Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2023, antzerkia
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

23

 

Mezua irakurri nuen mugikorrean. Zelal zen Turkiako Armadak Surucen preso hartutakoetako bat. PKK-koek baieztatu zuten. Aspaldi zebilzkion lakioa bota guran. Zelalen gudu zelaietako argazkiek kalte handia eragiten zioten Ankarako Gobernuari, Turkiako bonbek txikitutako zibilen irudiek.

      Kostatu zitzaidan ernegaldia naretzen. Zoritxarrak bete-betean jo ninduen, lanbroa gero eta trinkoago, argia gero eta ilunago.

      Beste mezu bat... Bitorrena: egun bat aurreratu behar genuela hitzordua. 20:00etan Nardin.

      Beste bi mezu... Baga: medikuarena, balizko ebakuntzaren Milwaukeeko ospitaleko aurrekontua bidali ziotela. Biga: Rekalde aretokoena, muzin egin ezin zioten AEBetako artista baten erakusketa proposamenari baietza emanik, nirea aurreratu egin behar genuela, ez banuen denbora laburregian erakutsi gura. Zack Vicente bahitu behar genuen egunaren bezperan inauguratzea iradoki zidaten.

      Etxera jo nuen. Afruntu eta guzti ari zuen eurilangarra. Aterkia zarratuta makulu erabili nuen, beste behin zalantzetaraino bustitzeak loa erraztu ziezadan. Biharamunean ebatziko nuen zer egin, biharamuna beste egun bat izango zen, bezperako zinak eta minak akordutik ezabaturik itzartuko nintzen, biharamunean izan behar da beti itxaropena, ez dago norbere buruari ziria sakon sartzea bezalakorik.

      Kontatu didate erabakiren bat hartzeke urteetan geroratzen utziz gero, ametsoker bihurtzen zaigula, esna hartzen ez ditugun erabakiak lotan etortzen zaizkigula eskean. Loak hartu aurretik sumatu nuen eldarniotarako oskarbi zetorrela gaua, lagunmin berri eta guzti:

      Jende multzo baten erdian nago. Denak gora begira daude, batzuk eskuekin begiei teilapea eginda, bestetzuk katalejoarekin zerutik behera handiagotzen ari den puntu beltzari. Multzoa samalda bilakatzen da, puntu beltza izan zitekeenari buruzko xuxurlak marmar, jakinmina ikuskizun. Kamerari objektibo laburra erantsi eta lepoa gora okertuekiko aurpegiei erreparatzen diet zaluki. Irria zain duten aurpegiak dira, zerutik datorkeen zorionaren peskizan. Harik eta garrasi luze batek isiltasuna ezartzen duen arte. Braustakoan samalda uxaldian desagertzen da atzera begiratu barik. Kamerari objektibo luzea atxiki eta zeruko puntuari zuzentzen natzaio. Besapean aulkia dakar, erlojuan 9:20, behakoan, uste osoa. Astiro dator zerutik lurrerantz, presa barik. Dozenaka argazki ateratzeko beta ematen dit, objektiboa laburtzeko lain. Neureganantz dator, gainera datorkit, besoak zabal-zabalik. Azken hatsa entzun diot ezkerreko belarritik. Ozta-ozta saihesten dut.

      Zipriztinak eskuetan, gorpu deboilatua difuminaturik, zintarrian utzi duen arrakalaren adarrak nabarmentzen ditut, kamera klarion. Detektibearen boligrafoko tinta gogortu egin da, forentseak dio urteak beharko dituela heriotzaren arrazoiak argitzeko. Kamerako pantailan argazkiak onirizten ari naizela, ohartzen naiz gorpua alboan dudala, neugaz batera argazkiei so. Lan ona egin dun diost. Sorbaldan ematen didan hirugarren kolpetxoarekin itzartzen naiz.

      Ametsokerra dela dakit izerditan esnatzen naizelako eta, batez ere, egunetan aldean eroan ohi dudan arrangura sortzen didalako. Ametsokerrak dirauen egunetan erretratatu ditudan guztien erantzule sentitzen naiz. Urteetan egindako gerrako argazkien bildumetara atzera egiteko beharrizana izaten dut, eta ez naiz ausartzen, ez ditut berriz begiztatu gura, beldurra diot argazkiok sorraraz liezadaketen minari, izua diot argazkiotako pertsonei ezertan lagundu diedan ez jakiteari, harro ezin aldarrikatzeari argazkiok egitea izan zela nire eginbeharra, sufrimendua erakustea ezinbestekoa dela ezin ulertarazteari. Ez dakit munduak guk erakutsi asmo genuen egia jakin gura duen ere. Baliteke gerra argazkilari izatea, neure buruari erakustearren badela ni baino okerrago bizi denik. Antzeko zeozer ziostan Bitorrek.

      Bitor: Nik Vicente bahituta eta zuk argazkien bidez, biek ala biek erredentzioa beste xederik ez dugu.

      Arantza: Argazkilari eta taxista ziztrin batzuk baino ez gara. Autonomo memelo gogaituak!

      Bitor: Salbazioa.

      Arantza: Ezabatuen zerrendari akabera eman gura diot.

      Bitor: Lasai hiltzeko, inorekiko eta ezerekiko loturarik gabe.

      Ezin izan nizkion Bitorri erakutsi Rekalde aretoko nire azkenaurreko erakusketan, bahiketaren bezperan inauguratu genuen hartan, ezkutuko mikrokamerekin bildu nituen argazkiak. Nik erregutu niena betez, inaugurazioan bilduko ginen ehun lagunetik gora: aktoreak, kazetariak, idazleak, musikariak, aktibistak, politikariak, famosoak, izanguradunak... sentiberetan kriteriodunenak. Gomutatzekoak dira, paratu nituen 50 argazkiak ikusita, lehen kolpean izan zituzten erreakzioak. Arrazoia onartuko lidake taxistak, zalantza izpi barik.

      Loaren bitsetan nengoen, mugikorrak Bitorren deia salatu zidanean. Ahotsontzian entzun nion, Zack Vicente zelan limurtu erakutsiko zigun andrazko bategaz elkartuko ginela bazkalostean Doloresenean. Sasoiz joateko, andrazkoak ez zuela astirik soberan.

      Erakusketarako testua aldatzea bururatu zitzaidan:

 

Potretak

2010-2015

 

Bistan da, apurka-apurka hondoratzea da bizitzea. Harrigarriki jasaten ditugun kolpeak, ustez kanpotik datozkigunak, ustez ahaztezinak diren kolpeak, ustez gertatzen zaizkigun oker guztien erantzule direnak, adiskideekiko hurbiltasun gehien sentitzean kontatzen dizkiegunak, horiek, ustez, ez digute arrastorik uzten, horiek desagertu egiten dira, ez zaizkigu gogoan iltzatzen, diotenez. Badira barru-barrutik datozkigun zartakoak, babesteko beranduegi iruditzen zaizkigunak, harrezkero ez garela egundo izan ginena berriz izango konturatzeko balio dutenak. Plazera eta astia aztoratzea, horixe duzue erakusketa honen xedea.

 

      Eta neure burua nekusan Rekalde areto leporaino betean, ofiziokideen aurrean, bi testuak leiturik bietako zeinekin identifikatzen ziren galdezka, mikrofonotik, lekuz kanpo, izerditan, begizuloak rimmel, Zack Vicente neuropsikiatrari Huntington gaitzaren sendabidearen egia erauziko geniola esan ezinez lehertzekotan, eta neure kolkorako gorde beharrean ozen galdetzen: Altxa dezala eskua, nor ez da erakusketara bere burua erakustera etorri?