Jende desegokia
Jende desegokia
2015, nobela
256 orrialde
978-84-92468-69-0
azala: Joseba Eskubi
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2011, nobela
 

 

 

 

Odile Moresi

 

 

 

 

Gonbita

 

 

Desegokituen Elkarteak gonbita egin zion Peter Zuazori «DESegokitu» izeneko jardunaldietan parte hartzeko. Jakinarazi ziotenez jardunaldi pluridiziplinarrak izango ziren, zeinetan ikuspuntu orotatik landuko baitzen izenak iradokitzen zuen gaia. Emailez iritsi zitzaion gonbita. Gonbit arraroa.

      Goizero gosaldu ostean irekitzen zuen posta. Ia beti gosaldu ondoren ze, baziren egunak goizak bereak emanda altxatzen zena ohetik. Beste batzuetan, ordea, goiza hastear zela jaikitzen zen. Ez zegoen jakiterik: izan zitekeen berandu oheratu eta ordu gutxiren buruan erabat esna egotea eta altxatzea. Eta izan zitekeen goiz oheratu eta eguerdira arte lo seko egotea edo erdi esna, inolaz ere ez behintzat ohea uzteko moduan. Alkohol ingestak ez zuen zerikusirik bere loaren luze-laburrean (gera bedi esanda), faktore ezezagunen menpe baitzegoen. Zientzia medikuak frogatua.

      Goiz esnatu zen egun hartan. Zazpiak ziren ezker oina alfonbran pausatu zuenean. Ohean jesarrita egon zen unetxo batez, kokotsa bularrean, sabela belaunetarantz aspaldi abiatutako bidean nola tematzen zen begira. Etxea egurasteko leihoak zabaldu ostean, irratia piztu zuen eta komunean sartu zen aski automatizatutako urratsei jarraituz. Sasoi batean albiste bat baino gutxiago irauten zuen txizaldiak, orain bizpahiru berri entzuten zituen parrastada egin bitartean. Gosaria ere mantso. Ordenagailua piztu eta dutxan sartu zen. Behin dutxatik irtenda, beti antzeko pausoak jarraitu arren, jada ez zen automata bat. Bizarra egin gabe jesarri zen ordenagailuaren aurrean. Mezu bakarra zuen postontzian, honela zioena:

 

      Kaixo, Peter.

      Desegokituen Elkartearen izenean, urte amaierarako antolatu ditugun «DESegokitu» jardunaldietan hizlari moduan parte har dezazun gonbita egiteko ohorea egokitu zait. Ohorea eta plazera.

      Hizlari bakoitzari honako hau eskatzen diogu: desegokitasuna era pluridiziplinarrean jorratzea eta uztailaren amaierarako aurrerapen bat bidaltzea Elkarte honetara. Hizlarien aurrerapenak ikusi ondoren, mahai-inguru bakoitzeko partaideak finkatuko ditugu. Gure xedea hitzalditik solasera igarotzea da, eztabaidaraino ahal bada.

      Zure parte hartzea biziki estimatuko genuke.

      Laster arte,

      Desegokituen Elkarteko Lehendakaria

 

      Gonbidapen bat jasotzea, gehienetan, poztekoa da eta poztu egin zen gure gizona. Gonbidapena hitzaldi bat emateko bada, gehienetan poztekoa da, norbaitek zerbait esateko duzula uste duenaren seinale delako. Gonbidatu zaituztenak ez ezagutzeak edo, bederen, hasiera batean ez jakitea nor izan daitekeen, badu kitzikagarritik, zergatik gonbidatu zaituzten ez jakiteak duen bezala. Elkarteko lehendakariaren mezuan diziplinak aipatzen ziren. Iragan ziren haren burmuinetik dozenatik gora, baina ez zuen aurkitu aditua edo sasiaditua izan zitekeen bakar bat. Horrenbestez, agian desegokitutzat zutelako egingo zioten gonbita. Hauek guztiak zerabiltzan buruan Zuazok, Googlen desegokituen elkartea idatzi zuenean. Bilatzaileak ez zuen ezer aurkitu.

      Ordenagailua utzi eta leiho ondora joan zen, kalera begira jartzeak pentsatzen lagun ziezaiokeelakoan. Kanpotik sartzen zen freskurak ongi egin zion. Itxi egin zituen leihoak. Jar zaitezke, kristala tarteko, kaleari so eta kaleko mugimenduak, edo mugimendu ezak, kaleak azken batean, uxa ditzake buruan dabilzkizun kontuak oro, hustu dezake burmuina atsedenean kulunkan utziz. Edo, gerta daiteke baita ere, zeure baitan barneratzen laguntzea, burmuinean dabilzkizun kontu horietan murgiltzea, pentsamenduak urkultzea. Zuazok ez zuen bere memorian Desegokituen Elkartearen arrastorik aurkitu. Aurkitu zuena bi edo hiru hilabete lehenagoko gertaera bat izan zen. Tipo haren bisita. Goizeko bederatzietan sinadura eske etorri zitzaion hura. Arraroa.

      Ezelako erantzunik eman baino lehen, elkarteaz zerbait jakin nahi zuen: nortzuk ziren edo, beharbada nor zen. Jardunaldietan nortzuek hartuko zuten parte, norekin partekatuko zuen mahaia hizlari jarduteari baietza emanez gero, non egingo ziren jardunaldiak. Mahaira itzuli zen eta, jakin arren zaila izango zuela ezer garbirik ateratzea, desegokitu jarri zuen Googlen. Bilatzailearen lau orrialde begiratu ostean, bertan behera utzi zuen bide horretatik ezer argitzeko ahalegina.

      Ezin zuen antzeman zergatik aukeratu zuten jardunaldi horietan parte hartzeko. Ondo jakin ez arren zer den, are gutxiago elkartekoentzat Zuazo izan daiteke desegokitua. Bai, jendartean egokitzeko zailtasunei egiten badie erreferentzia hitzak. Beste kontu bat da Desegokituen Elkarteak horren berri izatea: Zuazo, desegokitutzat, desegokitzat agian, izatea. Ez du bere burua plaza gizontzat. Duela hogeita hamar urte poesia liburu bat plazaratu zuen, ahazteko modukoa bere aburuz, inoiz ez lukeena bere curriculumean jarriko. Berrogeita bat ale saldu ziren eta hedapen mugatu horrek lasaitasuna ematen dio. Hamar urte geroago ipuin liburu bat argitaratu zioten, ohiturari jarraituz ipuinetako baten izenburua zeramana. Ipuin hau Ttu-Ttuá aldizkarian argitaratu zen hilabete batzuk lehenago eta, eremu txiki batean baino ez bada, zer esana sortu zuen, baita zalaparta bertan agertzen ziren pertsona batzuen artean ere. Honekin gusturago zegoen, argitara ematerakoan izan zituen helburuetatik bat behintzat osoki bete baitzuen. Kritikak ez zion egur gehiegi eman. Sekula ez zuen bi liburuon harira hitzaldirik eman, esan nahi baita, horien uhinak ez zirela urruti iritsi eta hasi orduko itzali zirela, arroz ale batek itsasoan eragin ditzakeenak nola.

      Postaria zen lanbidez Zuazo, gutunak banatzen ematen zuen ia goiz osoa kalez kale, atariz atari. Horrela izan zen ezusteko batek bere jarduna eten zuen arte. Ezustekoa autobus bat izan zen. Egun ahaztezin hura motoa hartzen zuen lehenengoa zen. Lankide baten gaixoaldi bat zela-eta, nagusiak banaketa eremua zabaldu zion, ondo zabaldu ere, azken muturreko txaletetaraino bidali baitzuen.

      — Eremu hori ez dagokit niri —ihardetsi zion nagusiari agindua entzun orduko.

      — Gomezek baja hartu du eta norbaitek joan behar du —erantzun zion nagusiak.

      — Badaude ni baino gazteagoak.

      — Zuk esperientzia handiagoa duzu, gazteenek maiz sartzen dute hanka.

      — Gazteagoak ez ezik, lanean ni baino geroago hasitakoak dira gehienak.

      — Begira, Zuazo —ekin zion nagusiak nekatzen hasi denaren aurpegia eta doinua jarriz—, ez daukat denbora gehiago galtzeko, har ezazu moto bat eta zoaz.

      — Ez naiz sekula motoan ibili.

      — Beti dago lehenbiziko aldi bat.

      Aski frogatua geratu zitzaion Zuazori aurretik uste sendoa zena, alegia, nagusia putakume galanta zela eta begitan hartuta zuela.

      Garajean, hala deitu badaiteke bulego ondoan zegoen trastez, sailkaezinak asko, betetako biltegi moduko hari, hiru moto zeuden, bat ere ez, itxurari erreparatuz gero, konfiantza emateko modukoa. Bat besteak baino arinagoa zen, Vespino bat, eta horixe aukeratu zuen Zuazok, bizikletatik hurbilago begitandu zitzaiolako. Azken batean, mutikotan ikasia zuen bizikletan ibiltzen. Beste kontu bat zen zer gogoratuko zuen hartatik hamarkada batzuk igaro ostean. Gerora, beranduegi, jakingo zuen erabaki okerra izan zela Vespinoa aukeratzea. Sartu zuen, nola edo hala, gutunen zakua motoak jesarlekuaren atzean zeukan kutxan. Behin motoan jesarrita baieztatu zuen norbere kokalekua aldatuz gero sentsazioak ere alda daitezkeela, hala orekari dagozkionak nola atearen tamainarekikoak. Oinak lurrean erabaki zuen biltegitik irtetea, motorra eskulekuetatik ondo bermatuta zeramala. Kalean erraza iruditu zitzaion hanka artean zeraman makina gobernatzea, lehenengo berrehun metrotan bederen. Horren ostekorik ez du gogoratzen.

      — Non nago? —galdera inozoa ze, begiak ireki bezain laster eta ahoa zabaldu baino lehen, konturatu zen ospitalean zegoela.

      — Ospitalean —erantzun zion ahots ezezagun batek.

      — Zer gertatu da? —galdera ez hain inozoa ze horretaz bai ez zuela arrastorik ere Zuazok.

      — Autobus batek aurrean eraman zintuen atzo goizean —argitu zion ahots erizaina izan behar zuenak.

      — Putakumea! —hitzok ebaki orduko konturatu zen bere solaskideak autobus gidariaz ari zela pentsatuko zuela, autobusaz beraz agian, baina Zuazok bulegoko nagusia zeukan gogoan. Balizko gaizki ulertua konpondu nahian, jarraitu zuen—: Ez diot autobusarengatik.

      Medikua zirudien emakumezko bat sartu zen gelan.

      — Oraintxe esnatu da —esan zion ahots ezezagunak.

      — Zer moduz, jauna? —galdetu zion sendagileak.

      — Eduki ditut egun hobeak —filmetako esaldia erabili zuen Zuazok.

      — Horretaz ez dut zalantzarik. Zer gogoratzen duzu?

      — Motorrean irten nintzela posta banatzera, hori da gogoratzen dudan azkena.

      — Hortik aurrerakoa azalduko dizut.

      — Eskertuko nizuke.

      — Lehenbizi zure egoeraren berri eman behar dizut. Buruan kolpe handi samarra hartu zenuen behea jota atzo goizean, eskubiko lobulu parietalean eragin duena. Ikusiko dugu zenbateraino, baina litekeena da ezkerreko besoan eta zangoan arazoak izatea. Horrez gain, eskubiko lepauztaia apurtuta daukazu eta zenbait urradura besoan eta belaunetan. Konorterik gabe ekarri zintuzten, gero sedazioak eduki zaitu orain arte lo.

      Begoña Garciak, hala irakurri zuen Zuazok sendagilearen mantalean, egoeraren berri eman ahala, soin-adarrak mugitzen saiatu zen Zuazo eta, Garcia doktorearen hitzekin bat etorriz, kostata mugitu zitzaizkion ezker besoa eta zangoa, baina mugitu egin ziren behintzat.

      Arratsaldean bi ertzain joan zitzaizkion. Kontatu zien bezperako bere lan jarduna istripua gertatu arte. Hainbat aldiz errepikatu behar izan zien, hitz batzuk ia-ia silabeatuz, txostenerako jasotzen ari zenaren idazketa abiadurara egokitzeko. Hortik aurrera gertatutakoaren berri eman zion polizia bikotean nagusiarena egiten zuenak.

      — Posta bulegotik berrehun eta berrogei metrora hogeita zortzigarren lineako autobusak jo zintuen atzetik. Zure abiadura orduko hogei kilometrokoa zen eta autobusarena hirurogeita bi. Autobus gidariak positibo eman zuen analisi toxikologikoan.

      Zuazok arreta osoz entzun zuen istripu txostenaren errezitazioa. Isilik geratu zen ertzainak amaitu zuenean, isilik eta harrituta, izan ere, bere motor-gidari abilezia aintzakotzat hartuta, ez zukeen aldez aurretik pentsatuko istripuaren beste partaidea izan zitekeenik erruduna. Isiluneak aurrera egiten zuela ikusirik, ertzainek alde egin zuten, nagusiak agur esan ostean, gazteagoa atzean zihoakiola libretan idatzitakoa irakurtzen.

      Hogeita hamasei egun egin zituen Zuazok ospitalean. Gurpildun aulki batean atera zuen zaindari batek etxera eramango zuen anbulantziaraino. Bi makulu utzi zizkion Osakidetzak maileguan. Itzuli zituenetik, handik pare bat hilabetera edo, makila bat darabil eskubiko eskuan ezkerreko zangoaren ahuldadea orekatzeko; ezkerreko besoaren, eta eskuaren eta atzamarren, makaltasuna laguntzeko ez dago gailu ortopedikorik.

      Elbarritasun agiria eman ziotenean, non ehuneko hirurogeiko minusbaliotasuna aitortzen zitzaion, posta bulegora itzuli zen lankideak agurtzera. Harrigarria suerta daitekeen arren bisita hura, berari ez baitzitzaion bakar bat ere bisitan joan ez ospitalera ez etxera, bazuen Zuazok xede argi bat. Guztiek erakutsi zioten elkartasuna eta onena opa izan zioten bizitza berriari aurre egiteko. Denei eskertu zizkien animo hitz haiek, bereziki nagusiari.

      — Langile eredugarria izan zara beti, Zuazo. Hemen gaituzu edozertarako, hemen nauzu.

      — Eskerrik asko, Barrenetxea, eskerrik asko —erantzun zion nagusiari, bulego osoak entzuteko moduan.

      Nagusiak, agurtzerakoan, besarkada beroa eman zion eta une hunkigarri haren gailurrean zeudela, honela esan zion Zuazok, goxo-goxo, ezpainak belarrian jarrita:

      — Berandu baino lehen ordainduko didazu, interes eta guzti, putakume ostia horrek. Zaindu une oro bizkarra eta aurretik etorriko zaizu erasoa, zaindu aurrea eta atzetik. Badakit non bizi zaren eta badut zure ondasun guztien berri, familia barne. Zureak egin du.

      Besarkada estu eta bero hartatik banatzen ari zirela, eskuak nagusiaren sorbaldetan oraindik eta honen aurpegia zurbilduz zihoala, gehitu zuen:

      — Eskerrik asko berriro ere, Barrenetxea. Egongo gara.

      Egin beharrekoa ondo egiteak ematen duen satisfazioarekin irten zen bulegotik. Urtero joaten zen osasun ikuskaritzara bere elbarritasuna zertan zen ikustera, alegia, ea hobera egin zuen eta lanera itzultzeko gauza zen ala okerrerako joera zuen. Ikuskaritzak portzentaia jartzen zion Zuazoren minusbaliotasunari, baina, zorionez, ez zuten lanerako gaitzat jo.

      Bere jarduera publikoa argitaratu zizkioten bi liburu haietara mugatzen zenez, apalategira hurbildu zen euren bila, haietan Desegokituen Elkarteak egindako gonbitaren arrazoiren bat aurki zezakeelakoan. Besaulkian jesarri zen, bi liburuak altzoan. Poesia liburuaren azala psikodelikoa zen erabat, koloreen nahaspila kraskatzailea, marra mehe eta okerrak, zipriztinak, eztandak; lasaitasuna izan ezik beste edozer transmititzen zuen. Uzkitik isuritakoak zioen izenburuak. Aspaldi desagertutako argitaletxe batek, Libertitzenek, publikatu zuen, Zuazoren poema liburua argitaratu eta lasterrera desagertua. Inork ezingo du frogatu liburua argitaratzearen eta argitaletxearen desagerpenaren arteko lotura. Ezta kontrakoa ere. Nahi ez zuen arren, ondo gogoratzen zituen poema haiek, batzuk goitik behera errezitatzeko moduan. Zabaldu zuen, bada, liburua, ausaz, eta bere olerki negargarrienetako batekin egin zuen topo:

 

            asfalto arrosan natza

            eguzkiari euri azidoa dario

            pauso motelez dator basurdea

            usaintzen dit hankartea lerdea dariola

            urrezko letaginak iltzatu dizkit eskrotoan

            barre egin dugu biok algaraka espaloian

            izan dezazula egun ona esan dit

            ezpainetan musu emanez

 

      — Redios! —entzun zuen bere ahotik—. Beharbada honen berri dute Desegokituen Elkarte horretakoek.

      Libertitzen argitaletxekoez akordatu zen, bertako alma mater izan zen Juan Ramon Gaztegiz bereziki. Adiskide izan ziren sasoi batean, aspaldiko sasoiak edonola ere, gerora denborak bere lana egin zuen eta bakoitza bere bidetik eraman. Argitaletxea desegin ostean ere bere inguruan ibilitako batzuk elkartzen ziren, bi urterik behin edo, afaltzeko, beti Jon Miranderen heriotzaren urteurrenean, abenduaren 28an, beti Gaztegik deituta. Hamabost urte inguru izango zen azkenekoz elkartu zirenetik, aurrekoetan ez bezala izen handiko sukaldari baten jatetxean konbokatu zituen editore ohiak. Afalkide kopurua ere jaisten joan zen urtetik urtera eta azkeneko hartan lau lagun baino ez ziren bildu. Kopuruaren beherako joera etengabeak izango zuen zerikusirik bilkura haien agonian, eta agoniak mahaikideen urritzean. Baita biltokiak eta gau hartako giro gozakaitzak berak ere, baina kontua da jatetxe hartan egindakoa izan zela azkena. Ordurako Gaztegi Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailean zebilen lanean. Lan hori zertan zetzan inor gutxi izango zen gauza zehazteko. Lehen bezala, hontaz eta hartaz barre egiteko joera izanagatik, erabat galdua zuen bere buruaz trufa egiteko ahalmena. Are gehiago, gainontzekoekiko sarkasmoa haren egungo egoera justifikatzeko tresna hutsa iruditu zitzaien Zuazori eta Lizasori, ziniko zekena deitu zioten behin solasa liskar bidean abiatuta. Epelde, diskordia hartako laugarrena, ez zen, ohikoa zuen bezala, Gaztegirekin lerrokatu. Ez beste inorekin.

      Dei ziezaiokeen, bada, editore ohiari galdetzeko ea desegokituen berririk bazekien, baina, azken enkontru hartakoak gogoratuta, baztertu egin zuen. Gainera, norbait desegokituengandik urrun ibiltzekotan hura Gaztegi zela pentsatu zuen, ez desegokituez ezer zekielako, egokituetan egokituena iruditzen zitzaiolako baizik.

      Birritan pentsatu gabe, beharbada oroimen haietan erabat murgilduta zebilelako, beharbada Gaztegirekin alderatuz bederen desegokitu samar iruditu zitzaiolako, nahiz eta izango ziren pare bat urte ez zuela ikusten, Lizasori deitu zion.

      — Ostia! Bizi gaituk, Peter? —entzun zuen telefonoaren beste aldetik.

      — Ez. Avernotik deitzen dizut, aspertuta nengoen eta. Zu zer moduz zabiltza?

      — Osasunez hobeto nahian eta diruz ezin okerrago.

      — Ez nator diru eske, zaude lasai. Ez duzu baina zerbait ahaztu? Osasuna, dirua eta...

      — Asmatu duzu, beste hori, erabat ahaztuta, alegia, ondo, horretantxe ondo.

      — Aizu, kontutxo batez galdetzeko deitzen dizut. Zuk ba al duzu Desegokituen Elkartearen berri?

      — Zer elkarte? —argi zegoen arrotza egiten zitzaiola izen hura.

      — Desegokituen Elkartea.

      — Lehenengoz entzuten dut. Interesgarria dirudi edonola ere. Proselitismoan ari zara ala?

      — Bai zera! Kontua da gonbidapen bat jaso dudala elkarte horretatik eta ez daukat ideiarik ere nortzuk izan daitezkeen. Zuk eman al diozu inori nire helbide elektronikoa?

      — Ez. Gonbidapen bat, orduan...

      — Bai, jardunaldi batzuetan hitzaldi bat emateko.

      — Ez da izango! Gero eta interesgarriagoa iruditzen zait. Nik uste dut honek guztiak merezi duela trago bat hartzea. Gera gaitezke nahi duzunean.

      — Ados, baina aurretik egin ezazu ahaleginen bat Desegokituen Elkarteaz zerbait jakiteko. Eskertuko nizuke.

      — Neure esku. Deituko dizut.

      Lizasorekin izandako elkarrizketak pozik utzi zuen Zuazo, elkarrizketaren adiskidetasun tonuak hain zuzen. Azken batean, ez ziren inoiz adiskide handiak izan, esan nahi baita ez zirela tête á têteko adiskideak izan. Gaztegiren bitartez ezagutu zuten elkar eta, euren artean halako sintonia bat antzeman zitekeen arren, ordura arte ez ziren sekula geratu trago bat hartzeko.

      Ordenagailura itzuli eta bere kontuan arakatzen hasi zen, ea jasotako eta bidalitako mezuen artean elkarteari bere helbidea eman ziezaiokeen norbait aurkitzen zuen. Baina arazo bat zegoen bide hori jorratzeko: mezu gehienak ezabatu egiten zituela. Kontaktuetan, bestalde, hamahiru baino ez zituen. Gutxi izan arren, ez zen lan erraza nori galdetu erabakitzea, batetik han agertzen zirenak ezin zirelako adiskidetzat hartu eta, bestetik, ez zuelako posta-truke handirik, ezta bestelako harremanik, zerrendakoekin. Zuazok ez zuen adiskiderik. Honetaz jabetzeak larritu egiten zuen sasoi batean, bakardadearen kontzientziak estutu egiten zion barrena. Inoiz antsietateraino eraman zuen. Beste sasoi batean gertatzen zitzaion hori, orain onartua ez ezik hobetsitzat dauka bakardadea. Hala zirudien behintzat orain dela gutxira arte.

      Markitos tabernan jarri zion hitzordua Lizasok. Kokapenaz argibideak eman behar izan zizkion, Zuazok ez baitzuen ezagutzen. Nahiko animatua iruditu zitzaion bertara sartu zenean. Lizaso mostradorean aurkitu zuen tabernariarekin solasean. Besarkada batez eman zion ongi etorria.

      — Honako hau Peter Zuazo da. Taberna-zulo honetako nagusia: Agustin Abaroa —egin zituen aurkezpenak Lizasok.

      — Urte askotarako. Irakurri nuen zure ipuin liburua, gustura —konplitu zuen tabernariak.

      — Eskerrik asko. Atsegina dirudi zure tabernak.

      — Utz ezazue koipea. Atera itzazu gintonic bi —moztu zuen Lizasok eta, Zuazori zuzenduz, jarraitu zuen—: Dei batzuk egin ditut, baina ez dut ezer atera ditxosozko elkarte horri buruz. Hemen, agian, jakin dezakegu zerbait, hona etortzen den jendilajea ez delako, ez, oso egokia.

      Abaroak, baina, ez zekien ezer elkarteaz. Hala eta guztiz ere, lagundu nahi zuelako edo, besterik gabe, afera kitzikagarria begitandu zitzaiolako, bere lagun bat aipatu zien, Aitor Kondia delako bat, sarritan etortzen zitzaiona tabernara eta horrelako kontuez, «horrelako kontuez» misterio aire batez ahoskatu zuen, zerbait jakin zezakeena. Azalpen hauek amaitu orduko telefonoz deitu zion Kondiari eta honek baieztatu zion iluntzean agertuko zela tabernan.

      — Eta noiz da, bada, iluntzea? —galdetu zion Lizasok tabernariari.

      — Ordubete barru —erantzun zion Abaroak erlojuari begiratu ostean—. Afari-meriendatxo bat presta dezakegu. Jakingo duzue patata tortilla bat egiten, ezta? Sukaldean daukazue behar duzuen guztia.

      Bakoitza bere gintonica eskuan, sukaldera sartu ziren Zuazo eta Lizaso. Patatak zuritzen hastearekin batera tabernaria joan zitzaien beste gintonic banarekin. Lehenengo patata zuritzen ari zela ebaki bat egin zuen ezkerreko atzamar lodian Lizasok. Gintonicari egotzi zion istripua, baina, ikusita nola zerabilen aiztoa eta nola eusten zuen patata, Zuazoren ustez gehiago zen esperientzia ezaren ondorio. Bistakoa zen beste batek prestatutako otorduak egiten zituela. Sendatze lanak amaitu zituenerako patata eta tipula txatalak zartaginean ziren oliotan eta arrautzak irabiatuta zituen Zuazok.

      Dena prest zeukatela, bigarren gintonica amaituta, Abaroa sartu zen sukaldean eta atzean gizonezko garai bat, alkandora estu bat soinean eta patillak ia kokotseraino. Aurkezpenak egin zituen tabernariak.

      — Irakurri nuen zure ipuin liburua —esan zion Kondiak Zuazori bostekoa ematean. Eta Lizasori zuzenduz—: Inoiz ikusi dugu elkar hemen, uste dut.

      Zuazo poztu egin zen Abaroak esan zionean irakurria zuela bere ipuin liburua. Orduan erreparatu ez bazuen ere, bi ezezaguni bere liburu bat irakurri zutela entzuten zien lehenengo aldia zen. Egun berean gainera. Poza handiagoa izan zen Lizasori horrelakorik ez ziolako aitortu. Azken batean Lizaso idazle nahiko ezaguna zen, bazituen bost nobela argitaratuta, beste hainbeste poesia liburu, narrazio laburren bilduma bat eta, Zuazoren irudikoz, sobera handiustea zen aforismo liburu bat. Bera ez bezala, jardunean zegoen idazlea zen, gaurkotasuna zuena, gaurkotasunean zebilena. Ez zen idazle mediatikoa, baina egunkarietan ere idazten zituen noizean behin kolaborazioren batzuk, literatur gaiekin loturikoak gehienetan.

      Kondiarengandik Desegokituen Elkarteaz inolako arrastorik jaso ez izanagatik ere, gau atsegina izan zen Zuazorentzat Markitosenean igarotakoa. Arabar Errioxako ardo gazteak lagundu zion tortillari eta, kafeak hartu ostean, gintonicak itzuli ziren oparo. Larrutu zuten bat baino gehiago, tartean Gaztegi, eraman zuten solasa kontu ustez sakonetara, tartean literatura eta politika, goraipatu zituzten, mozkorraldi arruntetan usu gertatzen den moduan, adiskidetasuna eta askatasuna, Kondia eta Abaroa hurbildu ziren, baina hurbildu baino ez, ika-mika irristakorren batera, gonbidatuekiko begiruneagatik ozta-ozta saihestu zutena, Kondiak behin baino gehiagotan agertu zuen Zuazoren poesia ezagutzeko gogoa eta behin ere ez zuen aipatu Lizasoren idazlanik. Eta, nola ez, zerbait dagoela jakinda zer den jakin gabe izan daitekeenaz jarduteak eman ohi duen kitzikapenaz, hipotesi burutsuak zein burugabeak egin zituzten Desegokituen Elkartearen gainean. Kondiaren hipotesiaren arabera, psikiatriko baten izan zezakeen abiapuntua elkarteak, han bat egindako lagunez osatua. Oraindik erotasuna jenialtasunarekin lotzen duzu, antipsikiatriaren garaietan geratu zinen, esan zion Abaroak. Honen ustez, esnob kuadrilla bat izango zen, asperdura borrokatzeko, badmintonean jokatu beharrean, topaketa batzuk antolatzen zituena. Autolaguntza talde bat, menturaz, iradoki zuen Lizasok. Bateragarria zena Kondiaren hipotesiarekin, honen jenialtasun aura desegiten zuen arren. Azkenean, hipotesi bat baino gehiago susmo bilakatuta, Peter Zuazok agindu zien jakin bezain pronto emango ziela elkartearen berri. Ez zuen agindutakoa beteko.

      Zuazok taxi bat hartu zuen etxera itzultzeko eta eguerdia pasatuta esnatu zen, ajeturik eta pozik, aspaldian ez bezala. Pozarekin nahastuta, dosi txikian bazen ere, desasosegu printza bat zebilkion barrenean. Biziki ondo igaro zuen gaua lagunartean, urteetan egin gabeko ariketa.

      Ohetik jaiki orduko, bezperako peskizen antzua gogoan, gonbitari erantzutea erabaki zuen, Desegokituen Elkarteko lehendakariari letra batzuk etzatea emailez.

 

      Lehendakari txit agurgarria.

      Ohore bat da niretzat zuzentzen duzun elkarteak antolatu dituen jardunaldietan parte hartzeko gonbita jasotzea, aitortu behar dudan arren ez dudala ezagutzen. Horrenbestez, ezer baino lehen, zu(r)ekin harremanetan jarri nahi nuke, ahal balitz alegiazko mundu honetatik kanpo.

      Adeitasunez,

      Peter Zuazo

 

      Luze egon zen dutxan. Ur beroa lehenengo, gero eta beroago, erre arte ia-ia, epelerantz soseguz, hotza, hotzena, azalaren azalera osoa gorritu arte. Berrituta irten zen. Gero eta denbora gehiago eskatzen zioten zaharberritze lanak bukatuta, ordenagailua itzaltzeko asmoz hurbildu zen idazmahaira. Desegokituen Elkarteko lehendakariaren erantzuna zuen. Itxura guztien arabera ordenagailuaren aurrean harrapatu zuen Zuazoren mezuak eta berehala erantzun zion. Lakoniko.

 

      Jaun agurgarri hori.

      Purgatorioan elkar gaitezke. Afaloste guztietan izaten naiz bertan. Nahi duzunean etorri.

      Desegokituen Elkarteko lehendakaria.

      P.S. Purgatorioa Mahatserriko hilerriaren aurrean dago.