Speed gauak
Speed gauak
1991, nobela
154 orrialde
84-86766-37-0
azala: Joel Peter Johnson
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Bainugelan

 

Bainontzian dago Zitrona. Ur apartsua ditietaraino. Billik eskuez eragiten dituen noiz behinkako uhintxoek estali eta desestali egiten dituzte haragizko gailurrok. More daude, ezpainak bezala, ubelduta. Hotzegi dario ura, beharbada. Lepoa ematen zidatenez ezinezkoa izan arren aurrekaldekorik ikustea, Billiren txabusina irekita nabaritu nuen.Hanbeheandago gerrikoa, botata. Ditiak ikusteko gogo mina sartu zitzaidan. Zeremoniak, hala ere, bere erritmoa zuen. Begira geratu nintzen.

        Zitronaren bekokiaren goian jarrita belakia —begiak itxita ditu berak— estutu egiten du anfitrionak, astiro. Ur-xorrotadatxoa bekokian jausi da; bertan jo eta garondorantz abiatu da, sudur-alboetan behera, okozpean barrena, lepoa hasten deneko aranera bilduz ileadats luzea, mendian behera erreka zabalaren bila datozen hamaika lats txikiren irudi. Bizkarrezurrak eratzen duen ubide luzean elkar topa dute Billiren esku biek, ur xaboitsuaz blai, gorantz bata, beherako bidean bestea. Besarkatuta du Zitrona, bertikalean.

        Esponjatiko ur-txorrotxoa agertutakoan astiro-astiro makurtu du burua Billik. Beraren ezpainak Zitronaren garondoan pausatzen susmatu uste izan ditut. Zirkintxo bat eta Zitronaren ditiburuak nire begientzat dira. Zitronaren haragi-gailurrak, gogortuta, tente! Min emanzidaten eskuturretan, amilburuanbanengobainozorabio itzelagoa bait zen nirea.

        Mazusta ubelak txatxamurka egiteari ekin dio Billik, esku biez. Zitronak ahoa zabaldu gabe arnasa hartzen du, bufadaka, bere ezpainak haginkatuz, airea bera ere haragizkoa bailitzan.

        Luzaroan dabilkio garondoan Billi, presarik gabe, erleek loreztia xurgatzeko duten arreta berdintsuaz, sena hutsez. Hotzikara itzelak zeharkatu du Zitronaren gorputza behetik gora halako batean. Egundoko haragikara izan da, ezpainetan barrurantzako hasperena lehertarazi diona, plazerea eta mina aldi berean etortzeak eragin dion alarua jan guran.

        —Hara, hara, gure laztanaren zidarrezko bekokia; hara, hara, gure laztanaren ule urregorrizkoa; hara, hara, gure laztanaren koralezko azaltxoa... —hitz egin eta tarteka belarri-gangailak haginkatzen dizkio, ezkerra lehenik, eskuina ostean, behin eta berriro. Bainontziko uretan sortu den uhintxo-sortak isladatzen du Zitronaren gorputza dardarazten duen atsegina.

        —Gure laztan polittak dana garbittu behar dau, lolo joateko, dana, bai, mamorroren bildur izan barik egiteko lolo gure galantak, ze mamorrok eroan egiten dittu ume koipeztotxoak. Garbittu, bai, lepoa, bizkarra, ipurdiko mamintxo goxoak eta hori «ursuliña» hori be, ezta, tutubeltz?

        Zitrona belaunbiko dago bainontzian. Azken hitzekin batera ipurdiraino ekarri du Isa Billik belakia. Hantxe igurtzen hasi da. Zitronak zabaldu egin ditu hankak. Belakia uretara jausten utzi dute. Eskutsik dihardute, elkar laztantzen. Hara hor Zitronaren zauri zaharra, ireki berria orain. Haragirik gutiziagarriena, muskuilurik biziena, neu ere jan guran nabilen muskila.

        Zerbait idoro duelako edo, astiroago dabil eskua, niri ezezagun zaidan zer horri eutsiko bailion eraginez besoari ere, irudi konikoak eratuz ardatz ikustezinen baten inguruan, aurrera-atzera, ezker-eskuin, sinkronikoki lotuta higidura guztiak, zirkinik txikiena bera ere dantza horretan integratuz. Ia sinbolikoa zen zeremonia.

        Billik zereginik gabe izan dueneskua bestearen ingurura dator, horrek egiten duen berbera atzekoz-aurrera egiten hasteko. Azkenean lotu egin dira, geldi, Billiren eskuak Zitronaren Opaltegiko Arkupetan. Halako zaldi-lepoa eratzen dute esku elkarri lotuek. Alua bertan pausatuta zamalkatzen hasi da Zitrona, Atseginaldeko Eremuetan barrena. Haragi-mintzoz zurituta muskiltxoa, ubegia irekitzen zaio han barruan. Irrintzika ari dena ez da zaldia, zalduntesa baino. Zitronarenak dira garrasitxook, Billirenak gabe. Billi jolasean galdu da.

        —Zer dauko gure umeak, gure umeak, zer dauko? Zaldi gainean dator, zaldi gainean, arin, arin. Iges doa gure neskatoa, iges zaldi gainean, zaldi azularen gainean eta lakuan barrena.

        Belarriak haginkatzeari ekin zion berriro ere Billik. Zertan gehiagorik ikusi?

        Ateko txirrinaren hotsa entzun zen. Nesketarikoren batek zabaldu zuen.

        —Ahaztuta utzi ditut giltzak goizean. Barkatu.

        —Goizean? Atzo goizean esan gurako dozu, ze ja zapatua da eta. Eskerrak ez nagoena bakarrik.

        Ile-adats luzea ikusi nuen beste ezer baino lehen sartzen egongelan. Lehentxeago aditu nuen ahotsa eta ile haren artean halako lotura berezia zegoen, biek batak bestean irauten zutela eman zidan. Ezin zitekeen beste adatsik izan, ez, hormonek zigorturikoa begitandu zitzaidan adats horri zegokiona. Adatsaren jabea ihia bezalakoa zen, argala eta luzenga, eta katua besartean hartzeko makurtu zenean ohartu nintzenez, malgua ere.

        —Duncan, pitxin, nola ni gabe? —amultsuki mintzatu zitzaion katuari—. Lapurtu egin dute jantzia.

        Katua besartean zuelarik esan zituen azken hitzok. Nik neuk ez nuen ezer ulertu orduan. Billik egundoko ustegabekoa hartu zuen, aitzitik. Zurbil geratu zen. Zitronak berak ez dut uste nik baino hobeto ulertzen zuenik hango ezer. Etorri berriak berriz, basoa eskutik kendu niri, ginebraz bete eta xurrutada ederra jo zuen. Neuk neure saman behera nabaritu uste izan nuen edariaren labankada errekorra.

        —Gose naiz. Eman al diozue afaria katuari? Zatozte sukaldera eta zerbait jaten dudan bitartean kontatuko dizuet dakidana.