Azken afaria
Azken afaria
2013, nobela
240 orrialde
978-84-92468-49-2
azala: Lander Garro
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2017, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Azken afaria
2013, nobela
240 orrialde
978-84-92468-49-2
aurkibidea
 

 

Gaua

 

 

Ateko txirrina. Begi bat ireki du erdizka. Burua mugitu du iratzargailuaren aldera. Ahal moduan egin dio kirik. Oihaneko goibeltasunetik begiratzen duen tigre baten begiak erlojuaren zenbaki berdeak. Ordu biak doi-doi. Albiste larrien garaia. Izerditan ditu esku-ahurrak. Emaztea lotan dago oraindik. Txirrina sakatzeari utzi gabe, atea jotzeari ekin diote mezulari oldarkorrek. Aldarrika ari dira. Diotena ulertu ez eta bizkor jaiki da Felix Goñi.

        Orduantxe esnatu da emaztea.

        Eneko?

        Harekin topo egin du korridorean, etxeko aterantz doala.

        Semea izututa dago bere gelako ate ondoan.

        Ertzaintza! Abran!

        Trumilka sartu dira, zalapartan, eta ezer adierazi ahal baino lehenago baztertu dute Goñi. Goitik behera beltzez jantzita, agerian begiak besterik uzten ez dieten txano moduko bana buruan. Haietako batzuek, gainera, argi txiki bana daramate txanoetan edo fusilen muturretan. Guztien burua dirudienarengana jo duenean, haren mespretxuarekin tupust egin du bat-batean. Lasaitzeko eskatu dio, iseka silaba bakoitzean nabarmen. Bere menpekoei eskatu behar lieke hori, haiexek direlako asaldatuta dabiltzanak. Hala ere, kasu egin nahi izan dio eta sakon hartu du arnasa, gertatzen ari denaren azalpena exigitu aurretik.

        Abokatua naiz, jakinarazi dio.

        Ertzainburuak eskua praketako albo sakela batean sartu, papera atera eta irakurri egin du:

        Eneko Goñi?

        Semea duela esaten hasi da, baina ez du esaldia bukatu. Paretaren kontra daukate Eneko. Lepotik heldu dio ertzain batek eta eskuburdinak jarri dizkio beste batek.

        Edonor atxilotzeko edo edozer miaketa egiteko paperak behar dira, ordea, epaile baten baimena. Horixe gogorarazi dio polizien ustezko buruzagiari. Paperak eta lekukoak.

        Por supuesto, esan dio hark, por supuesto. Gerrikotik zintzilik daraman walkie-talkie modukoa hartu eta está todo hecho errepikatu du bi bider. Hori besterik ez. Nahikoa.

        Ertzain gehiago etorri da. Epaitegiko idazkaria omen den gizontxo bat ere bai. Jakaz baina gorbatarik gabe jantzita, esku-hartzea baimentzen duen agiri legala erakutsi dio. Lekuko bat behar da miaketa hasteko. Emazteari begiratu dio. Negarrez dago semearen aldamenean.

        Yo seré el testigo.

        Idazkaria konforme.

        Atxilotuaren gelan hasiko da miaketa. Ohe azpian begiratu dute lehenik eta behin. Ondoren koltxoia haztatu dute kontu handiz. Armairuaren txanda heldu da gero. Zentimetroz zentimetro arakatu dute eta ohe gainera bota dituzte han gordetakoak. Gauza bera egin dute mahaiko tiraderak hustutakoan. Erabatekoa da nahaste-borrastea. Kartoizko kutxatan sartu dituzte eraman beharrekoak. Afixak erauzi dituzte hormatik, politikoak nahiz Athleticenak, eta kutxa haietako batera bota. Liburuak, bideoak eta paperak beste batean ipini dituzte. Bakoitzaren izena irakurri du ertzain batek, kutxan sartu aurretik: ETAren historia, La Cloaca Vasca... Txalapartak argitaratutakoak gehienak, guztiz legalak. Horri buruzko gaztigua egin die Goñik ertzainei. Umorez hartu diote oharra. Gainerako gelak ere taxuz arakatu dituzte, baina ez dute haietatik ezer eraman. Gelaz gelako ibilbide horretan, etxea (Izurtzarako bidean eraikitako txaleta) inguratuta dutela jabetu da, pertsianen zirrikituetatik ertzainen zigarreten puntutxo gorriak kanpoko ilunpean keinuka nabaritutakoan. Azkenean, miaketa burutu ostean, idazkariak paper bat sinatzeko eskatu dio. Sinatu egin du. Emaztea negarrez ari da oraindik ere, lasai dadin semeak egindako eskaerei men egin ezinik.

        No hable. No puede hablar.

        Atxilotuak, aldiz, amarekin hizketan segitu du: Trankil, ama, trankil.

        Amarekin mintzo da, harik eta zaintzen duen ertzainak saihetsetan ukalondoz jo duen arte. Arnasa hartzeko lanak dituela, nekez irtengo da hitzik Eneko Goñiren ahotik. Ama ari zaie semearen partez. Negar zotinari utzi gabe, hark ez duela ezer egin, aldarrika ari, bakean utzi behar dutela.

        Komunerako premia duela adierazi die atxilotuak bere zaintzaileei. Entzungor egin diote hasieran, baina, Enekok amore eman ez duenez, haraino lagundu diote. Han eserita, ertzain bat izan du aldi osoz bainugelako atetik begira. Komedia ero baten pasartea dirudi. Laburra, ordea. Ozta parentesi motz bat, luze gabe dira-eta ertzainek prestatutako dramaren erdian. Batez ere, semea eraman dietenean, senar-emazteak bakarrik geratu direnean.

        Dardaraka ari da emaztea senarraren besoetan, negar egiteari utzi ezinik. Kaleko ate ondoan daude. Noizbait egongelaraino eraman du senarrak poliki-poliki eta bertako sofan utzi. Zergatik galdezka ari zaio nekagaitz. Jakin baleki.

        Senarra sukaldera doa, ura berotzera. Egongelara itzuli delarik, erretilu bat eskuetan, malkoei eusteko ahalegin betean aurkitu du emaztea. Astoreka hitza osatu du, ahal moduan.

        Telebista gaineko ordulariari so egin dio senarrak: laurak eta bost. Sobera goiz inori hots egiteko, esan dio emazteari, hil ala biziko kontu bat izan gabe tarteko.

        Zer da ba gure honako hau, hori ez bada?, horra emaztearen begirada etsituak egin dion galdera. Bai, hala da, nola pentsatu besterik, sofan hondoratutako emakume horren bistan.

        Pixka bat geroago deituko diot, egunabar aldera, hitzeman dio senarrak. Ohatzera itzuli behar duzu orain, atseden hartu. Neu arduratuko naiz guztiaz.

        Ezetz emazteak, etxea apur bat txukundu arte ezetz.

        Badugu lan puska bat.

        Berehala ekin diote. Bada zer jaso eta zer bildu. Luze jardun dute lanean. Eta hizketan aldi berean, gertatu zaiena ulertu nahian. Ezin. Astorekak dena argituko dielakoan daude. Horretan bat datoz biak. Horregatik, emaztea oheratzea lortu orduko, haren telefono zenbakia sakatu du.

        Luze jo du telefonoak aspaldiko lagunarenean, istantean ezagutu duen emakume ahots mesfidati batek nor ote den galdetu dion arte. Barkamena eskatu dio hain goiz hots egiteagatik, eta azaldu, hain kontu larriagatik ez balitz sekula ez zela tenore horretan deitzera ausartuko.

        Felix!, ia oihu egin du Kosme Astorekak. Zer jazo da?

        Kontatu egin dio.

        Egon trankil, enteratuko naiz, segituan deituko dizut.

        Telefonoa utzi ondoren, whiski botila eta edalontzi zabal bat jarri ditu egongelako mahai baxuaren gainean. Zurrut bat behar du kirioak laxatu eta errazago pentsatzeko. Badu zer aztertu eta hausnartu azken orduetako zurrunbilo zoroaz. Handik aurrerakoak ere ezin bazterrean utzi, gainera. Makina bat gauza dago aintzat hartzeko, edozein urrats egin baino lehen. Badu horretarako astia, Astorekak ez baitu oraindik deitu. Telefono aldamenean eserita dago badaezpada ere. Noizbehinka jaiki eta logelara hurbiltzen da, emaztea nola dagoen begiratzearren. Kostata hartu du loak, baina noizbait nekeak errenditu du hura ere.

        Bederatzi eta erdietan jo du telefonoak. Berri kezkagarriak ditu Astorekak: Kale borrokako zenbait ekintza egotzi dizkiote. Kontu larri samarrak.

        Non daukate?

        Durangoko Ertzaintzan ez, Arkautin dagoela azaldu dio Astorekak.

        Ikusi egin nahi dut.

        Gaitza izango da, Audiencia ei dago operazioaren atzean.

        Berdin dit nor dagoen. Ikusi egin nahi dut.

        Ulertzen dut, baina ez dago zereginik.

        Goñik argitasunak eskertu dizkio Astorekari. Eta hala eta guztiz beste ahalegin bat egiteko eskatu dio kartsuki.

        Saiatuko naiz, baina... badakizu...

        Bakea eman dio. Sukaldera joan da telefonoa utzitakoan, kafea prestatu eta irratia entzutera. Hamarretako albistegian eman dute gertatutakoaren berri: Atxiloketak izan dira bart Bizkaiko zenbait herritan; gazteak dira atxilotuak; kale borrokarekin lotu ditu Ertzaintzak; Durangon, Iurretan eta Berrizen atzeman dituzte. Horixe ikasi du kikara kafez bete bitartean. Irratia itzali eta egongelara bueltatu da. Telefono aldamenean eseri da berriro. Bere idazkariari hots egin, semeari gertatutakoa labur kontatu eta egun hartarako dituen hitzorduak bertan behera uzteko manatu dio. Premiazkoa den zerbait sortuz gero, deitu erreparorik gabe.

        Etxean igaro du goiza, emaztearen aldamenean. Eguerdian izan du Astorekaren bigarren deia:

        Javierregaz beragaz egin dut berba eta lehen esan dizudana esan dit ostera ere. Madrilgoak dagoz denaren atzean eta, hortaz, hark ere ezin du ezer egin.

        Barne sailburua da Javier, legegizon bilbotarra: Javier Balza. Kopetilun dago Felix Goñi telefonoa utzitakoan. Balza pixka bat ezagutzen duela onartu dio emazteari.

        Zuzenean berari dei egiteko moduko konfiantza baduzue?

        Zertarako, Kosme bezalako norbaitek ez badu deus lortu...

        Lagunarengan jarritako esperantza zapuztuta, bada beste irtenbide baten bila hasteko garaia. Aise erraten da gero: beste irtenbide bat. Zein, baina?

        Eskua oratu dio emazteak: Trankil, Felix, aterako gara honetatik ere. Borroka egingo dugu.

        Abokatu bat behar dugu, esan du senarrak.

        Zer zara ba zeu?, harritu egin zaio emaztea.

        Ekonomi alorrekoa naiz ni. Salerosketez eta negozio kontuez arduratzen naiz, ez auzi politikoez.

        Juanjo Rodera!, otu zaio bat-batean, eta haren zenbakiaren bila hasi da.

        Mesfidati begiratu dio emazteak: Horrek ez al du sindikatu batean behar egiten?

        Bai, CCOOn. Han ari zen ikusi zuen azken aldian.

        Gurea auzi politikoa dela ulertu dizut. Halako kasuekin eskarmentua duen norbait behar dugu, ez beste inor!

        Aditu bat. Ederki, atzera egin du senarrak, aurrera egiteko ondoren: Roderak ezagutuko ditu aditu onenak!

 

 

Txistu kirrinkariak besterik ez ditu entzun Goñik hariaren beste muturrean.

        Juanjo?

        Bai, neu naiz, egunon. Nor zara?

        Deika zergatik ari zaion Goñik azaldu bezain laster adostu dute hitzordua arratsaldeko seietarako, Bilbon, gaztetan biek ondo ezagututako Cantábrico tabernan. Goñi bostetarako heldu da hirira. Autoa parkingean utzi eta Gran Vian behera jaitsi da astiro. Zubia zeharkatu eta Somera kalerantz abiatu da. Verdes liburu-dendan sartu da aurrena, liburuei begira, hitzordua baino hamar bat minutu lehenago arte. Tabernara hurbildu denerako, han dago Rodera, garagardo bat eskuetan duela.

        Gertatu den guztia berriz kontatu behar didazu, eskatu dio. Telefonoz baino apur bat lasaiago, aukeran.

        Saiatu da Goñi. Zehaztasun itxuraz hutsalenei ere erreparatu nahi izan die. Noizbait amaiera eman dio kontaketari eta Roderaren iritziaren zain geratu da. Hark, aldiz, mutu jarraitu du; zigarreta bat atera, amnistia aldarrikatzen duen txiskeroaz isiotu eta luzaz gorde du kea biriketan.

        Aspertu egin al zaitut?

        Ezetz, Roderak, inolaz ere ez. Pentsatzen ari izan dela.

        Izutu egin zaitut orduan?

        Okerragoak eta sinesgaitzagoak entzuten ohituta nago.

        Zu, ordea, kontu laboraletan mugitu izan zara beti...

        Baietz, urtetan jardun zuela horretan, baina betiko sindikatutik kanporatu egin zutela eta arloz aldatu behar izan zuela derrigorrean. Gestorentzat lan egiten dut orain.

        Orduan Goñi izan da harrituta geratu dena. Ohartu da Rodera. Egiten duen lana azaltzeari lotu zaio, zailtasun eta ajeak aipatu dizkio, baita noizean behin eragiten dizkion ustekabeak ere.

        Ahal dudan guztia egingo dut zuen semearen alde, zin egin dio.

        Hizlari trebea da Rodera, erdaraz nahiz euskaraz, hainbeste eleder dabilen beren lanbidean ere nabarmentzekoa. Emazteari azaldu dio etxeratu orduko. Eta hala ere, ez naiz fio, aitortu dio. Eneko Gestoretako abokatu batekin epaitegira agertuz gero, horregatik baino ez, badakit begitan hartuko dutela han, eta hori da hain zuzen Enekok gutxien behar duena. Hori alde batetik. Bestetik, mesfidati zaio Rodera abokatu duen erakundeari. Askatasuna kenduko ote dioten beldur da, haien helburu politikoen mesedetan manipulatu eta txotxongilo baten moduan erabiliko duten. Halaxe aipatu diot Roderari berari, esan dio berarekin bat datorren emazteari.

        Eta?

        Arazorik ez. Roderak zerbait zirriborrotu du tabernako musuzapi batean: Tori, gu baino gazteagoa da; abokatu bikaina! Eta batez ere, ez da Gestoretakoa, ez eta abertzalea ere. Lasai egon zaitezke.

        Isilune bat sortu da orduan gaztetako bi adiskideen artean, Roderak bizkor hautsi nahi izan duena:

        Zer daramazu hor?, galdetu dio Verdes dendako zorroari begira, gure Samuren azkena?

        Bai, Itsasargiak nobela.

        Noizbait beste afari bat egin beharko dugu, aspaldiko haren antzekoa.

 

 

Ezagutzen duen jakin nahi izan du emazteak, Roderak Cantábrico tabernaren musuzapian idatzitako izena erakutsitakoan.

        Ikustez ezagutzen du, esan dio senarrak, baina ziur da onena dela.

        Eta besteak?

        Zein bertze?

        Enekoren lagunak.

        Enekoren lagunak, noski, Roderak ere aipatu dizkio. Gorritu egin da, emazteak egunkaria pasatu eta bertan haien izenak irakurrita. Bakarra ezagutu dute: Aritz Zengotita, durangarra, beren semearen lagun mina. Mutil tximadun, ziri bat bezain mehea, Enekoren ikaskidea eta, itxuraz behintzat, baita gogaidea ere. Haren gurasoei deitzea erabaki dute. Ordu erdi geroago bertan dira.

        Gestorekin harremanetan gaude, haien abokatuak arduratuko dira gure semeaz.

        Gainerako atxilotuen gurasoek ere haien modu berean jokatuko dutela jakinarazi diete. Nahiko laburra izan da zengotitatarren bisita; hartu dituzten erabakiak garden eta azkar azaldu, eskainitako edariak bukatu eta ospa egin dute, harremanetan segituko dutela agindurik.

        Hobeki ez!, esan du Goñik, atea itxi eta berehala. Hobeki geure kasa! Ikusi orduko jakin dut kontuak ez zuela funtzionatuko. Antzeko iritzia dauka emazteak ere: Eskerrak ez diezun Roderak gomendatutako abokatuaren aipamenik egin. Sofan eserita daude, eskutik lotuta, Aritzen aitaz eta Gestorez gaizki esaka senarra eta bere baitara bilduta emaztea, begirada leihotik kanpo nonbait atxikia. Luze egon dira honela, zeru zati bateko hodei beteei so egiten, emazteari zalantza izpi bat sortu zaion arte:

        Ez ote da onena izango denok batera joatea?

        Haserretu egin zaio emazteari: Horren gainean solastatu gara lehen, eta ados izan gara. Emazteak bereari eutsi dio: Bihozkada bat da. Ezetz senarrak, behin eta berriz ezetz. Emaztea gero eta sinetsiago: Hobeto elkarregaz. Eta senarrak: Seguruago bakarka, ez dugu jendilaje horrekin nahastu behar. Baina emazteak: Batuz gero, indar handiago.

        Astorekak lagunduko digu agian, tematu da Goñi.

        Horregaz oraindino? Ederra zagoz ba!

        Oheratu direnean, elkarrengandik ahalik eta urrunen etzan dira, eta nork bere ertzari eutsi dio gau osoan.

 

 

Doctor Areilza kalean, Gran Viatik hurbil dauka bulegoa Antonio Maizek, Roderak gomendatutako abokatuak. Idazkari batek harrera egin eta hitzordurik ote duen galdetu dio. Goñik bere txartela atera du. Txartel jaso berria esku batean daramala, bere atzeko atea ireki du idazkariak.

        Adelante, por favor, Goñi, adelante, gonbita egin dio Maizek, bostekoa eskainiz. No nos conocemos, pero he oído hablar mucho de usted. Horra zer esan dion (gaiztoz?) agurtu eta berehala, bisitaldi goiztiar eta ustekabeko haren zergatiaz galdetu baino lehenago. Zehatz, argi eta ahalik eta laburren saiatu da horraino ekarri duena azaltzen.

        Azkar ulertu du Maizek. Lan handia, lan pilo izugarria duela esan dio eta orain ez dakiela, ezin duela jakin kasua hartzeko gai izango den, ahaleginduko dela, hori bai, baina oraindik ezin diola ezer ziurtatu. Arratsaldean deituko diola eta bere erabakiaren berri emango. Entre colegas, lo que sea, esan dio eskua estutuz, besotik erauzi nahi izango balio bezala. Marrazo ederra Maiz hura. Denean ezagun du, hizketa moduan, mugitzeko eran, barre egitekoan. Halaxe esan dio emazteari, ostera adiskidetu direnean, bezperako haserrealdia ahantzita.

        Maiz ona da, hori argi dago, esan dio. Baina ezetz erranen digu.

        Zelan dakizu?

        Abokatua da. Badakit zertaz ari naizen.

        Eta orain?

        Zenbaki bat osatu du telefonoan. Juanjo?

        Cantábricora bildu dira, beti bezala. Zerbait gertatu al da, jakin nahi izan du, hilabete luzetan elkar ikusi gabe egon eta gero, azken bi egunetan batu izanaz kezkatuta. Enekoren lagunen gurasoekiko bilera aipatu dio; ez, ordea, Maizi egindako bisitaldia.

        Enekoren abokatu izan zaitezen nahi dut, bota dio.

        Gestorak aipatu dizkio Roderak. Ezetz, bera nahi duela eta ez beste inor.

        Kolektibo bat gara, Felix, talde bat; eta halako erabakiak taldeak hartzen ditu.

        Ongi da, baina saia zaitez zu zeuk hartzera, eskatu dio Goñik.

        Ahaleginduko naiz.

        Gero, etxean, bere egonezina azaldu dio emazteari, Roderari isildutakoaz damu. Traizionatu egin ote duen, Astorekak haiekin jokatu duen bezain doilor ez ote duen Roderarekin jokatu.

        Agiraka hasi zaio emaztea: Ezin dira bi kasuak alderatu. Hasteko, Kosme duzu benetako laguna, aspaldikoa, ez Rodera. Eta gainera, ez diozu ezer egin. Kontutxo bat isildu, zer traizio mota da hori? Zuk ez duzu haren semea torturatu gero!

        Hurrengo eguna oso luzea izan da bientzat. Enekoren egoeraz kezkatuta, egongelako sofan eserita eman dute, telefonoak noiz joko. Maiz abokatuari hots egiteko komenientziaz eztabaidatu dute. Emazteak deitu egin nahi dio, senarrak ez. Edo, beste modu batera esanda, hark ere nahi du, baina uste du ideia txarra dela, abokatuari utzi egin behar zaiola bakean. Bakean eta lanean. Halaxe utzi dute, jakin-minak amorratuta ere.

        Eta egunak pasatu dira. Horietako batean telefonoa entzun da goñitarrenean. Maiz izatea espero izan dute, baina, bien harridurarako, Kosme Astoreka da. Madrilen dago. Enekoz zer dakiten jakin nahi du.

        Zain gaude, azaldu dio Goñik. Gero eta ikaratuago gaude.

        Lasaitzen saiatzeko aholkatu die Astorekak, eta arin deituko diela agindu.

        Nola lasaitu, baina, semea non eta nola dagoen zehazki jakin ezean. Hori da benetan axola diena. Gainerakoa hutsala da. Enekoren falta eta denboraren zama, horra zer sentitzen duten bizien. Egunkariak irakurtzen dituzte muturrez mutur, noizbait Enekori buruzko albisteren bat nonbait agertuko delakoan. Denbora pasatzen laguntzen diete egunkariek. Mingarriak ere izan daitezke, ordea. Kale borrokaren aurkako editorialak dakartzate eta zigor gogorrak eskatzen dituzte halako ekintzak egiten dituztenentzat. Gauza bera eskatzen da zuzendariari bidalitako zenbait gutunetan. Enekoren gurasoentzat erdiragarria da.

        Errugabetasun ustekizunari muzin egiten diote kazetariek eta epaitu aurretik ere edonor kondenatzeko ahalkerik ez dute. Eneko-eta munstro gisakoak dira haientzat, hiltzaile errukigabeak, gizarterako arriskutsuak, eta bizi osorako espetxealdia merezi dute gutxienez; hori edo, herritarren hobe beharrez, basapiztiak bezala akabatzea. Halakoak sinetsaraziko dizkiete El Correo, El País edo Deiaren irakurleei ere. Mingarriak dira egunkariak eta saiatzen da batzuetan emazteak irakur ez ditzan.

        Jaso du noizbait Maiz abokatuaren deia. Ezetz esan dio, espero bezala, prozesu luze eta korapilatsua izango dela, eta ezingo duela Enekoren alde berak nahi bezala lan egin. Azkenean, oso onak omen diren beste bi abokaturen izenak eman dizkio. Maizek erabilitako antzeko zurikeria erabili du berak ere, eta gomendioa eskertu dio. Argia bezain ibilia da Maiz eta badaki galtzeko gehiegi duela. Semearen eta bere lagunen defentsa hasi berri batentzako moduko lana da, hasi berri batentzat edo ero batentzat bestela. Juanjo Rodera bezalako ero batentzat.

        Biharamunean hots egin die Roderak Madrilgo Auzitegi Nazionaletik: Berri onak eta txarrak ditut.

        Txarrak lehendabizi.

        Epaileak espetxera bidali ditu denak.

        Eta onak?

        Astelehenera arte baino ez.

        Beste epaile batek hartu behar du Enekoren dosierra, baina, asteburua izaki, astelehenera arte ezin bigarren epailearen aurretik igaro eta horrexegatik espetxealdia. Amorragarria da: arazo burokratiko batengatik gazte errugabe batzuk hiru egunez preso. Errugabeak direlako, ezta? Baietz, hala adierazi diote epaileari. Enekok bai behintzat. Gezurra da Arkautin sinatutako guztia. Eta, hala ere, barrura.

        Bai, barrura.

        Zer egin behar dugu orain?

        Astelehenera arte ezer ez.

        Jo egin al dute?

        Bai.

        Emazteari isildu egin dio lagun zaharrak esandakoa. Horren ordez, igandean bertan Madrilera joango direla iragarri dio, astelehenean goizean goiz Auzitegi Nazionalaren parean egoteko.

        Negarrez ari da emakumea: Kartzelan daukate, kartzelan!, errepikatu du, kontsolagaitz. Antzera ari dira beste atxilotuen amak ere, Karlos Zengotitak kontatu dionez. Haiek ere Madrilera joango dira eta denak batera abiatuko ote diren jakin nahi izan du. Eskaintza eskertu dio Felix Goñik, baina beren kasa joatea nahiago dutela erantzun dio, elkartuko direla Auzitegian bertan. Jendakiak ditugu Madrilen eta haiengana joanen gara, gezurra esan dio Zengotitari. Aurreikusi bezala, igande goizean abiatu dira Madrilera eta Auzitegitik hurbil dagoen hotel batean lo egin dute.

 

 

Goizeko zortzietarako Auzitegiaren aurrean daude, Eneko noiz ekarriko zain. Geroago, beste atxilotuen senide, emaztegai eta lagunak iritsi dira, denak minibus berean. Haiekin etorri da Leire ere, Enekoren neska. Gehienek beraiek bezain larrituta dirudite, logura eta oinazea betzuloetan nabarmen. Aurkezpenak Zengotitak egin ditu. Nola mugitzen den ikusita, bistan da Auzitegia ezagutzen duela, behin baino gehiagotan egon dela han. Dagoeneko norbait ekarri duten galdetu diote. Ezin erantzun. Orduan Zengotitak, Auzitegiaren garajeko ateari begira, berriz galdetu: Guardia Zibilaren furgonetaren bat sartu al da hortik? Nik ikusita ez, behintzat. Ate haren aldera mugitu dira, furgoneta edo autobus berde baten esperoan.

        Ordu erdi geroago heldu da, dena zarata, lehena. Mercedes furgoneta bat da, leiho gabea. Telebistan hamaika aldiz ikusita ondo ezagutzen duten eszena bat gertatu da, oraingoan beraiek antzeztua: Poliziak zaindutako hesi beilegi metalezkoaren atzetik Gora Euskadi askatuta deiadar egin dute, furgoneta beren paretik abaila bizian igarotzean. Eszena beste hiru aldiz errepikatu da, beste hiru aldiz Gora Euskadi askatuta aldarrikatu eta beren senitartekoen izenak oihukatu dituzte, jakin gabe haiek furgoneten barruan doazen.

        Duda egin du Goñik. Baietz Zengotitak, aditu dituztela eta badakitela hemen kanpoan lagunak dituztela.

        Itxaron egin behar izan dute Juanjo Rodera Auzitegiko atean agertu den arte. Jaka eta gorbataz jantzita, eskuan paper-zorro bat dakarrela agertu da. Berehala inguratu dute atxilotuen senide eta lagunek.

        Bostak Sotora!

        Isiltasuna erabatekoa da abokatua inguratzen dutenen artean.

        Arin pasatu ahal izango zarete ikustera.

        Eta Goñirengana itzuli da gero: Hauteskunde giroan gaude. Zorte txarra gurea.

        Ba al da hemen zorte onik?

        Ez, euskaldunentzat ez behintzat. Eta berdin dio epailea nor den; denak, justizia egiteko baino, beren ibilbidea edertzeko daude hemen. Hori besterik ez dute helburu eta kezka.

        Eneko Goñi Belategi, irakurri du polizia batek. Son ustedes los padres?

        Baietz. Nortasun agiriak eskatu dizkie poliziak. Ordenagailu batean zerbait idatzi ondoren, aurrera segitzeko baimena eman die. Beste polizia baten atzetik joan dira, eskailera batzuetan behera. Ate baten aurrean geratu da polizia. Ireki eta argia piztu du. Sartzeko esan die. Gela huts eta estu batean daude. Kristal bat ikusi dute eta bi aulki kristalaren parean. Kristalaz beste aldean ozta antzeman daiteke ezer. Poliziari begiratu diote.

        Siéntense. Enseguida lo traen.

        Muturik jarraitu dute, ikusi barik sumatzen dituzten mikrofonoen edo kameren beldur balira bezala. Hala egon dira, eskutik helduta, urrunean zarata bat entzun uste izan duten arte. Elkarri begiratu eta, hitzik trukatu gabe, batera jaiki dira. Zarata gero eta hurbilagoa da. Ixten eta zabaltzen diren ateena. Kristalaz beste aldean argi bat piztu da halako batean. Eserita dauden aulkien antzeko bat dakusate, eta atzean ate bat. Hari josita begiak, luzetsi dute zabaldu arteko tartea. Polizia bat sartu da aurrena. Ondoren zerbait gorria antzeman dute: Enekoren anoraka. Kristal zikina ukitu dute, semea ukitu nahian. Irribarrea agertu da Eneko Goñiren ahoan, gurasoak ikusi orduko. Une ahantzezina hirurentzat. Elkar ukitu gabe ere, inoiz baino batuago daude, inoiz baino trinkoago uztarturik. Hunkituta daude. Negarrez gurasoak. Negarrik ez egiteko eskatzen ari zaien semeak ere malkotuta dauzka begiak. Ziztuan igaro dira Espainiako Justiziak oparitutako hamar minutuak. Vayan despidiéndose, se ha acabado el tiempo.

        Eneko libre ikusi arte ez dut bakerik izango, esan du mutilaren amak. Azken odol tantaraino borrokatuko direla zin egin diote elkarri, etxerako bidean. Aurrera egiteko asmo sendoa dute, horixe baita egin dezaketen bakarra.

        Itxura eskasa zeukan, arranguratu zaio emaztea. Seguru torturatu egin dutela. Denak torturatzen dituzte.

        Ez dut uste, gozatu nahi izan du senarrak. Itxura kaskarra zuen, jakina, baina aurreko egunetako nekearengatik. Laster etorriko da bere onera, sinetsarazi nahi izan dio. Zaila, berak ere ez baitu sinesten. Batez ere, handik hiru egunetara Juanjo Roderak Cantábricoko hitzorduan kontatutakoa entzun ondoren.

        Gogorra izan da, Felix. Arkautin pasatu zuen okerren. Oso estu hartu zuten...

        Goñik dardaraka dauzka eskuak.

        Besteak baino apur bat hobeto erabili zuten, lasaitu nahi izan du.Baina denetarik egin zieten bostei: burua urpean ia ito arte sartu, elektrodoak lotu gorputzaren zenbait ataletan, ostikatu... denetarik.

        Bertzeak baino hobeto? Zergatik? Astorekagatik izan dela uste duzu?

        Baliteke.

        Eta orduan, zergatik segitzen du kartzelan?

        Sinatu zuenagatik.

        Ez al dizkiote epaileari torturak salatu?

        Salatu dizkiote, bai. Eta entzun egin ditu. Baina Sotora bidali ditu denak, ezer aditu izan ez balu bezala.

        Hara Justizia!

        Badakizu zer esan zion epaileak zuen semeari Sotora bidaltzean? Zuk ulertuko ez zenituzkeen arrazoiengatik kartzelatu behar zaitut.

 

 

Kartzelan sartu zutenetik isolamenduan dute semea. Isolatuen moduluan, alegia, berarekin atxilotutako gainerakoak ikusten utzi gabe. Denbora gehiena ziegan edo txaboloan (hangoek dioten moduan) igarotzen du, gimnasia egiten ero baten antzera. Bestela, eraman ohi dizkioten liburu eta futbol aldizkariak irakurtzen ditu eta lagunei eskutitzak idazten. Patiora, berriz, beste euskaldun batekin batera ateratzen dute, Eneko baino hogeita hamar urte zaharragoa den Jokin izeneko tolosar batekin. Horren gaineko hitz bakoitzean nabaritzen zaio Enekori zein miresmen handia dion, zein eredugarri zaion. ETAkoa izan da hogeitaka urtez, zenik ere sekula inork susmatu gabe. Zoria kontra ipini zitzaion aldi bakarrean harrapatu zuten, beste norbaitek egindako akatsa zela medio. Enekok kontatutakoaren arabera, mekanikari bikaina da, eta ETAk erabilitako hainbat trepeta asmatu omen zuen. Horixe zuen eginkizun bakarra erakundean eta horrexetan jardun zuen isilpean urtetan, jendeak ETAren kontrako amorratua zela sinesten zuela. Hiru seme-alaba dauzka, kontatu die Enekok, Aitite esaten diogu.

        Aitite horren inbidiatan nago, aitortu dio emazteari. Zer naiz ni semearentzat? Burges puta bat baizik ez, herriari bizkarra emanda, bertan gozo bizi den halako berekoi alaen bat.

        Ez, Felix, Enekok ez dizu sarri esaten, baina maite zaitu, zagoz seguru.

        Zorioneko Aitite horrek jasotzen duen maitasunaren herenarekin ere, ni kontent.

        Ez esan txorakeriarik...

        Txorakeria iruditu zitzaizun batzokikoa ere eta orain badakizu nik azaldu bezala izan zela.

        Behin, Ezkurdiko batzokian eguerdiro bezala sartu eta bertan zeudenek hitz beste egin zuten, Goñi ikusi orduko, haien begitarteek eta barre-algara gehiegizkoek aditzera eman ziotenez. Ezer susmatu izan ez balu bezala jokatu zuen: bermut bat eskatu, Athletici buruzko hiruzpalau ergelkeria esan eta, emaztea bazkaltzeko etxean zain zuela aitzakia, alde egin zuen handik. Harrezkero, negozioek behartu dutenean soilik agertu da hara.

        Durangotik Soto del Realera eta handik Durangora buelta, joan-etorri horretan mamitzen da senar-emazteen bizitza. Guztira lau hilabete luze eman ditu Enekok kartzelan.

        Tarte horretan maiz egon da haren aita Juanjo Roderarekin. Cantábricora elkartzen jarraitu dute, baina askotan, bertan geratu ordez, trago bat hartu eta beste taberna batera jo izan dute eta, ondoren, beste batera, gazte zireneko ibilbidea oharkabean errepikatuz. Hitz aspertu galantak egin izan dituzte. Beste aldi batzuetan, berriz, lanpetuegia ibili da Rodera horretarako. Hala ibiltzen da nahi baino gehiagotan, Gestoretako beste abokatuen modura. Poliziak euskal gazteak atxilotzen bezain lanpeturik ia. Gogor dihardute etarren kumeak omen direnen aurka, kale borroka deritzatenarekin behin betiko bukatzeko ahaleginean. Fiskalak eta epaileak bezalaxe. Etengabe ari dira euskal gazteak presondegietara igortzen.

        Honela segituz gero, diotso Roderak, kartzela gehiago egin beharko dute. Beharbada leku faltan utzi dute Eneko libre. Nolanahi dela ere, haren kontrako epaiketa hasi arte etxean egon daiteke.

        Roderak eta Leirek lagundu diete Sotoraino. Enekok itxura on samarra du, eta izugarrizko poza sentitu du bere burua kalean ikusi duenean. Denak pozez ezin kabiturik daude, aparretan, hainbeste non barrez hasi baita askatu berria. Familia zoriontsu bat. Elkar besarkatuta, bat dira, batasun hautsezin bat. Horrek emandako indarrari esker onik irtengo dira edozein atakatatik, baita gaiztoen eta petralenetatik ere.

        Goazen hemendik lehenbailehen, eskatu die Roderak, norbait zuen semea askatzeaz damutu eta ostera atxilotzeko agindu baino lehen. Erokeria dirudi, baina gerta daiteke, edozer gerta baitaiteke Espainiako Erresuman eta, bereziki, hango epaitegietan. Nahikoa da norbaitek zerbait idaztea egunkariren batean, epaile batek atzera egin eta ozta egun batzuk lehenago hartutako bere erabakiaren kontrakoa hartzeko, Estatuak asmatutako alarma social delakoa aitzakia. Edozerk eragin dezake alarma hori, nahieran sor dezake Estatuak, inork ez duela salatuko guztiz seguru. Nork salatu behar du, kazetariek, abokatuek akaso? Nekez. Beldurragatik batzuei edo egoerari etekin ederra ateratzen diotelako beste batzuei, denei komeni zaie orain arte bezala jarraitzea.

        Eta besteak, Aritz eta?

        Barruan jarraituko dute oraingoz, azaldu dio Enekori bere abokatuak; baina arin egongo dira kalean. Hala uste dugu behintzat.

        Asmatu du Roderak, Enekoren atzetik beste laurak ere askatu baitituzte banan-banan hurrengo aste eta hilabeteetan. Luzeen egon denak zazpi hilabete eman ditu kartzelan, Eneko Goñik baino hiru hilabete gehiago.

 

 

Durangon egun gutxi batzuk igaro ondoren, Eneko mendira joan da Leirerekin, Erronkari aldera. Soton zegoela, askatasun aginduak eragin zion aztoramendu alaia, urduritasun amultsua denboran luzatu da eta nahiko lukeen sosegua eragozten dio. Oraindik ere sentiberegi dago. Lan du kartzelatik kanpoko munduari egokitzeko, bertan laketzeko. Bere baitako zurrunbiloa baretzearren joan da mendira.

        Handik itzuli denean, aldiz, kolore oneko itzuli da, atxiloketa eta gainerako guztia aspaldi ahaztutako amesgaizto bat izan balitz bezala. Entrenatzeari eta ikasketei jarraitzekotan da gainera. Inondik ere, albiste pozgarria gurasoentzat. Haiek ere ahaleginak egin dituzte azken hilabeteetako lokamutsa ahazteko. Geldialdi zoritxarreko baten ondotik biraka segitu dezake bizitzaren gurpilak. Eta hala segitu du, menperagaitz. Zoriontasuna posible eta eskuragarria dela iruditzen hasi zaie atzera. Elkarrekin daude berriro, lasai eta gozo.

        Zoriontasuna, ordea, brau zapuztu zaie, semeari zerbait gertatzen zaiola jabetu orduko. Etxeratu eta gurasoekin geratu ordez, berehala bere gelan sartu eta handik irten gabe ematen ditu orduak. Jateko eta Leirerekin hitz egiteko baino ez du irekitzen ahoa. Solasaldi bukaezinak izaten dituzte telefonoz, eta apal solastatzen dira inork entzun ez ditzan. Gurasoak kezkatuta ditu eta nola jokatu behar duten asmatzen saiatzen dira. Ama mintzatu zaio azkenean. Semea mintzeko beldur, arreta handiz aukeratu du hitz bakoitza:

        Ez dut zure bizitzan sartzeko asmorik, baina triste samar ikusten zaitut.

        Ahalik eta modu gozoenean erabili badu ere, ezer gutxi atera dio semeari. Ondo dagoela eta alferrik ari dela kezkatzen esan dio hark, hobe duela bere kontuez arduratzea. Mina eragin dio horrek amari, baita egindakoaz nahiz egin gabeaz damua ere. Hamaika buelta eman diote semearen egoerari, eta beren ezinarekin topo egin dute beti. Irteerarik gabeko kale batean daude, ilunpe gotor batean. Eta hor egon dira emazteari irtenbidea bururatu zaion arte: Leiregaz berba egingo dugu.

        Hark adierazitakoaren arabera behintzat, gezur, laido izugarri baten erruz dute semea hain makur, hain ilun eta erorita. Norbait herrian zabaltzen ari dena sinetsiz gero, Enekoren aurkako froga ezari baino beste arrazoi nabarrago bati zor dio askatasuna bere lagunek baino lehen lortu izana. Luze gabe ohartu da senarra bera dela Durangalde osoan zehar hedatzen ari diren esamesen funtsa, bera eta bere ustezko lagunak, noski. Ia batzokian bizi delako eta Atutxaren lagun mina delako jakin izan du jo beharreko ateak jotzen eta egin beharreko telefono deiak egiten, semea aska dezaten, beste atxilotuen gurasoek ez bezala.

        Nekez egin du lo gauez. Amorruak eragotzi dio. Ohetik jaiki da azkenean eta gaiztakeria hura zabaltzen diharduenarengana berehala joateko gogo bizi bezain zentzugabeari eutsi behar izan dio. Norengana jo ez dakielako, batez ere. Lo egiteko arazoak dituen emazteari galdetu dio.

        Ez dakit. Esan dizut.

        Aspertuta du emaztea, baina berriz ekin dio: Galdetu al diozu Leireri?

        Bai, baina hark ere ez daki.

        Ez dut sinesten. Baldin eta erraten ari dena badaki, jakinen du nor erraten ari den. Ez duzu uste?

        Haserretu egin zaio emaztea, dakien guztia kontatu diola eta berak berba egiteko Leirerekin, nahi izanez gero.

        Zuri kontatu ez dizuna ez dit niri esango, argi dago. Eta hori bezain argi, Eneko eta Leire, biak, ikaragarri sufritzen ari direla ere.

        Jira eta bira jardun dute ohean, begiak itxita eta korapiloa nola askatu asmatu ezinik. Makina bat astakeria pasatu zaio senarrari burutik. Gezur saltzaile eta mihiustel posibleen zerrenda osatu du. Laburra da. Izen bakar batek osatzen du: Karlos Zengotita. Izen bakar horrek, ordea, mundu oso bat ordezkatzen du Felix Goñirentzat, ezker abertzale edo dena delakoarena. Betidanik mesfidantza eragin izan dion mundua. Mesfidantza eta beldurra. Gauzak zuri-beltzean dakuskite eta areriotzat jo ohi dute haiekin bat ez datorrena. Erraz irudika dezake Zengotita Herrikoan, bere kontura gaizki esaka: Goñi fatxa hori!, burges alu hori! Horrelakoak eta okerragoak ere jarri ditu haren ahotan, gau eternalean. Eta madarikazioez gain, haren barre algara ozenak ere entzuten ahal ditu ohetik. Arinduta geratuko zen Zengotita, zabor hura guztia haien gainean botatakoan, baiki. Kosme Astoreka ere etorri zaio gogora. Lagunak!, hasperen egin du Goñik. Eta antzeko zer edo zer esan beharko luke Enekok ere; azken batean, bere lagun handiengatik dago dagoen bezala, hain errukarri.

        Emazteak eta Leirek Enekori buruz hitz egiteko biltzen jarraitu dutenez, semearen egoeraren berri nahiko zehatza daukate: gero eta paranoikoago dago. Denbora gehiena Leireren etxean ematen du eta handik irteten den gutxietan kale bakartienak aukeratzen ditu, inorekin topo ez egitearren. Gaizki begiratzen diotela uste du, eta, Leirek dioenez, ez dabil guztiz oker, nahiz eta Enekok susmatu bezain ugariak ez izan bere kontrarioak. Direnak direla ere, gehiegi dira goñitarren semearentzat. Aski bizipoza eragozteko. Horregatik baketu dira gurasoak, Durangotik alde egin eta Bilbora bizitzera joango dela iragarri dienean. Leirek eta biak elkarrekin bizi nahi dutela jakinarazi die, Bilbo Durangotik hurbil baina nahiko urrun ere badagoela, eta hiri handia dela, inork ezagutu gabe trankil bizitzeko aproposa. Aspaldi espero izan duten erabakia azkenean hartu dutela jakiteak alaitu egin ditu. Leirek iradokia zion emazteari eta horregatik ez ditu erabakiak askorik harritu edo ustekabean hartu. Ados dira denak.

        Enekok eta Leirek etxebizitza txiki baina eroso bat alokatu dute Santutxun eta bertan itxarongo diote epaiketarako deiari. Noiz izango den galdetzen dio Goñiri semeak, abokatua izanda, jakingo duelakoan. Ez daki eta Roderari galdetu behar izaten dio. Eta hark ere Goñik bezainbeste daki. Auzitegi Nazionalean sekula ez dago jakiterik.

        Lan kontuez arduratzen ahalegintzen da Felix Goñi. Esku artean darabiltzan aferei bakarrik kasu egin nahi die. Semea kalean da, ia bukatu da lokamutsa. Izan dezakeen defentsaririk onena du eta itxarotea baino ez dago. Horretan daude. Bitartean telebista ikusten dute. Auzitegi Nazionalarekin zerikusi zuzena duten berriei erreparatzen diete bereziki. Izuturik entzuten dituzte hango epaileek euskal gazteei jarritako zigorrak. Ez dago eskubiderik!, amorratu egiten dira, beste nonbait isun bat baino merezi ez duena Euskal Herriko edozein herritan gertatuz gero urte askotako kartzelaldi bilakatu ohi dela konturatuta. Eta haserretu egiten da Juanjo Rodera: Dirudienez, horretarako ez gara espainolak.

        Ez dago berdintasunik!, horixe esango lioke Felix Goñik Kosme Astorekari, harekin mintzatzeko parada izango balu. Bertatik bertara esango lioke, baina telefonoz esan behar izan dio, ozta hilabete batzuk lehenago arte buruz buru adieraziko liokeena.

        Elkartu egin behar genuke, Felix!, horra Astorekaren leloa azken aldian. Elkartu egin behar dugu, baina betiko adiskidearekin egoteko ezin astirik inoiz hartu. Alderdiko kontuak, badakizu. Badaki, bai. Aitzakia ederra Alderdiarena, kokoloak garela uste al du horrek?, sutan ipintzen da emaztea. Berriki arte lagun mintzat jo izan dituenen mespretxua ez dezake ulertu. Zerbait egin al diegu Kosmeri eta Begoñari? Senarrak erantzuten ahal dio ez pentsatzeko hainbeste, Roderak berari esaten dion moduan. Aholku amorragarria: dena lasai hartzeko aholkatzen baitio Roderak, baina zalantzetan eta aztoratuta uzten du sarritan Goñi. Horixe gomendatu dio, adibidez, luze gabe hasiko bide den epaiketa salatzeko deitu duten prentsaurrekora ez dela agertuko azaldu dionean. Istant batez kopeta ilundu zaio Roderari, eta gaitzespenik gabe esan dio: Librea zara nahi duzuna egiteko, ez dago arazorik.

        Nire ezetzak ez zuen harrituko, azaldu dio emazteari. Azken finean Roderarentzat, gure semearentzat bezala, burges puta bat naiz! Bertzeen gurasoak ere ez ziren harrituko.

        Seguru al zagoz hartu duzun erabakiaz?, galdetu dio emazteak Roderarekin elkartu aurretik. Bai, seguru egon da, Roderarekin egon baino lehen bai, baina gero ez hainbeste. Autoa utzi duen lekura doala, zalantza egin zaio bere jarreraz. Dir-dir egiten du itsasadarreko ur nabarrak arratsalde apalaren argitan, eta ur hura bezain nabar dauka Goñik burua, aspaldiko lagunaren hitzen oihartzunez gainezka. Tira, berandu da atzera egiteko: Beharbada isildu beharrekoa esanda dago. Denborak ebatziko du zuzen edo oker jokatu duen.

        Zengotitaren eta beste atxilotuen gurasoen ustez, oker jokatu du. Seguru da. Emazteari esan dio. Begi bistan du Garak argitaratutako prentsaurrekoaren argazkia: hogeita bederatzi lagun ageri dira, goñitarrak izan ezik, atxilotuak eta haien senide eta lagunak. Bost atxilotuen gurasoetatik laurenak han daude, beraz, Torturarik ez dioen karteltxotik hurran. Beste kartel bat ere ikus daiteke argazkian, prentsaurrekoa egiten ari diren gelako goiko aldean, euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzaten eskatzen duena. Argazkia egin dutenean, Juanjo Roderaren aldamenean hizketan jardun du Karlos Zengotitak, irakurtzen, bestela inoiz erabiltzen ez dituen betaurrekoak jantzita baititu eta zenbait paper eskuetan. Leireren antzera jantzita daudenez, atxilotuen neska-laguntzat jo dituenak ere hortxe daude, besoak antxumatuta eta bekozko.

 

 

Enekok ez ditu sekula torturak aipatu. Ezin. Gurasoek ere ez diote ezer galdetu, ez dira ausartu. Jakin dute hala ere: hogei minuturo galdekatu zuten, inoiz lo egiten utzi gabe; kokoriko ipini zuten, harik eta, zorua guztiz bustita zegoenez haren izerdiaz, beste gela batera eraman behar izan zuten arte, istripuren bat izango zuten beldur; beste gelan orkatiletan jo zuten etengabe, Enekoren garrasiei sorgor; paretaren kontra eduki zuten denbora gehiena, eta uzkitik makila bat sartzeko itxurak egin zituzten. Denetarik egin zioten konortea galdu zuen arte. Ospitalera eraman behar izan zuten pare bat alditan. Bosgarren egunean izenpetu egin zuen aurkeztu zioten gezur zerrenda, beste lau atxilotuek egin zuten modu berean. Zer sinatu zuten? Y talde bat osatzen zutela, besteak beste.

        Zer da hori?, galdetu zion emazteak, beren gurutze-bidearen hasierako egun jadanik urrun haietan.

        Juan Maria Atutxa Mendiola, Ardanzaren gobernuko Barne sailburu txit prestuari galdetu behar, azaldu zion Roderak, haren asmakizuna izan zen-eta Y taldeen kontu osoa. Alkoholak eragindako eldarnio baten ondorioz bururatu ote zitzaion, ezin esan. Kontua da behingoan txalotu ziotela burutapena, haren ahotik ateratako edozer txalotu ohi zutenek. Komunikabideez ari da Rodera, Madrilgoez nahiz Bilbokoez. Horixe azpimarratu nahi izan dio. Zure lagun jeltzalearenak nahiz gure lagun Bergaretxerenak, gaineratu du Roderak. Ondo ezagutzen dituzu guztiak, edo ahaztu zaizu Bergaretxek gurekin ikasi zuela?

        Gogoan du Pito Bergaretxe. Roderari onartu dio: Eskuindarra zen noski, baina horixe ginen han geunden gehientsuok.

        Oligarken eta 36ko faxisten kumeok!

        Gogorra da Rodera bere buruarekin, gogorregia herra ironiaz gozatzen duenean ere. Eskerrak eman beharko genizkioke, segitu du, hari esker jakiten dugu zer gertatzen den munduan. Galdetu Aritzen amari, bestela. Karlos Zengotitaren emazteaz ari da Rodera, semea atxilotu ziotenean El Correokoek egin zioten deiari esker jakin izan baitzuen, eta ez Ertzaintzari esker.

        Elkarrizketa hartatik sortu zitzaion ideia, eta, Roderaren iritziarekin etsi ordez, biharamunean ordenagailuaren aurrean jarri eta ikaskide zahar eta boteretsuari idatzi dio. Eskutitz nahiko laburra bidali dio, baina lanak izan ditu hura nahi bezala moldatzeko. Idatzi eta ezabatu eta berriz idatzi eta berriz ere ezabatu, horrela jardun du ordutan, konforme samar geratu den arte. Nahi izan duen giroa lortzea izan zaio zailena. Zirriborro askoren ondotik, edozein harrokeria bazter uztea hobetsi eta apal baina duin idaztera deliberatu da. Lehenik eta behin, oso lanpetuta ibiliko delakoan dagoela adierazi dio eta barkamena eskatu, hain urri izango duen bere asti preziatua lapurtzeagatik. Gazte zireneko garaia aipatu dio jarraian, biak Deuston zebiltzanekoa. Aspaldiko adiskidetasun hori dela medio ausartu zaio idazten, haren komunikabide ugariek semeaz eta haren lagunez adierazitako okerrak, mesedez, zuzen ditzaten. Horretarako, benetan gertatutakoa laburtu dio, ahalik eta modu zehatz eta argienean, semearen erabateko errugabetasuna aldarrikatzeko laguntza eskatzearekin batera.

        Inoiz irakurri ote duen, auskalo. Beharbada idazkariren batek zabaldu, gainbegiratu eta zaborrontzira bota du, Bergaretxe jaunari egunero heltzen zaizkion beste eskutitz batzuk bota ohi dituen bezala. Terrorista baten aita histerikoa, pentsatuko zuen, behinolako ikasleen jaietan jende guztia itzuri dabilkion gizontxo gogaikarria ziur aski. Edo beharbada bere nagusiaren eskuetara heldu eta hark bururik buru irakurri eta erabaki du ozta gogoratzen duen Goñi hark ondo merezia duela gertatzen ari zaiona, terrorista baten aita izateagatik. Nolanahi izan dela, harrezkero Goñik ez du ikaskide zaharraren albisterik izan.

        Damututa dago. Emazteari aitortu dio. Bistan da Juanjo Rodera zuzen zegoela eta bera, aldiz, oker. Ahal balu, hamaika pusketatan txikituko luke eskutitza. Beranduegi.

        Ez larritu, laztana, esan dio emazteak. Egin duzuna, zuzen edo oker, semearengatik egin duzu, eta hori nahikoa da edozein bekatu garbitzeko.

 

 

Atxilotu duten bigarren aldian egun argiz eta lekuko askoren aurrean egin dute. Entrenamenduan atxilotu dute, denen bistan. Uniformerik gabeko hiru ertzain hurbildu zaizkio eta eramaten saiatu dira. Enekoren kideek urrundik ikusi dute gertatutakoa eta, itxura txarra hartuta, lagunarengana jo dute, zer pasatzen ari den jakin nahian. Orduan agertu dira uniformedunak.

        Kamerak ikusi ditugu, baina ez diegu hasieran jaramon handirik egin, sarritan egoten dira-eta kamerak Lezaman, lehen taldeagatik. Horra Josu Muñoa durangar aurrelariak telefonoz kontatu diena.

        Roderaren zenbakia osatu du Goñik. Badaki zergatik deitzen didazun, esan dio semearen defentsariak; besteak ere eraman dituzte. Ez dakigu besterik. Handik ordu batzuetara jakin da: Madrildik dator agindua, Ertzaintzak Eneko Goñiri eta bere lagunei egotzitako ekintzagatik. Trankil, Felix, utzi dena nire kontu, lasaitu nahi izan du Roderak, leporatzen dietena ez dago batere argi.

        Hark esandakoa sinestera, ertzainak harrotuta dabiltza azken boladan eta nahi duten guztia egiten uzten diete. Utzi? Nork utzi? Haien nagusiek, nork bestela?; horregatik ari dira gero eta ausartago eta zabarrago. Gogoratzen al zara Labaienez eta hark esandakoaz? Gogoan du, bai, Labaien jeltzaleak Ertzaintza sortu aurretik egindako promesa, kaleak bobby lagunkoi eta zibilizatuz betetzekoa. Hogei urte baino gutxiago behar izan dira txapelokerrak bezain gorrotatuak izateko, segitu du Roderak; sekulako marka!

        Ez dakite ezer, galduta dabiltza, horra lagun zaharrari errepikatu dizkion semearen hitzak. Bitxia, esan dio, itsumustuan jardun eta, hala ere, gero eta oldarkorrago. Partida honetan gezurretan ari da baten bat. Ertzainek hagitz seguru izan behar dute jokatzen ari diren gisan jokatzeko, telebistan ongi ikusi den bezala. Kamerez inguratuta aritu dira: aurpegirik gabeko hainbat itzal osotoro beltz, zenbait gazteren albo banatan.

        Leporatu dizkietenak eta delitu haietako bakoitzari dagokion zigorra jakindakoan, Goñiri areagotu egin zaio hura guztia norbaitek asmatu eta antolatutako operazio bat delako sentipena: Norbaitek karta markatuak darabiltza hasieratik. Beste zerbait ezkutatu nahian dabil agian, eta horregatik begi guztiak nahi ditu gazte haiengan. Iritzi horretako da Rodera ere: Quid pro quo. Aipatu gabe ere, jeltzaleren batzuei egozten ari zaie bere defendituen gurutze-bidearen errua, horiexek baitira, bere ustez, mutilen sufrimenduari etekina ateratzen ahal diotenak.

        Ez dut Astorekaren deirik espero, esan dio emazteari. Eta aukeran, nahiago dut ez deitzea.

        Nolanahi dela, noizbait, Astoreka Enekogatik arduratuta omen dagoela jakin dute, hala jakinarazi die berriki harekin hitz egin duen emaztearen aspaldiko lagun batek. Barre egin nahiko luke. Putakumea. Nola liteke hain gizatxar, hain ipurtxuri? Alderdiaren sekreturik aitorrezinenak ere badakizkienak nola ez du hau guztia zertara datorren jakinen? Inoiz baino nahastuago dago. Makina bat buelta emanda ere, ezin taxuzko erantzunik aurkitu. Galdera horiek guztiek torturatzen dutela esaten ausartuko litzateke, benetako tortura zer den ez baleki. Baina, hilabete batzuk lehenago ez bezala, orain badaki. Egonezinak loa eragozten dio. Emazteari ere bai. Nekatuta, urduri, loaren premia inoiz baino handiagoa dutela, somniferoak hartzeko egokitasuna gero eta nabarmenagoa da bientzat. Batez ere, gauez jasotzen hasi diren deien ondoan.

        Ordulariari begiratu dio telefonoa jaso aurretik: ordu bata. Semea bizi osoan egongo dela kartzelan, esan dio dei-egile ezezagunak, haiek hil eta gero ere han jarraituko duela. Uko egin dio gehiago entzuteari. Telefonoa utzi eta zenbakiz erratu den norbait izan dela azaldu dio emazteari, nork deitu duen jakin nahi izan duenean. Antzeko galdera egin dio Roderak, bezperako deia aipatutakoan. Ez dakiela erantzun dio hasieran, baina ondoren, elkarrizketak hainbat jira eta bira izan ondoren, izen bat etorri zaio gogora: Bakeroa, Enekoren eta bere lagunen itaunketa zuzendu zuen ertzaina, torturatu zituena. Ezizena, eskumuturrean lotuta zerabilen zapi gorriagatik jarri omen zioten, cowboyek erabili ohi zuten eta bandana deritzaten horietako batengatik. Buruan txano bat omen zerabilenez, zertzelada horri heldu behar izendaezina izendatzeko.

        Baliteke, onartu dio Roderak, ez litzateke lehen aldia izango.

        Baina zer dela-eta herra itsu hori? Inoren gibeletik halako tema gaiztoz ibili behar hori, batez ere deus egin ez duen gure Enekoren gibeletik.

        Absurdoa da, baina horrela jokatzen dute poliziek. Denek.

        Eneko errugabea da ordea. Abertzalea da, jakina; baina hori delitua al da demokrazia batean?

        Demokrazia eta Espainia nekez uztartzen diren hitzak dira, oximoron argia. Inkisizioaren asmatzaileez ari gara, Felix, vivan las caenas aldarrikatu zituztenez.

 

 

Eneko lehen aldiz atxilotu zutenean, gertatzen ahal zitzaien zorigaitzik handiena huraxe zela uste zuten. Bigarrenaren ondoren oso bestelako iritzia dute: dena joan daiteke okerrago. Aurreko aldian bezala, pare bat kutxazain automatiko erretzea ezer gutxi iruditu nonbait eta guardia zibilen Durangoko kasernaren aurka molotov koktelak jaurtiki izana egotzi diete oraingoan.

        Hiru urte lehenagoko kontua da, Balzaren gizonek antolatutako beste pailazokeria bat!, Roderaren arabera. Bere defentsariaren hitzak berritu dizkio semeak, egin ahal izan dioten estreinako bisitaldian. Berriz ere Soton bakartu dute; eta gaitz-erdi, badirelako Cadizeraino joan behar dutenak; zengotitatarrak, adibidez.

        Puerto de Santa Marian daukate haien semea. Ia bi mila kilometro egiten dituzte hamabostero. Beste preso batzuen gurasoekin Bilbon elkartu, autobus batean sartu eta iberiar penintsula zeharkatu behar dute mutur batetik bestera.

        Karlos gaixoa!, irten zaio Goñiri, Roderaren kontakizuna entzun orduko.

        Zure ironia horietako bat, ezta?

        Ez. Egia da Zengotita ez dudala bereziki maite, baina zintzo eta inongo asmo ironikorik gabe erran dut. Aise para naiteke haren tokian eta pasatzen ari direna ere aise irudika dezaket.

        Gupida dio. Miresmen pitin bat ere bai. Gustu txarra izanen du janzteko, halako egoskor petrala izanen da, baita aski sektarioa ere, ezker abertzaleko beste anitz bezala, baina badaki bere semearen alde borrokatzen, etsaiaren tamainari erreparatu gabe.

        Ostiralero Ezkurdi plazan izaten da, seme-alabak preso dituzten beste hainbat gurasorekin batera, haien herriratzea aldarrikatzen duen oihal zuriaren atzean. Horregatik saihesten du Goñik Ezkurdi ostiraletan, eta beste bide batetik joaten da etxera, haien paretik igarotzean botako lizkioketen erruki begiraden beldur.

        Zerbait aldatzen ari da Goñirengan. Emazteari aitortu dio. Bide bat aukeratu beharra dagoela hasi da ulertzen: semea defendatzeari utzi eta etsi nahi ez badu behintzat, ezin du erdian geratu eta orain arte bezala jarraitu, bakarka eta itsumustuka. Zergatik ari zaien kontra jakin gabe ere, ondo daki etsai indartsua dutela eta bikote bakar baten borrokak ezer gutxi ahal duela bitarteko guztien jabea den Estatuaren aurka. Hori dena begi-bistakoa zaionez, ahaztu egin nahi ditu ezker abertzaleak eragiten dizkion beldurra eta ezinikusia, beren benetako egoeraz jabetzea eragozteaz gain, semearen defentsariaren arrazoiak aintzat jotzea ere eragozten baitiote sarri. Errealitatea bera eta bere aurreiritziak baino gogorragoa da, eta berriki arte ziurtzat izan duena auzitan jartzera derrigortu du.

        Betiko gure lagunen jokaera ikusita, esan dio emazteari, beste aldera pasatu beharra dugula pentsatzen hasi naiz.

        Ados nago zurekin, baina ez dakit nahikoa gertu ote gauden.

        Ez dugu beste biderik, ez dugu-eta beste lagunik. Horrenbestez, argi dago: Juanjo Rodera dute orain adiskide bakarra.

        Senar-emazteak Ezkurdira azaldu dira hurrengo ostiralean. Pitin bat mesfidati hurreratu dira, txarra izango delakoan herriko presoen senide eta lagunek egingo dieten harrera. Logikoa da: orain arte beti saihestu dituzte eta haiek badakite. Zalantzati bilatu dute taldearen atzealdea. Espero izan dutenaz oso bestela jokatu dute bertakoek, ordea. Kopeta goibeldu beharrean haien bistan, onartu egin dituztela iruditu zaie biei. Eskutik oratuta egon dira. Gero oihala bildu eta hurrengo ostiralera arte sakabanatu da taldea. Karlos Zengotita hurbildu zaie, Goñiri bostekoa eskainiz. Bostekoa estutu eta esker oneko azaldu zaio Aritzen aitari, bera eta emaztea hartu duten moduagatik.

        Etxerako bidean, inoren belarrietatik urrun, elkarri kontatu diote senar-emazteek zer sentitu duen bakoitzak. Begirada non jarri jakin gabe egon dira biak hasieran. Gogorra egin zaie mundua talaia hartatik begiratzea. Bertan bizi beharrean, beste planeta batetik iritsi berriak balira bezala. Eskerrak ingurukoen lasaitasun erabatekoak adoretu dituen. Urteak daramatzate haietako gehienek Ezkurdira ostiralero agertzen. Harro ez, duin egoten dira, seme-alaben nozitzeak emandako duintasunaz. Isilik egoten dira, eta hitz egiten duten aldi bakanetan apal eta labur egiten dute, ia eliza batean bezala.

        Konturatu al zara gure paretik igaro direnek ahotan hartu gaituztela?, galdetu dio emazteak. Gehienek ez digute jaramonik egin.

        Ni ez naiz lotsatu, esan dio senarrak.

        Ezta ni ere, laztana.

        Kasu pitin bat egin dietenak bi multzotan sailka litezke beren iritziz: erruki dietenak alde batetik, eta gorrotoz begiratu dietenak bestetik. Gehientsuak, noski, lehen multzokoak lirateke, baina bigarrenekoak ere izan dira, eta batzokira sartzen ikusi dituzte haietako batzuk. Batez ere horien begiradek mindu dute Felix Goñi: Aspalditik ezagutzen ditut eta aspalditik ezagutzen naute, baina ez dugu atzera egiterik; egina dago aukera!

        Biei pozgarri zaie Karlos Zengotitaren jarrera. Orain arteko guztiak ahaztuta daude, adierazi bide die, hitzik gabe ere. Seguruen, sekula ez gara lagunak izanen, iragarri du Goñik, baina burkideak izanen gara bederen. Hala behar du, bien ustez, aurreiritziak bazter utzi eta, aurrerantzean, elkarrekin bultza egin. Nolanahi ere, ahaztu gabe dituzte Enekori buruz hark zabaldutako esamesa maltzurrak, baldin eta benetan hark zabaldu bazituen. Haren galtzak ez ditut oraindik maite, ziurtatu du Goñik.

        Gau hartan, aspaldiko partez, ondo lo egitea lortu dute.

 

 

Inor ez da perfektua eta hark ere izanen du zertaz damutu, esan dio Juanjo Roderari, Zengotitarekin nolabait adiskidetu izana txalotu dionean. Beste presoen senideekin elkartzea ere onetsi dio: Etsai gaiztoak ditugu eta batasuna behar dugu beste edozeren gainetik. Nahitaezko zaigu haiek bezain baturik egotea, gureak egin du bestela. Zuzen da Rodera. Elkarri lagundu behar diote, elkarri bihotz eman. Zoritxarrez, esan dio Roderak, zuen semea ez da preso dagoen durangar bakarra. Beste durangar bat dago Soton bertan: Txomin Andueza. Urteak eman ditu kartzelaz kartzela. Kalean behar zuen aspaldi, baina, legearen zenbait trikimailu bitarte, preso jarraitzen du. La democracia española!, arbuiatu du Roderak, la puta democracia española...

        Txomin Anduezaren gurasoak zaharrak dira, eta gogotik eskertu diete Sotora elkarrekin autoan joatea eskaini dietenean. Haien bila joan eta Madrilerantz segitzen dute laurek, bisita eguna argitu baino lehen. Baserriko ataurrean izaten dituzte zain, semeari eramateko zumezko saski bat dutela oinetan. Beste bat ere prest dute, baina bueltarako uzten dute, beren esker ona erakuste aldera. Garaian garaiko fruitu eta barazkiak ematen dizkiete; eta ezer zor ez dietela sarritan errepikatuta ere, berdin segitzen dute eman eta eman: sagarrak, patatak, porruak, gereziak edo pikuak. Errespetua eragiten die kaletar jator horien auto handiak nonbait, eta kontuz sartzen eta esertzen dira, zikintzeko beldurrez bezala. Isilak dira. Eskerrik asko esateko ez bada, kostata irekitzen dute ahoa; errezeloa dute ez ote duten traba egiten eta mutu joaten dira autoaren atzealdean, begiak errepide ondoko eremuetan finko. Semea bisitatzeko urte askotan egindako bidaia luze, aspergarri eta, batez ere, nekagarriak ahaztu ezinik, zinez preziatzen dute goñitarren mesedea. Zer arin!, harritzen dira Madrilera heldutakoan. Itzulera, aldiz, oso ezberdina izan liteke; egun batzuetan nahikoa lasai irteten dira Sototik, baina beste batzuetan urduri eta ezkor.

        Ez dugu semea ostera libre ikusiko, arranguratzen dira. Hura libratu baino lehen hilko gara.

        Anduezatarrei halakoak entzundakoan galduta daude; goñitarrek ez dakite zer esan, zahar pare maitagarria nola kontsolatu. Une batez Enekorekiko kezka baztertu eta bikote zaharrarentzako hitz mesedegarriak asmatzen saiatzen dira. Gezurrik esan nahi ez eta, nola asmatu haiengan esperantza pitin bat pizten? Hala ere, gogorrena etxeratutakoan hasten da goñitarrentzat, bikote zaharra bere baserrian utzi eta haiek eskainitako saskia jaso ondoren. Horien antzera egongo gara gu inoiz? Hogei urte barru Eneko kartzelan bisitatzen jarraituko dugu, aitona-amona horien gisan? Galdera aztoragarriak inondik ere, durduzatzekoak. Eta logikoak. Enekoren eta beren lagunen aurkako gezurrak asmatzen segitzen ahal dute ertzainek, nahi bezain luzaz. Kutxazain automatikoak erretzea egotzi zieten lehendabiziko aldian, guardia zibilen kaserna bati erasotzea bigarrenean, ia edozer egozten ahalko diete hurrengo batean, norbait hiltzea edo. Zentzuzko galderak dira horiek, beraz, ez beldur hutsak eragindako pentsamendu paranoikoak. Batzuetan baietz uste dute, gai izango direla urtetan semearen aldamenean segitzeko; beste batzuetan, aldiz, ezetz iruditzen zaie, anduezatarrak baino makalagoak direla.

 

 

Bezero onenak galtzen hasi da Goñi (jeltzale edo jeltzaleen ingurukoak denak) eta begi-bistakoa da gero eta lan gutxiago duela, pikutara doala.

        Bankuetan duen diruari begiratu dio eta, idazkariari eman beharko liokeena kenduta, lasai antzera bizitzeko adina duela ondorioztatu du. Aski lan egina naiz, gogorarazi dio emazteari, eta badut atseden pixka bat hartzeko eskubidea. Denbora faltan nabil gainera, eta behar izanen dut Enekoren defentsaren prestaketan Juanjori laguntzeko.

        Hark ez dio inoiz laguntzarik eskatu, baina Goñi etxeko ganbarara igo, ikasle garaiko liburuei hautsa kendu eta langelako mahaiaren gainean utzi ditu, berriz zabaltzeko prest.

        Bitartean, presoen aldeko zeregin ugariei lotu zaizkie senar-emazteak: senideen biltzarretara joan dira, manifestazioetara, salaketa ekintzetara; afixak kolatu dituzte paretetan eta dirua bildu dute kartzelan direnentzat. Ostiralero agertzen dira Ezkurdira. Eta Sotora joaten ere segitu dute, batzuetan Txomin Anduezaren gurasoekin eta beste batzuetan bakarrik. Andueza zaharra mengel dabil azken aldian.

        Eneko Goñi, aldiz, ondo dago. Hala dio behintzat eta hala dago itxuraz. Zer gisa, aitak galdetu; eta ondo, ondo hark erantzun, gauza bera beti. Kartzelako bizimoduaz hitz egitean, haren alde mesedegarriak aipatzen dizkie gurasoei, beste presoei esker ikasten ari dena. Txomin Andueza da semearen irakasleetako bat. Nabarmena da Enekok dion estimua eta are miresmena. Hark esan eta egindakoak goraipatzen dizkie, haren izaera apal eta xaloa laudatzen. Gizon oso bat, horrela definitu du. Haren gurasoak ezagutzea nahikoa hura sinesteko.

        Gizon osoak ere gaixotzen dira, ordea, gainerakoen modu berean. Hori gertatu zaio Andueza zaharrari. Ohean sartu da egun batean, nekatuta dagoela esanez eta ez da handik berriro jaiki. Hiru aste egon da hala, eta haren heriotzak benetan nahigabetu ditu goñitarrak. Alarguna izan dute bereziki gogoan: Senar eta semerik gabe bakarrik egongo da aurrerantzean baserrian. Atso maitagarria da, bizia, zakur deslai baten moduan hiltzea inolaz ere merezi ez duena. Haren aldamenean egon dira senar hil berriarekiko beharrizanetan laguntzen, baita hileta elizkizun eta hilerrian ere, ertzainek ekarri eta ertzain berek eraman dioten semearekin batera. Eskuburdinez lotuta eginarazi diote joan-etorria eta elizako sakristian baino ez dizkiote hamar minutuz kendu, ama besarka dezan. Erdiragarria izan da, Txomin Andueza ama malkoetaraino hunkituaren beso indargeetatik erauzi eta kartzelara bueltan eraman duteneko unea. Oihu eta negar egiteko gogoari eusteko lanak izan dituzte. Eta beren burua madarikatu dute, ezer egin ahal ez izateagatik. Beraienera joateko erregutu diote alargunari, egun haietako emozio biziegiak eragindako abaildura pitin bat pasatu arte behintzat. Eskertu die eskaintza, baina uko egiteko, inori enbarazurik egin nahi ez diola argudiatuta. Txomin nire premian dago, esan die, egiten dituen ahalegin guzti horiek argituko balute bezala eta bere burua hilezin bihurtu, Urkiolako ama birjinaren laguntzaz. Zeinatu eta aitarena egiten du santutegiaren paretik Sotorako bidean igarotzean, behin ere ez baitio semea bisitatzeari utzi, senarra galdu ondoren ere. Goñitarrengana tirriki-tarraka datorrela, senar-emazteek elkarri begiratzen diote: Behar izanez gero, hainbeste maitatzeko gauza izango ote gara gu ere? Felix Goñi ez da bere buruaz fio. Emazteaz bai, hark edozer egingo du semearen alde. Ezagun du begiradan. Eneko nire premian dago, esango du, Anduezaren alargunak nola.

        Eneko ez dabil gurasoekin oso berritsu azken aldian. Leire eta Roderaren bitartez izan ohi dute bere kezken berri. Haiei esker jakin dute, adibidez, irain eta mehatxuz betetako christmas bat jaso zuela Gabonetan, izenpetu gabea eta, zigiluari kasu eginez gero, Gasteiztik bidalia. Postala irakurrita, seguru da Eneko: Bakeroa, zalantza barik.

        Zer dela medio gorroto hori? Horra goñitarrek elkarri egiten dioten galdera. Erantzun bakarra dute: Sadiko hutsa da Bakeroa, besteen oinazearekin gozatzen duen gizatxarra, psikopata anker bat.

        Sadikoa..., harritu egin da Rodera, Enekoren torturatzailearen nortasunaz haren aitak botatako hipotesia entzundakoan. Baliteke, baina funtzionario soil bat ere izan daiteke, gizontxo itxuraz maitekor bat.

        Baina gorroto hori...

        Beharbada ez dago gorroto berezirik, beharbada plan bati jarraitzen diote eta gaiztoaren papera egokitu zaio Bakeroari, beste norbaiti zintzo eta onberarena egokitu zaion modu berean.

        Roderaren usteari errazegia iritzita, berea azaldu dio emazteari: Estatuak gazte abertzaleak, eta abertzaleak oro, suntsitzeko plan zehatz eta luzaz oldozturiko bat du, bistan da. Bakeroari dagokionean, ostera, beste zer edo zer ere badago, zerbait pertsonalagoa, Goñiren aburuz.

        Horregatik telefonoak gauerdi batez jo duenean, dei-egilea madarikatu eta iraindu ordez, aurreko aldietan bezala, arnasa bete-betean hartu eta ahalik eta modu soseguzkoenean hitz egin dio: Hola Vaquero, cuánto tiempo sin tener noticias tuyas. Baietz hark, aspaldi dela azkenekoz hots egin zionetik, baina aspertuta dagoela eta Enekoz gogoratu dela. Te comprendo, ironikoa izaten saiatu da Goñi, yo también suelo acordarme de tu puta madre. Y de la de tu jefe, claro está. Hori guztia ahotsa goratu gabe esan dio, baina Bakeroari gustatu ez nonbait eta zarataka hasi zaio, betiko sarkasmoa behingoz alboratuz eta ordura arteko dei guztietan Goñik jokatu izan duen moduan jokatuz. Ah, y muchos recuerdos a Balza, gehitu du baretasunez Enekoren aitak. Telefonoa uztean irribarretsu dago.

        Karlos Zengotitari ere kontatu dio, astebete geroago Bilbon presoen alde egingo den manifestaldi nazionala iragartzeko afixak Berrizko paretetan kolatu dituzten bitartean. Harridurarik gabe entzun dio hark, berak ere antzeko deiak jaso baititu, beste guraso batzuen antzera.

        Ez gara psikopata horren biktima bakarrak, azaldu dio emazteari geroago. Eta bada bertze zerbait pozgarria ere, jarraitu du, Eneko ez da, irudiz bederen, ero baten obsesioa. Juanjo Roderak uste bezala, plan oso bat dago hor, eta litekeena da Bakeroa plan horren peoi bat baizik ez izatea, esku anker batek mugituriko peoia, amarruz beteriko xake-partida batean. Balzarena da begi-bistako eskua, baina horrena nahiz gainerako txotxongiloak mugitzen dituena Astorekarena.

 

 

Bisita egun batez, lepoko ortopediko bat daramala aurkitu dute semea. Ezer larririk ez duela esan die. Zelan ez duzula okerrik!, ez ibili guri ezer ostentzen, mesedez. Lepokorik ez balu, ziur daude gertatutakoa ezkutatzen saiatuko zela. Aurreko astean Auzitegi Nazionalera zeramatela izan zuen istripua aipatu behar izan die gurasoei. Garrantzi handirik gabeko kontu baterako eraman zuten, baina guardia zibilen furgoneta errepidetik irten eta zilipurdika joan zen olibondo sail batean barrena, haietako bat jo eta bertan geratu zen arte. Eskuburdinak zeramatzan Enekok eta, beraz, bere burua babesteko beso-eskuak erabili ezinik, kolpe ugari jaso zuen, buruan eta lepo aldean batik bat. Zauri txikiak dauzka aurpegian, ubelduak gorputz osoan.

        Istripuan, Eneko zaintzen zutenetako batek furgonetako txaparen aurka buruz jo zuen, eta istantean hil zen. Gainerako guardia zibilak minduta izateaz aparte, amorru bizian zeuden. Bertan garbituko nindutela sinetsi nuen, hiltzeko mehatxuak egin zizkidaten behin eta berriz. Beren kidearen heriotzaren errua egotzi zidaten, ni epaitegira eraman behar izan ez banindute, bizirik segituko bailuke. Horregatik hil behar zuten, beren zoritxarreko kidearen heriotza mendekatzearren. Gorpuaren aurrean belaunikaturik iraindu eta jo zuten. Hildakoak zauri gaitza zeukan buruan, eta handik isuritako odolak ilea, aurpegi-samak eta uniformea blai egin eta iluntzen zizkion. Ondo begiratzeko esaten zidaten, haren moduan bukatuko nuela laster, hantxe akabatuko nindutela. Inguruan begiratu zuen Enekok, ez zebilen hegaztirik ere. Bakarrik zeudela esan zioten zaindariek, eta bertan lekukorik gabe hiltzen bazuten, istripuaren ondorioz izan zela ebatziko zuela edozein epailek. Olibondoak izango zituen bere heriotzaren lekuko bakarrak, lekuko isilak. Izerdi hotzetan eta dardaraka zegoen. Nireak egin du, esan zuen berekiko, haien eskuetan zegoela ulertu zuenean. Leirez eta gurasoez gogoratu zen azkentzat jo zuen une izugarri hartan. Eskerrak sirena bat entzun zen orduan. Anbulantzia batena zen! Anbulantziakoek salbatu ninduten! Hiru egun igaro nituen Madrilgo ospitale batean, kartzelara itzuli baino lehen. Ezin izan nuen beldurra berehala uxatu. Ospitaleko gelan hildako guardia zibil haren aurpegia agertzen zitzaidan amesgaiztoan.

 

 

Goiz batean, ogi bila joan eta gauez etxeko hormak zikindu dizkietela ikusi du Goñik: Gora España. Aquí vive un terrorista. Etarra bueno, etarra muerto. Bi spray mota erabili dituzte, beltza bata eta gorria bestea. Lehenago sinbolo naziak utziak zizkioten autoan markatuta, baina oraingo hau ezberdina da, larriagoa. Etxean sartu zaizkie!

        Maite, zu sartu etxean eta egon trankil. Ni Durangora noa pintura zuria erostera. Segituan naiz bueltan.

        Durangotik etxeratu denean, beste Maite bat aurkitu du: emakume lasai bat. Eutsi egin behar diogu, Felix, ezin gara orain kikildu, ezin diegu poz hori eman, ezta pentsatu ere.

        Bai. Aitzina eginen dugu, kosta lain kosta.

        Aurrera egitea nekagarria da ordea. Oztopoak egon daitezke bidean, eta edonon agertuko dira. 18/98 izendatu duten epaiketa, esate baterako. Ezker abertzalearen kontrako inoizko epaiketarik handiena izango omen den horretan, denetarik dago auzipetuta: politikariak, abokatuak, unibertsitateko irakasleak, militante soilak, are ezker abertzalearekin batere loturarik ez duen zenbait lagun. Eskatzen dizkieten zigorrak gogorrak dira, urte askotakoak. Haien kontrako frogak, ostera, barregarriak, edozein demokrata lotsatzeko modukoak. Horixe aipatzen du Garak ia egunero argitaratzen dituen epaiketaren gaineko artikuluetan. Eta antzera uste dute nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeek ere. Hain nabarmena da kontua, non askoren arabera prozesua bertan behera utzi beharko baitute edo, bestela, egin bai, baina gehienak asketsiz. Iritzi horretakoa da Juanjo Rodera. Gu eskolatzeko amorratuta daude, dio, baina beldur dira betiko estatu demokratikoek errieta egingo dieten. Eskandalua eragingo luke edozein kondenak, ez duzu uste? Ezetz Goñik, bost axola diola Espainiari horiek guztiek esan dezaketena, eta Amnesty International, Human Rights Watch, are Nazio Batuen urteroko salaketak oroitarazi dizkio. Entzungor egiten du Espainiak beti, ezikusiarena, esan dio, la democracia española. La puta democracia española, gehitu du Roderak. Oraingoan ez dira ausartuko, jeltzaleak ere kontra azaldu dira, tripartito osoa. Hitz hori entzunda, bekozkoa ilundu zaio Goñiri eta are gehiago goibeldu, asteburuan Bilbon egingo den manifestaldi nazionalera elkarrekin joateko lagunak gonbidatu duenean: Ez dut semea torturatu zigutenen nagusiekin batean ibili nahi. Ezinezkoa zaio, eramangaitza, sobera higuingarria. Goitik behera burua mugitzen ari da Rodera, Goñik Gobernuaren eta hura osatzen duten hiru alderdien kontra amorrua asaskatzen duen bitartean. Hala ere, saiatu da Goñiren hitz jario etengabea eteten. Hala ere, hala ere... Gu halaereka beti, Eneko eta bertze anitz kartzelan errurik gabe direlarik.

        Eneko Goñi bi hilabete geroago irten da Sototik, egun sargoritsu batean, eguerdi aldean. Hiru ordu lehenagotik bere zain izan ditu kartzelako atean gurasoak eta neskalaguna. Urduri, egonezinik, aztoratu egin dira ate hura zabaldu den bakoitzean. Zabaldu eta itxi behin eta berriz, zainak harrotzen dituen karranka astuna, baten bat sartu, besteren bat irten, sekula ez Eneko. Goizeko hamarretan irtengo zelakoan, ate horretan izan dituzte begiak iltzatuta, bakoitza bere baitara bilduta, hiru txorimalo alfer.

        Autoa utzi duten tokiraino iritsi direnerako, labe bat bihurtuta dago hura. Goñik, ahal moduan martxan ipini eta noizbait joan ahal izan dira handik, ihes egin ahal izan dute azkenik. Madril atzean utzi duten arte segitu du Goñik gasolindegi bateraino. Bertako tabernan freskagarri bat edateko egin duen gonbitari ezezkoa eman dio semeak, eta ezezkoa berritu dio Lerma paretik igaro eta bazkaltzeko garaia dela jakinarazi dionean. Ahaztu arkume errea eta emaiozu gasa, aita. Semeak eskatutakoa egin du. Euskal Herriraino heldu arte mokadurik ez. La Pueblan gelditu dira. Bapo bazkaldu dute, egokierak eskatu bezala, jatetxeko kartak eskainitako gutizia gozoenak aukeratuz eta bertako xanpain garestiena edanez. Etorkizunaren alde topa egin dute.

        Autoan bueltan, haize girotua itzali du Goñik eta leihatila jaitsi. Handik aurrera askoz polikiago joan dira. Atzealdean Leireren ondoan eserita eta neskaren eskua berean duela, adurretan doa Eneko, inguruko zelai eta mendiei begira: Hau edertasuna! Bihar bertan Anbotora!, diotso neskalagunari. Eneko eta Leire bezain aparretan doaz mutilaren gurasoak ere eta, semeak seinalatzen dizkien mendiei begiratu ordez, harentzat baino ez daukate begirik. Erabateko zoriona da laurentzat, aspaldiko amets baten gauzatze harrigarria. Elkarrekin daude, edertasunez inguratuta. Urkiolan, inori ezer esan gabe, Felix Goñik geratu egin du autoa. Inor ez da irten, nor bere tokian geratu dira laurak, mutu, tontor haiek mirestea eta une sorgindu hura poliki gozatzea eginkizun bakar.

        Semea askatu duten garaitsuan irten dira Durangoko Y taldea osatzen omen zuten gainerakoak ere. Haiekin elkartu da berehala. Oraingoan ez zaizkio gaizki esaka arituko behintzat, poztu dira goñitarrak. Arindu ederra bientzat. Herrian ongi-etorria egin diete eta afariz afari ibili dira aldi batean, badute-eta zer ospatu. Haien gurasoek ere bai, noski. Afari bat antolatu dute. Han daude zengotitatarrak ere, goñitarrak bezain pozik, topa eginez beren semeen nahiz Euskal Herria osoaren askatasunaren alde. Elkar besarkatu eta elkarrekin kantatu dute, hilabete luzeetan noiz iritsiko zain egon diren eguna merezi bezain egokiro ospatu nahian. Juanjo Rodera gonbidatu dute, baina ez da agertu, lanez gainezka dago.

        Roderak berak baieztatu dio, biharamunean hots egin dionean. Itotzen ari da, ezin du gehiago. Segitu beharrean da ordea. Guardia zibilak, ertzainak, jendarmeak, polizia guztiak batera ari dira jo eta ke, bazterretan udazkeneko egun euritsu baten ostean onddoak basoetan bezain ugari sortzen ari bide diren Y talde malapartatuen kontra. Goñi saiatzen da ahal duen guztian laguntzen, batez ere semearen sumarioari dagokionean. Ekonomia kontuetan aditua da bera, baina gogotik ahalegintzen da hala ere. Pozik dago orain arte egindako lanarekin: zuzenbideari begira behintzat, itxaropentsu egoteko arrazoiak daude. Ezer gutxi da hori Audiencian, errieta egin dio Roderak, modu atseginean. Onartu dio errieta, eskarmentu handiko abokatu baten antzera hitz egin ordez, gazte ameslari hasi berri baten antzera hitz egin baitio Goñik. Lotsatuta dago. Nola izan daiteke hain inuzentea? Auzitegi Nazionala epaitegi berezia eta ad hoc antolatua izanagatik, epaitegi bat baizik ez da, azken finean, beste askoren modukoa, eta horietan eman dituen urte ugariak aintzat hartuta, jakin beharko luke inork ez duela Justizia deritzan andre itsu eta eder hori inongo epaitegitako korridore eta saletan inoiz topatu. Areago, noizbait han zehar ibiliko balitz, erabat oharkabean igaroko litzateke.

 

 

Ospakizun guztiak aspaldi atzean utzita, Eneko bere bizitzari segida ematera ahalegintzen ari dela, fiskalaren eskakizuna heldu da Madrildik: bost urte. Pare bat aste lehenagotik ohartarazita egon dira, horren hotsak ailegatu baitzitzaizkion Roderari.

        Ustekabean harrapatu izan balitu bezala utzi ditu albisteak. Goñi batik bat. Bilbora jo du berehala. Iralan, etxebizitza estu batean bizi dira Eneko eta Leire orain. Heldu denean, bakarrik dago Leire. Sartu ez sartu egon da, baina neskak kafe bat eskaini dionez, onartu egin dio.

        Zer edo zer jazo da, ezta?

        Roderak kontatutakoa berritu dio, gutxi gorabehera. Neskaren begiak bustitzeko zorian egon dira une batez, baina malkoei eutsi die. Leire burutsua eta lasaia da izatez eta, azkenean ahoa zabaldu duenean, bere buruari ez ezik Goñiri ere kemena emateko egin du, Enekori laguntzeko presta daitezen biak. Horixe agindu diote elkarri agur egitean, igogailuko ate ondoan.

        Antzeko hitzak erabili ditu emazteak ere: Adorea eman behar diogu, ezin dugu bakarrik utzi.

        Autobus txiki batean joan dira Madrilera, gainerako auzipetu eta haien senide eta lagunekin batera. Poliziek trepetak detektagailuetatik pasarazi eta gero, epaiketa egin behar den salan sartu dira banan-banan. Espainiako erregearen erretratu gaitz batekin tupust egin dute, epaileen mahaiaren gainean. Mahai horren ezker aldean eserita daude Rodera eta bere laguntzailea; eskuinean, Goñik fiskaltzat jo duena. Epailea eta bere segizioa baino ez dira falta antzezpena hasteko.

        Haiek eman diete eguneko lehen ustekabea: izendatuta zegoen epailearen ordez beste bat agertu da. Goñitarrak atoan jabetu dira Roderaren haserreaz. Ezagun du mugimendu bakoitzean.

        Txarto hasi gara.

        Iritzi horretan sendotu dira senar-emazteak zenbait minutu geroago, epailearen ahotsa entzun dutenean, kartzelatik preso ekarri berri bat agurtzen ari direlako semea eta bere lagunak. Epailearen mehatxuek hasieratik argi utzi diete non dauden eta nor den nagusi han. Eskuburdinez lotutako beso-eskuak altxatuz lagunak agurtu nahi dituena Eneko Goñiren adin bertsuko gazte bat da, eta horri zuzendu zaio epailea gogorren.

        Idazkariak Aritz Zengotitari hots egin dio lehen-lehenik. Deseroso mugitu dira haren gurasoak goñitarren aldamenean, burua tente eta adi, semearen etorkizuna arrisku gorrian dakusatela. Errugabetzat jo du bere burua Aritzek, beste auzipetuek egin duten bezalaxe, horretarako txanda heldu arau. Ertzainen eskuetan bakartuta igaro zituzten egunen berri eman dute, beren defentsarien galderei segika. Salaketa haiek guztiek bost axola fiskalari eta epaileari: bietako inork ez du hori ezkutatzeko lan handirik hartu. Behin baino gehiagotan ahalegindu da epailea auzipetuen adierazpenak eteten eta, Juanjo Roderaren defentsa bikainagatik izan ez balitz, erabat isilaraziko zituzten. Hala eta guztiz, iritsi da noizbait abokatu defentsariek aurkeztutako lekukoen txanda: salbuespenik gabe zin egin dute gazte haiek, ezin izan zutela Ertzaintzak esandako leku eta garaian egon. Horiek denak, bere etxeko hozkailuaren marruma bailitzan entzun ditu epaileak. Kerman Rojo deritzan presoak adierazitakoari, berriz, ezin epaileak inolaz ere ezentzunarena egin. Ostera, belarriak zolitu eta eskuburdinetara estekatuta ari zaionaren jarduna aditu behar izan du bururik buru: auzi osoa oinarririk gabe utzi duen jarduna. Lehenagoko lekukoen sinesgarritasuna, nabarmena izanagatik, zalantzan jar lezake agian; inola ere ez, Rojorena: guztiz ezinezkoa da fiskalak dioen egunean eta lekuan bera egotea, handik zortziehun kilometrora baitzeukaten ordurako atxilo. Bidegabeki preso, Rojok berak epaile erretxinari argitu nahi izan dionez. Barre algaratan da behingoan sala. Aritz eta Enekoren gurasoak ere ezin kontentuago dira: alferrik jardungo dute ertzainek beraien semeak kakazteko ahaleginean, jai dute.

        Gasteiztik bidalitako ertzainei dei egin die idazkariak, poliziek Rojo eramandakoan. Epaitegiko langileek ekarritako bi bionboren atzean mintzatu dira ertzain ezezagunak. Izena eman beharrean, beren ertzain zenbakia eman dute. Hori baino ez. Inor ez da harritu. A posteriori asmatutako pare bat froga txepelez gain, ezer gutxi dute, auzipetuek izenpetutako aitorpena izan ezik. Eta hor dago koska. Beren semeen aitorpenek Rojo akusatzen badute eta akusazio horiek gezurrezkoak baldin badira frogatu den moduan, zer sinesgarritasun izan dezake haiek aitortutako beste edozerk? Areago, torturapean lortu baldin badira, nola daiteke ertzainen eskuetan eta denbora osoz elkarrengandik bereizita egondako mutil horiek guztiek gauza bera izenpetzea, beren burua errudun egiteko, gainera?

        Fiskalaren galderekin ondo moldatu dira bionboaren atzekoak, baina defentsariak kontraesan oso adierazgarrietan erorarazi ditu, urduritzeraino. Hasierako patxada galdu dute. Zalantzak nagusitu eta modu txarreko erantzunak ematen hasi dira. Defentsaren kontra bihurrituta, irain egitera ere iritsi dira. Abokatuen galderei taxuz eta egoki erantzutera behartu ditu ordura arte dena onartu dien epaileak, eta laidoka jarraituz gero, zigortu egingo dituela mehatxua egin du.

        Euforiko irten dira auzitegitik. Juanjo Rodera salbu. Gehiegizko poza da bere defendituen eta haien senide eta lagunena, arriskutsua hargatik. Autobusean ere alaitasun beteko giroa izan dute etxerako bidean. Kantari doaz.

        Gora bihotzak, Felix!, diotso Zengotitak.

        Abeslari negargarria dela esanez desenkusatu da Goñi.

 

 

Estatuak berean jarraitzen du ordea, kontrarioen pozaldi bakanak gorabehera. Etenik gabe oldartzen zaie euskaldunei, nola edo hala. Aitzakia gutxi behar du horretarako, terrorismo hitz sorgina aipatzea nahikoa. Abrite portas klis klas esatea modukoa da, istantean irekitzen da edozein ate edo harpe ezkutu ere, euskal gazteentzat Espainiako espetxeetakoak irekitzen diren bezain erraz. Etsigarria da egunkaria zabaltzea, ia egunero ekartzen du zenbait gazteren atxiloketa albistea.

        Euskaldun guztiok akabatu arte, ez dute bakerik edukiko, asaldatu dira goñitarrak, bezperako berrien aurrean.

        Etsigarriak ez ezik, mingarriak ere badira egunkariak. Semeak nozitutakoa biziarazten diete hainbeste nahigabetzen dituzten albiste horiek guztiek. Gernikan, Andoainen edo Iruñean atxilotutako edozein gazteren izena irakurri eta ertzainen edo guardia zibilen eskuetan irudikatzen ahal dute, nola zigortzen eta minberatzen eta umiltzen duten, nola xenofobo eta faxista esaten dioten, ertzainek lehendabizi eta guardia zibilek gero semeari esan izan zioten antzera.

        Ez nintzateke batere harrituko, baldin eta gazte baten koskabiloetan elektrodoak jartzen dituzten bitartean, Platon edo Hegel irakurriko balute, dio Goñik, Balza Barne sailburuak Henry James irakurtzen omen duen moduan.

        Normala da, irakasle bikainak dituzte. Makinatxo bat. Edonon daude, edonon ager daitezke, edozein irrati, telebista edo egunkaritan. Euskaldunak dira estimatuenak, sortzezko bekatu horrekin jaio arren, gauza izan direlako beren askaziaren funtsezko makurraz jabetzeko eta hari muzin egiteko, arrazoiaren eta balore demokratikoen alde. Izen-abizen ondo euskaldunak dauzkate denek, noski: Arregi, Arteta, Garcia de Cortazar, Juaristi, Unzueta, Uriarte eta abar. Asko, anitz, elemenia, Santiago Bernabeu estadioa betetzeko lain, badakizu: Yo soy español, español, español! Nazionalistak ez omen direnen hamaikakoa distiratsua da, aberatsa, crackez betea. Horientzat anakronismoa dira euskaldunak, zaharkin, aurrerapenak barregarri utzitako kuadrilla malenkoniatsu bat doi, luze gabe Historiaren zabortegian betiko hondoratuko dena, bukatu du bere mintzaldi amorratua Roderak.

        Euskaldunak, hala ere, noizbehinka partiduren bat irabazteko gauza dira oraindik, edo golen bat sartzeko behintzat. Eneko eta bere lagunen errugabetasuna halakoa izan da Roderaren iritziz: Zuk esango zenukeen bezala, Felix, gol! Bikaina izan da benetan, Goñik ederki daki. Haren ustez, nabarmen ez geratzeko eman behar izan dute epai hori, beste irtenbiderik ezean. Roderak, aldiz, euforian ez erortzeko abisatu dio, Enekok baduela gutxienez beste epaiketa bat egiteko.

        Touché.

        2006. urte miragarrian daude dagoeneko; aztertzaile politiko askoren ustez, bakearen atarian. ETAk menia aldarrikatua du, eta horrek aldartea hobetu dio jende gehienari. Aznarren garai beldurgarria atzean utzita, Zapatero prest omen dago negoziatzen hasteko. Horrek guztiak ere zerikusi handia izan du Eneko eta bere lagunen absoluzioarekin, iritzi dio Roderak. Uste horretakoa da Zengotita ere. Orain bai, diotso, sozialistekin bai. Baina Goñik GAL gogorarazi dio. Orduan Rodera izan da touché esan behar izan duena. Zernahi gisaz, segitu du Goñik hizketan, Enekoren askatasuna da ardura didan kontu bakarra. Hura ongi egonez gero, halaxe egonen gara Maite eta biok ere.

        Eta zer moduz dago?

        Eneko ondo dago, antza. Bilbon bizi da. Unibertsitatera eta futbolera itzuli da. Kartzelara bueltatu behar izateak, ordea, asko kezkatzen du, Leireren ustez.

        Leirek eta Felix Goñik ondo hartzen dute elkar. Bien kezka Eneko denez gero, beti dute zeren gainean hitz egin. Nolabaiteko normaltasun batera itzuli nahi dute biek, azken aldian bizi izan duten infernuaren aurreko garaira. Horretan daude, baina poliki doaz, kostata.

        Psikologoez mesfidatia izanik ere, horietako batekin hastea onartu du Goñik, baita positiboa izaten ahalegintzea ere. Zerbait egin behar eta Zengotitaren aholkuari jarraitzea erabaki du. Giroak baikortasunera darama gainera, esperantza izeneko sendabelar horretara. Politikari gehienak itxaropentsu ageri dira, nor edo nork mikrofono bat mutur parean ipini orduko. Rodera ere antzera ageri da. Esamesak, txutxu-mutxuak azkar hedatzen dira, albisteak (benetakoak zein gezurrezkoak) agudo sortzen eta modu berean desagertzen. Presoak Euskal Herriratzeko balizko data aipatzen da toki batzuetan, ETAren armak suntsitzekoa, autodeterminazio eskubidea gauzatzekoa... Sarea borborka dago, ehunka mezu azaltzen da meniari buruzko berri bakoitzaren azpian. Kalapita latzak gertatzen dira mezuak bidaltzen dituztenen artean, Espainia aldeko giroa ez baita, inondik ere, Euskal Herrikoa bezain itxaropentsua. Ostera, ugari dira azkeneko etsaia ere akabatu arteko gerrari jarraitu nahi diotenak, mendekua xalo-xalo goraipatzen dutenak. Goñiri erabat ulergarria zaion mendeku grina horrez gain, ustez terrorismoaren aurkako borrokari segitu nahi diotenen interesak daude jokoan: milioi askotako negozio ilunak. Horiek guztiak ari dira zaunka. Giro nahasi horretan epaituko dute Eneko bigarrenez.

 

 

Bigarren epaiketaren atarian hobeto daude lehendabizikoan baino, semea eta lagunak errugabetuko dituztelakoan. Horixe ziurtatu diote Enekori, fiskalaren karguei kontra egiteko eta haien errugabetasuna argi uzteko nahikoa froga badutela. Frogak, baina, agertu eta desagertu egin daitezke, sortu eta ezabatu, lurrundu.

        Autobus txiki batean joan dira Madrilera. Betiko kontrolak atzean utzitakoan, auzitegiko sala batean eseri dira epailearen zain.

        Gaztea dirudi!

        Makurrenak!, esan dio emazteari ahapeka.

        Bat dator Rodera: Epaile gaztea edozer egiteko prest egoten da; unean komeni dena, gora egitearren.

        Bost urte lehenago Bilbon autobus bat erretzea leporatzen diete akusatuei. Hori gertatu zen egunean etxean zegoen Eneko Goñi, Durangon, aurreko asteburuan partida batean orkatila hautsita beste jokalari baten kontra. Abokatuak baditu froga agiriak (Bizkaiko Futbol Federakundearena, medikuena) eta, hartara, erraz moldatu da Rodera. Jakina, Balzak bere mutilak bidali ditu, lehenengoan bezala, eta, orduan bezalaxe, bionbo baten atzetik hitz egin dute. Haiek azaldutakoa sinestera, Eneko gai izan zen, garai hartan erabili behar zituen makuluak eta guzti, zortzina kiloko plastikozko bi bidoi laurehun metroko bidean garraiatzeko. Gehiegi, poliziek adierazitako edozer sinesten ohituta dagoen eta, auzipetu guztien abokatuek tortura salatu diotenean, entzungor egin duen epaile gazte harentzat ere. Enekok Arkautin sinatutakoa gezurra bada, argi geratu den moduan, gezurra izan behar dute, gisa berean, haren lagunek sinatutakoek ere.

        Nahikoa pozik irten dira Auzitegi Nazionaletik orain ere, Roderak-eta egindako lan bikainaz seguru. Inongo euforiarik gabe, hala ere, ondo gogoan dutelako epaiketarik larriena, hirugarrena, oraindik etorkizun dena. Etorkizun iluna nonbait: ETAren eta Gobernuaren arteko elkarrizketak porrot egitear daude.

        Roderak esan dio, eta Zengotitak baieztatu: txarto doaz gauzak, oso txarto. Egunkariek ere horixe diote. Ezkor dira gehienak. Bakearen urtea behar zuen hogeita batgarren mendearen seigarrena bukatzear dagoenean, Madrilgo Barajas aireportuko T4 zabaldu berria leherrarazi du ETAk, horrela meniaren bukaera aldarrikatuz. Ekuadorretik iritsi behar zitzaizkien herrikide batzuen zain beren autoetan lotan zeuden bi lagun hil ditu, bostehun kilo leherkari gordetzen zuen Renault Trafic furgonetak eztanda egindakoan.

 

 

Zengotitak hots egin die goiz batean: Hil egin da Txomin Anduezaren ama. Biharamunean egin dira haren aldeko hiletak. Eliza beteta dago eta hara bildu dira, ezagutzen ez dituzten lagun ugariez gain, herriko presoen senide eta adiskide ia guztiak. Bertan egon da Txomin Andueza ere, baina urrundik ikusi behar izan dute, ekarri duten ertzainek hurbiltzea eragotzi baitiote presoari; inguratuta izan dute uneoro, korrika eraman dute elizkizuna bukatu orduko, eta abailan alde egin dute auto batean sartuta, inorekin egoten utzi gabe. Txomin eraman duen autoko sirenaren oihartzunak oraindik entzun daitezkeela, etxerako bidea hartu dute goñitarrek, kafe bat hartzeko Roderak eta Zengotitak egin dieten eskaintzari uko eginda.

        Bidean, Txomin Anduezaz jardun dute.

        Gurasoak hilobiratuta eta beste senide barik, bere hiletetara joateko baino ez dute gizajoa kartzelatik aterako, esan dio emazteak.

        Demokratak kontent izanen dira!

        Demokratak legebiltzarrean daude. Han hitz egin du Balza Barne sailburuak. Dotore mintzatu da, legegizon prestu baten jario oparo bezain joriaz eta, Felix Goñik emazteari esan dionez, Enekoren tankerako gazte errugabeez ari zela jakin izan ez balu, erraz sinetsiko zukeen sailburu txit ohoretsuak adierazitako guztia. Ertzaintzari leporatutakoak gezur laidogarriak direla bota du, erabat faltsuak, tortura salaketa guztiak artxibatuta egoteak argi uzten duenez. Gorritu gabe bota du, lasai, beharbada badakielako han inork ez diola kontra egingo, inork ez duela bere gezurraren gordina agerian utziko. Susmo hori du Goñik, legebiltzarreko saioa telebistaz segitu ondoren. Alferrik politikarien hiztegian tortura hitza bilatzea.

        Balzaren saioa ikusi duen besaulki berean irakurri berri du Xabier Arzalluzen Así fue liburua. Javier Ortiz kazetariak Azkoitiko politikariari egindako elkarrizketa zabala jasotzen du. Ortiz galderagile abila da, hala nola Arzalluz solaskide distiratsua; eta badakite irakurlea besotik hartzen eta ezarian nahi duten tokira gidatzen. Astorekak bere txotxongiloen bitartez boterea kendu zionetik, Arzalluz Galdakaoko bere gotorlekutik ari da, historiak absolbituko duen esperantzaz agian. Atzera begiratu eta bere etsaien asmakeriatzat jotzen du liburuan hainbat eta hainbat kontu. Euskadiko independentzia eta azak jan beharra inoiz lotu izana ukatu du. Abertzale zintzo eta independentziaren zale porrokatu azaltzen da liburu osoan. Erdia ere ez dio sinetsi Goñik, batez ere giza eskubideen aldeko nazioarteko zenbait erakundek salatutako Ertzaintzaren torturak gezurtatu eta, berak Alderdia gidatu zuen aldian behinik behin, egundo ez zela halakorik gertatu adierazteko kopeta baitauka. Hor antzeman dio trikimailua, hor jabetu da gezurretan jardun duela hasieratik. Tortura ukatzeko adinako azala baldin badu, ohartu da Goñi, modu berean uka dezake edozer, izan iruzur ekonomikoa edo agiri legalen faltsutzea edo beste.

 

 

Eneko eta bere lagunak bigarren epaiketan errugabetzat jo dituztela jakin eta hilabetera heldu zaie hirugarrenerako deia. Bi epaiketa bizi ondoren, ederki dakite zer duten aurrean eta, epaia beren aldekoa izan arren, zeinen latza izango den. Berriz ere Auzitegi Nazionala, berriz ere epaileen harrokeria, berriz ere irainak eta mehatxuak, berriz ere jende askoren samina. Eta hala eta guztiz, aurreko epaiketak irabazita eta hurrengorako gaiak ezin hobeto prestaturik dituztela, itxaropentsu daude: froga sendoak dituzte, Enekoren nahiz haren lagunen errugabetasuna erabat argi uzteko modukoak.

        Lanpetuta segitzen dute. Lekukoekin hitz egin beharra dago, paper eta agiriak egiaztatuta daudela ziurtatu behar da... Aranzadiren liburukoteei aspaldiko hautsa kenduta, atsedenik gabe jardun du Goñik, Roderari lagundu nahian. Epaiketaren zehaztasunik txikiena ere ondo lotuta dutela eta beren frogak ukaezinak direla uste badute ere, aztoratuta dabiltza, hirugarren garaipen baten aukera (beren ustez) handiak kitzikatuta, fiskal zein epailearen begitarte ilunen bistak eragingo dien poza aurretiaz dastatuz:

        Bost axola Balzaren trikimailuak, azpijokoak eta makurkeriak! Menpean hartuko dugu berriro, bihotz ematen diote elkarri, beren hitzak sinesteko lanak balituzte bezala.

        Ederki daude irabaziko digutela uste baldin badute. Ustekabeko galanta hartu behar dute!

        Hain daude seguru, epaiketan berehala erakutsi baitituzte beren kartak. Ezinezkoa da Eneko Goñi Ertzaintzak eta fiskalak esandako lekuan eta garaian egon izana, beste nonbaiten egon zelako orduan, Ertzaintzak berak jaso zuenez, epaileari aurkeztu dioten agiri batean. Ezin sinetsiz begiratu diote Roderari fiskalak eta epaileak, istorio txar, luze eta, beharbada, korapiloz betetako bat entzutera doazelakoan. Baina zuzen eta labur jardun du abokatuak: El acusado no pudo estar presente en el lugar donde los hechos que se le imputan acontecieron, por encontrarse a la misma hora, a muchos kilómetros de allí, como consta en el atestado que los ertzainas número 02150 y 01662 escribieron y certificaron con sus nombres y apellidos.

        Honela dio Roderak aurkeztutakoak: "Asunto: Carretera N1 Irún-Madrid. Termino de Irún. Accidente de tráfico; vehiculo BI 8556 DF; Volkswagen Polo. Fecha: 2-2-2000. Hora: 2:30. Día: miércoles. NIF Ocupante: 28358222 J GOÑI BELATEGUI ENEKO. Ocupando parte delantera derecha, utilizando cinturón y resultado ileso". Ahoa bete hortz geratu da fiskala hura irakurritakoan; sor eta lor geratu dira Balzak bidalitako ertzainak, haiek asmatutako gezurra behera nola datorren ikusita. Denek entzun dute ertzainen harridura: De dónde hostias han sacado eso?

        Felix Goñik aurkitu zuen. Semeak eman zion ezagutzera, fiskalak eskatzen zuen hogeita bost urteko zigorraren jakitun. Txomin Anduezaz gogoratuko zen agian, edo Sotoko isolamenduan ezagututako haren moduko beste norbaitez. Nolanahi ere, orduan kontatu zion ordura arte gurasoei ezkutatu ziena: Iñaki Galarraga izeneko lagun batekin Berara joan zen, bien adiskide baten urtebetetze jaira, eta handik bueltan berandu, Behobia pasatu eta gutxira, errepide bazterra jo zuten. Galarraga, autoaren jabea, gidari zihoan. Haren alboan Eneko. Zorionez, biak irten ziren onik istriputik eta horregatik ez zitzaien semeari gertatutakoaren berri gurasoei sekula iritsi. Istripua gertatu eta kasik berehala azaldu ziren ertzainak eta, beraz, agiriren bat izan behar zuten nahitaez. Hura bilatzeari lotu zitzaion Goñi. Noski, agudo baztertu zuen Ertzaintzara jotzea, eta aseguru-etxean arazorik gabe erdietsi zuen epaitegia mutu utzi duen agiriaren kopia. Hortik aurrerakoa Juanjo Roderaren esku utzi zuen.

        Lo que este atestado deja meridianamente claro, señoría, es que mi defendido ha sido acusado injustamente de un delito que materialmente no pudo cometer, argudiatu du epailearen aurrean. Lo que este atestado deja meridianamente claro, señoría, es que el acusado es Dios. Nola egon, bestela, bi tokitan aldi berean? Prevaricación hitza ere erabili du Roderak, Eneko erabat errugabea dela jakinda ere, oraindik gezur ustel hari eusten baitiote ertzainek, beren azpikeria eta krimenak nabarmenegiak direla ulertzeko gai ez balira bezala. Prevaricación eta, batez ere, tortura hitza entzun dira Roderaren hizketaldian: Cómo, si no, se autoinculpa un inocente de un crimen que no ha cometido?

 

 

Azkar igaro dira hilabeteak sententziaren esperoan. Apirilean indarkeriaren biktimak omentzeko saioa antolatu du Eusko Jaurlaritzak Bilboko Euskaldunan. Terrorismoaren biktimak, ETArenak noski; Meliton Manzanas, Carrero Blanco eta halako beste hainbeste barne. GALenak eta beste talde parapolizialenak ez baitira benetako biktimak. Kronika gehienek gizartearen ordezkaritza zabalaz hitz egin dute. Ibarretxe buru, han daude denak, Gobernukoak zein oposiziokoak, baina baita enpresariak, kirolariak, artista eta intelektualak ere... Horien ordezkari hitz egin duenak hara bildutako biktimei eta senideei barkamena eskatu die euskaldunen izenean.

        Sutan jarri da Goñi: Nor ote da hori gure izenean solastatzeko? Nork aukeratu du?

        Nolanahi dela, kontentu daude hirugarren epaiketaren sententzia irakurri ostean. Eneko errugabetzea espero zuten, baina gainerakoen askatasuna zalantzazkoagoa iruditu izan zaienez, benetan poztu dira denak kaleratuko dituztela jakitean. Bazkari eta afaritan gozatu dira, topa eginik beren semeak bezain zorionekoak izan gabe kartzelan segitzen dutenen alde. Txomin Anduezaren alde, adibidez. Ospakizunetan elkartutakoentzat amaitu dira kartzelak eta epaiketak, bidaia nekagarri eta arriskutsuak (luzea da presoak bisitatzeko joan-etorrietan hildakoen eta zaurituen zerrenda). Kito Auzitegi Nazional beldurgarria. Bide baten bukaeran dakuskite beren buruak eta, atzera begiratzean, ibilitako bidearen malkarraz jabetu dira, arinduta bezain harrituta. Hiru bider utzi dute agerian semeen errugabetasuna, eta Ertzaintzak leporatutako hirurogeita hamar kale-borroka ekintzetatik seirengatik baino ezin izan dituzte auzipetu. Gogobete egoteko moduko marka inondik ere, hein handi batean Rodera abokatuari zor diotena.

        Harrotasun horrek eraman du Goñí justizia bilatu nahi izatera: Hainbeste jasanarazi digutenek eragindako kaltearen zatitxo bat bederen ordain dezatela nahi dut! Roderak, ordea, apaltzeko aholkatu dio: Gauza bat da legearen zirrikituak baliatuz semea errugabetzea erdiestea, eta beste bat, zeharo bestelakoa, Estatuaren aurka zuzen jotzea. Txikitu egingo zaituzte! Edo ahaztu egin al zaizu nola jokatzen duten kontra egiten dietenekin? Estatuak azken mehatxu bat gordeta izaten du beti.

 

 

Hitz horiexek gogoratu zaizkio, eguerdi euritsu batez, Roderak hots egin dionean: Hedabideetan zuzenbide estatua deitzen duten horrek krimen gehiago egotzi dizkie Eneko eta bere lagunei. Bizitzaren hondarreko absurdokeria!, haserretu da Goñi; ezta Jainkoak edo Halabeharrak (edo biek batera) begitan hartuta ere! Aspaldi artxibatutzat jotzen zuten itxuragabeko akusazio bat da semeari eta bere lagunei egin berri dietena, azkena, mendeku bat funtsean. Botereak zigortu egin nahi ditu, bere aurka egiterik ez dagoela argi uzte aldera. Ostera ere Justiziaren barne-bide eta tripetatik igaroarazi nahi ditu. Auzitegi Nazionalera itzuli behar izan dute, beraz, eta han betiko fiskal eta epaileekin topo egin, ertzainek Gasteiztik ondo ikasita ekartzen dutena berriz entzun. Han egon da Bakeroa; nahiko labur hitz egin du, hari ere Auzitegira bueltatzea neke balitzaio bezala. Agian horregatik, epaiketa labur bat egin nahi izan du epaileak, denen hobe beharrez.

        Frogak izateak edo ez izateak, nori axola dio? Epaileari ez behintzat. Hari sententziaren idazkerak dio benetan axola, hura jaso dutenean ohartu direnez. Prosa jori baten jabea da: Los cuatro acusados deben ser condenados y ello al margen de que ninguno de los agentes policiales deponentes pueda afirmar que en concreto alguno de los acusados lanzara o arrojara piedras o profiriera expresiones amenazantes. Joria, baina aldi berean argia: auzipetuak, frogekin edo gabe, errudun. Harritu egingo da epaia irakurtzen duen edonor, epaileak, frogarik eza onartu arren, nola kondena dezakeen ulertu ezinik. La prueba de cargo que desvirtúa la presunción de inocencia viene constituida básicamente por las manifestaciones serias, firmes, rigurosas y absolutamente convincentes prestadas en el acto del plenario por los agentes de la policía autónoma vasca. Sententziak ez dakartzanak, epaileak erabat isildu dituenak, ertzainen kontraesanak dira, nahiz eta Roderak epai-gelan bertan oso agerian utzi. Lehendabiziko epaiketan eta azkenekoan adierazitakoak bat ez zetozenez, orduko adierazpenak irakurrarazi zizkion lekukoetako bati. Ertzain ezezagun hura ahal moduan saiatu zen bere kontraesanak gutxiesten, baina epaileak, Roderak eskatuta, ostera irakurrarazi zizkion, aitorpen batetik bestera zegoen tarte gaitza nabarmenduz. Agerikoa zen lekukoa gezurretan ari zela. Epaileak, ordea, faltsukeriengatik auzipetu beharrean, aintzat hartu zituen haren gezurrak, gezurrak zirela jakitun.

        Helegitea aurkeztu dute noski, baina alferrik. Handik hilabeteetara, epaile batek ez, hiru epailek idatzi dute helegiteari ezezko biribilena ematen dion epai behin betikoa: El discurso probatorio está razonado y es razonable, lo que conlleva que no sea factible para este tribunal efectuar una nueva valoración de las pruebas personales, pues ello supondría vulnerar las garantías del debate probatorio y atribuir a la función revisoria en el campo factual una dimensión jurídica de la que carece.

        Sinestezina!

        Ez Roderarentzat. Antzeko epaiak irakurri izan ditu lehenago ere. Inongo lotsa edo disimulurik gabe adierazi dute: Polizia baten adierazpena, erabat gezurrezkoa izan eta epaileek horren berri jakinagatik ere, nahikoa dute edonor erruduntzat jotzeko.

        Pozik egon gaitezke, diotso Roderak, Eneko behinik behin ez da kartzelara bueltatuko. Baina Goñi amorratuta dago, fiskal edo epaile bat akabatzeko gogoz. Ez baitauka ahazteko, fiskal batek bi urte eta erdiko zigorra eskatu ziola epaileari, erruduntasuna aitortu eta onartu zuen ertzain batentzat, Galiziatik lanera etorritako mutil errugabe bat hiltzeagatik, ETAkoa zelakoan. Bi urte eta erdi, semeari ezarri dioten zigor bera kutxazain automatiko bat erre zuela egotzirik eta, hara kasualitatea, ordura arte kartzelan emandako denbora berbera.

 

 

Pasatu izan dituztenen ostean, ezer gutxi izan da gehienentzat azken epaiketa. Ez Eneko Goñirentzat ordea. Besteentzat ez bezala, ondorio gogorrak izan ditu harentzat. Haitzulo beltz batean hondoratu eta bertan geratu da, itxuraz betiko. Hori zergatik gertatu zaion semeari eta ez besteei galdetu izan du haren aitak sarritan; baina ez haren amak, ez eta Roderak ere, ez dute jakin zer erantzun.

        Bizkor susmatu zuten Eneko gaizki zebilela. Durangora etortzeari utzi zion. Semearen urruntzea mingarria da, amarentzat batik bat. Nahigabea hartzen du, telefonoz ere hots egiten ez diola ikusita. Ulerkorrak izan behar dutela diotso senarrak, beren kasa bizitzen utzi behar dietela semeari eta neska lagunari, gazteak direla eta elkarrekin egoteko gogoz izango direla. Bai bainaka saiatzen da emaztea bere ezinegona azaltzen.

        Oroitu ezkonberriak ginen garaiaz, Maite.

        Hura beste sasoi bat zen, protesta egin du emazteak.

        Beregana erakarri du senarrak eta muin egin dio kopetan.

        Goñik semearen neskari deitzen dio batzuetan, Durangon bazkaltzera edo afaltzera gonbidatzeko. Ahaleginduko dela agintzen dio Leirek, baina ez dela lan erraza izango: Eneko bere baitan murgilduta bizi da eta gaitza da harekin komunikatzea. Berba egiten dugu, jakina, baina eguneroko kontu txikiez baino ez, dendan zer erosi behar den eta halakoak. Neskak beste kontu batzuk ere erabili nahi ditu Enekorekin, funtsezkoagoak, intimoak; etxeratu eta hari kontatu nahi dizkio eguneko kontuak, poz eta tristura kozkorrak, ametsak eta zaputzak.

        Eneko bere buruaz besterik ez da arduratzen. Nik kontatukoak axola zaizkiolako itxura egiten du, baina arin jabetzen naiz haren arreta beste nonbait dagoela, nik iristerik ez dudan toki batean. Horixe adierazi dio elkarrekin bildu direnean, Bilboko Kafe Antzokian. Goñik negarraren zantzuak antzeman uste izan ditu neskaren begietan. Beste zerbait nahi ote duen galdetu dio, oraindik edan gabe duen garagardoari erreparatu gabe. Azkenean Leirek ez du malkorik isuri eta bertako musikak bete du bien arteko isilunea.

        Zer egin behar ote dugu Enekorekin, nola lagundu ahal diogu? Inork ez daki zer, baina zerbait egin behar dute lehenbailehen, semea ikusten duen gutxietan gero eta okerrago dabilela iruditzen baitzaio amari. Argal dago, betzulo nabarmenekin, lo nekez egingo balu bezala.

        Aterako da, pasatuko zaio, emazteari bihotz ematen saiatu da Felix Goñi.

        Benetan uste duzu?

        Denbora kontua da... Laster batuko ditu indarrak.

        Itxura penagarriak baino gehiago kezkatzen du emaztea, mutilaren mututasunak. Asteak dira ezer esaten ez didala!

        Leirek hots egin dio goiz batean, ahalik eta bizkorren elkartu behar dutela erreguka. Iruña kafetegira bildu dira. Neskaren begiradagatik, tabako paketea eskuetan erabiltzeko moduagatik, ilea kopetatik baztertzeko moduagatik agian, urduritu egin da Goñi, neska berak batere maite ez duen zerbait kontatzera doakiola susmoa hartuta. Mehatxu ezezagun baten hurbiltasuna sentitu du. Trabatuta mintzo da Leire, esan beharrekoa ahantzi egingo balitzaio bezala edo hura nola tolestu ez baleki bezala; aurrera eta atzera doa solasaren harian, jauzika eta zalantzez beteta. Harik eta Goñi aho bete hortz utzi duena kanporatzea lortu duen arte: Eneko utzi egin behar dut.

        Semearen azken aldiko mututasun astuna jabetu da Goñiz ere. Begirada kafearen beltzean galduta, mundu honetatik at da gizona. Noizbait hitz batzuk segidan jartzeko gai izan denean, neke handiz osatu du galdera: Ba al da bertze norbait?

        Ez. Kontua Eneko eta bion artekoa da, bikote baten kontua besterik ez. Ez dut Eneko maite, Felix, jada ez dut maite. Ez nago maiteminduta, duela hilabete gutxi batzuk arte egon nintzen moduan. Enekok oraindik ez daki ezer. Zuri esan gura nizun Enekori baino lehen, badaezpada ere.

        Ez dago atzera buelta egiterik orduan?

        Hilabeteak daramatzat lagundu guran, baina ez dit uzten. Jota dago. Eta nik ez daukat adorerik...

        Larria da semearen egoera, Leirek bere saminaren kontakizunean aurrera egin ahala gero eta ageriagoan uzten ari denez. Eneko dagoen zulo beltzean behera nola lerratu den kontatu dio. Kalera irteteari uko egin zion hasieran, lagunak ikusteari gero. Bakarrik egon gura du. Eta etxean, sofan botata egoten da, aldagailuari saka eta saka, niri jaramonik egin barik, bertan egongo ez banintz legez.

        Enekoren uzkurtasuna ankerra da neskarentzat. Bere jokaeraz hamaika zalantza sorrarazi dio, eta duela gutxi arte ziurtzat jo izandako zenbait kontu kolokan ikusten ditu. Enekorenganako maitasuna, batez ere. Nekatuta dago, hainbeste non, azkenean, geratzen zaion indar apurra Enekorekin erabiltzea alferrikaltzea litzatekeela uste izatera iritsi baita.

        Hitz egiten utzi dio Goñik, hilabete luzeetan bere baitan eramandakoa ateratzen eta barrua estutu dion korapiloa askatzen. Bukatu duenean, ezer esan gabe jaiki eta joan egin da, masaila banatan Leireri muin egin ondoren.

        Ez diogu ezer zor!, esan dio emazteak, Bilbotik ekarri dion albisteak eragindako haserrea ezkutatu gabe. Amorragarria zaio berria. Eta senarraren Leirekiko jarrera ere bai. Eneko inoiz benetan maite izan ez duela iruditzen zaio, benetako maitasunak ez baitu, haren aburuz, nekerik onartzen.

        Ulertu egin behar duzu, Maite; neskak ongi jokatu du, zintzoki, ez diogu deus makurrik leporatzen ahal.

        Maitek oso bestela uste du. Amatasunak eragozten dio, beharbada, Leirekiko enpatiarik txikiena ere. Berriki arte adoratu duen berbera jotzen du orain traidoretzat, Enekok gehien behar duenean uzteko asmoa duen koldartzat.

        Konprenitzen dut emaztea eta konprenitzen dut Leire ere, aitortu dio Juanjo Roderari. Eta, egia erran, ez dakit nola jokatu. Ez dut Maite mindu nahi, orain inoiz baino gutiago gainera, baina ezin dut sinetsi zinez sinesten ez dudana. Eneko kartzelan genuenean bertze ari da sufritzen, edo gehiago agian, ehunka kilometrora gabe etxetik hurbil izaki.

        Horixe da okerrena, semearen etengabeko erorketa gelditzeko ezina, horrek nahigabetzen du gehien. Leirek bikote harremana eten duenean, Durangora itzultzeko eskatu dio amak, bertan hobeto zainduko dutelakoan. Ezetz Enekok, makina bat kontu duela lasai hausnartzeko eta bakarrik egoteko premian dagoela. Bilbon geratu da, beraz, gurasoen zoritxarrerako. Hara egunero joaten hasi da Maite, senarrarekin batera batzuetan, eta bere kasa trenean edo autobusean gainerakoetan. Semeari prestatutako janariak tupperwaretan sartuta, harengana jotzen du, bezperan utzi zuen toki eta modu berean (telebistaren parean) aurkitzeko. Ilea zikin eta nahaspilatuta, bizarra egin gabe.

        Ez dituzu jantziak ere aldatu behar?

        Zertarako!

        Duintasunari eusteko, erantzuten ahal diote, zeure buruari zor diozun gutxieneko begiruneagatik behinik behin, amore ez emateko. Baina hitz ederrak, aholkuak eta erreguak alferrikakoak dira Enekorekin.

 

 

Enekok bere burua bahituta duen Bilboko etxebizitzatik kanpo, egunen gurpilak geratu gabe segitu du biraka, azpian harrapatzen dituenen oihu etsituei ezaxola. ETAk hiltzen jarraitzen du eta mota guztietako poliziek torturatzen. Betiko leloa. ETAk hildako azkena, aldiz, berezia da: Euskal Y delakoa (zer ote dute jeltzaleek letra horrekin?) egiten ari den enpresetako baten jabea izateaz gain jeltzalea ere bada. Lagunekin musean jardutera tabernara omen zihoanean tirokatu dute. Hautsak harrotu ditu hilketak. Krimen lazgarritzat jo dute alderdi eta komunikabideek. Salaketa gogorrak egin dituzte ETAren eta, bide batez, ezker abertzale osoaren kontra. Kondenatu egin behar dira gaizkileak. Tinko arbuiatu edo mundu demokratikotik kanpo bizitzera betiko kondenatua izan bestela, ez dago beste irtenbiderik. Hala dio lehendakariak, hala diote haren sailburuek ere. Aski da, ez dugu hil gaitzatela onartzen ahal. Begia begi truk. Modu horretakoak idatzi dituzte Deiako nahiz sareko orri jeltzaleetan. Mendekua nahi dute. Eta Goñik ondo ulertzen ditu.

        Ez zaio harrigarri gertatu aspalditik ikusi gabe eta garai batean bezero izan zuen Patxi Gaztelu, Astorekaren aitaginarrebakidea, Bilbon ikusi eta oldartu zaionean. Kalean bertan liskartu da deiadarka: Zuk pasatu diezu informazioa? Zu izango zinen, ondo ezagutzen gaituzu eta! Erantzun ez erantzun, egonarriz eutsi dio Goñik, Patxi Gazteluren purrustadek iraun bitartean. Gaztelu isildu da azkenean, eta iritsi da bere txanda: Nik jakin behar nukeena da, nor izan zen gure semea errurik gabe atxiloan hartu eta kartzelatu zuena, nork pasatu zion Ertzaintzari informazio guztiz ustela. Mehatxuka jazarri zaio Gaztelu: Ez gaituzue denok hilko!, ez dizuegu utziko!

        Jendea begira dagokie. Elkarri epelak oihuka esaten ari diren bi gizon kalearen erdian; seguruen, bi mozkor.

        Ia batera ohartu bide dira Gaztelu eta Goñi beren egoera barregarriaz, eta isildu eta bakoitzak bere bideari jarraitu dio, lotsagorrituta biak. Azkar ibili da Goñi autoa utzi duen tokiraino, burumakur eta alboetara begiratu gabe. Motorra piztu duen arte minutu batzuk joan dira, pitin bat lasaitu eta bere onera etorri arte. Orduan baino ez dio giltzari eragin, handik alde egiteko argiak piztuta.

        Etxean emazteak agudo antzeman dio badakarrela nahigaberen bat. Gorputzaldi txarra utzi dio Gaztelurekin izandako ika-mikak, eta begien bistakoa da nonbait.

        Zer uste du harroputz nardagarri horrek, burutik iragandako edozer botatzen ahal duela, hori uste al du? Gaztelurekin buruz buru egon deneko amorrua berritu zaio.

        Emazteak gaizki iritzi dio Gazteluren jokamoduari. Baina ulerkorra izan behar duzu, Felix; oso berria da Inaxio Uriaren heriotza.

        Nik ere ez dut haren hilketa onartzen, esan dio senarrak. Kontua ez da hori ordea.

        Haren senideentzat bai.

        Gazteluren kezkek zerikusi ttipia dute inoren familiarekin, Maite. Horren ardura bakarra bere burua da, ez bertzerik. Hori ere trenaren negozioan sartuta dago, eta beldur da ez ote zaion berari ere gertatuko. Askatasuna eta hitz potolo horiek... Roderak erranen lukeen gisan, aberasteko askatasuna da horrek nahi duen askatasun bakarra.

        Higiezinen burbuilaren leherketa izendatu duten horren mehatxupean, herri lanetan babeslekua aurkitu nahi dute etxegintzan aberastu zirenek. Krisi hotsak entzuten dira edonon. Juanjo Roderak ere krisia du solasgai eskuarki; Ezkurdin ere horren gainean hitz egiten da, ostiralero presoen alde elkartzen direnen artean; Karlos Zengotita izututa dago, lan egiten duen enpresatik beharginen erdia kaleratuko duten zurrumurruarekin: Nora joango naiz berrogeita hamasei urtegaz?

        Trankil, Zengo, esaten diote ingurukoek, egingo duzue aurrera. Eta orduan irribarre apal bat osatzen dute haren ezpain lehorrek, eta baietz dio, Aritz taberna batean hasi dela lanean eta horri esker biziko dela laster, baina pena dela ikasketak ezin burutu izatea, tamal handia. Semea goraipatzen diote adiskideek, Aritz heldutasun harrigarri baten jabe dela, mutil alaia eta gauzak egiteko gogo bizikoa...

        Antzeko zerbait esan nahi luke Felix Goñik, hala aitortu dio Roderari: Dudan diru guztia emanen nuke, Aritz Zengotita dagoen moduan egon dadin Eneko. Mutila, aldiz, gero eta eroriago dago. Egunez egun antzematen dute semearen gainbehera. Leirek utzi aurretik ere gaizki izan arren, areago hondoratu da bere zulo beltzean. Itxura penagarria dauka. Sarritan, semearen etxera tupperwarez beteta azaldu eta lehenago utzitakoak aurkitzen ditu amak sukaldean, bezperan bezalaxe, ireki gabe oraindik. Ikuskizun erdiragarriaren aurrean, ospitale edo antzeko toki batera eramateari buruz oldozten hasi dira. Latza da Enekoren egoera.

        Motelegi ibili dira, baina. Urte berria elkarrekin hastearren, Enekoren etxera joan dira goizean, Durangora eraman eta hirurek batera afaltzeko. Beti bezala, txirrina jo dute. Behin eta berriz jo dute. Ateak itxita dirau. Urduri, atean bertan jo dute. Eduki bai baina erabiltzen sekula ausartu ez diren giltzak baliatu dituzte. Enekori deika sartu dira etxean. Haien deiek ez dute erantzunik izan. Egongelan betiko nahaste-borrastea aurkitu dute: hautsontziak zigarrokinez gainezka, kikara eta katilu zikinak, arropak eta paperak. Eneko ez da inon ageri. Ez ezkaratz ugerrean, ez bainugela lardaskatuan. Logelan aurkitu dute. Lotan dago ohatzean. Itzartzera hurbildu zaizkio. Hots egin diote, astindu egin dute, begiak ireki ditzan. Mugitu ere ez da egin. Larrialdien zenbakia telefonoz osatu du Goñik. Baina minutu batzuk geroago iritsi den anbulantzia ere alferrikakoa izan da. Enekok ordu batzuk badaramatza hilik. Autopsiak argi utzi du: Muerte causada por sobredosis de somníferos.

        Heriotza hari zentzu pitin bat emango dion zerbaiten bila jardun dute. Ez dute ezer topatu: ez azken agurrik, ez oharrik, ezertxo ere ez. Nahita egina dirudi, gaiztoz egina. Mendeku bat agian. Zer mendekatzeko, nor mendekatzeko? Leire, ama, aita? Hirurak? Galdera horiek ezin betirako isiltasunak baizik erantzun. Damua haien zainetan ibiliko da aurrerantzean. Zergatik ez dugu honako hau edo harako hura egin, zergatik ez gara han edo hemen garaiz egon. Isiltasunaren paretan punpa egingo dute beren galderek.