen, goizero erabiltzen dut, haren usaina dauka.

      Nik xaboiak eta kremak.

      Eta olioa: berrogei litrotik gora zeuzkan etxean; eta Fairy, hogei botila bai.

      Amak ohitura zuen medikuei, erizainei, ile-apaintzaileei, masajistari eta podologoari Gabonetan opariren bat egitea; hasieran dendatik hartzen zien zerbait, gero etxeko liburuak oparitzen hasi zen, nik esaten nion: “Ama, zergatik ez diezu olio litro bana oparitzen?”. “Ozpin halakoa!”, esaten zidan, “nola oparituko diet, ba, olioa?”. “Iraungi egingo zaizu” gaztigatzen nion, eta hark: “Olioa ez da galtzen”. Etxea hustu genuenean aurkitu genituen olioak 1985ekoak ziren. Bera 2015ean hil zen.

      Aitak eskuz egindako alfonbrak eta kuxinak gorde egin genituen.

      Getariako etxerako hartu genituen arkoia eta sinfonier bat. Margolanen artean gehien gustatzen zitzaidana eraman nuen: Van Gogh-en eguzkiloreak. Baita oso polita iruditzen zitzaidan bodegoi txiki bat ere: arrautza frijitu bat buztinezko kazolatxoan pitxar berde baten ondoan.

      Nik hiru dauzkat orain, urte askoan ez dut aitaren lanik izan: haren paleta gorde nuen, horixe zen neukan bakarra, eta ikatz-ziriz eginiko marrazki batzuk, zuk emandakoak. King Kongeko etxeko ezkaratzean urte askoan egon zen aitaren koadroa, bebarruko konponketa egitean kendu nahi izan zutena, hartu nuen neuretzat. Markoa aldatu nion, salako horman daukat orain. Moila bat ageri da txalupekin: batel batek Mertxe izena du izkiriatuta, besteak Izaskun. Mertxe King Kong tabernako alaba da. Mozkortien margolana ere hartu nuen: bi gizon mahai gainean erdi etzanik, begiak itxita irribarrez, ardo botila aldamenean. Aitak amaitu gabe utzi zuen koadroa bilobetako batek hartu zuen.

 

 

Ez zen gurekin fio: “Hiltzen naizen orduko salduko dizkidazue margolanak eta liburuak!”, esaten zigun. Koadroak gordeta dauzkagu. Bi urte eman genituen amaren etxea husten, errentan jarri genuen arte. Tailerrei alokatzen genien etxea kanpotik zetozen langileentzat. Saltzea erabaki genuenean, ordea, guztiz hustu behar izan genuen.

      Mila Zapak lokala utzi zigun, bildu eta hantxe gorde genituen aitaren margoihal guztiak. Liburuak ere, kutxetan sartu eta Milarenean pilatu genituen. Liburu sortak Internetez saltzen saiatu zinen zu, bigarren eskuko plataformetan. Zeramikazko irudi batzuekin ere aritu zinen tratuan.

      Lladro etxeko zeramikak zeuzkan amak, garai batean ospe handikoak. Orain ere badira bildumagileak. Salgai jarri nituen hemezortzi eurotan. Conchi izeneko emakume batek deitu zidan Kataluniatik, merkezurreko prezioarekin harrituta. Hark azaldu zidan zeramikak hautsi gabe bidaltzeko nola prestatu, nola paketatu: eskatu zidan egiteko paperezko pilota txiki multzo bat eta kokatzeko piezak haien artean. Ez nion kasurik egin. Milika horietako bat izango zela egin nuen neurekiko eta iruditu bezala prestatu nituen zeramikak. Tamalez, pieza bat herren iritsi zitzaion, hanka hautsita.

      Heraldika liburuak arrapintan saldu zenituen.

      Bai, Madrilera.

      Baziren beste batzuk Bigarren Mundu Gerrari buruzkoak: autentikoak al ziren galdetu ziguten eta guk baietz, hala uste genuen; kopiak izan, ordea, eta atzera bueltan bidali zizkiguten.

      Orduan, aspertu egin nintzen. Urte batzuk lehenago semearen Playmobil guztiak saldu nituen di-da batean. Semeak hamabost urte bete zituenean haiekin jolasteko nagusitxoa zela iruditu zitzaidan; ondo antolatu eta Murtziara bidali nituen. Semeari ez zion batere graziarik egin, baina salmenta erraza izan zen. Amaren gauzekin erreta amaitu nuen.

      Proposatu nizun: “Izas, dendan bertan aterako ditugu saltzera, pixkanaka, diskretuki, beste salgaiekin nahasian; ez dugu eskaparate bat egingo amaren egongelarekin, baina bestelako gauzen tartean jarrita… salduko dira!”. Dendako beherapenekin batera amarenak izandako objektuak jartzen hasi ginen: zeramika batzuk, baxera bat, bi argimutil, liburuak... Gelditzen zaizkigu amaren maixeria gutxi batzuk, baina saldu genituen gehienak. Liburuak hiru euroan ateratzen ditugu dendako stock zaharrarekin batera, gutxika-gutxika erosi digute mordoska bat. Oraintxe ari gara aleka saltzen amarena zen bilduma bat, Bruguera etxekoa. Oso polita gelditzen da eskaparatean, lerro-lerro jarri ditugu Truman Capote, Gabriel Garcia Marquez… euro bakarrean salgai. Gaur ez dugu batere saldu, baina atzo erosi zizkiguten hamar, eta ni poz-pozik.

      Amaren egongelako mahaiko zeramikazko oilarrak Milaren erakustokian jarri genituen ikusgai; denak saldu genituen kolpe bakarrean. Zorte handia izan genuen urrutirako erosi zizkigutelako. Niri lotsa ematen zidan amaren trasteak auzoko bati saltzeak, pentsa bizilagunak erosten dizkizula amaren zeramikak harenak zirenik jakin gabe… Baina bezero zenbaiti atentzioa eman zieten, gustuko izan zuten amaren estilo rokokoa, eta eskerrak! A ze poza mutil kolonbiar hark eman ziguna oilarraren prezioa galdetu zigunean… Zeramika ona zen, balioko zituen ehun euro bere garaian, baina “bederatzi euro” esan nion eta mutila piztu egin zen. “Bai polita!”, esaten zidan, “nire amak oso gustuko ditu oilarrak!”.

      Beste emakume batek amaren ontziteria bat erosi zigun Cacereseko ezkonberri batzuei oparitzeko. Pozarren bidali genion damutu orduko.

 

 

Orain hamar urte etxez aldatu ginen, ordura arte Jose Inazioren gurasoek emandako pisuan bizi ginen. Pisua errentan jartzea erabaki genuenean ezagutu genituen Secou, Mamadou eta Moussa anaiak. Secou eta Moussa azaldu ziren dendara. Errentan jartzeko etxe bat bageneukala jakin zuten, hotsa entzun zuten igual alokatuko geniela, ordutik dauzkagu apopilo, lauzpabost bizi dira etxean, batzuk joan eta besteak etorri. Haurrak izan zituztenean dendara etortzen ziren eskolako materialaren bila edo oharren bat ulertzen ez zutenean, galdezka. Eskatzen zidaten ea lana aurkitzen lagunduko nien, baina ez nekien nola lagundu, ez nekien nora joan lan eske. Segituan konturatzen dira zertarako dauden hemen: arrantzarako, eraikuntzarako, mando lanerako. Secou arrantzalea da. Arrainak ekartzen zizkigun ostegunetan. Pentsa nolakoak diren kontuak: arrantzalea arraina oparitzera azaldu eta inori ondo etorri ez. Zergatik? Osteguna pintxo-poteoaren eguna delako. Ostiraletan ere berandu etxeratzen gara, asteburuetan mendira… Ez niri ez inguruko beste inori zetorkion ondo, arraina alferrik galtzen zen. Horra, Europa.

 

 

Momentu honetan dendaren % 40 liburuak dira, eta gainerako % 60a banatzen da osagarrien, eskola materialaren, jostailuen eta dekorazioaren artean. Liburuek marjina txikia daukate, % 25 ingurukoa. Sekula ez da saldu gabeko guztia itzultzea lortzen, beti gelditzen dira itzuli gabeko liburuak dendaostean. Liburu dendak stock handia eskatzen du: oraintxe 40.000 euro ditugu liburutan, 4.000 musikan, 20.000 eskola materialean eta beste 20.000 bitxietan. Loradendetan, esaterako, stocka txikia da, arin bai arin atera behar da. Baina gure dendak stockari esker funtzionatzen du.

      Salgai bakoitzetik lortzen dugun irabazia aldakorra da hilabete batetik bestera, oreka arraro bat da denda honen sekretua. Gutxi saltzen den garaietan bestelako lanak egiten ditugu, horrela lortzen dugu hilabetero gu biontzako egun osoko soldata bana eta beste bi langilerentzako ordu batzuetako jornala. Eskulana, artisau lana, oso merkea da, baina ia librea, apenas eskatzen duen inbertsiorik.

      Lagun asko jarri izan ditugu beharrean, zeregin txikietan. Mari Asun eta Mari Angeles abilak eta zehatzak dira eskuekin, mozorroetako detaileak egin izan dizkigute. Kimono bati paparrean lentejuelazko dragoi bat josi zion Mari Angelesek, kapeluko ertzak ezkataz apaindu. Senarra ospitalean zeukala egin zuen erietxeko aulkian. Lanez gainezka genbiltzanez lagundu egiten ziguten. Victoria ere, tabernaren jabe egin aurretik, dendaostera sartzen zen eta josteari ekiten zion; “zer egin dezaket?”, galdetzen zuen sartu bakoitzean. Salud gure bizilagunak ere josi zituen etxean dendarako mozorro batzuk.

      Garai batean lore lehorrekin apaingarriak egiten genituen. Dendaren erdian lore sorta sikuak geneuzkan: eukaliptoa, panikulata, amarantoa, katu-bixarra, mimosa, oroilorea… Zentroak eta sortak eskatzen zizkiguten egongeletarako, erakusleihoetarako, itxarongeletarako, komunetarako… Lan horiek eginda materiala bere hartan salduta baino irabazi handixeagoa lortzen genuen, aparteko etekina. Zumezko saskitxoetan lore apainduretarako poliuretano-aparra sartu eta koloretako zentroak osatzen genituen enkarguz.

      Oreka modu bat topatu dugu hilabetero denontzako soldata atera ahal izateko, baina badira hilabete batzuk ezin iritsi garenak; gu bion lan-saria murrizten dugu horrelakoetan. Ahal dugunean berreskuratzen dugu, une batzuetan geuretik jartzen dugu aurrera egin ahal izateko.

      Kanpotik, jendeari iruditzen zaio denda martxa onean dabilela eta diru parrasta egingo dugula. Guk 1.400 euroko soldata daukagu, inoizko altuena orain, hortik behera kobratu dugu beti. Aurten eta iaz aparteko ordainsariak kobratu ditugu lehen aldiz.

      Hogeita bost urtez amari ere jornal txiki bat ordaindu genion dendatik: laurehun euro ematen genizkion hilean, astean ehun, dendako enkarguak egitearen truke.

      Trapu zikinak ere hark garbitzen zizkigun, hiru astean behin pilatzen genuen garbigailua betetzeko adina. Epe hori igarota mantar zikinen poltsa ematen ez bagenion oihuka hasten zitzaigun: “¿Los trapos? ¡Sois unas cochinas!”.

       Amari alargun-saria gelditu zitzaion, baina ez zitzaion iristen, ezin, palazioan bizita. King Kongeko komunitate gastuak izugarriak dira, laurehun euro hiruhileko bakoitzean. Horregatik saldu genuen etxea hil zenean. Gogoan daukat haurrek esaten zigutela: “Amama aberatsa da!”. Ikusten zuten hain dotore, etxe puska hartan… Ba, zortziehun euro maneiatzen zituen, eta erdia geuk emanda. Denda oinordetzan jaso duten saltzaile askok gurasoak mantendu behar izan dituzte hil arte: gurasoek bizitza guztian lan egin zuten dendan, kotizatu gabe ordea, eta zahartzean ez zitzaien apurrik gelditu.

 

 

Dendaren gainean, lehenengo pisuan, Garate baserriko Iñaki bizi da. Handik ekarritako tipula-borkak, berakatz-txirikordak eta piperrak lehortzera jartzen ditu dendagaineko balkoian. Banatu ere egiten ditu, “emango tipula bat?” esaten diote, eta hark eman, balkoitik. Oraintxe edozer gauza dirudi balkoiak, hosto iharrez, baratxuri lehorrez eta sokaz gainezka, siku-siku, hurrengo uztako eskegialdiaren zain. Zintzilikatzen dituenean arreta ematen du, bete-bete egiten du dena: baranda, sabaia eta alboak. Txori bat ere badu zaratatsua. Jendeak argazkiak egiten dizkio balkoiari eta sareetara igotzen, eta azpian gure errotulua agertzen da beti, “Pitxintxu”, propaganda egiten digu debalde. Bitxia da gizona, El llanero solitario deitzen diote, cowboy sonbreirua buruan eta bota kanperoak oinetan, hortzeria ustelarekin barrez, erdiz ematen du irrigura erdiz izu pixka bat, xelebre hutsa da eta.

      Orain urte pare bat, barazki txirikordekin batean, panpako luma-erratzak jarri zituen balkoian. Kalean ikusita esan nion: “Iñaki, nolatan jarri dituzu landare inbaditzaile itsusi horiek?”. Hortzak erakutsiz erantzun zidan: “Inbaditzaileak? Zuok bai, zuok emakumeok bai inbaditzaileak!”. Handik gutxira baratxuri-korda batekin azaldu zen dendan.

      Parean bada beste emakume bat, gu baino hamar bat urte gazteagoa, La caramelera esaten dioguna, gozoki denda ezagun bateko alaba. Eguna leihoan igarotzen du. Dendako martxaz geuk baino gehiago jakin behar du derrigor. Hantxe egoten da ateratzen garen bakoitzean. Andre diskretua da izatez, bitxia da zenbat ordu eskaintzen dizkion kalearen kontenplazioari.

      Ibai aldeko bikotea ere mundiala da. Erretzen egoten dira leihoan, eta otorduetako hondakinak plateretik dendapeko pasalekura botatzen dituzte klax-klax, dendaostetik ikusten ditugu paittak eta katuak eta saguak mau-mau, zapa-zapa. Hondakinen zati bat leihopeko koxkan gelditzen zaigu, oraintxe itxuragabe daukagu leihopea, ez dute gaiztoz egiten, lege zaharrean birziklatzen dute. Eta orain, langileetako bat bajan daukagunez eta garbiketa sakona hala moduz egiten dugunez, armiarmaz josita daukagu atzeko bentanapea, paisaia itzela, mapa organikoa.

 

 

Erretiratu zen Mila Zapa, erretiratu zen Mari Tere loradendakoa, erretiratu ziren Andres, Karmelo, Jose Luisa, Arrate…, aurten erretiratuko da Jose Inazio. Etorri badatorrela argi dago, kontuari iskin egiten ari garela uste dut, iritsiko da eta ikusiko dugu, ez dugu ezer egin zahar-sariari begira.

      Gure lagun batzuk arazo fisikoekin edo emozionalekin iritsi dira hirurogeitaka urtera, gaixotasunekin, behar dute atsedena, patxada. Gu oraindik ondo gaude.

      Belaunak kastigatzen zaizkigu lehen baino errazago.

      Belaunak eta gerria eta sorbaldak eta eztarria eta bista… Itxuroso samar egoteko ilea tindatu behar sarri-sarri, hortzak konpontzea bentaja… Ordezkoak ditugu hortz batzuk: kastañuelak.

      Hortzena zulo beltz bat da: nik denak dauzkat enpastatuta, ahulduta hamabi urterekin tuberkulosia pasatu nuenetik, eta ilunduta, berrogeirekin piorrea izanez geroztik. Zubi bat jarri zidaten eta atera eta sartu egiten ditut atzeko haginak: “Nola egiten duzu hori?”, galdetzen dit bilobak miretsita. Beheko ebakortzak eta letaginak forratuta dauzkat.

      Ahoa itxi ezin, baina. Betaurrekoak erregulatzea ere komeni… Gastua, galanta.

      Hori, lepotik gora!

      Estresatuta zaudenean ahotsa joaten zaizu zuri. Makalagoa zara zu ni baino, gazteagoa izanagatik.

      Marka da, gero, bozik gabe saltzea! Eta eskuetan kozkorrak atera zaizkit eta opariak biltzean, ras, igurzten ditut porta-celloarekin. Behar ez direnak gogortu zaizkigu, brodatzeko ere, aulki altua behar orain, eta kopeta-argia; akabo, bestela, begiak eta gerria.

      Niri pazientzia joaten zait airean! Are lotsagabeagoa bihurtu naiz, egingo nuke erretiratzean askatuko ditudala zakurrak.

      Beti zorretan uzten duen andre bati, ehun euroko poltsa erosi eta afanean ari zenari, bota zenion: “Behin ordainduko eta, haizetuta?”. Eta euskaraz idatzitako oharra ulertu ezin omen zuen emakume eibartar ttentte hari… “Zure liburua iritsi da. Eskerrik asko” bidali zenion, eta agiraka deitu berak, ez ei zuen entenditzen. “Marokoarrek ere ulertzen dute”, bota zenion, ez baitzinen Aminarekin tratua arazorik gabe itxi zaharra mezu berberarekin. Ordutik ez dizu agurrik egiten kalean. Zure bizilaguna ez balitz, gaitz erdi.

      Deituidan zakurra, baina emaidan ogia.

      Loezina ere izaten duzu...

      Baina, gu ondo gaudela esan ez dugu, ba?

      Eibartarrek dioten moduan: “Hobeto, kalterako”.

      Ez dugu denda itxi osteko garaian pentsatu.

      Nik sasoian ikusten dut neure burua, oraindik falta zaizkit urte batzuk, hirurogeita bi ditut, erretirorako lau falta, aurten jakin dut hirurogeita sei urte eta sei hilabeterekin hartu ahal izango dudala.

      Zuk aspaldi esan zenuen erretiratzean Getariara joango zinela bizitzera.

      Hala agindu nion Andresi.

      Uste dut oraindik ez dugula gaia atera nahi. Arindua hartuko dugula, dudarik ez, baina hain izango da aldaketa handia! Zuk aise diozu Getariara joango zarela, baina ai, aklimatazioa beharko duzu. Elgoibarko saltsarik ez daukazu han! Tira, moldatuko zara.

      Gure lagunak mugituak dira, erretiratu ostean ere ez daude geldirik: emakume taldean dabiltza, kirola egiten, hizkuntzak ikasten, irakurle taldean… Arrate josten hasi da.

      Nik badakit ez dudala josiko behin pertsiana jaitsitakoan, ase naiz hortatik.

      Ni mendira joango naiz, gimnasia egingo dut, bidaiatu egin nahi dut, akaso gorputzak jarriko nau neure tokian. Lagunak oso inportanteak dira niretzat. Gidabaimena badudanez, Andresek bere paperen artean jarraituko du eta nik planak egingo ditut han eta hemen. Ez nau teilatuak azpian harrapatuko!

      Mendiak, argazkigintzak, blogak eta afixak egiteak hartuko didate aski denbora. Orduak sartuko ditut pantailaren aurrean. Afixak egingo ditut: gorriak, zuriak eta beltzak.

 

 

Eguerdian bi ardo hartzen ditugu, iluntzean beste bi.

      Ia berrogei urtean Orbea tabernan hartu dugu lanosteko ardo parea.

      Orbeako Anttoni El vasco deitzen genion, abertzale gogorretakoa zelako. Marian, emaztea, beste ezpal batekoa zen, hark lortu zuen Kakatzaren hilketaren ondoren alde egindako bezeroak luzean-luzean tabernara ekartzea. Apurka sukaldera zokoratu zuen Antton txorizoa egostera eta patata tortilla egitera, eta bera egin zen barraren kargu. Eskua zuen bezeroekin, emakumeekin batik bat.

      Arratek esaten duena inportantea da. Bilbon bizi da aspalditik eta askotan gertatzen zaio herrira itzultzean nora joanik ez izatea. Orbeara sartu orduko Marianek abegi egiten zion, ardoa atera eta aldamenean geratzen zitzaion gu iritsi arte edo, bezeroei kasu egin behar bazien, egunkaria eta herriko aldizkaria gerturatzen zizkion. Emakume gehienak ez dira eroso sentitzen bakarrik tabernan. Orbean ez zinen lekuz kanpo sentitzen.

      Bultzaka aritzen gintzaizkion moda berriekin. Gainerako tabernek ardoa kopatan ematen zuten bitartean txikito edalontziekin jarraitzen zuten han.

      “Gaizki zabiltza, Marian”, esaten genion, “orain kopa zabalak nahi ditu jendeak, aldea dago gorria kopa hotzean edo edalontzi lodian hartu!”.

      Kostata, baina sartzen ziren arrastoan.

      Taberna ona zen: garbia, ardo ederrak zeuzkaten, puntuan hoztuak. Sukaldari ona zen Antton.

      Gabonetan geuk apaintzen genien taberna eta Mari Terek lore apaindurak eramaten zizkien aldian-aldian.

      Han ospatu izan ditugu urtemuga guztiak. Ondo zaintzen gintuen: ordu baterako prest izaten zuen guretzako mahaia, patata tortilla eta gildekin. Kaxianorena jartzen zigun bozgorailuetatik, ardoa zenbat gura.

      Marian gaixotu zen, zarratu egin behar izan zuten.

      Gainera, poteoa asko jaitsi da denean.

      Orain dela gutxira arte barneratuta egon da txikiteorako ohitura. Gazteek pintxo-poteoa egiten dute, zerikusirik ez lehengo txikiteoarekin. Pintxo-poteoan emakume taldeak ere elkartzen dira, poteoan ez. Lehen, egunero irteten ziren tailerretatik txikiteora langile taldeak, gizon kuadrillak. Andresek kontatzen du hogeita hiru urterekin ikastolara lanera etorri zenean kafea, kopa eta purua egunerokoak zirela gizonen artean. Goizero, Txarridunara gosaltzera joaten zenean tailerretako beharginak ikusten zituen lanera sartu aurretik kafea eta kopa hartzen. Langileak eguerdiko 12:00etan irteten ziren, Sigmako sirena entzuten zen, 1985ean mututu zen, lantegia itxi baino hamar urte lehenago. 1.500 behargin zituen Sigmak, saldoka ateratzen ziren. Bederatzi baxoerdi hartzen bazituzten, bederatziak edaten zituzten denek. Haietakoren bat berandutzen bazen barran uzten zizkioten txikitoak zain; lagunengana iristerako taberna guztietatik egin behar zuen erronda, bakarrik, poteak banan-banan edanez. Betiko ibilbidea egingo zuen txikitoen atzetik lagunengana iritsi arte. Hiru minutu egiten zituzten taberna bakoitzean. Orain King Kong tabernan hartzen dugu kafea goiz erdian eta badaude agure txikitero batzuk laurogeita bost urte ingurukoak. Egunero elkartzen dira toki berean eta egunero egiten dute ibilbide bera. Haietako bat jolas makinetan katigatzen da eta besteek hanka egiten diote, ez diote itxaroten, zain izaten du baso ardoa barran. “Gu bagoaz” esaten diote, erritual bat da eta hori da araua, bost minutu taberna bakoitzean, egunero hainbat txikito. Normalean ez dute ardoa osorik edaten, erdia edaten dute. Ardo arrunta, eta erdia alferrik galtzeko.

      Guk egurasteko eta elkarri informazioa pasatzeko beti hartu izan dugu ardo bat.

      Dendatik kanpo hitz egiten dugu geure kontuez, hemen ezin da.

      Bolada luze batean, zazpiak aldera, jende gutxi zegoen momentu bat aprobetxatu eta biok irteten ginen Oraikora ardo bat hartzera, bertatik bertara; jendea sartzen bazen bila etortzen zitzaizkigun. Denda itxi ere egin izan dugu horretarako.

      Bai. Baina ez ardoarengatik!

      Ardoarekin atseden momentu bat hartzeko.

      Bai.

      Eta zenbat bider errepikatu dugun ez genuela txikitoa dendaostean hartu nahi? Lagunak etortzen ziren eta esaten ziguten, “ekarriko dizuegu ardo bat?”, “nahi al duzue kafe bat?”. Guk dendan ez dugu txikitorik nahi, guk dendan lan egin nahi dugu eta txikitoa eta berriketa tabernan.

      Dendan ezin dugu elkarrizketarik izan, beti da mozten duen zerbait, eten egin behar izaten dugu solasa. Gure senarrak harrituta dauzkagu: “Egunero bederatzi orduz elkarrekin lanean, mendira elkarrekin… eta ez duzuela hitz egiteko astirik?”.

      Ez, ba.

      Ostiral eguerdietan emakumeak elkartzen gara ardo pare bat hartu eta tertulian aritzeko; batzuetan elkartzen gara lau, besteetan sei, gai sozialez eta mendiaz hitz egiten dugu. Ostiral iluntzeetan Jose Inazio eta Andres etortzen dira gure bila eta txikiteora joaten gara laurok. Betidanik. Nik Rueda edaten dut eguerdian, eta, arratsean, gorria udan eta neguan beltza. Garai batean denok edaten genuen ardo arrunta, orain ez: orain Pierola, Enate, Homenaje… Orain inork ez du eskatzen besterik gabe beltz bat edo zuri bat.

      Nik gorria edaten dut beti.

 

 

Duela lau urte, aita hil eta hogeita hamahiru urtera, udaletxetik deitu ziguten azentu atzerritarreko mutil batek gutaz galdezka hots egin zuela esanez. Ezezagun hark Estívariz sinadura zuen olio-pintura bat aurkitu zuen Donostian, zaborretan, eta margolariaren senideen bila zebilen. Harremanetan jarri ginen; gazte italiar bat zen, Arte Ederrak ikasitakoa, Donostian ari zena taberna batean zerbitzari. Etxera bidean topatu zuen Arrosarioko Ama Birjinaren irudia margotuta zeukan koadroa zabor kontainer baten aldamenean utzita. Olio ona iruditu omen zitzaion. Abizen hura Interneten bilatu eta, kasualitatez, aitaren lanekin antolatu genuen erakusketarekin bat egin zuenez, jakin zuen izan zela Elgoibarren Estívariz izeneko margolari bat bi alaba zituena. Donostian elkartu ginen bazkaloste batean, Filippo Zanella izena zuen italiarrak. Trukean, arte liburu bat eraman genion opari.

 

 

“Zoaz Pitxintxura, han ekarriko dizute”, entzuten dugu. Horretan saiatzen gara. Emakume zaharrek paladun belarritakoak behar dituzte, jadanik zulorik ez daukatelako edo gingila hautsita daukatelako. Enbalatzeko papera ez dute beste inon saltzen. Badira gauza txikiak, dirurik apenas ematen dutenak, jendeak behar dituenak. Atzo gizon bat etorri zen zozketa baterako boletoak egin nahi zituela eta matrizedun paper sorta bat behar zuela esanez. Eskure etxeak ditu halakoak euskaraz: hartze-agiriak, ordainagiriak, loteria libretak, fakturak, jatetxeetarako menuak… Ostegunerako behar zuen. Topatu genuen sorta bat matrizearekin haiek zigilua jartzeko eta zenbakitzeko modukoa eta ekarri diogu, bi euro balio ditu, baina korapilo bat askatu duzu. Plastikozko uztaiak modan jarri zirenean silikonazko torlojua izaten zuten eta erraz galtzen zitzaien. Orduan bezeroei metalezko torlojuak eskaintzen hasi ginen, metalezkoen zuloa estuegia izaten zen plastikozkoen kirtenentzat, baina guraizeen puntarekin zuloa apur bat zabaldu eta kitto, ez ziren erortzen. Beti dugu B plana martxan jartzeko pronto.

      Saltzen duzunaren araberako bezeria sortzen duzu. Batek esango dizu: “Hau oso ongi saltzen da”, baina baliteke guri ez gustatzea salgai horrek erakartzen duen bezeria. Tabernek dekorazioaren, tratu motaren, eskaintzaren, musikaren bidez erakartzen eta uxatzen dute bezeria. Dendek berdin.

      Gure denda troteroa da, ez da fina, hemen gauzak mugitu egiten dira, funtzionala da, ez da dotorea, ordena bat dago mugimenduan, ez da denda espezializatua, zerbitzu zabala ematen dugu, badakigu zer saltzen dugun, badago oreka suerte bat. Ez gara liburuzale erudituak, hain gutxi melomano adituak. Alaiak gara ia beti.

 

 

Rosak zortziak bost gutxiagotan alde egiten du trena hartzera, horixe izaten da abisua denda biltzen hasteko. Dendan biotako bakarra badago, hamar edo hamabost minutu behar izaten ditu; elkarrekin bost minutuan amaitzen dugu.

      Bezero gutxiko egunetan pixka bat lehenago hasten gara itxierakoak aurreratzen. Datafonoan kontu-ixtea egin behar izaten da: makinak zenbateko bat ematen du egun horretan txartelez sartutako diruarena, eta kopuru horrek bat etorri behar du kutxako kontu-ixtearekin.

      Ordenagailuan adierazi egin behar da bezero bakoitzak eskuz ala txartelez ordaintzen digun. Kutxako zenbatekoak eta datafonokoak berbera izan behar luke, ia inoiz ez dira bat etortzen, ordea.

      Horrek esan nahi du salmenta batzuk “itxi gabe” gelditu direla, kobratu diozula bezeroari baina ez duzula kutxan salmenta erregistratu. Tiket guztiak banan-banan errepasatu behar izaten ditugu zuzendu beharrekoa zuzentzeko. Horrek, egun arruntetan, hartzen dizkigu bost minutu.

      Gero Milaren eskaparateetara joaten gara, argiak itzaltzen ditugu eta hezetasun-kengailuari ura ateratzen eta amatatzen. Bi litro ur biltzen ditu egunero, leku batetik bestera mugitzen dugu, aparatu bakarra daukagu. Dendaurreko landarea erretiratzen dugu. Amarena izandako potus bat izaten dugu horman esekita, egunero zintzilikatzen dugu irekieran eta erretiratzen itxieran. Barrualdeko landarea da izatez, neguan sufritu egiten du apur bat, udaberrian pizten da berriz.

      Kaleko erakusmahaiak gordetzen ditugu.

      Dendaosteko ordenagailua itzaltzen dugu aurrena, dendakoa gero. Dena deskonektatuta dagoela egiaztatzen dugu: lisaburdina, lanparak, Gabonetan arboletako argiak…

      Poltsak eta etxerako enkarguak hartzen ditugu, argiak itzaltzen, atea ixten, pertsiana jaisten. Diruak banketxera eramatera joaten gara elkarrekin, eta gero ardoa hartzera tabernara.

      Banketxea dendaren eta tabernaren artean dago.

      Erretiroa hartzen dugunean, azken lanegunean, horixe egingo dugula uste dut: denda itxi, sosak gorde, ardoa edan eta etxera joan, ibaiaren alde banatara.

 

 

San Frantzisko kalearen behe aldea 1978/

San Frantzisko kalearen behe aldea 2020

(Oinez ibaian gora)

 

1978

2020

Txuskoren bizikleta denda eta tailerra

Sua kafetegi terrazaduna

Pinturas Javier y Marcelino

Itxita

Azpeleta elektrizitate denda

Gabilondo higiezinen agentzia

Lasa inprimategia

Iriondo Kirolakeko erakusleihoa

Teodosiaren opari denda

Teodosiaren bilobaren Teod aroztegia, brikolajea

Juanito Arrietaren janari denda

Kaia taberna

Biltegia

Solozabal autoeskola

Goiti tailerra

(ondoren, Salegi gozotegia)

Itxita

Bidasolo farmazia

Lokala itxita (negozioa lekualdatuta)

Echave burdindegia

Itxita

Artegi etxetresnak

Itxita

Jostundegia

Itxita

Maritxuren drogeria

Garamel gozotegia

Alkorta taberna

Derry taberna

Lau tapiztegia

Lau tapiztegia

Arrieta altzariak

Iriondo Kirolak

Zelandi ardandegia

Denda txinatarra eta Mapfre aseguruak

Baserri taberna

(ondoren, Txuri-beltz taberna)

Itxita

Kartutxo ikaztegia

 

Kartutxo janari denda

eta taberna (itxita)

Eroski

Lete jantzi denda

Osoro zapata denda

Pitxintxuren erakusleihoa

Pitxintxu

Pitxintxu

Landaren garajea

(ondoren, Pilar arrandegia)

Grupo Eibar higiezinen agentzia

Vilarchao zapata-konpontzailearen tailerra

Lubanails atzazal margoketa

Arozena okindegia

Clarel frankiziako lurrindegia

Mapfre aseguruak

Pitxintxuren erakusleihoa

Irizar estankoa

Itxita

Oraiko taberna

Itxita

Arriola harategia

Irizar estankoa

Azafata taberna

(ondoren, Arkauz burdindegia)

Itxita

Landa harategia

Lagunak taberna

Agirre jantzitegia

Itxita

Aranburu bitxitegia

Aranburu bitxitegia

Truk taberna

Itxita

Arosa eskopeta-tailerra

Landa harategia

Yudegoren garajea

Bikain psikoteknikoa

Suministros industriales MUGA

Kala loradenda

King Kong taberna

King Kong taberna