Hiruki gatazkatsua
Hiruki gatazkatsua
2020, saiakera
96 orrialde
978-84-17051-51-8
Marina Sagastizabal
 
 

 

5.
Hiruki gatazkatsuaren
protagonistak

 

 

      Hurrengo lerroetako kontaketak hamalau elkarrizketaren emaitza dira[12]; burutzeko orduan, biografiaren metodoa jarraitu da. Emaitzok ez dute orokortasuna bilatzen, ezta adierazgarritasuna ere; testuinguru honetan sakontzea baizik.

      Elkarrizketatuei euren bizitza konta zezaten eskatu zitzaien, hiruki gatazkatsuarekin zerikusia duen ibilbidea, zehazki: familiarra, lan merkatukoa eta parte hartze soziopolitikoari lotutakoa. Hainbat ezaugarriren arabera hautatu ziren elkarrizketatuak: generoa, klase soziala, adina, zaintzarekiko ardura, parte hartze soziopolitikoarekiko inplikazioa eta lan merkatuarekiko harremana. Bizitzan zehar indar eta konpromiso maila altuarekin aritu dira batzuetan, erritmo eta bizitasun apalagoarekin besteetan, baina guzti-guztiak hiruki gatazkatsuaren protagonistak izan dira. Horrez gain, aintzat hartu behar da aukeraketaren prozedura honek indarguneak zein ahulguneak dituela[13].

      Hainbat belaunalditako pertsonen bizipenak izango ditugu hizpide: gazteenak 25 urte ditu eta zaharrenak 72. Testuingurua nabarmen aldatu da belaunaldi zaharrenetik gazteenera, beraz: Francoren diktaduratik gaur egungo egoerara doan ibilbide historikoa marrazten dute kontakizunek. Haatik, elementu egonkorrak ere baditugu, esaterako, genero estereotipoei eta sexuaren araberako lan banaketari lotutakoak. Jarraian, aurreko lerroetan aipatutako alderdi teorikoa lurreratzen saiatuko gara, protagonisten bizipenei eta sentimenduei so egin eta aldatzeko aukerez hausnartu; beraz, hiruki gatazkatsua bizitzeko hiru modu azalduko dira: lurreratzea, gorpuztea eta eraldatzea.

 

 

5.1.
LURRERATZEA:
AMA TXARRAK ETA
TXANPIÑOI MILITANTEAK

 

      Hiruki gatazkatsuaren lehen mailako protagonistak amak eta enpleguan zein parte hartze soziopolitikoan lehen lerroan mantendutakoak izan dira. Pilar, Carmen eta Lohitzune ditugu lekuko. Pilar da hiruren artean zaharrena: 72 urte ditu, erretiratua dago eta egun mugimendu feministan buru-belarri dabil. Ama izan zen duela urte dezente, garai hartan fabrika batean lan egin eta bertako langile mugimenduan inplikazio handia zuen. Hala, Francoren garaian mugimendu hartan inplikatzeagatik, Polizia atzetik zeukala kontatu zigun:

      Gure kide bat atxilotu zuten, orduan berehala abisatu ziguten. Ni fabrikan lanean ari nintzen eta saltsa honetan guztian haurdun geratzea erabaki nuen. Horregatik amatasun-baimenarekin nengoen, egun horretan okindegitik atera eta neba etorri zitzaidan; handik korrika batean atera behar nuela, Guardia Zibilaren jeep bat nire bila baitzetorren. Nire eta nire lagunaren bila; izan ere, emakume bat holako gauzak egiten, haurdun egonda gainera, senarra gabe ezinezkoa baitzen. Zuzenean haren [senarraren] bila joan ziren, baina aurreratu egin ginen. Normalean holako gauzak egiterakoan toki seguru bat bilatu behar zenuen, arazoak izanez gero bertan ezkutatzeko. Eta halaxe egin genuen, etxe horretara joan ginen. [...] Atxilotutako kideak ez zuen izen gehiagorik eman; hala eta guztiz ere, ni barruraino sartuta nengoen eta erditzeko oso gutxi falta zitzaidan.

      Ama eta klandestinitatean, ez da egoera makala gure protagonistarena. Ingurukoekin gogor borrokatu behar izan zuen bere konpromisoa mantentzeko; zaintza lanetan bikoteak ez zuen ardurarik hartu eta umearekin zer egin bileretara edo asanbladetara joateko eguneroko eztabaida bilakatu zen. Gehienetan, asanbladetara umea “besapean” eramaten zuen amak, eta gurasoek orduak eta orduak debatean igarotzen zituzten bitartean, umea gelatik korrika eta jolasean; “ezin astunagoak zineten” esaten zion gerora alabak Pilarri.

      Diktaduraren garaian, emakumearen patua oso argia zen: ama eta emazte. Beraz, emakume langile izatea ez zen begi onez ikusten. Pilarrek azaldu lez, ezkondutakoan ezkongabearen karneta gorde zuen fabrikan lanean jarraitu ahal izateko; garai hartan, emakumezko ezkongabeen enplegua bultzatzen zen, ezkonduak etxera bultzatuz, lehenagoko garai batean baita legez debekatu ere emakume ezkonduei, eta horregatik, gehienak ekonomia informalean aritzen ziren. Gainera, jendartearentzat langile izatea problematikoa bazen, are gehiago militantea.

      Egun, lan merkatuan aritzea ez da arraroa; militante izatea, aitzitik, ez da hain ohikoa, afera gatazkatsua baitugu oraindik. Halaxe azaldu digu Lohitzunek, hirukote honetan gazteenak, 56 urte ditu eta bi seme-alaba. Amatasunaz eta enpleguaz gain, urteetan udalean parte hartu izan du, politikaren eremu formalean. Bikotearekin ika-mikak, maiz, hala azpimarratu du:

      Nik arazoak eduki nituen, eta gaur ere arazoak badauzkat nire lagunarekin, beti esaten du ea zertan sartu behar naizen ni holakoetan, ez ote daukadan nahikoa nire bizitzarekin, ez? Eta hori da oso molde, bueno, pentsamolde nahiko arrunta izan daiteke.

      Amatasuna eta politika uztartzea ez da lan erraza, bereziki, umeak txikiak direnean; sarritan bikotearekin sesioa izateaz gain, seme-alabek amaren falta sumatu dute etxean. Hiru protagonistek aitortu dute zaila izan dela seme-alabek amaren hutsunea ulertzea. Inguru sozialak ama hauen lehentasun eta zeregin nagusia zaintzan kokatzen du, eta, hortaz, amen ausentziak ez dira zilegi; aitenak, bai. Hala baieztatu du Lohitzunek:

      Herriko jendea beti, politikagintzan ibilitakoa: gure garaian bai egiten genituela batzarrak, hamabiak eta ordu bata arte egoten ginen hemen eztabaidan. Bai, eta poteak hartzen, eta etxean inor ez zegoen zain.

      Badira denbora hegemonikoak eta bazterrean kokatuak: enplegua aitzakia legitimoa izan daiteke umeen aurrean amaren hutsunea ulerrarazteko, batez ere, ama guraso bakarreko familien kasuan; parte hartze soziopolitikoa, ordea, ez da aitzakia nahikoa. Seme-alabak, amaren falta ulertu ez eta, batzuetan, abandonaturik sentitu baitira. Hori dela eta, erruduntasuna mintzagai izan da kontakizunetan, ama hauek sentimendu honi aurre egin behar izan diotelako eta hura agertu zaigu, bereziki, seme-alabei buruz hitz egiterakoan. Honen adibide dugu Lohitzunek eta Carmenek kontatutakoa.

      Lohitzunek:

      Umea pixka bat: ama, gaur ere lan horretan egin behar duzu?, bai? Lana goizean eta beste bat arratsaldean? Haiek ez dute ulertzen, ez? Niri ere esan didate inoiz: udaletxean lan egiten duzunetik... ez? Hori da, noski, ume batek ezin du hori ulertu, badoa ama eta ez dago, gero etorriko da, afarirako edo... korrika.

      Carmenek:

      Orduan nik lan egin behar nuen, di-da, korrika eta presaka ikastera, eta hortxe nire semea ez da abandonatua sentitu; bai sentitu da abandonatua ospitalean itxialdian egon naizenean, hainbat aldarrikapen zirela-eta. Amama eta aititarekin geratu baina abandonatua sentitu da. [...] Beno, ba errudun sentitzen zara, bai, ez dut ongi adierazi, errudun sentitzen zara.

      Carmenek 62 urte ditu eta, egoera ekonomikoa dela eta, egun berarekin bizi den seme bat. Bere garaian, aitaren laguntzarik gabe zaindu eta hezi zuen. Horrexegatik, dirua etxera eramatea garrantzitsua izan da; enplegua izateaz gain, aldi berean ikasketak burutu zituen, baita sindikalismoan konpromiso handiarekin aritu ere. Azaldu duenez, semeak ulertu du enpleguagatik edo ikasketengatik ama egon ez denean; aldiz, parte hartze soziopolitikoagatik egoera bestelakoa izan da.

      Gure protagonistak amatasunaren eraikuntza kulturalak ezarritako aginduetatik aldendu dira eta, horregatik, zigor soziala pairatu. Etxeko eremutik aldentzea ez dator bat amatasunaren eginbeharrekin, ezta feminitatearen eredu hegemonikoarekin ere, are gehiago, seme-alabekin denbora gutxiago igarotzeko arrazoia politikoa denean. Kontakizunetatik ondoriozta daiteke ama hauen inguruak gaizki deritzola beraien inplikazioari; hori dela eta, “ama txarraren” etiketa jarri izan diete sarritan, Pilarrek adierazi bezala:

      Ni ez naiz inoiz errudun sentitu ama izatean gaizki edo ongi aritzeagatik; esaten nien: bai, bai, esango didate ama txarra naizela baina berdin zait, nik, hauxe daukat.

      Hiruki gatazkatsuari buruz aritzean gizonen kontakizunak oso bestelakoak izan dira. Bigarren mailako protagonistak ditugu, parte hartze soziopolitikoa eta zaintza uztartzeko zailtasun handirik ez, etxeko eremua gutxitan izan baita lehentasuna. Hainbat autoreren esanetan (West eta Zimmerman, 1987; Coltrane, 2001), etxeko eremua generoa eraikitzeko edo deseraikitzeko esparru nagusia da eta batik bat, etxeko lanen inplikazioan neurtu daiteke maskulinitatearen deseraikuntza.

      Generoaren araberako sozializazioak eragina izan du gizonen bizipenetan. Sarritan, etxearen eta zaintzaren eremuan inplikazio baxua izan dute; elkarrizketatu batek esatera, “lasai asko egon daitezke zikinkeriaz inguratuta”. Finean, gizonak ez dira etxeko eremuan ardurak hartzeko sozializatuak izan eta hortik abantailak ateratzen dituzte maiz. Hainbat ikerketak seinalatu moduan, ohiko etxeko lanetan gizonen inplikazioa askoz baxuagoa da ez-ohiko etxeko lanetan baino (Moreno-Colom eta Borras, 2013; Ajenjo eta Garcia, 2014; Sagastizabal eta Luxan, 2015)[14]. Hurrengo pasarteak horren lekuko dira, Jon eta Albertorenak; lehenak 35 eta bigarrenak 58 urte, aitak eta hainbat mugimendutan inplikatutakoak.

      Jonek:

      Niri etxean gauza batzuk egiten zaizkit beste batzuk baino errazagoak, adibidez, labadora jartzea ez zait kostatzen, orain ontzi-garbigailua jarri dugu eta hori ez zait kostatzen, zaborra ateratzea ez zait kostatzen, janaria prestatzea ez zait gehiegi kostatzen, harrikoa egitea ez hainbeste, baina zintzilikatzea bai, zintzilikatzea gorroto dut. Eta lurra fregatzen eta erratza pasatzen horretan bai onartu behar dut ez dudala gehiegi egiten. Baina bikotearekin saiatu naiz hamaika aldiz lanak banatzeko taula batzuk egiten eta hori, baina berak ezetz dio, hori nigandik atera behar dela eta taula bat egin aurretik dagoeneko gauza horiek egiten egon beharko nintzela.

      Albertok:

      Azken boladan ba... ba andreak egiten du nik baino askoz gehiago janaria, bai, eta etxeko garbiketa ba, ere bai, hori onartzen dut. Nik daukat arazo bat, zikinkeria niretzat ez da arazoa, oso lasai nago nire ordenarekin eta nire garbitasunarekin. Noizbehinka ikusten badut, ostras, hau desmadratzen ari dela ba jartzen naiz eta egiten dut dena [...] adibidez, oheak, nik inoiz ez ditut egiten eta maindireak aldatu askoz gutxiago, bai, eta berak bai, beraren gauzak oraindik... baino ni lasai nago, lasai baino lasaiago... orduan, beti dauzkagu holako eztabaidak.

      Sozializazioak ez du laguntzen, ezta gizon hauen kontzientzia mailak genero arauak zalantzan jartzeko orduan ere. Hala eta guztiz ere, inguruak eta kanpoko faktoreek inplikaziorik eza bultzatzen dute; bereziki, lan merkatuak eta militantziak. Jonek ume txiki bat dauka eta lana dela-eta hamabi orduz etxetik kanpo egon beharra. Bikotea haurdun zegoen bitartean, sindikatu batean lanean hasi zen ume gastuei aurre egin ahal izateko, nahiz eta jakin horrek umearekin egoteko denbora kenduko ziola.

      Jonek:

      Ordutegia esan zidaten eta alde txarra zen nik banekiela ezingo nuela umea ikusi; zortzi ordu ziren goiz eta arratsalde, erdian bi ordu, atera eta etxeraino etorri behar, arratsaldeko 8etan iritsi, haur bati eman behar zaio jaten eta oheratu... Nik ikusten nuen ez nuela umea ikusiko egun osoan eta horrek buruhauste handiak sortzen zizkidan. Alde ona zen ez nuela bestelako lanik topatu behar; eta saiatu nintzen tokietan ez ninduten hartu. Eskaintza hura zen bakarra eta modu bakarra diru sarrera bat edukitzeko, ume bat izango duzunean interesgarri.

      Antzeko esperientziaz mintzatu da Garikoitz, 38 urte, eta hemendik gutxira aita izango da; urtetan politika formalean zein informalean aritu da. Aitortu duenez, militantzian prestutasun osoz aritzeagatik, ohikoena etxeko eremuan ardurarik ez hartzea izan da.

      Garikoitzek:

      Derrigortu beti derrigortuta egon naiz lanak egitera, gero beste gauza bat da nire abilezia eskakeorako baina bai, etxean beti lagundu dut, baina izan da beti laguntza, ez dut inoiz izan ardura bat, gauza puntualak nire gela egin, nire komuna, eta aitari ba kalean lagundu zerbaitetan baina berak ezin zuenean, bigarren pertsona bat behar zenean eta horrela, bestela ezer ez. Hori esan ahal dugu izan zela 2007ra arte, alkatetzan hasi nintzela, handik aurrera, hurrengo sei urteetan, ez nuen ezer egin.

      Beraz, kontakizunetatik ondoriozta dezakegu txanpiñoi militantea dela, gaur egun ere, gizonen artean gailendu den eredua. Parte hartze soziopolitikoaren bi mutur ditugu, hortaz: ama txarra eta txanpiñoi militantea. Haatik, bi hauen artean ñabardurak daude, zuria eta beltzaren artean grisak dauden bezalaxe. Horretarako, hiruki gatazkatsuaren protagonistek gorpuztutako bizipenei jarriko diegu arreta oraingoan, honen erraiei erreparatuz.

 

 

5.2.
GORPUZTEA:
HIRUKI GATAZKATSUAREN
ERRAIAK

 

      Hiruki gatazkatsuaren erraiei begiratzeko, parte hartze soziopolitikoari erreparatuko diogu bereziki. Honen atzean dauden bizipenei eta sentimenduei so egin eta zaintza lanekin uztartzeko orduan dauden zailtasunekin lotuko ditugu. Horrela, hurrengo lerroetan hainbat protagonistarekin egingo dugu topo, gazteenak 33 urte ditu eta zaharrenak 58; Garikoitz, Karla, Anabel, Erika eta Gotzon.

      Parte hartze soziopolitikoa bizitzeko eta sentitzeko moduak oso ezberdinak izan dira: betebeharra, nahia, ilusioa, lana, esfortzua, autoestimua... Norberaren egoeraren araberako nahi beste elementu topatu ditugu. Hala eta guztiz ere, denboraren ikuspegitik, bizipen kontrajarriak aurki daitezke: parte hartzearen denbora norberarentzako denbora gisa bizitzea edota besteentzako denbora gisa; hots, norberaren denboraren galera modura.

      Lehen bizipena bi elkarrizketetan, Garikoitz eta Karlarenetan, presente egon da: erruduntasun sentimenduetatik urrun, parte hartze soziopolitikoaren garrantziaz aritu dira; talde baten parte sentitu, autoestimua landu, aitortza eskuratu... Lehenak, besteentzako jarduera baino, norberarentzat egiten den zerbait dela azaldu du.

      Garikoitzek:

      Denok behar dugu talde baten barruan sentitzea edo egotea. [...] Esan nahi dut, neure burua ikusi behar dut edo egon behar naiz talde baten sartuta ondo sentitzeko, denok behar dugu besteen autoestimua, besteen... ondo ikusia zaudela eta guzti hori. [...] Nik jarraitzen dut egoten eta horregatik diot inoiz ez diodala utziko egoteari, ze benetan gustatzen zait proiektuak martxan ipintzea, ikustea gauzak gauzatzen direla, teorian hobeto bizitzeko baldintzak ipintzen nagoela edo, ez? Esan nahi dut nire ingurukoak hobeto badaude ni ere hobeto nago azken finean, ez da altruismoa, ez? azkenean niretzako ere egiten nabil, ez?

      Kontaketa honetan, beraz, militantzia norberaren denborarekin lotutako ekintza gisa agertzen zaigu, norberaren ongizatea bilatzeko jarduna, alegia. Karlaren esperientzian antzeko sentimenduekin egin dugu topo. 49 urte ditu eta bi seme-alaba, berak bakarrik zaindu eta hezi ditu, sarri zailtasunekin topatu da zaintza eta parte hartzea uztartzerakoan. Gainera, egun langabezian dago eta bere lehentasuna enplegua topatzea da.

      Karlak:

      Elkarte batean parte hartzen dut isolaturik ez egoteko, amatasunak isolatzen zaitu, berriz ere gauza txikien mundura eramaten zaitu, eta pozik egon zaitezke hor, baina... [...] Elkarteek jartzen naute... eroso nagoen esparrutik ateratzen naute, beti erronka berrien aurrean jarri, nire mundutik ateraz eta aurrera eginez. Ikusten duzun moduan, planteamendu guztiz berekoia atera zait.

      Karlaren kasuan, parte hartzea batik bat amatasunarekin lotutako denboratik ihes egiteko espazioa da. Zaintzak bere bizitzan tarte handia hartzen duenez, parte hartzea atsedenerako momentua da, norberarena, erronka eta mundu berriak ezagutzekoa. Deigarria da planteamendua berekoitzat jotzea, hain zuzen ere, feminitatearen eraikuntzarekin lotura estua dauka honek: emakumeak norberaren ongizateari begira baino, besteen ongizateari begira egon behar baitira; esan dezakegu Karlak feminitatearen arauak apurtzen dituela modu honetan.

      Bizipen hau beste emakume batzuek deskribatutakoaren aldean oso bestelakoa da. Esaterako, Anabelen kontakizunekoa. 55 urte ditu eta bere kabuz aurrera atera duen seme bat; sindikalismoan inplikazio maila handia dauka eta bere aisialdi denboran ere parte hartzeari egiten dio lekua.

      Anabelek:

      Planteatu zidaten eta esan nuen: horiek izango dira nire oporrak! Ardura zehatzik ez neukan, niretzako espazioa zen, gustatzen zitzaidan zerbait. Baina egia da, bertan zegoen jende gehienak opor gehiago zituen, horiek ziren nire oporrak. Orduan, niri psikologikoki oso ongi datorkit, ordura arte izandako besteekiko ardurarik edo kezkarik ez duzulako; baina beste batzuekiko ardura eta kezka hartzen duzu aldi berean, beste egoera batean. Hori ongi etorria eta baliagarria izan zait, baina kontziente naiz beti ezin dela horrela izan, espazio horretan ez baitzara zeure buruaz arduratzen, eta uste dut beharrezkoa dela norberarentzako denbora edukitzea, zeure barrura begiratzekoa, zu zeu zaintzekoa. [...] Bestea nekagarria da, borroka handia da eta denbora horretan guztian ezin dut neure denboraz gozatu, hirugarren pertsonak laguntzeko dena ematen duzulako.

      Pasarte honetan, parte hartzea ez da norberaren denborarekin erlazionatzen, denboraren gabetzearekin baizik. Parte hartze soziopolitikoa besteren ongizatea bilatzeko ekintza da. Bizipen hura feminitatearen arauekin bat dator eta jarduera soziopolitikoak etxeko eta zaintza lanekin zerikusi handia du: azken horiek ez baitira etxeko paretetara mugatzen, jarrera bat dira, etengabe besteren zaintza eta ongizatea bilatzen duen jokabidea, alegia (Murillo, 1996). Parte hartze soziopolitikoaren bizipenak, beraz, genero arauekin harremanetan daude.

      Aurretik aipatu bezala, jarduera politikoan edo sozialean gauzatutako praktikek lagundu edo oztopatu dezakete pertsonen parte hartzea, batik bat, zaintzari lotutako ardurak tarteko direnean. Ama guraso bakarreko familien testuingurua bereziki zaila da bi eremu hauek uztartzeko orduan. Horrela, Anabelek eta Karlak zaintzaren eta militantziaren bateraezintasuna salatu dute, baita mugimendu feministan ere.

      Anabelek:

      Espazio bat dago politikoa eta soziala, non kontziliazioa... nola kontziliatuko duzu? Ordutegiak... berdin zait sindikatuan edo mugimendu feministan, arratsaldez batzen gara, orduan esaten duzu: nola parte hartuko dut espazio horretan umeak etxean baditut? Orduan, banaketa egoki bat egiten duzu bikotearekin, baina bikoterik ez baduzu zoramena da.

      Karlak:

      Asko gustatuko litzaidake mugimendu feministan parte hartzea, baina orain militantziarena buf, sartu zaitez emakumeen asanbladan; arratsaldez, nire seme-alabez arduratu behar naiz, ezin dut.

      Zaintzak dakarren denbora gabetzearen aurrean, erabakitzeko ahalmena aldarrikatu dute, denbora baliabide politikoa bilakatuz. Gure protagonistek, oztopoen aurrean, hiru esparruetan jarduteko erabakimena aldarrikatzen dute. Honela dio Anabelek:

      Politikan ari diren emakumeen artean, gehienek ez daukate seme-alabarik; gizonek aldiz, uste dut guztiek badituztela, alderdi hori superbermatuta dutelako, ez? Emakumeok beti uko egitera behartzen gaituzte, lortzeke dago. Ez da bidezkoa, ez da; ni ama naiz, langilea, sindikalista, militantea eta dena izan nahi dut, eta dena kontziliatu nahi dut.

      Zaintzaren, enpleguaren eta parte hartzearen denborak uztartzea ezinezkoa bilakatu da kasu batzuetan. Gure protagonistek ere, ahalegindu arren, amore eman dute, gorputzak berak mugak jarri baitizkie. Denboren eta espazioen aldiberekotasunak kudeatu behar izatea oso zaila da; hori bera azaldu digu Erikak. 33 urteko ama, unibertsitatean ikertzaile gisa lan egin eta arrazismoaren kontrako mugimenduan oso inplikatua izandakoa. Ume zaintza, enplegua, eta parte hartzea uztartzeko ezintasunei buruz mintzatu da.

      Erikak:

      Aurreko urtean pairatu behar izan nuen... nerbioak jota egon nintzen: alde batetik, emakumea etxetik joateak dakarren presio sozialagatik; gizona izango balitz ospatzekoa izango litzateke; esaten zidaten nire umea eta senarra abandonatzen ari nintzela; eta bestetik, guztia antolatzeak dakarren izugarrizko nekeagatik: zein geratuko da umearekin, etxea, erosketak, blablabla... Hirugarren egunerako sukarra neukan eta ezpaina urratua, orduantxe neure buruari galdetu nion ea horrek guztiak merezi zuen ala ez; oso zaila da, izugarri zaila da aldi berean eszenatoki guztiak kudeatu behar izatea.

      Kontakizun honetan argiki ikus dezakegu denboren arteko talkek gorputzean eragin zuzena dutela: hiruki gatazkatsua gorpuztu egiten da, beraz. Gorputzaren funtzionamendurako atsedena ekintza bezain beharrezkoa da; horrexegatik, gure gorputzaren erritmoak errespetatzen ez ditugunean gaixotu egiten gara. Nahi izan arren, beti ezin gara espazio guztietan egon: batzuetan, hirukia errealitatetik urrun geratzen zaigu eta amets bihurtu; are gehiago, horretarako baldintzarik ez dagoenean. Hori dela eta, ezintasunetik ekinbide berriak eratuko dira, ordura arte politikotzat jo gabeko eremuak politiko bilakatuz; zaintza denbora, esaterako:

      Nik ikusten dut [umearen] bizitzan izan dudan eragina eta uste dut amek daukagun ardura dela; uste dut hurrengo belaunaldiei esker jendartean aldaketa gertatuko dela; beraz, guk hain diskurtso zabalak erabiltzen ditugunok ea gure txikiekin aldaketa bat lortzen dugun. Etxean lan handia egiten dut zentzu horretan, umeak ez eskatzeko gauzak niri bakarrik; ikus dezake lehenengo nik afaria zerbitzatzen dudala eta gero esertzen naizela, eta esertzerakoan esaten dit: amatxo, jogurt gehiago nahi dut, eta nik: eskaiozu zeure aitari.

      Erikaren esperientzian, zaintza bihurtu da balio politikoa duen ez-ageriko parte hartzea. Gizonen artean ere holako kasuren bat topatu dugu: zaintzari lehentasuna eman eta denbora eskaintzea erabaki baitu Gotzonek. 58 urte ditu eta aldi baterako enpleguak, dirulaguntzekin uztartzen dituenak. Ez da aita biologikoa, baina gertuko lagun baten seme-alabak zaintzeko ardura du; horrek bere parte hartze soziopolitikoa mugatzera eraman du.

      Gotzonek:

      Umeen amak ezingo luke eduki holako inplikaziorik, inkluso mugimendu feministan edo bere gauzetan ez balitz zaintzaile bat egongo bere ondoan, ezingo luke, ezingo luke. Hori da, hori klasiko bat da, edo bizitza pribatua daukazu, esaten dena pribatua, lan erreproduktiboa edo zera; edo bizitza publikoa eta soziala daukazu. Niri oso ondo iruditzen zait, baina nik orain ez daukat gogorik hainbeste... askoz hobeto nago umeekin, nahiz eta batzuetan zauden: ze pasatzen da hemen? ze pasatzen da kalean? ez? Baina bueno, batzarra? segi... bilera? segi... ez dakit ze afari? segi... Neu arduratuko naiz.

      Gotzonek maskulinitateari lotutako hainbat abantaila albo batera utzi eta bestelako praktika bat aurrera eramatea erabaki du. Lehen mailako zaintzailea izateak parte hartze soziopolitikoan edo eremu publikoan beste modu batean egotea eragiten du, bigarren plano batean edo ez-ageriko parte hartzean, hain zuzen ere. Gotzonek hartutako ardurari esker, lagunak amatasuna eta militantzia uztar ditzake. Genero rolen apurketa gertatzen da horrela: gizonen ohiko eremuan ama bat daukagu eta emakumeen esparruan gizon zaintzaile bat. Etxeko eremuan egindakoak generoa eraiki edo deseraiki dezake eta, kasu honetan, generoa deseraikitzeko erabaki politiko baten aurrean gaude.

      Kontzientzia hartzeko eta aldaketak eragiteko denborari “gatazkaren denbora” deritzo (Fitzpatrick, 2004). Gure eguneroko ekintzetatik egiturazko eraldaketak eragitea zaila izanagatik ere, aldaketa txiki horiek erabakigarriak suerta daitezke. Denbora baliabide politiko gisa uler dezakegu; hots, gure denboraren gainean erabakitzeko ahalmen moduan. Egiturak mugatzen gaituen arren, aldaketarako aukera badago. Goazen protagonistek eraikitako estrategiak eta aldatzeko aukerak ezagutzera.

 

 

5.3.
ALDATZEA:
DENBORA
AFERA POLITIKOA DA

 

      Hiruki gatazkatsua lurreratu eta gorpuztu ondoren, irtenbideen bila arituko gara orain. Oztopoz jositako bidea dela ikusi dugu, baina aukerak egon badaude. Horregatik, protagonistek eraikitako estrategietatik asko ikas dezakegu. Estrategiok zaintzaren eskubide kolektiboa osatzen duen kiribilean[15] kokatu ditugu: norberarengandik hasi, gertuko eremutik pasatu (bizilagunak, gertuko babes sareak), komunitate zabalagora heldu eta eremu instituzionaleraino heldu dira.

      Esaldi ezagun batek dio edozein iraultza norberaren esparrutik hasiko dela; hortaz, abiapuntua norberak egin dezakeen aldaketan kokatu da. Azken boladan, gizonen inplikazioa etxeko eremuan begi onez ikusten da; zaintzarekin eta, zehazki, aitatasunarekin lotutako jardueretan. Maskulinitatean aldaketak gertatu ote dira?

      Maila sinbolikoan baietz esan genezake, izan ere, elkarrizketatutako gizon ia guztiak ez dira aurreko belaunaldietako aiten figurekin identifikatu. Etxean inoiz ez dagoen aita da “etxeko nagusiaren” ereduan agertzen zaiguna eta hortik aldentzeko nahia azaldu digute. Kasu batzuetan, praktikan txanpiñoi langilearen edo militantearen pautak jarraitu arren, bestelako errealitatea dute amets; esaterako, umearekin egoteko eta honekin loturak egiteko nahiez aritu da Jon, 35 urteko aita:

      Nik sentitzen dut min handia, mina sentitzen dut daukadan bizitzarekin, [semearekin] ez egotea egun osoan, horrek sortzen dit mina. [...] Eta ni betetzen nau pila bat adibidez umea goizean haurtzaindegira eramateak, [...] oso momentu polita da umea esnatzea, janztea, gero gosaltzen ematea, gainera horrek loturak sortzen dizkit berarekin, ulertzen? Eta nik nahi dut parte izan bere hezkuntzan topera, topera, eta berarekin jolastu ahal dudan guztia, gainera pila bat ematen dit niri ere, eta zoriontsu egiten nau, [...] nahi dut bizi denbora librea berarekin, nahi ditut bizi haren lanak, haren kezkak, nahi dut egon haren bizitzan.

      Lanaren ordutegiak ez dio uzten umearekin nahi adina denbora egoten. Beraz, txanpiñoi militantea izatea ez da egoera desiratua, halabeharrez bizi baita. Aita honek bere umearekin bizi dituen momentuak gutxi diren arren, oso garrantzitsuak dira, esanahiz eta sentimenduz beterik baitaude. Maskulinitate hegemonikoa desiragarria ez izatea aurrerapausoa dela esan dezakegu, aita hauek aurreko belaunaldietako eredutik aldentzen hasi baitira. Hala eta guztiz ere, sarritan diskurtsoan geratzen den aldarrikapena dugu honakoa, praktikan errealitatea bestelakoa baita. Maskulinitatean gertatu diren aldaketek badute inpakturik pribilegioen esparruan? (Azpiazu, 2017). Horixe galdegin beharko genuke.

      Aitatasunarekin lotutako baimenak eskatu nahi dituzte: aitatasun-baimenak eta jardunaldi-murrizketak, batik bat. Honek guztiak ekar ditzakeen abantailez aritu zaigu Jon:

      Ordutegi moldaketa honekin arratsaldeko seietan etorriko naiz; bileraren batean egoteko denbora izango dut noizean behin, [...] gero formakuntza, ni ekonomia ikasten nago, gauza teknikoetan lagundu dezaket, hor ikusten dut neure burua baita, eta ikusten dut denbora emango didala alde batetik egiteko nire ikasketa xumeak, militatzeko zerbait, eta [semearekin] egoteko gehiago.

      Kontaketa honetatik ondoriozta dezakegu teoriatik praktikara aldea dagoela, ordutegi moldaketak ez baitu lehentasunetan aldaketarik eragiten; zaintza ez da, oraindik ere, lehentasuna. Norberaren praktikak eraldatu direnean, kontzientziazio ariketa bat egon da atzean, hots, maskulinitateari buruz modu kontzientean hausnartu eta erabakiak hartu dira. Beraz, badirudi ez dela nahikoa aitei denbora gehiago ematearekin (aitatasun-baimenen luzapena kasu)[16], horren atzean kontzientziaziorako eta aldaketarako prozesurik ez badago. Denbora kuantitatiboaz gain, denbora kualitatiboa behar dugu, gatazkarako eta eraldaketarako denbora. Gotzonen eta Garikoitzen kasuak dira hauek.

      Gotzonek:

      Hori oso argi dago. Zuk militantzia edo bizitza politiko-sozial bat nahi baduzu eduki, etxeko gauzak utzi egin behar dituzu, ezin duzu. Horregatik militantzia izan da batez ere gizonezkoena. [...] Ni ez naiz feminista, nik feministengandik ikasi egiten dut, nik ezin dut feminista... bestela esatea gehiegi da. Baino asko ikasi dut, erakutsi dit la ostia. [...] “Feminismoa” aspaldi ezagutzen nuen hitza da: e, guay! baina qué guay, qué guay, sí, qué guay, ¡ahora cúrratelo! hori gertatzen da, ez?

      Garikoitzek:

      Birplanteatu nuen apur bat nire bizitza, ze bueno, kontuan izanda egon nintzela nahiko murgilduta-edo instituziogintzan, gehienbat alkate izan nintzenetik eta hurrengoko bi urteak ere; sei urtetan ez nuen beste ezer egin. Ez denborarik niretzat, hau da, norberaren zaintza edo esaten den guzti hori, ezta etxea ez ezer, ez? [...] Orain nire bizimodua ezberdina da, hau da, etxeko ardura nik daukat, bikoteak askoz txarrago daukalako nik baino, ateratzen da goizean eta dator gauean, orduan orain nik egiten dut ia-ia dena. [...] Eta bueno, lehenago nire garaia izan zen ez nuela ezer edo ia ezer egiten eta orain berea da. Paperak aldatu ditugu.

      Maskulinitate hegemonikoak dakartzan abantailez jabetu eta bestelako eredu bat eraikitzeko bidean dauden protagonistak ditugu honakoak. Norberak egin ditzakeen aldaketez gain, gertuko lagun sareen garrantzia azpimarratu dute zenbait elkarrizketatuk. Esaterako, ama guraso bakarreko familiak osatu dituztenak. Bikoterik gabeko amak ditugu, baina bakarrik ez dira inoiz egon. Horixe azaldu digute Carmenek eta Karlak.

      Carmenek:

      Ni pixka bat utopikoa naiz baina, beti pentsatu dut: nik nire umea zaintzen badut, berdin zait beste lagunen umeak ere zaintzea! Eta gero beraiek ere zainduko dute nirea. [...] Ume horiek ez dira bakarrik sentituko: ama ez dago baina dago auzokidea, edo lagunaren ama. [...] Bereziki emakumeok katxabak edo sostenguak bilatu beharrean gaude, ingurukoen babes handia, batez ere, gu geu garatu ahal izateko ez ama gisa bakarrik, askoz gauza gehiagotan ere, baina ez digute erraztasunik jartzen, horregatik nik uste dut garrantzitsua dela babesak bilatzea.

      Karlak:

      Jendarte hau oso indibidualista da eta nik uste dut oso klasista dela, nik zorte handia izan dut, lagunen babes sare handia izan dudalako: arropa behar izan dudanean, edo kotxea hondatu zaidanean, dirurik ez dudanean...

      Sareak laguntza materiala zein immateriala eskaini die ama hauei, aurrera egiteko ezinbestekoa. Ama hauek salatu dute laguntza instituzional gehienak familia ugarientzat izatea eta, aitzitik, ama guraso bakarrentzat oso gutxi. Politika sozialek familia tradizional heterosexuala indartzen baitute (Carabine, 1992). Era berean, komunitatean bestelako estrategiak aipatu dituzte, esaterako: haurtzaindegi zerbitzua jartzea ekitaldietan edo asanbladetan. Baina azaldu dutenez, horrelako jarduerak puntualak dira eta, beraz, ez oso eraginkorrak. Umeak haurtzaindegira eramatean astetako egokitzealdia egiten da; batez ere, umeak txikiak direnean. Horrelako ekimenek ez dute egokitzeko ematen; beraz, tresna baliagarria izan daiteke maiztasun batekin egiten bada.

      Hala eta guztiz ere, aurretik aipatutako estrategia hauek zaildu egiten dira nagusien zaintzaren testuinguruan. Elkarrizketatuek azaldu bezala, oso bestelakoa da umeen zaintzan inplikatzea edo nagusienean. Lagunen sareek laguntzea zailagoa da, baita zaintza hauek burutzeko lan komunitarioak garatzea ere. Horrez gain, umeen zaintzarekiko gizonen ardura bultzatzeko, sentimendu positiboak eta ekar ditzakeen onura guztiak azpimarratu dira; haatik, zailagoa da nagusien zaintzaren kasuan ariketa bera egitea. Horrela azaldu digute Gotzonek eta Carmenek.

      Gotzonek:

      Nekosoa ere bada, baina bizitza ematen du eta gizonezkoek ez dakite zer galtzen duten; hau dago batez ere emakumeen gain, emakumeen gain ezarritako betebehar bat, gizonak gai unibertsaletan gauden bitartean... baina ez dakite zer galtzen duten, bizitzarekiko konexio on bat galtzen dute umeak ez badituzte zaintzen. Ez nuke berdina esango zaharren zaintzari buruz, e!

      Carmenek:

      Egin egiten duzu, baina pisutsua da, ez dago poztasunik, eta, noski, nagusiek energia gehiago kentzen dizute. Txikiek kentzen dizute baina gero izugarrizko poztasunak eman, baina normala da, nagusiari hogei aldiz errepikatu ahal diozu katilua ez uzteko hor eta berriro utziko dizu, ahaztu zaiolako, eta galdetuko dizu berriz ere handik hiru ordura: “Eta katilua zergatik dago hor?”. Hori pazientzia da.

      Ezin dugu ahaztu, beraz, zaintzak baduela dimentsio negatiboa, guztia ez baita maitasuna eta harreman onak: botere harremanak, indarkeria, betebeharrak, harreman eskasak... ere badaude. Zaila da honen aurrean guztion inplikazioa modu positiboan aldarrikatzea, ardura sozial eta politiko batez ari baikara, ez soilik borondate onaz. Lan hauek guztiak inork bete nahi ez dituenez, eskala sozialean behealdean daudenek burutu behar dituzte. Ez zaintzeko eskubidea aldarrikatzeak, sarri, beste norbaiten bizkar uztea esan nahi du; azpian dagoenaren bizkar, hain zuzen ere. Hauxe da zaintzaren kate globalen mekanismoa.

      Erika honen lekuko da. Unibertsitate ikasketak burutu zituen bere jatorrizko herrian eta lan kualifikatu batean aritu. Maitasunagatik etorri zen Euskal Herrira, eta, haatik, etxeko edo zaintza lanak burutzeko eskariak baino ez ditu jaso. Arrazakeria pairatu du, bere jatorriagatik hainbat estereotipo ezarri baitizkiote.

      Erikak:

      Hona heltzean, andre batek parkean esan zidan: “Aizu, nahi duzu nire etxera etorri arropa lisatzera?”. Nire bizitza osoan ez dut lisagailu bat hartu, orain arte ezta egin ere, eta erantzun nion: “Zergatik ez zatoz zu nirera? Nik ez dakit lisatzen-eta”. Begiak ia-ia zuloetatik irten zitzaizkion. Beraz, nik estrategiak erabili behar izan ditut jendearen errespetua lortzeko eta nire tokia zein den erakusteko. [...] Oso kontzientea naiz; hemen, pertsona orori ni ikustean burura etortzen zaion lehenengo gauza da ni prostituta naizela, edo komenentziagatik ezkondu naizela eta nire bikoteari pisua kenduko diodala.

      Honengatik guztiarengatik, zaintza lanak eremu pribatutik atera eta ardura kolektiboa bilakatzeko beharra aldarrikatu dute. “Kontziliazio soziala” elkarrizketatuen aldarria da eta zahartzaroaz erabakitzeko eskubidea defendatu dute: Nola nahi dugu bizi zaharrak garenean? Norekin? Zein espaziotan? Oraingo eredua kritikatu eta bestelako etorkizunak irudikatu dituzte, non elkarbizitzarako eta lagunekin egoteko eremuak amestu. Honi buruz mintzatu zaigu Nahiene, 31 urte ditu eta egun bakarrik bizi da; etorkizuna, ordea, beste era batean irudikatzen du, familia nuklearraren logikatik at.

      Nahienek:

      Zaintzekin eta, bai ikusten dut utopia bat dugula edo... ez dakit utopia den, bai, zeren eta noizbait bai daukagu buruan denak joatea etxe batera elkarrekin eta... bueno, lesbianak, feministak, [...] elkar zaintzeko egunen batean, zeren ez dugu ikusten izango ditugula... igual batzuek bai, baina.. izango dugula nork zainduko gaituen edo igual ez dugu seme-alabarik izango. [...] Nik uste dut hasi behar dela jada egiten komunitate hori, ikusten dut ba oso... ba kapitalismoan gaudela oso sartuta eta indibidualtasunean.

      Zahartzaroa komunitarioagoa bihurtzeko beharra aldarrikatu eta lan batzuen instituzionalizazioa defendatu dute; hots, zaintza-lan publiko, profesional eta duinak garatzea. Irtenbide hauek martxan jarri ezean, merkatuak eta familia nuklearrak hartzen dute zaintzaren esparrua, instituzioek horretara bultzatzen dutelako. Testuinguru honetan, etxeko eremuan norbait kontratatzea sustatzen da; gainera, esparru informalak ahalbidetzen du lana baldintza eskasetan egitea. Nagusien zaintzak esan nahi du, kasu askotan, hogeita lau orduko arreta, eta dirulaguntzek ez dute ematen soldata duinak ordaintzeko. Horren aurrean, askok lan-baldintza tamalgarriak betikotzen dituzte; beste batzuek ordea, bestelako erabakiak hartzen dituzte. Horrela azaldu du Carmenek:

      Bizitzan zehar soldata duin baten alde borrokatu banaiz, ez dut izango pertsona bat seiehun eurorengatik, zortziehun eurorengatik hogeita lau orduz nire gurasoen etxean sartuta, benetan, zelako inkongruentzia pertsonala! Baina ditudan aukeren baitan, ba goizean dute pertsona bat, batez ere bazkaria prestatzeko eta astelehenetik ostiralera gurasoak garbi mantentzeko; eta nik gero larunbatak eta igandeak dauzkat, beraiekin egoteko, antolatzen jarraitzeko eta arratsaldeak ditut medikazioa prestatzeko, farmaziara joateko... Gauza hauek osatzen dute nire bizitza egun, horregatik aldarrikatzen dut kontziliazioa.

      Nagusien zaintza-eremua hiruki gatazkatsuaren elementurik korapilatsuena da; hiru eremuen uztarketa gehien oztopatzen duena, alegia. Gaur egun, eremu honetan hiru zapalkuntza elkartzen zaizkigu: kapitalismoa, patriarkatua eta arrazakeria. Horregatik, esparru honetatik bertatik eraldaketa abiatzea estrategikoa da. Etxeko eremutik atera eta lehen mailako afera politikoa bilakatu beharrean gaude.

 

 

[12]  Eskerrak eman nahi dizkiet elkarrizketa egiteko prest agertu ziren guztiei; lan hau ezinezkoa litzateke beraiek gabe.

[13]  Elkarrizketak aukeratzeko indargune eta ahulguneak: elkarrizketatu guztiak langile klasekoak dira, nahiz eta ia erdia soziologikoki klase ertainekoak den (seik goi mailako ikasketak dituzte eta lepo zuriko lanbideak: irakasleak, esaterako); elkarrizketatuen erdiek familia ez-tradizionalak osatzen dituzte (gazteen kasuan, bakarrik edo lagunekin bizi dira; lau emakumek ama guraso bakarreko familiak osatu dituzte; gizon batek lagun baten umeak zaindu eta beraiekin elkarbizitza dauka); besteek familia nuklearraren eredua dute; elkarrizketatu guztien artean bakarrak du lesbianatzat bere burua; eta guztien artean bakarra da etorkina.

[14]  Ohiko etxeko lanak esatean kozinatzeari, harrikoa egiteari, arropa garbitzeari... egiten diogu erreferentzia; ez-ohiko etxeko lanak, aldiz, noizean behineko erosketekin, etxeko konponketekin, gestio puntualekin... erlazionatu ditzakegu.

[15]  Zaintzaren eskubide kolektibo gisa definitu genuen 2019an Colectiva XXKren “Derivas” proiektuan parte hartu genuenok eta bertatik ateratako ikaspenak baliatu dira hiruki gatazkatsuaren estrategiak kokatu eta interpretatzeko. Informazio gehiago hemen: https://colectivaxxk.net/experiencias/derivas-feministas-para-cambiar-el-sistema/ [2020/03/20].

[16]  2018ko uztailaren 5ean aitatasun-baimena bost astera luzatu zen; horrez gain, PSOEren gobernuak hainbat dekreturen bitartez 2021. urterako aitatasun eta amatasun-baimenak parekatu nahi ditu. Europan, aitatasun-baimenik luzeenak izango dira; amatasun-baimenak, aldiz, motzenak. Berdintasunaren aldeko neurria izan arren, ez ditu bestelako egituraketa familiarrak aintzat hartu: ama guraso bakarreko familiak, familia homoparentalak, edota bestelako sare familiarrak.