Karanbola toxikoak
Karanbola toxikoak
2015, narrazioak
192 orrialde
978-84-92468-74-4
azala: Oihana Leunda
Andoni Urzelai
1967, Aretxabaleta
 
 

 

11

Aitorpena

 

Errazkinek gorroto ditu galdeketak. Hobeto moldatzen zen lehen. Nolabaiteko sen oldartsu bat ernatzen zion susmagarria larri hartu nahi izatearen erronkak. Abantaila nabarmenez aurkezteko ohitura zuen hitzezko duelu haietara, pistolak eta plakak ematen zioten nagusigo bortitza errukirik gabe erabiltzeko prest. Susmagarriek ez zioten bi asalto zutik irauten, hain hartzen zituen zorrotz, estu eta zakar. Adinarekin bihotza limurtu zaio nonbait, eta delitugile txikiekiko enpatia moduko bat gailentzen zaio orain, garai bateko efizientziaren kaltetan. Bihozbera da hiltzaile baten aurrean ez dagoenean, eta horrek polizia lanerako ezgaitzen ote duen pentsatu du une batez.

        Ikerketek atsegin handiak eman izan dizkioten arren, sekula ez da gustura sentitu polizia izate horren azalean. Eramaten zaila zaio 24 orduz polizia izan beharra. Badirudi, lanbide soila ordez, bokaziozko eginkizuna izan behar duela derrigorrez, eta uniformera egokitutakoak ez duela uneoro komunitatea zerbitzatu beste erremediorik. «Klinexa bezala, edozer gauzatarako gaude! Portaleko landarea lapurtu dutela?; hots egiozue Errazkini, hark jakingo du-eta zer egin. Estolda ur zikinez gainezka dagoela?; Errazkinen kontu, poliziaren berbak errespetu handiagoa jartzen du-eta udaletxeko brigadaren aurrean». Aspergarria da gero, polizia izateari buruzko azalpenak ematen jardun beharra denbora osoan. «Demontre!, inori ez zaio galdetzen zergatik lan egiten duen fundizioan edo okindegian».

        — Mikel aurkitu nahi diagu —esan dio Madariagak tabernariari—. Haren laguna haiz. Esaguk non den.

        Negar zotinka hasi da gaztea. Harrituta begiratu diote Errazkinek eta Madariagak, ez horrenbeste galdeketa hasi bezain laster kikildu delako, toki publiko batean hondoratu delako baizik. Bezero gutxi dabil tabernan. Lau jubilatu Interviú aldizkariaren puskengatik mokoka atzeko mahaietan eta urrutiko burutaziotan endredatutako emakumezko bat barraren beste puntan. Sartu direnean izandako inpresioa berretsi diete tabernariaren malkoek: gazteak ez duela oso espabilatua denik ematen.

        — Galdera batzuk egin nahi zizkioagu Mikeli, besterik ez. Ez hadi horrela jarri.

        — Ezinezkoa. Koman dago. Eta ez du atzerakorik —esan du, zintz eginez.

        — Hara!, kontakatilu itsu hark bista bezain eguneratua dik informazioa —esan dio Madariagak.

        — Trailerraren gps-a ez zabilek finago —erantzun Errazkinek.

        Mutilak dolutzat hartu bide du ondorengo isilunea, negarrez hasi baita berriz ere. Errazkin ez dago mutu samina adieraztearren, argudiorik gabe gelditu delako baizik. Eraikia baitzuen susmagarria setiatzeko estrategia burutsu bat, zeinak haren ingurunean urduritasuna barreiatzea zuen abiapuntua, modu hartan ekintzaileek okerren bat egin zezaten hurrengo operazioan. Zerbaitetan seguru dago-eta Errazkin: «Haserreak eragindako aktibismoak ez du amaierarik; eta beraz, gauzatutakoez gain, operazio gehiago ere izango dira laster». Susmagarririk gabe, zer setiaturik ez duela gelditu da Errazkin. Gizatasun pitin bat erakustearren erabaki du bi kafe eskatu eta egonaldia luzatzea.

        — Ea ba, hitz egiguk Mikeli buruz. Pintaden kontu hori argitu nahi genikek. Bazakiagu hura zela bazterrak nahasten ibiltzen zenetako bat.

        — Horrela esanda, gaizkile batez mintzo zarela ematen du, agente jauna. Baina Mikel ez zen gaizkile bat...

        — Hi, txikito, begetatzen dagoelako ez diagu orain aingeru bihurtuko, ezta? Bota pinua! —Madariagak pazientzia galtzen du beti galdeketetan.

        — Artista zen, handia. Idazlea...

        — Idazle guztiak dituk handiak.

        — Ez zuen inork aintzakotzat hartzen, artista osoei gertatzen zaien bezalaxe. Angustiaz bizi zuen idazle izan nahi eta ezin hori, gaixotzerainoko larritasunez, esango nuke, alkimistaren dedikazioa eskaintzen zion arren, asko kostatzen baitzitzaion esan nahi lukeena adieraztea. Esaldiak behar bezala josteko hitz egokienak aukeratzea ehun jokalariren aurka tenisean ibiltzea bezalako zerbait zela esaten zuen Mikelek, desesperatuta.

        — Motzean!, kafea hozten ari zaiguk.

        — Antza denez lortu zuen taxuzko lan batzuk osatzea, baina editoreei ez zitzaien batere interesatu. Tira, zer esango dizuet ba nik, ez naiz-eta literaturan aditua, baina testu haiek bazuten halako benetakotasun asaldagarri bat. Gordina eta aldi berean delikatua zuen idazkera...

        «Hunkigarria mutilaren sentikortasuna» pentsatu du Errazkinek. Eta lagunaren gabeziak halako moduz sublimatu nahian ikusi duenean iruditu zaio, maiteminduta bezala mintzo dela. Horregatik begiratu dio Madariagari intsektu zikin bati legez, bere astakerietako bat esateko ahoa zabaldu duenean:

        — Aizak, zapaburu!, Círculo de Lectores-eko komertziala haiz ala? Ez hadi hibernaziora kondenatutakoaren oinazeaz arduratu, hura eta haren penak Calliphoridae eta Sarcophagidae maitagarrien urdailetan izango dira-eta berandu baino lehen. Literaturaz ez zakiagu, baina hilotzez eta eulien bazkaz zerbait bai.

        Hasperen egin du Errazkinek. Okerragoa izango zela espero zuen. Madariaga zerripotro, txarrizikinka eta maritxuka hasten denean ez dago haren mihia kaiolatuko duenik.

        — Ez ibili gurekin itzulinguruka. Atentatuei buruzko informazioa nahi diagu.

        — Esan dizuet, erreboltari samarra akaso bai —gaztea Errazkinen konplizitatearen bila saiatu da—, baina Mikel ez zen gaizkile bat.

        — Zerbait badakik, maripurtzil horrek. Eta esango egingo diguk, bai horixe. Edo lagunaren memoria lokatzetan arrastaka ibiliko diagu bestela. Heuk ikusi.

        — Idazle totaltzat zuen bere burua Mikelek. Zera esan nahi dut, ez zela konformatzen errealitatea jaso, interpretatu eta hura transkribatzen. Fikzioak, bere iritziz, errealitatea imitatu, puztu edo deformatu zezakeen beharbada, baina sekula ez transformatu...

        — Hi, Shakespeare, ez zakiat idatzizkoa ondo ulertzen duan, baina ahozkoa zipitzik ez. Gu ez gaituk solasaldi literario batera etorri, aditu?

        Eta eskerrak!, pentsatu du Errazkinek, bere baitara bilduta. Emaztea Martutene nobelarekin ikusten zuenetan iruditzen zitzaion, Euskal Herriko etxe bakoitzean paperezko halako adreilu bana egotera lur zorua zulatu eta Australiara eroriko ginatekeela denok. Asko irakurtzen du Teresak. Saizarbitoriaren liburutzar horri lotuta zebilen etxetik bazihoala esan zion egunaren bezperatan. Nahikoa lan bazuen gaixoak ohean etzanda zegoela bi besoekin liburukote hura eusten. «Zertaz da?», galdetu zion interes handiegirik gabe. «Harremanez», erantzun Teresak, lehor; «nitaz ere bai; ematen du autore honek beste inork baino hobeto ezagutzen nauela». Errazkinek ez zuen gehiago galdetu. Oheko bere erdirantz jiratu zen. Teresaren arrapostuak inplizituki adierazten baitzuen ez zuela emaztea ezagutzen. Ideia honi bueltak ematen lo hartu ote zuen ez da gogoratzen. «Nola jakin ote dezake 50 urteko emakume minbizidun bati buruan dabilkiona?».

        — Uztak literatura alde batera edo zaplazteko batzuk emango ditiat.

        Errazkinek uxatu egin ditu oroitzapenak, Madariagaren mehatxuak beretzat direlakoan.

        — Mikelek errealitatean eragitea bilatzen zuen beste ezer baino gehiago. Lurrikara edo uholde batek higiarazi dezakeen eran, alegia. Eta horretarako hitza baliatzen zuen, ez indarkeria. Inkonformista patologikoa zela esatera ausartuko nintzateke, eta gizartea lozorroan zegoen ustea zeukanez, berau astindu eta suspertzea zuen helburua. Inor gutxik egiten zion kasu, ordea, eta ez dut ukatuko horrek aztoratzen ez zuenik, baina burutzen zituen ekintza guztiak adimentsuak ziren, baketsuak.

        — Esate baterako?

        — Pintadak egiten genituen elkarrekin. Eta badakit, berak hala aitortuta, noiz edo noiz bestelako ekintza potoloagoak egiteko ideiak ere izan zituela: eliza barruan esne kondentsatuz betetako kondoiak sakabanatu, hildako animalien errai odoltsuz kirol elkarteen fatxadak zipriztindu, Puppyren azpialde loreztatua gorotzez kakaztu... KZE... Kontzientzia Zirikatzeko Ekintzak. Begira, Mikel gerran zegoen, baina bakezalea zen.

        — Gerran? Noren kontra?

        — Guztiaren kontra. Apatiaren kontra, ustelkeriaren kontra, konformismoaren kontra.

        — Eta hi haren kausari lotu hintzaion.

        — Bestelako arrazoi batzuek eraman ninduten Mikelen aldera. Baina bai, gutxienik babestu eta hauspotu ere egiten nuen haren ahalegina. Justua iruditzen zitzaidan orduan eta hala iruditzen zait orain ere.

        Gazteari adorea berriz ihesi joango zaion susmoa hartu du Errazkinek, bat-batean burua telebistara jiratu eta dardarka hasi baitzaizkio ezpainak. Hara eraman du begirada Errazkinek ere. Ez luke mutikoa berriz negarrez ikusi nahi. Negargarriagoa da, ordea, pantailako ikuskizuna: merkatu zabar bateko erakusleihoan baleude bezala, norbere burua saldu nahian ari baitira platoan bildutako neska-mutil ozar batzuk modu aski patetikoan.

        — Bistan da, minbiziak jotako gizartea da gurea —esan du tabernariak, epaiak irakurtzen diren tonu solemnearekin.

        Errazkini horixe zaio mingarriena: Teresak minbizia ere berarekin batera eraman izana. Gaitzak egiten baitzituen bien arteko zubi lanak, eta ozta-ozta egin hori ere, hitz ozenegiek eta isilune zorrotzek bitan zatitua baitzeukaten inoiz konpartitutako espazioa. Bata bestearengandik banatuko zituen horma eraikitzeko erabiltzen zituzten elkarri botatako esaldiak eta kolkoan gordetako ihardespenak: destainez («zuk ez zenuke ulertuko», eta halakoak). Mintzeko arrapostu egokien bila ibiltzeaz ere nagituta, mespretxuzko aieru miserableak erabiltzen zituzten munizio gisa, nor bere lubakian gotortuta, borrokan zergatik ari diren ahaztu duten bi soldaduren antzera. Birikatako minbiziak hitzartu gabeko tregoa ekarri zuen birrindutako larre haietara. Eta garai hobeen malenkoniak bultzatutako ilusio txiki bat ezarri biengan, otsaileko lehenengo eguzki printzek udaberria iragartzen duten eran. Batak bestea zeharretik begiratuz izanda ere, besotik helduta egin zituzten hastapeneko kimioterapia saio haiek. Teresari, baina, ilearekin batera erori zitzaion zuhurtzia: barealdi sosegatu hark arrazoia katramilatu, nonbait, eta etxetik bazihoala adierazi baitzion ohar baldar baten bitartez, medikuak apenas urtebete gelditzen zitzaiola iragarri eta gero.

        Gogoan du Errazkinek nola egin zuen bere buruaz beste kuadrillako lagun batek duela hogeiren bat urte. Emaztea eta bi alaba utzi zituen, ez bestelako ohar edo argibiderik. Maiz pentsatzen du Errazkinek haiengan, zeintzuk ote diren abandonatuta gelditu diren ahaideen sentimenduak. Bereak diren gisakoak ziurrenik: gorrotoak eta ulertezintasunak eragindako harriduraren arteko nahaste pozoitsua. Teresak ere ez baitzion Errazkini deus adierazi edo leporatu, bazihoala idatzi baino ez papertxo triste batean. Mespretxuzko mezu kriptikoa: «Eguzkiaren argitasuna behar dut. Bakardadearen atsegina».

        —Ea, Pavarotti, hasi hadi kardantxiloa bezala txioka... edo gaizki pasatuko diagu denok.

        — Baina nik...

        — Hik K Taldearekin nola edo halako erlazioa daukak. Eta hemen gauzak bi modutara konpon litezkek: edo dakiana aitortzen duk eta barrabaskerioi nolabaiteko zilegitasun teorikoa ematen diek, edo bihurrikeria irrigarri baten kolaboratzaile lerdo legez pasatuko haiz historiara. Heuk ikusiko duk, baina ohera lotutako lagunaren borroka ezerezean geratzea nahi ez baduk, lehendabizikoa aukeratu behar huke. Beraz, ganorazko zerbait entzun nahi diat.

        Mutilak harrotasunez mintzatzeko erabakia hartu du. Gudari bat da.

        — Julia da K Taldearen 2. Asanbladaren zerebroa, Mikelen neska-laguna zena. Hark egiten ditu komunikatuak. Eta bai, biok egin genuen Iraleren aurkako ekintza, Mikelen omenez eta haren borroka ez dadin ahanzturan desegin. Eta aldarrikatu gabeko beste hainbat akzio anonimo ere bai: bidai agentzia, banketxe eta telefonia konpainia denden aurkako sabotajeak, besteak beste. Parean egokitzen zitzaizkigulako eta bazterrak nahastearren, ez beste ezerengatik. Publikotasunean babestutako kultur egitura baztertzailea dugu berez jomugan, horri egozten dio-eta Juliak Mikelen egoera penagarriaren ardura. Ez haien gutxiespenak arrangura suntsigarria sorrarazi ziolako, bizitzarekiko Mikelen asperdura hiltzailearen kausa zirelako baizik. Egitura endogamiko itxi horren tiraniak gogoa ihartu eta ilusioz hustu zuen gizagaixoa. Gu guztion axolagabekeriak sostengatzen duen estruktura saldu horrek, hain zuzen.

        Negarrez hasi da berriz mutila. Liberazioz isuritako malkoak iruditzen zaizkio Errazkini, herentzian jasotako zorrak kitatzen direnean askatzen ditugunen modukoak; irriño lasai emantzipatua ernarazi baitiote gazteari.

        — Gerediaga Elkartearen egoitzari Mikelek eman zion su.

        Errazkin hunkitu egin du gaztearen erretolikak. Auskalo zenbat denboraz ezkutatutako maitasun jada antzu horren errebindikazioa miresgarria iruditu zaio. Ez luke jakingo esaten bietako nork izan dezakeen zorigaitzari kontu eske hasteko motibo gehiago, umiliatutako bi gizagaixo baitira biak azken finean. Mutilarenganako sinpatia amultsu bat sentitu du, hondoa jotako desesperatuen artean ematen den baldintzarik gabeko kidetasun puru hori.

        — Non aurkituko diagu Julia delako hori?

        — Bilboko Domine hotelean. Harreragilea da.

        — Hiru eurorekin iristen da kafea ordaintzeko —txanponak bota ditu Madariagak.

        Pentsakor gelditu da gaztea une batez, baina ez bi kafeen kontuak egiten.

        — Atxilotuta al nago?

        — Neskari deklarazioa hartu ondoren —esan dio Errazkinek— erabakiko dugu.

        Ados dago Madariaga.

        — Esaiozue Mikelengatik egin dudala —eskatu die tabernariak—. Herioren aurreko bere errendizioaren zergatiak argitu eta haren memoria errebindikatzearren...

        Euria egingo duela ez dago dudarik. Salgai dioten kartelek ordezkatu dituzte presoak etxeratzeko afixak balkoietan. Gizonezko batek kartoiak bota ditu edukiontzi urdin batean. Bizikletan doan haur batek txirrina sakatu du bi bider. Errazkin zorabiatuta sartu da kotxean. Madariagak hartu du bolantea.

        — Zer esango diat, ba, pena apur bat ematen zidatek bi kokolo hauek —esan dio Madariagak autopistan, kidea abstrakziotik ateratzeko asmoz—. Munduaren gabeziak eta ustelak ekintza patetiko horien bitartez salatu nahi izateak asko dik poetikotik eta eskuzabaltasunetik, ezta?

        Teresari barrenean kabitzen zitzaion mundua. Gizarteko injustiziek azala urratuko baliote bezala jokatzen zuen behinik behin. Ez zien aterperik ematen besteengan ametiezinak iruditzen zitzaizkion kontuei. Horixe esan zion hitzez hitz duela hilabete, diagnosia eta gero: «Okerrak ez du hanka motzagoa norbere etxean bizilagunarenean baino». Errazkinek (zuk ez duzu ulertzen) erantzun zion noski, txikikeria hark ez baitzuen kontriziozko damurik merezi. Saiatu izan balitz ere, gainera, entzungor ziurrenik Teresa, mundua bere konplexutasunik gabe anparatzen duenak ezin du-eta zuriaren eta beltzaren arteko espektro zabala konprenitu. Jainko maitea! Zer demontre zuen eroskeriak txarretik baldin eta horrek beraien bizitzak samurtzeko aukera ematen bazien? Tratamendu esperimental esperantzagarri bezain garestia ahalbidetzeko erabili nahi zituen legez kanpoko amarruak; ados, eta? Teresak ez zuen, ordea, arau-hauste potoloen eta arinagoen arteko bereizketarik egiten, denak zitzaizkion larriak eta iraingarriak. Ez zuen uste, ezta ere, helburu onak edozelako bitartekoak justifikatzen zituenik. «Jasotako onuraren araberakoa eta beti ere malgua da», Teresaren arrazoi zorrotzaren aburuz, «ustelkeriaren kontzepzioa». Ondorioz, zirenak zirela lege hauste horrek ekar lekizkiokeen abantailak, ustelak beti ustel. Kakatzarra! Lokaztutako zingiran palastaka sekula ibili ez denak zer ote daki lohiaz?

        — Tratatu ezak samurtasunez Julia hori —eskatu dio Errazkinek Madariagari—. Ez diat zakarkeriarik nahi. Ondo begiratuta, egin duena egitea beste erremediorik ez dik izan.

        Madariagak harriduraz begiratu dio. Ez du bat-bateko biguntasun hori ondo konprenitzen. Gizon latza baita Errazkin izatez, anker samarra sarritan.

        — Zertara dator hori?

        — Ez zagok ezer azaldu beharrik. Egintzak agindutakoa eta listo!

        Errazkini zaila egiten zaio Juliarekiko sentitzen duen mirespena adieraztea, Teresaren antitesia iruditzen zaionez, ihesi joandako emaztearenaganako sentitzen duen suminaren parekoa baita Juliarenganako sinpatia.

        — Gizagaixo torturatu baten itzalean bizitzea egokitu zaiok. Eta hala eta guztiz alproja horren memoria gurtu nahian zabilek. Errespetu bat merezi dik.

        — Mendeku hutsez ari duk ordea...

        Frakasatu baten itzalpean bizitzera kondenatutakoaren leialtasun eterno hori nahi luke beretzat Errazkinek. Penatu egiten du gizagaixo torturatu hura ezagutu ez izanak, uste baitu eduki behar zuela Mikel zelako horrek nolabaiteko erakarmena, halako atxikimendu fidelak sortzeko.

        — Emaztea eta biok txarrean geundean. Bahekien hainbeste. Minbizia zaukak Teresak. Etxetik alde egin dik. Utzi egin naik. Ostatu eman behar didak. Ezin diat bakarrik bizi —esan du Errazkinek Malmasingo tuneletik irten direnean.

        Pozik hartu du Madariagak ilunpearen amaiera.