Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

5

 

Ene sator-zilo hersian arras gaizki egin nüan lo eta goizanko seirak aldean jadanik xütik nintzan, begiak orano pausa eske nütüalarik. Larrainelat eraixteko ziren hamabi kilometroak, hüxtü bizian eraman nütüan, xoilik abiadüraren aizeak ene korpitz gogortüa nola iratzarazten züan senditzez. Hori bai, zinez laket zeitala patarrean behera lerratzea, doiaz baizik ez arresten hunkitzez. Beharrik, vttak arrestak hon zütüala, bestenaz mila aldiz, eroriko nintzan, zola finkorik gabeko erroitzetan barna. Plazera txeste ordüko, Larraineko plazan nindagon, arrabotean zen mobimentü ozenzüaz harritürik. Oso ahatzerik nüan, gainean, Erroimendi eta Üthürzeheta güneetan, gazodükaren lanak aitzina ba zoatzala, eta zale ba zoatzan audela, ihizteka sasuko eküratzekoak izaitez. Ez nüan Larrainen askiritako denborarik hartü, eta xüxen-xüxena Ligitik, Atarratzen gainti, Maulera hüilantü nintzan. Goizaren ejertarzünak katiastatü nündüan: bortü-tini apaletan lanoak biribilkan ba zabiltzan, eta Ühaitza hegietarik, lürraren gaü-loaren hatsa altxatzen zen. Gotaine trebesatzez, eki-arrasean, San Antoni kapelaren gibel xuriak zoratü nündüan, bere mendi kasko bilaizian bermatzen beit litzan, aldi berean ürgüilant eta ümil.

      Mauleko sargian, gosearen usukiak nabaritzen nütüan, sabel zokoan. Bürüa okertü nüan, eta ohartü nintzan, mezperan orano aidean zagon ikurriña gaztelüko harresietarik elki züela. Maradikatzen nütüan Mauleko hiriko langileak, urte oroz hola, gure sohakoen zorionaren bahitzea gatik, turixmoaren oldarra anpletzen zelarik. Negüko egün llabürrak, ikurriñaren miresteko edo amiatzeko paradarik gabe egari beharko güntüan. Ikurriñaren mentsak, ene gosea haboroxeago ildozkatü züan, eta apartamentüalat heltü nintzalarik, gazik ez nüala oritü nintzan. Ez nüan, etxeko gazaz pentsatzeko astirik ere üken, ene gogoa ata, gaz ixtorioz beterik zelarik. Halaz, laster, dutxaren petik iragan nintzan, ogi puzka bat jan nüan, eta vttaren ezkaratzean üztez, bülegoalat hoinez joan, üsatüzko bidetik. Eki-haseko aize hego arinak, porogatzen zeitan, arrunt beno arruntago abiatüko zirela, hiriko karrika güzietarik autoak, ütsüki, beren zerreginetarat «besoen» karreatzeko. Aldi hontan, Jeanne De Sibasetik nindoan, mürrüetan urte zonbait lehenago, kexü frankoz markatü grafittien irakurtez. Kantüko fabrikaren zurrunga horra zeitan beharrialat, eta abantxü zortziak zirenez, zotükatü nintzan, Ühaitz bazterretik, Peko Arrüako 76. zonbakiko ene aixolbealat.

      Bortütik jinez geroztik, ixiltarzüna nahi nüan. Irratiari mütütarzün inkaü bat eskentü neion, eta kafea beroarazi kanpinetan erabilten zen eletrikazko gazinierra batetan. Alabena zerentako jakin behar nüan zonbat estorbü agitü ziren gaüaz Eüskal Herrian, Frantzian eta Mündü Zabalean, zonbat sos emaiteko prest ziren estadoko aministrazale poteredünak erakünte kültüraler, zoin ikusgarri zagon Miarritzeko Festibalen Palazioan, eta zentako Mauleko rubi taldeak, laugerrenekoz bere partida galdü züan, Garazikoaren eretzean: axolik ez nüan. Ene ezkortarzüna, bortako txilintxa herotsak moztü zeitan. Junpa batez jeiki nintzan kaideratik:

      —Bai!

      Ate-artekatik, lotsor ütxürako emazte bat sartü zen. Misteri-Servicek igorten zeitan lagünzalea zatekean. Egosten ari zen kafe-ürrinak trebatürik edo, neska mintzatü zen:

      —Egun hun, Joana Garalda nizu.

      —Atxalaperdin!

      —Nurbait behar zuniala aituzut.

      —Bai phü. Nonko zira holako mintzajeareki?

      —Itzaltzuko. Lotsatrik nagozu.

      —Lotsatrik?

      —Bai. Bena ne ustian gauzak ederki elkiko dra.

      —Oü, oi!, oi!

      —Iduri zaida fite akomatren grela.

      —Alaxintxoia!

      Ahoa zerratü züan, izena Joana Garalda züala baizik ez nakianak. Ez nüan tütik entelegatzen bere eüskara bitxian, eta debrüetan harat igorteko inbea nükean inkomünikazione latzaz zatorren lagünzalea. Ene kexüa senditü bide züan Joanak, eta begiak lanoz üngüratü zeitzola ohartü nintzan. Ba zen gisala, Gazteizen ontsa pakatürik zagon Hizkuntz Politikarako Idazkari Nagusi bat, eta Zaraitzuar batek ez züan orano ahal konprenitzen ni bezalako ziberotar «berri» bat: zentako balio züan hpinak —ai Marikarmela!— galto egiten neion leiho hegiko txoriari. Ertzokerien baztertzez, bapatean oritü nintzan:

      —Bena Zaraitzun ez dea eüskara osoki galdürik?

      —Izan zu bai galdrik. Orai xardokitzen dizugu ainitz euskararaz ahalkerik gabe!

      —Ba dakidezü bestela ere elestatzen arauz?

      —Noski. Iruñean ikasi nuen!

      Atzamana nintzan: Zaraitzuarra edo Batua, biak arrotz beit zeiztan; alabena ni, amikuztar «arruntenetik» nüan xiberotar «txainküalat» iraganez, ez nintzan batere alfabetatürik. Ehelegatzen ari zen Joana:

      —No me aburraz kon tuz prolemaz linguiztikoz!

      Harridüra keinü bat markatü nüan, Joana Garalda, Amaia Ezpeldoien kolaborazalea larderiazü jarten zen artean:

      —Herri hauetan denbora frango higatzen da euskara moldeetaz eztabadatzen. Ez dut ulertzen. Ñiñiñi, ñañaña, eta bizkitartean erabiltze eskasez euskara galtzen ari zaigu. Ba dakizu zer?

      —Zer?

      —Ba, euskalduntze prozesoa indarrez eramaitea komeniko litzaigukeela!

      —E!, eta bakotxaren libertatea?

      —Herri bat gara ala ez gara?

      —Gira... teke bai phü.

      —Beti geroko geroan gabiltza. Umeak ikastolan sartzen ditugu, eta haiek behartzen ditugu guk egiten ez dugunaren egitera, euskaraz mintzatzera.

      Tenpesta aidea zen bülegoan. Ene bürüari hitzeman neion Joanaren begiak trebesatzen zütüan inazien gatik, indarñi bat konplitüko nüala, bai batuaz eta bai aste ürrentzeko, Zaraitzuarrez trebatzeko.

      —Nahi düzüa kafe koxia?

      Kikera bat eskentü neion eta so tzarrez erran zeitan:

      —Zer demongrio ote da? Kau zu kafea?

      —Bai... Zentako?

      —Fan giten ostatrat ordian.

      Obeditü nüan, eta Jojobarrerat jaitsi ginen. Bi kafe «hon» manatü eta ordaintü nütüan, kontuarrean xütik edan güntüanak. Jente güti zen tabernan, bena zoko batetarik entzün nüan emazte zahitüaren botza:

      —Lagün ejerrak ba dütüzü!

      —Bai, zonbait bai phü.

      —Eüskaraz ba dakia?

      Joana ützülkatü zen emaztearen aldealat eta bortitz ihardetsi zeion:

      —Bai anderea, badakit. Arturo Kanpionen ikasi nuan. Zer gehiago?

      Emaztea, beldürrez, bere mahainaren itzalean txipitü zen, eta ene kolaborazaleak, kikera trik-trak batez hüsten züalarik, «ükülak» erantsi zeitan:

      —Española... Terrorixta bat!

      —Bai phü, español bat, españolean dena!

      Joanari behako bat lüzatü neion, eta lehentze, alkarreki erriz elki ginen Jojobarretik. Traba linguistikoak laster gaintitürik ziratekelako xede fermüaz gain, ageri zen biek lankide pare terriblea eginen günüala. Bülegoan ttottotü ordüko, Xiberoko Botza piztürik, Gaxpar Büztanobiren desagertzearen eta Gazodükaren berri eman neion, baratx-baratxa. Solasa pausatzerakoan, erran züan:

      —Ontsa zu... ni faten nizu ttantta xaharraren ikustrat!

      —Ttantta ba düzü Maulen?

      —Otto eta Ttantta. Bela kalean bizi dra.

      Abandonü baten gisako zerbait senditü nüan bihotzean, Joana Garaldak bülegoko borta bere gibeletik hersi züalarik.

      Zoramen ezti batean nintzan, telefonak jauzi elibat egin züanean, ene ametsaren haustez. Ützi nüan bizpahirutan joitera, eta azkenean bekanikaren besagia altxatü:

      —Bai.

      —Kaixo.

      —Egün hon Barkoxe! —Haitz Zumetaren botza ezagütü nüan.

      —Mobileta lokalizatu dot. Arrokigako enparantzan harrapatuko dozu.

      —Arrokigako zertan?

      —Plazan. Zatoz bazkaritera gura badozu. Berba egingo dogu.

      —Ideia bat düzü. Jineko gütüzü!

      —Gütüzü?

      —...

      Haitz Zumeta izoztü zela ohartü nintzan. Han telefonoaren beste püntan xuritzen ari süsmatzen nüan, eta ene üdüriko, xuritzearen asotsa France Telekomeko beltzek lür-pean hedatü harietan barna iragaiten zen. Hürrünizkinaren besagiaren txilintxautzez, hozkailüalat abiatü nintzan, kontent, whisky ttilika batez ontzi txipiñiaren betetzeko. Klukez edan nüan godaleta, eta whiskyaren berotarzünak herxeak oro epeldü zeiztan. Hobe beno hobeki nindagon. Joana egürüki behar nüan xoilik, gero Barkoxerat joaiteko «asetzera».

      Mobiletaren herexak atzamanik —segürrez ere indize franko ba zen bürdüinan—, ene inkestaren lehen ürrats garrantzitsüena konplitüko nüan. Hipotesiak eraiki nütüan: mobileta Arrokigan balin ba zen, gazodükeko «esklaboak» ez ziren deüsetarako afera hortan, eta pentsüa, züala güti, hedexüriek desegin droga-sareko gaixtaginer joan zeitan.

      —Sosa ebatsi deioe kamaren erosteko!

      Hori zen. Halagisaz, korpitza nonbaitik azaldüko zen, eta nüan sendimentü azkarraren arabera, uste nükean, Gaxpar Büztanobi ez zela hilik. Ez zen Gaxpar bezalako gizon bat nolanahika —molde urbano auherrean— ahal zentzen. Büztanobiko amañiaren erraner fidatzez, Gaxparrek ba züan hiru gerla eginik bizirik eta minik gabe; berant arte, ote eta iratze epaiten arizanik zen dallüaz; eta ihiztari ezinago ausarta zen. Ondoramenez, mobileta sosarekilan, bortxaz eman züan droga-trafikanteer, eta bera, Basabürüko borda edo ola batetan zagon kükütürik, emaztearen erasien lotsaz. Mobileta de visü iküsiko nüanean, xeheki miazkatü ondoan, ene hipotesiak arra-hausnartüko nütüan.

      Aize basaren pare, Joana bülegoan sartü zen, ni «hipotesia» hitzak zonbat H merexi zütüan ari nintzalarik kalkülatzen. Herri hontan ba zen, geroago argiago agertzen zeitan hystheria bat orthographyari bürüz. Ogendant ginen hitz bat imaginatü, ahozkatü, edo izkribatü ordüko, mintzajeak lürra kitatzen züan artean. Azkenean, politika kontüak zütabetzat baizik ez züen debadio horietarik landa, ahalkez kasik, ixilik egoiteko tentazionea günükean. Joana eni so eküratü zen.

      —Ze ari zra?

      —H-az pentsamentükan nündüzün.

      —Hatsaz?

      —Bardin düzü. Ba goatzü Barkoxerat!

      —Guazen!

      Peko Arrüan zagon aspaldian erabili gabean, anaiak xaharxe izatez oparitü zeitan 4La xuria. Autoratürik, irratiaren buttua üngüratü nüan: berrien tenorea zen. Ez günüan katastrofe latzen aipamenik entzün, trahitze gorrien laüdoriorik ere ez. Ahal bezain ontsa ba zoan mündüa, —heltübada kasetalariak bere paperak galdürik beit zütüan!— eta gure sabelak gosez zinkaka ari ziren. Hokiko kürütxamentüala artino ez günüan hitzik elki. Joanak moztü züan eleüstarzüna, otto eta ttanttari egin zeien bijitaz erraitez:

      —Ongi dra... xahartrik anitz!

      —Nolaz dira Maulen?

      —Ba, badakizu... Len Zaraitzutik, Erronkaritik eta toki ketarik siten zren sasua egitra neskato ta motiko gaxuak. Zapatak sostrat edo oihal irutrat eta allikatzrat.

      —Maulerat?

      —Bai, bazitzun fabrikak. Bizpur hilabetez egoiten zitzun kemen, larrazkenetik bedatsialat, eta «Iñharak» zrela ziozien...

      —Kala bada, langile imigratrik zitzun?

      —Ni bezala mintzo zra orai Amaia?

      —Parka, ezkapi zitazüt.

      —Ezu zrik. Ttantta Juana sin zun 1930ean... Sasuko... ta Otsagiko Sidorokin ezkontu. Maulegainen bizi dra.

      —Azkaziak ba dütüzü beraz heben?

      —Bai. Patricia. Bena Pauen zu, frantsesa erakasten ne ustian.

      —«Iñharak»... ezer düzü!

      —«Iñharez» inbusitrik gra. Maulen ehortzi zun Erronkariko eta Zaraitzuko euskarara.

      Joanak trixtüra apür bat züan botzean, bena karkaza handi batez lehertü ginen, gure mintzajeek egarten züen mina ahatze nahiz. Barkoxe Bürgüako patarrean behera joaiten zen autoa, eta lühertzean, herriko elizako zeinüen aranak egüerdi markatü züan. «Iñharen» ixtorioa pollit zeitan, pollitago orano Joana Garalda ene kolaborazale jadanik baliosak kontatürik. Egiaren erraiteko, Maule gainean errotü ziren Basabürütik edo mügaz bestaldetik jin etorkinak, oso giro berezia sortzez eta beren gisako hizküntza baten moldatzez, aldi berean frantsesa, española eta eüskara nahastekatüz.

      Haitz Zumetak, Bürgüan alokatzen züan etxe aitzinean agitü ginen ondarrean. Joanak galto egin zeitan:

      —Nunko da Haitz?

      —Bilboko, hanko eüskaldün berrietarik.

      —Ze saltsa!

      —Lotsa zira ala?

      —Nula mintzatren gra?

      —Batuaz oizü!

      Haitz, autoko tüta entzünik, bortaldean agertü zeikün zoriontsü eta. Aitortzekoa zen, sükalteko leihotik ürrin zinez goxoak barrandatzen zirela:

      —Ze kozinatü deiküzü Haitz?

      —Txipiroiak.

      —Ze gaüza hona!

      Joana presentatü neion, eta biak bestaldekoak —enfin, hegoaldekoak— izatez, ja konplizitate seinaleak trükatü zütüen; nik, sükaltealat ihes egin nüan, txipiroien jateko kinkan ez beit nintzan gibel baratü nahi. Ene ondotik, Haitz eta Joana horra ziren, Arturo Kanpion eta Gabriel Aresti goresten zütüela. Txipiroiak zietaren barnen, Kanpionekilan Aresti elaire, Allande Oihenarten aipamenak ez hürrün: Barkoxen baizik ez zen holako irostarzünik ahal txestatzen. Biba Ahargo! Gora Kanbillu! ahapetik oihüstatzez lehen txipiroia bere enkre beltzareki gaintitü nüan.