Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Karrikaren bestaldean

 

 

Krudelkeria atseginetara erori nintzen, eiki; hain zen tentagarria.

        Egun erditan, aspaldiko partez, elkar gurutzatu genuen, nor bere tropekin, bakoitzaren bizien bilakaeren adierazle eta egin bideen lekuko. Ustekabean, karrikaren bestaldetik iragan zinen. Keinurik gabe, hitzik gabe, harrotasun bapore artetik. Batak besteari ez genion behakorik luzatu. Zeren errateko? Holakoak dira ohekide ohien arteko topaketak.

        Zertan ginatekeen beste gisa batez gertatu izan balitz dena? Ausart nadila: berdin zait jada. Sekulan maitatu izan baninduzu, dagoeneko aspaldian ez zintudan aiher.

        Horra non, nonbaitik ere, ostatu berean sartu ginela eta leku usaian nekez betea, hertsiegia bilakatu zitzaigula. Sustut zuri. Kilikatu ninduen zure elekatzeko tirriak eta ez nion luzaz eutsi ahal izan. Gauza gutxitarako alabaina; batez ere hurbiletik preziatzeko zure begietako zauria, bi erantzunen artetik behako beltzek agertu pozoia eta politeziaz luzatu solasen harira, korapiloz korapilo, hitz trabatu bakoitzaren atzetik aireratu usain berezia, mespretxu eta jelosiaz kargatua. Jubilazio puntu bat eragin zidan, nork bere zorionaren eta betetasunaren oihartzuna, jada mendekuarena ere ez zena. Erdi totelka lerrokatu zenituen koplek bitxiki sonatu zuten eta ni poztu. Onartu beharra daukat, ederki moldatu zinen itxura ez galtzeko arte delikatu eta nekean.

        — Lan berrian nola moldatzen zara?

        — Badoa. Ez nuen sekulan asmorik ukan ene burua lurperatzeko aurreko hartan, badakizu.

        Ez nuen indar partikularrik egin, egia, zure bakardade momentu horren arintzeko. Bai, ozarra izan nintzen, erran daiteke futitua.

        Sartu bezala, atera ginen noizbait ostatu tipiegi hartarik, eta ez zitzaigun ez bihotzik erdiratu, ez haserrerik piztu, ez deus.

        Baiki, plazer handia zure berriz ikustea.