Iazko hezurrak
Iazko hezurrak
2014, nobela
384 orrialde
978-84-92468-65-2
azala: Lander Garro
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
Iazko hezurrak
2014, nobela
384 orrialde
978-84-92468-65-2
aurkibidea

Aurkibidea

LEHEN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio

Ilaretan

Bodrogiren zuhaitzak

Umeen alde

BIGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio

Hamar txakur

Etzanda

Hirugarrena

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio

Izaretan

Ez kantu guztiak

LAUGARREN ATALA

Erosi: 21,85
Ebook: 3,12

Aurkibidea

LEHEN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio

Ilaretan

Bodrogiren zuhaitzak

Umeen alde

BIGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio

Hamar txakur

Etzanda

Hirugarrena

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio

Izaretan

Ez kantu guztiak

LAUGARREN ATALA

 

 

HIRUGARREN ATALA

 

1994 hartako iluntze batean lo gelditu zen Irene Arrias telebista aurrean, amaren ondoan. The Towering Inferno ikusten ari ziren, gaztelaniaz, El coloso en llamas. Irene ama baino adiago, josten ama, Paul Newmani begira Irene, tentsio apur batekin ere bai, tentsio gozo bat. Loak hartu zuen Irene une batean beraz, baina konturatu ere ez zen egin lotan gelditzen ari zela, ametsik gabe, gero gogoratzeko ametsik gabe behintzat, lo idorra beharbada.

        Kolpean esnatu zen halako batean. Sua ikusi zuen telebistan, jendea korrika, Paul Newman, Steve McQueen. Horri begira zegoela, burua guztiz nahastuta zuen Irene Arriasek, ez zekien non zegoen, irudiak nahastu egiten zitzaizkion buruan, guztiak espazio berean baleude bezala, pelikulakoak, egongelakoak, aktoreak, ama, sua. Gertatu izan zitzaion beste noizbait, nahasmendu hura, baina segundo gutxiko kontua izaten zen, lau, bost, berehala jartzen zen guztia bere lekuan, berehala orekatzen ziren gauzak. Desberdina izan zen orduan, telebista aurrean, Paul Newmanen aurrean. Burua nahastuta jarraitzen zuen Irenek lehenengo momentua pasatuta ere, ezer ez zen bere lekura itzultzen, ezer ez zen orekatzen, esnatu berriko nahasmenduarekin jarraitzen zuen, guztiz esna egon arren, zorabiatuta ia. Amari begiratu zion, ez zen ezertaz ohartu, urduri jartzen hasi zen Irene.

        Gauza batzuk argi pentsatzeko kapaz zen oraindik hala ere, nahasmendua gorabehera. Garunaren zati batek ondo erantzun ahal zion oraindik, eta une batean pentsatu zuen hori izango zela bere burua beharbada egun horretatik aurrera, gau horretatik aurrera, nahasmendu horrekin, argiegi pentsatzeko aukera ematen ez ziona. Ulertu zuen ezin izango zuela gehiago lehengo moduan pentsatu, lehengo moduan erabaki, orain zegoen bezain galduta egongo zela beti, Paul Newmani begira, egongelako leihoei begira, amari begira. Bertigo moduko batek harrapatu zuen orduan, ohartu zelako burua zela Irene Arrias batez ere, buruari begira egon zela hogeita hiru urtez, eta buruari begiratzea beste erremediorik ez zuela lanean hasten zenean ere. Imajinatu ere ezin zuen egin zer egin zezakeen burua okertzen bazitzaion, nahastuta jarraitzen bazuen orain bezala, pantailari begira, Paul Newmanen arropei begira.

        Baina besterik uste izan zuen arren, hirugarren minutua bete baino segundo batzuk lehenago itzuli zen Irene bere onera, joan egin zitzaion nahasmendua, betiko moduan hasi zen berriro pentsatzen. Bertigo hori geratu zitzaion hala ere: zer egingo zuen beste nahasmendu batek harrapatzen bazuen, nahasmendu luzeago batek, atzera egingo ez zuena, onera etortzen utziko ez ziona. Imajinatu ere ezin zuen egin, ez zuen imajinatu nahi. Momentuz natural pentsatu ahal zuen berriro, larritasunik gabe begiratu ahal zion Paul Newmani, amari, amaren josturari.

        Lizentziatura azterketaren emaitza begiratzera joan zen Irene handik egun batzuetara, unibertsitatera, Deustura. Ez zen goizetik joan behar, lasai hartu zuen: dutxatu egin zen, denbora asko ere egin zuen dutxa azpian, gehiegi ere bai, bakarrik zegoelako. Dena xaboitu zuen, azterketa eguna gogoratu zuelako beharbada, izerdi usaina. Pentsatzen ere egon zen: huskeria iruditu zitzaion orduan, ur azpian, telebista aurreko buru nahasmena, huskeria iruditu zitzaizkion takikardiak, azterketa egunetik ez zuen izan. Takikardiak ere desegin zitzaizkion dutxan, beste gurari batzuk ere bai. Hamaikak baino apur bat lehenago irten zen etxetik.

        Azterketa eguneko bide bera egin zuen, eskailerak, geltokia, trena, unibertsitateko klaustroak. Beste bide bat ematen zuen ordea, argiagoa, hustuagoa. Ez zeraman karpetarik, arropa ere gutxiago, buruak ez zion gainezka egiten. Azterketako emaitzak horma batean zeuden, zerrenda guztiak, normalean erabiltzen ez zen horma batean.

        Nota ona atera zuen Irenek, bere nota bezalako gutxi zerrendetan. Berea baino nota altuago bi ikusi zituen, Imanol Sarasuarena bat. Inbidia sentitu zuen, ez gehiegi ere, inbidiak ez zion luzaro erasaten... Beste zikinkeria batzuek bai beharbada, ez inbidiak... Poztu egin zen, tristatu, pentsatu zuen berdin ziola, ez zion berdin.

        Joan baino hustuago itzuli zen Irene Arrias Algortara. Trena ere ia hutsik, ordu horretan, Ibarrekolandatik aurrera batez ere. Lotsatzeko modukoa iruditzen zitzaion bidaia orain: segundo bateko lana egitera joan zen Deusturaino. Nota begiratu eta atzera, ordu eta erdi, ordu bi horretarako. Leiho ondoko jesarleku batean jarri zen Axpe-Udondo baino apur bat lehenago.

        Eta une horretan bertan, Irene Arrias treneko leihotik itsasadar bazterreko zikinkeriari begira zegoen unean bertan, Janvier Munyaneza umeak eskuko makila mugitu eta zaintzen zuen behietako bati jo zion kolpea konturatu barik. Ezkerreko begitik sartu zion egur muturra ia, marka txiki bat ere utzi zion ilajean. Kigannako muinoan hori guztia, Ruandan.

        Janvier Munyaneza belarretan jesarri zen gero, Ireneren trena Negurira heltzen ari zen minutuan, eta papiroei begira geratu zen. Han ezkutatu zen aste batzuk lehenago, interahamwe hutuak sartu zirenean. Esaten zuen Janvierrek oso gutxitan begiratzen ziela hilketak egin ziren lekuei. Lehenengo eguneko masakrea izan zen lekutik pasatzen zenean, esate baterako, esaten zuen, beste alde batera aldatzen zituen begiak. Memorialetara egundo ez zen joaten.

        Hezur ilarak jarri zituzten Ruandan masakre lekuetan, erakusketak, museoak, burezurrak, femurrak, bata bestearen gainean, «memorialak» esaten zieten. Janvier Munyaneza ez zen memorialak ikustera joaten, baina Cassius Niyonsaba, esaterako, guztiz kontrakoa: ia egunero joaten zen hilketa lekuetara, eskolara bidean, oporretan. Jolasten egoten zen lagunekin masakre lekuetan, pilotan, ahuntzak eramaten zituen. Kontrakoak Cassius eta Janvier, kontrako erreakzioa, kontrako erantzuna, antzeko egunak pasatu arren, aste batzuk lehenago, 1994 horretan, berdinak beharbada, adin berekoak izan arren. Baina ematen du ia inoiz ez dela ezer berdina, antzekoa ere ez beharbada, garunak ere ez direlako berdinak izaten, antzekoak ere ez, berdinak ez diren bezala memorialetako burezurrak, ilaran jarriak, berdinak ez diren bezala Ulrike Meinhofen burezurra, António Lobo Antunesena, Witold Gombrowiczena. Janvier Munyanezak papiroei begira jarraitzen zuen Ireneren trenak Aiboa pasatu eta gero ere.

        Hilabete batzuk lehenago, apirilaren 10ean, mezaren ostean, auzoko hutuak agertu ziren Janvier Munyanezaren etxean, alde egiteko handik, etxea nahi zutela. Esan zieten ez zituztela hilko, hori ez, hainbeste ere ez, baina etxea hartuko zietela eta ez zituztela han ikusi nahi. Kibungoko muino batera igo ziren Janvier eta familia, aitonaren etxera. Militarrak baina, biharamunean heldu ziren muinora ere. Janvierren osabak ihes egiteko ahalegina egin zuen, tiroa jo zioten atearen ondoan.

        Masakrerik handienaren egunean ere han zeuden Janvier Munyaneza eta familia. Lagun asko hil zituzten interahamweek, dozenaka, ehunka beharbada. Janvierren arreba batek milizianoetako bat ezagutzen zuen eta eskatu zion sufrimendurik gabe hiltzeko, mesedez eskatu zion. Errukitu egin zen gizona, horraino heldu zen haren errukia, kristaua izango zen seguruena: lurrera bota zuen Janvierren arreba, mailukada batez hil zuen, bakar batez, sufrimendurik gabe, agindu zion bezala. Baina oihuka hasi zen orduan auzoko hutu bat, Janvierren arreba haurdun zegoela... Labana hartu zuen orduan eta alderik alde zabaldu zion neskari sabela, ez da erraza jakitea zertarako: umea bera ere hiltzeko, hilda zegoen ikusteko... Umekia ere ez zen ondo ikusiko, odol artean, errai artean, txikia behar zuen, sabela ere ezin zelako nabarmenegia izan, mailukada jo zionak ikusi ere ez zion egin, ohartu ere ez zen egin haurdun zegoela.

        Janvierrek ez zuen kontatu zer gertatu zen gero: arreba hilda edo odolusten ikusi zuen, hil eta gero odolusten, odolak ez zionean ezertarako balio. Gauza da milizianoek hiltzen jarraitu zutela, harik eta interahamween buruzagiek txistua jo zuten arte, gelditzeko ordua zela agindu zuten arte. Arratsaldeko seietan izaten zela idatzi izan da.

        Janvier Munyaneza bera arrastaka hasi zen hildakoen artean orduan, baina interahamwe batek ikusi zuen. Kolpea jo zion haga batez, metalezkoa haga, eta hil egin zuela pentsatu. Hildakoarena egin zuen Janvierrek, «hildako begiak» jarri zituela azaldu zuen, hamalau urterekin hori guztia, ondo egin zituen itxurak. Eta apur bat geroago milizianoek airean hartu eta beste leku batera bota zutela sentitu zuen, gorpu bat balitz bezala, beste hildako batzuekin batera. Hildako gehiago bota zizkioten gero gainera. Interahamweak joan zirenerako, guztiz estalita zeuden Janvier eta bere beste arreba bat. Aitak eta anaiak atera zituzten arratsaldean gorpuen artetik. Arrebak odol asko galdu zuen, Cyugaron hil zen ordu batzuk geroago.

        Ezkutatzera joan ziren orduan, Janvier eta familakoak, joan behar izan zuten, bizirik zeudenak, gutxi, eta papiro artean ezkutatu ziren. Interahamwe taldeak egunero joaten ziren hara, tutsi bila, baina ez zen erraza papiro artean. Kontatu zuen Janvierrek batzuetan ume txikien negarrei segika topatzen zituztela familia osoak. Heldu asko hil ahal izan zuten horrela, umeak ere bai, papiro artean, buruzagiek ordua zela esaten zuten arte.

        Hildako asko gelditzen zen papiro artean interahamweek alde egiten zutenean, baina ez zituzten lurperatzen, hori esaten zuen Janvier Munyanezak. Han usteltzen ziren, kiratsarekin, odolbilduekin, ezkutatuta zeudenen artean. Esaten zen usaina mihiari itsatsita izaten zutela ezkutatuta zeudenek. Egunero ikusten zituzten gorpuak, egunero usaindu. Esaten zuen Janvier Munyaneza hamalau urtekoak gorpu ustelek heriotza propioa imajinarazten zietela eta ez zutela zalantzarik egiten: berdin hilko ziren, odolbildu berdinekin, kirats berberarekin. Esaten zuen hildakoak desegin arte egon zirela han. Izan ere, egoera normal batean jango zituzten animaliek ere aspaldi alde egin zuten, lehenengo masakreetako zaratek beldurtu zituztela, hori esan zuten Janvierrek eta besteek.

        Genozidio ahalegina hasi baino lehen, hogeita lau behi zeuzkan Janvier Munyanezaren familiak, bost ahuntz ere bai. RFPko tropak sartu eta etxera itzuli ahal izan zirenean, ostera, hiru topatu zituzten, hiru behi. Anaia eta biak bakarrik geratu zirenez, jatekoa prestatu behar zuen Janvierrek eta behiak zaindu... Eskolara joateko modurik ez, beraz, masakreen ostean... Pena hori zuen Janvierrek, pena hori batez ere, eskolarena. Jean-Baptiste Munyankoreren familiako guztiak zeuden eskolatuta ordea, baina masakreetan hil zizkioten iloba bi, unibertsitate lehiaketa nazionala irabazitakoak biak. Emaztea eta semeetako bat ere lehen momentuetan hil zizkioten.

        Paduretatik ihes egin ahal izan zuen Jean-Baptistek beste seme batekin. Kontatu zuen Jean-Baptiste Munyankorek elorri batean egin zuela semeak halako batean estropezu, korrika ari zirela, paduretatik irteteko, aita apur bat aurrerago, semea atzetik. Esan zuen zerbait oihukatu zuela umeak lurrera jausi zen momentuan, baina ezin izan zuela berak atzera begiratu, semearen oihuari begiratu. Lehen kolpeak ere entzun zituen Jean-Baptistek atzean, baina korrika jarraitu zuen, esan zuen ezin izan zuela ezer egin, urrun zegoela ordurako, urrun egon behar zuela.

        Jean-Baptiste Munyankorek urte batzuk geroago esan zuen lagun berriak egin behar izan zituela masakreen ostean, familia berria, inor barik geratu zelako. Dena berria beraz: lagunak, familia, seme-alabak ere bai beharbada. Baina lotan, ia gauero, lehengo familiakoekin egiten zuen amets; lehengo lagun eta familiakoekin egiten zituen gau gehienak, hala esan zuen. Hildakoak, amets haietan, euren artean egoten ziren hizketan ordea, behin eta berriro errepikatzen zuen, Jean-Baptisteri kasurik egin gabe... Esaten zuen begiratu ere ez ziotela egiten... Horrela kontatzen zuen Jean-Baptiste Munyankorek bere minetako bat.

        Hilabete bi geroago ETAk Francisco Veguillas Erices teniente jenerala hil zuen Madrilen. Defentsa Politikarako zuzendari nagusia, gobernuko presidenteordearen laguntzaile hurbiletako bat. Amosala eztandarazi zioten ondoan, 40 kilo.

        Gobernuak susmoa zuen atentatu handia ari zirela Madrilen prestatzen, segurtasuna sendotu zuten, alferrik. Francisco Veguillasek ere segurtasun modu guztiak betetzen zituen, baina aparkatuta zegoen auto batean jarri zuten amosala, eztanda handia, handiegia beharbada. Auto gidaria ere hil zen noski, kalean lanean ari zen tramoiari bat ere bai. Esaten dute orduko egunkariek lehen solairuko balkoi batera bidali zuela gorpuetako bat lehergailuak, zintzilik geratu zela han.

        Hurrengo eguneko egunkariak dio tramoiariaren gorpua zela, baina egunkari berak, bost urte eta hamahiru egun geroago, teniente jeneralaren gorpua izan zela idatzi zuen. Ematen du lausotu egiten direla gorpuak, nahastu. Zenbakiak geratzen dira, baina zenbakiak ere nahasteko errazak dira, errazenak beharbada, Madrilen, hiriburu handia delako, Ruandan, herri txikia delako. Pentsa daiteke ez dela ezer ere geratzen, ahaztea dela normalena, lausotzea, Iazko asto hilak aurten lurruna beharbada, baina aurten baino ez, ez askozaz gehiago.

        Egun batzuk geroago polizia nazional bat hil zuten, baina egoera guztiz bestelakoa, lekua ere bai: Madril barik Berango. Berangon ere, baina, ez edozein tokitan: Batzokian. Han zegoen polizia nazionala kartetan, askotan joaten zela esan izan da. Hor lehenengo desoreka, polizia nazionala Batzokian, kartetan, lagunekin, lasai. Hotza da gainontzekoan hilketaren narrazioa: gizonezkoa eta emakumezkoa sartu ziren aurpegia estali gabe, tiro bi jo zizkion poliziari gizonezkoak, alde egin zuten, Algortan lapurtutako taxia atean. Algortan bertan abandonatu zuten taxia berriro, San Nikolas kalean dio egunkariak.

        Taxia Algortan utzi zuten beraz, Berangotik kilometro bira, hirura, baina ez hutsik: jabea, taxi-gidaria, maletategian sartu zuten minutu batzuk lehenago. Narrazioa ez da hain arrunta hor, gidaria maletategian sartuta egin zutelako atentatu guztia. Ezin da jakin hala prestatuta zeukaten, momentuko erabakia izan zen beharbada. Bertsiorik errepikatuena da berehala atera zutela taxi-gidaria maletategitik, oihuak entzun zituztela auto barrutik.

        Hilabete bi geroago Anjel Irazabalbeitia hil zuen Ertzaintzak. Larrabetzun atentatu saiakera bat egitetik zetorren, zetozen, komandoko hirurak. Istripu bat izan zuten bidetik, baina beste auto bat lapurtu zuten. Loiun gelditu zituen Ertzaintzak, tiroketa, ertzain bat zauritu zuten, komandoko bat ere bai. Anjel Irazabalbeitia hilda geratu zen bertan, Loiuko Batzokiaren ondoan, orduko egunkariek diotenez, Batzokia berriz. Loiu ez dago Berangotik urrunegi ere, 12-15 kilometro. Hilabete biren buruan hilketa bi antzeko lekuetan, bata aurretik prestatua, bestea ez. Lau-bost hilabetetan hiru hildako, arrazoia antzekoa. Tartean beste batzuk ere hil zituzten, euskal herrietan, munduan, Ruandan milioi bat tutsi, hutuak ere bai. Izenak lausotuago daude han, polizienak, gerrillarienak, milizianoenak. Han ez da guardia zibilik, beste alkohol modu batzuk edaten dituzte.

 

 

António Lobo Antunes idazlea 1942an jaio zen Lisboan. Seme-alaben arteko nagusiena, gurasoak ere euren familietako nagusienak, aitona-amonek 40 urte baino ez idazlea jaio zenean. Esaten du Lobo Antunesek gaztetan ez zuela heriotza ezagutu, bere familian ez zela inor hiltzen, gazteak guztiak.

        Ume-umetan, 10 urte baino gutxiago beharbada, testu batzuk idatzi zituen koaderno batean, lehen testuak. Azalean idatzi zuen: Obra completa. António Lobo Antunes. Umetarik idatzi izan zuen beraz, umetarik idatzi nahi izan zuen, inork behartu gabe, plazera ikusten zion. Baina futbolean ere egiten zuen, ondo, ondo baino apur bat hobeto ere bai. Benficak fitxatu zuen, Portugalgo talderik handienak, O Glorioso, titulu gehien dituena, Europako kopak ere bai. Lobo Antunesen aitaren bulegora joan ziren Benficakoak, trajez, gorbataz, mutila fitxatu nahi zutela. Portugalgo selekzioak ere eraman zuen, beste maila bat da hori, selekzioa: Portugalgo milioien artean 22 mutil, 24 beharbada, gehiago ez, António Lobo Antunes bat.

        18 urterekin futbola utzi behar zuela esan zion aitak, agindu egin zion, ez zuelako ikasten, ez zeukalako ikasteko astirik. Futbolerako eta idazteko, horretarako hartzen zuela denbora, beste ezertarako ez, hori esaten zion. Aukeratzera eman zion aitak momenturen batean: futbolean egin ala idatzi. Futbola utzi zuen Lobo Antunesek, bistan da. Aita hil nahi izan zuen orduan, ez metaforikoki. Hori ere ulertuko da: Benfica, O Glorioso, selekzioa... Karrera teknikoa egiteko ere esan zion aitak; Medikuntza ikasi zuen.

        Lobo Antunesek esaten du unibertsitatean ikusi zuela lehen hildakoa, hildakoak, hildako-ilarak, usain harekin, gorpu batzuk luzaro uzten zituztelako hozkailuetan. Esaten du idazleak txarto pasatu zuela lehenengo urteetan, lehenengo hildakoekin, ohitura kontua dela gero. Ruandan bezala, pogromoetan bezala, purgetan bezala... Komentario bera egiten dute guztiek, gerretan egon direnek, hil dutenek, asko hil dutenek, ohitura kontua dela, lehenengoa txarrena, lehenengoak beharbada. Lobo Antunes ere ohitu zen, amaitu egin zituen ikasketak.

        Emagin batek eskua irakurri zion ospitalean, unibertsitatea amaitu berri: Angolan hilko zela esan zion. Intentzio minimoa ere ez zuen Lobo Antunesek momentu hartan Angolara joateko, hango gerraz ere gutxi hitz egiten zen, ez zuten komunikabideek ia ezer esaten, ez zen komeni. Burutik pasatu ere ez Lobo Antunesi Angolara joatea, espezialitatea egin behar zuen, psikiatria aukeratu zuen.

        Hori guztia baino askoz lehenago, pediatrian zegoela, ume bat hil zitzaion Lobo Antunesi ospitalean, asko estimatzen zuen ume bat, familiakoak urrun zituena. Ez ziren familiakoak ikustera joaten, ezin zuten, hil egin zitzaien azkenean. Ospitaleko langile batek izara batean bildu zuen umea orduan, besoetan hartu gero, korridoretik ibiltzen hasi zen umea besoetan. Umearen hanketako bat ikusi zuen orduan Lobo Antunesek, izara artetik aterata, zintzilik, korridorean aurrera, balantzaka, ospitaleko langilearen gorputzaren kontra joz ziurrenik, kolpe erritmikoak. Lobo Antunesek esaten du asko idazten zuela sasoi hartan, baina oraindik ez zuela nahi zuena idatzi, ez zuela topatu, horregatik ez zuela ezer argitaratu. Esan zuen, ordea, ume haren hanka hila ikusi zuenean ulertu zuela zer idatzi behar zuen, iazko hanka hilak, orduan idatzi eta publikatu zuela lehen liburua, Memória de elefante, umearen hankari begira. Ez da egia izango beharbada, ez egia osoa, Faulknerrek ere esaten zituen halako egiak, berdin dio, ez dio berdin.

        Soldadutzara deitu zuten orduan, Medikuntza amaitu eta gero, espezialitatea amaitu eta gero. Ospitale militar batera eraman zuten, Portugal iparraldera. Lasai egon zen han, sosegua, lan handirik ere ez, baina Angolara bidaliko zutela esan zioten halako batean, gerrara, kanpalekuetara. Ospitaleko emagina gogoratu zuen Lobo Antunesek, nola ez zuen gogoratuko. Angolan hilko zela esan zion, Angolara joateko intentzio minimorik ere ez zuenean, Angola hainbat metro koadroko lokatz zati bat zenean, uzki bat.

        Orain bazekien Angolan hilko zela, ordea, ez zuen dudarik egiten orain. Ezkontzea erabaki zuten hil aurretik beraz, Angolara abiatu aurretik, umea ekartzea ere pentsatu zuten. Hilabete gutxian egin zuten guztia: haurdun zegoen emaztea Angolara bidali zutenean, alaba jaio zen hilabete batzuk geroago. Aita ez zen etxean noski, ez zuen alaba jaiotzen ikusi, ez zuen alabaren lehenengo hilabetetarik ezer ikusi. Esan zuen Lobo Antunesek ez diola barkatuko diktadurari, militarrei, makineriari, hori dela barkatuko ez dien gauza bakarrenetako bat. Itzuli zenerako, gizon ezezagun bat zelako alabarentzat, esan zuen 3-4 urte behar izan zituela etxe barruko mundua berriro orekatzeko. 1973an itzuli zen Angolatik.

        Angolan, frontean, kanpalekuetan, Ernesto Augusto de Melo Antunes kapitainarekin egon zen. Abizenak antzekoak izatea ere kasualitatea, beharbada ez. Esaten zuen idazleak asko hitz egiten zutela Angolan kapitainak eta biek, denbora ere bazuten, gehiegi ere bai. Gerra amaitu eta gero ere jarraitu zuten elkartzen, xakean, ez zen ohiko militarra Melo Antunes, ohiko pertsona... Izan ere, Angolan ez zituen Melo Antunes kapitainak, besteek bezala, gehienek bezala, aginduak betetzen, goikoen aginduak, normalean. Gerra haren kontra zegoela sinesten zuen, aginduei kontra egiten zien: eraso egiteko esaten zioten, ez zuen egiten. Behin eta berriro heltzen ziren aginduak, mugitu ere ez zituen egiten soldaduak, argi zeukan, argi zeukaten.

        Melo Antunes izan zen, urte batzuk geroago, diktaduraren kontra egin zutenetako bat, Revolução dos Cravos, desobedientzia lehenengo, iraulia gero. Ematen du horren beldur izaten direla agintean, batez ere horren beldur, desobedientziaren beldur. Gutxitan egiten da hala ere, hori da inpresioa, obeditu behar duten guztiak kontra egon arren, obeditzen jarraitzen dute, Stanley Milgram, the perils of obedience... Kontrakoa agindu nahi duenarentzat agian: the perils of disobedience... Hor hasten da, ordea, pentsamendu okertua beharbada, hori da Kurt Mardivan filosofoaren ildo teorikoetako bat, politikako pentsamendu okertuarena. Esaten du Mardivanek hauteskundeetan aukeratutako pertsonek agindu nahi izaten dutela, ez kudeatu, kudeatzea gutxi balitz bezala. Argumentatzen du elitea direla sinesten dutela halako batean, agintari, buruzagi direla. Ez dute onartzen, ezin dute, kudeatzaileak direla, zerbitzariak, beheko mailetan daudela. Hor Mardivanen terminologia guztia, Irenek apenas jarraitu ahal zuena.

        Melo Antunes kapitaina bera ere ministroa izan zen iraultza eta gero, eta independentzia negoziatu zuen Guinea-Bissauko ordezkariekin, esate baterako, Lobo Antunesekin hizketan jarraitzen zuen bitartean. Guinea-Bissauko armarrian izar beltz bat jarri zuten eta esaldi hau: Unidade, Luta, Progresso. Portugesez hori guztia.

        António Lobo Antunes Angolara joan zenean, 21 urte baino gehiago zituen, ez Carlo Collodik bezala, Ambrose Biercek bezala, J.R.R. Tolkienek bezala. Egon ere, 30 urtetik hurbilago zegoen beste inondik baino... Bidali egin zuten gainera, ez zuen berak asmorik, William Faulknerrek bezala. Esan zizkiotenetatik, gainera, ez zuen ia ezer sinistu, horregatik ez zuen joan nahi. 21 urtekoak errazago konbentzitzen dira, berehala hasten dira sinisten. Sinisten dute benetakoa dela guztia, hierarkia esate baterako: sinisten dute errealak direla sarjentuak, tenienteak, jeneralak, beti egon izan direla, beti egongo direla, ezin dela bestela izan, ausardia, ohorea eta abar.

        Lobo Antunesek ez zuen ia ezer sinistu beraz, baina zati bat bai beharbada, erdizka, dena ezin zelako hain erabatekoa izan, gerran, Angolan. Gerra amaitu eta 40 urte geroago, koldarkeriaz hitz egiten jarraitzen zuen Lobo Antunesek. Behin baino gehiagotan kontatu zuen nola ezkutatu zen teniente bat auto baten azpian, gurpil artean, tiroketa batean, bonbardaketa batean. «Koldarkeriaren ikuskizuna negargarria da» esaldia jaulki zuen Lobo Antunesek 40 urte geroago, 70 baino gehiago zituenean. Ofizialak ezin dira koldarrak izan, soldaduak ere ez, herritarrak bortxatzen dituzten arren, ozartasuna, ausardia, ohorea eta abar. Zati hori sinistu zuen, beharbada, Lobo Antunesek, idatzi zuen guztia idatzi eta gero ere.

        Irene Arriasek 31 urte zituela irakurri zuen aurrenekoz António Lobo Antunes, A ordem natural das coisas. Oraindik geratzen zitzaion Ireneri arte hutserako pentsamenduren bat, txikia beharbada, lotsagarria beharbada, baina liburuko esaldi batzuetan iruditu zitzaion ezin zela bestela idatzi, Lobo Antunesen ostean ez dagoela ezer, ezin dela egon. Irene Arriasen bihotz muskulua ia erritmo perfektuan mugitzen zen A ordem natural das coisas irakurtzen ari zen bitartean. Lobo Antunesek ez zuen Angola edo gerra liburuaren segundo bakar batean ere aipatzen, Irene Arriasek irakurri eta 10 urte geroago gogoratzen zuenaren arabera.

 

 

Irene Arriasek asko hitz egiten zuen irailean oraindik Imanol Sarasuarekin, Joana Biurrunekin, eta jakin zuen ikasgai berriak jarriko zituztela karreran hurrengo urtean, apurka hasiko zirela plan berria aplikatzen, karrera bost urtetik laura ekartzeko. Aditu zuen Europako unibertsitateen neurriak zirela, ez zekien ziur, ez zion ardura, amaituta zituen ikasketak. Amorru apur bat ematen zion, urte bat gehiago jan zietelako eurei... Gauza jakin batean aditua izateko urtebete gutxiago behar zen orain... Alferrik sufritu zuten urte hori beraz, alferrik ordaindu. Amorru hori zeukan, amagatik gehiago beharbada. Amorru eskasa ordea, asko balio ez zuena, berehala joango zitzaiona, aldian-aldian berritu arren.

        Ohartu zen Irene Arrias, ordea, plan berriko ikasgaietako bat interesatzen zitzaiola, irakaslea ere ona, ondo ezagutzen zuen. Zorte txarra iruditu zitzaion, apur bat madarikatu zuen bere jaioteguna ere. Baina halako une batean ulertu zuen egoera ez zela aurreko urtekoa, gauzak ez zirela hain zurrunak, inoiz ez direla hain zurrunak, eta modu arraroan zegoela libre orain, zernahitarako, edozer egin ahal zuela. Irakaslearekin hitz egitera joan zen orduan, bulegora, baimena eskatu zion eskola berrietara joateko, karrera amaituta izan arren, titulua etxean zeukan arren. Irakasleak baietz esan zion noski, apur bat zurtuta, apur bat harro ere bai. Irene Arriasek ez zion azalpen askorik ere eman, irakaslea bera ez zen azalpen asko aditzen egotekoa.

        Gustura irten zen Irene bulegotik, oraindik sinisten zuelako ikasketa akademikoak bazirela zerbait, gauza handia zirela, 23 urterekin. Erraz konbentzitu zuten urte batzuk lehenago unibertsitatea erreala zela, errealak zirela irakasleak, katedratikoak, dekanoak, unibertsitatea gorengo maila dela, prestigioa, J.R.R. Tolkien konbentzitu zuten bezala Lehen Mundu Gerra erreala zela, William Faulkner konbentzitu zuten bezala. Hogeita gutxi urteko umeak beti, konbentzitzeko errazak, gehiena sinisten dutenak, eurek kontrakoa uste duten arren, ustelena ere sinistera heltzen direnak, eskuinekoena.

        Arraro begiratzen zioten Ireneri gelan eskolak hasi zirenean. Batzuek bazekiten aurreko urteko ikaslea zela, ikasle ona, onenetakoa, karrera amaituta zeukala. Ez zuten ulertzen zer egiten ari zen han, eurek ere sinisten zutelako bazela ikasketa arautu bat, bazirela urte jakin batzuk ikasketak amaitzeko, ez gutxiago, baina, batez ere, ez gehiago. Barneratuta zuten hori zela unibertsitatea, gorengo maila, prestigioa, eta arraro begiratzen zioten Ireneri. Batzuek galdetu ere egin zioten... Irenek ez zuen azalpen askorik eman.

        Ikasgaia ondo zegoen arren, Irenek interes handia zeukan arren, ez zuen ikasturte osoa egin, enpresa batetik deitu ziotelako, abenduan. Bila etorri zitzaizkion, ez zuen Irenek eskatu. Irakasle batek eman zuen Ireneren izena: norbait behar zuten, Ireneren mailakoa, irakasleak eman zien kontaktua. Proba aurrena, onartu egin zuten gero, nola ez zuten onartuko.

        Goizean sei ordu egiten zituen bulegoan, etxera itzuli ahal izaten zen bazkaltzera, beste ordu bi arratsaldean. Oso argi gutxi bulegoan, leiho gutxi, ia itsutuak, argi artifiziala gehiena. Etxera itzultzen zenean, kalera irten behar izaten zuen, kalean egon, argi artifizialetik kanpora. Algortatik ibiltzen zen, Algortan egiten zituen bide gehienak, Basagoititik, Telletxetik, Usategira, Andra Mariraino, Neguritik Areetara, Alango. Ikastolarako bidea egin zuen egun batean, bide arraro hori, beste ezertarako egin behar ez zuena, ikastola inguruan ez zegoelako ezer, ez zuen bestela ezertarako joan behar. Hamar urte ziren laster ikastola amaitu zuenetik eta gutxitan egin zuen bide hori berriro. Eguraldi ona egun horretan, hotza, argia, usain batzuk oraindik geratzen ziren Villamonten ordukoak. Normalean baino astiroago ibili zen.

        Antzeko bidea egin zuen Eustakio Mendizabal Txikiak hil zuten egunean, hogei bat urte lehenago. Apur bat harago joan zen Txikia, ikastola atzean utzi zuen, ez gehiegi ere, 100 metro baino askozaz gehiago ez. Esan daiteke eskola-umeen bide bera egin zuela buruan tiroa jo zioten egunean. Orain Guardia Zibilaren kuartela, kuartel-auzoa, dagoen lekutik pasatu zen bertsio gehienen arabera. Eustakio Mendizabal Txikia, ETAko fronte militarreko arduraduna, handik pasatu zenean, ordea, ez zen kuartelik oraindik. 1973an pasa zen, eta 1981ean inauguratu zuten kuartela, Villamonte erdian, trenbidearen azpian, Algortan.

        Kuartelaren inaugurazioa bera ere ez zen arrunta izan: politikoak egon ziren, Madrildik, Guardia Zibileko karguak... Handiro egin nahi izan zen, jende asko gonbidatu zuten. Hiru urte geroago, gainera, 1984ko otsailaren 4an, Miguel Francisco Solaun hil zuen ETAk guardia zibilen Algortako kuartelaren inaugurazioan gertatu zen gauza batengatik.

        Miguel Francisco Solaun ETAko kidea izandakoa zen. 1969an atxilotu zuten, baina Basauriko espetxetik ihes egitea lortu zuen. Frantzian egon zen harik eta 1976an itzuli ahal izan zen arte, Segoviako espetxetik 24 ETAkidek ihes egin zuten urte berean, ETAk alkate faxista guztiei dimisioa emateko eskatu zienean, exekutatu egingo zituztela bestela. Horregatik hil zuten Victor Legorburu, Galdakaoko alkatea, ultraeskuindarra. Horregatik hil zuten Julian Galarza. Baina erratu egin ziren kasu hartan: Zizurkilgo alkatea zela pentsatu zuten, ez zen. Ezinegon handia sortu zuen hilketa horrek, alde gehienetan, politikari gehienengan. Akats bat, alferreko hilketa. Hilketa gutxi egongo da, beharbada, alferreko ez dena, baina ez da horren sinplea ere, ematen du sinpleena dela ez hiltzea, ezer ez egitea, erreparoa izatea pertsona bat ukitzeko ere... Lotsaren teoria eman zuen, ildo horretatik, T.V. Bierno filosofoak duela 60 urte.

        Gauza da Miguel Francisco Solaun Frantziatik itzuli eta enpresa pribatuan hasi zela lanean, ingeniaria zen. Etxebizitza multzo bat egin zuen haren enpresak Villamonten, Algorta erdian. Diru arazoak izan zituen orduan enpresak eta etxebizitzak, guztiak, Estatuko administrazioari saldu behar izan zizkion. Administrazioak Guardia Zibilaren kuartela egitea erabaki zuen, kuartel-auzoa. Etxe asko dira, auzo oso bat, Villamonte auzoaren ondoan.

        ETAkide ohi batek eraiki zuen guardia zibilen Algortako kuartela beraz. ETAk jakin zuen hori, informazio hori pasatu zieten, eta Solaunen kontaktua lortu zuten. Imajinatu zuten ETAkoek Solaun ingeniariak etxebizitza multzo haren puntu egokiak ezagutuko zituela eta lehergai bat jartzeko agindu zioten, min gehien egingo zuen lekuan. Inaugurazio egunean eztandarazi behar zuen... Barne Arazoetarako ministroa etorriko zen Algortara, Guardia Zibileko goi karguak ere bai. 50 kilo jarri zituzten, Goma 2, baina ez zuen azkenean eztanda egin... Solaunek ez zuen konektatu, ez zuen nahi izan... Kartzelara eraman zuten hala ere, jipoitu egin zuten ETAko presoek Soriakoan. Urtebetegarrenera irten zela esaten da, indultua eman zioten, Algortara itzuli zen.

        Guardia zibilen Algortako kuartelaren inaugurazioan ez zen ezer gertatu beraz, baina handik hiru urtera, 1984ko otsailaren 4an, Irene Arriasek 13 urte egin eta gutxira, hamar egunera, Miguel Francisco Solaun hil zuen ETAk berak Sarrikobaso kaleko Haizea kafetegian. Tiroa jo zioten buruan, Ireneren etxetik nahiko hurbil berriz, 200 metro baino gehiago ez.

        Ingeniariaren atentatua eta gutxira, gutun bat eman zen argitara egunkari batzuetan, Solaunek berak idatzitakoa, guardia zibilen Algortako kuarteleko teniente bati urte batzuk lehenago bidalia. Kontuak argitu nahi zituen, azalpenak eman: ez zuela inor hil nahi izan, horregatik ez zuela kuarteleko lehergaia konektatu inaugurazioan, baina parte hartu behar izan zuela, nahitaez, segurtasunagatik, guztien segurtasuna, guardia zibilena ere bai. Solaunek bere familiari ere begiratzen zion noski, bere buruari... Esaten zuen ez zuela tiro bat hartu nahi, lagunek hartu zuten bezala. ABC egunkariak dio José María Ryan aipatzen zuela gutunean, Lemoizko zentral nuklearreko ingeniari nagusia, ETAk 1981ean hildakoa. Esaten zuten egunkari horretan bertan Jokin Azaolaz ere hitz egiten zuela Solaunek gutunean, izena txarto idatzi zuten arren ABCko erredaktoreek.

        ETAkidea izandakoa zen Jokin Azaola ere, Miguel Francisco Solaun bezala. Lagunak ere izango ziren beharbada, ezagunak behintzat. Leku berean hil zituzten biak, Algortan, arrazoiak ere antzekoak. Jende askok gogoratzen ditu urte haiek, 80ko hamarkada, aurreko urteak ere bai, haize txarrak, hildakoak ere asko, euskal herrietan, Amerikan, Argentina, Uruguai, arrazoiak ere ez oso desberdinak, antzeko gauzak leku guztietan.

        José Félix Estigarribia Paraguain jaio zen 1888an. Familia euskalduna, bistan da, aita Mateo Estigarribia, ama Casilda Insaurralde. José Félix Estigarribiak ere hildako asko eragin zituen, militarra zen. Paraguai eta Bolivia arteko gerran, Chaco Boreal okupatzeko egin zutenean, agintarietako bat izan zen, komandantea. 60.000 boliviar hil ziren, 30.000 paraguaitar. Zoratu egin ziren, beti zoratzen diren bezala. Gerran zoratzen ez direnen garunei erreparatu behar zaie beharbada, zergatik ez diren zoratu, zer izan duten garunean gerrara joan baino lehen, zergatik eutsi dioten. Gerrarik txikienean ere gertatzen da, berdin dio tamainak, ez dio berdin.

        Kontatzen du Eduardo Galeanok gerra horretan bertan, 1934an, galduta ibili zirela egunetan Boliviako sei soldadu, hotzak, goseak, euren troparen bila. Neska gazte bat topatu zutela bidean, ahuntzak zaintzen, tutsiak bezala 60 urte geroago. Haren atzetik joan ziren orduan, segika, harrapatu ere egin zuten, erabili, bortxatzen hasi. Lehenengo bostek bortxatu zuten, baina seigarrenaren txanda heldu zenean, neska hilda zegoela konturatu zen. Atzera egin zuen, ez zuen nahi, baina kideek fusilak iltzatu zizkioten lepoan. Galeanok argi esaten du orduan: ... y entonces, entre el horror y la muerte, este hombre elige el horror. Onetik irtenda, seiak, tropa guztia. Laburpen bat da kontakizun hori, militarren baloreena, ohorea, ausardia, noblezia eta abar. Ez da bakarra, beti da gauza bera, ez du ematen askoz gehiago denik.

        Gauza asko esaten du kontakizun horrek, gauza asko laburbiltzen du, baina testu txiki batean baino ez dago, testu txiki bateko pasarte txiki batean, Eduardo Galeano, badakizu, ez, ez dakit, nongoa dela diozu, bai, ezaguna bai, izena, baina ez diot ezer irakurri, txiletarra ezta, ez, uruguaitarra. Diktadura Uruguain ere 70eko hamarkadan, Juan María Bordaberry Arocena lehenengo diktadorea, euskalduna noski, aita Domingo Bordaberry Elizondo. Eduardo Zubía jeneralak kendu nahi izan zuen agintetik, familia euskaldunekoa Zubía ere. Argentinatik horren hurbil Uruguai, Montevideo, Buenos Aires. Desagertuak Uruguain ere, Argentinan baino askozaz gutxiago, ez dago konparatzerik, ez, ez dago konparatzerik, zelan konparatuko da ezer.

        Chaco Boreal okupatzeko saioa eta gutxira, Boliviako sei soldadu haiek galduta ibili eta gutxira, Nanjingen sartu zen Japoniako Armada Inperiala, 1937ko abenduan, Begoña Sasieta jaio eta egun gutxira. Boliviako sei soldaduek egin zutena biderkatu egin zuten soldadu japoniarrek, soldadu gehienek, milaka emakume. Onetik irtenda militarrak Nanjingen ere, baina ez dago konparatzerik, zelan konparatuko da ezer.

        Hajime Kondok, Armada Inperialeko soldaduetako batek, askozaz geroago kontatu zuen nola egin zituzten gauzak Nanjingen, nola sartzen ziren etxeetara, nola bilatzen zuten aurrena balioa zeukaten gauzak, saltzeko, jateko, dirua, nola harrapatzen zituzten emakumeak gero, bortxatu, nola hiltzen zituzten bortxatu ondoren, gehienetan.

        Kontatu zuen emakumeetako bat ez zutela hil bere taldeko soldaduek, hurrengo kanpalekura eraman zutela, semearekin batera, soldaduekin espedizioa egitera behartu zituztela, ama erabat biluzik, menditik. Laster konturatu ziren soldaduak ezinezkoa zela horrela jarraitzea, atzeratu egiten zituztela ama-semeek, semeak batez ere. Hala kontatzen du Hajime Kondok, eztabaidan hasi zirela, zer egingo dugu, ez zekiten. Bat-batean, beste ezer esan gabe, altxatu egin zen soldaduetako bat, inork ez zekien zer egin behar zuen. Emakumearen semea hartu eta 30-40 metroko amildegi batetik bota zuen. Hori da Nanjing, hori da soldaduak onetik aterata aritzea, hori da noblezia, ausardia, ohorea, Begoña Sasietak egun gutxi batzuk zituenekoa.

        Irene Arrias lanean hasi zen ama jaio eta ia 60 urte geroago, 1995ean. Lanetik itzultzen zenean, kaletik etxera sartzean, umearen falta sentitzen zuen ia egunero. Zazpi hilabete ziren lizentziatura egunetik... Iruditzen zitzaion askozaz denbora gehiago pasatu zela umea postetxean topatu zuenetik, etxeko eskailerak igo zituztenetik, goizeko hiruretan. Gero eta gehiago gogoratzen zuen umea, edo gero eta gutxiago beharbada. Irenek ez zekien ondo neurtzen, lausotzen ari zitzaion umearen aurpegia. Hiru hilabete eta erdi ziren ordurako azarotik. Hilabete tristea azaroa, marka askorik gabekoa, Francoren heriotza bat.

 

 

Etxera itzuli da semea, denbora asko egin du kanpoan, urteak ere bai, urrun ibili da, Frantzian seguruenik, baina baliteke urrunago ere, Bretainia, Ingalaterra beharbada. Zaldiz ibili da, itsasontziz, belaontziz, ez dago makinarik mende batzuk geroagora arte. Etxera sartu eta ama topatu du bakarrik, sutean, beheko suari begira. Baina zerbait dauka andreak: ama topadu neban, suitian tristerik.

        Hori kontatzen du gehien zabalduta dagoen baladetako batek, Frantzie kortekoa esaten diote, edo Frantziako anderea. Penaren batek hartu du ama, semea kanpotik ibili denean hartu ere, semeak ez daki zen den, galdetu egin dio amari.

        Amak jakin du semea ezkontzeko dagoela, edo ezkonduta dagoela ordurako, ezkonduta itzuli zaiola. Jakin nahi du nongoa den andrea, nondikoa dakazu zeure emaztea?

        Baina beste bertsio batzuetan amak badaki zerbait, beti dakite zerbait amek, prantzes ala ingles da zure emaztia? Frantsesa dela erantzun dio semeak. Orduan bota du amak esaldia, esaldi erraldoia, esaldi munstroa ere esan daiteke: ez dot gure prantzesik, hain gutxi errenik, edo zertarako da hemen Frantziako umea? Ez dago etxean kanpotarrik hartzeko ama, frantsesik, are gutxiago erraina. Kanpotarren kontra beti, bestearen kontra, tutsiak, kurduak, armeniarrak, juduak, kontu errepikatua, aspergarria ere bai beharbada.

        Amak esan du, beraz, ez duela frantsesik nahi eta hil egin behar duela andre hori, urten bidera eta hil egin behar dozu, esan dio semeari, edo hori hil egizu eta nik topaukotsut askoren jaubea. Baina semeak ezin du emaztea hil, edo emaztegaia. Nola hilko du, ene ama, ni ez naz kapaz hau hilteko. Arrazoia ere eman du bertsioren batean, arrazoirik behar ez denean, ganorarik gabekoa arrazoia gainera: hain de polite ba ze nire emaztea, ez da posible, ama, nik hori egitea.

        Bertsio batzuetan, ordea, ez du esaten ezin duenik hil, ez duenik bere burua gai ikusten. Ados dago amarekin, hil egingo du, nola ez du hilko, baina ezin du bakarrik egin, baina bakarrik ezin, baina bakarrik ezin, ai, neure ama ona.

        Anaiak lagunduko diola esan dio amak, gaztea izan arren, estudiantea izan arren, arreba da bertsio batzuetan. Kanpotik ikusita ematen du tripak behar direla pertsona bat hutsetik hiltzeko, berotu barik, gorrotatu barik, barruko aurre-lana egin barik. Kasu asko egon da ordea, borreroak, torturak... Beste kasu askotan odol berotua oso arina da, Ruandako herri txikietan bezala, auzoa hiltzen zutenean, auzo herrikoak hiltzen zituztenean, ia ezagutu gabe. Soldadu alemaniarrak ere berdin, soldadu errusiarrak, soldadu gehienak.

        Bereterretxe ere horrela hil zuten, hirur dozena joan zen hura hiltzera, bat baino gehiago hotz, Jaun Kondeak agindu arren. Zertarako nahi zuten Bereterretxe hil, berdin zien, hotzean egin zuten, horretara beren-beregi joan ziren arren. Baina Bereterretxeren kasua harrigarriagoa ere bada, kanpotik ikusita, urrunetik, ez zutelako etxe atarian bertan hil: Ligiraino eraman, Ezpeldoira gero, haritz bati lotuta hil zuten, han haris bati esteka eta biçia çeitan idoky. Ematen du zenbat eta denbora gehiago pasatu, hotzago behar zutela hil zutenek, hori da logikoena, baina horrela egin zuten, horrela egin zutela kontatu dute.

        Frantziako anderea, ostera, berehala hil nahi dute senarrak eta koinatuak, batoi zaituet senar, ta bestioi koñatu, nundik nora naroizuen esaidezue klaru. Baina andreak barrundatu duenean zer den, nora doan, zer egingo dioten, bizirik uzteko trukeak eskaini dizkie. Gauza asko dauzka Frantziako umeak: zazpi zaldi deukadaz izeraz jantzita, zortzigarrentxua barriz, perlaz estalita, edo hiru zaldi datoz ixera zurikaz jantzirik, edo hamalau mando urregorriz kargaurik. Guztiak hartzeko esan die, ixtiarren bizirik. Anaiek kasu gutxi andreari, guztia hartuko dutelako berdin-berdin emakumea hil eta gero ere. Berdin die, ez die berdin beharbada, baina amak agindu die, the perils of obedience, berriro ere.

        Konfesioa nahi du andreak halako batean, baina hori ere ukatu diote, arin egin nahi dute, presa erne zaie, abadea urrin dago, eleizea urrinago, horreik beharrak egiteko astirik ez dago.

        Hil dute anaiek emakumea beraz, edo hiltzeko keinua hasi dute behintzat, ai, horren puñal horren, zorrotzen zorrotza, ikusiaz beste barik, hilten deust bihotza. Kanpaiak ere entzun ditu hil aurretik emakumeak, ez edozelangoak, kanpai bat entzuten dot, ez dakit nongoa, iguel izengo da agoniekoa.

        Kanpaiak entzuten dira askotan amaginarrebaren aginduz erraina hiltzen denean. Erromantze sefardietan ere bai: las campanas de misa de suyo repicaren, quién ha muerto, quién ha muerto. Rodasen topatu zuten erromantze hori, XVIII. mendean, baina bistan da zaharragoa dela, Romance de la mala suegra, Frantzie kortekoa-ren antzekoa. Erraina, ordea, ez da kanpokoa, ez du amaginarrebak hil nahi frantsesa delako edo ingelesa... Familia hurbilekoa da sefardien kasuan, al andar de siete leguas bizi delako emaztearen familia, arrazoiak beste batzuk beraz.

        Beste desberdintasun bat ere bada: haurdun dago emaztea. Jaio da umea, eta handik ordubetera igo du senarrak emaztea zaldi gainera, onetik aterata senarra noski, militarrak bezala. Erditu berri jarri du emakumea zaldi gainean... Berdin dio, hiltzera darama: las hancas del caballo van chorreadas de sangre, irudia ere ez da horren merkea.

        Puntu horretan antzekotasun handiagoa dauka erromantze sefardiak Aldaztorrean baladarekin. Hor ere haurdun dago amaginarrebak etxetik bota duen erraina, haurtxo txikinak sabelean deust ostiko. Kontakizunaren hasieran lasai dago neska, haurdun, soseguan, Aldaztorrean bertan, leiho baten ondoan seguruenik, Aldaztorrean nengoanean irra goruetan.

        Balada askotan ari dira hasieran josten, goruan, brodatzen, sosegu irudia ematen du, baina azkenean beti da desgraziaren bat josten ari denarentzat: marinelek bahitzen dute, soldaduek, bortxatu, hil, zatika moztu, odolusten utzi.

        Aldaztorrean ere goruaren aurrean dago, baina berehala heldu zaio ilunaren seinalea, etorri jatan erroi zaharra grauetan. Beste balada batzuetan belarantza heltzen da, Poek ere ekarri zuen idatzira, ez da originala.

        Erroiak albiste txarra noski: Aldaztorrera ezkondu denari esan dio galdu egin dela familiako barkua. Ematen du guztiak hil direla, aita, neba, lehengusuak, senarra. Amaginarrebak Aldaztorretik bota du gero gainera. Ez du hil behintzat, ez dio inori agindu, ez du nori agindu beharbada. Ez dago obedientziarik, the perils of obedience, ez dago nork obeditu, batzuetan gertatzen da, historia idatzian ere bai.

        Frantzie kortekoa hil dute, ordea, senarra eta koinatuaren artean, zazpi izera dodaz odolez bustirik, zortzigarrentxu honek naroia mundutik. Izarak darama mundutik beraz, António Lobo Antunesen ospitaleko umea bezala.

        Hala ere, hitz egiten jarraitu du neskak, hil eta gero ere. Hil dutenak madarikatu nahi ditu, baina ulertu du senarra eta koinatua ez direla inor, badaki nor madarikatu behar duen, nor den hiltzailea, benetakoa, arma ibili ez duen arren. Bertsio batzuetan ia modu arruntean madarikatzen du, natural, suge-musker handi bat sartuko al jana, edo tragauko al jana. Hitanoz esan dio amaginarrebari, hori ere madarikazioaren partea beharbada, errespetu falta... Batek daki zer zen errespetua duela 400 urte...

        Baina beste bertsio batzuetan biribildu egiten du madarikazioa, denik eta madarikaziorik biribilenetakoa egin arte, zuzena, pertsona desorekatzen duena, aztoratzen duena, ondoegi ulertzen ez duguna, ondoegi ulertzen dena:

 

                Ai, neure amainarreba,

                muskerrez betia

                subeak eingo al deutsu

                arratserako ohia.

 

        Eta horrela eman izan da indarkeria orain dela gutxira arte, horrela esan da zer den, horrelako irudiekin, sugeekin, muskerrekin, txakurrekin. Egunkaririk gabe, kamerarik gabe, baina beti kontatu nahi izan da, kontatu behar izan da beharbada. Salbuespen itxura dauka indarkeriak, ez da. Irene Arriasek ohitura hartu zuen indarkeriari begiratzeko, bilatu egiten zuen, liburuetan, interneten, egunkari antzinakoetan, balada hori topatu zuen, beste batzuk. Bilatzen hasten zenetan, baina, ez zuen gehiegi ere bilatu behar, erraz Irene, errazegi.

 

 

Ambrose Bierce kazetaria eta idazlea 1842an jaio zen Ohion, Horse Cave Creek herrian, kalbinista puritanoek sortuan. Warsawra aldatu zen familia gero, Ambrose artean umea zela, Indianara. Marcus Aurelius Biercek eta Laura Sherwoodek, gurasoek, hamahiru seme-alaba izan zituzten eta guztiei jarri zieten A letraz hasitako izenen bat: Ambrose, Amos, Albert... Kontatzen du internetek Ambroseren arrebetako bat kanibalen artean desagertu zela Afrikako misioetan zegoenean, baina sinesteko zaila ere bada, gehiegizkoa ere bai beharbada, gehiegikerietarako joera dago beti interneten. Indianan bizi izan zen familia hainbat urtez, hori seguru jakin daiteke, Kosciusko konderrian.

        1859an akademia militarrean hasi zen Ambrose Bierce, Kentucky Military Institute. Gazterik hasi zen, oso gazterik, kenketa ez da zailegia ere: 17 urte. Urte bi geroago hasi zen Estatu Batuetako gerra zibila, eta Indianako Infanteriako Bederatzigarrenean eman zuen Ambrosek izena, C konpainian, West Virginian aritu zen, 19 urterekin. Gerra amaitu zuenerako 22 urte zituen. Ez zuen armadan jarraitu.

        Ambrose Bierce osabari begira bizi zen gerrara joan aurretik, osabari begira egin zuen hori guztia. Lucius V. Bierce osaba, militarra, jenerala, hizlari egokia. Hori esaten dute dokumentu guztiek, hizlari ona zela... Ezin da jakin, ez dago grabaziorik, ezin egon, ahotsa grabatzeko lehen saiakerak 20 bat urte geroago hasi zituelako Oberlin Smithek.

        Lucius V. Bierce jenerala jendaurrean aritzen zen beraz, arrakasta zuen, jarraitzaile asko. Etxean ere, loben aurrean, Ambroseren aurrean, kontatzen zituen gauzak, gerrakoak, batailetakoak, zer den soldaduen ohorea, ausardia, noblezia, ozartasuna. Propaganda berriro ere, nola ez, beti da gauza bera, nazio guztietan, desberdinenetan ere. Zergatik joango ziren umeak armadetara bestela, goseak egotera, lo gutxira, lehertu arte mugitzera, hiltzera ere bai... Propaganda behar da umeentzat, militarren dantzaldiak, koronelen trajeak, heroiak, ezkontzak, lapurretak, zigortzen ez direnak, arpilatzeak, bortxaketak. Sari horiei begira jasan ahal da hori guztia, militarren artean, sarjentuen artean, lurrean, lokatzetan.

        Ambrose Bierce umeak, 16 urtekoak, sinetsi egin zion osaba jeneralari, nola ez zion sinetsiko. Ambrose Bierce umea beraz, 17 urtekoa, akademia militarrean hasi zen. Eta Ambrose Bierce umeak, 19 urtekoak, Indianako Infanteriako Bederatzigarrenean eman zuen izena, C konpainian. Baina Kennesaw Mountaingo batailan, 1864ko ekainaren 23an, konfederatuen bala batek jo zuen eta buruan larri zauritu. Hilabete batzuk eman zizkioten ospitalerako.

        Irailean itzuli nahi izan zuen frontera, baina zorabiatu egiten zen, konortea galdu, dizziness and frecuent blackouts, dio bere biografietako batek. Armada utzi behar izan zuen orduan, uztera behartu zuten beharbada. Askotan entzuten izan da, armadatik botatzen dituztela, ez dutelako soldadu mailaturik nahi. Apur bat mailatuta beharbada bai... Oso mailatuta daudenean, bota egiten dituzte armadatik. Hori da militarra, noblezia, ohorea, justizia, eta abar. Kennesaw Mountain Georgiako estatuan dago orain ere.

        Gerra amaitu eta urte bira, San Franciscora aldatu zen Ambrose Bierce, guztiz etsita seguruena, fedegabe, ez zuen ezer sinesten orain, gerran ikusi zuenagatik, gerran ulertu zuenagatik. Izan ere, West Virginian ikusi zuen gerrak, Georgian ikusi zuenak, ez zuen zerikusirik osabaren gerrekin, Lucius V. Bierceren gerrekin. Edo beharbada bai, bazuen zerikusia... Berdin-berdinak ziren beharbada, baina, guztiarekin ere, Ambrosek ikusi zuen zikinkeriak ez zuen zerikusirik osabak kontatutako zikinkeriekin. Hor zegoen saltoa seguruenik, propagandan, ematen du narrazioak gutxitan egiten direla alferrik, zikinkerien narrazioak, besteak ere ez.

        San Franciscon kazetari hasi zen Ambrose Bierce, gerra amaitu eta urte bigarrenera, gazte oraindik, ume oraindik. Zutabe bat eskaini zioten egunkari batean berehala: Town Crier, pregoilaria. Testu deserosoak eman zituen hor, deserosoak mundu guztiarentzat, politikoak, abadeak, beste kazetariak. Orduko gizartearen oinarrietako bat bera ere ez zuen onik utzi nahi, ez zuen utzi. Desinhibizioa erabatekoa, nahi zuena egiten zuen, nahi zuena esan, inori begiratu gabe, beldurra zion jendeak.

        Albert Bierce anaiak behin eta berriro esan zuen ez zela Ambroseren errua, desinhibizio hori, gaiztakeria... Esaten zuen Kennesaw Mountaingo bala zela, burua aldatu ziola. Lobulu frontalean jo zuen beharbada, ez dago jakiterik, lobotomia moduko bat eragin zion agian nahi gabe. Auto istripuetan gertatzen da askotan, buruan kolpea jasota, bekokian. Kasu asko dago, mojei sexu astakeriak esaten dizkieten apaizak esate baterako, hori da kasurik nabarmenetako bat. Desinhibizioa erabatekoa, ez da gero garunari eutsiko dion ezer.

        Irene Arriasek hala uste zuen, hori izan zitekeela Bierceren zutabeen arrazoietako bat, gaiztakeriarena, desinhibizioarena, zergatik ez, anaiak arrazoitu zuen, Albertek, baina iruditzen zitzaion beste arrazoi batzuk ere egon zitezkeela. Kennesaw Mountain bera izan zitekeen beste arrazoi bat, edo Chatanooga, edo Chickamauga, edo Shiloh... Gerra zibil hartako batailak, guztiak, milaka hildako, odola, buru arazoak, hezurrak. Horrek ere aldatzen ditu buruak, gerra guztietan, kuartel guztietan, iruditzen zitzaion buruek ezin diotela natural eutsi.

        Irenek hori guztia pentsatzen zuen hurbiletik ikusi zuelako antzeko zerbait, osaba batekin, beste gerra zibil batean, desinhibizio bera. Nahi zuena egiten zuen gerratik bueltan Ireneren osabak, Algortara etorri eta gero, gerran eta preso zazpi urtez egon ostean, frontean, bonbak desaktibatzen. Hilda itzuli zen osaba Algortara, hildakoek bezala hitz egiten zuen, barreka, guztiari. Iruditzen zitzaion Ireneri gauza bera gertatu zitzaiola Ambrose Bierceri beharbada, seguruenik, hilda itzuli zela, hilda idazten zituela zutabeak.

        Bitter Bierce esaten zioten San Franciscon, Bierce mingotsa. Maksim Gorki idazlearen ezizenak ere «mingots» esan nahi du errusieraz. Mikel Zarate lezamarrak narrazio sail bat argitaratu zuen bizkaieraz, eta idazleak berak esan zuen narrazio mingotsak zirela... Izenburuan bertan ere eman zuen hitz hori... Antzekotasunak, beraz, Errusian, Estatu Batuetan, euskal herrietan. Liburuaren sarreran ere aritu zen Mikel Zarate mingostasunari buruz, testuei buruz, «mingots samarrak dira, gaurko idazgiro mingotsa lakoak». Franco hil gabe orduan, jakina, torturak, exekuzioak.

        Mikel Zarate ez zen gerran egon, Ambrose Bierce bezala, ez gerra klasiko batean behintzat. Abadea zen, meza esaten zuen, baina aparejadorea ere bazen, eta apustuzalea, frontoian, kartetan. Abade berezia, baina ez hain berezia beharbada orduko euskal herrietan. Guztiarekin ere, Zarate Bierceren gerra moduetan egon ez arren, indarkeriaren ondoan ibili zen, hurbil, erdian. Idatzi ere egin zuen horri buruz, ipuinak, nobela bat, Haurgintza minetan. Don Trifon diktadorea erakutsi zuen hor, eta Don Trifonen zerbitzariak, txakurrak, txakur hiztunak. Txakur guztietan lehena, gogokoena, Jopu txakurra... Izena ere ez da doakoa.

        Askotan nahastu izan dira txakurrak eta indarkeria, normala da giro askotan. Ruandan pertsonen gorpuak jan zituzten txakurrek, soldaduek tiro egin zieten. Sendero Luminosok, adibidez, Limako elektrizitate-zutoinetan urkatu zituen. Txakurrez eta mota guztietako animaliez idatzi zuen Mikel Zaratek, beleak, saiak, arratoiak, astoak, Iazko asto hilak aurten lurruna, iazko txakur hilak ere bai. Ambrose Biercek ere erabiltzen zituen animaliak, behiak, ostrukak, ahariak, indarkeriarekin lotuta guztiak, «My favourite murder» ipuinean esate baterako. Erlijioari ere nabarmen begiratu zioten idazle biek, ikuspuntu desberdinak seguruenik, eta Biblian ere asko erabiltzen dira animaliak, zentzu guztietan.

        Mexikon hil zen Ambrose Bierce, 71 urterekin. Mexikoko iraultzan desagertu zen, hil egin zen, hil egin zuten, bere buruaz beste egin zuen, inork ez daki. Guillermo Arriaga gidoilari eta idazleak hipotesi bat bota zuen Batallón guillotina liburuan: Pancho Villak berak agindu zuela Bierceren exekuzioa, espioia zela pentsatu zuela.

        Gauza da Ambrose Bierce 71 urtekoak oraindik zuela gogoa gerrarako, indarra ere bai, Lovecraftek dioen arren ordurako erdi ezinduta zegoela. Mexikoko iraultzara hurbildu zen orduan, beste gerra bat ikusi nahi izan zuen antza, hil aurretik, azken gerra beharbada. Baina azken bidaia haren arrazoia ez zen gerra ikusteko gogoa agian, ez zen horregatik joan: zahartzaroarekin zuen beharbada zerikusi handiagoa... Birika gazteak gogoratu nahi zituen beharbada, kargarik gabeko birikak, 50 urte lehenagokoak... Izan ere, Mexikorantz abiatu aurretik, gerra zibileko batailen leku asko bisitatu zuen berriro, Stone River, Shiloh, Nashville, Kennesaw Mountain, nola ez, Franklin, Chickamauga, beste batzuk ere bai. Baina inpresioa da ibilbide hori ez zuela Ambrosek berak prestatu, Kennesaw Mountaingo bala hark prestatu zuela, esango zukeen bezala, beharbada, Albert anaiak. Eta sinistu egingo zioten neurologo batzuek. Irene Arriasek ere bai.

 

 

Edozein ordenagailutako pantailan ikus daiteke: Bagdadeko gaua, benetakoa, ez narrazioetakoa, ez Scheherezade, ez Bernardo Atxaga, orain dela urte gutxi batzuetako Bagdad, mende hasierakoa. Ikus daiteke, bideoa abiatu eta berehala, nola hasi den argitzen Bagdadeko gaua. Suma daiteke armena dela argia, jaurtigaiena, bonbak, misilak. Arma-industriaren lexikoa ez da erraza, baina arazorik gabe uler daiteke Bagdad lehertzen ari direla, oso urrunetik, usaindu behar izan gabe, haragi errea, hildakoak, hondakinik gabe, odolik, bestelako likidorik, gorputz-adarrik gabe.

        Beste bideo batean, bonbardaketak egin eta ez askora grabatutakoa, Saddam Hussein ikus daiteke, bizar luzeekin, bizar nahasiak. Ordura arteko bideo guztietan bibotearekin agertu izan den Saddam Hussein bera, bibote zainduarekin, tindatua seguruena. Soldaduek harrapatu eta ordu gutxira dago bideoa grabatuta, minutu gutxira beharbada. Zulo batean gordeta egon da Saddam Hussein, zulo landugabe batean, mundu erdia haren bila. Aurpegian ere igartzen zaio iluna, zulo hartakoa, lehen bideo horretan.

        Hurrengo bideo batean, Saddamen ezkutalekua erakusten ari dira soldadu batzuk. Ematen du britainiarrak direla, baina internetek metatesi asko egiten ditu, estatubatuarrak ere izan daitezke, berdin dio, ez dio berdin. Zuloa estua, ez dago etxe baten barruan, ingurua ere basa da, zuloaren hormak leundu gabekoak guztiak.

        Saddam Hussein hil eta bost urtera, Jawad al-Shammari izeneko irakiar batek aitortu zuen 22 urtez egon zela ezkutatuta antzeko zulo batean, Saddam Hussein beraren epaitegi batek heriotza-zigorra ezarri zionetik. Beste zulo bat Iraken beraz, Saddamena baino landuagoa, hori bai, etxe barruan. Zulo gehiago ere egon zen, beste gatazka askotan egon izan diren bezala, non ez, gerra zibiletan, Bigarren Mundu Gerran, Ruandan ere bai. Irene Arriasek Ruandako genozidioaz izan zuen lehenengo berria hori bera izan zen: hutu batek halako zulo bat erakutsi zion kamerari, etxe ondoan. Kontatu zuen nola gorde zuen tutsi bat han, bilatzen ari ziren tutsi bat. Irene Arriasek Ruanda zer zen ere ez zekienean ikusi zuen bideo hori.

        Bada balada berezi batean antzeko zerbait: zazpi urtez ezkutatuta egon da gizon bat, edo ezkutatu egin dute beharbada. Ez dago oso argi gizon hori hilda ala bizirik dagoen, ezin da jakin gorpua gorde duten soilik. Hori da desberdintasun bakarra, alderik balego bezala, desberdina balitz bezala, bizirik egotea, hilda, mundu guztia hilda ez balego bezala. Baladaren esateko modua ere ez da edozelangoa, mundu osoko pertsona ezkutatuak erakusten ditu hor:

 

                Zazpi urte igaran dit kaparraren pian,

                bele-erroiek uste zien sagarroia nintzala,

                sagarroiak uste zian haren sagarra nintzala.

 

        Ez dago argi baladak noiz sortzen diren, gertaera izan eta berehala, ala tarte batera, handik urte batzuetara adibidez. Jawad al-Shammarik, esate baterako, zulo batean 22 urtez egon zen irakiarrak, Saddam Hussein urkatu eta bost urtera kontatu zuen ezkutalekuarena, itxaron egin zuen, zer gerta ere. Irratia zeukan zuloan, kanpoan gertatzen ari zenaz jabetzeko. Britainia Handiko Daily Mail egunkariak kontatu zuen hori guztia 2012an.

        Laugarren bideoan, Saddam Husseinen epaiketa ikusten da. Zulotik atera eta geroagokoa. Bizarra eginda du orain, aurpegia ere berrituta, betiko bibotea, seguru hitz egiten ari da. Adolf Eichmannen antz handia du, inork ez luke esango, hortzak ere antzekoak. Ematen du badakiela zein izango den epaia.

        Saddam Husseini egin zioten azken bideoan, bosgarrenean, urkabera eramaten ari dira. Burua beltzez estalita duten gizon batzuk ari dira gidatzen. Hiru daude Saddamen inguruan, baina nabari da pertsona gehiago dagoela aretoan. Zapi beltz bat jarri diote samaren inguruan, eta zertarako den azaldu dio gizonetako batek. Onartu egin du Saddamek... Urka-bilurra hurbildu diote, soka burutik behera sartu. Urka-bilur klasikoa da, mundu guztiak imajinatuko lukeena, apur bat handia beharbada gorputz bakar bati eusteko, baina Saddam Husseinen saman estutzeko keinua egin dutenean, oso erraz mugitu da korapiloa, errazegi. Segundo bakanetan larritu dio zintzurra, prest utzi dute. Kameraren mugimendu batean ikus daiteke leiho moduko bat dagoela Saddamen oinetan. Pentsa liteke hura zabaldu eta zuloa izango duela azpian, hara amilduko dela gizonaren gorputza, ez osorik jakina, sama inguruan daukan sokak ez dio utziko, zintzilik geratuko da. Azken segundo hori ez da bideoan ikusten, ez da behar, hilda ikusi dugu Saddam Hussein.

        Kontua da osorik ikus daitekeela indarkeriaren sekuentzia bost grabazio horietan, Saddam Husseinen ingurukoa: bonbardaketak, atxiloketa, zuloa, epaiketa, urkamendia, guztia dago grabatuta. Gaddafi nola erabili zuten ere erraz ikus daiteke edonon adibidez, kolpeak, lintxamendua, hildako aurpegia, zerikusirik ez arropa garestia janzten zuenarekin. Gauza da azken 70, 80, 90 urteetako indarkeriak, indarkeria momentuak, asko, grabatuta daudela, sekuentzia osoak, erraz ikus daitezkeela, kalitate handiagoz, eskasagoz, pertsonak begietatik 40 zentimetrora hiltzen, odolusten, ordenagailu batean.

        Eta hori iruditzen zitzaion desberdintasuna Irene Arriasi orain, erraz ikusi ahal dela, grabatuta dagoela, edonork ikus dezakeela, edonon. XVIII. mendean, XV, VII.ean, kontatu egiten zen, xehetasun gehiagorekin, gutxiagorekin, odolarekin. Ematen du horretarako direla balada asko, erromantzeak, sagak. Bistan da beti kontatu izan dela indarkeria, erakarri egiten gaituela, indarkeriak, sexuak, heriotzak, jolasak, jolasa heriotzaren kontra, baina orain askozaz hurbilagokoa iruditzen zitzaion Ireneri, pantaila propioan ikus zitekeelako, ahalegin handiegirik egin gabe, Irene Arriasek aldian-aldian ikusten zuen moduan, etxeko ordenagailuan, lanekoan ere bai.

        Horrela ikusi zuen, esate baterako, 2002ko martxoan, grabatu eta 8 bat urtera, Ruandako herri ugertu bat, zuri-beltzean. Ikusi zuen kamera etxe batzuen aurretik ari zela pasatzen, herri txiki batean, ez hain txikian, eta nola zeuden atariak eta inguruak hildakoz beteta. Hildakoei begira zutunik pertsona bat, grabazio osoan bizirik ikusten den bakarra, besoak zabal-zabalik. Ematen du ahoa ere zabalik duela, baliteke oihuka egotea, negarrez ere bai, baina grabazioa ez da onegia, gezurra dirudi, 1994koa izan behar duelako.

        Berdin ikusi zuen Irenek urte batzuk geroago nola torturatu zuten kamera aurrean Samuel Doe, nola eraman zuten heriotzaraino, belarriak ere moztuta, tantaka odola, galdeketa egiten zioten bitartean. Europako Kontseiluak behin eta berriro eskatu izan du atxiloaldi guztietako galdeketak grabatzeko, gehiegikerien kontra, torturen kontra. Samuel Doeren grabazioaren helburua oso bestelakoa zen: torturak eurak grabatu nahi zituzten, grabatu eta erakutsi, Liberian gehien ikusitako bideo bat hura.

        Baina beste tortura batzuk grabatu izan direnean, ematen du beste helburu batzuk ere egon direla, ez bi horiek soilik. Helburuak biderkatu egiten dira, arrazoiak ere bai. CIAk galdeketa-saioak grabatzeko gomendatu zuen 1963ko KUBARK txostenean, adibidez. Helburua praktikoagoa: saioak grabatuta bazeuden, nahi zutenean ikusi ahal baziren, agenteek ez zuten erantzunik idatzi behar eta «arreta handiagoa jar zezaketen horrela galderetan». Saioei «galdera-saioak» esaten diete txostenean ia beti.

        Baina horrezaz gainera, beste helburu gardenago batzuk ere bilatu izan dira torturen grabazioekin: «galdera-egile» berriak trebatu, akatsak zuzendu, «galdeketa» perfektuak aztertu, erantzunak lortu dituztenak, erantzun egokiak, galdera-egileak nahi zituenak...

        Eta azken helburu bat ere badela esaten da, beste batzuk ere izango diren arren. Jakin da Abu Ghraiben, esate baterako, xantaia moduko bat ere bazela: galduta zeuden atxilotuak torturen bideo haiek zabaltzen baziren, ziega barrukoak. Irainak erakusten zituzten, sexualak, biluzik, sodomizatuta ere bai. Atxilotuak inoren eskuetan beti beraz, kartzela barruan zeudenean, baina baita kanpoan ere. Arma perfektua torturatzaileentzat kamera, kasu horietan, kalte psikologikoak, kalte sozialak.

        Idatzi izan da buelta etorri zitzaiela ordea: argitaratu egin ziren Abu Ghraibeko argazki batzuk, nahi gabe, ematen du nahi gabe izan zela. Soldadu batzuk zigortu zituzten, zigortu ahal dena zigortzen da, ez gehiegi ere. Baina adituek diote agerian geratu zitzaiela makina momentu horretan, barrukoak, tripak... Ezin da jakin kezkatu ote ziren hain nabarmen geratzearren, baliteke ezetz, zinismoa ere ikasi egiten da, baina badirudi torturen 20.000 grabaziotik gora egin zirela eta guztiak desagerrarazi egin behar izan zituztela orduan, zer gerta ere. Baliteke grabazioren bat geratzea oraindik, seguruena, beti dagoelako makina perfektua dela uste duen baten bat.

        Inpresioa da kamerak asmatu zirenetik beti grabatu izan dela indarkeria, beti erabili izan direla grabazioak. John Huston zinegilea kapitain egin zuten Bigarren Mundu Gerran, esate baterako, Ozeano Pazifikoan. Propagandarako filmak enkargatu zizkioten noski. Beti propaganda, nola ez, lan handia izan dute hor beti militarrek, diru asko ere bai. Horregatik eskatzen diete onenei, onenen arteko batzuei.

        Egin zuen propaganda, noski, John Hustonek, erakutsi zuen armada, gerra, erakutsi behar zituen bezala, erakargarri, salbatzaile. Baina kontrakoa ere egin zuen: Let There Be Light dokumentala filmatu zuen 1946an, New Yorkeko ospitale psikiatriko batean gehiena, Edgewood State Hospital. Hara bidali zuten soldadu asko Bigarren Mundu Gerra ostean, buru arazoekin, gerratik bueltan. Kalteak erakutsi nahi izan zituen Hustonek dokumental horretan beraz, gerrakoak, garunekoak, gaixoak eman zituen pantailan. Beti gertatzen da, beti dira antzeko kalteak, baina ez dira erakusten, nola erakutsiko dira. Nola erakutsiko ziren, adibidez, Malvinetatik zetozen argentinarrak 1982an... Gehiago erakutsi ziren selekzioaren partiduak munduko kopan, Pasarella, Kempes, Maradona, Tarantini. John Hustonek erakutsi egin zituen hala ere, kalteak, gaixo psikikoak, eta debekatu egin zuten dokumentala 30 urtez, nola ez zuten debekatuko. Irene Arriasek beste 30 urte geroago ikusi zuen. Apur bat aztoratzen zen askotan grabazioen aurrean, gero eta gutxiago ordea.

        Esaten da mundu osoko ikusleengan eragina izan zuen historiako lehen dokumentala, lehen grabazioak, Nanjingeko masakrekoak direla, misiolari batek eginak, John Gillespie Mageek. Mota guztietako gehiegikeriak Nanjingek, bortxaketak batez ere, buru erauzketak, umeak, nekazariak. Japoniako Armada Inperialak egin zuen hori guztia, urte batzuk geroago John Hustonen kontra aritu zen berbera.

        Baina japoniarrek ere egin zuten propaganda euren alde, nola ez, guztiek egiten dute. Eta ia beti dauka arrakasta propagandak, ia inoiz ez dago indarrik kontra egiteko. Kontra egiten diona, gainera, kanpoan geratzen da, usteldu egiten da kanpoan, koldarra, desertorea, terrorista, hori da propagandaren beste adar bat. Dena dela, inoiz ez da koldar asko egoten: nazioak handiak dira, herrikideak ausartak, nobleak, ohorea eta abar.

        Japoniarrek albistegi bereziak emititu zituzten Bigarren Mundu Gerraren amaiera aldera. Armada Inperialeko pilotuak erakusten zituzten, baina ez pilotu arruntak: kamikaze esaten zieten, ezaguna da, mundu guztiak ezagutzen du izena, hegazkinak Estatu Batuetako Armadako itsasontzien kontra eztandarazten zituztenak, pilotuak barruan. Buruaz beste egiten zuten kalte militar txiki bat eragiteko, edo handia, berdin dio, ez dio berdin, Japoniak galduta zeukan gerra. Eta hori bera adierazten zuten albistegiek, herriaren alde eman behar zela bizia, enperadorearen alde, salbatzeko zirrikitu bat ere gabe, hegazkinean sartu eta hil, 21 urterekin beharbada, 17 urteko batzuk ere izan ziren. Hori lortzeko propaganda egin zuten noski, ausartu egin ziren propaganda egileak, agintariak, irensteko ezinezkoa ematen du, propaganda modu hori, proposamen hori, baina pilotu askok onartu zuen, gehienek.

        Hor ere bada atzeko alde bat, hala ere. Ematen du beti dagoela atzeko alde bat, Kenichiro Oonuki pilotu ohiak garbi kontatu zuena. Misio baterako dei egin zieten Oonukiren eskuadroiko pilotu guztiei: buruaz beste egin behar zuten estatubatuarren hegazkin-ontzi baten kontra. Biharamunean erantzun behar zuten, onartzen zuten ala ez. Hiru erantzun posible: «Ez», «Bai» edo «Bai, bihotz eta arimaz egin nahi dut».

        Inork ez zuen baietz esan nahi, nola esango zuten baietz, baina eztabaidatzen aritu ziren, gauez, eta konturatu ziren hilda zeudela ordurako, baietz zein ezetz esan. Ezetz esaten bazuten, frontera bidaliko zituzten, fronterik galduenera, aurrean jarriko zituzten, berdin hilko ziren, baziren kasuak. Familiek ere sufrituko zuten orduan, errespetu falta, desohorea, baziren kasuak. Guztiek esan zioten baietz misioari beraz, bihotz eta arimaz egin nahi zutela noski.

        1945eko apirilaren 3an egin behar zuten hegaldia, baina Kenichiro Oonukiren hegazkina aireratu ere ez zen egin, matxura bat. Handik egun bigarrenera aireratu zen, baina buruaz beste egin behar zuen lekura heldu orduko, Estatu Batuetako Armadak tirokatu eta irla batean lehorreratu behar izan zuen. Aukera minimorik ere ez zuen izan behar den moduko kamikazea izateko beraz. Zorte txarra beharbada, aldekoa beharbada, berdin dio.

        Itzulerako bidaia luzea izan zuen Oonukik, gogorra. Japoniara heldu zenean, ordea, jipoitu egin zuten, torturatu, kartzelara bidali, Zergatik itzuli zara, hori lehenengo galdera, hori propagandaren azken adarra.

        Baina kamikazeak ez zeuden bakarrik, hori zen beste ideia bat. Estatubatuarrek konkistatutako herri askotan, irla txikietan, handiagoetan, biztanle guztiak suizidatu ziren, zibilak ere bai. Propaganda hor ere aldez aurretik, alderdi guztietan: gure lurrak konkistatuko dituzte, baina ez gure herritarrak, ezta gure arimak ere... Japoniako Arima, ez da gutxi. Amildegietatik behera botatzen zituzten euren buruak beraz, eta amek umeak hartzen zituzten salto egiteko, altzoan. Esaten da hutsik geratu zela herri asko.

        Michael Witowichek, marine batek, kontatu zuen umeak airean tirokatzen zituela Japonian, amildegitik behera jausten ari zirenean. Argudiatzen zuen amildegiko haitzen kontra ez zirela lehen kolpean hiltzen umeak batzuetan, sufritzen egoten zirela, haitz artean, odolusten, negarra. Umeei tiroa jotzen ahalegintzen zen, ez sufritzeko gero, hilzorian ez egoteko haitzetan, burua apurtuta, negarrak, tripak. Esaten zuen errukiagatik egiten zuela...

        Ehunka izan ziren suizidioak, milaka agian. Ezin da jakin zenbat ume hil zituen Witowich marineak, non jarriko zen tiroak jotzeko, hurbil, urrun. Ezin da jakin egun bakar batean egin zuen ala egunero, errutina. Ez dago horren grabaziorik, beste biolentzia gehienarena bai ordea.

        Ordenagailuan ikusi ahal izan zituen Irene Arriasek biolentzia asko, frankotiratzaileen bideoak esate baterako, espero baino askozaz gehiago. Nola tirokatzen zuten kaletik korrika zihoan pertsona bat, edo ibilera sosegatuz zihoana. Nola ez zirudien bideoak erabat erreala, nola jausten zen pertsona halako batean, hilda ez balego bezala, egundo bizirik egon izan ez balitz bezala. Frankotiratzaileen grabazio klasikoak ikus zitezkeen gero, J.F. Kennedy, Dallas, autoa. Mundu guztiak ezagutzen ditu xehetasunak, propagandarako diru asko dago han, liburuak, pelikulak, magnizidioa, gogorren penatuta dagoen delitua. Ez dago konparatzerik Jugoslavia ohiarekin, ezer ezin da konparatu, dena konparatu ahal da.

        Biolentziaren bideo klasiko asko dago: Hendaian elkartu ziren Hitler eta Franco, euskal herrietan, trena, pertsona barregarriak, konplexuz beteak, eragabe torturatu eta hil zutenak. Kontzentrazio-esparruak ere grabatu ziren, Leni Riefenstahlen pelikulak gero, nazien aldekoak. 1936ko Olinpiar Jokoak grabatu zituen Riefenstahlek, historian grabatu ziren lehenak, Hitlerren alde, baina Jesse Owensen alde ere bai.

        Txileko Palacio de la Moneda nola hartu zuten ere ikus daiteke grabazioetan. Augusto Pinochet askozaz geroago epaitu zuten, urteak, erdi kasualitatez ere esan ahal da, delituen parte minimoa epaitu zioten. Gobernuaren egoitza tankeekin tirokatzea ez da delitua, hegazkinetatik presidentearen burua bonbardatzea ere ez, grabatuta egon arren, edonork ikus dezakeen arren, hor ez da magnizidiorik.

        Ez da normalena, ez da erraza, baina grabazio klasiko batzuk zuzenean ikusten dira batzuetan. Irene Arriasek Dorre Bikiak jausten ikusi zuen zuzenean, nola lehertu ziren hegazkinak eraikinen kontra, bidaiariak barruan, pilotua barruan. Suizidioa berriro, japoniarren kulturatik oso urrun egon arren, japoniarren erlijiotik oso urrun ere bai, propaganda ere desberdina... Irene Arriasek zuzenean ikusi zuen enpresako telebista batean. Milaka hildako ikusi zuen zuzenean segundo gutxitan, bat bera ere ikusi gabe.

        Wolfgang Sofsky filosofoak esaten du indarkeriari buruzko dokumentuak bilatuz gero, erraza dela adibideak topatzea, literaturak askotan hitz egiten duela indarkeriaz. Baina literaturak, batez ere, arimaren mina deskribatzen duela esaten du, ez min fisikoa. Min fisikoa ezin da komunikatu, hori esaten du, erakutsi egin behar da, grabazioetan beharbada. Irene Arrias ez zegoen guztiz ados, baina bere burua irakurtzen ariko balitz bezala irakurri zuen Wolfgang Sofskyren pentsamendua.

 

 

1997ko irailean, enpresak ikastaro bat ematera bidali zuen Irene Arrias enpresa txikiago batera. Zazpi ikasle zituen, bera baino nagusiagoak gehienak. Irenek ez zuen bere burua kapaz ikusten zazpietako inori ezer irakasteko. Urte bi zituen ordurako enpresa berean lanean, baina ez zitzaion iruditzen ezer askorik ikasi zuenik, ez zitzaion iruditzen ezer irakasteko moduan zegoenik, fartsa itxura hartzen zion guztiari.

        Ikasleetako batekin itzultzen zen Irene Bilbotik, metroz, Ibon, Ibon Sales Urizar, Irene baino urte bi nagusiagoa, eta ematen zuen horretarako balio izan ziola ikastaroak. Leioan bizi zen Ibon, baina Algortaraino lagundu zion Ireneri birritan. Zerbait erosi behar zuela esaten zuen, Algortako denda batean, arratsaldeko hiru eta erdietan, bazkaldu barik. Ireneri iruditzen zitzaion hurrengo metroa hartzen zuela Ibonek, bueltakoa, Leioarako. Irene agurtu eta berriro sartzen zela geltokira, erosketak egin gabe, ezer egin gabe, hori pentsatu nahi zuen Irenek, hori pentsatzen egiten zituen minutu batzuk ia egunero.

        Hilabete eskasekoa ikastaroa, hogeigarren egunerako joan ziren zinera, azken-aurreko asteburuan. Paseoak gero, zer, nor, zergatik, gaizki-ulertuak, jatetxeak, gustuak antzekoak, oso desberdinak, berdin zion, ez zion berdin. Ibon hurbiltzen zen Algortara Irene Leioara baino gehiago, metroz lehenengo, oinez ere bai inoiz, auto zahar bat gero, 18 urtekoa. Betikoa autoan, dena betikoa, lehen bidaiak, lehen hotelak, betikoa hoteletan ere. Hori imajinatzen zuten Ibonek eta Irenek, denek egiten zituztela gauza berberak. Baina Irenek, horrezaz guztiaz gainera, beste zerbait ere pentsatzen zuen Basagoititik paseatzen zutenean, María Cristinan, Usategin... Umea gogoratzen zuen beti, ia beti, ia egunero. Hiru urte baino gehiago ziren postetxean topatu zuenetik, etxera igo zuenetik. Lehen egunak, lehen hitzak, zeinen konplikatua izan zen, uda hura. Iruditzen zitzaion Ireneri ez zuela ondo egin, ez zuela maila eman uda hartan. Pentsatzen zuen berekoia ere izan zela, gehiago begiratu ziola bere buruari umeari baino.

        Urte hartako azaroa gogoratu zuen momentu askotan, nola ez zuen gogoratuko, nola deitu zuten ikastolatik, 8an... Irene ez zegoen etxean, amak kontatu zion gero: amak kontatzen zizkion gauza inportanteak beti. Konplikatuak hurrengo orduak, hurrengo egunak. Orduko gehiena gogoratzen zuen Ibonekin geratuta zegoenetan, autora sartzen zirenean, ez beti, askotan, ez zekien ondo zergatik.

        Irail horretan bertan, Irenek Ibonekin lehen metroa hartu eta ordu batzuk geroago, Joseph-Desiré Mobutu hil zen ohean, Zairekoa, diktadorea, hilabete batzuk lehenago Deng Xiaoping hil zen moduan, otsailaren 19an. Biek eragin zuten hildako asko, gorpu asko, baina biak hil zituen gaixotasunak, Irene Arriasek Ibonekin lehen afaria egin zuen urte berean. Deng Xiaopingen irudia ez da Mobuturena bezain ezaguna, Mao Zedongena bezain ezaguna ere ez, Stalin, Mussolini. Garrantzi handia eman zioten irudiari gehienek, agerpenei, propagandaren beste adar bat. Deng Xiaoping, ordea, apur bat atzerago geratu zen horretan... Sasoi modu horietan ideiak koloregabetu egiten direla iruditzen zitzaion Ireneri.

        Irene Arrias eta Ibon Sales 2001ean hasi ziren etxea bilatzen. Algortan begiratu zuten: Irenek Algortan behar zuen, Iboni berdin zion. Salsidun begiratu zuten, Kasunen. Irenek gorago nahi zuen, Alangobarrin erosi zuten azkenean, 2001ean bertan. Argi gutxi etxeak, berdin zien, ez zien berdin. Apurka bete zuten, egongela, gela, guztiek bezala, guztiek egiten zuten gauza bera, apurka bete, hori iruditzen zitzaien behintzat Ibon eta Ireneri.

        Irailaren 28an sinatu zituzten paperak, Dorre Bikiak bota eta 17 egunera. Notarioaren bulegotik irten eta Alangobarriko etxera sartu zirenean, umea gogoratu zuen berriro Irenek, laster zirelako zazpi urte ikastolatik deitu zutenetik. Etxe hartan imajinatu zuen umea momentu hartan, ez hain ume ordurako, 10 urte, 11 beharbada, beste pertsona bat, beste mundu bat. Ireneri oraindik iruditzen zitzaion ez zuela uda hartan maila eman, gehiago egiteko aukera izan zuela ume haren alde.

        Ia egunero joaten ziren Alangobarriko etxera, nola ez ziren joango, arratsaldeetan, lanen ostean, bakarrik, elkarrekin. Gauzak eramaten zituzten, kutxak, arropak, liburuak, etxea erosten duten guztien moduan. Ez zuten etxe berrira berehala aldatu nahi, presarik ez, baina gauzak sartu nahi zituzten, zerbait egin nahi zuten etxearekin, nola ez zuten nahi izango.

        Azaroaren 6an ere Alangobarrin egon ziren, berandura arte. Inoizko beranduen erretiratu ziren, lurrean jesarrita, prakak zikindu zituzten, hautsa, karea. 23:15etan irten ziren, gurasoen etxera, bakoitza bere aldetik. Zortzi ordu geroago hil zuen ETAk José María Lidón epailea, Alangobarritik 20 bat metrora, kale paraleloan, Mariandresenako garajean. Auto barruan tirokatu zuten, emaztea ondoan, semea ere garajean bertan, beste auto batean. Tiroak entzunda hurbildu zen semea, bizirik ikusi zuen aita, hil-hurren, hilda medikua etorri zenerako.

        Irene Arrias zortzi ordu lehenago pasatu zen handik, Alangobarritik Torrenera joateko, amaren etxera, kaleak hutsik. Ez zuen José María Lidón ezagutzen, kaletik ikusi zuen beharbada inoiz, semeak ere Irene baino apur bat gazteagoak. Hil eta gero hasi ziren Algortako Lidón epaileari buruz hitz egiten, nola ez zuen alde batera edo bestera egin nabarmen. Nola kondenatu zituen, alde batetik, PSE-EEko egoitzaren kontra molotov koktelak bota eta hildako bi eragin zituzten gazteak; nola kondenatu zituen gero Tomas Linaza torturatu zuten guardia zibilak.

        Jende askok ez zuen argi ikusten beraz zergatik hil zuten epailea, azalpenak eskatu ziren orduan. Azalpen bat zabaldu zen geroago: ematen du epaitegietan abisua utzi nahi zutela, hori esan zen, sinbolo moduan. Katalunian jaio zen José María Lidón bera ere.

        Epailea hil zuten garajetik metro gutxira bizi zen beste hildako bat, Jokin Azaola, 1978an, Euskal Herria kalean, 15. zenbakian. Goizero egiten zuen Azaolak bide bera, Areneazpiraino jaisten zen, 5 urte lehenago Eustakio Mendizabal Txikia jaitsi zen bezala. Lankideekin biltzen zen Azaola, garajetik autoa atera eta Urdulizera joaten ziren, Mecánica La Peña, lanera. Abenduaren 19an, hiru ETAkide agertu zitzaizkien garajera, garaje inguruetara. Berriro garajea beraz, Lidón baino 23 urte lehenago... Autora sartu ziren bi eta Jokin Azaola hil zuen hirugarrenak. Mesedeetako Ama Birjinaren elizaren ondoan aldatu zuten autoa minutu batzuk geroago, Areetan.

        ETAko kidea izandakoa zen Azaola bera ere, erbestean egon zen, kartzelan. Hil zutenerako ETAtik kanpo zegoen, baina astekari batean aitortu zuen urte batzuk lehenago ETAk Espainiako errege-familia osoa bahitu nahi izan zuela eta arduradunetako bat izan zela bera.

        Monakora gonbidatu zituzten Juan Carlos printzea eta familia, kasino baten inauguraziora. Yate batean harrapatu behar zituzten errege-familiakoak ETAko komandokoek, itsasoan bertan. Bahitu, ezkutatu eta 200 edo 300 milioi eskatuko zuten gero, ehun bat preso aske uztea ere bai. Hori zen plana, Francori hori guztia eskatzea. Baina Azaolari iruditu zitzaion Francok ez zuela onartuko, ia ezinezkoa zela onartzea, eta barrundatu zuen ETAk ez zuela beste erremediorik izango, bahitu guztiak hil beharko zituztela, familia osoa. Beste inorekin hitz egin gabe pentsatu zuen hori guztia, bakarrik, baina argi zeukan, bahitu eta gero Francok onartzen ez bazuen, familia osoa hil beharko zuten. Azaolak ez zituen hil nahi, alferrekoa iruditzen zitzaion, merkea ere bai beharbada.

        Baionako kontsulari pasatu zion Azaolak abisua, polizia-komisario bati emateko, zegokionari abisatzeko. Errege-familia ez zen Monakora joan, ez zen bahiketarik egon. Azaolak astekari batean kontatu zuen gero, xehetasun guztiekin, nola prestatu zuten, nola eragotzi zuen berak. 1978ko abenduaren 19an hil zuten Azaola orduan, Areneazpi kalean, ikastolatik aski hurbil, Irene Arriasek egunero lau aldiz ikusten zuen leku batean, ikastolarako joan-etorrietan. Egun horretan ere pasatu zen garaje haren aurretik, Azaola hil eta ordu eta erdi geroago.

        Egun bi geroago Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argala hil zuten Angelun, Batallón Vasco Españolek hartu zuen hilketa bere gain. Eskumako egunkari batek idatzi zuen ordea, Batallón Vasco Españolek atentatua bere gain hartu arren, ez zela egia. Idatzi zuten egunkariak jakin zuela, «ETAtik hurbil dauden iturri batek» aitortuta, talde barruko borrokak zirela, militarrak, politiko-militarrak, badakizu, miliak, polimiliak, horregatik hil zutela Argala, argi zegoela. Idatzi zuten Argalaren hilketa Azaolaren hilketaren erantzuna izan zela. Inpresioa da lotsa sentimendurik gabe idatzi zutela, beste sentimendu modu batekin beharbada, itxurarik egin gabe.

        Esaten da Argalari «Moro» ere esaten ziotela lagunek Angelun, Sarrionandiak 30 urte geroago erabili zuen hitz bera, Gurugún aritzen ziren haiei esateko erabiltzen zen bezala, Algortara, 1937an, sartu zirenei buruz hitz egiteko ahoskatzen zena.

 

 

Ibonek eta Irenek Alangobarriko etxea erosi baino bi urte lehenago, elizgizon bat epaitu zuten Ruandan. Familia tutsi batek lau seme-alaba utzi zizkion elizgizonari masakreen sasoian, etxean gordetzeko, babesteko, sinisten zuten etxe hartan ez zutela problemarik izango. Alde egin zuten gurasoek gero, seguru zekiten guztiak hilko zituztela bestela.

        Baina heldu ziren milizianoak elizgizonaren etxera halako batean, etxe osoa arakatu zuten, hustu, balio zien guztia eraman. Gehiago ere egin zuten: lau umeak hil. Okerrago ere bai: elizgizonari agindu zioten umeetako bat hiltzeko. Milizianoei laguntza eman zielako kondenatu nahi zuten elizgizona 5 urte geroago.

        Andre batek defendatu nahi izan zuen ordea, ahalegindu zen elizgizona defendatzen, nola emango zien milizianoei laguntza etxe osoa eraman bazioten, guztia lapurtu bazioten, alde egin behar izan bazuen. Elizgizonak, baina, ez zuen bere burua defendatu nahi izan, baietz esan zuen, aitortu egin zuen, erruduna zela, hil egin zuela ume hura, aihotz kolpe bakar bat eman ziola, alde egin zuela gero, korrika. Esan zuen luzaro egin zuela korrika, errefuxiatu talde bat topatu zuen arte. Gerra amaitu eta segituan entregatu zen... Esaten zuen Jainkoarekin garbi utzi zituela kontuak, pertsonek epaitu behar zutela orain. Fiskalak galdetu zion, halako batean, ba ote zekien zer ekarriko zion epaiak. Elizgizonak labur erantzun zuela idatzi izan da: «Desagerrarazi egingo nau».

        Istorio hori argitaratu zuen 2000. urtean Véronique Tadjo Boli Kostako idazleak. Ematen du epaiketan bertan egon zela, edo oso bizi kontatu ziotela. Beste hilketa batzuk ere kontatzen ditu liburuan, gogorragoak agian, odol gehiagorekin, baina elizgizonarena da desberdinena, Ruandari buruz argitaratu diren beste dokumentuekin alderatuta ere desberdina, apaiz batek bi gizon hilerazi dizkit. Desberdintasunak gehiegitan errepikatzen direla ematen du hala ere.

        Eliza ez da ulertu izan askotan, elizgizonak, gotzainak, serorak... Handiegia eliza beharbada... Irenek ere ez zekien eliza tratatzen batzuetan, Nicolae Ceaucescuk ere ez. Harreman berezia izan zuen Ceaucescuk elizgizonekin, elizekin, erlijioarekin berarekin ere bai beharbada. Bukaresteko guneetako bat eraldatu nahi izan zuen esate baterako, eraberritu, etorbide zabalak egin. Hainbat eliza bota zituen horretarako, balio handikoak batzuk, balio historikoa, artistikoa, arkitektonikoa. Baina ez zituen guztiak bota, hor dago desoreka, ez dago argi irizpidea, ez argiegi, zergatik batzuk bai, besteak ez. Eliza batzuk, bota beharrekoan, lekuz aldatu zituen... Grabazio bat ere badago... Elizak zeuden lekuetatik erauzi egin zituzten, oinarrietatik, lurretik banatu. Mekanismo moduko bat jartzen zizkieten gero azpian, xaflak, gurpilak, hodiak, ez da grabazioan ondoegi ikusten: milimetroka mugitu zituzten ondoren elizak, kale berrian jarri arte.

        Antzeko ideia bat izan zuen idazle errumaniar batek, Ceaucescuren herrikidea bera, Otilia Valeria Corman, Ana Blandiana ezizenez. Ipuin-liburu batean, Proiecte de trecut, lekuz mugitzen diren elizen narrazio bi eman zituen. Hamaika narrazioko liburua da, eta lekuz mugitzen diren elizen narrazio bi ditu... Ez da gutxi, baina ez da asko ere, Ceaucescuren ahaleginaren ondoan.

        Narrazioetako batean, Subpiatrako elizari buruz hitz egin zuen, Bihor mendilerroan. Kontatzen du nola eraman nahi izan zuten herritarrek eliza beste herri batera, zegoen lekutik 10 kilometrora, idi eta uztarriz, eta sokaz. Esaten du kontakizunak eliza Cris ibaiaren gainetik pasatzen ari zirela, baina, izotz-geruza apurtu eta han geratu zela eraikina iltzatuta. Kontatzen du izotza urtu zela gero eta Subpiatrako egurrezko elizak urteetan jarraitu zuela nabigatzen.

        Beste narrazioan, lekuz mugitzen diren elizen saileko bigarrenean, herri txiki bateko eliza hegan hasi zela kontatzen du Ana Blandianak, beltzez jantzitako gizon eta emakume zahar batzuen ihesi. Bistan da mugitzeko joera handia zutela elizek Errumanian orduan; Paul Munteanu abade errumaniarrak ere hitz egin zuen horri buruz.

        Nicolae Ceaucescuk ideia ederrak zituela esan izan da, artistikoak, elizena bezalakoa. Ideia garbiak, ugerrak ere bai, edo beharbada ingurukoek ematen zizkioten, artistez inguratu zen beharbada. Urteko uzta ospatzeko festan, esate baterako, produktuen erakusketa egin behar zuten nekazariek, produkturik onenak. Telebistaz emitituko zuten, erakutsiko zuten Errumania ez zela gosez hiltzen ari. Zabalgune handi batean egin behar zen erakusketa ordea, eguzkiak joko zuen, usteldu egingo ziren produktuak. Ceaucescuk berak asmatu zuen zer egin, edo Ceaucescuren ingurukoek: poliestirenoz egin zituzten barazkiak, gaztak... Artoa, azaburuak eta meloiak benetakoak ziren: horietan ez zen ustela nabaritzen, ez telebistaz.

        Norman Maneak esaten du, bestetik, etxeko txakur eta katu guztiak hiltzeko agindua ere eman zuela Ceaucescuk, edo Ceaucescuren taldeak. Beste ideia artistiko bat: ez zuten nahi etxeko animaliek «produkzio-indarren» atsedena galaraztea. Ruandako emaitza berbera azken batean... Han ere hil zituzten txakur guztiak RFPko soldaduek, Iazko txakur hilak aurten lurruna, Otsoaren ihesi nebilela, bat nendin hartzarekin. Hori ematen du dela.

        Nicolae Ceaucescuk jaten zuen guztia analizatzen zuen laborategi batek. Sabelustu eta gero ere hondakinak analizatzen zizkioten, gorozkiak, obsesio horrekin bizi zen. Horrezaz gainera, talde berezi batek, erradiazio-detektagailu batez, diktadorearen lantokia, komuna eta luma aztertzen zituen egunero. Arropa ere kontrolatuta zegoen: Ceaucescuk jantzi aurretik analizatzen zizkioten arropa guztiak. Erre egiten zuten arropa gero, egunaren amaieran, iluntzean, iluntzero. Egunero estreinatzen zituen arropak beraz, egunero erre, Europako herrialderik pobreenetako batean. Europako jauregirik handiena ere eraiki nahi izan zuen Bukaresten.

        Kamerak ere asko erabili zituen Nicolae Ceaucescuk: barazkiak filmatzen zituen, ikuskizunak, hitzaldiak. Ceaucescu bera eta emaztea, Elena, ordu bitik gora agertzen ziren egunero telebistan. Securitatek Errumaniako bertako agintari batzuk ere grabatu zituen, goi mailako agintari batzuk, maitaleekin zeudenetan. Erraz asma daiteke zertarako nahi zituzten irudiak gero... Baina beste erabilera bat ere eman zieten grabazioei: Elena Ceaucescuri bidaltzen zizkioten. Esaten da gauero ikusten zituela Elenak, senarraren arropak erretzen ari zirenean.

        Nicolae Ceaucescu galdu zeneko momentua ere grabatuta dago, zuzenean eman zuen telebistak. Horregatik ikusi ahal dugu gaur, ez zutelako astirik izan eraldatzeko, eteteko. Jauregiko balkoietako batera agertu zen Ceaucescu, 1989ko abenduaren 21ean. Beste hitzaldi bat, segida luze baten ostean, ohitura kontua, ohituta zegoen, ohituta entzuleak ere. Txaloak hasieran, betiko antzean. Esaten izan da Securitateko agenteak nahasten zirela entzuleen artean, kontrolatuta zeukatela nork txalotzen zuen, nork ez zuen txalotzen batez ere.

        Hitzaldiaren une jakin batean, baina, oihu desberdin batzuk aditzen hasi ziren, txistuak ere bai, grabatuta dago. Ceaucescuk zalantza egin zuen orduan, hitzak erdizka, tatarrez. Kolokan jarri zuten oihuek, ez zekien ondoegi zer egin behar zuen, ez da erraza estatuburu bat horrela ikustea jendaurrean. Desbideratu egin zuten kamera orduan: jauregiko etxaurrea fokatu zuten lehenengo, horma bat, kartel laranja batez estali zuten emisioa gero, Transmisiune directa. Segundo asko horrela, 148 segundo, arin esaten da, bi minutu eta erdi. Berehala amaitu zuen Ceaucescuk hitzaldia berriro fokatu zutenean.

        Nicolae eta Elena Ceaucescuk momentu horretan ulertu zuten amaitu zela, gobernua, agintea, galduta zeudela. Helikopteroa erabili zuten alde egiteko, mugarantz, Errumaniatik atera nahi zuten. Helikopteroa lurreratu behar izan zuten halako batean ordea, arazoren bat, Errumaniatik irten aurretik. Auto batek hartu zituen bidean gero, baina esan izan da matxura simulatu zuela gidariak kilometro batzuk geroago, ez ziela lagundu nahi. Beste auto batek hartu zuen bikotea, berehala gelditu zuten ibilgailua, ostera, atxilotu egin zituzten, Errumanian bertan, muga pasatu baino lehenago.

        Epaiketa egin zieten gero, leku triste batean, eskola bat izan daiteke, jantoki publiko bat, grabatuta dago hori ere. Militarrak Nicolae eta Elenaren aurrean, adineko bikote baten aurrean. Oraindik uste zuten Ceaucescu zirela, subditoak bezala tratatu zituzten militarrak, baina gehiago dira agure-atsoak, berehala hil nahi dituztenak.

        Epaiketa antzeztu egin zuten orduan. Hasieran kode penalaren artikulu batzuen arabera epaituko zituztela esan zuten, 145, 163, 165 eta 356. artikuluen arabera. Azkenean, epaia eman zutenean, 162, 163, 165 eta 357. artikuluen arabera kondenatu zituzten. Desberdinak dira artikulu bi, baina Ceaucescuk ez zuen ia ezer esan epaiketa osoan, epaimahaia ez zuela onartzen, askoz gehiago ez. Berdin zien militarrei, ez zien berdin, eskuak lotu zizkieten. Ikusteko modukoa da grabazioaren une hori, nola egin zien aurre Elena Ceaucescuk soldaduei, Elena Petrescu ezkondu aurretik.

        Fusilatu zituzten momentua ere grabatuta dago, urrunetik, tiro egin zuten lekutik, 20 bat metrora. Tiroa jo zutenean, ke hodei handi bat jarri zen kameraren aurrean: ez da ikusten nola jausi ziren fusilatuak, ez da ikusten benetan fusilatu zituzten ere. Apur bat geroago ikusten dira bideoan aurpegi biak, hilda daudela ematen du. Irene Arriasek zalantza egin zuen grabazioa ikusi zuenean, ordea, ez zuen argi benetan fusilatu zituzten. Gero eta zalantza handiagoak egiten zituen horrelako grabazioak ikusten hasi zenetik, ulertzen hasi zenetik.

        Unibertsitateko lehen urtea egiten ari zen Irene Nicolae Ceaucescu hil zutenean, baina 19 urte geroago ikusi zuen grabazioa. Umea etorri zitzaion gogora gero, Ceaucescuren grabazioa ikusi ostean. 14 urte ziren laster postetxean topatu zuenetik.

 

 

Irene Arriasek umeak zer diren pentsatu behar izan zuen ume propioak ekarri baino lehenago, askozaz lehenago, hogeita hiru urte eta erdirekin, Ibon ezagutzeko asko falta zuenean, postetxe batean, hurrengo hilabeteetan, hurrengo urteetan. Apur bat geroago ulertzen hasi zen zer ziren umeak gerran ere, nola bidaltzen zituzten, 21 urtekoak, 17koak. Ulertu zuen gero, halako batean, gaixotasunera ere bidaltzen zituztela batzuetan umeak, Txinako umezurtzen etxeetan adibidez, nola uzten zituzten sehasketan mantarik gabe, edo hamar mantaren azpian, burua ere estalita, artatu gabe, jateko gutxirekin, nola uzten zituzten kontsumitzen. Umeen gaixotasuna pentsatu behar izan zuen Irenek, beraz, alaba propioaren sukarra baino askozaz lehenago.

        Bada balada bat horrelako ume modu bat erakusten duena, lanera bidaltzen dutena, lanik gogorrenetako batera, itsasora, marinel, marinelen laguntzaile hobeto esanda, barkuko azkena, txo esaten diote leku batzuetan, 10 urtekoa, 12koa, gutxiagokoa ere bai. Balada laburra da, zuzena, beste kultura askotan ere kantatzen dena, azalpen askorik behar ez duena.

        Sartu dute barkuan umea, beraz. Etxean ere ume asko, litekeena da, ezin guztiak jagon, bizibidea eman, arazo bat gutxiago. Familiak pentsatu du dirua ere ekarriko duela beharbada, parametro horietan ari gara. Gaixotasunera bidali dute hortaz, gaixotasunetik harago ere bai seguruenik, arazo bat gutxiago, horiek dira parametroak zalantzarik gabe.

        Bidaia ez da laburra, Ameriketara ziurrenik, Asiara. Bertsioetako batek esaten du: zazpi urte baditu uraren gainean ginela. Baliteke gutxiago izatea, ez da zazpi zenbakia zertan erreala izan, seguru asko ez da erreala, dena delako zazpi baladetan, dena da zazpi aldiz. Ondorioa bera da ordea, denbora asko egin dutela itsasoan, porturik zapaldu gabe, ikusi gabe ere bai agian.

        Herrian, bidaiaren hasieran, bildu zituzten jateko guztiak agortu zaizkie bidean noski, ez zuten pentsatuko, hainbeste denbora porturik gabe, ezinezkoa kalkulua. Hasi da gosea, beste ezer baino presenteago, garuna bera baino presenteago... Izan ere, zazpi urte itsasoan, sei urteren janaria baizik gurekilan ez ginula.

        Eta ezin izan diote goseari eutsi, nola eutsiko zioten, egun bakan batzuk ere ez diote batzuek eusten. Seigarren urtean geratu dira jateko barik eta zazpigarrenian jan genituen txakurra eta gatua. Txakur hilak berriro, katuak ere bai. Gustura asko jango zituzten, erraz imajina daiteke eszena, baina egun bakarreko gosea berdintzeko balioko zien, bikoa, laukoa, askozaz gehiago ez, tripulazio osoak jan behar zuen, txakur bat, katu bat.

        Beste zerbait asmatu behar dute, eta asmatu egin dute, goseak beti asmatzen du. Umea jango dute, marinelen laguntzailea, txoa, barkuko azkena, barkua nabigarazteko beharrezkoa ez dena, derrigorrezkoa ez dena, defendatzeko aukerarik ere ez duena, hori erabaki dute, erabaki perfektua euren begietan.

        Askotan gertatzen da, Uruguaiko hegazkin hartan bezala, Old Christians errugbi taldea eramaten ari zena Txilera, Andeez gaindi, istripua izan zuena mendian. 45 bidaiarietatik 16 bizirik istripuaren ostean, 72 egun egin zituzten mendian, elurretan, arin esaten da, hilabete bi baino gehiago, zero azpiko 40 gradu ere bai. Hildakoak jan behar izan zituzten halako batean, nola ez zituzten jango. Hasieran erreparoak izan zituzten, katolikoak, Old Christians izena ere ez zen errazkeria, baina gorpuak jatea erabaki zuten azkenean.

        Hildakoen familiakoek ez zuten protesta minimorik egin jakin zutenean, bizirik geratu zirenen kontra, euren hildakoak jan zituztenen kontra. Alderantziz ere bai: ulertu egin zuten, egin behar zutela, ezin zutela besterik egin, hildakoen gurasoak zirenek ere ulertu zuten. Rafael Echevarren zen hildakoetako bat, zatika jan zutenetako bat, jatorri euskaldunekoa, Jean-Pierre Minaberry bezala, beste hegazkin batean.

        Baladako tripulazioak ere ezin du besterik egin, ezin du besterik pentsatu, umea jan behar dute, txoa, barkuko azkena, defendatzeko aukerarik ez duena. Baina azken aukera eman nahi izan diote, oparitu nahi izan diote:

 

                Ene mithilik txipiena, ene mithilik maiteena

                habil harat, habil hunat, masta horren phüntalat,

                habil eta so egin ezak, ageri denez lür idorra.

 

        Azken unean zerbait ikusten badu, lurra, lehorra, libre uzteko prest daude beraz. Igartzen da nahiago dutela aukera hori, nahiago dutela txerria jan, eperrak, arrautzak. Baina umeak ez du ezer ikusi, ez dut ikusi leihorrik, ez eta ere belarik. Etsiarekin dator, badaki jango dutela, ez dago beste erremediorik, argi esan diote, edo barrundatu egin du beharbada, beste bertsio batzuetan.

        W.M. Thackerayk ingelesez idatzi zuen bertsioan, argiago esan diote umeari: O Billy! We»re going to kill and eat you. Ez zen euskal barkuetan gertatzen soilik, noski, kultura gehienetan, guztietan beharbada... Irenek gero eta argiago zuen indarkeria ez dela salbuespena inon, iazko barku hilak aurten lurruna.

        Dramatikoa ematen du, umea, gosea, antropofagia, baina Thackerayren poema A Nonsense Anthology liburuan argitaratu zuten 1915ean, New Yorken. Billee txikiak, Little Billeek, denbora apur bat eskatu du hil aurretik, first let me say my catechism, which my poor mother taught me. Ume euskalduna ere hara eta hona ibili da, porturen bat ikusteko, labarren bat, baina onartu egin du azkenean erabakia, jan nazazie, jan nazazie, jan beharra naiz lehenik. Onartu du bera dela sobran dagoen lehena, barkuak ez duela ezer galduko. Baina beste bertsio batean ilunago esaten du, gero jan behar banaizie, jan nezazie lehenik. Ez da hor ondoegi ulertzen, umeak zer nahi duen, bertsio inperfektua da, harik eta bertsiorik logikoenera heltzen garen arte: jan behar balin banauzue, hil nezazue lehenik. Hori da benetan eskatu nahi diena, jan bai, jan dezatela, baina hil egin behar dutela jaten hasi aurretik, ez diezaiotela zatiak ebaki eta jaten hasi, artean bizirik dela, odolarekin, min bizi horrekin. Kolpe batez hiltzea nahi du, Ruandan bezala, polizien aurrean bezala, gero egin dezatela nahi dutena gorpuarekin, berdin diola.

        Jende askok uste du hori bera dela logikoena, umeak proposatu duena: pertsona ahalik eta garbien hil, zatitu eta apurka jan. Ondo kalkulatuz gero, egunean zati txikiak janda, luzarorako eman dezake gorpu batek. Baina ematen du errealitatea beste bat dela: kontua da hildakoak berehala geratzen direla hotz, zurrun, eta, batez ere, uste baino arinago hasten direla usteltzen... Beste aukera da logikoagoa beraz: pertsona bizirik ahal denik eta luzaroen egotea, hanka bat ebakitzea eta jatea, bestea, besoak, sabelalde zatiak, apurka odolustu arren, odol isuriari ahal den moduan eutsiz... Modu horretan haragia ez da horren arin usteltzen, hori da arrazoia. Barkuko umeak badaki hori, ez da lehenengo aldia, beste barku batzuetakoak kontatzen ziren, umeak berak ere jan du gorpuren bat beharbada, hildakoren bat... Mesede hori eskatu die, azken mesede hori, jan behar balin banauzue, hil nezazue lehenik.

        Libratu da azkenean umea, ordea: mastainoaren puntalat igo da, main-top-gallant-mast Thackerayren bertsioan, eta handik ikusi du Londrese, edota Angalaterra, edo Katalonia, bertsioaren arabera, edo Tolonako thorria, eta leihoetako batean ikusi du kapitainaren arreba josten ari dela. Kasu honetan onerako izan da josten ari den emakumea, horrek salbatu du umea, marinelen laguntzailea, barkuko azkena. Ez dute laurdendu, ez dute jan, marinelen batek estimatuko zuen umea, askok beharbada, ez dute zatitu behar izan.

        Deskribatu izan da, ildo beretik, Bigarren Mundu Gerran, Ozeano Pazifikoan, irla asko geratzen zirela isolatuta, soldadu japoniarrak handik ateratzeko modurik gabe, behar bezala hornitzeko modurik gabe, janaria, botikak, arropak, dena beharrean egoten zirela. Gerra-presoak jaten hasi ziren orduan, baladetako barkuetan bezala, hildakoak lehenengo, gaixotasun larriren batek hiltzen zituenak izan ezik. Bizirik zeuden presoak hiltzen hasi ziren gero, hildakoak amaitu zirenean, egunean bat: arin hil, segituan jan, hori zen sistema.

        Asko zabaltzen hasi zen joera hori, egunero jaten zituzten gorpuak, leku askotan, ez presoak soilik batzuetan, arazo ere bihurtu zen. Agintariak arduratzen hasi ziren orduan, Aozu komandanteburuak agindua eman zuen: heriotza-zigorra izango zuten hildako pertsonen haragia jaten zutenek, baldin eta etsaien haragia ez bazen. Etsaien haragia jatea libre beraz, etxekoena ez... Agintariek, Aozu komandanteburuak, ez zuten gosea ulertu, egoera, irla, ez zuten ulertu Uruguaiko hegazkineko hildakoen familiakoek ulertu zutena. Gerra eragin zuten, komandanteburuek, agintariek, enperadoreak, hildakoak eragin zituzten, gosea ere bai, baina nahastu gabe nahi zituzten, hildakoak eta gosea. Nahasten zirenean higuina ematen zien, hozkia, frontera soldadu nobleak baino ez dira joaten.

        Puntu horretaraino erraz ulertzen da soldadu japoniarrek egin zutena, gosea, hornitzeko modurik ez, asetzeko modurik ez... Gorpuak jatea irtenbiderik onena, oso ona behintzat, jende askok egingo zukeen, gehienek beharbada. Baina bada orduko gertaera bat, Ginea Berrian bizi izandakoa, Port Moresbytik ez oso urrun, azaltzeko arazo handiagoak dituena. Bill Hedgesek kontatu zuen, australiarren armadako buruetako batek.

        Soldadu japoniarren kontrako borrokaldi bat gidatu zuen Hedgesek Templeson»s Crossingen. Australiarrek atzera egin behar izan zutela kontatu zuen, ihes, kilometroak. Ezin izan zituzten orduan hildakoak eraman, euren kanpalekuetan lurperatu... Han geratu ziren lau zauritu ere, japoniarren esku, ez zuten beste erremediorik izan.

        Biharamunean berritu zen borrokaldia, emaitza alderantzizkoa ordea, japoniarrek egin behar izan zuten atzera. Australiarrak bezperako hildakoak, euren hildakoak, berreskuratu eta lurperatzera hurreratu ziren orduan. Esaten du Hedgesek ezin izan zutela han topatu zutena sinistu, ez zutela espero, bezperako gorpuek zatiak falta zituztelako, japoniarrek ebaki eta jan zituztelako. Are gehiago: zaurituak ere jaten hasita zeuden.

        Lehen kolpea pasatuta, soldadu australiarrek eurek ere ulertu zuten, ulertzen hasi ziren, gosea, beharra: ez zuten beste erremediorik izan japoniarrek, egun asko izango zituzten jan gabe. Sinistu zuten australiarrek ez zela lehenengo kasua, ez zela azkena ere izango. Apur bat aurrerago hartu zuten australiarrek kolpea berriro, ostera... Azaltzeko zailagoa zen zerbait topatu zuten, azaltzeko ezinezkoa beharbada: japoniarren kanpalekuko zabor artean, poltsetan, kaxetan, arroza zegoen, arroz ugari, kontserbako janari asko ere bai, okela, arraina.

        Ez zen gosea beraz, ez gosea soilik. Baina hori hala izanik, badira beste erabaki batzuk, halako egoeretan, horren moduan hain erraz ulertzen ez direnak: Uruguaiko hegazkinean erabaki zuten, esate baterako, ez zutela emakumezkoen haragirik jango. Umerik ez zen bidaiarien artean, baina egon izan balitz, ez jatea erabakiko zuketen seguruena. Emakumeak eta haurrak, beti bezala, gerran bezala, ez da ondo ulertzen zergatik. Baladako itsasontzian, ordea, ume bakarra zegoen, eta hura jatea erabaki zuten. Ematen du parametroak aldatzen dituela goseak, indarkeriak ere bai. Ireneri iruditzen zitzaion zaila dela egun bakar bat indarkeriarik gabe, indarkeriaren erantzunik gabe, iazko ume hilak, betiko moduan, aurten lurruna.

 

 

J.R.R. Tolkien idazleak 1954an argitaratu zuen The Lord of the Rings, baina urte asko eman zituen liburuarekin, 15, 20, 30, ezin da kalkulatu beharbada. Idazleak berak azaldu zuen hizkuntza dela liburuaren abiapuntua, hortik erne zirela Gandalf, Sauron, Elrond. Esaten da hizkuntza berriak asmatzea, hori zela Tolkienen zoroa, narrazioak egitea baino gehiago. Hizkuntza sinpleak hasieran, gero eta osoagoak, morfologia, sintaxia. Baina esaten zuen Tolkienek hizkuntzek, hizkuntza badira, hiztunak behar dituztela. Eta hiztunek historia behar dutela, mitologia bat ere bai, mundu ikuskera bat, kultura. Eta horretarako idatzi zituen The Silmarillion, The Hobbit, The Lord of the Rings ere bai noski, asmatzen zituen hizkuntzek hiztun-komunitateak izan zitzaten, elfoak, hobbitak. 16 urte bete baino lehenago irakurri zuen Irene Arriasek Tolkienen obra osoa.

        Bloemfonteinen jaio zen John Ronald Reuel Tolkien 1892an, Hegoafrikako Errepublikan. Ingalaterrakoak ziren guraso biak, lanean zegoen aita Hegoafrikan, baina umeak lau urte zituela hil zen. Ingalaterran bizi izan zen geroztik Tolkien umea eta Afrikako gauza gutxi gogoratzen zuen, zuhaitz sarriak, zizta egin zion armiarma handi bat. Ikasle ona, diru-laguntzak hartu zituen, ikastetxe onenetan, Oxfordera ere heldu zen halako batean. Errugbian ere aritu zen, gorputz iharra izan arren, arina, ez zuten erraz harrapatzen, plakatzeko ere zaila. Oxforden ere egin zuen errugbian, ez zuen utzi nahi, ikasketa akademikoak gogorren jarri zirenean ere ez.

        Ingalaterra gerran sartuta zegoen Tolkienek unibertsitateko ikasketak amaitu baino lehen, 1914an, baina amaitu ahal izan zituen, bere adineko gehienek frontera joan behar izan bazuten ere. Aukera hori eman zioten Tolkieni, ikasketak amaitzekoa, salbuespena zen, eta amaitu egin zituen, lizentziatu. 1915ean, ordea, Bedforren zegoen, instrukzio militarra egiten... Konbentzituta zegoen Tolkien 23 urtekoa han egon behar zuela, gerrarako prestatu behar zuela, frontera joan. Nola ez zen konbentzituta egongo, denak zeuden konbentzituta orduan, hainbeste ikasketa eta gero ere, hizkuntzalaritza, geografia, historia. Zalantzak ere izango zituen, bazituen, idatzita utzi zuen instrukzio sasoiaz: «Alde batetik bestera joaten alferrik galtzen dugun denbora ez da gozoa, gaiak aspergarriak, erailtzeko artearen ur mortu ilunak». Baina horren guztiaren gainetik, oraindik sinisten zuen beharrezkoa zela, han egon behar zuela.

        Armadan espezializazioa ere hartu zuen, ezin bestela izan: Oxforden lizentziatua, hizkuntzalaritzan aditua, ezin zuten militarrek alferrik galdu. Mezuak bidaltzeko sistemetan egin zen espezialista, morse kodea, disko eta banderen sistema, heliografoak, bengalak, kanpaina-telefonoak. Uso mezulariak ere erabiltzen zituzten, hori esan zuen Tolkienek berak, sinesteko zaila dirudien arren, beste milurteko batekoa dirudien arren.

        Militarren artean ere, beraz, berean aritu zen Tolkien, gustura seguruenik, suma daiteke, baina 1916ko martxoaren 22an, frontera joan baino hilabete batzuk lehenago, frontera bidaliko zutela esan ziotenean, Edithekin ezkondu zen, badaezpada ere, Lobo Antunes bezala, hainbat bezala. Gerrara joan behar zuen, ezkondu behar zuen, familiak ados egongo ziren, gauza bietan.

        Lancashire Fusiliersekin aritu zen, eta ekainaren 4an Frantzian zegoen, frontetik oso hurbil, 11. batailoira aldatu zutenean. Tolkienek berak esan zuen ofizial guztiak oso gazteak zirela, «21 urte azpikoak batzuk», ofizialak hori.

        Uztailaren 1ean izan zen lehenengo bataila handia. Agintariek azaldu zuten aurrera egin behar zutela aliatuek, aliatuen soldaduek, aliatuen umeek. Esan zuten alanbre-hesi guztiak zulatuta zeudela, ezin izango ziotela aliatuen erasoari eutsi. Ez zen egia, ordea, hesi guztiak bere horretan zeuden... Soldaduak pilatuta geratu ziren orduan, ez aurrera, ez atzera, Heysel futbol-zelaian bezala: 20.000 lagun hil zen lehenengo egun horretan.

        Tolkienek ez zuen parte hartu, zortea izan zuen, zortea izan genuen. 20.000 horietako batzuek idatziko zituzten liburuak gerra amaitu izan balute, musikak konposatu, ezagutzen ez ditugun musikak ere beharbada, oraindik asmatu ez direnak, eraikinak diseinatu, pelikulak. Nobel saridun batzuk ere egongo ziren 20.000 hildakoen artean, gerra osoan hil ziren milioien artean. Esaten da hildako gehiago egon zela guztira aliatuen bandoan... Esaten da, aurrekoa esaten den moduan, aliatuek irabazi zutela gerra.

        Uztailaren 6an hartu zuen Tolkienek parte lehen borrokaldian, 20.000 hildakoak eta bost egunera. Ezin izan zituen komunikazio-tresnak erabili, telegrafotik bidaltzen zituen mezu guztiak atzematen zituztelako. Alferrik zegoen frontean beraz, baina lubakiak ikusi zituen, hori bai... Geroago esan zuen gorpu guztiak lehertuta zeudela, umeen gorpuak, Nobel sarituenak, tripak, odola, hezurrak, iazko kimikari hilak aurten lurruna.

        Urriaren 27an gaixotu zen J.R.R. Tolkien, ospitalera eraman zuten. Lubakietako sukarra zuen, «pirexia» ere esaten diote, zorrien bitartez kutsatzen da. Suspertu egin zen ospitalean, ia erabat sendatu ere bai, baina frontera itzultzeko zegoenean, berriro gaixotu zen. Hartan-horretan zebilela, ospitale batetik bestera, gerra amaitzea erabaki zuten. Zortea izan zuen, zortea izan genuen: 1954an argitaratu ahal izan zuen The Lord of the Rings.

        Lehen Mundu Gerrara joan zenean, 24 urte zituen Tolkienek. Ulertzekoa da 24 urteko ume batek sinestea han egon behar zuela, bere betebeharra zela, ohorea, ausardia eta abar. Nekezago ulertzen da urte batzuk geroago gertatu zena, Bigarren Mundu Gerran... Ia 50 urte zituen Tolkienek ordurako, familia ere bai, eta seme biak eraman zizkioten gerrarako. Semeetako bati, gainera, Michael Tolkieni, George Medal domina eman zioten, hegazkinen kontrako artillerian behar bezala aritu zelako, «behar bezala» horrek esan nahi duen guztiarekin. Ingalaterrako aerodromoak defendatu zituen, botako zituen hegazkin batzuk, barruko pilotuak ere bai. «Bota» esaten denean, «hil» ulertu behar da, «lehertu» ere uler daiteke.

        Domina eman zioten beraz Michael Tolkien umeari, 1920an jaiotakoari. Poztu egingo zuen dominak noski, umeak beti pozten dira dominekin, kirola irudituko zitzaion beharbada. Zailago ulertzen da aitari domina horrek eman zion poza, J.R.R. Tolkien idazleari, 50 urtekoari. Harro zegoen semeaz, esan ere egin zuen, harrotasuna, ausardia, ohorea berriro ere, mende erdiko pertsona batek orain, ez da hain erraz ulertzen.

        Beste semea, Christopher, RAFek eraman zion, nora eta Hegoafrikako Errepublikara, hegazkinetan praktikak egitera. Aitari, J.R.R. Tolkieni, «ezmorala» iruditzen zitzaion ordea hegazkinak baliatuz egiten zen gerra. Dena ez zitzaion perfektua iruditzen, hortaz, argilunak gerran. Esaldi hau ere eman zuen: «Gerrak beti galtzen dira, eta gerrek beti jarraitzen dute». Bataila bat baino gehiago deskribatu zuen liburuetan gero, baina seinalatzekoa da eszena horiek ez dutela nazkarik ematen. Londres bonbardatu zutenean, hala ere, 1942an, The Hobbit liburuko aleak gordetzeko erabiltzen zen biltegia erre zen.

        J.R.R. Tolkienek lagunak bisitatu zituen Bournemouthen 81 urte ondo beteta zituenean. Han bertan hil zen 1973ko irailaren 2an, Irene Arrias jaio eta urte bigarrenera, Eustakio Mendizabal Txikia hil zuten urtean.

 

 

Irene Arrias Sasietak eta Ibon Sales Urizarrek 2004an egin zituzten paperak, udaletxean, bazkaria gurasoekin Getxon, askaria lagunekin Algortan, arropa gehiegizkorik gabe, txorizoak, odolosteak, hiru musikari errumaniar, kalekoak, Bukarestekoak. Ezkontzara ondoen jantzita joan zirenak musikariak, beltzez, trajez, kontrabaxu handi bat. Ceaucescuren semeak hirurak, Ceaucescuk asmatu zuen sasoiaren umeak. Telebistan ikusiko zuten presidentea egunero umetan, Elena emaztea ere bai, grabazio pornografikoak ikusi baino minutu batzuk lehenago, minutu batzuk geroago. Fusilatu zituzten egunean bertan ere ikusi zituzten Nicolae eta Elena beharbada, fusilatu baino ordu batzuk lehenago. Nicolaek gauero erretzen zituen goizean estreinatutako arropak, egun horretan ezin izan zuen.

        Apirilaren 10ean ezkondu ziren Irene eta Ibon, tenperatura epelegia ere ez oraindik, negukoa ere bai ia. Egun haietan betetzen ari zen, hainbat egunkaritan, irratietan, Ruandako genozidioaren lehen hamarkada: 1994ko apirilaren 6an bota zuten presidentearen hegazkina Kigalin, Jean-Pierre Minaberry euskalduna pilotu zeramana, biharamunean hasi ziren masakreak.

        Tutsien kontrako genozidioa deitu izan da, hori dago Europako buruetan. Eta hala izan zen zati batean, baina zati batean baino ez, beti egoten direlako zatiak normalean, konplikatuagoa delako dena normalean: hutuak ere hil zituzten, asko, hor ere genozidio ahalegina... Alde guztietakoak hil ziren beraz, denak hil ziren, gutxi batzuk izan ezik, betiko moduan, odolarekin, propagandarekin, elitearekin, hesteekin, inpresioa da konplikatuagoa dela gehiena beti.

        Kontatu zuen Santos Ganuza misiolari nafarrak 1.000 tutsi hil zituztela interahamwe taldeek Kiziguroko bere elizan. Egun batzuk geroago, berriz, soldadu tutsiak sartu eta 10.000 hutu hil zituzten. Telebistek bigarren talde horretako gorpuak erakutsi zituzten, Europan ere bai, Europan batez ere, eta tutsien gorpuak zirela esan zuten esatariek, nola ez ziren tutsiak izango... Interesak hor, telebistenak, kazetarienak, enpresak, Europan, Estatu Batuetan. Eta interesak aparte, sinplerako joera ere bai, sinpleak interesei laguntzen dielako, lausotu egiten dira buruak bestela. Telebistako ahotsa apaldu egiten da batzuetan hildakoak erakustean.

        2001ean hartu zuten Irene enpresa behar bezalako batean, postu ona, soldata ere pentsatu baino handiagoa. Ibonek gehiago itxaron behar izan zuen, 2002ko amaierara arte, urte eta erdi geroago. Baina 2001ean bertan hasi ziren etxea bilatzen hala ere, uda amaieran. Salsidu kalean ikusi zuten bat irailaren 10ean: kobazuloa, argirik ez, leihoak ere txikiak. Zalantza ere ez zuten egin, ez zuten nahi.

        Irailaren 12rako beste zita bat zuten, beste etxe bat, ikusi gabeko etxeak beti ziren onak. Eta egun bien tartean, zita bien tartean, etxe bien tartean, Dorre Bikiak bota zituzten New Yorken. Hainbat lagun hil zen, ez gerra txikietan baino gehiago, gerra txikienaren laurdena beharbada. Baina nobedade bat izan zen Dorre Bikiak bota zituzten egunean: aurrenekoz sartu ziren Estatu Batuetara kanpoko soldaduak. Inoiz ez zen ordura arte Estatu Batuetan kanpoko soldadurik egon, gonbidatuta bai beharbada, baina ez umeak hiltzen. Hala ere, Dorre Bikiak bota zituztenei ez zieten soldadu deitu, nola deituko zieten soldadu, terroristak, izen hori asmatu zieten, aurretik ere nahiko asmatua. Susmoa dago estatubatuar gehienek sinesten dutela termino biak desberdinak direla, munduko beste leku askotan ere bai.

        2001ean bertan, Irenek eta Ibonek Alangobarriko etxea erosi zutenean, elkarrizketa-segida hasi zuten Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek Txilarre baserrian, ezkutuan: indarkeria eteteko bidean jartzea, hori asmoa. Alde guztietako politikariek hartu zuten parte gero elkarrizketetan, ezkutuan ere bai, Loiolako Basilikaren aurrean, Eliza Katolikoaren eraikinetan. Kartzelara sartu zuten Otegi gero, Lasa eta Zabala torturatu, hil eta kare bizitan lurperatu zituztenek baino denbora gehiago egin zuen han. Gaiztotu egin ziren elkarrizketak Otegi kartzelara joan baino lehen, hamar urte geroago eman zuen su-etena ETAk.

        Urtebete geroago, Ibonek enpresa berriarekin kontratua sinatu zuen egun berean, Baionako polizia-etxetik egin zuen ihes Ibon Fernandez Iradi ETAkideak. Aireztatze-bide estu batetik sartu zen, 30 zentimetro, ez sinesteko modukoa, korridore batera irten eta atzeko atetik alde egin zuen. Kalerako hesia pasatu arte egindako bidea kamera batek grabatu zuen. Bistan da dena grabatzen dutela kamerek XXI. mendean, eta ez duela ezertarako balio, asko balio duela. ETAko aparatu militarreko arduraduna zen Ibon Fernandez Iradi Susper, hori esan zuen prentsak, Eustakio Mendizabal bezala, Algortan hil zutenean, ia 30 urte lehenago.

        Urte berean, abuztuan, Frantziako La Santé espetxetik egin zuen ihes Ismael Berasategik. Anaia joan zitzaion bisitan, pribatuan, aparteko aretoan egon ziren, zaintzarik gabe. Arropak aldatu zituzten, dokumentazioa, orrazkera ere bai... Kalera egin zuen presoak 45 minuturen ostean, anaia geratu zen barruan. Handik bost egunera deklaratu zuen anaiak ez zela Ismael Berasategi. Bonba-auto bat jarri zuen Getxon urtebete lehenago Ismaelek, desaktibatu egin zuten, Irenek eta Ibonek Alangobarriko etxea erosteko gutxi falta zutenean.

        Ezkontza egunean berandu heldu ziren Alangobarriko etxera, ez zegoen bizitzeko erabat prest, inoiz ez da egoten egun horretan. Ilunpetan sartu ziren sukaldera eta, argia piztu aurreko segundo gutxi horietan, pauso luzeegirik ematen ez den segundo horietan, irudia etorri zitzaion Ireneri burura, oso bizi, egun gutxi lehenago gertatu izan balitz bezala. Umea ikusi zuen postetxeko eskaileretan jesarrita, topatu zuen egunean, hamar urte lehenago. Gogoratu zuen nola igo zituen Irenek eskailerak, zein jarreratan zegoen umea jesarrita. Plastikozko poltsaren kolorea ere bizi-bizi gogoratu zuen, zehatz, nola egin zuten gero etxerako bidea. Gogoratu zituen amaren galderak umeari, Nor zara, señe, euskaraz, erdaraz, nola eman zion umeak azkenean plastikozko poltsa amari, botikak barruan.

        Lausoago gogoratzen zuen ikastolatik deitu zuten eguna, lehenago gertatu zela iruditzen zitzaion, ezinezkoa zen arren, motelago gogoratzen zituen gauza batzuk, arraro. Ibonek sukaldeko argia piztu zuen orduan, Irenek denbora gehiago nahi zuen ilunetan, umeari begira egoteko... Argiarekin joan zitzaion umea, poltsa, postetxea.

        Gau horretan ez zuten ohean hitz bakar bat ere esan, nekatuegi, hurrengo egunetan ere ez, bidaiako oheetan bai ordea, Berlinen, ohe alemaniarretan, izarak Alemaniakoak, ura ere bai. Berlinetik itzuli eta zortzi egunera, soldadu estatubatuarrek Abu Ghraiben egindako torturen berri eman zuen lehenengo aldiz telebista saio batek. Washington Post egunkarian ere argitaratu ziren argazki batzuk, egun batzuk geroago. Agintariek ezin izan zuten guztia ezkutatu, lausotu, buelta eman. Arazoak izan zituzten, politikoak, erlijiosoak, hauteskundeak, gizartea... Baina pasatu egin zen hori ere, ez du ematen arrasto handirik utzi zuenik. Inpresioa da ezerk ez duela arrasto handirik uzten, guztia pasatzen dela, aurpegi berberak daudela gero, esku berberak, ukondo berberak, usaina ere antzekoa.

        Berlinetik apirilaren 20an heldu ziren Irene Arrias eta Ibon Sales. Etxea atontzen hasi ziren, jarraitu zuten, lau urte geroago jaio zen euren alaba, 2008ko apirilean.

 

 

Irene Arriasen enpresak hartu-emanak zituen Europako enpresa askorekin, Irlanda, Alemania, Italia, Polonia. Irene bera zen kontaktua egiten zuen pertsonetako bat, posta elektronikoz ia beti, telefonoz gutxitan. Ingelesez normalean, baina italiar birekin gaztelaniaz, errusiar batekin ere bai, arraroa dirudien arren. Olga Kulagina errusiarrarekin gaztelaniaz egiten zuen Irenek beti, Olga Txeshkova ezkondu aurreko izena. Ondo moldatzen zen gaztelaniaz, italiarrak eta portugaldar batzuk baino hobeto.

        Enpresa kontuak tratatu zituzten hasieran Olgak eta Irenek, normala denez, baina gauza pertsonalekin hasi ziren hilabete gutxitan: familiakoak, haurtzarokoak, etxe barrukoak, batek daki zergatik, gertatzen da batzuetan... Pertsona bi, erabat diferenteak, mundu diferenteak, urrun, baina bata besteari begira hasten dira halako batean, ezin dute bestela egin, biei interesatzen hasten zaizkie bestearen kontuak, erremediorik gabe.

        Olgaren semeari buruz galdetzen zion ia egunero Irenek adibidez, Sashari buruz, bio-ingeniaria, Estatu Batuetara alde egin behar izan zuena, ikertzen jarraitzera. Askotan gertatzen da, askotan irakurtzen dira Sasharen modukoak, albistegietan agertzen dituzte, Nobel saridunak urte batzuen buruan, «jatorri errusiarreko estatubatuarra», hori esaten dute. Askotan irakurtzen da, baina ez lagun baten semeari buruz... Matematikak ikasi zituen Olga Txeshkovak berak ere, Moskuko olinpiadak baino apur bat lehenago.

        Errusiari begira jarri zen orduan Irene Arrias. Hango liburuak ere irakurrita zituen, betikoak, mundu guztiak bezala, Dostoievski, Txekhov, Serge, Solzhenitsyn, gulagak, purgak, Stalin. Imajinatu zuen Irenek Olgaren gurasoek ikusita izango zituztela gertaera horiek guztiak, asko behintzat, hurbilagotik, urrunagotik, aitona-amonek ere bai, batez ere aitona-amonek, XIX. mendean jaiotakoak guztiak.

        Olgari galdetzen hasi zitzaion beraz, familiari buruz, galdetu zion nortzuk ziren bere gurasoak, nortzuk aitona-amonak, zer ikusi zuten, zer bizi izan zuten, zelan. Olgak dena bota zion, eskuzabala horretan ere. La biografía de mi familia se parece a la de millones de rusos, horrela hasi zuen mezua Olgak. Irenek pentsatu zuen orduan arrunta izango zela, ez zuela Olgak gauza handirik kontatzeko, arrunkeriak, euskal herrietako kontuen antzekoak. Osabaren bat gerran beharbada, amaren osaba bat, Stalingradeko frontean beharbada, Bilboko burdin hesian bezala hemen, familiako kontakizunak, ez luzeegiak ere.

        Irenek berehala ulertu zuen erabat erratuta zegoela ordea, beste mundu bat dela Errusia, imajinatu ere ez dugula egiten. Olgaren familia erdia judua zela kontatu zion, eta juduen mundua ere beste mundu bat Errusiako munduan. Irenek, hortaz, Sholokhoven liburuak irakurtzen arituko balitz bezala irakurtzen zituen haren mezuak, Vasili Grossmanenak. Olgaren amonaren kontakizuna irakurtzean, esate baterako, Günter Grassen danborraren hasiera gogoratu zuen Irenek. Zail egiten zitzaion hori guztia sinestea, Olgak kontatzen zion guztia, hurbileko baten familian, lagun baten familian.

        Olgaren amona poloniarra zen, judua, Lodz ondoko herri batekoa. Familia ere handia, hamaika edo hamabi neba-arreba, Olgak ez zekien seguru zenbat, Gúrna abizena, Sabina Gúrnaya Olgaren amona.

        Kontatu zion Olgak Sabina amonaren neba nagusiak Varsovian egiten zuela lan, gutxitan itzultzen zen Lodzera, bisita gutxi familiari. Etxera itzuli zen batean, herrira, jaioterrira, familia ikustera, egun batzuk eman zituen han, gutxi jaten, hotza etxe barruan ere. Eta Varsoviara itzuli zenean, lanera, ezustekoa hartu zuen, handia ere bai: diligentziako maletategian ezkutatuta ekarri zuen, konturatu barik, Sabina arreba, hamaika urtekoa. Varsoviara nahi zuen umeak, nebarekin, etxetik joan. Nebak ezin izan zuen etxera bueltatu ordea, ez zeukan dirurik, astirik ere ez, erraz imajina liteke zelan egingo zuen lan Varsovian, zenbat.

        Familia frantziar batek hartu zuen azkenean Sabina etxean, ikasketak ordaindu, ikasle ona. Sei hizkuntza hitz egitera ere heldu zen, frantsesa, ingelesa, poloniera, alemana, errusiera, hebreera... Ilea lurreraino zeraman, ilekorda egiten zuenean ere bai.

        Frantziako familia horrek Montpellierreko Unibertsitatera bidali zuen orduan, Medikuntza ikastera, baina zorte txarra izan zuen: Lehen Mundu Gerra hasi zuten unibertsitateko bigarren urtean zegoela. Frantziatik joan behar izan zuen Sabinak orduan, Poloniara lehenengo, Ukrainara gero, Moskun zen 1916an. Sinesteko zaila dirudi, idazle batek idatziko balu esaterako, asmatuko balu... XX. mendeko momentu historiko askoren ardatzean mugitu zen Sabina: Gerra Handian lehenengo, 1914an, Frantzian; 1917an iraultza Errusian, Moskun... Ematen du datak kalkulatuta bidaiatzen zuela, datak ezagutu aurretik.

        Boltxebike baten idazkaria izan zen gero, Kremlimen bertan, urte luzez. Esaten zuen Olgak gau osoak egin behar zituela itzarrik Sabina amonak, Stalini berandura arte lan egitea gustatzen zitzaiolako. Kontua zen betebeharrak banatzea bururatzen bazitzaion Stalini, berehala idatzi behar zirela, minutu bat galdu gabe. Sabina amona zen zati batzuk idazteko ardura zuena...

        Gerrari ihes egiteko Europatik egin zuen bidaian, senarra ezagutu zuen Olgaren amonak: Avram Rosental, Lituaniako judua. Urteak egin zituzten elkarrekin ezkondu aurretik eta ezkontza egunean, zalgurditik jaisten lagundu zionean, harrituta esan zion Sabinak Avrami: «Hara, zure bibotea gorria da eta!» Izutu ere egin zen Avram, erantzun zion: «Eta? Ez zara nirekin ezkonduko beraz?» Bistan da askotan esaten direla halako esaldiak gerren artean, iraultzen artean, gorpuen artean... Halako elkarrizketak egoten dira, halako ezkontzak, ematen du jendeak barre egiten duela hildakoen ondoan, egin behar duela, errusiarrek ere bai.

        Avramen lehengusu bat boltxebike taldekoa zen, konbentzitua, hala kontatu zion Olgak Ireneri. Goi mailako postuetan ere egon zen lehengusu hori, Stalinengandik hurbil beharbada. 1937an fusilatu zuten ordea... Hor beste data berezi bat: 37ko purgak. Iruditzen zitzaion Ireneri data bilatzaileak zirela Olgaren familiakoak, apropos egin izan balute bezala, Avramen lehengusuak apropos eskaini balu bezala bere burua fusilatzeko.

        Avram bera ere 1939an bota zuten lanetik. Ondo zekiten errusiar guztiek zer esan nahi zuen horrek: lanetik botatzen zituztenak, arrazoirik gabe, ageriko arrazoirik gabe, etxean atxilotzen zituzten gau horretan bertan, zain izaten zituzten agenteak etxean, fusilatzeko, gulagetarako. Avramek erabaki zuen etxera ez itzultzea gau hartan beraz, kaleetatik ibiltzea, nora ezean... Gero pentsatuko zuen zerbait, topatuko zuen moduren bat. Bihotzekoak jo zion, baina, gauean bertan... Kontatu zion Olgak hilda topatu zutela biharamunean Moskuko kale batean, ez zion esan nork topatu zuen, zelan.

        Olgaren familiak historia handiarekin izan zuen harremana hor amaitu izan balitz ere, sinesteko zaila izango zen, idazle batek narrazio batean emango balu adibidez... Baina askozaz gauza gehiago kontatu zizkion Olgak, gogorragoak beharbada, gogorragoak ezin, sinesteko zailagoak beharbada. Izan ere, Sabina amona etxe komunal batean bizi izan zen senarra hil eta gero, alaba biekin, Olgaren ama eta izekorekin. Horraino normala dena, arrunta, etxe komunal asko Moskun sasoi hartan, liburu askotan aipatzen dira, pelikulak, dokumentalak. Baina etxe komunal hori ez zegoen leku arruntean: Lubiankan bizi ziren. Izan ere, inguruko eraikin zibil bakarra zen Sabina amonaren etxean, beste guztiak administraziokoak. Eta mundu guztiak ezagutzen du Lubianka, hitza behintzat: hango aretoetara eramaten zituzten atxiloak, han torturatu, han epaitu... Solzhenitsyn idazlea ere han giltzapetu zuten, beste hainbat ere bai, ehunka, milaka.

        Olgak Ireneri kontatu zion, ia ezer kontatuko ez balio bezala, amak eta izekok, umetan, Lubiankan bizi ziren sasoian, geletako argia amatatu eta aurreko eraikinari begira egoten zirela. Trabarik gabe ikusten zuten handik orduan nola torturatzen zuten jendea aurreko eraikinean, kolpeak, odola nola ez... Gortinak ere ez zituzten ixten Lubiankako atxiloketa-etxean, ez zuten beharrizanik ikusten, agenteek, epaileek. Ematen du hori izan dela indarkeria askotan: gortinak jarri izan dira batzuetan, beste askotan ez, ez da beharrizanik ikusi. Ematen du gortinen gainetik ibili izan direla askotan beraz, Ruandan, Errusian, Armenian urte batzuk lehenago.

        Aitaren partetik ere bazuen Olgak kontatzeko, la biografía de mis padres y abuelos se sigue pareciendo a la de millones de rusos. Baina hor ere baziren kontatzekoak, beste aldekoak baino gogorragoak beharbada, gogorragoak ezin. Stepan Txeshkov zuen izena Olgaren aitonak eta 23 urte egin zituen gulag batean. Erraz esaten da, 23 urte, esaldi bakar batean esan daiteke, segundo batean baino arinago. Baina gulagak hustu egin zuen gizona, oso gaixorik itzuli zen... Stalin hil eta urte bigarrenera hil zen Stepan Txeshkov, usteldu. Esan daiteke hilda itzuli zela gulagetik, hilda bizi izan zituela urte bi, familian. Olgak ez zion Ireneri esan zergatik eraman zuten Stepan gulagera, ez zuen jakingo beharbada... Stepanek berak ere ez zuen jakingo, zerrendak zeuden, beti egon izan dira zerrendak.

        Stepanen semea, Olgaren aita beraz, Mikhail Txeshkov, boluntario sartu zen armadan orduan, hegazkin-pilotu egin zen, William Faulknerrek nahi izan zuena. Domina asko ere eman zioten Mikhaili, baina ez zituen gehiegi estimatzen, nazka apur bat ere bazien, Olga umeari uzten zizkion jolasteko. Ez zen normala hori, Olgaren lagunek ukitu ere ezin zituzten egin, aiten, aitonen, osaben dominak...

        Aita gulagean zuelako sartu zen armadan Mikhail Txeshkov gaztea, umea ia, boluntario. Pentsatu zuen herriaren alde egiten bazuen, iraultzaren alde, gerra frontean egiten bazuen, askatu egingo zutela aita. Ulertuko zuten administrazioan familia Sobiet Batasunaren alde zegoela, bizia ere emateko iraultzaren alde. «Hori pentsatu zuen aitak, Irenchik», esan zion Olgak Ireneri. Ematen du gazteek horrela pentsatzen dutela, umeek, ideiak sinesten dituztela, nobleziak, «baina 23 urte egin zituen berdin-berdin Stepan aitonak gulagean, Irenchik».

        Mikhail Txeshkov gerra-pilotua izan zen beraz, horregatik itzuli zuen Olgak 2013an Roald Dahlen Going Solo liburua errusierara. Olga ez zen itzultzaile profesionala, lagunentzat itzuli zuen liburua, aitari omenaldia egiteko, Roald Dahlek gerra-pilotua zenekoak eman zituelako liburu horretan. Beste idazle bat gerran beraz, Afrikan, Grezian, hiltzeko puntuan ere egon zen. Olgak esan zion bazela liburu horren itzulpen bat errusieraz, baina oso txarra, horregatik egin zuela beste bertsio bat, lagunek irakurtzeko, baina aitarekin apur bat gehiago egoteko ere bai, Irenek Operación Ogro irakurri zuen bezala.

        Mikhail Txeshkoven nagusi zuzena aire-armadan Stalinen semeetako bat izan zen, harekin hitz egiten zuen zuzenean Olgaren aitak... Errusiako historia handian beste erdigune batean Olgaren familia beraz... Sinesteko zaila berriro ere, idazle batek emango balu adibidez.

        «Aitaren lehenengo gerra-hegaldia, Irenchik», esan zion Olgak mezu batean, «Moskun izan zen». Normala hori ere, Roald Dahl galestarrak Afrikan egin bazuen ere. Azken hegaldia, ordea, Berlinen egin zuen Mikhail Txeshkovek, ez horren arrunta beraz. 1945ean sartu ziren Berlinera hegazkin errusiarrak, Mikhail Txeshkov horietako baten barruan, gerraren amaieran. Horrela amaitu zuten gerra, dominak gero, ohorea, ausardia, noblezia, eta abar. Beste erdigune bat hor, zalantzarik ez hor.

        Berlinera sartu zen, beraz, Mikhail Txeshkov, gerra amaitzeko, gerra irabazteko. Armadan jarraitu zuen gerra eta gero ere, baina arazoren bat izan zuen bihotzean, gaixotasun txikiren bat, ez hain txikia beharbada. Irene tentsioan jartzen zen bihotzari buruz kontatzen ziotenean, bihotzak izan ditzakeen gaixotasunei buruz, baina Olgak ez zion esan zer zen, zehatz... Bihotzaren arazoren bat aitak, hori baino ez... Armadatik bota zuten Mikhail Txeshkov orduan: ez da komeni soldadu mailaturik, are gutxiago ofizialak, pilotuak. Kanporatu egin zuten, apur bat lehenago Berlinen sartu arren, gerra biribildu arren, ohorea, ausardia, dominak, airean. Berriro ikasten hasi behar izan zuen, unibertsitateko irakasle egin zen.

        Horrela eman zion Olga Kulaginak Ireneri bere familia, familiak bizi izan zuena, familiak Errusian, Lituanian, Polonian bizi behar izan zuena. Hori guztia eman zion ezer eman izan ez balio bezala... Esan zion Poloniako familia ez zuela ezagutzen, alerik ere ez, inoiz ez zutela Moskun hango berririk izan, amona Sabina Gúrnayaren ahizpen albisterik, nebena. Familia hartan zenbat ziren ere ez zekien, hamaika neba-arreba, hamabi... Supongo que la mayoría (si no todos) murieron en Auschwitz y Majdanek. «Hurrengo mezuan bidaliko dizut, Irenchik, amona Sabinaren gaztetako erretratua. Daukadan bakarra».

 

 

George Orwell idazlea, Eric Arthur Blair pontean, 1903an jaio zen Motiharin, Indian. Ingalaterran ikasi zuen ordea, ikastetxerik onenetan, Etonen ere bai, heziketarik onena, baloreak. Esan izan da gizartearen alde egin zuela Orwellek gero batez ere, hori da gehien ezagutzen dena, justizia, egia, hitz beteegiak beharbada, hori da Orwellen iruditeria. Baina George Orwellek ere, Eric Arthur Blairrek ere, zatiak zituela ematen du, testu batean baino gehiagotan agertzen dira Orwellen zatiak. Abereen etxaldea liburua eman zuen, esaterako, Animal Farm: zerbaiten alde, zerbaiten kontra... Stalin agertu zuen batez ere eta, beste mundu batekoa dirudien arren, horrek lotzen du Orwell Olga Kulaginarekin, Mikhail Txeshkovekin.

        Etonen ikasten amaitu zuenean baina, bira moduko bat egin zuen Orwellek: ez zen unibertsitatera joan. Esaten da Etonen moduko lekuetan ikasten dutenen bide naturala hori bera dela, unibertsitatea, onenak, Oxford, Cambridge... Diru arazoak aipatu izan dira, beste arrazoiren bat ere egongo zen beharbada, berdin dio, ez dio berdin. Gauza da ikasten jarraitu barik, polizia inperialean eman zuela izena, Birmaniara bidali zutela.

        Idatzi izan dute, Orwell ezagutu zutenek, Birmanian erne zitzaiola gorroto hori, gero erakutsi zuena, inperialismoaren kontrakoa. Gero egin zuen guztia, idatzi zuen guztia, han hasi zela esan izan da. Baina Orwellek berak esan zuen Birmanian jipoiak ere eman zituela, kolpeak, zauriak, arrazoirik gabe ere bai, menpekoei, hango biztanleei. Polizia zen azken batean, ez edozelangoa, polizia inperiala. Hor George Orwellen zatietako bat, oraindik ezizena asmatu barik zuenean.

        1922an eraman zuten Birmaniara, 19 urteko polizia. 1927an itzuli zen Ingalaterrara, 24 urteko beteranoa, erretiratua. Esaten da horren osteko hamarkadan, Espainiako gerra zibila hasi artekoan, tuberkulosiak erasan ziola, barruan geratu zitzaiola, horrek hil zuela urte batzuk geroago. Hala ere, gorputza mailatuta eduki arren, gerra zibilera joan nahi izan zuen... Beste idazle bat gerran beraz, konbentzituta gainera. Ordurako gutxi zuen umetik Orwellek ordea, 33 urte, 34, bazekien nor zen, zer zen hangoa, gerra, zer zen atzetik, joan egin zen guztiarekin ere.

        Bartzelonan mugitu zen batez ere: POUMekoen ondoan egin zuen gerra. Badirudi Orwellen ideologiak ez zuela ondoegi ematen talde horretan... CNTn sartu behar izan zuela esan izan da, baina apur bat nahastuta heldu zela armetara, siglek nahastu zutela. Idatzi dute gerra amaitu eta gero ulertu zuela gerra hura, gerra guztiak beharbada.

        Huescatik hurbil zauritu zuten, lepoan jo zuen bala batek. Bala apur bat gorago, apur bat beherago, ez zen 1984 liburua izango, Big Brother ere ez, Animal Farm, obra oso bat. Zer dira gerran hildako obrak, txertoak, sistema filosofikoak, gizarte ereduak, jaio baino urte batzuk lehenago hilda guztiak, inori obedituta beti, inor bati.

        Orwell ospitaletik atera zenerako, legez kanporatuta zegoen POUM alderdia, Frantziara alde egin behar izan zuen beraz. Ingalaterrara pasatu zen gero, jaioterrira. Bigarren Mundu Gerra hasi zuten handik ez askora eta ahalegin handiak egin zituen Orwellek armadan izena emateko. Ia 40 urte zituen ordurako, baina berriro gerra, berriro nahi izan zuen. Ospitalearen ostean, ordea, balaren ostean, ez zioten utzi: osasuna makala, soldadu mailaturik ez, tuberkulosiaren arrastoak.

        Gerran lagundu zuen hala ere, gerrari lagundu ziola ere esan daiteke, ez alde bati edo besteari, gerrari berari. Informazio zerbitzuetan egon zen, propaganda, beti da gauza bera, gerra modernoetan, antzinakoetan ere bai... Beste modu batera antzina beharbada, beste baliabide batzuekin, irratirik ez esaterako, kamerarik ez, baina beti Orwell bat, John Huston bat, Goebbels, Mila Muinoetako irratia Ruandan, harengak zaldi gainetik.

        Estepan Urkiaga Basaraz ere, Lauaxeta idazlea, informazio zerbitzuan egon zen gerra zibilean. Esan daiteke George Orwellen alde berean egin zuela gerra, baina gerra zibilean ere dena zen zatia, alderdi desberdin asko, zati asko beraz, POUM, EAJ, CNT... Alderdi asko, alderdi bakoitzean pertsona asko, pertsona bakoitzean zati asko, biderkatu egiten dira zatiak, horren eragiketa zaila ere ez.

        1937ko apirilean harrapatu zuten Lauaxeta, Begoña Sasieta jaio baino hilabete batzuk lehenago, Marina Zabalak, Ireneren amamak, marokoarraren aurretik eskailerak hirunaka igo baino aste batzuk lehenago. Idatzi izan da Lauaxetak, harrapatu zuten egunean, atzerriko kazetari batzuei erakutsi zizkiela Gernikako bonbardaketak eragin zituenak. Gernikaraino eraman zituen, errea ikustera, gorpuak ikustera ere bai beharbada, eta bueltan, Bilbora itzultzen ari zirela seguruena, bidean harrapatu zuten.

        Gasteizeko kartzela batera eraman zuten. Kartzelan ere idazten jarraitu zuen, fusilatuko zutela jakin zuenean ere bai. Fusilatzera eraman baino ordu batzuk lehenago, poema batzuk eman zituen, behar bezala errimatuak, silabak, hitzen aukeraketa, erritmoa, hori da harrigarriena. Sinestuna Lauaxeta, ematen du berdin diela sinestunei, beharbada ez dago argi berdin dien, sinestun guztiei neurri berean ez behintzat, ez du ematen.

        Gasteizeko hilerri batean fusilatu zuten Estepan Urkiaga Basaraz. Horregatik ez zuen 1984 liburua Lauaxetak idatzi, horregatik ez ziren idazten hasi ere egin gerran hil ziren idazle batzuk, arkitektoak, medikuak... Pentsatzen ere ez ziren hasi batzuk beharbada, 21 urteko soldaduak, soldaduak ere ez, iazko idazle hilak, iazko medikuak, iazko umeak guztiak. Hori guztia hilabete gutxi batzuetan, Ruandan bezala, Armenian bezala.

        Sasoi bertsuan fusilatu zuten Jose Ariztimuño Aitzol, kultur eragilea hura ere, kazetaria, elizgizona. Hor frankistek fusilatu zuten abade bat, katoliko batek bi apaiz hilerazi dizkit. Hutu kristauak ere sartzen ziren elizetara tutsiak hiltzera.

        Iparraldera egin zuen alde Jose Ariztimuñok faxisten tropak sartu zirenean. EAJn ere bazen nor Aitzol, eta beste kargu batzuek bezala egin zuen ihes. Izan ere, sinestunek ere egiten dituzte batzuetan ahalegin natural batzuk ez hiltzeko... Gerratik libre zegoen beraz, joera logikoa, naturala, baina halako batean erabaki zuen itzuli behar zuela, gerrara, Bilbora. Lagunak hiltzera joaten ari ziren, frontera, Burdin Hesira, lagunak buruaz beste egitera joaten ari zirela ere esan daiteke. Aitzolek 40 urte zituen ordurako, fronteko umeen bikoitza, elizgizona, hizlaria ere sarria, baina gerrara etortzea erabaki zuen, ez da ohikoa, ez da askotan ikusi.

        Galerna barkuan itsasoratu zen, izena ere bada zerbait, itsasoan bertan abordatu zuten, atxilotu. Hurrengo eguneko egunkarietan ere agertu zen, Diario Vascok esan zuen EAJko printzipaletako bat zela, «ehiza ona». Astakeriak ere esan zituzten egun haietan Aitzolen inguruan, burla pertsonalak, orain asko ulertuko ez zirenak... Ondarretako kartzelara eraman zuten.

        Ondarretan ez ziren gordean ibili ordea, lekukoak ere badaude: torturatu egin zuten Aitzol, begia lehertu, gortinarik gabe, ez zuten beharrizanik ikusi. Oihuak entzun ziren, torturetatik ateratzen ikusi zuten beste presoek, telebista kamerek Martxelo Otamendi ikusi zuten bezala urte batzuk geroago.

        Hernanin fusilatu zuten Aitzol urriaren 17an, 1936an. George Orwellek aditu egin zuen beharbada Aitzolen fusilatzearen albistea, Lauaxetarena, beharbada ez, berdin dio, ez dio berdin. Guztiarekin ere, 1939ko apirilean amaitu zen guztia, hasi ere bai, Begoña Sasieta lehen hitzekin hasten ari zen sasoian, Algortan.

 

 

Irenek Arriasek indarkeriak konparatzeko ohitura hartu zuen, ia egunero egiten zuen, Balkanak, Argentina, Europa eta Afrika, Ruandakoa, euskal herrietakoa. Konturatu zen, ordea, ezin dela gehiegi ere konparatu, beti dela desberdina, beti dela gauza bera. Indarkerien sailkapenak ere irakurri zituen, kopuruekin, denbora-tarteekin, hor oso desberdinak batzuk. Kontua da Irene Arrias ohartu zela ezin direla indarkeria historikoak asko ere konparatu, horregatik hasi zen testuak konparatzen, ahozkoak, kantatuak batez ere, baladak, koplak, lo-kantak, indarkerien laburpena direlako, odol kontzentratua, bildua, sehaska-kantak ere bai.

        Bada euskal herrietan lo-kanta bat indarkeriaren ideia ematen duena, neurri txikian, oso neurri txikian beharbada, baina modu zuzenean, bitarteko askorik gabe. Hil-kanpaiekin hasten da, nola ez:

 

                Din-dan!

                Nor hil de?

                Peru zapatarixe...

                Zer egin dau?

                Pekatu,

                auzoko txakurre urketu...

                Hori baino ez badau egin,

                biherko jako parkatu.

 

        Auzoko txakurra hil du Peru zapatariak beraz, baina hor ez da bekaturik, ez handirik behintzat, ez jainkoaren aurrean esateko modukorik. Askotan hiltzen dira txakurrak, Ruandan RFPko tropek adibidez... Zapatariaren hilketa ez da, hortaz, hain bakana, ez da hain salbuespena. Beste bertsio batean, ordea, auzoko txakur guztixek urkatu dituela esaten du. Hor bada beste intentzio bat... Ez da, beharbada, bekatura helduko, baina beste asmo bat ikus liteke... «Txakur» esaten duen lekuan beste zerbait uler daitekeela ematen du.

        Kantu horren bertsio asko dago, eta zerbait esan nahi du kopuru handi horrek ere... Ez da kantua hain xaloa beharbada, ez da umeentzat soilik, ez da txakurrentzat soilik. Beste bertsio batean, txakurra hiltzeaz gainera, tella gañian sikatu du zapatariak. Zergatik egin du ahalegin hori, zergatik sikatu? Txitxilipian beratu duelako lehenago, beste bertsio baten arabera. Eta zergatik beratu eta sikatu gero? Edo, beste bertsio batean esaten duen moduan, zergatik palanka gorixekin urkatu? Erantzuna ez da horren sofistikatua ere: jan egin du Peru zapatariak txakur hori gero, edo horiek, hil eta gero, jentie elizako dan artien, haren tripek koipetsu.

        Horraino normala da dena, logikoa, anekdotikoa ere esan daiteke, bestelako inplikazio bakoa: gosea, txakurra eskura, urkatu, beratu, sikatu, sutan eraldatu, jan... Zelan ez zuen jango, beharrizana, mundu guztiak uler dezake, auzoko txakur guztiak jan izan balitu ere.

        Hain normala bada, ordea, hain naturala, zergatik dago hainbeste bertsio? Zergatik egiten du mundu guztiak zalantza? Zergatik sumatzen du mundu guztiak zapatariak bekatu egin duela? Bertsio guztietan agertzen da: Zer egin dau pekatu? Edo zuzenago: Zer egin du? Bekatu! Mundu guztiak daki, barrundatu egiten du behintzat, bekaturen bat dagoela hor. Pentsa liteke, beraz, txakurrak ez direla txakurrak beharbada, Mikel Zarateren testuetan bezala: Don Trifonen txakurrak, txakur hizlariak...

        Kontatzen du Jean-Baptiste Murangirak, Ruandako masakreetan hiltzen aritu zenetako batek, euren herriko elizan sarraskiak izan eta gero, txakurrak eta piztiak baino ezin zirela barrura sartu. Gorpuak jatera sartzen ziren elizara txakurrak, barruko kiratsa jasateko ezinezkoa zelako pertsonentzat. Baina bada informazio horretan logikarik ez duen datu bat: interahamwe taldeak ez ziren elizetara behin soilik sartu, tutsiak hil eta desagertu. Egunero itzultzen ziren milizianoak elizetara, goizero, bizirik eusten ziotelako barruko batzuek, hildakoen azpian gordetzen zirelako, ezkutatzen zirelako. Gainean zeuden gorpuak erretiratu eta azpian gordeta zeudenak, zaurituta asko, errematatzen zituztela kontatu izan da.

        Esaten du Adalbert Munzigurak, hiltzaile taldeetako buruzagietako batek, sarraskien aurretik labezomorro esaten zietela tutsiei. Suge ere deitzen zieten gero, paduretatik, papiro artetik, arrastaka ateratzen zirenean, ihesean, lokatzetatik. «Suge edo txakur esaten genien», dio Adalbertek, «oso gutxi estimatzen genituelako txakurrak». Tutsiak labezomorro bihurtzen zituzten, txakur bihurtzen zituzten, errazago hiltzeko gero. Zapatariak ere auzoko txakurra, edo txakur guztiak, hil zituen. Mikel Zarateren Don Trifonen txakur nagusia ere hil zuten, Jopu, txakur hizlaria. Ez da ulertzeko horren zaila, mekanismoa ere antzekoa beti, propagandarena, semantikarena.

        Baina horrela heldu zen Irene zapatariaren bertsiorik osatuenera, Orokietan jasoa. Zapataria Pedro da orain Peru barik, betiko galdera gero: Zer indu? Betiko erantzuna: Bekatu. Baina gero:

 

                Txakurtzar bat urkatu.

                Hori ez da bekatu.

                Bere andria

                erretiluen

                txiki-txiki...

                Hori de bekatu.

 

        Auzoko txakurraz gainera, emaztea hil du zapatariak beraz, horregatik zalantzak, horregatik ikusten zuen mundu guztiak bekatua hor.

        Beste bertsio batzuetan ere agertzen da emaztea, baina ostenduago, bigarren planoan: haren emazte koitadiak hamar maradi pagatu. Hobeto ulertzen da orain zer diren hamar marabedi horiek... Gizon hutu askok hil behar izan zuen emazte tutsia ere masakre sasoian, jendearen aurrean batzuetan, beti da gauza bera beraz, beti da desberdina.

        Irenek jakin zuen halako batean arima-argiei «argi-txakur» ere esaten zaiela leku batzuetan. Usteltzen ari diren gorpuetatik ateratzen diren su txiki horiek dira arima-argiak, argi-txakurrak, paduretan eta hilerrietan agertzen direnak batez ere. Ruandan leku biak leku berbera izatera heldu ziren momentu batean, padurak eta hilerriak. Argi-txakurrak ohikoak izango ziren han orduan, txakur errealak ere bai, gorpuak jatera zetozenak. Iazko txakur hilak aurten argia beraz, lurruna ere bai... Argia lurrunaren atzean egoten da batzuetan, lausotu egiten da.

 

 

2008ko apirilaren 9an jaio zen Irene Arrias Sasieta eta Ibon Sales Urizarren alaba. Hego-haizea egun horretan ere, hurrengoetan berdin. Umea ez zen Algortan jaio, ama bezala, Gurutzetako ospitalera joan ziren. 4 zenbakia zuen erditze-gelak.

        Irene Arriasek indarkeriak alderatzen zituen bezala, kantuen testuak alderatzen zituen bezala, erditze-gelak ere alderatu nahi izan zituen: Begoña Sasietak 37 urte lehenago ikusi zuena eta Irene ikusten ari zena, Gurutzetakoa, Amatasun sailean. Algortako klinika ez zuen Irenek ezagutu, ume-umea zela kendu zuten, baina amak kontatuta zekien nolakoa zen. Ireneren iruditerian zegoen beraz, 70eko hamarkadako altzariak, usainak, zoruak, nola zapaldu zuen medikuaren laguntzaileetako batek odola eta gelatik apur bat barreiatu.

        Gurutzetan ikusten ari zena beste kontu bat zela iruditu zitzaion, berriagoa guztia, kalitate eskasagokoa, nekezago zaharkitzen zena, nahiko zaharkitua hala ere. Makinetako botoien inguruan zikin adibidez, higatuta plastikoa, sabaian zulo txiki bi, gelaren alde banatan.

        Epiduralaren soseguaren bitartez ikusi ahal izan zuen hori guztia, ahoz gora etzanda, guztiari begira, beste egitekorik gabe. Horrelako sosegu une batean gogoratu zuen Irenek ia 14 urte lehenago postetxean topatu zuen umea. Nola eraman zuen etxera, nola uda, nola ikastola gero. Ikastolatik deitu zuten eguna ere gogoratu zuen, azaroaren 8a. Jaiotzeko zegoen umea ikusten ari zen ume harengan, edo alderantziz, berdin dio, ez dio berdin. Inoiz baino biziago gogoratu zuen, ezin zen bestela izan, momentua ere horretarako, kontrakzioak, epidurala, usainak.

        Erizainak hitz egin zion halako batean, gogoratzeari uzteko ahalegina egin zuen Irenek orduan, baina oraindik zeukan irudia buruan. Emagina etortzeko zela esan zioten, Ibonek ere hitz egin zion, ematen zuen bazetorrela, makinak ere zarata handiagoa egiten ari zirela iruditu zitzaion. Kontzentratzen hasi zen, Gurutzeta ospitalean hori, Amatasun sailean.

        Egun batzuk geroago, Alangobarriko etxean ordurako, umea lo, izararik gabe, beste amatasun sail bat gogoratu zuen Irenek, berriro, hamargarrenez beharbada, Ruandako Nyamatakoa, nola ez zuen gogoratuko, eliza eta ospitalearen artean zegoena, futbol-zelaitik 200 metrora, eraikin bakandua, ospitaletik bereizia.

        Hara ere sartu ziren interahamwe taldeak, elizara bezala, etxeetara bezala. 300 bat lagun ziren goizean amaetxean, milizianoak heldu baino lehenago: langileak, amak, umeak... Gauerako, lorategian, bost baino ez zirela bizirik geratzen, hori kontatu zuen bost horietako batek. Hilketak nola egin zituzten ere kontatu zuen, xehetasunak, irudiak. Ez da aditzeko erraza, kontakizunaren hasiera normala den arren, gehiagotan entzun izan dena: eraikinera sartzeko erabili zituztela armak, besterik ez, sarrailak zartatzeko. Sartu zirenean, ordea, ez zuten munizioa alferrik galdu nahi izan, hori esan zuen bizirik geratu zen bostetako batek. Aihotz eta makilaz hil zuten batez ere, mailuz ere bai beharbada... Aihotza seguruagoa dela esaten zuten beti.

        Ama batzuek lorategira egin zuten salto leihoetatik, baina han ere harrapatu zituzten, gehienak. Hemen hasten da aditzeko gogorragoa dena, Irenerentzat behintzat, umea ekarri eta gutxira. Kontatu zuten amaetxeko ama batzuk seme-alaben gainean etzaten zirela, umeak babesteko, lorategian, baina ama altxatzen zutela milizianoek, umea aihotzaz hil, amaren aurrean, ama gero. Esaten du Valérie Nyirarudodok, bizirik geratu zen bost horietako batek, ume txikienekin, bularreko umeekin, lanik ere ez zutela hartzen milizianoek, ez zutela batzuetan aihotza ere erabiltzen, hormen kontra kolpatzen zituztela, edo gorpuak pilatuta zeuden lekuetara bota, urrunetik, bizirik.

        Alphonse Hitiyaremyek gauza bera kontatzen du, ume txikienak hormen kontra botatzen zituztela, zuhaitzen kontra ere bai. Asmoa zen arin egitea, helduekin baino arinago. Izan ere, umeak ez ziren ezertaz ohartzen, ez zuten ulertzen hil egingo zituztela, ez zuten ideia horrekin sufritzen. Helduekin, ordea, denbora gehiago egoten ziren, erdizka egiten zuten lana, bizirik uzten zituzten odoletan, denbora hartzen zuten azken kolpea emateko, ulertzen ari zirelako, sufritzen ari zirelako. Hilketetan parte hartu zuenetako bat izan zen Alphonse, interahamwe taldeen ondoan, aihotzarekin batez ere. Kontatzen du futbol-zelaian biltzen zirela goizetan aginduak aditzera.

        Ematen du indarkeria giroetan ohitura handia dagoela umeak hiltzeko, gerretan, soldadu-umeak Afrikan, Amerikan, Europan ere bai. Adalbert Munzigurari, interahamweek buruzagi izendatu zutenean, fusila eman zioten, granada batzuk ere bai. Fusila probatzeko, ume biri jo zien tiroa egun horretan bertan. Esaten du oso berezia egin zitzaiola sekuentzia: tiroak, nola jausi ziren lurrera ume biak zaratarik gabe... «Oso erosoa» izan zela esan zuen, «atsegina ere hartu zuela ia».

        Beste kontu bat da aihotza, odola, usaina, edo Ignace Rukiramacumuk kontatzen duen moduan, Birombeko meatzetan ezkutatu ziren 27 tutsiri su ematea. Meatze-ahoa itsutu zuten, sastrakak, etxe abandonatuetako habeak, su eman zieten gero. Erreta hil ziren barrukoak, keak itota batzuk. Ignacek esaten du ametsetan ikusten duela hori guztia askotan, hiltzeko modu hori ez dela naturala. Data zehatza ere gogoratzen du, 1994ko apirilaren 22a, Ireneren alaba jaiotzeko 14 urte zehatz falta zirenean.

        Pertsona ugarik hil zuen norbait Ruandan, 1994an, gizon bat, bi, bost, askozaz gehiago ere bai. Milizianoek hil zuten, soldaduek, baina besteek ere bai, militarrak ez zirenek, nekazariek. Élie Mizingek esaten du, sinetsita esaten du, hiltzen ibili ziren asko eta asko, gehienak beharbada, damututa daudela, baina ez egin zutenagatik, hil zituztenengatik, baizik eta egin ez zutenagatik, ez zutelako lana amaitu, ez zituztelako tutsi guztiak hil, ez zutelako genozidioa biribildu, hitz horiekin azaldu zuen. Esan behar da hori, bota behar da hipotesi hori, baina hil zutenetako bat zen Élie, Rilimako kartzelan ere egon zena, ehunka hiltzailerekin, milakarekin. Bazekien zertaz ari zen, egunero entzungo zuen Riliman beharbada. Hamar urte ere ez zuen kartzelan egin hala ere, etxera bidali zuten berehala. Polizia izandakoa zen masakreen aurretik.

        2008an irakurri zuen Irenek hori guztia, umea artatu behar ez zuenetan, lo zegoenean, titia libratzen zuenean, euri egunetan. Umea jaio eta 33 egunera egin zuen lo Irenek lau orduz jarraian, baina kontu faltsua izan zen, egun horretatik aurrera ere orduro jarraitu zuelako umeak esnatzen. Handik astebetera, umea lokartzeko korridorean aurrera eta atzera zerabilenean, kantuan, eztanda handi bat entzun zen Algortan. Umea negarrez hasi zen, Ibonek ere galdetu zuen zer. ETAk lehergailu bat jarri zuen Areetan, Algortatik kilometro eta erdira, bi kilometrora, Club Marítimoren ondoan. Klub horretan biltzen ziren aldian-aldian enpresaburuen elkartea, politikariak, Neguri ondoan, horri begira egin zuela esan zuen ETAk. Kalte materialak handiak, berregin behar izan zituzten zati asko. Ez zen hildakorik egon, ia ordubete lehenago eman zuten abisua, DYAko bulegora deitu zuten.

        Bost egun lehenago antzeko atentatua egon zen, Legution. Guardia Zibilaren kuartel aurrean jarri zuten lehergailua, furgoneta batean, Areetan bezala. Orduan ez zuten abisua eman ordea, hori esan izan da. Melillan jaiotako agente bat hil zen, beste bi zauritu, larri bietako bat, hondakinen artetik atera behar izan zuten.

        Legutiokoa egunkarietan irakurri zuen Irenek, beste atentatu batzuk ere bai, nola atera zuten Arnaldo Otegi kartzelatik abuztuan, nola sartu zuten berriro, beste lehergailu batzuk, torturak, mehatxuak, politikoak. Odola ez zuten erakutsi, ez batekoa ez bestekoa.

        Munduko indarkeria ere irakurri zuen Irenek, Palestinakoa, Gazan, Kolonbian, FARC. Uztailaren 21ean harrapatu zuten Radovan Karadzic, psikiatra ikasketaz, odol asko eragin zuena, Srebrenican, gizateriaren kontrako krimenak. Harkaitz Canoren esaldi bat irakurri zuen Irenek horietako egun batean, testu labur batean, indarkeriaren ingurukoa, zer den indarkeria, munduan, historian: «Hiltzaile bat ari da mundu-mapa tolestu nahian» idatzi zuen, «baina odolduak dituenez eskuak, zikindu egiten ditu mapako eskualdeak, orbandu nahiko lituzkeenak eta nahiko ez lituzkeenak». Irudia zehatza da, ez du laguntzarik behar, interahamweak, Mobutu, Stalin, Jorge Rafael Videla ere bai Argentinan, salbuespenak gutxi.

        2013ko udazkenean topatu zituzten Argentinako diktadura militarreko artxibo ezezagun batzuk, Aire Armadako eraikin nagusian, zoru azpian, ezkutatuta. Sistematikoki ordenatuta zeuden, kronologiaren arabera, gaien arabera. Zerrendak ere bazeuden, beti egoten dira zerrendak: agintearen kontrako pertsonak, intelektualak, sortzaileak, aktoreak, erregimenari kalte egin ziezaioketenak, beti da gauza bera, askotan. Argentinatik alde egin zuten gehienek orduan, guztiek beharbada, Europara asko. Julio Cortázar ere bazen zerrenda horretan jakina, nola ez zen izango, mundu guztiak daki zer zen Cortázar, zertarako zegoen. Héctor Alterioren izena ere idatzita zegoen, zerrendan, aire-armadako eraikinean, zorupean. Aktore ezaguna Alterio, Algortan ere egon zena ia 30 urte geroago, 2007ko abuztuan, pelikula filmatzen, Irene Arriasen haurdunaldirako hilabete gutxi falta zenean.

        Urtebete geroago, urte bi geroago ere bai, alaba zaindu behar izaten zuenetan, bainatu, paseatu, bakarrik, Ibon lanean zegoenetan, 14 urte lehenago postetxean topatutako beste ume hori gogoratzen zuen askotan Irenek. Bere umearen keinuetan ikusten zuen, aurpegieran, gogoratzen zuen nola eraman zuen etxera postetxetik, nola igo zituzten eskailerak, lehenengo egunak etxean, egun arraroak, uda gero, uda ere arraroa baina ez hainbeste.

        Ikastolatik deitu zuten eguna gogoratzen zuen orduan batez ere, argi gogoratu ere, baina apur bat lausotuta ere bai, ez luke jakingo ondo azaltzen. Irene ez zegoen etxean ikastolatik deitu zuten momentuan, amak kontatu zion gero: nolako larria ikastolako langilearena telefonoan, zuzendaria izan zitekeen, maisuetako bat... Arnasa hartu ezinda jarri zela umea, goizean, lehen orduetan, hori kontatu zioten amari, kolorea ere joan zitzaiola, odol apur bat, ia ezer ere ez... Ezin izan zutela ezer egin, Gurutzetan zegoela, Gurutzetan ere ezin izan zutela ezer egin... Hurrengo egunak, elizkizuna, arraroa elizkizuna bera ere.

        Hiltzen zituzten umeen berriak irakurtzen jarraitu zuen Irenek egunkarietan, irratietan, telebistan, ahotsa neutroa. Albisteetan agertzen ziren hildako umeak, gorpuak, euren izenak ere bai, gogoratu nahi izaten zituen gero Irenek, urtebeteren buruan, hiru urteren buruan, baina ezin izaten zuen, laurdena ere ez zuen gogoratzen, zaila zen, oso zaila. Bere umeari begiratzen zion orduan, sofan uzten zuen, berriro hartu, etxeko alfonbrari begiratzen zion, alfonbrako irudi absurdoei, iazko ume hilak, iruditzen zitzaion oso lurrun gutxi eragiten zutela, arrea lurruna, hori Ireneren inpresioa ia egunero.