Poesia kaiera
Poesia kaiera
Louis Aragon
itzulpena: Itziar Diez de Ultzurrun SagalÓ
2019, poesia
64 orrialde
978-84-17051-32-7
Louis Aragon
1897-1982
 
 

 

 

Betor gorroto nauena eta hil nazala

Eskerrik asko erranen diot ene odol guztiaz

 

Diote hiltzeko orduan oroimenak

Bizitza aztertzen duela

Libra nazazue proba horretatik libra

Nazazue denbora irauliaren proba horretatik

Zer egin ote nik zeruari oroitu behar izateko

 

Denbora madarikatuen gela horietan barrena herratu bertzerik ez dut nahi

Ateak zabaltzen ari natzaio geure isiltasunari

Liliontzi pitzatu batetik ihesean dantzut iragana

Eta ur eskasiagatik zimeltzen lilia lokatzean ezabatzen

usaina

Zure besoetan egon bertzerik ez dut behar ahanzturazko zure beso bikunetan

 

Gelak aulki baten gainean jantziak jaurtiak dauzkatenak

Gaur gauean ez dut zapata galdua bilatuko

Ez ditut zabalduko mahai gainean zain dauzkadan gutunak

Ene ezpainak zure sorbaldan itotzen ditu gau zaharretako zinkurinak

Gelak non altzari ahantziak baizik ez baitira jada solastatzen

        iluntasunean

 

Bidaiaren amaierara iristen ari gara Zaldiak

Akiturik daude Are girgilak

Iraungitzen ari

Zeinen luzea eta zeinen geldoa izan zitzaidan guztia

Belauniko ibili ditut nire urteak

Odoletan daude nire bideak

 

Gure inguruko paisaiak gupida bertze

Zuhaitzik ez du jada

Zinkurinak baizik ez dira aditzen mendean barrena Beraz

Ezin izanen dugu deus egin ezpada itsuski ikusi

Martiritza eta erailketa

Sinetsi nuen halere sinetsi nuen

Oi zure hatz guriak ene ahoan

Ez naiz nitaz gupidatzen ene haurra bertzeez

Baizik txingorrak zulatu zanpatu bertzeen gariaz

Eta ezin bertzerik egiteaz ezpada laurgitua izatea

Orain badakit nola diren gauzak geldiro-

geldiro aletzen

Gure inguruan begiradaren gandu hau baino ez da geratzen

Ez baitu sekula amaitzen amaitzez

Zein ote baina azkeneko hitzak

Zeinen ondotik ez den deus gertatzen eta bihotza hormatzen den

Ez ditut jada aditzen jendearen oin-hots presatsuak

Atezainak ez ditu igo arratsaldeko egunkariak

 

Ai ez zaitez urrundu ez zaitez lokartu nik zuri erran aurretik

Azkenean funtsezkoa behar zaizu-eta

Erran

Bizi osoko sekretu hura ordu honetan

Nire ezpaineko airean pilpiraka oraindik gure artean

Aitormenaren hegal margulak eta zabalduz doala

Lore-hautsa hitzen zamaz arinduta

 

Ez dut izanen Ez nuen izanen denborarik azkenean errateko

        dakidana azkenean dakidana Hartara jarri naiz

Neure azkenean nagoela oi denbora

Galdua ongia eta gaizkia

Bereizteko denbora hain berandu

Hasi izanaren denbora

                                Ehuna

Hautsia Ito

egiten naiz

 

Bizitzea azken finean badakit azkenean zer izan den

Ene maitea

             eta zein ona den sinesten

Saihestea eta sinestea

Ezestea eta sinetsi gabe

Hiltzea

 

Baina bat-batean zer ote lauhazka hori nire buruan

Bertso alexandrinoen ilara hori nire gogoz kontrara

Apatx horien putinka nire pentsamenduan

Ferra horien mailukadak

Nire lokietan Iragaten den denbora da denbora

Denbora jasaterik ez duena ezin

Iragatea Amaiera ororen amaierako denbora

Iraganik doana

 

 

Bizitzea azken finean erratera nindoan baina

Badut agian oraindik denborarik badut aski

Paper errateko paperezko denbora

Hitzen minutuak

Bizitzea azken finean

 

Bizitzea azken finean ez zen sekula izanen

Akats judizial finigaitz bat baizik eta ni bizi izan naiz

Hori errateko erantzunik gabeko liparrean

Gutxienez hori errateko erantzunik gabeko liparrean

Ezin duenean inork ezereza oihukatu bertzerik egin

 

Aditzen nauzu aditzen nauzu baina agian

Muturik nago jada hitzak nire baitan

Hiltzen ari dira aditzen nauzula

 

Halaxe da Dio bisaiarik gabeko ahotsak