Speed gauak
Speed gauak
1991, nobela
154 orrialde
84-86766-37-0
azala: Joel Peter Johnson
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Zaunkak

 

Zaunkak aditu zituen, bertan-bertan, handia ematen zuen orak tristuraz jaurtiak. Itzaletan zehar zetozkion ozen, gainerako zaratekin nahastu gabe.

        —Isi Akre! Geu gara, zalduna eta dontzeila!

        Lasaitu egin zen zakurra, nagusiaren ahotsa ezagututa antza. Isildu egin zen.

        Aberatsegi eritzi zion Anak, sena hutsez, txaletari. Hurbilean itsasoa zegoela igarri zuen haizeak barreiatzen zuen usainean. Zorroztu egin zituen belarriak.

        Uhin-hotsak heltzen zitzaizkion apur bat urrunagotik.

        Garajean sartu ziren. Volvo ikaragarria zegoen bertan aparkatuta, hiru ume-bizikletarekin batera. Seme-alabenak edo. Barruko eskaileretan gora eginda sartu ziren etxean, garajeko atea automatikoki itxi zelarik. Sekuritate-sistemaren zelula fotoelektrikoaren izpiak eten egin ziren eurak igarotzean, nonbait. Sukaldean ziren. Izotza atera zuen hozkailutik aluminiozko ontzian motordunak.

        —Goazen horra! —agindu zion.

        Laster osotu ei zuen etxearen krokisa buruan Anak. Ezkerreko hegalean zegoen sukaldea. Pasilo txikia iragan eta egongeletariko batetara heldu ziren. Aho biko atean armarri parearen irudiak, deitura ezagunei dagozkienak biak eta begibistako arrazoiengatik isildu egiten ditudanak; eurotan, lapikoak, piztiak, ezpatak, ilargia, betiko euskaldun garbien maniak eta tiraniak. Egongela ez zen inondik ere arrunta.

        Lau zokondoetan gurutzadetako zaldun-jantzi bana. Begien aurrean zituen zokondo bietako zaldun-jantzietako gurutzeak berdinak ziren. Denean, koloreetan ezik. Ezkerreko gurutzea gorria zen; eskuinekoa, aldiz, berdea. Anaren azalpenen arauera, Calatrava eta Alcantara ordenen jantziak ziren, hurrenez hurren. Sarrera-atearen hormako zokondoetan aldiz, gurutze berdintsuak; gorri-beltz bakana batean eta ezagunagoa egin zitzaion San Fernandoren gurutzea bestean. Ezkerreko horman leiho handia, gortina astunez estalita; eskuinaldekoan halako maniki bat zegoen, ezein jantzirik gabe. Mahai borobil handia erdi-erdian, komikietan agertu ohi diren zurezko besaulki beltzez inguraturik. Gazteluren baten ikusi zuen bere burua Anak.

        Ordurarte ikusi gabeko ate txikitxoa ireki zuen tipoak. Erdiaroko ziega-atea zen hura. Ikaratu egin zen, zeren edo noren beldur zen zehaztu ezinik.

        Logelan sartu ziren. Ohe itzel handia zegoen atzeko hormaren kontra. Hormetan ezkutak, ezpatak, arkabuzak eta hainbat gerra-tresna. Oheko lau hankak ia sabairaino heltzen ziren.

        Ivanhoe filmean ikusitakoa ekarri zioten burura neskari, azulez eta urrez brodatu halako oihal astunak burutzen bait zuen ohearen goiko estaldura. Euskal estiloko kaixaren gainean zegoen argimutileko kandelak piztu ondoren amata egin zituen argi elektrikoak.

        —Zoaz alboko gelara —aginduz esan zion atzera ere— eta armairuko ateak ireki. Ikusiko duzun jantzia imini behar duzu aldean, beste ezer barik. Oinutsik gura zaitut. Eta askatu egizu ulea.

        Anaren adatsa luzea da, gerrirainokoa ia. Horrexegatik edo aukeratu zuen gau hartako jokorako irten hark, nork daki. Zena zelakoagatik izanik ere, armairua zegoen gelan sartu zen. Ohe txiki bat ere bazegoen frailearen logelatzat har zitekeen hartan. Agindu bezala egin ei zuen neskak, artegatasuna hala edo nola uxatzearren, boltsan ondo gordeta zeukan txekeko zenbakirantz hegaldatzen utziz irudimena.

        Estrainioa begitandu zitzaion jantzia. Aurrekaldea irekita eta ez botoirik, ez gerrikorik, ez ixteko beste ezer zeukan, xingola pare bi baino. Gorria zen eta atzekaldean urrez brodatutako laukia zeukan, erdi erdian, Anaren garondotik gerrirainoko gainazalaren neurri egokian josi izan bailuten. Zaldiekin gogoratu zen, zertan jakin barik.

        Logelara itzuli zenean, gurutzatuz jantzita aurkitu zuen zaldi-motorduna; oinetan sandaliak, tunika luzea lepotik txorkatiletaraino, kapa fuksia lepoan behera eta gurutze gorria bularraldean; eskuetan halako liburu handia zeukan, antigualekoa itxuraz.

        Ohean eta ahozpera etzateko agindu zion. Halaxe egin zuen Anak. Beronen atzean jarrita, ikutu gabe, liburua irakurtzen hasi zen berehala gurutzatua.

—Zaldieriaren Ordenako Liburua —halaxe esaten hasi ei zen, ahotsa urdailetik ekarrita—. Lagunon hori, zaldieriaren arau eta ordenak dira liburu honetan, zeinetan noizean behin irakurtzen bait dut, gogoraraz diezadan Jainkoak berak mundu honetan egin dizkidan dohain eta mesedeak, zeren nire ahalmen osoaz ondratu izan bait dut, eta mantendu, Zaldieriaren Ordena; ezen zaldunak berezkoaduen guztia zaldieriak ematenduen era berean, zaldunak bere ahalegin guztiak erabili behar ditu zaldieria ondrarazten.

        Anak ez zuen zirkinik ere egiten. Harrituta zegoen. Zaldunak irakurtzen segitu zuen, beste ezer egin barik, harik eta harako beste zatira heldu zen arte. Orduan, irakurri ahala, ezker eskua sabelaldera luzatu eta gorantz altxarazi zion neskari. Lau hanka gainean geratu zen, ukalondo eta belaunak behearen gainean. Beste eskua adatsera eraman zion. Garondotik bekokiraino, erdi-erdian irekiz ildoa, alde bietara banatu eta lotuta zituen txingolak askatu zizkion. Torneorako gertatu duten zaldia eman behar zuela pentsatu zuen Anak. Halaxe bide zen, gurutzatu irtenak irakurri zionaren arabera behinik behin.

—Zaldia, piztien artean ederrena —irakurtzeari ekin zion berriro—, arinena eta behar handienari eusteko kapazena, gizonari zerbitzatzeko egokiena. Eta zaldia denez animaliarik nobleena eta gizonari zerbitzatzeko komenigarriena, halaxe izan zen zaldia aukeratua animalia guztien artean —hitzok esatean altxatu egin zion jantzia, agirian utzirik ipurdia eta alua zaldunaren lantzaren aurre-aurrean, iletzak baino beste ezerk oztopatu barik haien ikustea— eta beste mila gizonen artean aukeratua, izan zen gizonari emana.

        Ana ez zen konturatu. Barruraino landatu zion zakila, minik ematen zion ala ez, horren konturik egin gabe zaldun gurutzatuak. Orduan albora utzi zuen liburua, beso biez eustearren sama inguruan neskari. Zaldunak han barruan eragiten zion artean, neskak liburuaren egilearen izena ere irakurri zuen: Ramon Llull. Irten hark zamalkatu egin zuen, literalki, neskaren gainean; astiro hasieran; laster, esku zabalduez ditiak basati igurtziz, azkarrago; tropelka azkenean.

        Behingoan eten zen zamalketa.

        Isuri beroa sentitu zuen barruan Anak. Oka egin zukeen gustora.

        Ordurartekoan, sexua ez zen inoiz arazo izana berarentzat; alabaina, hura! Hura piztiaren pare tratatzea zen.