Deklaratzekorik ez
Deklaratzekorik ez
2019, nobela
312 orrialde
978-84-17051-26-6
Azala: Angel Aldarondo (Antoni Gisberten “Fusilamiento de Torrijos y sus compañeros en las playas de Málaga” koadrotik abiatuta)
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2009, poesia
2007, poesia
 

 

Raza española

 

 

“Gainbehera dator dena”, halako zerbait pentsatuko zuen Zumalakarregik Mendazako batailaren ondotik tropa karlistek okerretik makurrera egin zutenean. Zenbait garaipen txiki engainagarri izan dituzte, eta horrek adoretzen ditu bulartsuak; fedezaleak ez baitu askorik behar zantzu ñimiñoenari helduta amildegira zuzen joateko. Gorteko txandrio giroak ere ez dio laguntzen jeneralari; azken porroten ondoren hasiak dira On Carlosen inguruko mingain-leunak, bazter nahasle guztiak —“covachuelistas y acólitos” deitzen die Galdosek—, berriketan, Zumalakarregiren abilezia estrategiko-militarrak zalantzan jartzen, hobe lukeela erregea bera jarriko balitz —Jainkoaren bedeinkapena izaki— tropen buru. Galdos, baina, berriro paratzen da Zumalakarregiren alde, amorruz irakurtzen du berak: “Sabía todo esto Zumalacárregui, y lo sufría con cristiana paciencia, sin desmayar en el cumplimiento de sus deberes. Su honradez era tan grande como su talento militar”. Areago, liberalen gainetik ere ipintzen du. “A esta excelsa cualidad unía otra, la de no tener ambición política, virtud rara en los militares de su tiempo, de uno y otro bando. Realzada con tan hermosa modestia su figura guerrera, el hijo de Ormáiztegui obscurece a todos sus contemporáneos ilustres y a cuantos en el gobierno de las armas, así como liberales, le sucedieron”. Heroi bat, pentsatu du bere artean, gurean hain maitatuak izan diren pertsonaia hutsik gabeak, moralki berdingabeak, handiak direnak garaipenean, baina batez ere, porrotean; duintasuna ororen gainetik, hurrengo belaunaldietarako eredu perfektuak, eredu gezurrezkoak, mistifikazio historikoan oinarrituak, baina zer axola dio, esaten du bere baitarako, kontua gezurrean segitzea izan da, errota ez geldiaraztea. Sumindurik irakurtzen du, Galdos ere gezur horri emana ikusita; hitzik ez okupatutako lurraldeetan egindako errepresio bortitzaz, liberalen kontrako indarkeria bidegabeaz. Pentsatu du, halaber, aukera ederra galdu dutela superborrokalari guztiek nobela hori zazpi haizetara hedatzeko. Begira, esan zezaketen, begira, espainiar bat, eta tradizio liberalekoa gainera, Zumalakarregiren balentriak goraipatzen; ikusten, esan zezaketen, gure historia ezkutatu nahi izan digute, gure aiurri bikainenak isilarazi eta manipulatu, eta ez dakigu benetan zer izan dugun, zer dugun; eta ikastoletan Zumalacárregui irakurtzera, lengua castellana, eta izen sintagma ikasten ari direla, bidenabar, historia pixka bat, eta gainera zera dio, “raza española, inepta para guardar secretos” zer gehiago behar dugu; Zumalakarregi, morroi zintzo hori, morroi berdingabe hori, sukarraldi abertzalerako gar gehiago.

      Ezin gelditu, ordea, eta orri pasan jarraitu du jada akaberan dela oharturik. On Carlosen setakeria argia da, Bilbon sartu nahi du kosta ahala kosta, Zumalakarregiren eskarmentuak zuhurtziaz jokatzea dela onena uste badu ere, eta Otxandio eskuraturik, hobe dela hegora egitea, Gasteizerantz, eta hortik, zergatik ez, Madrileraino. Etorriko dira Bilborako egokiera hobeak. Ezetz erregeak, Bilbo erasotzeko unea dela, eta jada ezer ezin duela egin jabeturik, ezin duela covachuelisten eta erregearen kontra, errazago zaiola kasik liberalen kontra egitea haien guztien kontra baino, amore eman eta, Jainkoaren borondateari dei eginez —ez baitzaio besterik geratzen—, Bilbora lerratu ditu tropak. Udaren atarian, karlisten armadaren egoera penagarria da, muniziorik gabe ia, eta nola arraio egingo diote buru sei mila soldaduko gudaroste bati, pentsatzen du Zumalakarregik, pentsatu du berak ere nobelan kakoturik, nahiz eta istorioaren, historiaren, bukaera ondo dakien. Zumalakarregi bala galdu batek harrapatuko du. Zauriak larritasunik ez duelakoan, jeneralak nahiago du Zegamara eraman dezaten, hantxe baititu anaiak eta bere konfiantzazko petrikiloa —petriquillo idazten du Galdosek—: Durangotik Elgetara, handik Bergarara lehenik, Zumarragara gero, eta Seguratik gora, azkenik, Zegama. Ailegatu eta egun gutxiren buruan hilko da, iritsi bezain pronto, hil ala biziko unean, petrikiloaren aginduei jarraiki, ez baitiote bala aterako, eta medikuek esku hartzen dutenerako —“Petriquillo ya no parecía por allí”, dio Galdosek—, beranduegi delako. Behingoagatik, gustatu zaio hori, modernitate pixka bat, arrazoi pixka bat, hainbesteko desmasia heroiko, nazionalista, esoteriko eta monarkiko artean: “La fatalidad inspiró a Zumalacárregui y a su pariente una ciega confianza en el curandero”. Kritika zolia sumatu nahi du hor, nobelaren bukaerako orrialdeetan, azkeneko biraketak haren zentzu osoa irauliko lukeena; karlisten itsukeria eta superstizioen kontrako obra bat azken batean, nahiz eta nobela osoan zehar besterik ematen duen. Liberal bat bizirik aterako zatekeen, esaten digu, agidanez, Galdosek; liberal bat ziztuan ipiniko zatekeen gorteko zirujau onenen eskuetan, kenduko zioketen bala eta itzuliko zatekeen frontera aste batzuk ohean egon ostean. Karlistak, baina, beren biloba abertzaleak bezalaxe, pentsatzen du, fedezale, ameskeria-zale, petrikilo-zale. Alabaina, Galdosek azken momentua arte loriatzen du Zumalakarregiren zintzotasun morala, eta halaxe hiltzen da mediku eta senide artean: “D. Tomás, conservando su entereza moral, les dijo que se moría, y ordenó se hiciese pronto, pronto, lo conveniente al caso (fórmula militar)”. Tentazioa izan dezake historialari abertzale batek banu-balegoka hasteko, eta imajinatzeko zer gertatuko zatekeen Zumalakarregik petrikiloa kataplasmak jartzera bidali eta ondo sendatu izan balitz, zer gertatuko zatekeen Bilboko setioa bukaera arte zuzendu izan balu. Istorioa, historia alegia, ezaguna baita: hala moduzko erretirada eta Mendigorriko batailako karlisten porrota. Deskalabruaren azken fasea. Pentsamendu horietan dabilela iritsi da azkeneko lerroetara, zeinak irribarrez irakurri dituen. Zumalakarregiren hiletara darama istorioa Galdosek, eta ondoko errekan oinak garbitzen ari diren emakume batzuk erakusten ditu; egitekoa uzten dute, ia denek azpimarratzen digu berak, hileta-martxari tristeziaz begira errezatzeko. Ia denak. “Digo casi todas, porque una de ellas, la más joven quizás, alta, morena, ojerosa, se mostró insensible al duelo general, y mirando al agua enturbiada por el jabón, dijo con cruel entereza: ‘Bien muerto está... Mandó fusilar a mi padre’. Fin de Zumalacárregui. Madrid, Abril-Mayo de 1898”.

 

 

Liburua mahaiaren albo batean utzi eta ordua begiratu du mugikorrean. Ordu biak pasata. Abisatu dio atzerapenarekin zihoazela, aurrera egin ezinda ibili direla Madrilgo irteeran, baina jada gehiegitxo ez ote den; 13:30ean ziren iristekoak. Garagardo aspaldi ahituari begiratu eta zalantza egin du beste zerbait eskatu edo ez. Iritsi denean mukuru zen, eguraldia dela eta terraza zabaldu ez dutelako akaso eta denek barrura egin dutelako, baina jada joanak dira gehienak; egingo luke geratu direnak bere egoera berberean direla, Madrilgo autobusaren esperoan. Leihoaz bestaldean, euria zarra-zarra; euria tabernaren atarian, tantak olana bilduaren ertzetik behera, euria hiriko bidegorri zaharrenean, euria bananondo lerro luzean, euria hirira sartzen ari diren auto distirantetan, euria Urumearen ur gainean. Ez du ulertzen nolatan tematu zen autobusez etortzen, ondo daki autobusez atzerapenik gabe iristea miraria dela kasik, auto pilaketa M-30ean, auto pilaketa M-40an, auto pilaketa Burgosen, auto pilaketa nonahi. Trenaren aukera hor zuen, askoz erosoagoa, baina garestiegia ateratzen zitzaiola esan zion, bekak ez diola askorako ematen eta nahiago duela bidaietan ahal duena aurreztu; berdin omen zitzaion autobusez joatea, are luzeago joko bazion ere. Amorratzen du Luciak halako kontuetan dirua aurrezteko duen joerak; diru kontua baino, prekario agertu nahia dela iruditzen zaio, inoiz ez baitu diru arazorik izan-eta familian; areago, ondo daki masterra, dirutza balio duena —ez dio galdetu ere egin zenbat—, gurasoek ordainduko diotela. Baina irudi luke autobusean bere burua estudiante gazte, familia zaratatsu eta motxileroen aldamenean ikusteak haiekin berdintzen duela, haietariko beste bat dela azken batean, nahiz eta Reina Sofian ari den arte garaikidearen fineziak ikertzen; xanpaina arte-galerien inaugurazioetan, master classak, marka handiek babestutako erakusketak, bera bezalako ikertzaileentzako workshop esklusiboak, eta abar. Autobusean behar zuen, honenbestez, ez trenean, eta bera zain taberna koipetsu horretan. Mugikorrera begiratu du berriz ere, ea mezuren bat jaso duen, baina ezer ez; pazientzia agorturik, altxatu eta estazioko markesina ziztrinera jo du, nola hala bere burua babesten duela aterkiarekin —arrakastarik gabe, berrogeita hamar metro eskas egin arren galtzak blai iritsi da—. Emakume bat du alboan, seme estudianteari itxaroten dagoela dirudiena, eta halaxe bota dio.

      — Madrilgoaren zain?

      — Bai.

      — Lotsagarria da.

      Harridura puntu batez begiratu dio emakumeak, esajeratzen ariko balitz bezala, autobusa berandu iristea etsipenez edo are gogo onez onartu beharreko zerbait balitz bezala. Urrats batzuk egin ditu beregandik apur bat urrunduz, eta zigarro-pakete bat atera du poltsatik. Piztera zihoala, eskuak jaitsi eta berarengana biratuta esan dio.

      — Begira, hortxe duzu zure autobusa.

      Ez du ondo entenditu zer dela eta esan dion “zure” hori, hura ere Madrilgoaren zain baldin bazegoen. Begiradaz jarraitu dio autobus urdinkarari, nola egin duen maniobra geltoki kalamastra horretan sartzeko, eta nola parkinatu duen berehala zegokion plazan. Maletategian begiztatu du Lucia, liburu bat eskuan daramala, bere baitara murgilduta. Laguntzera gerturatu zaio. Ikusi duenean, agur hotza, ozta-ozta ukitu dute elkar; liburua eman dio, heltzeko momentu batez, maleta kurioso-kurioso utzi duela bazter batean Madrilen, baina orain maletategiaren sakonera eraman duela norbaitek. Lanak izan ditu Luciak ere euritik babesteko; bati bultza, besteari ukalondoa sartu, maleta bat mugitu, bestea biratu, eta azkenean lortu du berea eskuratzea. Autobusaren atzealdetik irten dira, maletaren gurpilak marruka, berari gogaikarria egiten zaion zarata horrekin, eta zalantza egin du norantz jo, ezkerretara autobusak dauden tokira, edo zuzenean eraikinaren ertzera jasatik babestera. Luciak ebatzi du ezbaia, inpentsan taxien lerroaren aurrealdera zuzendu denean.

      — Etxera iritsi nahi dut lehenbailehen.

      Taxistak, begiak ñarroturik, euri jasatik babestu nahiko balu bezala, indarrez sartu dio maleta atzealdean. Hari itxaron gabe egin dute biek auto barrura.

      — Oteiza hori.

      — Zer gertatzen da?

      Liburua seinalatu dio, eta orduan konturatu da Rosalind Kraussen bat dela. Autobusean liburua bukatu duela kasik, eta irakurri duen zerbaitek Oteiza gogorarazi diola. 60ko hamarkadatik aurrera eskulturaren kontzepzioa zabaldu zela esplikatzen omen du Kraussek, nola ordura arte eskulturatzat jotzen ez ziren objektuak izen horren pean sartzen hasi ziren historialari eta kritikariak; edozer gauza bihurtu zela eskultura, nolabait, horixe salatzen duela. Bereziki, iraganeko objektu ugari, funtzio erlijioso eta errituala zutenak —eta ez, zehazki, artistikoa— eskulturen historietan hasi zirela sartzen: Stonehenge, Nazcako geoglifoak eta abar. XX. mende hasierako sukarraldi primitibista iragan harekin lotzeko modu bat zen, modernitatea eta primitiboa dena, etorkizuna eta iragana; Brancusirenak eskulturak baldin baziren, zergatik ez iraganeko kulturetako objektu horiek guztiak? Nola ukatu objektu haien edertasuna —kasu batzuetan eskultura modernoena baino handiagoa—? Soilik premodernotzat ditugulako, atzeratutzat ditugulako ukatu behar ditugu?

      — Secundino Esnaolatik sartuko naiz, e.

      — Nahi duzun bezala.

      Iritsi eta ez ote duen beste hizketagai hoberik, horixe pentsatu du bere baitan, ia agurtu gabe hasi dela Krauss gora, Oteiza behera; baina, antza, ez dago gelditzeko.

      Total, jarraitu du Luciak, horixe bera egin zuela Oteizak, ez soilik bere hasierako joera primitibistan, baizik eta gerora, bere teoria txoro —begiak ohiz gaindi ireki ditu— horiekin hasi zenean, cromlechak, quosque tandem eta rollo hori guztia. Kraussek eskulturaren ideia irekitzeko joera horretan historizismoa ikusten du ezkutuan, historizismorik txepelena, eta argi eta garbi salatu beharra dagoela aldarrikatzen. Bada, halaxe Luciak Oteizarekin.

      — Harritzekoa! Errua historialariena…

      Bromairez bota dio, baina kasurik egin gabe jarraitu du hitz jarioak. Eskulturaren ideia txikle baten modura luzatzeko mugimendu horren gibelean eskulturaren ideia unibertsaltzeko jokaldia gordetzen dela; alegia, edozein momentu historikotan eta edozein kulturatan eskultura terminoak —eta harekin loturiko ideiak, noski— bere korrelatua baduela pentsatzea, gauza objektibo bat balitz bezala; eta hori, agerikoa denez, dena gure begiekin, gure betaurrekoekin, ikustea besterik ez dela, betaurrekorik ez bagenu bezala, gainera. Eskulturaren ideia, modernoa, mendebaldarra, zuria eta gizonezkoa, zerbait unibertsala balitz bezala ulertzea. Izan ere, eskultura terminoa...

      — Hemen utziko zaituztet?

      — Bai, ondo da, ahal duzun lekuan geratu.

      — Barkatu e, baina harrigarria da.

      Barruko atzerako ispiluarekin begiratu die, burua biratu gabe.

      — Entzuten aritu naiz, eta harrigarria iruditu zait, zelako klase magistrala, neska.

      Ez diote ezer erantzun.

      — Zeinen ongi prestatuak zaudeten gazteak, ikasi eta ikasi, ez gu bezala. Eta halere, begira, zenbat langabezia, zer prekarietatea.

      Kartera atera du berak, kontuarekin amaitzeko gogoz.

      — Eta emakumeak ere, zeinen prestatuak dauden orain, e.

      Berari begira bota du. Luciaren erantzunaren zain geratu da, baina autotik irteten entzun du.

      — Diotenez, karreretan nota onenak beraiek ateratzen dituzte. Ez naiz harritzen, azken batean, gu baino azkarragoak baitira, ezta?

      Serio bota dio, batere ironiarik gabe, hala iruditu zaio berari behintzat, baina ez du taxi-solasaldietarako batere gogorik.

      Ordaindu beharrekoak ordainduta, ahal bezain azkar hartu dituzte maletak —taxistak ez die utzi maletategitik zuzenean hartzen— eta ondoko eraikuntzako etxepera jo dute. Gertu dute etxeko ataria, baina berriz heldu dio Luciak gaiari.

      — Horixe, esaten nuena, ez dut bukatu eta.

      Eskultura terminoa garai eta ideia oso jakin batzuekin loturik sortu zela, eta tranpa dela hori nahieran manipulatzea, gauzak bere neurrian begiratu behar direla, garaian garaikoa kontuan hartuz, tokian tokikoa, eta horixe izan zela Oteizaren bekatu nagusia, bere begirada denon begirada zela sinetsi nahia, munduaren ibilia bere zilborraren bueltan ariko balitz bezala, edo artearen bilakabidea euskaldun antzinakoen ez-dakit-zelako aurkikuntza txundigarriaren bueltan. Absurdo bat, kultura modernoaren nartzisismoaren enegarren adibidea, mitologiarako, ameskeriarako bide behinena, euskal arima eta hutsa eta neolitikoa eta ipuin horiek guztiak, zenbat eta zenbat euskaldunek sinetsi zituztenak, oskarbiari eguraldi ona deitzen dion euskalduna ez dela benetako euskalduna sinesteraino.

      — Tira, uste dut gauzak nahasten ari zarela.

      Ez zaio sekula eskultura interesatu, baina aita Oteizaren zale sutsua du, makinatan entzun izan dio zeinen garrantzitsua izan den Oteiza, “benetako azkeneko euskal intelektuala”, eta zeinen gaizki irakurri izan duten askok hark esandakoa, harenak ez zirela teoria akademiko formalak, harenak beste zerbait zirela, eta zera horretan irakurri behar zirela. Luciaren kasua horixe dela esango luke.

      — Oteiza zen nahasten zituena; horretan zen espezialista, bai, gauzak nahasten.

      Giltza atera du, ez du hasi-hasieratik diskutitzen jarduteko gogorik. Liburua pasatu dio Luciari ataria ondo ireki ahal izateko, baina liburuarekiko destaina keinu moduan ere uler zitekeela konturatu da.

      — Oteiza hori.

 

 

Hastapeneko larrualdi baten ondoren esan zion, biak buruz gora ohean zeudela, “ni, asunto honetan, ez naiz gehiegi konplikatzen”. Harritu zuen eskatu gabeko azalpenak eman behar horrek, eta isilik geratu zitzaion bera, zer erantzun ez zekiela. Xehetasun gehiago eman behar zituelakoan-edo, gaineratu zuen: “Buelta eta buelta, eta listo”. Berehala konturatu zen Luciarentzat kontu garrantzitsua izan behar zuela horrek, eta gaiari iskin egiten saiatu zen aurrerantzean, beretzat garrantzi gabekoa zela sinetsarazten, nahiz eta egiazki ez zen horrela. Edredoia zabaldu du eta harengana gerturatuta, parez pare jarri zaio; irribarre urduriaz erantzun dio, “ez nago oraindik prest”. Belauniko oraindik, enborra aurrera eraman eta Luciaren ahoaren bila joan da. Begirada saihestu dio Luciak muxu ematen ari zitzaion bitartean, eta halaxe erabaki du lepoaldera jo eta handik miazka hastea, behetik gora ezarian, harik eta belarrira iritsi eta hatsa bizkortuz, gozamen intziri bat atera dion arte. Hezkuntza katolikoari egozten dio sexuarekiko uzkurtasuna; destainaz mespretxatzen duen arren jasotako hezkuntza —“uniformez hamabi urte arte” esan ohi du—, iruditzen zaio barnean grabaturik geratu zaizkiola hezibide hartako konplexu eta erru giroa. Modernotu zen gero, noski, askatu zen moralitate zurrun hartatik, orain nazioarteko masterretan ikasten ditu teoria postestrukturalistak, baina intimitatea ez da hain erraza moldatzen, haragian geratzen da zizelkatuta. Belarria ezpainez laztantzen diola, haren hatsaren beroa ere sentitzen du aho inguruan; eskua zakilera eraman eta haztamuka bilatu du Luciaren izter artea. “Orain bai” esan dio, beraren irudiko esplizituegi, eta poliki hasi da —badaki ordurako halaxe gustatzen zaiola, espanturik gabe—, haren begiak aurkitu ezean —itxiak baititu— ezker masailean duen orezta nabarmenari so lehenik, ezpainak batuz gero. Musukatzeko egin duen aurreranzko mugimenduak, baina, zakila apur bat sakonago sarrarazi eta min egin dio Luciari —beltzuritu eta eskuez bere soina apur bat apartatuz adierazi dio—, eta beraz, geldialdi baten ondoren, samurtasunez egin du atzera mugimendua. “Ez izan astoa” esan izan dio inoiz. Angelu eta erritmo ezberdinak probatuz, plazer keinuren bat ateratzen ahalegindu da, gozamen-abandonu zantzuren bat, guardia guztiak beheratu eta bere burua libratu duela ikustea; arrakastarik gabe. Ezagun zaio, denbora luzea elkar ikusi gabe egonda ere, apenas den Lucia eszitatzeko gauza, eta bere buruari galdetzen dio, etsipenez jelosiaz bainoago, akaso Patolucas gauza izango dela. Begiak itxita jarraitzen du, eta kasik nahiago luke lehenbailehen bukatu, berak ez baitu arazorik zakila loditu diezaion, etor dadin; ez du askorik behar, ez su artifizialik, ez g punturik, ez ezer, kolpetik eszita dadin; laztan txiki bat, sentsualitate pixka bat, hitz egokia momentu egokian, askoz gehiago ez. Baina buelta eta buelta, eta ezer esan gabe mugitu da alde batera Lucia, altxatu da geldotasunez, eta bera, haren nahiari aurre hartu nahian, azkartasunez jarri da etzanik, mugimendu bortitzegiaz ziur aski, baldar samar, eta halaxe itxoin dio, zakila tenteari begiratzen diola Luciaren mugimenduei baino gehiago. Gainean jarri zaio, mantso eta kontu eginez, eta erritmoa gobernatzen utzi dio berak; pixkanaka bizkorragotu du, besoak altxaturik eta burua alde batera biratuta adatsak aurpegia estaltzen diola, eta berak, nahiz eta iniziatiba hartu eta pelbisa erritmikoki altxatzeko tentaldia izan duen, azkenean dagoen-dagoenean geratzea hobetsi du. Intziritxo batzuk entzun dizkio, plazer zaion erritmoa erdietsi duelarik, eta berehala etorri da, gorputz-jarrera aldatu gabe, bere gainean geldirik.

      Behin baino gehiagotan geratu izan da horrela, Lucia bere alboan erdi lo, eta bera hazia isuri gabe, baina gaur bukatu egin nahi du berak ere, eta leuntasunez mugitu da, aldatu dituzte posizioak, eta gainean jarri zaio berriro. Luciak nahiko lukeen baino erritmo azkarragoaz, denbora gutxiren buruan korritu da, eta konprobatu du berriz ere zeinen erraza zaion etortzea, baita oraingoa bezalako larru-jotze triste, larrualdi eskas, larrualdi maskal batekin ere. Alde batera higitu eta buruz gora jarri denean, kleenex batzuk luzatu dizkio Luciak, protokolo bati jarraituko balio bezala. Garbitu bitartean ikusi du Lucia komunera joaten. Kanilaren ur-hotsa entzun du, bihotza erori zaio lurrera.

      Luciaren sexuarekiko apatia ez da gauza berria baina hori besterik da; ez daki zer den okerragoa, inorekiko erakarpenagatik (Lucas hori?) izatea, edo, besterekiko erakarpen beharrik gabe, berekiko, bere gorputzarekiko, hastioagatik. Etorri da, itxura hori hartu dio, baina hainbestetan entzun du hori, alegia, emakumeek orgasmo-plantak egiteko abilezia berezia dutela. Akaso disimuluan ibili beharko zuela pentsatu zuen behin berak, nahiz eta azkenean premiarik ez zuen izan. Mirenekin izandako lehendabiziko larrualdiaren ostean berandutu egin zitzaion —ez baitzuen espero orduan bukatuko zutenik larrutan— eta etxerakoan, hantxe topatu zuen Lucia “non zeunden”-ka. Larriturik, desleialkeria leporatzen ari zitzaiola iruditu zitzaion momentuan —orain bestela ikusten du—, eta egoera konpondu nahian, itzulinguru gabe gerturatu zitzaion, hasi zen lardaskan, igurtzi hemen, laztandu han, eta larrutan bukatu zuten, Luciak hala nahi zuelako bainoago (noiz nahi zuen, ordea?) berak demostratu nahi zuelako, demostratu nahi ziolako ez zitzaiola desleiala izan, ez zela larrutan egin berri. Kondoia jarri zuen aspaldiko partez, plantak egin nahi bazituen beharrezkoa izango zuen-eta; baina azkenean lortu zuen korritzea, Luciak kondoiarenarekin ezer susmatu ez zuela ikusteak eman zion lasaitasunak lagundurik. Atera eta korapiloa egin ostean, erakutsi egin zion hazi urritua, hura izango balitz bezala fideltasunaren froga behinena.

      Komunetik itzul dadin itxaron du, eta gelara sartu denean begirada saihesten diola konturatu da; bizkarra hazkatu du eskuineko eskuaz, zeregin hoberik izango ez balu bezala, eta ohearen ertzean eseri da, berari bizkar emanda.

      — Zer duzu?

      — Nola zer dudan?

      — Arraro sumatzen zaitut.

      — Arraro.

      Irribarre txikia aditu dio. Burua biratu du baina ez dio bere begiradari luze eutsi.

      — Ez dut ezer.

      — Gezurra dirudi ba.

      Zutitu egin da, ozen bota du arnasa.

      — Ez dakit noiz konturatuko zareten gauzak ez direla horrela egiten.

      Beltzuri, parean agerpen mirakuluzko bat agertu izan balitzaio bezala begiratu dio Luciari.

      — Nortzuk gara gu?

      — Nortzuk izango zarete ba.

      Berea izan da orain irribarre txikia. “Orain kontu horrekin” edo halako zerbait esatera zihoala jarraitu du Luciak.

      — Zer gertatzen zaizu? Zer gertatzen zaizu? Ez dakizue beste ezer esaten? Ez zaizue beste ezer originalagorik bururatzen?

      Begira jarraitu dio, ezer entenditzen ez duela.

      — Badirudi gizon guztiak ezagutzen dituzula.

      — Noski, ez da orokortu behar, ahaztua nuen.

      Altxatu egin da bera ere; parez pare dira, ohea tartean dutela. Behazuna sentitu du erraietatik gora.

      — Lucas hori, adibidez, seguru ez dela besteok bezalakoa.

      Algara ozen behartuan, txaloka hasi da Lucia.

      — Ze patetikoa zaren.

      Gelatik irteten ikusi du, pauso seguruan, amorraturik bainoago akitua. Bera, akitua bainoago amorratua, gelan geratu da barrenak jaten. Egongela aldetik datorren Luciaren hotsa entzun du.

      — Edozein kasutan, gomendio bat: hasi gauza berriak irakurtzen. Historia gora, historia behera, XIX. mendeko mentalitatean geratu zara.

      Ez daki zertara datorren komentario hori, baina ez zuen espero eta min eman dio, ez mentalitatearenak baizik mintzatu zaion laineza-aire horrek, zeina master malapartatuan hasi izanak eman diola iruditzen zaion; berak doktorego ez zuela bukatu eta atzean geratu zela gogorarazi nahi balio bezala aldiro, “zuk porrot egin zenuen eta ni begira, Madrilen”.

      Bainugelara joan da zuzenean ezer esan gabe, eta galtzontzillo-kamisetak kenduta, dutxan sartu da. Lizundurik du zilborra, hauts xuri hori, litsa, nondik ote datorren inoiz jakin ez duena; zilborretik ateratzen zaiola imajinatu izan du, behin eta berriro ateratzeari azalpen hoberik lortu ezinda. Ura berotu dadin itxaron baino lehen kendu du lizuna. Leun atera du, kontu eginez zilborra indar gehiegizkoz ez igurzteaz; ez du hura zanpatzearen hozkirik sentitu nahi.

      Mirenekin lehendabizikoz dutxan sartu zenekoarekin akordatu da. Larrualdi baten ondoren izan zen, zatoz nirekin, goazen elkarrekin dutxara, eta dutxa-burua elkarri pasatu, busti atzea, busti aurrea, xaboia han, xaboia hemen, eta nola jarri zitzaion bizkarrez, ipurdi-buruarekin zakila igurzten ziola, nahi gabe bezala; nola hasi zitzaion hazten, oraindik minbera zuela, eta hazi ahala, igurtzia zakilaren goiko aldetik beheko aldera izatera igaro zela berez, eta nola gozarazten zuen Miren zakilaren goraldia ipurdi-bizkarretan sentitzeak, behetik hasi eta pixkanaka gorantz —kasik kilika egingo zioten ukituek—, harik eta gogor-gogorturik, bizkarraren bertikalean nabaritu zuen arte. Eskua luzatu zion orduan izter artera, ile umelak laztandu zizkion lehenik, soilik ezpainen inguruan zituen ile motx batzuk, eta hatzak aluan sartu zizkionerako bero-bero sentitu zuen.

      Tentetu zaio berriz ere zakila, erdizka oraindik. Askotan irakurri badu ere aldizkariren batean isurtzeak erlaxatzen duela, bere esperientzia ez da beti horrelakoa izan. Sarri, estres-aldi batek bultzatuta masturbatu izan da, baina erlaxatzeko ordez balio izan dio gorputzaldi arraro bat uzteko; isurtze instrumental bat, terapeutiko ustekoa kasik, gutxi duena ikusteko benetako sexuarekin. Gero, zer arraioka topatu izan du bere burua, zer arraio dabilen kanpaia hain modu tristean jotzen —kostata isurtzen du, semen gutxi, zakila biguin samar, plazeraldi llaburra—, ez ote den estualdiak baretzeko beste bide egokiagorik topatzeko gauza, eta ea nora eramaten ari den bere gorputza, ea zertan dabilen sexua plazererako baino, askapenerako baino, beste zerbaitetarako erabiltzen. Hortik eritasunera ez dagoela tarte handirik, horixe pentsatu izan du halakoetan, eta tentaldia izan badu ere, dutxa-burua hartu eta ur oraindik epeldu gabeaz busti du goitik ikusten duen zakil gorrikara —glandearen koroa puztuta, kapilare moreak, prepuzioa gori—. Tenperatura egokia lortu duenean, dutxa-burua hartu eta inoiz egiten ez duen zerbait egitea bururatu zaio. Dutxaren egituraren heldulekuan atxiki du itzali gabe, eta buelta emanez, begiak itxi eta burutik behera sentitu du ur hotzepela. Turrustak, ordea, ez du nahiko lukeen indarrik, topera jartzen badu ere ez da nahiko lukeen presioarekin ateratzen, ez du sentitzen buruan behar besteko talkarik; horixe behar baitu orain, zurrunbilo bat, zerbait goitik behera datorkiola sentitzea, goitik behera baina gozo, indarrez baina leun, ur irristakorra nola, eta bere baitan bilduta, handik irteteko gai dela sentitu, moldatzen dela han egonik beste nonbait egoteko, joateko, hanka egiteko hona ez beste inora. Haatik, begiak ireki eta parez pare du bainugelako lauza berde-urdina, lizuna junturetan, eta pentsatu du ea noiz arraio aldatuko dituen, noiz berrituko duen bustiak jandako bainugela hori, eta ea zein iturginek jarriko dion ganorazko dutxa bat, presio handikoa, burutik behera ur-jauzi bat sentitzeko modukoa, horixe esango dio, bai, iturginari, ur-jauzi bat nahi dut, nik ere jauzi egin nahi dut jauzi, jauzi, hemendik eskapo egin arte.

 

 

Igogailua iristen entzun du, burdin-zarata gehiegizkoaz, eta brastakoan gelditu delarik, ate handi pisutsua ireki du lehenik, kabinan bertan dagoen egurrezko ate zatikatua gero, eta sartu egin dira biak, ia balentria bat dirudien operazio baten ostean. Gorantz egin du tramankuluak, mesfidati izateko moduko zarata sortzen duela, eta goian gelditu denean, alderantzizko operazioa egin behar izan dute; bigarren balentria oso denbora gutxian.

      Aste batzuetatik hona, giltza aitaren etxeko atean sartzen duenean, beti bururatzen zaio zer gertatuko litzatekeen hara sartu eta hilik aurkituko balu; gozo imajinatzen du, ohean sartuta, burua alde batera, ahoa apur bat irekita akaso, loaldi batetik bereizezin kasik. Hil usaina, esan ohi dute, hori izaten omen da bereizgarriena; itxi giroa irudikatzen du, hori bai, aitari pertsianak bezala gelako atea itxita lo egitea gustatzen baitzaio. Horregatik erabaki zuen, halaber, Cecilia hartzea, ez soilik aitak laguntza behar duelako, ez soilik etxea txukun mantentzeko, baita ere, tenorea iristen denean, norbait izan dezan hur; ez da litekeena bat-batean gertatzea, halaxe iruditzen zaio berari behinik behin —aitak ez baitio medikuak esaten dizkionetik ezer kontatzen—, probableagotzat du txakalaldi baten ostean ospitalera igo beharra, han tuboak bateko, tantaz tantakoa besteko, eta azkenik, morfina pixka bat, gero pixka bat gehiago. Amarekin bezala.

      Gelako atea dute aurrean, Luciari berak ireki dezala esatekotan egon da, baina pausaldi txiki batean adore apur bat bilduta, azkenez, berak eragin dio kisketari. Alde batera etzanda ikusi du, ateari bizkar emanez; lo dagoela iruditu zaio hasieran baina buelta eman eta begiratu dienean konturatu da aspaldi dela esna.

      — Lucia!

      Aurpegia piztu zaio ikusi duenean. Altxatzekoa egin du nahiz eta ondo dakien bakarrik oso nekeza zaiola.

      — Geldi hor.

      Txeraz agurtu du Luciak, aspaldian halako pozbiderik izan ez balu bezala erantzun dio aitak. Luciaren samurtasunak bultzaturik, ohi baino maitekiroago agurtzen ahalegindu da bera ere; baldarki, baina, ez aita ez bera konpondu dira gertutasun horretan, eta mugimendu aski behartuak atera zaizkie. Konturatuko zen Lucia, ziur asko, baina ez du ezer esan. Aurreko eguneko kalapitak ere ez duela lagundu esan dio bere buruari, nahiz eta, benetan, ondo dakien liskarrez gaindiko kontua dela samurtasuna adierazteko bion ezgaitasun hori. Karlistarik gabeko herri karlista.

      — Ikusten duzu nola nagoen.

      Hilabete-pasa da Luciak azkenekoz ikusi zuenetik, eta susmoa du aski bajatuta antzeman duela. Zerbait erantzun nahian sumatu du Lucia, baina ez zaio ezer atera.

      — Altxatuko gara, aita?

      — Nora joateko baina?

      — Egongelara, hirurok erosoago egon gaitezen.

      Luciak baietz egin dio buruaz, eta orduan eman du ametoa, konbentzimendu handirik gabe, hori bai; kostata mugitu da ohearen ertzera, saiheska, baina altxatu baino lehen begiratu die zeharka, laguntza eskatzeko gai ez denaren begirada laguntza-eskale batekin; besotik heldu du Luciak, eta bera ere laguntzen saiatu denean “utzi niri” esan dio. Ibilbidea libratu nahian, bera atera da lehenik gelatik, eta atzetik segitu diote biek: aitak gorputza aurrera okertuta, belaunak ezin luzatu, oinak ozta-ozta altxatzen dituela lurretik; Lucia ondoan, amultsu, besaurretik tinko heltzen diola.

      — Kaferik nahi duzue?

      — Poto gorritik jarri, e!

      Zenbat geratuko ote zaion espekulatzea ekidin nahi izan duen zerbait izan da beti, baina oraintxe ez dio ikusten hilabete baino askoz gehiago; egongelatik etortzen zaizkion arnasestuak entzuten dituela, erraiak jartzen zaizkio buruz gora. Aita ere kontziente dela esango luke; orain egun gutxi esan baitzion, tupustean, “nik amarekin nahi dut”, beraren amarekin alegia, emazte zenarekin. Benasquera joan beharko du berriz ere, kaxa motxilan sartu eta gora egin, porturaino. Eskuinaldera ehun bat metrora geratzen den harkaitz baten aldamenean bota zituzten amaren errautsak, Aneto eta haren glaziarra parez pare zituztela. Plaka ere jarri zioten —Mertxe Ibarra. “Badira mila motibo kantatzeko alai”—, hurrengo urterako kenduta zegoena. Negua iristen ari delarik, akaso elur artean igo beharko dela kalkulatu du, eta ea Luciak lagunduko dion, nahiz eta hark berak baino are gehiago gorroto dituen mendi kontuak. Urte berrira iritsiko ote den, oraintxe ezetz esango luke.

      Bi kikara eskutan azaldu da egongelan, eta barrez topatu ditu sofan elkarren aldamenean, Lucia masterreko pasadizoren bat kontatzen ari zaiola.

      — Luciak bai, jakin.

      Erantzun gabe egin du sukaldera atzera bere kikararen bila. Berriro sartu denean Lucia du berari so, baina aitari hitz egiten diola.

      — Tira, nahikoa dut masterreko kontuekin.

      — Segi, neska.

      — Honek jada buruz dakizki, nazkatuta egongo da.

      Ezetz esatera zihoanean aurreratu zaio aita.

      — Ez din kontatzekorik eta.

      Berriz hasi zaio behazuna jira-bira, eta zurrupada eman dio kafeari pausa bat bilatu nahian. Parean duen grabatuari erreparatu dio —Txillidaren eskuak—, edozer gauza zaio baliagarri hitz beste egiteko.

      — Hori amak ekarri zuen?

      Begiz jo du grabatua aitak, han ikusten zuela estreinako aldia izango balitz bezala.

      — Uste diat Manuelek oparitu zigula.

      Gurasoen lagun zaharra, gaztetan aitarekin militatutakoa, eta 90eko hamarkada bukaeran Madrilera mudatua, giro politiko itogarria zela eta. Mehatxaturik omen zegoen zerga ditxosozkoa ordaintzen ez zuelako —tornuak egiten zituen enpresa baten jabe zen—, eta hasieran kontuari garrantzirik eman ez zion arren, gaztetako kontaktu batek gaztigatu omen zion iturri onetik zekiela “asuntoa beltz” jarri zela, zerrenda batean zegoela bere izena alegia, eta hobe zuela pagatu ezean hanka egin.

      — Zer iruditzen zaizu zuri, Lucia?

      Malizia puntu batez bota dio; ondo daki ez dela Txillida zalea, are gutxiago dekorazio-elementu bihurtutako arte motaren zalea.

      — Tira, Txillidaren eskuak izateko bereziak iruditzen zaizkit. Gutxitan ikusi ditut horiek bezala buruz behera.

      — Arrastorik ez, neska, ez dinat arteaz ideiarik ere.

      Keinu egin du hitz egiteari utzi bezain pronto; ezpain-kopetak zimurtu ditu eta burua beheititu. Aienetxo bat entzun diote; leuna baina erdiragarria. Ziztuan hurbildu zaio Lucia; bera ere gerturatu da, baina Luciaren posizioak galarazi egiten dio aitarekin bertatik bertara egoten.

      — Buruko eztenkada hauek, akabatuko naiten.

       Zerbait egite aldera, sukaldera abiatu da.

      — Pastillak ekarriko dizkizut?

      — Kapsula urdinak.

      Hasperen egiten entzun du, eta biratu delarik, hortxe ikusi du berriz ere, makurturik, makilatu berria izan denaren bisaiaz, bi eskuak lokietan, Luciaren besoa bizkarrean, begiak irtenda, ezerezari begira zoruari begira ari dela dirudien arren. Sukaldeko mahai gaineko otarretxoan aurkitu ditu min-kolpe berezietarako pastillak. Basokada ur prestatu eta egongelara itzuli da.

      — Lasai, berehala joango zaizu.

      Edalontzia eskutan duela erantzun dio aitak, berak ahurrean zabaldu dion kapsula hartu aurretik.

      — Batzuetan zera pentsatzen diat, zer gertatuko litzatekeen honekin ere joango ez balitzait.

      Ahora eraman eta trago luze bat jo du, edalontzia hutsik utzi arte. Segituan kendu dio Luciak eskutik, aitaren energia ale txikiena ere zaindu nahiko balu bezala, eta zapi batez ezpain-ertza eta betazalak sikatu dizkio. Edalontzia eman dio Luciak, eta ondo ulertu du berari dagokiola jasotzea, geratuko dela hura aitaren ondoan; halaxe ikusi du laguntzen bizkarra sofan berma dezan. Sukaldera bidean, aitaren galderaren inguruan pentsatu du; aukera posibletzat jotzen du, erreskateko kapsulak —halaxe deitzen omen diete medikuek— hartzearen hartzeaz —gero eta maizago hartu behar izaten ditu—, azkenean eragina egiteari utziko diotela. Zer egingo lukeen? Gora igo, autoa hartu, anbulantzia bati deitu, igo dezatela ospitalera eta sar diezaiotela sartu beharrekoa, sar diezaiotela agudo, sufritzea, oinazea, azkena baita. Ea noiz bukatzen den sufrikario hau, hola jarraitzeak zentzurik ez duela, bere aita ere konturatzen dela konturatu, horixe pentsatzen du bere kolkorako; badela garaia kito egitekoa, ez duela soluzio posiblerik, ez etorkizunik, ez bada agonian temati ekitea, denentzat dela kalterako, beraientzat, beti pendiente egon beharra, beti kezka, baina batez ere aitarentzat, noski, pozbiderako tarterik gabeko bizitza bat, minetik oinazera, maldan behera beti, gero eta beherago.

      Diagnostikoa jakin eta aste gutxitara esan zion aitak notarioarengana joan zela eta aurretiazko borondateen dokumentua erregistratu zuela. “Ez diat nekerik eragin nahi, dena utzi diat prest” esan zion, eta berak ez zuen jakin nola erantzun, eskerrak eman, ez kezkatzeko, edo halakoren bat; zurt geratu zitzaion. “Erabakiak hartu behar badira, neronek hartu nahi ditiat”. Koherentea zen, bestalde, aitak bizitza osoan aldarrikatu zuen horrekin, autonomia pertsonala, norberaren erabakitzeko ahalmena, askatasuna eta erantzukizuna, zamak norberak hartu behar dituela kanpoko besteren menera utzi gabe; baina aldi berean, zalantza egin zuen berarekin fidatzen ez zelako ere ez ote zuen egin, bere seme kalamidadeak auskalo zer egingo zuelako, akaso azken momentuan kaka egin eta hor saiatuko zela kosta ahala kosta bizirik iraunarazten, beti izan baita oilobusti samarra; kulparen beldur, erruaren hatsa garondoan sentitu eta ea ez ote zuen erabakirik hartuko, aitak errezelo hori ere ez ote zuen, hori ere koherentea baitzen hark berekiko bizitza guztian izan zuen jarrerarekin: gutxiespena, mesfida, bere ahalmenen aitortzarik eza. Susmo funsgabea iruditzen zaio erabat, garbi baitu ez lukeela zalantzarik egingo; ezagun zaio, hemendik aurrerakoa aitaren pairamendua areagotzea besterik ez da izango, hala moduzko erreskate pilula, hura moduzko paliatiboak eta horrela, denak kontua makillatu nahian, disimuluan, benetan sentitzen dutenari itzuri eginez, ea ondo doan dena, ea behintzat ez duen oinazeak akabatzen, gizajoa bera, horrela bukatzea ere, eta abar.

      Isilik topatu ditu, utzi dituen jarrera berean. Luciak kopeta ukitu dio aitari, eskuaz lehenik, eta ukipenaz fidakaitz, antza, musuaz gero.

      — Ez du ematen sukarra duenik.

      — Joango al naiz termometroaren bila?

      — Uztak motel, ez duk kalentura problema.

      Begiak itxita bota du, beltzuri oraindik. Etsipenez begiratu dio Luciak, “uste baino okerrago dago” edo “itxura txarra du honek” esango balio bezala. Itxoitea beste erremediorik ez dute, pilulak luze gabe egin beharko lioke-eta efektua.

      — Ur pixka bat gehiago nahi?

       Ez du ezetz esateko indarrik ere. Mahaitxoaren beste aldean dagoen besaulkian esertzea deliberatu du berak, lorezko tapiza duena —amak aldatu zuen— eta aspaldian inor esertzen ez dena. Ipurdia beheregi eta besoak goregi ditu, eta ez da jarrera egokia lortzeko gauza; ederra bai baina deserosoa den altzari bat gehiago. Berriz begiratu dio Luciak, urduri han egonean egoteagatik, aitaren ongizatean laguntzeko ezgai; sorbaldak altxatu ditu berak, zer nahi duzu nik egitea esango balio bezala. Izebaren ukendu-belar-infusio-superelikagaiak balituzte sikiera, denbora pasatu egin ahalko lukete, hau eman, bestearekin igurtzi, ikusiko duzu nola lagunduko dizun, eta abar, baina ez dute halakorik ere. Zer egin dezakete? Kamamila bat gehienera.

      — Hobeto?

      Bekainak igo ditu, eta aurrerantz bermatu da berriz ere, burua belaun artean lurrera begira. “Su puta madre” entzun dio ahapeka. Lokietako zainak puztuta dituela ohartu da.

      — Aita, jarri zaitez atzerantz.

      Haizea ahotik indarrez bota ondoren erantzun dio, esfortzu handiz.

      — Nahiago diat horrela.

      Bularraldea igurzten hasi zaio Lucia, emeki, espanturik gabe, ezpainak sorbaldan bermatzen dizkiola. Leun esan dio, belarrira.

      — Nahi duzu anbulantzia bati deitzea?

      Bekokia zimurtuta erantzun dio, posizioa aldatu gabe.

      — Zertxobait hobeto nagon, Lucia.

      Gezurra dirudi. Altxatu eta egongelaren beste aldera egin du alderrai; mahaiaren ertzean bermatu du ipurdia, eskuak albo banatan dituela. Bera ere urduritzen hasi da, hasperen egin eta aitari begiratzeari utzi dio. Badaki ez dela haren errua, baina halakoetan ekidinezina zaio aita madarikatzea; egiten duena egiten duela egoera ezin arindu, ez aurrera ez atzera beti, gero eta makurrago dena, ezer hobetuko den esperantzarik gabe batere, hori zaio etsigarrien. Badaki ez dela aitaren errua, baina beti izan da gaixo kaskarra, umore petral jasanezina jarri izan zaio beti, baita gripe triste bategatik ohean geratzen zenean ere, eta, gainera, beti hartu izan du bera egoeraren pagaburu, kargu hartzen bateko, destainaz begira besteko. Badaki ez dela aitaren errua, baina bere partetik zerbait gehiago egin zezakeela esango luke, gaitzari aurre egiten ahalegindu, pixka bat bederen, edo umore gaitzitu hori saihestu, besteri kontua ordainarazi gabe; eskerrak gaur Lucia dagoen behintzat. Aitarengana gerturatu da, eta samurtasun itxuran, lepoaldea igurtzi dio, pixka bat gorago gero, burugaineraino ia.

      — Ez, hor ez ukitu.

      Eskua kendu du, zirkuitulabur bat ukitu izan balu bezala, eta hantxe geratu da, zutik, sorbaldak beheititurik, beso eroriak luze, etsipen aurpegiz, kokotsa lurrera begira eta begiak gora, ez dakiela zer egin, amorraturik hor soberan dela sentitzen duelako, amorraturik ea noiz arraio bukatuko den hori guztia galdetzen diolako bere buruari, nazkaturik dagoelako denaz, aitaz, eta baita Luciaz ere, etxera sartu denetik kasu zipitzik ez baitio egin, ez bada aginduak emateko, joan haren bila, hartu beste hura, eta abar; kito egin nahi du, leku horretatik irten, bakartu, alde egin.

      Motel, atzerantz egin du aitak berriz ere; bizkarra bermatu duelarik, burua altxatu du, alde banatara begira: Luciari lehenik, gero berari, oinazea joaten ari zaiola iradokitzen duen irribarre erdi eta begirada nekatuarekin.