Poesia kaiera
Poesia kaiera
Saint-John Perse
itzulpena: Santi Leoné
2021, poesia
64 orrialde
978-84-17051-74-7
Saint-John Perse
1887-1975
 
Poesia kaiera
Saint-John Perse
itzulpena: Santi Leoné
2021, poesia
64 orrialde
978-84-17051-74-7
aurkibidea
 

 

Elurra

 

Françoise-Renée Saint-Leger Leger-i

 

I

 

    Eta elurra etorri zen orduan, absentziaren lehen elurra, ametsez eta errealitateaz ehunduriko oihaletan; eta atsekabe guzia memoriaren gizonei utzia, zapien freskura sumatu genuen lokietan. Eta goizean izan zen, egunsentiaren gatz grisaren pean, seigarren ordua baino lehentxeago, aterpe zoritsu batean bezala, grazia eta errukiaren leku batean, isiltasunaren oda handien saldoa kanporatzeko egokia.

 

    Eta gau osoan, gure oharkabean, lumaren balentria honen azpian, arimen aztarna eta arimen zama goraki eramanez, ipurtargiz zulaturiko pomiz harrizko hiri handiak, beren pisuaren ahanzkor, gelditu gabe aritu ziren gailentzeraino handitzen. Eta memoria fidagaitza eta kontakizun noragabea dituztenek baizik ez zuten horretaz zer edo zer jakin. Gauza noble hauetan espirituak noraino hartu zuen parte ez dakigu.

 

    Inork ez du atzeman, inork ez du jakin, harrizko fatxada garaienean, nola hasi den loratzen zetazko ordu hau, nola hasi den lurra hunkitzen gauza arrunt hauskor eta ezdeus hau, betileen igurtzi bat bezain. Brontzezko estalgarri eta altzairu kromatuzko irtenguneen gainean, portzelana higatuzko blokeen eta beira lodizko teilen gainean, marmol beltzezko orratzaren eta metal zurizko ezproiaren gainean, inork ez du atzeman, inork ez du lohitu

 

    sortzen ari zen hatsaren laino hau, ezpata biluztu berri baten lehen hotzikara bezalakoa... Elurra ari zuen, eta hona hemen guk zeinen ederra izan zen esanen dugula: egunsentia, bere lumetan isilik espirituak bulkaturiko alegiazko hontz handi baten antzera, bere gorputzaren dalia zuria hanpatzen ari zen. Eta alde guzietan dena zitzaigun mirestekoa eta poztekoa. Eta salbazioa izan dadila zabaltzetan, zeinetan, aurreko udan, Arkitektoak zataren arrautzak erakutsi baitzizkigun.

 

 

II

 

    Badakit ostren arraba-eremu argiantz honetan larri dabiltzan itsasontziak piztiak bezala orroka aritzen direla, sorgor, gizonen eta jainkoen itsutasunaren kontra; eta munduko zoritxar guzia deika ari zaio pilotuari estuarioetan barna. Badakit ugalde handien ur-jauzietan aliantza arrotzak sortzen direla, zeruaren eta uraren artekoak: gau-tximeleten eztei zuriak, trikopteroen ospakizun zuriak. Eta kristalpeko palmondo-sailen antza duten egunsentiko lurrunez beteriko tren-geltokietan mihuraren besta sortu du gau esnekarak.

 

    Eta orobat fabriketako sirena aditu zen, seigarren ordua eta goizeko txanda aldaketa baino lehentxeago, han goian, laku handien herrialde hartan, non gau osoan argituriko ontziolek izarrezko parra garai bat ezartzen duten besorako zeruan: mila lanpara, gauaren zetazko gauzek laztandurik. Hazten ari diren perla-ostra handiak, orbanik gabeko perla-ostra handiak, beren erantzuna ari ote dira hausnartzen ur sakonetan? O, berriz sortzekoak diren gauzak, o, zuek, erantzun huts! Eta azkenik hutsik eta akatsik gabeko ikuspegia!

 

    Elurra ari du burdinurtuzko jainkoen gainean eta liturgia bizkorrek forjaturiko altzairutegien gainean; zeparen eta zaborraren gainean eta lubetetako sasien gainean: elurra ari du gizonen sukarraren eta tresnen gainean — elur finagoa, basamortuko martorri-alea baino; elur freskoagoa, apirileko abere gazteen esnea baino... Elurra ari du han behean, Mendebalde aldera, silo eta arrantxoen gainean, eta paldoek zeharkatzen dituzten historiarik gabeko zelai neurrigabeen gainean; sortzekoak diren hirien trazaduraren gainean eta abandonaturiko kanpamenduetako errauts hilaren gainean;

 

    azidoz pozoituriko luberritu gabeko goi-lurren gainean, eta, gerrako trofeoak balira bezala, txarrantxazko arranoak katigaturik dituzten izei beltzen horden gainean... Zer zenioen, ehiztari, atseden emandako zure bi eskuez? Eta gau honetan zein samurtasun asaldagarrik paratu du masaila bide-urratzailearen aizkoraren gainean? Elurra ari du, kristandadetik harago, lahar gazteenen eta abere berrienen gainean. Munduaren emaztea, nire presentzia... Eta hor nonbait, munduan, isiltasunak laritz amets bat argitzen duen tokian, tristurak bere neskame maskara kendu du.

 

 

III

 

    Ez zen aski hainbeste itsasok, ez zen aski hainbeste lurraldek gure urteen bideak barreiatu izana. Gure pausoen sarea, gero eta astunago, zirgatzen dugun bazter berri honetan elurraren kantu hau besterik ez zen falta gure urratsen aztarnak ebasteko... Lur zabaleneko bideetan barna hedatzen ari zara gure urteen zentzua eta neurria, absentziaren elur emankor, esperatzen abailduriko emaztekien bihotzetako elur anker?

 

    Eta nire arrazako emazteki guzien artean gogoan dudan Horrek bere adin handiaren barne-barnetik goratzen du bere Jainkoarengana gozotasunez beteriko bisaia. Eta leinu aratza da, nire baitan bere graziari eusten diona. “Utz gaitzatela gu biok bakarrik zuk erabiltzen dakizun solasik gabeko hizkuntza honekin, o, zu, osorik presentzia zaren hori. Eta gure pausoen gaineko graziaren Ave bat bezala ahapeka dabil kantari gure arrazaren kantu ezin garbiagoa. Eta denbora luzea baita nigan itzarria dagoela agonia goxo hau.

 

    Jatorri goreneko Andrea izan zen zure arima, zure gurutzeen itzalpean mutu; baina adin handiko emazteki gajoaren haragia izan zen zure bihotz bizia, emazteki bakarrarena baina emazteki guziengan hilduratua. Gatibu hartutako herri ederraren bihotzean, elorria erreko dugun herrian, hori zoritxarra gizonen besoek huts egin dieten adin guzietako emaztekiena. Eta nork eramanen zaitu, bada, alarguntza handi honetan, lurpeko zure Elizetara, non argia eskasa baita eta erlea, jainkotiarra?

 

    ...Eta lurralde urrunetan isilik egon naizen denbora honetan guzian, zurbiltzen ikusi ditut zure begi higatuak laharretako arrosa zurbiletan. Eta zu baizik ez zinen libre gizonaren bihotzean harri beltz bat bezalakoa den isiltasun horretatik... Zeren jaberik ez duen lurralde feudala baitira gure urteak, baina gure pausoen gaineko graziaren Ave handi baten antzera, urrundik segika dabilkigu gure leinu garbiaren kantua; eta hain denbora luzea da gure baitan itzarria dagoela agonia goxo hau.

 

    Elurra ari zuen, gau hartan, eskuak batzen dituzun munduaren alde horretan?... Kateen burrunba aditzen da hemengo kaleetan, non gizonak lasterka doazen beren itzalaren atzetik. Eta guk ez genekien munduan hainbeste kate zegoenik, egunero ihesi doazen gurpilak hornitzeko. Eta palek ere zarata handia ateratzen dute gure ateetan, o bijiliak! Eta langile beltzak lurreko zarakarren gainean dabiltza gatzaren zerga-biltzaileak balira bezala. Lanpara batek

 

    bizirik segitzen du gauaren minbizian. Eta errauts arrosazko hegazti batek, uda osoan brasazkoa izan denak, neguko kriptak argitu ditu bat-batean, Milagarren Urteko Orduen liburuetako Faisaiak bezala... Munduaren emaztea, nire presentzia; munduaren emaztea, nire itxarotea! Xarma gaitzala oraindik gezurraren hats freskoak!... Eta gizonengan dago gizonen tristura, baina baita indar hau ere, eta grazia hau, tarteka naski irribarre eginarazten diena”.

 

 

IV

 

    Kontuak ateratzen, bakarrik, hemen, elur Ozeano batek inguratzen duen kantoiko gela garai honetan... Unearen badaezpadako apopilo, agiririk eta lekukorik gabeko gizon, nire ohatzea urruntzera utzi behar dut piragua bat bere badiatik aldentzen den bezala?... Kanpamendua sorterritik gero eta urrunago finkatzen dutenek, beren barkua egunero bazter ezberdin batera eramaten dutenek gero eta hobeki ezagutzen dute gauza irakurtezinen bidea; eta errekan goiti iturrirantz doazelarik, forma berdeen artean, argitasun latz batek harrapatzen ditu bat-batean, zeinean hizkuntza guziek beren armak galtzen baitituzte.

 

    Horrela, erdi biluzik elurraren Ozeanoaren erdian, zabu-zabuka ibiltzetik bat-batean libre, hitzen menpe ez dagoen asmo berezi batek bultzaturik dabil gizona. Munduaren emaztea, nire presentzia; munduaren emaztea, nire zuhurtzia!... Eta egunarekin batera jatorrizko uretara abiatuta, ilargi berriarekin doan bidaiaria bezala, zeinaren jarrera fidagaitza baita eta ibilera, noragabea, hona hemen hizkuntzaren geruza zaharrenetan ibiltzeko asmoa dudala, maila fonetiko garaienetan: arras hizkuntza urrunetara ailegatu arte, arras hizkuntza osatu eta patxadatsuetara,

 

    hizkuntza dravidiar haiek bezala, “atzo” eta “bihar” bereizteko hitz diferenterik ez zutenak. Etorri eta jarrai iezaguzue, esateko hitzik ez dugu eta: grafiarik gabeko gozamen huts honetan barna goaz goiti, gizakien antzinako esaldiaren ibilbidean; elisio argien artetik mugitzen gara, iniziala galdurik duten aurrizkien aztarnen artetik eta, hizkuntzalaritzaren lan ederrei aurrea hartuz, bide berriak urratzen ari gara aditu gabeko lokuzio hauetaraino, zeinetan hasperenak bokaletatik harago egin baitu atzera, eta hatsaren modulazioa, halako ezpainkari erdiahostunek lagunduta, bukaera bokaliko garbien bila hedatzen baita.

 

    ...Eta goizean izan zen, ele aratzenaren pean, herri eder bat herrarik eta zitalkeriarik gabea, grazia eta errukiaren leku bat, espirituaren hutsik gabeko iragarpenak igan daitezen; eta gure pausoen gaineko graziaren Ave handi bat bezala, elur guzien arrosadi zuri guzia gure inguruan... Unbelen eta korinboen freskura, babaren azpiko ariloaren freskura; a!, hainbeste otil oraindik alderraiaren ezpainetan!... Leku libreago batean, zein flora klase berrik absolbituko gaitu loretik eta fruitutik? Adin handiko emaztekien eskuetan, hezurrezko zein anezkak, adin gazteko emaztekien eskuetan, bolizko zein amandak

 

    ehunduko digu oihal freskoagorik, bizirik daudenen erremina arintzeko?... Munduaren emaztea, gure presentzia; munduaren emaztea, gure itxarotea... A!, ametsaren intsusa guzia gure aurpegian! Eta oraindik xarmatzen gaitu, o, mundu!, gezurra darion zure hats freskoak! Ugaldeak igarotzen ahal diren tokian, elurrak igarotzen ahal diren tokian, igaro ezin den arima bat zeharkatuko dugu gaur iluntzean... Eta harago ametsaren oihal handiak daude, eta ondasun galkor guzia, zeinari gizakiak bere patua lotzen baitio...

 

*

 

    Geroztik, orrialde hau, non ez den gehiago ezer izkiriatzen.

 

New York, 1944