Emon biar yako
Emon biar yako
1994, nobela
140 orrialde
84-86766-56-7
azala: Lucian Freud
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1989, poesia
1986, poesia
Emon biar yako
1994, nobela
140 orrialde
84-86766-56-7
aurkibidea
 

 

10

 

Ez gara iraganera inoiz itzuliko.

        Behin irakurrita zuen gogoan, hartara biltzen ziren hotelaren menbretea zeraman orrian gorantz egiten zuten lerro guzti haiek. Zer zen zirrara sortarazten ziona ez zekien. Etxera orduko irakurri zituen, eta berekin oheratu. Nahi baino gehiagotan laprast egin zuen Inesen aitormen hartan, Igartuaneko ardoa, ez du esaldi hori baino gogoratzerik lortzen osorik leitu zuenetik. Izerditan blai itzartu bazen ere, aspaldi ez bezala egin zuen lo. Berak ere nahi izan zuen, ez izkribatu, emakumearen ahotsaren orbela entzun, bizi naiz esateko ez bada ere, jakinaren gainean egonik deitu ostean nagusitu egingo zitzaiola ikara, dardar egingo ziola, ez eskuak, bihotzak baizik. Ez zen deirik egon. Zubeldia euritara atera zuen atea itxi zuenetik, zerbaitek galerazten ziola sinestarazi gogo dio bere buruari.

        Zehaztasunez deskribatu izan du Inesek Azkuek bere baitarako irudikatu izan duen dena. Berak inorentzat gorde izan duena berebiziko indarrez agertzen zitzaion eskura ematen dizkion lerrootan, beti hain biluzi agertu nahian. Eta bazekien, orain betikoa gertatuko zen; emana zen lehen urratsa, itxaronaldiaren azken bateko haustura, hurbilketak hoztasuna esan nahiko zuen.

        Gortzeko moduko zarata zetorkion kanpotik, kamioiak orubean. Ondoa zeukan eta ordubete bai behean egon beharra zuela, auzuneren bateko jaietarako afitxe baten konposaketan. Beranduago jaisteko erabakia zuen hartua baina, ardo narras hura. Biharamuna: burmuinean suzko erroberak, txafero ikusgarriak bezala lehertzen, arbolatzen diren zain txikiak. Hemorragia txipiak. Ez zen alkoholari gero eta beldur handiagoa ziolako, aurpegiko azal poltsetan ere nabariago ikusten uste zuen azkenaldian lo gaizki egin izanarena baino, ibiliaren arrastoa. Hau muturra. Galtzarbeetan egin zuen usain. Narda hartu zion bere buruari, zikin ke eta izerdi kiratsez. Beharbada ezinezkoa da bakoitza garen belaunalditik kanpo bizitzea, pentsatu zuen. Zerbait aldatua zen bere bizitzan azken urtebetean. Papera euritan bezala zihoazkion urtzen adiskideak, Inesen ondoren ezinezkoa izango zuen beste emakume batengatik harengatik izan zuena sentitzea. Zalantza ere egin zuen, ez zen besterik egongo bizitza betean gozatzeko. Zer da benetan min ematen didana, egunerokotasunaz landa. Zer. Ez zekien, baina bere betean zuen agertu beharra. Egia zen, larriak antxituta itzartzen zen, aldiz, ez zuen gogora zezakeen ametsik gogoratzen.

        Julen, Jabierrek esango zizun ezkontzarena, espero bezala atera zela dena, eguraldiak ere lagundu zigula. Inoiz baino ederragoa dago Leon garagar berdetan. Ikusi bazenu ze eder zeuden katedraleko beirak bere landare urdinekin. Argi hura, bizirik zeudela ematen zuen, harri artean eguzkitara haziak. Bartzelonara egin dugu ezkontza ostekoa, trenez. Eguna argitzen ari zuen Euskal Herritik pasatu ginenean, eta euriak departamenduko kristalen kontra jotzean itzartu nintzen. Gasteizko geltokian zeuden polizia armatuek eguraldiari begiratzen zaion bezala begiratu zioten trenari. Treneko kafetegian gosaltzen, senarrak ez zidan ezer galdetu, nik ez nion ezer esan. Zerbitzariak Euskal Herrian beti horrela ari duela, antzeko ergelkeriaren batez ohartarazi nahi izan gintuen. Euskalduna zen, eta gaztea. Zeu harrituko zinateke. Azken hilabeetan egon garen hurbilen geundela pentsatu nuen.

        Irakurri ahala bart leitutakoa datorkio. Baina orain, goraki ari delarik, gauean eman dion baino bakardade aldi handiagoa ematen dio Inesek, azken asteetan ezagutu zuena eta trenean doana pertsona bera ez balira bezala. Bera ere bakarrik zegoen beharbada.

        Ez zitekeen, behar zuen beste bizitza —bizitzeko— era bat egon. Arronaren, Igartuaren beraren bizimodua zuen ments agian, giro etsi hartarik salba zitzakeen pertsona bakarrak. Herri honetan, munduko herri guztietan, haiek bezalako pertsonak ziren ausaz benetan bizi ziren bakarrak. Etorkizunarekin zer ikusirik ez zuen bizitzeko era bat imajinatu zuen berarentzat ere, bere oraingoa beteko zuenari erdi miraz, erdi errukiz behako ziona. Irudiotan, Arronak eta tabernariak ez zuten hitzik egiten. Eta haietxekin zegoen, hirurak itzaletan. Oro kanpotik ikusi eta era horretan sentitu, atzean uzten dituzun harietan erreparatu. Eta ohartarazi: hi, zaindu hariak! esango zion bere lekua harturikoari. Ezinezkoa. Ez zen bizi. Eguzkitara irten eta hariak batzen lagunduko zion. Izutu egin zen nahitaezkotasunean pentsatzean. Behar zuen besterik egon. Askotan pentsatu izan ohi zuen gauza bera, beste bat nire lekuan. Ulertu zuen etorkizuna zuela orainean lotzen zuen harri, egunen batean behatzarri izan zezakeena. Lagunek aurre egin zioten. Etorkizunak beste daude beraz. Erantzuna baietz zen. Arronarenean pentsatu zuen. Hasiera batean uste izan zuena baino antzekoagoak biak, haiek esatera. Elkarrengandik hain urrun orain. Eta hala ere ez. Desberdintasunak aitor zitzaten eskatu zien. Mututu egin ziren, argitan higatu gero Arrona eta. Borondatea den bitartean bizitza aitzina doa. Tolesduretatik bildu zuen gutuna. Hori zen azken batean: nahiaren jabetza.

        Txorrota ireki zuenean ur hotza zetorrela konturatzeak ernegatu zuen. Baso bete bi edan zituen, derrotean. Berogailuak ez zuen ura berotzeko beste erretzen, eta hala ere, toaja arraska ondoan utzi orduko sartu zuen burua kanilapean. Min ematerainoko hotzak ajearena ahantz arazi zion. Berak isiltzen zuena eta Arronak aterako ez zukeena zera zen, izuz jantzitako lotsak ez duela hitzik egiten. Lotsa ez zela esango lioke Arronak. Baina oraingoan ez dio aukerarik emango. Berak behintzat ikasi du isiltzen.

        Dariola duen burua atera gabe luzatu du eskua artaziak atxiki dituen arte. Alboka, ez alferrik datorkio begietara munduko ur guztia, itsu baten trebeziaz moztu dio muturra buru gainetik hustu duen txanpu anpuluari. Ur berritzerako, gozatzeko lain, nabarmen beroago datorkio, eta bitsez bete da arraska ahoa.

        Beste bizitza bat. Bazekien zein egun izan zuen gogoan Inesek euriarena aipatzeko. Etorkizunaren zain hobeto egoteko leiho hartatik ikusi zuen Azkuek, orubea ekiditearren errio ondotik egiten malda hartu zuen arte. Harrapatuko zuela ustetsu, presarik gabe jantzi zituen galtzerdiak oin hutsen gainetik, plaierak gero. Zakur baten adausia. Zu al zinen? esango zion atzetik norbait zetorkiola igerrita harrizko hespilean geratu zenean. Eta Azkue heldu ez zen zerbaiten zain egon zen lamada hartan. Pentsatu zuen ederra zitekeela muino haietan ibiltzeko nahi besteko aukera izatea, liburuen azpiko mundu hartarik, berunaren zamatik urruti, oso bestela, ia ordura arte anaiaren ondoan ezagutu zuen emakume haren ondoan. Galgoea. Txitxarrek trumoia iragarri zuten. Gizonak bere aho irekia eman zion. Euria hasten zuen. Eta emakumeak sartu orduko atera zuen bere itxia. Bazkalosteko trena entzun zuten, muino azpiko arbolategitik irtenda hartuko zuen geltokira heltzeko emekituagoa zuen abiadura. Ostizaparradak behartuta aldats beherantz zihoazela berba egin zuten. Orube gaineko iratzetan geratu zen gizona emakumea etxera sartzen ikusi zuen arte, ez ziren inoren aurrean elkarrekin agertuko. Antxintxika egin zuen etxerainokoa, irrist egin eta ia erortzen ikusi zuen emakumeak leihotik. Etxera igo aurretik Inesenean jo zuen. Ez zuen ezer entzun, atepeko zirrikitutik zetorren argitan galtzen ziren bebarrutik gorako urrats bustiak. Dutxan sartua zela eta ez ziola entzun esan izan dio gogora ekarri dion guztietan, nola pentsa dezakezu bestelakorik.

        Baldosa zurien gainean tolestu ohi duen toajaz lehortu zuen burua. Zenbat aldiz ikusi izan zuen emakumeak gerora horrela, nola etxean nola Leon eta Euskal Herriaren erdi bidetzat jo zuten Burgosko hotelean, toaja sama sendoaren inguruan bildua soin gorriaren gainetik. Uraren hotsak iratzartuta, berak bere gorputz biluzia laztanduko zuen izaren pean. Ohe ertzera etorriko zen, bularpean edo aldaka mamietan zuen eskua pasatuko zion ile bustitik, eta artean gaztea eta gustagarria irudituko zitzaion, etortzeko zena gizon haren ondoan ez zela egongo ondo zekien arren.

        Hotel ona da Bartzelonakoa, sabai handikoa, argi-armiarma ederrekoa dantza gelan, hirian dauden gauza guztiak ikusi beharraren ikusiaz askorik gozatzeko betarik ez badut izan ere. Gustatuko litzaizuke hau Julen. Bestelakoa da itsasoa hemen, bareagoa. Zeruak berak zabalagoa dirudi. Eta bada zer ikusia. Arbolalde ederrak kaleetan, etxeak, Gaudirenak eta harenak ez diren beste zientoa. Liceua. Ranbletan, Güellen paseatu, mundu honetan ez bezala. Ea egin ditudan argazkiak ateratzen diren.

        Zigiluari eman zion begia. Menbreteagatik zuen susmoa egietsiko du, bertatik ziola igorria. Baina bazen egoskaitz egiten zitzaion eskurik, letra haietan biekiko harremanei zegokion ezkutuko itxaropenik eman nahi ote zion sinestaraziko moduko detailerik. Lehen pertsona bakunean baino ez zuen hitz egiten, senarrarekin egon ez balitz bezala eman nahi zion aditzera, berarekin ez beste inor, bera zegoela gogo egin zezan. Bestela ere izan zitekeen ordea: ez zion minik eman nahi. Zergatik idatzi dit orduan. Senarraren ezkutuan idazten ikusten du, haren loaldiari ebatsirik beta. Gutun hondarrera jo zuen, han zegoen: ez gara iraganera inoiz itzuliko. Nork nahi du baina iraganera itzuli. Nik ez, Ines. Karbonarioek ez zuten Liceua surtan ikusterik izan. Eta nik iragana? Beretzako errebelatu zituen Azkuek Inesek esan bai, ezagutzen zaitut, baina inoiz bidaliko ez dizkion erretratuak. Zertarako ateratzen ditugu argazkiak itzultzeko ez bada.

        Tinbrea, horregatik gorde behar izan du berriro ere, aurrenekoan baino presatuago, gutuna bere azalean. Haustera bezalako hotsa atera du oholak alfonbrapean aterakoan. Leihoak zirrikitua erakusten zuen, haize korronteak kolpez itxiko zuena. Eskua maratilean duela jo dute berriro, behin eta luze, etxekotasun ezaz. Saltzaileak. Errazago bidaltze aldera, ez du beraz toaja bustia lepotik kenduko.

        —Luze iritzita egongo hintzen honezkero.

        Iraganak berarekin zuen zor bakarra zen. Etxean ez zegoen freskotasuna sartu zen eskailburutik zur usain zahar haren ostean. Itxi ez zuen leihoaren dangada entzun zuten. Zubeldiak armairu bat zirudien ate aurrean, inongo bizitasunik gabe. Inprimategian eskura eman zion karpeta urdin bera ezagutu uste izan zion besagaina eta saihetsaldearen artean. Sartzeko baino ez zion esan, hark bezala beste inongo agurrik gabe Azkuek ere.

        Bezperako ardoak Arronari aitortu ez zizkion gogoeta guztiak berritzeko ahaleginak egin zituen, sukalderako bidea erakutsiz itsuaurreko lana egiten zuen bitartean. Gutunak ahazmenera eraman duen oro zaparradaren legez etorri zitzaion. Ea kaferik hartzen duen galdetu dio. Ziur zegoela Igartuanekoa bezain ona egiten zuela, eta baietz, hutsa. Eta jarraitu oraindik kendu ez duen toajan erreparatuta: boxeolaria ematen duk itxura horrekin. Izan ere bai igoal, Azkuek.

        Zentsoreak ez zuen uste etxeak erriora egiten zuenik, eta hala esan zuen. Uretan ahokatzen ziren taketak, txaluparik gabe azken aldian. Aste guztian ondo erabilita erabaki zuen. Ez zitzaion buruan sartzen argi indarraren zentral txikiarena errioaren ondoan. Mutilkoskor bat bizikletaz sartu zen elkorrean, oporretan oraindik, etorri zitzaion balkoi ertzetik ikusten duen Zubeldiari. Lurrera egin zuen, eta oihuka emandako deia. Erloju bat aurkitu zuen, sugandila baten antzera uhaletik eutsita airean astintzen zuena. Beste bi agertu ziren, umeagoak. Erlojua, erlojua, egiten zuten. Bizikletadunak gora begiratu zuenean ikusi zuen beha zuen gizona. Umeak ulertu ez zuen irribarrea egin zuen gizonak. Erlojua bestek ez heltzeko moduan goian mantenduz, geldiro destatu eta esku biluziaz egin zion tiro. Zubeldiak ez zuen detonazioa entzun. Erabakita zeukan, ez zen arriskatuko.

        —Azkue, hitz egin beharra zeukaagu. A.k arazoak dizkik.

        Kafearen borborra erreparatzen ari zen Azkuerentzat atea zabaldu duenean baino abiada handiagoz egin zuten gogoetok. Bolumenik gabeko soslaia zen Zubeldia leihotik sartzen zen argi zeharrari atze emanda. Eskuak umeldu zizkion kafeteraren lurrunak.

        —Ez zeukaat baietza ematerik —jarraitu zuen—, eta sinets egidak, gogorragoak ere atera dituk erdaraz. Oroimenak baino ez dituk, nahikoa era kostunbristan emanak, modernotik gehiegi ere ez...

        Orduan, pentsatu du Azkuek. Baina amaiera duela arriskutsua gaztigu emango dio Zubeldiak, zabalik uzten diola gorrotoari atea. Azkuek bere baitara ekarri zituen azken orrialdeak. Azken aldian darabilen esaldia. Etsaiena. Anaiena. Itzultzea. Eta hortik atea. Gorrotoan harri egindako amaiera bat eraiki ahal izan zuen berak ere. Ulertzen hasia zen. Ahaztea zen haizu zitzaiona Zubeldiak koipezten zuen makinari, Intxorta urdinduak ikustera joan zirenean ote artean aurkitu zuten gorpu hura bezain. Gizonak ikusi arren hilotza utzi ez zuen arratoia. Pentsatu zuen nekagarria izango zela A.rentzat hil arte mantenduko zuen gorrotoa, eta deitoratu ere egin zuen berak horrenbesteko indarrik ez izana.

        —Eta?

        —Dagoen bezala ez dudala baietzik sinatzen. Inprimatzeagatik gertatzen direnak. Aurre zentsurara aurkeztu izan bazenu, amaiera eta beste bi gauza aldatuta, balekoa zitekeen.

        Eta beste bi gauza. Ez zion sinetsi, esan ziezaiola behingoz liburu hura ez zatekeela inoiz aterako, ezta aurrez eraman izan balu ere. Baina ez. Sentitzen zuela edizioagatik, baina hitz egin zezala berriro ere partiduko kontaktoarekin.

        —Huitzik segituko dik oraindik —galdegingo zion—. Benetan, aldatu amaiera, irabazi egingo likek.

        Kafearen garraztasun gozoak hartu zuen sukaldea. Kikera bakarra prestatuko zuen.

        —Literarioagoa geratuko duk —erantsi zion esaldiari.

        Harri eta makila eginda zegoen, lana ematen zuen sinesten Azkueren aparteko interes hark, are harrigarriagoa aldaketa berak proposatu zionean. Baina lasai bota zuen:

        —Auto istripu bat.

        A. Mar del Platako etorbiderik zabalenetik irtenda Buenos Aireserantz, jai batera, erbesteratuen jai, bilera batera nahi baduk. Gaua, Hego hemisferioko euri lodiago hori, gizonaren borondatearen gain ez dauden putzuz betea errepidea, beste automobil baten argi gorriak aurrean, galgari sakatzen diola, autoak irrist egin eta arbola bat. Bale, horrelaxe, the end esan zuen Zubeldiak hatzak elkar eginda eta ahurra doi-doi erakutsiz sabel paretik zabalerako keinu azkarra egiten.

        Azkuek mahai gaineko apalean utzi zuen karpeta, ez dakigula orain kafez zipriztindu. Zerbitu eta gero ere, nobela modernoari buruzko azalpen bat edo beste gehitu zion bere ihardunari kafea ezpainetara eraman aurretik. Amaiera ez zoriontsua, happy-end eza Julen, istripuz hiltzea, ez inork hiltzea, ulertzen didak. Heuk, zeuek ikusi, baina irabazi egingo likek.

        Egin ez zion arrapostu galdera izan zen Azkuek bere baitan zerabilena, zoriontsua iruditzen al zaion nobela zabalik uztea, etxera etorri nahi bai baino ondorioen ezinbestean han geratzea erabakitzen duenean A.k berak. Zubeldiak ez zuen deus esaten, putz egiten zion kikera beteari. Azkuek ez zion ezer galdetu, orain bera zen zentsoreari, Huitziri karpeta eman zionean begiratu zion bezalako begiz, agian errukiz begiratzen ziona.

        Indar betean ateratzen zitzaizkion eginbeharra burutzeko saio posibleak. Huitziren aginduak ezin zehatzagoak izan zituen, hilabete amaierarako. Berandu zebilen, eta bere buruarekin zuen hartua ardurarik handiena. Onartu beharra zeukan, alferrikakotzat har zitekeen ordura artekoa: papera, denbora, zentsurari ihes egin izanaren bozkarioa.

        Egiazkor agertze asmotan hitz egin zion azken ahaleginean:

        —Ez dago zer eginik beraz.

        —Esan diat, dagoen bezala eta hire inprimategi oinarekin, ez. Huitzik ulertuko dik.

        Dena airean geratzen zen sentsazioa, Zubeldiak garbiegi ere marrazten ez zuen bideren bat erakusten ziola iruditu zitzaion Azkueri, isiltasun astun hau, elkarri eusten zioten begiak. Bertan botata inprimategi oin amerikanoa jartzea da beharbada kontua, ebatzi du. Kafekinak kikera hutsetan. Ona irteten dik. Hartuko duzu beste bat. Denborak ez zion kontrarik egingo. Azkuek bere buruari deiadar: kontuz baina. Izoztutako aintzira gainean bezala dabil sortu berri duen hipotesian, Guatemala eta Mexiko baino modernoagoa behar du izan, Venezuela, Argentinakoa, Txilekoa egokiantzerago.

        Eskerrak emango dizkio baina presaka dela. Zubeldiak jaikitzera egin zuen.

        —Joan beharra diat.

        Berak bakarrik aurkituko zuen kalerakoa, ate berdinen artean errazegia ez izanik ere. Pasiloan zihoazela pentsatzeko ondo eta egongo zirela esango zion. Azkuek sinestea erabakiko zuen gizon bitarteko haren hitzetan, nahiz ez zion susmo onik hartu amaiera aldatzearen proposamen hari, baina agian bere erremate propioa asmatu izanak bilakatu zuen baikorrago. Agurtzerakoan berak Huitziri telefonoz deitu zionean esan izan zizkion azken hitzak errepikatuko dizkio Zubeldiak berak ere, tipo horrek ondo idazten du. Merezi dik aukera bat. Eta Azkue ohartu gabeko zerbait gehitu: ez diat uste memoriak direnik. Hori gazteagoa duk. Gorrotorako deiagatik.

        Beharbada ezinezkoa zen Zubeldiaren bisitaren ostean sukaldea nola gelditu zen ikusita bere burua apur bat irrealago, miko bat ahulago ez ikustea. Nola izan daiteke hau egia, pentsatu zuen Azkuek. Kikera hutsa zegoen mahaian pareta jotzen zuen laranja bat zegoen behiala, eta hura balakatzen zuen esku bat. Bestela gertatuko ziren gauzak orduan. Inesek etorkizunari zabaltzen zion eskua laranjari ahurra erakusten zionean. Eta gaur egun badaki ezin zezakeela askorik iraun hastear zegoen garai hark. Orduan ez.

        Gorrotoarenak ez zuen nobelari emandako ezetza justifikatzen. Aitzakia merkeegia iruditu zitzaion, literaturtasunari buruzko aipamena beste. Begiak itxi zituen: pisua zuen burua eta egun guztia zer egin erabakitzeko. Huitziri ezin kontatuko zion Zubeldiak lortua zuela bidea inprimatze prozesua nahi zuenean eteteko. Afaria zuela eta inprimatzen harrapatu zuela aitortuz gero, lekutan geratzen ziren hark hartutako ziurtasun neurriak, hain neurriz kanpokoak iruditu zitzaizkionak. Eta norbaitek ohartarazi bazuen? Nork baina. Eurak salbu, Huitzik baino ez zuen liburuaren berri.

        Kikerak oraindik garbiketa arrastoak dituen arraskara batu —artaziak, breazko txanpuaren plastikozko anpulu hustua— eta ahalge eseri zen mahaira, apaletik jaitsi duen karpetaren aurrean. Gometatik libratu orduko ohartu zen ondo bete zuela Zubeldiak bere lana, boligrafo gorriz egindako oharrak zituzten orririk gehienak zirriborroak, marrak, hizkuntz proposamen bakanak tartean-tartean. Amaieran begiratu zuen, orria ezker eskubi ezabatzen zuen gurutze handi batez zituen azken lau orrialdeak. Berriro irakurri zituen, gorritutakotik hasita. A. ez da etxera agertu gau osoan, eta emazteak mozkortuta imajinatzen duenekoa, beste emakume baten beso artean. Benetako istorioa taberna batean dagoela da, italianoarenean, Piamonteko soinu txikiaren eta bandoneon diskoak besterik ez dituen juke-box baten ondoan, bizarrik egin gabe eta itsasoari begira. Italianoak ez dio itaunik egingo, A.k ez dio gaua non eman duen aitortuko. Bien artean portuan sartzen ari den untziaren uluak iraun duen bitartean egin den isiltasunaren ondoren, tabernariak baieztapen kolorgea egingo dio: azken aldian gauzak ez dabiltzala ondo.

        Ez, ez dabiltza. Mundu oso bat da erortzen ari dena. Amaituta egon behar zukeen liburuarena, adiskideena, Bilboko entregena, Inesekin batera etorri behar zuena, amiltzera jotzen zuten bulkada guztiek lehen bazen eta orain ez den mundu bat eraiki izan balute bezala. Baina zer da benetan dudana, esango dizut, hor zaudela, zeure bakardade berrian zoriontsu zarela diozun gutuna. Eta Ines, itxurak egiten ari zarela esango nuke, gaitz egiten zait gotortasunetan sinestea.

        Atea zabaltzera joan zenean txirrin hotsak behartuta mahaiko kajoian azaletik kanpo gorde duen orri tolestua aterako du berriro ere Azkuek, karpeta urdinaren gainera oraingoan. Eguzki aurrean jarri bide diren hodeiek beluritu dute leihotik lehen ere ahul datorkion argia. Atzamarrez egingo du ordura arte irakurritakoaren bidea:

        Uste dut azkenik lortu dudala nahi nuen zoriontasuna. Izan nintzen bidean hor ere, baina oroimenak pisuegiak dira oraindik ere libre maita gintezen. Lotura asko ditut zorretan hor, baina zuengandik urruti bizitzea dut onena oraingoz; eta ez zuengatik, neugatik baizik. Ez da nire asmoa minik egiterik izan, inork ez du mina nahita egiten.

        Azkuek begi betez begiratzen du leihotik bestaldera, iratzetara. Norberarena ezagutu eta sentitzeko n aldiz begiratzera behartzen zaituen lege bat egon balitz bezala. Lehendabizi, elkorra agertzen da bere gorrian. Gero, errio atzeko orube eta sarearen gainetik garoa bustitzen zuen aire zahar eta hezea. Eta malda azkenik, gerizpetatik igotzen duen bideskatik jarraitzen duena, beste gozoago batekin elkartzen den zabalgunean galtzen den arte, subatzen ondoan.

        Baina gogoratu zertaz hitz egin genuen, Julen: ez gara iraganera inoiz itzuliko.

        Zeri deitzen zaio iragana, galdetu zuen bere baitarako. Ez zen errua. Malkoak begietara agertuko zitzaizkion, eta iruditu zitzaion gizon baten figura ikusten zuela arbola lerdenaren ondoan, gaztea, lehenxeago atzean utzi duen muinoaren magalean, iratzeak betikoa zirudienetik, errioari, elkorrari, etxeari begira.