Iazko hezurrak
Iazko hezurrak
2014, nobela
384 orrialde
978-84-92468-65-2
azala: Lander Garro
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
Iazko hezurrak
2014, nobela
384 orrialde
978-84-92468-65-2
aurkibidea

Aurkibidea

LEHEN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio

Bodrogiren zuhaitzak

Umeen alde

BIGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio

Hamar txakur

Etzanda

Hirugarrena

HIRUGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio

Izaretan

Ez kantu guztiak

LAUGARREN ATALA

Erosi: 21,85
Ebook: 3,12

Aurkibidea

LEHEN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio

Bodrogiren zuhaitzak

Umeen alde

BIGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio

Hamar txakur

Etzanda

Hirugarrena

HIRUGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio

Izaretan

Ez kantu guztiak

LAUGARREN ATALA

 

 

Ilaretan

 

Jatekoa ekartzen didana kanpotarra da eta birritan baino ez nau jo. Eskertu egiten diot. Ostikoak eman zizkidan behin, uste baino gogorragoak, botak zituen... Eskumako eskuaz jo ninduen beste behin, eskua zabalik hasieran, ukabilarekin gero. Makurtu egin zen horretarako, eta inoiz ez dut horren hurbil eduki. Uste dut nazka apur bat ematen diodala.

        Min fisikoa handiagoa da beharbada hankekin ematen dena eskuekin ematen dena baino. Hori da gure anaiek gaztetan izaten zuten eztabaida errepikatuenetako bat: non daukan pertsonak indar handiagoa, hanketan ala besoetan, zerekin eman daitekeen min handiagoa. Hori da burura etorri zitzaidana jaten ematen didana joka ari zitzaidanean.

        Uste dut maila bi daudela horretan ere. Hankekin eragiten da min fisiko handiagoa, egia da hori, baina iruditzen zait okerragoa izan zela eskumako eskuaz jo ninduenean, makurtu behar izan zuelako, niregana hurbildu, nire gorputza ukitu, zikindu beharbada, eta nik seguru dakit nazka ematen diodana. Hori horrela bada, niregandik hain hurbil egon arte makurtu bazen, ni ukitzera heldu bazen, eskuak zikintzera, esan nahi du amorru hori uste baino handiagoa dela, iruditzen zait nazkaren beste maila bat dela hori.

        Bakarrik nago orain hemen, eraikin osoan, badakit, askotan esan izan didate. Ez dakit jaten ematen didana eraikinean bizi den, eraikinean egiten duen lo, ala jatorduetan etortzen den, egunean bi aldiz. Jatekoak hotz heltzen zaizkit ia beti, epel inoiz... Gauza batzuek hobeto eusten diote beroari, patatek eta zopek adibidez, baina hotz egoten dira gehienak. Horregatik pentsatzen dut kanpotik ekartzen dituela, ez dituela eraikinean egiten. Inoiz ez dut entzun, adibidez, sukalde zaratarik goiko solairuetan.

        Eraikina handia dela esaten didate, arraroa dela beste inork ez erabiltzea, lau solairu dituela, gela asko. Egia esan behar bada, nire gela hau ere gehiegizkoa da niretzat, nire moduko beste hamar-hamabost bat lagun ere problema barik bizi ahal izango ziren hemen, ohe propioarekin, komun-zulo propioarekin, enbarazurik egin gabe elkarri. Zutabe asko ditu, hori bai, hormigoia uste dut. Leihorik ez, zulo batzuk ditu hiru hormatan, txikiak, halako moldez eginak non ezinezkoa den barrutik kanpokoa ikusi.

        Kirol apur bat egiten ahalegintzen naiz egunero, Mandelari irakurri niolako, goizetan egiten zuela, egunero. Korrika egiten dut zutabeen artetik, iruditzen zait ona dela nire belaunei eusteko zutabeak saihesten ibili behar izatea.

        Biluzik egiten dut korrika, arropa ahal denik eta gutxien zikintzeko, izerdia ez delako hain erraz kentzen, iturri azpian orduak utzi arren. Iturri eskas bat daukat hemen, urria, eskola txikietakoen modukoa, oso baxua, egun batzuetan ez dabilena. Zulo estu batean egiten dut txiza, baina batzuetan ezin du zuloak likido guztia xurgatu eta kirastu egiten du gelaren zati bat. Hondakin solidoekin problema handiagoak nituen hasieran, baina modua asmatu nuen gero: bazkalostean egiten saiatzen naiz, bazkariko zapietan biltzen ditut. Platerak ere plastikozkoak dira, erditik tolesten ditut eta tartean sartu hondakin guztiak, bazkarikoak eta zapietan bilduta doazenak. Jaten ematen didanak eramaten ditu, eta uste dut oraindik ez dela konturatu... Ez dakit zer gerta litekeen konturatzen denean, ez dut pentsatu ere egin nahi.

        Hotza handia da gela honetan ia beti, hori da arazo printzipalenetako bat hemen, udan ere bai. Udan ez du beharbada hainbesteko hotzik ere egiten, baina geldirik egiten dut nik egunaren parterik handiena, ohean jesarrita edo zutabe moztu batean, eta hoztu egiten naiz, alditxartu ere bai batzuetan, uda izan arren, hotzik egon ez arren. Izan ere, gauza bat da planifikazioa egitea, sistematizazio bat topatzen ahalegintzea: esate baterako, ordu birik behin ibilaldi bat egitera behartzea zeure burua zutabe artetik, hogeita bost bira esate baterako. Baina ohiturak nasaitu egiten dira berehala, ohitura izan baino lehen askotan, ahulaldiak egoten dira, logikoagoa delako jesarrita egotea. Ahulaldietan erabakitako gauzak dira ohiturarik sendoenak hemen: bederatzi orduko egonaldiak ere egin izan ditut ohe honetan jesarrita.

        Hasieran sarritan egoten nintzen gaixorik, sukar altua. Hala iruditzen zitzaidan behintzat, sukar altua neukala, baina jaten ematen didanak sekula ez dit termometrorik ekarri. Bularrean min emateko moduko eztula birritan izan dut eta mukiak kendu barik lehen gaixoalditik gaur arte. Ez daukat zapirik eta, arnasa hartzeko arazoak ditudanean, ahotik botatzen ditut mukiak gelako bazter batean. Karkaxa handiegia bada, kartoi gogor batekin hartzen dut sikatzen denean eta komun-zulotik bota, zatika.

        Gorputza sendo sentitzen dudanean, biluzik egiten dut lo orain, udan, neguan, izararik gabe, tapakirik gabe. Sineste osoa daukat defentsei laguntzen diedala horrela, nekezago jarriko naizela gaixorik gero. Baliteke alferrik aritzea, litekeena da... Iruditzen zait inoiz ohe normal batean lo egiteko aukera badut, etxe epel batean, orduan gaixotuko naizela benetan, atzerakorik gabe beharbada. Orain min batzuk baino ez ditut giharretan. Badira hilabeteak azkenez egin nuenetik biluzik lo, urtebete ere bai agian, horregatik nago orain horretaz hain harro.

        Jaten ematen didanari nazka moduko bat eragiten diot, aspaldi dakit, hala ere nire bisita guztiak baimentzen ditu, eta asko eskertu behar diot hori ere. Hasieran pentsatu nuen beste batzuek erabakitzen zituztela baimenak, baina ezetz esan zidaten. Ez dakit seguru zein den baimenen sistema, baina badirudi jaten ematen didana tartean dela. Horregatik eskertu behar diot, eraikinera etortzen diren guztiei uzten dielako gelara sartzen.

        Jende asko etortzen da ni ikustera, nirekin hitz egitera, ezezagunak gehienak, guztiak ez esatearren: kazetariak, ikasleak ere bai, ikertzaileak. Ezagutzen nautenak ez dira etortzen, ez dute etorri nahi. Mingarriena da pentsatzea lotsa sentitzen dutela edo, okerrago, nazka ematen diedala, jaten ematen didanari bezala.

        Hona heldu baino lehenagoko urteez jakin nahi izaten dute nirekin hitz egitera etortzen direnek, nola egin nuen egin nuena, zergatik. Galderak egiten dizkidate goian egon nintzen aldiei buruz, baita behe-behean egon nintzenekoei buruz ere, baina bestea da gehien interesatzen zaiena normalean. Galdera asko egiten dizkidate, kazetariek batez ere. Oso ondo informatuta etortzen dira, xehetasunik txikienak ere ezagutzen dituzte, dagoeneko neuk ere ahaztuta nituenak, pertsona gutxik ezagutzen zituenak, hilda gehienak. Ez dakit non informatzen diren.

        Atzo, ordea, orain arte inork galdetu ez didan gauza bat galdetu zidan gazte batek. Ez dakit kazetaria zen, ikaslea ere izan zitekeen, baina orain arte inork aipatu ez didan kontu bat ekarri zidan. Orduko ezer ez dut ahaztu, ez da ahaztekoa, nahiz eta inork ez galdetu urteetan. Horregatik kontatu nion asko pentsatu gabe, zer egin nuen orduan eta zer pentsatu nuen egiten ari nintzen bitartean. Hemen nagoenetik benetan gertatu zena kontatzen dut beti, ohitura hori hartu dut. Pertsona gehienek ez dituzte nire orduko pentsamenduak ulertzen, edo nazka ematen diete.

        Galdera egin zidanak argi zeukan zer galdetu nahi zuen, ez zuen alferreko azalpenik nahi; desbideratzen nintzenean, berehala zuzentzen zidan. Hasieratik kontatzen ahalegindu nintzen ni, ez zen erraza. Esan nion herritik alde egin behar genuela esaten aritu zirela behin eta berriro orduan, irratitik esaten zutela, egunkarietan ere bai, alde egiteko herritik, gaur balitz bezala gogoratzen dudala esan nion, ez dirudi inpresio handirik egin zionik.

        Egunak aritu ziren esaten, beraz, herritik alde egin behar genuela eta bidetik zihoan pertsona ilarari jarraitu behar geniola. Herri ondoko bidetik pertsona bakanak pasatzen ziren hasieran, multzoak gero, familia osoak. Ilarak ia beti, soilduago zetozen batzuetan, gauez batez ere, noranzko berean, astiro.

        Gure herriko batzuek lehenengo egunetan alde egin zuten. Hainbesterako ere ez zela pentsatu nuen nik, jendea errazegi larritzen dela, ez zela lehenengo aldia. Gure lehengusu batzuk abiatu ziren orduan; aurretik bidali zituzten gurasoak eta biharamunean irten ziren. Zer pentsatua eman zidan horrek, ez ziren erraz larritzekoak lehengusuak, baina are gehiago arduratu nintzen gure etxeko solairu guztiak husten hasi zirenean, bost solairu, lau etxebizitza solairuko. Hiru lagun geratu ginen azkenerako, oso zaharrak beste biak, gaixoak ere bai seguruenik. Horietako bat etorri zitzaidan etxera, laurogei urte baino gehiagoko andre bat, askotan lagundu ziguna txikitan. Ez nion etxera sartzen utzi. Eskaileretatik esan zidan herritik alde egiten banuen, nirekin eraman behar nuela, mesede hori egingo al nion, hori eskatu zidan. Esan nion ez nuela alde egingo. Arratsalde horretan bertan alde egin nuen.

        Beharrezkoa baino ez genuela hartu behar, hori esaten zuen irratiak, behin eta berriro hori ere. Etxeko poltsarik txikiena hartu nuen nik, arropa batzuk barruan, udazkena, egun batzuk hotzak ere bai. Armairuetako diru guztia hartu nuen, hori bai, anaiarena eta nirea. Diru asko eduki dut etxean beti.

        Jendeak ez zion irratiari kasurik egin, maleta handiak, orgak, poltsa puztuak bizikleten gainean. Maleta irekiak agertzen ziren lantzean behin bide bazterretan, gu heltzen ginenerako guztiz hustuak ia beti, gure aurrekoek husten zituzten. Behin gure aurreko batzuek abandonatu zuten maleta bat: hiru galtzerdi pare hartu nituen, finagoak, lodiagoak. Besteak baino arinago joan nintekeen ni, pisu gutxiago, ilaran aurrera eta atzera.

        Jatekoekin ziren arazorik handienak, gutxi zegoen eta ustelduta asko. Ura ere zikina gehiena, eskasa beti. Sesioak egoten ziren urarekin, eskatzeko, kentzeko, lapurtzeko. Beherakoarekin zegoen jende asko, bidetik atera behar izaten zuten, korrika batzuetan, zuhaitz artera, horma baten ostera. Batzuei ez zien denborak ematen eta bide ondo-ondoan egin behar izaten zuten, ilarakoen bistan. Emakume bat gogoratzen dut, ez da ahaztekoa, bide bazterrean makurtuta, gugandik hiru bat metrora. Prakak eta barruko arropak behe-behean, orkatiletan, beherakoari ezin eutsita. Aurpegia baino ez zuen estaltzen, kontu handiz. Beste guztia ezin zuen estali, lotsa, lotsaren definizio bat beharbada. Horrela egon zen gure begien aurretik urrundu arte, ez nuen berriz ikusi.

        Kilometro asko egiten genituen egunero eta ia beti geratzen ginen lo egitera, herri batean ahal bazen, plazan, eskoletan ere bai, etxe partikularretan, bidean bertan bestela, ezin zen autorik sartu ordurako. Arkupe batzuetan leku estu bat lortu nuen egun batean, emakume bat jarri zitzaidan aurrean, ni baino gazteagoa, herritik ondo ezagutzen nuena. Gizon zaharrago batekin ezkondua, zuela gutxi alargundua uste dut, alargun gaztea halarik ere, diruduna, etxe batzuk zituena, errentak. Aurrean neukan zutunik, eserita nengoen ni baina etzateko puntuan. Begirada gogorra nahi zuen emakumeak, igartzen zen ezin zuela. Itsusia iruditu zitzaidan, zikin zegoen, beste guztiak bezala. Niri begira denbora egin eta hitz egiten hasi zen: laguntzeko eskatu zidan, ez zuen mesedez esan. Ez nekien zer nahi zuen, zer behar zuen, ezetz esan nion, ez nion gehiago aditu nahi izan.

        Etzan egin nintzen azkenean. Zutunik geratu zen emakumea leku berean, harik eta minutu batzuen buruan eseri zen arte. Kanpotik ikusita, nire oinetan eseri zela ere esan liteke. Pentsatzen hasi nintzen orduan: dirua zeukan emakume horrek, etxeak. Ezer ez dela betiko, hori pentsatu nuela gogoratzen dut. Apur bat agondu nintzen, berehala neukan andrea berriro begira, esan nion:

        — Etxeak dauzkazu.

        Burua mugitu zuen, baiezkoa.

        — Etxeak nahi ditut —esan nion.

        Berriro mugitu zuen burua baiezkoan. Esan zuen:

        — Etxeak.

        Begiak apur bat beheratu zituen etxeena onartu zuenean. Esan nion:

        — Dirua daukazu.

        — Ez hemen.

        — Dirua nahi dut.

        Burua mugitu zuen berriro, dirua emango zidala.

        Luze begiratu nion, luzeegi beharbada, agindu zuena benetan agindu zuen igarri nahi banu bezala. Baietz iruditu zitzaidan. Esan nion:

        — Zer behar duzu?

        — Alaba galdu dut.

        Isilik geratu nintzen orduan, emakumearen aurpegia neurtu behar nuen. Uste dut ondo neurtu nuela. Esan nuen:

        — Diru asko nahi dut.

        Nahi nuena agindu zidan, zeukana. Haren ahoari begiratu nion, ez begiei, luze berriro, baina ez nion erantzun, etzan egin nintzen, berehala hartu ninduen loak. Ez zen gauean hotzik egon, kontrakoa pentsatzen genuen arren.

        Biharamunean esnatu nintzenean, begira neukan emakumea, bezperako posizio berberean, arropa gehiagorekin. Ez nekien orduantxe esnatu zen ala lorik egin gabe egin zuen gaua. Iruditu zitzaidan, hala ere, aurpegia ez zeukala hain zikin. Pentsatu nuen zerbait esan behar niola, itxaroten egongo zela beharbada. Esan nion:

        — Zergatik ni?

        Harridura keinu txiki bat egin zuen, galdera inozoa balitz bezala. Adierazi nahi zuen bistan zegoela zergatik, ez zela azalpenik behar. Esan zidan gero niri begira egon zela ilaran, bazekiela nola mugitzen nintzen ilaratik, nahi nuen bezala, erraza zela niretzat.

        — Nola egingo dugu? —galdetu nion.

        Bidean geunden ordurako, jende artean. Argazki bat atera zuen maletako poltsikotik, bakarra zeukala esan zidan. Arraroa egin zitzaidan, poltsikoa handia zelako, argazki gehiago sartu ahal zirelako arazorik gabe, erdi hutsik. Maleta bera irekitzen zuen apurretan, ikus zitekeen umearen arropa zeukala batez ere barruan.

        Zazpi urteko neskatoa argazkikoa, petril batean jesarrita, sei urte ere eduki zitzakeen, bost ere bai beharbada, inoiz ez ditut umeen adinak ezagutu. Aurpegi arrunta, ama baino ederragoa agian. Ama ez zitzaidan hain itsusia iruditzen orain. Argazkia eman zidan, esan nion:

        — Nola galdu duzu?

        — Tunelean. Tiroketan.

        — Jende asko hil zen. Hori aditu dut —esan nion.

        — Ana ez —esan zuen.

        Egunean hiru-lau aldiz egiten nuen ilaran aurrera eta ilaran atzera, ehun metro, berrehun metro lehenengo egunetan, kilometro bat ere bai gero. Ez zen erraza ilaran aurrera egitea: bultzadak eman behar nituen, ukondoekin ere bai batzuetan, indar handia behar zen. Sesioak izaten ziren horregatik ere, odoletan utzi ninduten behin, neuk ere eman nituen kolpe txar batzuk, hartu baino gehiago. Konorterik gabe ere utzi nuen edadeko gizon bat... Larritu ere egin nintzen, ez ote nuen hil, baina ilaran atzera itzuli nintzenean, ez nuen bide bazterrean ikusi, batzuetan ikusten ziren bezala. Emakumeak ere ez zidan ezer aipatu, beste inork ez zidan ezer aipatu.

        Ilarako ume guztiei begiratzen nien, argazkia erakusten nuen. Hogei metrorik behin galdetzen nuen, hogeita bost, beti izan naiz oso metodikoa. Gauetan argazkia itzultzeko eskatzen zidan emakumeak, harik eta gauez ere bilatzen hasi nintzen arte. Errazago ibiltzen nintzen gauez, jendea geldirik zegoelako, etzanda edo eserita. Kilometro gehiago egiten nituen aurrera eta atzera, baina bilaketa nekezagoa zen: ezin nuen hainbeste galdera egin, burua ere estaltzen zuten lo zeudenek. Harrezkero ez nion emakumeari argazkia itzuli, egin nezakeen arren, ordu asko egiten genituelako elkarrekin. Haren mina zein neurritakoa zen ikusi nahi nuen.

        Egun asko egin genituen horrela, asteak ere bai beharbada, ez dut ondo gogoratzen. Ilaran aurrera eta atzera egiten nuen, egunean hiru-lau aldiz, emakumearengana itzultzen nintzen gero. Berriak nituen batzuetan, gehienetan ezer ere ez. Ilarako batzuk ezagutzen nituen ordurako, egunero ikusten nituenak. Bistan zen ezagutzen nindutela ni ere, uste dut nire beldur ere bazirela batzuk. Beti ez nituen pertsona berberak ikusten baina: egunero aldatzen zen ilararen ordena, gauaren ostean batez ere. Batzuk goizago ateratzen ziren, beste batzuk goizeko hamarrak arte mugitu ere ez... Iluntzean ere goizago esertzen ziren batzuk, zaharrenak, gaixoak. Orduan hasi ziren gaixoak bidean eserita ikusten, etzanda ere bai, eguerdian, eguneko ordu guztietan. Bakarrik egoten ziren asko, ilarakoek ez zieten begiratu ere egin nahi. Guztiei begiratzen nien nik, zergatik ez, nazka apur batekin ere bai.

        Informazio zehatz bat eman zidan adineko emakume batek azkenean, ezagutzen zuela argazkiko umea, elkarren ondoan egin zutela lo behin, baina askozaz aurrerago behar zuela, oso goiz abiatzen zirelako egunero, hori gogoratzen zuen. Jaka marroia zuen umeak, hiru emakumerekin zihoan, hirurak ere umearen amak izateko zaharregiak beharbada.

        Ahalegin handia egin nuen egun hartan, korrika batzuetan, ahal bezain arin. Bultzada asko eman behar izan nuen, jende asko haserretu zitzaidan, zorionez ez nuen inor jo behar izan. Umeen jaka marroiei begiratzen nien, emakumezkoekin zihoazen umeei, baina jendea lo egiteko etzaten hasi zenean gelditu behar izan nuen. Tapakien azpian zeuden gehienak, alferrik ari nintzela iruditu zitzaidan. Egun horretan ez nintzen emakumearengana itzuli, ez nuen distantzia galdu nahi.

        Biharamunean eguna argitu baino lehenago abiatu nintzen, ohiturarik ez nuen arren. Lehen ordu erdia korrika egin nuen. Uste baino jende gehiago zebilen ordurako, adineko jendea batez ere. Astiroago joaten hasi nintzen, ordea, zalantza ere egin bainuen halako batean, ez ote nuen umea atzean utzi. Hobeto erreparatu nien umeei handik aurrera, baina berdin joan zen goiz osoa. Fede handirik gabe ari nintzen eguerdirako, barazki egosi batzuk erosi nituen.

        Ia iluntzean topatu nuen umea, jaka marroia, hiru emakume, umearen amak izateko zaharregiak hirurak. Pentsa zitekeena baino arinagoa izan zen ondoren gertatu zena: emakumeen parean jarri nintzen, metro batzuk egin genituen, umeari begira egon nintzen. Esan nien:

        — Umea eraman behar dut.

        Zoro bati bezala begiratu zidaten, emakumeetako batek aldakaren kontra estutu zuen umea, ibiltzeari utzi gabe. Esan nien:

        — Amarengana.

        Umea hartzeko keinua egin nuenean, oihuka hasi ziren emakumeak, bi behintzat, umea ere bai, negarrez. Ilarako gizon batek aurre egin zidan... Indarrez bultzatu behar izan nuen, baina uste baino arinagoa zen eta modu txarrean jausi zen lurrera. Koldarra ematen zuen, ez zidan berriro aurre egin. Umea airean hartu nuen nahiko erraz, hankak asko mugitzen zituen arren. Ilaran atzera egin nuen, bultzaka berriro. Emakumeak atzetik etorri zitzaizkidan, baina niretzat baino askozaz konplikatuagoa zen eurentzat ilaran bidea egitea, ez zeukaten indarrik. Berrehun metro egin genituenerako ez ninduten ikusten.

        Neuretzat ere uste baino lan handiagoa izan zen, lehen ordu erditik aurrera batez ere. Umeak ez zuen ibili nahi, eta besoak gero eta bigunduago nituen... Hamar minuturik behin gelditu behar izaten nuen, inoiz ez bezala. Gauerdirako minutu gutxi falta zirenean topatu nuen emakumea: herri txiki batean gelditu zen lotara, ondo gogoratzen nuen herria. Argi gutxi zegoen arren, urrunetik ikusi ninduen. Berehala zutundu eta korrika hasi zen guregana. Hamar metrora gelditu zen, ordea, aurpegia aldatu zuen, esan zidan:

        — Ez da.

        Aurrez aurre jarri arte hurbildu nintzen. Umearen aurpegia ahal zenik eta argi gehienarekin erakutsi nion, kokotsetik altxatuta. Esan zuen:

        — Ez da.

        Lurrean utzi nuen umea. Zalantza une baten ostean, korrika hasi zen, etorritako bidetik. Jende gehiena etzanda edo eserita zegoen ordurako, ez zegoen arazorik korrika egiteko, baina handik gutxira gelditu zen, konturatu zen alferrik ari zela. Guregana itzuli eta emakumearen ondoan etzan zen. Nire tapakia jarri nion gainean, baina ezkerreko eskuaz hartu eta harrika bota zuen, ahal izan zuen urrunen. Emakumearengana gehiago hurbildu zen gero. Tapakia hartzeko zutundu behar izan nuen.

        Emakumea zotinka ari zen. Lantzean behin egiten zuen, ez beti, negar moduko bat ere izan zitekeen. Uste dut pena apur bat ere eman zidala, esan nion:

        — Zenbat etxe daukazu?

        — Lau.

        — Hiru nahi ditut.

        Eskua altxatu zuen emakumeak, ni jotzeko keinua egin zuen. Ez ninduen jo, lurrari eman zion kolpea. Hauts asko harrotu zuen. Kolpe asko jo zizkion lurrari gero. Ordurako ez nuen ikusten negarrez ari zen ala ez. Uste dut gau hartan hasi zela gaixotzen.

        Hurrengo goizean gauza bakarra esan zidan emakumeak: umea itzuli behar nuela, hartu nuen lekura, ezin genuela gurekin eraman. Ez nuen eztabaidatu nahi eta bezperan bezala hartu nuen umea. Besoak minduta oraindik, aurrera egin nuen, ilaran, ahal izan nuen bezala. Ez nuen utzi hartu nuen lekuan, inondik inora ere, ez naiz hain inozoa... Bostehun edo seiehun bat metrora utzi nuen, ume asko zituen talde batean, hori bai, ez nekien arren onerako edo txarrerako izango zen hori. Aurrera egiteko esan nion umeari, gelditu gabe, ez nuela berriro ikusi nahi.

        Emakumearengana itzuli nintzenean, begiak oso gorrituta zituela ikusi nuen. Lo gutxi pentsatu nuen, edo negarra, antsia. Iruditzen zitzaidan izan zitekeela nerbio kontu bat fisikoa baino gehiago. Haren ondoan jarri nintzen ilaran, hitzik esan gabe, betiko moduan. Kilometro bi baino gehiago egin genituen horrela. Estropezu egin zuen emakumeak halako batean, lurrera jausi zen. Ez nuen hari laguntzeko zirkinik ere egin, begira geratu nintzaion, noiz altxatuko. Ilaran atzetik zetozenek inguratu egiten zuten ukitu gabe. Baten batek laguntzeko keinua hasten zuen, baina nire aurpegiari begiratzen zionean, aurrera jarraitzen zuen, ezer esan gabe, ezer egin gabe. Aurpegia lurraren kontra zuen emakumeak, hautsaren kontra, begiak erdi itxita. Denbora asko egin zuen modu horretan, pazientzia galtzen hasi nintzen. Besoetatik helduta altxatu nuen: azala ikaragarri bero, aurpegia erretzen. Ibiltzeko oihukatu nion. Ematen zuen ez zuela ezer ere ulertzen, adurra ahotik. Bide bazterrean eseri nuen sastraka batzuen kontra, eta orduak egin genituen posizio berean. Ura erosi nion, neuk edan nuen gehiena.

        Egunak egin genituen horrela, aurrera gabe. Gero eta okerrago emakumea: apenas jaten zuen ezer, ura edatera behartzen nuen, sukarra kendu ezinik lehenengo egunetik. Han bertan egiten genuen lo. Hotz zela esaten zidan, eta arropa guztiak ipintzen nizkion gainean, ipini ahal zirenak. Oraindik hotz zela jarraitzen zuen esaten batzuetan. Haren ondoan etzaten nintzen orduan, ezkerreko besoa jartzen nion gainean, ezkerreko hanka ere bai. Bere gorputza sentitzen nuen, bularrak batez ere. Berak ere sentitu behar zuen nire sexua bere aldakan, seguru nago, batzuetan batez ere, ez zuen ezer esaten. Baina neuk ere uko egin nion sexuari ilaran sartu eta gutxira, dirua neukan arren, ilarako inork baino diru gehiago beharbada. Gizon asko ikusi nuen horregatik galtzen ilaran, horregatik egin nion uko hasieratik nik. Sabela hustera ere, esate baterako, neuk eraman behar nuen emakumea, sastraka ostera, zuhaitz ihar bat ere bazegoen. Ez zuen ezertarako indarrik, neuk kendu behar nizkion arropak, neuk eutsi, garbitu ere neuk garbitu behar nuen. Hor ere galdu ahal nintzen, baina hasieratik egin nion uko.

        Emakumea han uzteko puntuan egon nintzen, orduan asko eta asko abandonatzen ziren bezala bide bazterretan. Gugandik hamabost metrora agure bat utzi zuten, bertan hil zela uste dut. Ez nuen argi zertarako behar nuen emakumea horrela... Hiltzen bazen, ez zidan ezertarako balio, hori argi nuen, eta bazirudien horretan zegoela. Denbora galtzen ari nintzen: ilara ere saretzen hasita zegoen, gero eta jende gutxiago zekarren, ematen zuen azkenak ginela, horrek esan nahi zuen guztiarekin.

        Emakumeak zutunik jartzea lortu zuen orduan, pauso batzuk ere eman ahal izan zituen. Sukarra zuen oraindik, baina esan zidan ohituta zegoela tenperatura horretara. Lepoan hartu nuen, aurrera egin genuen. Errazagoa zen orduan jendea aurreratzea, zulo gehiago ilaran, tarte handiagoak jenderik gabe. Uste baino arinago mugitu ginen, egun pare batean heldu ginen lehengo ilara moduetara, sarriagoetara, aurreratzeko bultzaka ibili beharrekoetara. Umea bilatzen hasi nintzen berriro orduan. Ilaran aurrera baino ez nuen egiten, atzean banekien zer zegoen. Emakumea eserita uzten nuen, ni gabe apenas mugitu ahal zen, baina metro gutxi egiten nuen ilaran, berehala itzuli nahi nuen; ez nuen emakumeak konortea galtzerik nahi, ura edatera behartzen nuen.

        Horrela egin genituen egun batzuk, baina emakumea berehala jarri zen ibiltzeko moduan. Umearen bila ateratzen nintzenean, oinez jarraitzen zuen ni gabe ere. Metro gehiago egin nezakeen orduan, esango nuke kilometroa egitera ere heldu nintzela, harik eta ibaia azaldu zen arte. Ez zen zabalegia ere, ehun metro baino apur bat gehiago, baina zubirik gabekoa. Ontziak ere gutxi hainbeste jende pasatzeko: 10-15 laguneko bi eta txiki batzuk. Han eteten zen ilara beraz, milaka lagun pilatuta ibaiaren zabalgunean, 50.000 baino gehiago aditu nion agure bati. Leku zabala zen, baina jendea estutzen hasita tokirik onenetan. Militarrak jarri zituzten ibaialdean, oso armatuak, ezkerraldean ere bai. Eskumako basoa zen libre utzi zuten bakarra. Intimitaterako erabiltzen zuen jendeak, sexua, hondakinak ere asko.

        Hiru egun egin nituen han emakumearengana itzuli gabe, pentsatu nuen bakarrik helduko zela ibairaino. Pentsatu nuen, horrezaz gainera, han topatuko nuela umea inon topatu behar banuen. Argazkia erakusten nuen, galderak egin, gauza lausoak esaten zizkidaten, batera bidali, bestera, horri edo hari galdetzeko esaten zidaten. Txoko guztiak ezagutzen nituen, ezkerraldea, basoa. Militarrei ere galdetu nien, baina ez zioten ezeri erantzuten, ez zuten jendearekin nahastu nahi. Ordu asko egiten nituen basoan.

        Kasualitatez topatu nuen umea. Beste norabait nindoan, bidean topatu nuen. Ez zegoen zalantzarik orain, emakumearen alaba zen, baina beste era batera jokatu nuen: argazkia erakutsi nion. Baietz esan zuen, bera zela, eskolan, eskola aurrean. Amari buruz hitz egin nion, baietz esan zion guztiari. Ondoan zuen andreak esan zidan umea bidean hartu zutela, aita nintzen galdetu zidan, edo osaba, eskerrak eman zizkidan.

        Amaren bila joan behar nuela esan nien, ez mugitzeko handik, denbora asko behar izango nuela beharbada. Izan ere, ez nekien emakumea ibaira heldu zen ordurako, bidean egon zitekeen oraindik. Ordu asko behar izan nituen topatzeko: ilaran zegoen emakumea, baina zabalgunetik ez oso urrun ere, lurrean eserita. Esan zidan denbora gehiago egiten zuela eserita ibiltzen baino. Lepoan hartu nuen zabalgunera hurreratzeko, baina handik aurrera oinez egin behar izan zuen, besoak behar nituelako jendea apartatzeko. Iruditzen zitzaidan minutu batzuk lehenago baino askozaz jende gehiago zegoela.

        Umearengandik ehun bat metrora geundenean entzun ziren lehenengo tiroak. Hasieran jendeak ez zuen ezer egin, ez zekien zer egin, harrituta beste ezer baino gehiago. Segundo gutxitan konturatu ginen, ordea, militarrak zirela. Oihuak hasi ziren, korrika egin nahi zuen jendeak, baina ezin zuen korrika egin. Berehala ginen guztiak guztien kontra, oso espazio txikian, arnasa ere ezin normal hartu. Basora nahi zuen mundu guztiak, baina ikaragarri astiro mugitzen ginen, lurrera jausten ziren batzuk, martxa oztopatzen zuten, zapaldu egiten genituen.

        Emakumeari begiratu nion, oso txarto zegoela iruditu zitzaidan, inoiz baino zurbilago, begiak erdi itxita. Atzekoek eramaten zuten airean, aurrekoek eusten zioten, hilda zihoala ere pentsatu nuen momentu batean. Alaba aurkitu nion emakume hari, handik hurbil behar zuen, metro batzuk aurrerago, metro batzuk atzerago, haraino eraman behar nuen. Denbora asko galdu nuen emakumearekin, ezin nuen orduan utzi. Soinetik heldu nion nire kontra jarri arte, pisu asko galdu zuen aurreko egunetan. Aurrera egiten ahalegindu nintzen, bultzada asko eman nituen, kolpeak, ez zen ilaran bezain erraza.

        Ez genuen horrela metro gehiegi ere egin, pentsatu nuen alferrik ari nintzela, batek dakielako gero zer. Emakumea askatu nuen orduan, nigandik aparte bultzatu ere bai. Berehala ikusi nuen nola hondoratzen zen jende artean, nola desagertzen zen lurrera bidean, hil arte zapalduko zuten seguruenik. Askozaz arinago egin ahal izan nuen aurrera gero.

        Basora heltzeko metro gutxi falta zitzaidanean, ume bat ikusi nuen jende artean, emakumearen alaba baino urte batzuk nagusiagoa, beltzaranagoa. Leku guztietatik ematen zizkioten bultzadak baina ez zuten hondoratzen, ez zuten lurrera botatzen. Oihuka ari zen, ez nion ezer ulertzen. Soinetik heldu nion, hala ere, emakumeari bezala minutu batzuk lehenago, basora sartu ginen azkenean. Askozaz errazagoa zen korrika egitea han, zabalagoa zen, bide desberdin gehiago egin zitezkeen.

        Tiroak urrunago hasi ziren entzuten baso barrutik, eskasagoak, astiroago joatea erabaki nuen. Argigune batean gelditu ginen, jende gehiago zegoen han. Umea lurrean utzi nuen sasi batzuen ondoan. Ez nion haren aurpegiari begiratu ere egin, ez naiz hain inozoa. Korrika hasi nintzen berriro bakarrik. Zarata gutxi entzuten zen basoan jende asko zebilen arren.

        Jaten ematen didanak esan dit egunkari batean irakurri duela hau. Kanpotarra da jaten ematen didana, eta ez dakit egunkariak zein hizkuntzatan irakurtzeko ohitura duen.