Deklaratzekorik ez
Deklaratzekorik ez
2019, nobela
312 orrialde
978-84-17051-26-6
Azala: Angel Aldarondo (Antoni Gisberten “Fusilamiento de Torrijos y sus compañeros en las playas de Málaga” koadrotik abiatuta)
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2009, poesia
2007, poesia
 

 

Black Angel

 

 

Guardasol bakarrarekin moldatuko ote diren galdetu dio Mirenek, baina berak bakoitza berearekin hobe izango dela; gertu da eraikina, baina euria suilka ari.

      — Berri-berria da.

      Inozentziaz erakutsi dio, auzi nagusiari itzuri eginez. Guardasol bakarrarekin ibiltzeak, Mirenen eskua bere besoari helduta —garaiera ezberdintasunak halaxe eskatzen du—, ezinegona eragingo lioke, are metro gutxi badira ere hoteleko sarreraraino. Orube hutsa du parez pare eta, baiki, leku egokia dela iruditu zaio. Hasieran, Donostiatik urruti hobe zutela esan zion Mireni —ezagunen batekin topo egiteko aukera handiegia—, baina bertan dagoela bestela ikusten du kontua. Sastraka eta belar txarreko orube zabala alde batean —sakonean kirol-portuko eraikin berri dagoeneko zaharmindua—, kanpina beste aldean, eta hotelaren eraikin bakartia Mirenek autoa parkinatu duen espaloiaren muturrean. Dagoen lekutik begiratuta, Nauticoa ekarri dio gogora: zuri-aratza, izkina borobilduak, idi-begi itxurako leihoak; itsasontzi baten traza hartzen du bere begietara. Aurrerago, berriki eraiki dituzten etxebizitzak, pertsiana itxiak, “Se vende” jartzen duten afixa fosforitoak, eta harantzago, hondartza behiala basatia, egun barra luze batek babesten duena, udan barnealdetik etortzen diren bisitariek hondarsail zabala izan dezaten beren toallak uzteko. Uda joana da, baina, eta apenas egongo den inor giro honekin hondartzan, ez bada bizitzak ostikoa eman berri dion bakartiren bat, paseatzeko ohitura galdu ez duen erretiraturen bat. Porlanaren kolore larua nabarmentzen zaie bukatu gabeak diren eraikinei, kirol-portukoei, hotelari; denbora gutxian laru bihurtua, euri, hezetasun, enbaten ondorioz.

      — Ez al duzu oporretan zauden irudipena?

      Egiazki, gezurra dirudi duela ordubete eskas Donostiako zentroan egon izana, lurrin-dendaren kanpoaldean, Miren lanetik aterako zain. Oraindik aditu dezake elkar agurtu dutenean usaindu duen makillajearen lurrina, buztin erre modukoa. Ziztuan egin dute parkingera eta arindu ederra sentitu du han sartzerakoan, ilunpeak bezala lurpeak babestuko balu bezala.

      Lehen aldia izan da promozioa zela eta joan zenetik dendara itzuli dela. Mirenek deitu zion, “Miren naiz, lurrin-dendatik” gogoratzen du esan ziola, eta berak, bere artean, “Miren, Miren, ze Miren?”, zenbakiz ekibokatu zela erantzutekotan egon zen, harik eta Mirenek “ez dakit gogoratuko zaren” esan, promozioa azaltzen hasi eta konturatu zen arte. Astebete lehenago egona zen dendan Luciari perfume bat erosi nahi ziola-eta beren urteurrenerako, eta lurrina hautatzen lagundu zion saltzailea zen. Galduta sartu zela dendara gogoratzen du, sekula perfumerik erosi gabea, eta hainbeste flasko, kolore eta forma artean ez zekien nondik hasi. Miren hurbildu zitzaion, oraindik izenik gabeko emakumea, ea laguntzarik nahi ote zuen, baina berak ezetz, automatikoki, nahiz eta agerikoa zen noraezean zebilela. “Tira, egia esan, ez dakit nondik hasi” bota zion berehala irribarrez, eta emakumeak ere irribarrez erantzuten ziola igaro zen Miren izatera, ezkerraldeko bularraldean haren izena jartzen zuen afixa ikusi zuenean: Miren.

      — Urte asko daramat sektorean lanean, laster bereizten ditut galduta sartzen zaretenak.

      Gorritu egin zen pixka bat, bere buruaz harriturik akaso komentarioaren atrebentziagatik. Dendako uniformez zihoan, kamiseta eta txaketa estuak, gona granatea, beix koloreko galtzetak. Bularretan jarri zuen arreta; prominenteak, Unaik halakoetan burlaizez aipatu ohi duen terminoaz akordatu zen. Ez du uste, halere, Miren horretaz ohartu zenik, nahiz eta inoiz gertatu izan zaion neskaren bat bere begi luzeaz ohartu izana, berak uste zuenean disimuluan aritu zela. Dena ez da haragi, ordea, eta ondo daki berehala sumatu zion ukitu naif horrek ere aski kitzikatu zuela; gauzei begiratzeko gordintasun hori, bahe gabezia hori, gauza guztiei atzealdea bilatzen aritzen ez den norbait, aldiro, gibel-asmo, gibel-zentzu, gibel-izanik bilatzen ez duena. Haren barnealdetik kanpoalderako distantzia gainontzekoena baino laburragoa izango balitz bezala. Ezin esan lezake lehen begi-kolpeko amodioa izan zenik, baina erakargarria suertatu zitzaion.

      — Zuretzako da?

      — Ez, lagun batentzat.

      Berehala konturatu zen generoa markatu behar zuela, eta segidan gehitu zion “emakumezkoa da”. Buruaz baietz jada Miren zen Mirenek, eta flasko piloen korridorean barna eraman zuen. Ea zer estilokoa nahi zuen, usain fresko edo lehorragoak nahiago ote zituen bere lagun hark, ea ezagutzen zuen gustura eraman izan zuen perfumerik.

      — Ideiarik ere ez.

      Masailak kizkurtu zituen, gerora jakingo zuenez, haren keinu ohiko bat pentsatzen jartzen zenean.

      — Ikus dezagun… Ez da erraza horrela asmatzea.

      — Ez nekien hain konplikatua zenik lurrin bat aukeratzea.

      — Bai, jendeak uste du erraza dela.

      — Badakizu, gizonak oso sinpleak gara.

      Barrez hasi zen, ez zuen komentarioa espero, baina ez zuen ezer gehitu, atrebentzia-kuota ordurako xahuturik zuela pentsatu zuelako agian. Bi flasko hartu zituen, eta ordura arte ikusi ez zituen kartoi-tira zuri banatan lainoztatu. Ez zuen espero berak hurreratuko zizkionik tirak sudur-zuloetara, eta harridurak eragindako mugimendu gehiegizkoagatik eskua igurtzi zion nahi gabe masailaz. Lehenengoa iruditu zitzaion gustukoago, eta “bai, hau freskoagoa da” esan zion Mirenek. Bazutela eskaintza berezi bat, eta ilararen beste aldera igaro ziren. Gainontzeko flaskoetatik nabarmentzen zen, eskaintzaren berri ematen zuen afixa deigarriarekin.

      — Baina agian gehiegizkoa lagun bati oparitzeko, ez?

      Bihotz formako flasko gorria zen, erdian “Love” zuena zizelkatua. Momentuan, ez zuen igartzen jakin ea ironiaz ari zitzaion edo ez, baina orain ondo daki benetan galdetu ziola; bere profesionaltasunak lagun harekin zuen harremanaren inguruko informazio gehiago eskatzen zion, lurrin hautaketa ahalik eta egokiena izan zedin. Lagun bati oparitzeko, gehiegizkoa, alegia.

      — Baietz esango nuke.

      Salmahaiz aldatu zen mugimendu azkar batez eta beste flasko bat hartu zuen; konturatzerako beste bat ere bai. Abilidade handiz lortu zuen beste bi kartoi-tiratan lainoztatzea. Bata zitriko lurrinduna, agidanez, bergamota ukitu batekin; bestea jasmin eta gardenia nahasketa sotila. Indar gehiegiaz egin zuen arnasa sudurretik, eta jada nahasten hasia zen hainbeste usain eta usainondoko. Azkeneko bat ere erakutsi nahi ziola, hura bereziagoa zela, jende konkretuago batentzat.

      — Badakizu zure lagunari ekialdeko mundua gustatzen zaion?

      — Ekialdeko mundua?

      — India, Txina, mundu hori.

      — Ea yoga egiten duen alegia?

      Ez zion broma harrapatu.

      — Exotismoa. Begira, usain fuerteagoak dira ohituta ez dagoenarentzat.

      Patxuli usain modukoren bat espero zuen baina ez zitzaion iruditu besteetatik hain diferentea. Egingo luke beste ordena batean usainduko balitu atzera, ez zatekeela gai izango bereizteko.

      — Zuk zein aukeratuko zenuke?

      Irribarre egin zuen, berriz ere lotsaturik bezala.

      — A ze galdera.

      Zaila zitzaiola bat hautatzea, norberaren araberakoa dela usainena, norberaren estilo eta gustuen mendeko. Ezin zuela bat orokorrean hautatu.

      — Ez dago usain unibertsalik.

      — Ez, baina zein aukeratuko zenukeen zuk, zuretzat balitz.

      Gehiegi estutzen ari ote zitzaion pentsatu zuen jaulki bezain pronto; ea esango zuen “tipo honek ez dit ba orain perfume bat erosiko?”. Isilik geratu zen, zer erantzun ez zekiela.

      — Nik Black Angel eraman izan dut gustura.

      Usaindu zuen hirugarrena zen.

      — Ba primeran, Black Angel, horixe hartuko dut.

      Ea dendako fitxa eginda zuen galdetu zion, berak ezetz (ordurako agerikoa behar zukeen), eta fitxa eginez gero izango zituen abantailak zerrendatzeari ekin zion neskak; erosketa horretan bertan % 5eko deskontua, promozio esklusiboak jasotzeko aukera, krema, lurrin, xaboi, hidratatzaile, xanpu eta enparauen “linea” berriak beste inork baino lehen probatzeko aukera, opariak ez-dakit-zenbat euro baino gehiagoko erosketengatik, puntuak akumulatzeko aukera.

      — Ez didazue e-maila bonbardatuko, ezta?

      Kanbioak itzuli zizkionean, salmahaian utzi gabe, esku-ahurrean ezarri zizkion, normala baino moteltasun handiagoaz —hala iruditu zitzaion—, eta zeharka, momentu txiki batez atzamarrekin ahurra laztantzen ziola sentitu zuen.

      Itsasaldera ematen duen gela bat da Mirenek hartutakoa. Argigune bat begiztatu du zeruan, itsasoarekin bat egiten duen lekuan. Gela dotorea da, soil samarra akaso, baina nagusi diren kolore ilunberek halako elegantzia-xarma ematen diote. Komuna ikustera joan da Miren, “hotel baten benetako neurria” komunak ematen omen du, eta berehala eman dio balekoa. Asko zuela entzuna hotelari buruz hasi da esplikatzen, lagun batek bereziki gomendatu ziola; atzetik gerturatu eta gerritik heldu dio, Donostian topo egin dutenetik lehen aldiz. Lepoa apur bat biratu eta trabeska bilatu dizkio ezpainak Mirenek. Berri-berria dago komuna, diz-diz egiten dute konketak eta komun-ontziak, dir-dir bainuontzi luzeak. Dutxako itxitura ikusi duenean, baina, zaputza hartu du. Ez du ulertzen zer dela eta azken boladan jarri den moda hori, itxitura erdi irekiak jartzekoa. Diseinu kontuak direla imajinatzen du, bainuontzia erabat itxi gabe ederrago geratzen delako nonbait, diseinuaren guruentzat behinik behin, baina kontua da tentu izugarriz dutxatu behar izan duela halakoak egokitu zaizkionean, irekita geratzen den lekutik urrun, dutxa-burua kontuz mugituz, eta hala ere, beti zipriztindu duela zertxobait bainuontzitik kanpora, putzu handi samarra egin ez duenean. Ezin entendi dezake nori arraio bururatu zitzaion halako txepelkeria, are gutxiago nolatan izan duen halako arrakasta; tentsio betean dutxatzera behartzen du, bera behintzat bai, eta dutxak zerbait izan behar badu erlaxatzeko izan behar du, kezka-asaldurak alde batera uzteko tokia, eta komuna kuxidaderik gabe uztearen beldurrak ezin dio eragotzi behar bezala dutxatzen. Eskerrak, pentsatu du, dutxa kontuetarako arazorik ez duten izango oraingoan, hotelak talasoterapia-gune bat baitu beheko solairuan. Horregatik da batez ere ezaguna hotela; izango dute bainua non lasai hartu.

      Egokiera aprobetxatu du maletatxotik paketea atera eta Mireni emateko. Zer da hau, eta ireki ezazu eta ikusiko duzu; masailak kizkurtu ditu paketeari heldu eta haren zama kalkulatzen ari dela. Kosta egin zaio kartoia irekitzea, “hainbeste grapa” esan dio, baina gehiago da sorpresak eragindako urduritasunagatik.

      — Detaile bat, besterik ez.

      Plastikozko pote luze bat, frantsesezko hitzak azalean; eta beste txikiago bat, kolore gorrikoa.

      — Izan ere, premian zeundela konturatu nintzen aurrekoan.

      — Ez dizut sinesten faltan nuela konturatu eta horregatik erosi didazula.

      Ezinezkoa zaio bozkarioa disimulatzea; besoak ireki eta poteak eskuetan dituela besarkatu du tinko. Begietara begiratuta nahikoa zaio ulertzeko haren esker onaren handia.

      — Ez zitzaizun gutxi kostatuko…

      — Marka zuri horietako bat erostea pentsatu nuen hasieran, baina nola oparituko nion hori kosmetika-saltzaile bati?

      Seko harrituta geratu zen Chamartinen trenaren abiatze-ordua iristeko zain zegoela, Mirenen krema estazioko denda batean topatu eta prezioa ikusi zuenean. Ezin imajina zezakeen beretzat aski hutsala zen gauza batek (izan ere, zenbat mende igaro ditu gizakiak krema hidratatzailerik gabe?) halako prezioa edukitzea. Antza, dendariak ere sumatu zuen bere harridura, “es de las mejores del mercado” esan baitzion lehenik eta “para regalo, ¿verdad?” jarraian. Marka bereko aurpegirako beste pote txikiago bat ere oparitu zion gainera, eskaintza bat zela. Marketinaren amarruak.

      Poteak gelako mahaitxoan utzi eta sofan etzan du Mirenek, biak etzan dira, buruz gora. Esker hitzen bila sumatu du, baina ez dio ezer esan; pentsatzen hasi da Poliziarena kontatzeko egokia ote den momentu hori, baina berehala baztertu du, iritsi berritan kontatuz gero egonaldia zapuztuko duelakoan. Kontatzeko grina, ordea, bridaezina zaio, eta hasperen egin du barneko harra baretzeko. Burua hurbildu dio lepoaren beheko aldera, eta klabikulak sortzen duen barrunbean bermatu du; “eskerrik asko” herabe bat bota dio. Halaxe geratu dira, Mireni beso gainean egiten dizkion igurtzi txikien soinua entzuten dutela soilik. Leihotik haratago, eguna ahitzen doa, baina zerua irekitzen kontrakarrean. Kantu bat abesten hasi da Miren ahapeka, kasik entzuten ez dela; melodia ezaguna egiten zaio, baina auskalo, belarri kaskarrekoa izan da beti. Ahoa itxita ari da, gozo, pixkanaka ozenago, eta bolumena igo ahala, ez daki ondo zergatik, lotsari modukoa ernatzen hasi zaio, masailetan gora igo zaion hotzikara.

      — Zer da?

      — Chayanne.

      Modako kantu bat, beraz. Spinning eskoletatik ote zaion ezaguna, baina motelegia iruditzen zaio hangoa izateko.

      — Tú serás más de Radiohead y así, ¿no?

      Gazteleraz. Grazia egin dio, txantxetan bota ez dion arren. Galdetzekotan egon da ea zergatik iruditzen zaion berari Radiohead gustatu behar litzaiokeela, baina ezetz erantzun dio, ez dela bereziki musikazalea, eta zerbait entzun badu ere, ez ur ez ardo.

      — Niri izugarri gustatzen zait musika.

      Ahots ederra du, ezin zaio ukatu, eta teknika txarrik ez, antza (dagoeneko, adoretuta, kantu betean ari baita). Enborra tentetu du ahotsarentzat indar bila y sin pensarlo el tiempo me robó el aliento begiak itxi ditu apur bat nota altuetara iritsi behar duenean ¿qué será de mí si no te tengo? leloan sartzeko, eskuarekin lagundu dio erritmoari si no estás conmigo se me escapa el aire, corazón vacío besarkada bat irudikatu estando en tus brazos solo a tu lado siento que respiro ezezkoa atzamarraz berari begira no hay nada que cambiar, no hay nada que decir barre egin du eta barre txikiaz kantatu si no estás conmigo quedo entre la nada, me muero de frío berak ere barre, melodiaren erritmoari eskuaz eusten diola, eta lerrotik lerrorako pausa aprobetxatuz esan dio xaloki “ez pentsa zutaz denik, e”, eta segidan jarraitzen ¡ay! cuánto te amo, si no es a tu lado pierdo los sentidos ezezkoa berriz ere behatzaz, orain ia sudurra ukitzen diola hay tanto que inventar, no hay nada que fingir besoak zabaldu ditu, burua atzerantz, begiak itxi me enamoré de ti berriz ere me enamoré de ti; beherantz egiten dio ahotsak, pausa luzeago bat, eta bolumena nabarmen jaitsiz eres lo que yo más quiero, lo que yo soñaba, eres mi rayo de luz a cada mañana ekin dio ahapaldiari eta burlaizez begiratu dio berak jada jolasean sartuta, irribarrez erantzuten Mirenek y sin pensarlo el tiempo me robó el aliento, ¿que será de mí si no te tengo? “osorik dakizu, ala?” esan dio, jada erlaxatuta, harridurak horditurik, eta baietz buruaz si no estás conmigo se me escapa el aire, corazón vacío berriz ere leloa, lelorik gabe ez da arrakastarik estando en tus brazos, solo a tu lado siento que respiro harekin kantatzen ahalegindu da baina ez da letrarekin gogoratzeko gai, “oso belarri txarra dut” desenkusatu da eta Miren buruari eragiten, ez kezkatzeko no hay nada que cambiar, no hay nada que decir eta hala jarraitu dute, jarraitu du Mirenek lerroz lerro, igoaldiak, gero behealdiak, baina denak du bere amaia, eta akabera dator no hay nada que cambiar, no hay nada que fingir eta jada pausa luzeago batez, atarian dago, esku batez luzatu du konpasa, begiak ireki ditu, besoak bereganantz luzatu me enamoré de ti.

 

 

Ur-zurrusta hedatzen zaio parez pare, jario fineko errezel modukoa, hain fina ezen gibelekoa lausoki ikus dezakeen, kristal transluzido bat balitz bezala. Motel, uraren erresistentzia sumatuz, aurrera egin, eta lerro perfektua desegitearen plazera sentitu du lepotik behera doakion uraren gozoarekin batera. Aurrean du beirate zabala, eta kondentsazioa gorabehera, ondo ikus dezake kanpoaldean akitzen ari den egun-argia. Bere harridurarako, oskarbi da bat-batean, lainoek paso eman diote urdin geroz eta urdinkaragoari. Ez du besterik sentitzen orain, bizitzen jarraitzeko desio sakon bat, aspaldiko biziena. Begiak itxi ditu, ura sar ez dakion bainoago mundutik ihes egin dezakeelako sentimen faltsua sentitu nahi duelako. Urrun imajinatzen du bere burua, Miren aldamenean duela planetako zoko ezkuturen batean, ur-jauzi baten pean akaso, edo urruneko erreka batean, eta begiak irekitzean hantxe ikusiko duela bere burua, Euskal Herritik, eta eguneroko zabor horretatik guztitik, eta Poliziatik, eta Unairengandik eta Imazengandik aparte. Aretoko hots bikoiztuei erreparatu die, oihartzunak han, oihartzunak hemen; uraren jarioa, emakume-ahots batzuk nonbait, motor baten zarata sotila, burbuilak, ura laba bezain gori. Erregulartasun bat bilatu du, soinuen errepikatze zirkular moduko bat, betirako jira-bira horretan geratzeko.

      — Ez al zait txikiegi geratzen bainujantzi hau?

      Beiratetik sartzen den argia estaltzen du haren gorputz mardulak. Akaso urak hartu diola iradokitzea pentsatu du lehenik, baina berehala ohartu da absurdoa dela, bainujantziak ez direla laburtuko, nola, uretan ibiltzeko badira.

      — Ondo ikusten dut nik.

      — Uste dut kilo batzuk hartu ditudala.

      Enborrari heldu dio, eskuak pasatu ditu bi aldeetatik; puztuta sentitzen duela bere burua. Mirenengana hurbildu da, soilik burua duela uretatik kanpo, aurpegiera bihurriaz, eta indarrez heldu du, besarkatu dio enborra, altxatu du pixka bat. Piszinaren beste muturrera mugitu dira, beiratetik gertuen geratzen den zatira, eta kanpora begira geratu dira, bata bestearen alboan, besoak piszinaren ertzean bermaturik dituztela. Luze gabe, uretatik irten da Miren eta, makurturik —izter zabal-mardulak—, kristaleko lurruna garbitu du eskuaz; gogotik saiatu da, bazter guztiak ahalik eta gardenen uzteko. Gero, zutitu eta, “askoz hobeto”, “izan ere” edo “alde ederra” esan lezakeen keinu batez, berriro sartu da uretan.

      Arratsari beha, isilik geratu dira berriz ere; oihartzuna han, oihartzuna hemen. Apaltzen ari da eguna, margultzen zeru oskarbia, eta oreka bilatuz-edo, kolore-biziagotzen zeruertza. Ederra dago, baina garai horretako makurdurak ez du eguzkia zuzenean ikustea ahalbidetzen; nolakoak izan behar duten hor uda bezperetako ilunabarrek; egiazki, ondo pentsatuta, piszinak lepo egongo ote diren, zarata han, zarata hemen. Orain, kolorearen nabartze ezarikoari erreparatzen diote: hori-horixka, laranja, gorri-gorrixka… Goia anil, hegazkin-lorratz gurutzatuak baino ez zaizkie falta Luciak gorroto dituen koadro inpresionista horietako batean egoteko. Dekorazio-objektu bilakatu direla, horixe dio Luciak, behiala apurtzaileak, erradikalak zirenak, egun burgestxikien egongeletan, eta instituzio publikoetako halletan, eta bankuetako bulegoetan jartzen direla; publiko orokorrarentzat ederrak diren koadroak, koadro inofentsiboak, politak, apaingarriak. Ea egun zein koadro ez diren horrelakoak, halaxe esan zion behin berak, ea modernoagoak diren artelan abstraktuak ere ez ote dituen ikusi instituzio publikoetako eraikinetan, ea ez dituen ikusi inoiz Txillidak eta Oteizak eta halakoak nonahi, Eusko Jaurlaritzarenak diren edozein aretotan, zer egin jakin ez eta “jar dezagun euskal artistaren baten zerbait” hemen, ondo geratuko da, ikus dezatela gobernuak euskal artea babesten duela, eta dirulaguntzen eta sustatzen, eta kudeatzen eta egikaritzen duela. Baietz, esan zion Luciak, baina berak beti terreno berera eramaten dituela gai guztiak, bera arteaz ari zela. “Bada, ni ere bai” esan zion berak burugogor. Antza, Luciari hautematearen alderdi soziala interesatzen zitzaion —halaxe esplikatu zion—; hautematea, kontu estriktoki fisiko-biologikoa dirudien zerbait, argiaren nolakoa eta gizakiaren aparatu biologikoaren funtzionamendua, benetan askoz ere kontu konplexuagoa dela; alegia, hautemateak baduela dimentsio sozial bat eta, ondorioz, dimentsio historiko bat. Ez dela gauza bera Erdi Arokoek hautemateko zuten era eta gurea, ez den bezala XX. mende hasierakoena eta XXI. mendekoona. Hautematen ere, ikasi ikasten da —halaxe esan zion, bi aldiz ikas eta silaba bakoitza motelago ebakiz—, eta horregatik, XIX. mende bukaeran asaldagarriak ziren koloreak —zehazki kromatismoaren kontu teknikoren bat aipatu zuen Luciak, bera gogoratzen ez dena, baina azken batean koloreez ari zela iruditu zitzaion— gaur egun osoki komertzialak direla, populuaren kolore gustukoenak, guztiz eta orobat asimilagarriak, errazak, sinpleak, interes gabeak, eta milioika aldiz erreproduzituak, gainera: laminetan, katiluetan, borragometan, baso-azpikoak, kamisetak. Baina, era berean, jendearen gustu fin nahia asetzen dute; artelan bat etxean, edo bulegoan, edo dena delako tokian edukitzeak ematen duen irudia erosten dute azken batean, prestigioa erosten dute, estatusa, ispiluan beren buruak ederrago ikusteko aukera, ez artelana bera. Eta hori jada Benjaminek iragarri zuela —egingo luke lehenengo aldia izan zela izen hori entzun zuena—, baina Kraussek —oraindik ez zen Rosalind— miresgarriki garatu zuela inkontziente optikoaren teoriarekin —Rosalind E. Krauss, El inconsciente óptico, a ze liburua—. Patolucas imajinatzen du orain, Benjamin hori ez aipatzeko gaztigatuz Luciari, esan gabe doaka botatzeko haren ideiak, eta ernegatzen hasi baino lehen burutazio horietatik lekutu nahi luke, aspaldiko partez halako betetasun suerte bat sentitzen baitu, hor, uraren gozoa azalean, oihartzuna oihartzun gainean, zeruertza nabar, Miren aldamenean. Eskua uraren azpitik luzatu eta ipurmasailean jarri dio; inkontzientziaz, pentsatu du bere baitarako.

      — Zerk egiten dizu grazia?

      — Ezerk ere ez, nire kontuak.

      Albo batera mugitu eta Mirenen atzean jarri da, orain bi eskuez laztantzen dizkiola izterrak. Makurtu egin behar izan du ondo ailegatzeko; batez ere izterreko goiko aldea laztantzea gustatzen zaio, ipurdiaren eta pubisaren artean geratzen den zatia, tarteka eskua irristatu eta hatz puntaz alua laztantzen diola.

      — Kendu, berotu egingo naiz.

      Tentetu egin da eta bere kontra jarri, sabelaldean besarkatzen duela. Berehala antzeman dio, eskua atzera bota eta zakila ukitu baitio bainujantziaren gainetik.

      — Zuk, berriz, aski duzu gutxiagorekin.

      Biratu eta alai ikusi du, irribarre zinezko batez, damu-milikeria gabea batere, eta harekiko bekaizkeriaz bezala gozatu du harengandik kutsatua sentitzearen atsegina. Mireni bizitza aise zaio. Muxu luze batean bildu dira harik eta Mirenek burua aldendu eta piszinatik irten den arte. Itzali da zeruertz koloretsua, gau betearen eta ilunabarraren arteko linbo horretan dira jada. Bera ez da piszinatik mugitu.

      — Itxoin pixka bat, horrela ezin naiz irten.

      Eskuinaldera egin dio keinu, hiru emakume daude burbuilen zonaldean, beraiengandik ez urruti, baina beren ibiliei jaramonik egin gabe, kalaka etengabean. Ozen egin du algara Mirenek, ezer gutxirekin inor eszitatzearen pozagatik ere bai, eta ile-adats luzea alde batera botata, eskuez xukatu du estualdi tinko batzuekin. Hamakak dauden aldera joan da gero pauso luzez, eta horietako batean etzan da, kanpora begira.

      Momentuaren gozoaren kontrakarrera, halabeharrez, nazionalekin oroitu da, eta bat-batean ilundu zaio gogoa. Optikoa ez, baina bai inkontzientea. Necesitamos una respuesta ya, eta nuestro jefe nos está apretando eta las cartas están sobre la mesa eta yo no me lo pensaría dos veces eta si no hau eta si no bestea eta si no berriz ere saldrás perdiendo eta tú sabrás lo que haces eta deja de dar largas anda eta deja de postergar las decisiones eta siempre haces lo mismo eta ya nos han contado ya eta los que te conocen bien eta sí, tenemos unos cuantos amigos allí también eta sí, quizás nos hagan una visita la próxima vez eta unos viejos amigos tuyos eta recuerdos de parte de Ketxus. Hau izorratzea. Mireni kontatu nahi lioke zerbait, baina ez du egonaldi eder hori zapuztu nahi. Ziur aski ez Mirenengatik, ezpada beregatik, aspaldiko partez sosegu pixka bat ukitu duela sentitzen baitu, sosegu partziala, nahi izatera, istantekoa, baina ez dago gehiago eskatzeko. Mirenek ondo hartuko duela kalkulatzen du, harriduraz ziur aski, ez baitu imajinatzen kontu politikoetan batere interesaturik, baina era berean, harekin kontu intimoak, kontu pertsonalak partekatzen dituela ikustean kontentu jarriko dela iruditzen zaio, kontentu orain arte uzkur sumatu duena bere aurrean haragi-bizian ikusteagatik. Pentsatu izan du hain justu Miren izan daitekeela pertsona egokiena horretarako; aparte dagoen norbait, herrarik eta higuinik gabea, lurrin-saltzaile bat, errespetu guztiarekin, pentsatu du, baina hori, beste kezkabide batzuk dituena, begirada xaloago bat, ozpin gabea, pozoirik gabea.

      Piszinaren ertzean eseri da, hankartea begiratu, eta esku batez tira egin dio bainujantziari tolesdura ezberdinak probatuz; ez da hainbesterako, esan du bere kolkorako etsipen puntu batez, zakilño horrekin ezin konkor handirik sor. Hamaketara jo du, zakila ez tente ez erori, eta aurreranzko lepokada gogor batez urez zipriztindu du Miren, bere burua umekeria horiek egiten ikusteagatik harrituta.

      — Baboa!

      Alboko hamakan etzan da. Mengel samarra iruditu zaio, plastiko mota ezberdinez egina, pisurik gabea, umeentzako jostailu bat. Gero eta ilunago dago kanpoan, gau ederra geratu da, aspaldiko ederrenetakoa. Ez, ez da orain amorratzeko kontuekin etortzeko unea. Baretasun hori luzatu nahi du ahal bezainbeste.

      — Gelara ere igo beharko dugu laster.

      Aretoko erlojua seinalatu du Mirenek.

      — Nahi duzunean.

      — Oparitxo bat utzi digutela kontatu didate…

      Erraz sumatuko du bere harridura. Zer arraio montatuko zuen orain honek. Auskalo. Begirada jostariaz begiratu dio eta berak ere halaxe erantzun dio, zer bestela. A ze emakumea. Gogotik ari dela saiatzen, hori ezin zaio ukatu.

      Apenas ikusten den kanpoaldea jada, antzokiko dekoratua aldatu izan balute bezala, kanpoa zena barnea da orain; izan ere, iluna beltz, beirateak barruko argiekin sortzen duen isla ikus dezake soilik: hiru hamaka huts irregularki barreiatuak eta emakume-gizon bana, kieto, beste bitan etzanik. Tolestuak ditu hankak emakumeak, eta gizonak haren izterrei begiratzen die beiratean, islak ematen dion disimuluaz baliaturik.

 

 

Hotelaren atarian daudela ohartu da Mirenek aterki bakarra hartu duela. Itxoiteko eta joango dela bestea hartzera esatekotan egon da, baina burua pisua du, iltzeak izango balitu bezala lokietatik buruaren goialderaino. Ez zutela gehiegi edan iruditzen zaio, zer da ba biren artean xanpain botila bat hustea, baina egia da berak Mirenek baino gehiago hartu zuela, eta xanpainera laketu gabea duela gibela. Sarritan entzuna du burbuilek gehiago jotzen dutela, baina berak sinetsi ez, bolo-bolo zabaltzen diren amen-omen horietako bat iruditu izan zaio beti: lastotxoarekin edanda gehiago jotzen duela, alkohol garestiak ez duela ajerik uzten, lo aurretik baso bat ur edanda ez dela biharamunik izaten. Baina orain burbuilen kontu hori sinesten hasi beharko duela iruditzen zaio, edan zuen kantitaterako bestondo latzegia duela uste baitu. Kopeta kizkurtu eta eskua eraman du burura, besteaz aterkiari eusten diola.

      — Zuk ez al duzu biharamunik?

      Adin kontua ere izan daitekeela hasi beharko du pentsatzen, hogeita hamarren langa pasatuta, jada ez dela ezer izango lehen zen bezalakoa. Gauza hauetan ere agerikoa da Mirenen eta bien arteko aldea, antza. Edan eta segituan —ez zuten asko behar izan— hasi zitzaion Miren lardaskan; eskua galtzetatik sartu eta ezarian eraman zuen ipurdian zehar goitik behera, presarik gabe uzki aldera, jostari, orain gerturatuz orain aldenduz, imintzio eginez, uzki inguruko haragia tinko ukitzen zuela, gero jauzi egin eta perineora —apur bat etzan behar izan zen Miren ondo ailega zedin— eta hura estutzen ari zitzaiola esan zion “miazkatu nahi dizut”. Biluztu eta ipurdia eskaini zionean, zakil tenteak eman zion atentzioa Mireni, harrotasun puntu batez, “dagoeneko horrela” pentsatuko balu bezala, eta perineoa miazkatzen hasi bezain pronto sartu zion hatza uzkitik, aski dilataturik ordurako, eta luze gabe sentitu zuen zakila puztu eta puztu, beste eskuarekin eragiten zion, orain bai, orain ez, geroz eta puztuago glandea, eta zakila apenas ukitu gabe halako eszitazio mailara iristeagatik are eszitatuago, gozo korritu zen.

      Irmo eusten dio besoari Mirenek, gorputza aterkipera nabarmen sartuz, nahiz eta berari iruditzen zaion hainbesterako premiarik ez dagoela, euri-langarra baita, eta apenas hezetzen ditu bere anorak zaharra eta Mirenen gabardina hori deigarria. Metro gutxi dituzte hondartzara. Biribilgunea errepidetik zeharkatu dute zuzen, eta horretan ari direla, ezkerraldeko parkingean dauden auto bakanetako baten barrenean bi gizon begiztatu ditu, pilotuaren eta kopilotuaren lekuetan. Pausoa bizkortu du ezer esan gabe, horrela estura uxatuko balu bezala, eta atzera begiratu gabe jarraitu du aurrerantz. Berehala iritsi dira hondartzaren atarian dagoen etxolara —orain, udako denboraldia amaituta, itxita dago—, eta handik eskuinaldera egin dute pausoa laburtu gabe, mendi magalerantz. Euria egiteari utzi diola konturatu da, baina ez du aterkia ixten hasteko lanik hartu. Umeentzako jolastokiaren ondotik pasatzen ari zirela, emakume bat ikusi du zakur bati dei egiten; lasaitu egin da emakumea delako, baina, badaezpada, atzera begiratu du disimulu ezinezkoan.

      — Zer gertatzen da?

      Berriz ere desoseguak bildu duela ohartu da.

      — Ezer ez.

      Ez da gai izan hitzekin disimulatu nahi duena gorputzarekin adierazteko.

      — Seguru?

      Samurtasunez jarri dio eskua sorbaldan, eta behingoz barrenak askatzeko unea iritsi dela kalkulatu du.

      — Begira…

      Pasealekuaren ertzeraino joan dira, eta malekoian eseri. Hondartzari begira, inguruaren ikuspegi osoa dute hortik, nahiz eta beregana etortzen badira ez duen ihesbiderik. Sorpresaz ez dutela hartuko, ez besterik; halere, Mirenekin dagoela, ez du uste ezer egingo dutenik. Nondik arraio hasiko zaion kontatzen ere, ez du ideiarik; dena kontatzear dagoela, zalantza handiagoa du Mirenek nola hartuko duen. Akaso haren inozentzia esajeratu duela iruditzen zaio orain, eta bere istorioa ez dela samurra izango inorentzat; ez daki harremana bera ere kolokan ez ote duen jarriko, orain arte izan duten tratua konfesioetatik, halako intimitatetik aski aparte egon baita, eta halaxe funtzionatu baitu.

      — Hau ez diot oraindik inori kontatu.

      Atzetik aurrera hastea deliberatu du, hala azkarragoa izango delakoan; gauzak hasieratik kontatuz gero, itzulinguruka hasteko tentazioa; testuinguruan jar dezagun hau, ez dezagun ahantz aurrekari hura, ñabardurak egin diezazkiogun beste hari, eta abar. Ondo pentsatuta, gainera, ez luke jakingo egoki zehazten kontua noiz hasten den ere. Bezperakoarekin ekin dio, bada; nola hurbildu zitzaizkion bi polizia, bigarrenez, eta nola sartu zuten auto batean, kristal kromatuak zituen Renault bat ordukoan, eta nola koska bat gehiago estutu zuten, aurrekoan izandako adeitasuna —hitz egiteko modu bat da— fini, brometan ibili gabe. Lagunak dituela “sartuta” eta horregatik egiten diotela hori guztia, informazio bila ari direla eta berari tokatu zaiola. Konturatu da bere gazte garaiko kontuak ez dizkiola zertan kontatu, hori gabe ere sinesten diola Mirenek, eta hala, kontakizunaren hasiera nahi duen lekuan jar dezakeela, aurrekarietan eta sar-hitzetan eta atarikoetan galdu gabe. Poliziak informazio bila zebiltzan eta leku desegokian egotea egokitu zitzaion berari, ez besterik, edonori gertatzen ahal zaio —kontatu ahala gero eta konbentzimendu handiagoz esan dio—, herri honetan gauzak aski aldrebestuta dabiltza. Adi-adi entzun dio Mirenek, espantuzko imintziorik gabe, halakoak entzutera ohituta egongo balitz bezala. Lepoaldea laztantzen ari zaiola bota du “txakurrak”, eta bera isilik geratu bada ere Mirenek beste zerbait gehituko zuelakoan, hark ere ez du beste ezer esan.

      — Ez didate ezer egin, e.

      Ez diotela ezer egin, zera, esan dio Mirenek. Ea gutxi iruditzen zaion modu horretan pertsekutatzea, presio hori egitea, ea berak zer delitu egin duen, zeren errudun den hori guztia jasateko. Eta betikoa dela, horien betiko jokamoldea.

      — Tira, Miren, ez naiz atzo goizean jaioa, badakit Poliziaren lana zein den.

      Bai, tristea dela, baina ibilmolde horiek normalizatzera iritsi garela, horixe esan dio Mirenek inoiz ikusi dion segurtasun irmoenaz; ordea, jarraitu du, beste aldekoek zerbait egiten duten aldiro beti datorrela zigorra, mailukada, kondena, kolpea. Batzuentzat zeinen barkaberak eta besterentzat zeinen zorrotzak. Isilik geratu dira biak. Inoiz politika konturik entzun ez dion norbaitengandik halako diskurtsoa entzuteak zinez txunditu du; oraindik hogeita bost urteak bete gabeak, haren gaztetasunari egotzi dio suhartasun hori, edo are, berak ezagutzen ez dion familia edo adiskide inguruneari. Horretaz hausnartzen ari zela otu zaio akaso izpiritu salatzaile horren ekinez inori kontatzen hasteko kapaz dela, Ezker Abertzaleko jendeak afizioa baitu salaketa, kexa publikoa, prentsaurrekoa, prentsa oharra, zutabea, asaldura-exhibizioa. Auzia Mireni kontatzea sekulako akatsa izan dela pentsatzen hasia da, baina orain, lantuka ibili gabe, kontua bideratzea beste erremediorik ez du.

      — Mesedez, gu bion artean gera dadila.

      — Noski, laztana.

      Egingo luke lehen aldia dela “laztana” edo halakoren bat —maitea, polita, kutuna— esaten diona, eta hori ere, jakina, konfesioak emandako konfiantzari egozten dio. Hustu-beharrez xehetasunak kontatzen jarraitu du, polizia batek esandakoa dela, bestearen aipamen ironikoa, eta gehien izutzen duena zera dela, bere bizitzari buruz eta iraganari buruz zenbat dakiten.

      — Badakit nola funtzionatzen duten gauza horiek, baina....

      — Esan didazu hori lehen ere.

      — Baina entenditzen ez dudana da nola kristo tokatu zaidan niri hain justu marroi hori. Zergatik hartu behar dut nire gain pakete hori? Etsigarria da.

      Antzerki pixka bat egiten sumatzen du bere burua —azken batean, ondo baitaki zergatik jo duten beregana—, baina lasaigarria zaio, eta bularraldetik beherako halako baretze bat sentitzen du, gorputza txindurrituko balitzaio bezala, goitik behera, behatzetatik irten arte. Ez duela kontu politikoez hitz egin nahi —ondo jabetu baita bide horretatik jai duela—, hitz egin nahi duela patuaz, fortuna makurraz, pertsona bati halako batean zerutik erortzen zaion mailu ustekabekoaz, ezin aurreikusizkoaz, etorkizuna baldintzatzen, zer baldintzatzen, determinatzen dionaz; halako gurutzaketa kuantiko sumaezin batek konbinazio bat sortu eta, loteria gaizto baten ondorioz, zure gainera erortzen dela ezinbestez, haren kontra ezer egiterik ez duzula.

      — Horren inguruan filosofatzeko gogoa duzu?

      — Ez da filosofatzea, ezer egin ezin daitekeenaren kontra muturka ez ibiltzea baizik.

      — Nik ez dut hain konplikatua ikusten.

      Emakumea eta haren zakurra desagertu egin dira inguruetatik, beraiek bakarrik dira malekoi aldean.

      — Heldutasun kontua da azken batean. Nik badakit ez dudala ezer irabaziko poliziei kontra eginez. Ez naiz horma baten kontra kaskarrekoka hasiko.

      — Ez da hori.

      — Kontua baldin bada “polizia putasemeak” esatea, ba, ez dut arazorik esateko: polizia putasemeak, polizia putasemeak, eta hiltzaileak, eta nahi duzuna. Baina zer aurreratzen dugu horrekin?

      — Nire ustez justizia kontua da.

      — Justizia… hitz gizen bat.

      — Zu zapaltzen ari dira, eta horren kontra errebelatzeko eskubidea duzu.

      Berriz ere matraka politikoarekin; ezaguna zaio, eta nahiago du gehiago ez entzun. Baina eztentxo bat botatzeko tentazioari ezin izan dio eutsi.

      — Justiziaz ari garela, uda honetan bertan hil dituzten hiru poliziak ere aipatu behar genituzke.

      — Buf, gezurra dirudi.

      Zirimiria hasi du berriro.

      — Elementu guztiak mahai gainean jartzeko, besterik ez.

      Petriletik jaitsi eta aterkia zabaldu du erabakimenez. Mireni begira geratu da zutik; hura ere jaitsi eta bere ondora etorri da. Lehen baino gehiago bustitzen ari zaio gabardina hori deigarria. Isilik egin dute bueltako bidea, harik eta hotelerako bidegurutzean berak keinu egin eta zuzen jarraitu duten arte. Halaxe joan dira parking aldera begiratzen zuen bitartean. Ez du bi morroien autoaren arrastorik ikusi; ederra lasaitua.

      — Zera, lehen hor auto bat ikusi dut bi tiporekin, eta kezkatu egin naiz. Ez nago nire onenean.

      — Hara… hortik hastea zenuen, maitea.

      Gerritik heldu eta beregana estutu du. Halaxe segitu dute aurrera lipar batez. Gero, ibilia geldiarazi du Mirenek eta kokotsa biratu dio begietara so egiteko. Ozta-ozta eutsi dio begiradari segundo batzuetan. Ez zaio nekeza imajinatzea Mirenek gizon hautsi bat ikusten duela. Erantzun modura, irribarre behartu bat antzezteko gauza baino ez da izan.