Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

2

 

John Ingelesa herrian izan den hamabost egunetan zalantzazko izpi mingarri batek itsutu izan du Onofreren zoriona, erabatekoa izan ledin eragotzi duelarik horrek. Ihesa, hori zelan burutu, portura begiratzen izan duen bakoitzean zizt egin dio galderak. Eta ihesaren premia larriagotu egin duena Genaro agertzea izan bada, berorrek ekarri dio gorapiloa askatzeko bidea ere. Genaroren yatcha, herriko untzirik hoberena izateaz gain, aintzinako lagun du Onofrek. Udetan egiten zituzten, aspaldi egiten zituzten bai txango umoretsuen bidez ondo ezagutu zuen 'Askada' hura; balea sendotasunaren aldetik, marrazua arintasunari eta nabigagarritasunari begiratuz gero. Bada, «berau untzia» proposatu dio Juani ihes egiteko.

        «Heu be neugaz etorriko haiz, ze, bestela esango deustak zelan karajo konpondu naizen». Egia. Baina laguna ez dago prest Donibane edo Getariraino joateko, ez eta Paradisuaren truke ere. «Ni begira egongo nok enbarkazioan, behialako tunela pasata gero dagoan atrakalekuan eta hik egizak barriro trenez joatearen plantak; gero, bost minutu egingo joadaz enbarkazioan, hortxe-hortxe hiri makinaren eta lemaren maneiua ikasteko haina; hortik aurrera konpondu hadi heu».

        Ihesaren aurreko gauabeilan eman dute biek, behinenak diren itsasoko gorabeheren berri ematen Onofrek Juani, eta kaka dariola beste hau. Goizean itzal artegatsu bi izan dira, etxetik irteten. Juanek geltokirantz jo duen bitartean portura zuzendu ditu pausoak Onofrek. Gomazko bota luzeak, jakanarroak, sarabardoa eta otzara, kixkiretan doanaren itxura du eta, halaxe esan die ikusi dituen arrantzale bakanei, «kixkiretan bai». Goiz ederra dakar zorionez. Urrunean gorriz blaitzen hasita dago ortzertza.

        Herrian agertu zeneko egunean aldean zekarren soingaineko berbera jantzita, hantura itzela lepoan, behera begira etorri da geltokira Juan. Trenaren lurrunezko txistua urrunean aditu dute geltokiko hirurlau beharginek, gerrako presoak eurok, eta zaintzen dituen txapelokerrak. Honen parejakidea trenbidean harago doala ikusi du Juanek. Nasan beste dozena erdi bat gizonezko dagoz, denak berari begira. «Ez hadi ikaratu, horreek guztiak erdi lo diagozak eta, konturatu be ez dozak egingo». Trena puzkada keetsuetan geratu eta inork hartu ez duen bagoia hautatu du, aurrekoena, makinaren keek bete-betean hartzen dutena bera. Urrunetik «gú bái» esan diote behargin presoek, barrea ezpainetan behera jausten. Oraingoan makinistak ez dakiela ezer, eta berak esan beharko diola. «Astiroago hor aurreko tunelean eta ez egik atzerantz begiratu, kaguen zotz, bestela frijitu egingo haut», halaxe esan behar izan dio Martin gixajoari.

        Onofrek batelean enbarkatu du, arrantzale goiztiarren begiradapean. Beti izan dute zorotzat, hala da ze, beste behin ere euren buruari esango diote, «burutik diagok eta!, urteetan itsaso zantarretan, hondora joanda be diagok hori!». «Betikoa». Batela gertatzeari ekin dio, ernegatzen barrua, zigarroari tenka eta tenka. Portutik urten eta hor kanpoan oraindio ez du lainoa kendu. Eskerrak Genarok bere zorioneko yachta kalan duena, bestela mundu guztiak jakingo luke nork eroan duen. Kalan ez da inor ageri, horretan behintzat alde izan dute patuaren haizea. Bateletik yachtera igoteko ahaleginetan dagoela aditu du trenaren adar luzea goiza eztenkatzen. «Badiatorrek eta ni oraindiño hemen!». Benetan gorroto hartzen dio bere buruari agureen moduan bere kautarako berba egitearren. Eskerrak 'Askada' ederrak hutsik egin ez diona. Behingoan erantzun dio, legun, zaratarik atera barik ia-ia. «Penea dok enbarkaziñoa hau beste alderaino eroan beharra izatea ba, kaguen judas, kaguen judas, bai». Atrakalekurantz bideratu du Askada.

        Isabelita izeneko tren-makina tunelean sartu da. Martinek galgatu egin du gero, astiro-astiro. Juanek azken abisua egin dio.

        —Ez egik atzerantz begiratu, heure buruari apreziorik egiten badeutsok behintzat.

        Behiolako lekuan ia geldi geratu da zomorro luzea. Isabelita haren bekokiko argiak aurreko karrilartea argitu du. Eup! Behera salto egin du Juanek. Isabelitari pozezko aldarria eragin dio Martinek; lurrun-presioa gora, frenoak askatu eta txistu-adarra kanporatu, tunela keez bete da atoan. Horretara nahita ere ez duela eskopetadun madarikatua hori ikusiko, nor ote den susmoa badu ere. Bost berari! «Ederra hi, Martin, heure bizi guztiko handiena, eskupeta eta guzti morroia». Juan geldi geratu da keetzak bere baitan hartuta, harik eta zomorro luzearen buztana urrun izan arte. Gero, isiltasuna etorri da arrapaladan, hormetan laban eta behean narraz, airean hegaz, isiltasuna tunel guztira. Han kanpoan egunargiaren oina pausatu da, belartzako leia desagertarazten hasteko. Ibilten hasi da Juan. Bere pausu-hotsen gainean zapaldu guran legez, beste batzurenak aditu uste izan du. Geldi geratu da eta geldi geratu dira besteak ere. «Ono» egin du dei eta tunelak «no-o-o-o-o!» biderkatu du oihartzunetan deia.

        Onofre aldiz atrakalekuan dago, egunargiak urratu gura eta ezin duen behelainoak gordeta. Behin eta berriro aditu du trenaren txistua eta Isabelitaren ibilkera herrenago izaten delako bihurduretan, laguna hortxe dagoela begitandu zaio. Ulergaitz egin zaiona halako danbada itzela izan da. Etorri, tunelaren aldetik etorri da, astun, eta alde egin du, sudurraren aurrean sutautsazko susmoa utziz alde egin du, Isabelitaren buztanaren bila legez. Denboratxo bat igaro arte ez du jakingo Onofrek danbada itzelaren nondik norakoa.

        Arrapaladan eta izertzan agertu den Juanek arnasoska agindu dio Askadaren makina abantean sartzeko, danbadaz fitsik ere esan barik. Sutautsaren usaina darion arren, ez dio ezer galdetu Onofrek. Nahikoa izan du makinaren gorabeherak lehen baino lehen erakutsi eta ospa egiteko bidea zabaltzea.

        Uste baino luzeago jo dio Onofreri Askadaren maneiua erakusteak. Yachetik txalupara, zagan ekarri duen Maskoltxu horretara igaro denerako mendien lepoa utzita egon da eguzkia. Elkar besarkatu dutenean soingainekoari azken begirada luzatu dio Onofrek. Bakea bailetorren egin dio barruak, tak! Arrenguren tanbutxoari giltza eman dio.

        —Ez hadi ahaztu, ezkribidu... Ingelesez, kaguen zotz.

        —Neure konture —erantzun dio. Gero, zoro ahotsaz azken agurra luzatu dio Askadatik txalupatxoan dagoen lagunari.

        —Guuu bai, guu.

        Onofrek bere burua kixkiretan dabilenaren itxurak egin beharrean ikusi duelarik, trenbideko zati berria egiten diharduteneko aldera jo du, koartada bila. Kixkirak erruz etorri zaizkio sarabardora, hemengoaz beste alderen bateko izpirituren baten eskuak hara bideratuta legez izakitxoak. Lehorretik agurtu egin dute. «Ta ingelesa?». Jaramon egitearen zerga-ordaina informazioa izaten bait da beti herrian. «Goizeon alde Bilbora eta eguerdian Ingalaterrara barriro». «Tira, heuk hartu dok bakea». Baietz erantzun du txilina baino pozago. «Bai!».

        «Hamaiketakorako sasoian hator etxera, Onofre», esan dio bere buruari txalupa lotu artean han goian begira dituen mozoloei ezikusia eginez. Kalean gora inoiz baino alaiago, otzara bete kixkira besoan zintzilik ekarteak agur eta agur egiteko kemena ekarri dio, aspaldiko partez. «Hamaiketakoa? Honexeek kixkiratxoak egosita, eta ardaotxo zuriagaz, dantza!». Ardoa ozpin bihurtu zaio, ostera, berak uste baino lehen. Etxean sartu eta Anita bertan, Bilbotik etorri berri.

        Emaztea besarkatzeko keinua egin du gizonak, ikusi eta behingoan, azken egunetako jazoerek inoren besarteko epeltasunaren egarria eragin diotelako, goiz lainoak hezurmuinak eurak ere busti eta norbaiten hatsak lehor diezaizkion behar duelako, haragiak min ematen diolako eskuturretan. Eta Anitaren begiradan izarren pareko ilentiak dabiltzalako, ñir-ñir, eta Bilbotik erosi berri eta aldean dakarren arropak Grezia klasikoko zizelkaririk trebeenaren eskuak baino antzetsuago borobiltzen diolako soina.

        —Zer da hau desastrea?

        Begietan behera etorri zaio mundua Onofreri. Haserrearen sutan erretzen, ederragoak Anitaren begiak. «Trankil egon, kontako deutsut dena». Hamaiketakoa etxean egiteko gogorik ere ez zaio geratu gizonari. Anitak etxea atondu eta ttukuntzeari ekin dio, ia arropa berria kendu barik ere. Halako batean lepoan pausatu dizkio eskuak, atzetik etorrita, gizonak. Zirgit elektrikoa nabaritu du odol-jarioaren zolan emazteak. Onofreren ezpainek Anitaren samako larruazal perfektua busti dute.

        —Ala, tentel hori, zoaz kalera nik guzti hau atondu arte.

        Gerorako promesatzat edo, areago, Jainkosaren zintzat hartu ditu berbok gizonak. Aspaldiko usadio ahaztua berriztuz, eskuak poltsikoetan eta artatxorien txinten oihartzuna izan gura dutenak ezpainetan, Ikaztegieta tabernara jo du. «Bertan egingo joagu hamaiketakoa, ze karajo!».

        Oilalokak baino lokatuago aurkitu du parrokia guztia Ikaztegietan. «Baietz ba» entzun du esaten, «txapelokerra, bigotedun hori, otso itxurakoa, hilda, seko». Jesarri eta aspaldiko partez pitxarkadatxoa zerbitzatu dio Luziak. Beroni galdetu dio, ahots gakotuz. «Noiz?» «Goizeon». Azalpen zehatzagoaren bila geldi geratu zaizkio begiak Luziaren begi berdeetan. «Trenbidean topa dabe». Behingoan etorri zaio danbadaren oihartzuna burura Onofreri. Sudurtzuloetan sartu zaio berriro ere hots harek ekarri duen usaina, sutautsarena, eta argia egin zaio barru-barruan. Juanek hil behar izan du txapelokerra, ez dago dudarik. Izerdi hotzak goitik behera busti du Onofre. Pitxarrekoa hustu barik egin du alde, etxera.

        «Kabroi hori, Juan ama putearena, zer egin eta karabineroa hil, beti begikuna zantarra egiten izan deuskuna bera gainera; eta eskerrak, ze besteek ez juek inongo susmorik hartuko; hildakoa izan dok peligrosoa, egon hadi trankil. Eta Anitari ezebez».

        Anitari ezer esateko erarik ere ez du izan, berriz, etxean sartu denerako bisitekin egon bait da, berbetan. Txapeloker pareja.

        —Buenos dias, señor Onofre... —halako begiruneaz egiten diote beti, gerran parte hartu izan ez zuela eta euren aldekotzako hartuz, ze beste guztiak, herri haretan, edo presoak, edo nazionalistak, beti ere hirurlau 'zintzo' kenduta. Eta Señor Onofrek halaxe jakin du jazotakoa eta gainera ez direla bera susmagarritzat dutelako etorri, zeragatik baino, bestea, ingelesa, ea ba non dagoen. Eta Onofrek lasai erantzun die, goizeon joan dela, elkarrekin altxatuta gero, hortxe ibili dela Anita dena atontzen, ze armozua egin dio, ingelesen erakoa, arrautzak, urdaia, kafe beltzagoa eta indaba gorriak ere. «Judías de mañana», errepikatu dute txapelokerrek, eta Anitak ere baiezkoa egin du okotzaz, artean amaitu barik egon delako harrikoa testigu, eta behin altxatuta, ba, lagunari geltokira lagundu beharrean, ze despedidak beti izaten dira gogorrak, gurago izan duela kixkiretan. «Todavia no han aprendido a comerlas?», ez ote duten jaten ikasi eta nahi izanez gero apurren batzu eroateko.

        —Tiene usté testigos? —Lekukoak nahi beste dituela. Portuan eta trenbidean ere. Txapelokerrak artez-artez egon dira denbora guztian, zizpa-ipurdiak joz eskegitu dituzten alde bereko eskuaz. Hala ikusten dituelarik Onofrek, berriro etorri zaio danbada-hotsa. Gixajook ez dakite egiaren berri. «Caído a la vía», esan diote, eta ea baten batek sakatuta izan ote den. «John Huxley fue al tren; un vinito?». Ezetz, eurek ez dutela edaten, eta alde egin dute, zizpak tente lepoan eta alde bereko besoa kulata bezain luze, eskuaz laguntzearren pisua arinago egiten. Onofreren buruan ume gaizto-zirinaren bihurrikeriak egin du leku halako batean. Arrapaladan urten du eskileretara. Hantxe ikusi du pareja kalerako ja.

        —A, gizonok —erdaraz esan die eta lepoa bihurtu eta gorantz begira ipini dituzte begiak, zuri kasik—. El que sí bebía era el muerto, no?

        Ziur daki tiroak zurian jo duena hildakoa edatuna zela esatean.

        —Oiga! —protestak ez du indarrik izan. Onofrek eskerrak eman dizkie bere errubakotasuna hain erraz ulertzeagatik. «Orain kixkirak eta gero..». pentsatzen amaitu orduko Anitaren begiak ikusi ditu. «Kakazaharra, gero ezebez». Etxeko atea itxi eta erriertarakoa zabaldu dela jakin du Onofrek. Kixkirak uretan egosten ipini ditu. «Hamaiketakoa hamabietako baina, kixkirok ez dozak alferrik galduko». Egun txarragorik ere ezagutu izan du.