Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Emazteen zakua

 

 

Saltegitik atera berria da usaian baino tenteago doan silueta. Ezin eutsiz, jadanik espaldatik behera zintzilik darama zaku erosi berria, gaineratekoak purtzupilka bildurik saltegiaren logoa daraman paperezko poltsan.

        Zaku berria. Ez tipiegia, ez handiegia, diskretua, poltsa anitzekin. Doia kario, honen saria inbertitu zitekeen ondoko oporraldiko bidaian, etxeko tresna zenbaitez jabetzeko. Bizkitartean, detaile hain eroso eta finak zituen non kasketaldia, gormandiza bekatua, arintzen baitzuten; huskeria baina ez hainbestekoa, uau! batean eramana.

        Ikusi orduko, lehen soan berean irudikatu zuen zer kokatuko zuen non, ikusi zion orain artekoek ez zuten elegantzia, praktikotasuna, ontsa ezkon zitekeela aitzineko astean erosi jantziekin, segurki inbidiak eta kuriositateak sor litzakeela, errentabiliza lezakeela errazki ateraldi eta besta orotan. Badira sakrifizioa merezi duten futilitateak: filosofia oso bat.

        Etxera heldu orduko, egonen zen beste doinurik.

        Espero izaten da etxera iraultza txikia ekartzea, berritasun bat tximeleta efektua eraginen lukeena, betikotasuna matahamia bezala itzulipurdika jartzeko. Baina ez.

        — Zertarako behar duzu hain handia? Zergatik hain kario pagatu? Zergatik larruzkoa? Zergatik orain? Zergatik beste bat gehiago? Zerekin betetzeko?

        Di-da, jada han dira denak, bazar harmoniatsuan: aspirina, mokanesak, moltsa, paperak, haurrarendako xatarra, boligrafoa, txikleak, ikastolako mezua, giltzak, tampaxa, erran gabeko bost egia krudel, postan sartzeko gutuna, hitzemandako bi afari, esparatrapuak, autobus txartela, behar dena hots.

        Eta mundua kasik xuxenago doa, emazte zaku bat dela, edozein gizonen gogoa bezain argiki antolatua.