VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

Detektibea V

 

 

Ilehoriak deitu egin nau. Galdetu dit: “Amaitu duzu nire transkripzioak irakurtzen?”. Eta nik, glups, baietz. Sukaldean harrapatu nau, eskuan kopa bat ardo dudala. Zergatik ardoa edaten? Aizue, ba ez dakit, ezin dut dena jakin, fikziozkoa naiz. “Trantsizio baten beharrean nago”, diost Ilehoriak, eta nik ez dakit idazten ari den nobelaz ari den, ikerketa honetaz, edo bere bizitzaz. Berdin dio, ni bere aginduetara nago, ordaindu egiten didalako, liburua eskainiko didalako, eta ardo hau oso goxoa dagoelako.

      “Aitziber, baduzu susmagarririk?” tematu da, telefonoaren bestaldetik. Nik ez dut jakin zer esan, izan ere ez, ez baitut susmagarririk. Itxaropena nuen grabaketen transkripzioak irakurrita, Victorrek azpimarratutako liburuaren berri izanda, ezker titiko ileak laztu egingo zitzaizkidala, hankarteko uholde batek esango zidala bide onetik noala. Baina ez da hala izan, kale itsu batean nago, eta hala esan diot Ilehoriari ere “oraingoz aukera guztiak zabalik daude”. Nire off-eko ahotsa martxan jarri da orduan, eta gomuta betean hasi: “Kale itsu batean nengoen, nora jo ez nekiela...”. Orain arte neukan informazioagatik, galdekatutako edonork izan zezakeen heriotza misteriotsu hartan eraginen bat, edo bat ere ez. Duela hogeita hiru urte elkarren ametsak elikatu izan ez balituzte, jarraituko zuen Victorrek Madrilerako bidea, jarraituko zuen sudur gorriekin tematuta? Joko zuen hara sare alternatibo berrien bila?

      Oraingoz, ez dago jakiterik. Ez dut lortu nire intuizioa hitz egiten jartzea. Agian, janari izoztua sukaldatu beharko nuke une honetan. Ilehoriak mugitzen dizkit eskuak hozkailura, hari ikusezinak bailiran. Dena dago konektatua. Baita hozkailua ere, zorionez. Bezperan ekaitzak izoztutako janari oro arriskuan jarri baitzuen. Zabaldu dut gaineko atexka, barrura begiratu dut. Orduan berehala etorri zait intuizio bat, hariak lotu ditut nahi gabe, pelikuletan bezala: argazkiak, bideoak, liburuak, ez ote dira denbora izozteko ahalegin desesperatu bat? Suma dezaket Ilehoria pozarren, atea zabaldu diodalako liburuaren amaieran sartu nahi duen izotzari buruzko metafora bati.

      San Jakobo batzuk atera ditut izozkailutik. Hara, burura datorkidan lehenengo galdera: nondik datorkio frijitu zoragarri honi izena? Zergatik arraio pairatu behar du digestio astuneko erruduntasuna sentitzen duen jale oparo eta zoriontsu orok hainbeste gustatzen zaion asmakuntza ezinbesteko honek santu baten izena izatea? Interneten begiratzeko tentazioa eduki dut, baina berehala pasatu zait, ahalegin handiegia delako benetan sortzen zidan interesaren proportzioan. Azkenean, San Jakoboak bere horretan bota ditut zartaginera. Ez ditut utzi deskonjelatzen. Gustukoa dut jende gehienak gorroto duena, askotan gertatzen zait hori, alegia, kanpotik frijitua eta barrutik hotza egotea, taberna askotako kroketekin gertatzen den bezala. Metafora ederra iruditu zait hori ere, baina ez dakit zeren metafora.

 

      Jan egin ditut San Jakoboak, hogeita hamar euroko ardo botila batez lagunduta. Maite dut janari zatarra ardo onarekin jatea, nire poltsikorako gehiegizkoa den ardoarekin. Ilehoriak lehen txekea helarazi dit transkripzioarekin batera, eta lehenbailehen ospatu beharra nuen.

      Lan pixka bat ere egin beharko dut, noski. Ez dut froga zehatzak biltzeko kemenik, ez gogorik, ez gaitasunik ere, beraz, biderik errazena hartzea erabaki dut. Angelica Negrok utzi didan arrastora narama intuizioak: irudimena arriskutsua da, egunero ikusten dugunaren aukerak zabaltzen dituelako. Eta horixe bera egitea deliberatu dut: ardo kopa bete, goitik behera biluzik jarri, eta leihoaren aurrean paratu naiz beste behin ere. Titi bakarti iletsu bat dut bularretik begira. Leihotik harago, ortzimugara zuzendu dut pentsamendua. Aurreko etxebizitzako bizilagunak ikusi egin nau biluzik, berdin dio, hura ere fikziozkoa da. Barrurantz doan ortzimuga da nirea. Eta irudikatzen hasi naiz, gupidagabe, ikerketa honetako protagonistek izan ez duten iragana.