Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Zortzi

 

Argiak ez zeuden geldian, ez ziren hiru. Eta ez zihoazen zeru bidean.

        Oskarbiak irentsi zituen txinatar faroltxoak baino, erabateko argitasuna zen Esteban Alberdi betazal itxiez bestalde sumatzen hasi zena. Norbaitek begiak ezin asma zezakeen zerbaitez igurtzi izan balizkio bezala. Ukendua. Edo gelen bat. Zuri garbia ez zena. Aldika urdinkara egiten zena, elektrikoa, gas tankerakoa, azken aldian tabernetan kopa handi zabaletara isurtzen ikusi izan zuen gin horien antzeko zerbait, biziagoa agian. Izen arrotzak ekartzen ahalegindu zen ahanzturaren apalategitik: Bombay Sapphire, Southport, The London number 1.

        Non arraio nago. Ezaguna zitzaion egoera hura. Gauetako autobusak. Begiak bilduta zoazela, dena da ia perfektoa itzarririk zaudela ere, salbu eta ezinegona, tarteka azterka sentitzen duzuna. Autobus guztian zeu bakarrik baitzoaz esna, eta hasieran ez, baina ibilia atzean utzi arau, ezinegona handitzen doakizu. Baina ondo zoaz artean, antifazik gabe, ilunari neurria hartuta. Isildu dira azken bidaiariak, amatatu du txoferrak irratia. Eta bazoaz, bazoazte, gauari takada handia kendu diozula ustez. Halako batean abiadura moteldu du nabarmen, suspentsioak ibilgailuaren hezurdura nola moldatzen duen sentitzen da. Gurpilak astabizkar baten gainetik igaro dira, franko ugaritu dira azkenaldian errepideetan galipotezko konkorrok. Erabakia duzu begiak ez zabaltzea, etsitzea litzateke. Badakizu zer datorren orain, herri bat, geldialdi bat beharbada, ateak zabaltzea eta jendearen sartu-irtena auskalo norako bidean, gora batzuk, behera beste batzuk, jakizu zer bebarru zabaltzeko gauerdian, zer etxetan lo egiteko noren ondoan. Baina ordurako, argia. Ateen hotsak baino lehenago argiak iratzartzen zaitu beti gaueko autobusa hartzen duzun aldiro, kaleko farolak dira, umerik gabeko plaza beti goibel batekoak, gau osoan piztuta uztea erabaki duen denda bat, edozerk du argia argirik behar ez denean.

        Autobus batean zihoan? Nora baina?

        Argi hori sumatu zuen Estebanek betazalen bestaldean, edo antzekoa. Ate bat ere zabaldu zen, ia seguru zegoen, ez zen maleta garraiorik baina inguruko aulkietan. Kolpetik, esku bat besaurrearen gainean. Masailean gero. Epela, erpuru gozokoa, Estebanek ulertzen ez zuen zerbait zioena betazalak zabaltzen zizkion artean. Gero, isiltasun erabatekoa, argitasunik gabeko isiltasun luze bat, autobusaren ibili gozoa errepide lasaian aurrera, nekeak mankatua, berak ere azkenean lo hartu izan zuenean bezala.

        — Esteban, entzuten didazu?

        Aditu orduko ezagutu zuen usaina. Ustez jabea jarria zion ahotsa, bere izenez galdezka. Bakarrik ez zegoen ahotsa. Aginduak ematen zituena. Hiruzpalau ahots, gizon zein emakumeenak gurditxoen garraioan, metalezko objektuekin batetik besterakoan zetozenak, bazihoazenak, kontu handiz heldu eta erosoago jartzen zutenak, tenperatura egokia. Ez nago eserita, ohe batean nago, pentsatu zuen Estebanek. Arnasa garbiagoa zuen. Eta usain hori, irail gauerdi batean Bergara eta Azkoitia arteko zelai batekoa ez dena. Antigoalekoa ez dena.

        Non nago.

        — Zu lasai, Esteban.

        Atzera hitz horiek, kontratua etetea erabaki zuela jakinarazi zitzaionean enpresak esan zizkion hiru hitz horiexek. Zu lasai, Esteban, inor behar badugu zu izango zara deituko dugun aurrena. Hiru urte pasa. Eta jo zuten. Berea ez zen telefono batera.

        Ametsa izan da orduan dena. Bergarakoa, Peñafloridarena, zelaietan aireratutako hiru faroltxoena.

        — Zu lasai, Esteban. Aterako zaitugu hemendik.

        Ospitale usaina. Seguru zegoen, aldetik ezin ken daitekeen horietakoa baita ospitaletakoa. Zaborrarena bezala. Ozalearena bezala. Arratoi hatsarena beren atzetik zabiltzala bila, ile eta guztiko urrina sudur mintzetatik erraietaraino, eztarrian barrena. Eta orain bazekien, usainak deituta zekien non zegoen, itzulia zela, deitu ziotela berriro, zergatik ez bazekien ere.

        Nik ere, ez da hainbeste, hemen lan egiten nuen, diotso betazalen bestaldean astiro mugitzen zen itzalari, hona etortzen nintzen egunero ospitaleak sortzen duen zaborra eramatera. Eta ez naiz bulegoetako paper zaharrez ari, ez ditut gogoan bisitariek zakarrontzietara botatzen dituzten ogitarteko hondarrak, platano maskalduak, patata frijitu koipetsuen zorro hutsak. Ni nintzen kirofanoetako hondarrak hartu, sailkatu eta bakoitza bere ontzian ospitaletik kanpora ateratzen zituena.

        Ostera ere begiak zarratu zizkion gizonaren ahotsa.

        Ez, garbitzaileak behegaina pasatzen du, erratza, lanbasa, komunak. Karrajoak garbitzen ditu, ohe azpiak, telebista gainak. Oinen artean dabil makurtuta, barkamen eske ematen du eguna goragokoek eman dioten lana bete ahal izateko. Gaixoak erakusten duena baino estimu handiagoan duen lanbidea du, eta honek ezin badu, gaua egin dion senideak eskertuko dio, edo bisitan joan zaion lagunak, nik dakit ba. Ikusten den lana da garbitzailearena. Dezente hobetu da osasun publikoa azken urteetan, hori entzungo duzu nonahi. Hori dioena ez da hainbeste medikuen profesionaltasunaz ari, gaixoa nola artatzen den du gogoan. Orain artean eriak tratuari behar baino gehiago erreparatu izan baitio. Babesik eza da, galduta dago ezagutzen ez duen esku batzuen mendean. Babesgabe dagoelako eskertzen du neurriz kanpo erizainen irribarrea, garbitzailearen galdera lehen argi printzak leihotik sartzen direnean: zer, gau ona pasa duzu?

        Dena dago puztua salduta dagoenarentzat, txarra bezalaxe ona.

        Salduta. Bakarrik. Oraintxe datorkio irudia, bertatik.

        Beste gizonezko baten ahotsa ondo dagoen galdetzen. Lo egin nahi du. Ertzainen autoen sirena. Argi urdinak, beroagoak gero. Masaila espaloi zikinaren kontra. Zerbait jarri diote buru azpian. Jertse bat. Odol hariaren beroa belarri ertzetik ezpainetara.

        — Edanda al dago?

        Horregatik diot, segitu zuen, ez nintzela garbitzailea. Esker on handirik gabeko urteak izan dira hemen edo antzeko toki batean eman ditudanak. Ez zegozkidanak ere egin behar izan ditut, zaborra ez duzuelako ondo sailkatua uzten beti, presaka zabiltzatelako, kostatu egiten delako minbiziak jandako gibel bat eta gasa odoldu bat bereiztea, kontainerrak behartzea ez delako hain zaila. Guk ikasi behar izan genuen, lana izango bazen. Hondakin ebakitzaileak edo zorrotzak, behin bakarrik erabili beharreko ontzi zurrunera. Zenbat aldiz. Gainontzekoa, bakoitzari dagokion kolorekora, ondo itxitako poltsetan. Toki onean. Horira gasak, bendak, konpresa erabiliak, igeltsuak, gorotzak, isuriak, arropak. Berdera ikerketako hondarrak, txertoak, erabili gabeko odol ontziak, dialisi hondarrak. Gorrira hondakin kimikoak, zitostatikoak, botika iraungiak. Fotokimikoak, urdinera zuzenean. Giza hondakinak, aparte. Erradioaktiboak, aparte. Zenbat aldiz. Beltzerakoa izan ohi zen erosoena, bazkari kondarrak, kafetegikoak, garbiena azken beltzean.

        — Koman dago?

        Galdetzen entzun zion denen buru zirudien medikuari, ikaragarria dela buruan duen kolpea, miraria dela bizirik egotea.

        — Entzun, ez dut uste ezer entzuten duenik. Hala ere, ez da komeni bere aurrean hitz egiterik.

        Betazalen bestaldean irudiak ahultzen zihoazen. Ume zenean bezala, titiritero familia hura heltzen zenean herrira. Itzalen joan-etorria argiak itzalitako plaza betean alderik alde eskegitako izararen atzean.

        — Etxekoak deituta al daude?

        — Bakarrik bizi da, antza.

        Izara irudirik gabe geratzen zen arte. Erabateko isiltasuna. Eta ginebra urdina, izotz artean igeri.