Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2023, antzerkia
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

1

 

Arantza Ojanguren naiz, gerra argazkilaria, eta jada sendabiderik ez duen glaukoma dut begietan. Nire argazkiak The New York Times, The Guardian, The Washington Posten argitaratu dituzte. Chris Hondros, Picture of the year international, Infinity Awards sariak irabazi ditut, erakusketak MoMAn eta Berlingo Guggenheimen. Hilabete gutxiren buruan erabat itsutuko naiz, aurrez mendiotan egunero erasotzen gaituzten hegazkinetako batek akabatzen ez banau. Bizitza zoragarria da. Zelalek ez dit fusila hartzen uzten. Tiroa etsaiari beharrean, burkideren bati joko niokeela diost, hartzeko atseden ezkutalekuan, martiriek lagundu bai baina ez dutela gerrarik irabazten.

      Hilabeteak daroatzat esperoan, galduko dudan ikusmenari buruzko hausnarrean, lehertzear. Erabakia hartu dut: Heriotza egiaren alde baliatu gura izan zuen taxi gidari batek asmaturiko bahiketan zelan parte hartu nuen kontatuko dut. Horixe nahiko zuen Bitorrek ez dezala beste inork gure izenean kontatu.

      Sano gatxa egingo zait, badakit, mende erdia betetzear dagoen nire bizitzan kamera erabili izan baitut nagusiki nituenak kontatzeko bide. Argazki bilduma bat eskuartean hasi naiz aspaldian buruan idatzita nekarrena papereratzen. Gogoratzeko premia dut. Nire argazkiek osatzen duten bildumako aurpegiok itzaltzen hasi zaizkidalako erabaki dut Zack Vicenteren bahiketa kontatzea.

      Gauza oso gutxi ikusten ditut argi, zenbait oroitzapen, gero eta lausoago, gero eta nahasiago. Iragana ahantzi dezadan baino lehen, oroitzapenok berbetara ekartzeko deliberoa hartu dut. Kontua da argazkilari nintzela egindako erretratu haietako pertsona bakoitzarekiko zorra sentitzen hasi nintzela hona iritsi bezain laster, bonbek, tiroek, lozorroan nuena supituki esnarazi zidatela, nire oharkabean. Bitor, Saioa, Dolores, Flavia, ezin dut desager daitezen utzi. Diotenez norberarentzat baino ez da ezinbestekoa amesten duena kontatzea. Sinistuta nago norberari gertatutakoak arrotzei eta ezezagunei kontatzea dela ezinbestekoa. Eta horixe egingo dut neuk ere, kontatu.

      Ustez loturarik ez duten esaldiz betetako kaiera izango dut gidoi. Atzera begira ohartu naiz izua niola neure buruari kontuak ahoz gora eskatzeari, kolkoari xuxurlatzen nizkionak paper batean irakurtzean sentituko nuenaren beldur nintzela. Argazkiak ziren nire egunerokoaren bozeramaile, kamerak nituen idazluma, nire erretratuak askoren izenean ari ziren idazten.

 

Memoria errazago akordatzen da irudiekin.

Berbak ez ditugu jaio ziren bezala errepikatzen.

Argazki batek mila hitzen balioa du bezperan, deus ez biharamunean.

 

      Halako gogoetak idazten nituen, esaldi bakarrekoak gehienak, esaldi alferrak bezain zorrotzak, koldarrak, beste esaldi batzuekin batera kontakizun oso bat osatzeko beldurrez beteak. Edo, neure buruari gezurra irentsarazita, zehatzak, denbora galtzerik onartzen ez zutenak. Gerran bizitakoen argazkiak egiten nituen, zoriontzen ninduten, saritzen, laudatzen. Argazkiak nahikoa lirateke bahiketa, hasi eta buka, sekuentziaz sekuentzia, berben behar barik kontatzeko. Baina itsutzear nago, ez dut idaztea beste irtenbiderik.

      Zerrendak egin ditut, eskemak baino maiteago, zulo zabaleko galbaheagaz, kontakizuna arean ordenatzeko, inor ez aspertzeko. Badut kronologia bat akorduan, uste dut kapaz izango naizela gure arteko elkarrizketak artez ekartzeko. Edo akaso ez, akaso hitzez hitz, literalki, kontatuko dudanetik ezer ez zen benetan gertatu. Baina gezurrari zor...