Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Bixkotxaren teoria

 

 

Astelehen goizez, lantaldea kafearen inguruan biltzeko tenorean, hitzik gabe mahaiaren erdian pausatu nuen bixkotxa.

        — Egunon! Kafea martxan jarriko dut?

        Aste hastapeneko buruek adierazi zuten, balantzaka, iradokizunari zioten onespena. Bakarrak erantzun zuen herabeki, jada gelaren beste alderaino iragana nintzela:

        — Azkarra. Eta anitz.

        Bixkotxa nihaurek prestatua nuen bezpera iluntzean, noski, nahiz eta ez arras kausiturik, komertzioan erosiak baino efektu hobea eragiten baitu beti. Jatekoak baino, barnean sartu dudan nihauren parteak baitu inporta.

        Aitzinetik ez nuen ahantzi kafearen prestatzea, pastelaren laguntzeko, inkasean, idorra baitzitekeen, eta oroitu zitzaidan ere batek ez duela kafea soportatzen, dutea hartzen duela.

        Momentua heldu zenean, denak bildu ginen gelan, mahaiaren inguruan. Eta orduan ez naiz gogoratzen xuxen zein izan ziren oharrak. Zergatik? Segur aski orduan agertu zena izan baitzen jende multzo bat, nehor ez kanpo, nehor ez besteak baino zati handiago edo tipiagoarekin: jale bakoitza bere lekuan, bat eginik pastelaren biribiltasunean eta, aldi berean, batasun horretatik bakoitza bereiz puska banatan, denak hazkurri beretik elikatuak.

        — A, enetako dutea prestatu duzu? Milesker.

        — Zer gertatu zaizu? Pozoitu nahi gaituzu ala? —galdetuko zukeen Ilune ohiko zirtolariak irriz.

        — Umm, goxoa da. Badu kanela? —galdetuko zukeen Anek, laster errezeta osoaz jakin nahiko duenak.

        — Nik ez dut maite kanela —erantsiko zukeen Txomin murrukutunak.

        — Bitxia da, iduri du ezarri duzula Ricard doia. Ala anis haziak? —ziokeen Ximunek—. Anis haziak ezkontzen dira edozein plateretan! Ohartu zarete?

        — Baliatu nahi nuke bi pundu aipatzeko zuekin... —abia zitekeen Jokin pragmatiko maitagarria—. Aurtengo ildoetan kokaturik ziren bi ekintzaren inguruko pundua egin beharko genuke...

        — Zaude! Ondotik eginen dugu. Ez duzue asmatuko Santi norekin gurutzatu dudan asteburuan... —holako zerbait erranen nukeen nik.

        Ez nuen aurreko eguneko kexaldiaz barkamenik eskatzeko tarterik atzemanen. Araiz mezua ulertuko zen pastel zatien artetik.

        Kafe xirripa bat, bixkotxa puska bat, solasez entretenitua, erronkarik gabe. Munduaren martxa zuzen lezakeen batasunerako ekimentxo goxoa.

        Bixkotxaren teoria frogatua da lantaldeetan, auzoan, biltzarretan, klaseetan, eztabaidak piztu eta noiztenka aski pisuak bilakatzen direnetan, besteekin gutxieneko harreman goxoen entretenitzeko, girorik ez denean edo gogo gutxi, korapilo asko, bost erranalditan botatu direnean sekulakoak bi minuturen buruko damutzeko, konfiantza ezari eta paranoia guziei ateak zabaldurik zaizkienean: horietarik bakoitzean. Zoritxarrez, ala zorionez, batez ere nola edo halako joera amnesikoak direla-eta, nahiz haserretzeko jite kontrolagaitzak, maiz errepikatzea eskatzen duen prozedura da.

        Horrelakoetarako da ona bixkotxaren teoria. Oroitarazteko funtsezkoa zertan den. Baliteke historian zehar, proiektu ederren eta kausituenek, beharbada bake hitzarmenek, aitzina egin izana deus gutxirengatik; agian matahami platerkada batengatik.

        Orijinalite gosez denak munta dezake bere aldaki propioa efektu berdinarengatik, aukera mugagabeak ditu horretarako: txokolate ontzi batekilakoa, etxeko atun kontserba batekilakoa, garagardo sorta batekilakoa, nahi dena.