Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hamasei

 

Izainik eta lantzetarik erabili beharrik gabe utzi du Peñafloridako kondearen alabak izaren epela. Etorri bezalaxe joan zaio sukarra. Zabaldu dira jauregi inguruko jardin eta soroetara ematen duten leihoak, aireberritu da gela, aditu dira apirileko usainak, eta halaxe joan da haurra oheratu duen kalentura, kanpoko edertasunak uxatuta bezala.

        — Alabak ez du nafarreririk, jauna.

        Oraindik Intsaustin den Esteban ezustean harrapatu du Carasa ohe ondoan ikusteak. Ez zuen espero, ez da besterik. Tresnak maletatxoan gordetzen ari da, taxuz, kandelen argitan. Irribarre behartu bat loratu zaio medikuari, beti bezain urduri. Jendetasunez agurtu dute elkar, kondea dute begira.

        Hiru urte lehenagoko salerian, Peñafloridak bere liburutegian urrea baino hobeto zaintzen dituen orriak bete zituen Carasak gaixoei egindako jarraipenekin, ez zaio Estebani hori inoiz ezkutatu. Gertutik ezagutu zituelako kasuetako asko beharbada. Irailean hasi zen gaitza, eta abendu artean hazi. Gabon atarian, ehunka ziren ohean zeudenak eri. Zer bide egiten duen nafarreriak, ondo ezagutzen du Estebanek. Buruko mina izaten da lehenbiziko abisua, kezkatzen hasteko motibo nahikoa. Gero datoz begi beteak, sukarra, lo eza, eztula, aldaketako mina, bizkar aldekoa, gonbito erraza. Tarteka, hesteak lehertzen dira, edo odola dario sudurretik gaixoari. Inoiz, dardara batean hasten dira izerdi zikinetan. Nork garbitu gero ohe-jantzi haiek.

        Hiruzpalau egun luzatzen da hasierako erasoa. Gero pikortak agertuko zaizkio, aurpegian aurrena eta paparrean ondoren. Zorne jarioa hasten denean sukar handiak hartzen du eria, ezinegona nagusitzen da, idatzi zuen Carasak bere oharretan. Lo hartzea zaila egiten da, ezinegona nagusituz doa, puztu egiten da aurpegia, kiratsa areagotu egiten da. Azalean, orban beltzak edo ubelak agertzen dira, jarraitzen du medikuak deskripzio hotzean, Carasa hipokratikoa baita galeno dogmatikoa baino. Eskertu zion kondeak horrela jaso izana, beroak ez baitakar egundo ere onik. Baztangarekin ez dira gutxi hezur berrietan dauden emakumeak galduriko haurrak, amaitzen da bukatu eta asteetara kondeari entregatu zion txostentxoa.

        — Seguru nago beste kopia bat duela beretzat gordea, niri emandakoaren aldean zehatza.

        Estebanek ez zuen sasoi batean beragan jarri zuen konfiantza ulertzen.

        Eta halarik ez, medikua ondorioak ateratzeko gauza izan zen. Hasierako sukarrean dago dena, idatzi zuen. Arina bada, hala izango da nafarreria, dio. Kalentura handia badu, berriz, eta beroa errea, arriskua dago pikorta gaitzagoak izateko. Bizkarraldeko minak arrunt okertuko luke egoera. Ona da gaixoak txistua suelto botatzea. Jarioa eteten bada, berriz, dudarik gabe, larriagotu egingo da. Heriotza arriskua askozaz handiagoa da orduan.

        Tatxarik gabeko gizona da Carasa, eta mediku bikaina. Ez zaio inoiz damutu Peñafloridako kondeari herrira ekarri izana. Gasteizeraino joan zitzaizkion bila aurreko medikua hil zenean. Orduan bezalaxe gogoratzen du dena. Larreak bereizten dituen urkia baino bakarrago heldu zen arratsaldeko zalgurdian. Gerora ekarri zuen familia, eta trastetza hura, etxerako gauza gehienekin.

        — Lasai egoteko moduan gara.

        Kondea ez da egundo lasaituko, ordea. Lau ume ditu dagoeneko lur hotzaren gainean utziak. Emazteak agindua dio bizitzarekin erantzungo diola balbearen atzaparkada bakoitzari. Halaxe esan zion, heriok eramaten digun bakoitzeko bi gehiago ekarriko ditut. Nork sartu ote zion hura buruan. Loiolako jesuitaren batek, seguru dago Peñaflorida.

        Euria ari zuen. Indriska etengabeak zikintzen zituen Markinako soroak Pedro txikiari lur eman ziotenean. Sagastiak biluzik zeuden, azken aleman-sagarrak jasota ordurako. Euri tantak azken hostoetatik dilindan. Zuk egin zeure lana, gizona, nik neurea egingo dut eta. Hirugarrena zen zuloan sartzen zutena. Gipuzkoako diputatu nagusi izendatua zuten atzera ere, baina bere jaioterrian nahi izan ditu beti seme-alaben hezurrak.

        — Esan beharrik ez dago, ezer bada, badakizu non nagoen.

        Carasaren eta Estebanen artekoa, ez da itxura batera erraz konpontzeko auzia. Moldatzen dira, baina itsuak ere ikusten du, larderia dago baten partetik, eta bekaitza bestearenetik. Gizakiaren gaitzak, pentsatu du bere artean kondeak leiho ertzetik mediku txikiaren irudia jauregiko harri-txintxorretan aurrera, gero eta urrunagoko egiten zaion bitartean. Ez daiteke bestela ere. Estebanek ez dituen ikasketak ditu Carasak, urteetako bidea gaixoak artatzen, gaitzari azken zirrikituetaraino jarraitzen. Erret Akademiakoa da. Nafarreriaren gainean ez da besterik egongo hark adina dakienik inguru zabal batean. Esteban, berriz, zer da bere bizitza jendeari bizarra mozten, hagin lokatuak ateratzen, koipe eta malbazko enplastuak jartzen eta odolusteak egiten eman duen behargin esaneko bat besterik.

        — Gizon ona zara, Esteban.

        Txanponaren hotza ahur kakotuan. Papagai bat bezala sentitu du kondearen esku guria sorbaldan. Peñafloridak berak erakutsitako grabatu batek hartu dio gogoa lipar batez, Ameriketako hegazti koloretsu bat gizakien adiskide. Buruak nola egiten duen lan.

        — Entzuizu, badakizu zertarako deitu dizudan.

        Badaki, badakienez. Izainak. Izainez mintzatu nahi zaio kondea, eta galdetu non hartzen dituen berak, nola mantentzen dituen gaixoari aplikatu aurretik, zenbat aldiz erabiltzen duen bakoitza. Aitarengandik ikasitakoa errepikatu baizik ez duela egiten azaldu behar izan dio Estebanek, erreka gardenak topatzea dela kontua, hobe harria dutenak hondoan ura zikin lezaketen basatzadunak baino.

        Badakizu nola asmatzen den beti? Inguruetan igelik dagoen begiratu, jauna. Asko bada, toki egokian zaude. Erantzi, sartu hanka-gorririk eta uraren haginkadara ohitu. Oinetan itsatsiko zaizkizu berehala, bernetan gora. Eta aukeran hobe txikerrak handiak baino. Sabelaldea, gorria izan dezala, gibelaren kolorekoa. Goataz edo zapi umel batez itxitako kristalezko ontzietan gordetzen ditut, jauna. Azalak garbi behar du egon, hiruzpalau jarri aukeratutako tokian eta itxaron beren lana egin arte. Heltzea kostatzen bazaie, lagundu. Horretarako ur gozotua jartzen diet, edo odol pixka bat. Arkumearena edo bildotsarena da ona. Eta itxaron, itxaron odola zupatu ahala handitzen diren arte. Ez da lantegi zaila. Askatzean etor daiteke arazoa. Ez bada berez soltatzen, gatz pixka bat eman, edo ozpina bestela. Ostean, behor zurda bat azpitik pasatuta ere libratzen da. Ezagutzen dut beti horrela egiten duenik. Egundo ez behartu, ordea. Ezin utz daiteke izain arrastorik zaurian, gaiztotu egin daiteke-eta. Eta erabili, behin bakarrik. Denak batu eta etxe atzean erretzen dituela kontatu dio Peñafloridako kondeari, pikondoaren ondoan horretarakoxe egina duen zulokote estu batean.

        — Jauna, ez duzu egundo aditu izain errearen usaina, ezta? Bestela akordatuko zinen.

        — Idatziko duzu esan didazuna paper batean?

        Nafarreriaz bil daitekeen guztia ari da biltzen kondea. Bazuen Carasaren txostena, eta xumeagoa izanagatik, eta ezagunagoa, nahi du izan Esteban Alberdirena.

        Laster ez da ez bataren ez bestearen beharrik izango. Ez orain arte bezala behintzat. Jakinaren gainean dago probak egiten hasiak direla, irakurria du Christian de la Condamineren Memoria, Feijoori esker du Trevouxeko lanen berri. Angelo Gattiren Réflexions sur les préjuges qui s'opposent à l'inoculation, etxean du. Inoren odolak bakean utzita, ikuskizun lotsamangarririk gabe, izarak odolez blaitzeke, halako itsuskeriarik, etxeak etxe izango dira ostera, ez mataderia. Eria ez da ohean kondenatuko. Sinistuta dago, esanak esan, inokulazioak babestuko dituela luze gabe gaitzetik.

        —Tratatu bat ere ez, Esteban, niri kontatu didazun bezalaxe, argi, zehatz, Bergarako nire lagunei erakusteko.

        Lotsagorritu egin da, ez daki gauza izango den. Ez dio ezetzik esan.

        Doi astintzen ditu apirileko hegoak Intsausti jauregiko arbola loratuak.

        — Ikusten arrosaxka hura, Esteban? Japoniako gereziondo bat da, Loiolako jesuita batek misiotatik ekarria.

        Katu alderrai agertu zaie, zalu igotzen gibeleko horma gainera. Ilun-istantzia garbi dator. Beldur da erantzunik gabe gelditu den galdera egingo ote dion kondeak berriro.

        — Ez didazu erantzun, zer iruditu antzezlana?

        Bergaratik bueltan Teresarekin izandako elkarrizketa berritu zuen bere artean Esteban Alberdik. Bere aldean garbi, jende baxuari dongaro eginiko burla lotsagabea zeritzon emazteak. Hitz horiekintxe esan zion zer pentsatzen zuen azken aldian herriko jauretxe batzuetan antzezten ari ziren obra haien gainean. Gogoan du ahalegindu zela arrazoi zuela aitortzen emazteari, baina Txanton Garrote bera ere, ikusi behar duzu zein aldrebesa den gizajoa, Teresa, zurrutak zeharo galdua.

        Itsua izatea leporatu zion emazteak, ez ikustea begien aurrean zuena.

        — Zure izainak baino okerragoak, Esteban. Peñafloridako kondea bera-eta dira gure izainak.