Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

Epilogoa

 

      “Elkarrizketa publikotik kanporaturiko emakumeen adibidez beteta daude literatura eta historia” idatzi zuen Mary Beardek “The Public Voice of Women” artikuluan. Mintzo publikoa maskulinitatearen ezaugarri definitzailea izan dela —eta dela— azaldu zuen argudio soka luzean, eta jendaurrean solastatzen den emakumea, definizioz, ez-emakumetzat joa. Gutxitan ematen zaio zilegitasunik emakumeen ahotsari eta, ematen zaionetan, biktima posiziotik edo bere buruaren eta bere gisako beste emakumeen izenean izan ohi da. Bakan-bakanak dira izaki unibertsaltzat[13], komunitate osoaren ordezkari eta eredutzat, hartzen diren emakumeak. Gehienetan eta gehienera, Enbeitaren hitzak erabiliz, “gure txokoari buruz hitz egiteko autoritatea daukagu”. Liburu hau bertsolaritzari buruzko liburu bat litzateke —eta ez emakumeak eta bertsolaritzari buruzkoa—, emakumeak izaki unibertsalak bagina.

      Ahots autorizatuaz eta haren eraikuntzaz pentsatzea ezinbestekoa iruditzen zait bertsolaritzaz pentsatzerakoan. Bearden hitzetan, “tradizionalki maskulinotzat jotako territorioetan sartuz gero, ez du axola emakume gisa hartzen duzun jarrera zein den”, automatikoki aktibatuko dira mugatze mekanismoak. Testigantza bilketa hau horrexen erakusle da. Hori dela eta dabiltza emakume publiko asko emakume hitza “mandeulia bailitzan” uxatu nahian, ez ditzaten saldo subordinatura murriztu, Woolf amorratu bainoago nahi luketelako izan Shakespeare puru.

      Mintzo publikodun emakumeak aldi berean jasotzen ditu emakume kategorizazioa eta ez-emakume izateko deia. “Lujanbio bertsotan dena izan behar zenuke zuk literaturan” aholkatu zion Eider Rodriguezi gizonezko idazle ezagun batek. Sofistikatua da azpirakuntza. Atergabeak dira gure sexuaren gainetik, hartatik aparte aritzeko deiak.

      Emakume bertsolariotako asko saiatu dira emakume gisa irakurriak ez izaten: gorputza neurtzeko, estaltzeko, neutralizatzeko eta kontrolpean edukitzeko ahalegin automatizatuak horren adierazgarri. Diskrezioa da gehienek bilatzen dutena. “Nabarmentzekotan, izan dadila bertsoengatik”, dio Uriak. Libre nahi dugu kategorizaziotik, subordinaziotik, irakurketa partzialetatik... baina gorputz markatuak gara, emakume izendatuak eta emakume irakurriak. Ez dakit larregi esatea ote litzatekeen jendaurrean mintzo garen bakoitzean ahalegintzen garela, nolabait eta kontzientzia handiagoarekin edo txikiagoarekin, emakume ez izaten. Danele Sarriugarteri aditu nion bezala, piztia beraren kontra ari garenez, estrategia guztiak, emakume identitatea markatzearen aldekoak eta haren kontrakoak erresistentzia bide gisa ulertu eta kokatu behar genituzke.

      Menosten gaituen kategorizazioa askapen eremu bilakatzera dator feminismoa. Identitate subalternoa identitate eraldatzaile bilakatzera. Haatik, emakume ez izateko deiari lotuta dator emakumeen artean ez aliatzeko aholkua. Txokokeria, tranpa, erosokeria eta, are, pribilegioa egotziko dizkiote kolektiboki antolatzen eta askatzen saiatzen denari. “Feministek kalte egin dizute”, “ausartu oihanera”..., izan zaitez berdina desberdinkeria pairatzen duzun bitartean. Izan zaitez gizon, gizon ez izanda ere. Ez da ahalegin faltagatik izango. Alabaina, testigantzotan sarritan errepikatzen da ariketa kolektiboa dela emakumeak ahalduntzen ari dena; behin eta berriz errepikatzen da emakumeen arteko bertso saioen, bertso eskolen eta, oro har, espazio eta gune konpartituen beharra.

      Testigantza bilketa hau ahots publikoa duten emakumeen mugimendu marjinari buruzko gogoeta bat da, bertsolaritzaren esparrutik harago doana. Esfera publikoan emakumeen zailtasunak ez dira testualak, ezpada testuinguruari lotuak. Bertsolaria egin egiten dela ikasi genion Xabier Amurizari, emakumea egin egiten dela Beauvoirri. Bertsotarako testuinguruak eta baldintzek bertsolaria, emakumea eta gizona nola egiten eta berregiten dituzten pentsatzeko erremintak behar ditugu. Bourdieuren kapital sinbolikoa[14] eta biolentzia sinbolikoa[15] genero ardatzean kokatu eta nola eraikitzen eta transmititzen diren xehe aztertzeak (Goikoetxea, et al., 2019) lagun lezake lan horretan.

      Emakumeen esperientziaren debaluazio automatikoa salatu zuen Russek. Elkarrizketaturiko bertsolarien oztopoak ez datoz testu egokia, teknika doia, taxuzko diskurtsoa, baliozko mintzoa eratu ezinetik, mintzo hori sortzeko eta balioztatzeko talaia eta posizioa topatu ezinetik baizik. Bertsolaria gorputz da, eta gorputza du lehen talaia. “Ohartu nintzen lehenengo ikusten zena ez zela bertsolaria, ezpada neska”, zioen Akizuk; “publikoaren aurrean jartzen dugun lehenengo elementua da gorputza, ahotsa baino lehenago”, Bartrak. Ezin dira bereizi zer eta nondik, gorputzarena da mintzoa, mintzoarena gorputza, eta egituratuta daude botere harremanetan.

      Ez da berria gorputzarekin kinkan dabiltzanek ekarri izana, hain zuzen, gorputza oholtzara eta, gorputzarekin batera, erotikari, plazerari, soinaren endekatzeari, fisiologiari, zaurgarritasunari eta biolentziari buruzko ezin konta ahala bertso. Gudu zelaiaz eta goza zelaiaz ari dira emakumeak gorputzaz ari direnean, autoerrepresentazioaz eta haren mugez. Haiek ekarri dute lehen lerrora.

      Emakume bertsolari gehienentzat iraupen proba gogorra dirudi bat-bateko bertsogintzak, gizonek eraikitako tradizioari jarraituz, haien eredutik ikasita, gizon artean eta gizonekin ari dira kantuan, gizonen iritziek eta gustuak pisu espezifiko handia duten eremuan, testuinguru lehiakorrean, esposizio bizian. Elkarrekin taxutzen duten gintzak frikzioarekin batera dakar aukera: etengabeko negoziaziora behartuta daude, eta negoziazioa plazer konpartituaren baitan gertatzen da maiz. Bertsoarekiko pasioa bizi dute gizon eta emakume bertsolari guztiek, harreman estua dute, eta elkarrekin gozatzen dute, elkarrekin umorea egiten, elkarrekin gogoetatzen 10-8an, 7-6an.

      Neurri estuan jokatzen da, ordea, plaza ere. Kontu delikatuak dira lan banaketa, merkatua, dirua. Balioa eta prezioa. Txapelketa da bertsolaritzan balidazio sistema nagusia eta ia bakarra, basamortua aipatzen dute handik kanpo. “Irabazlearen eredua” kuestionatu beharra aipatzen du Artetxek, bertsolariaren karrera kirolariarenarekin parekatzen duena, gazterik eta erorikorik gabe goia jo ondoren ahalik eta luzaroen eustean oinarritzen dena, gazteagoek erretiratzen duten arte. “Muturreko merkatu kapitalistan borrokan” sentitzen dela aitortzen du Ibarzabalek, “(…) badirudi 2019ko txapelketa hau izango dela mugarria. Orain egin ezean, galdu egingo nuke gaztearen etiketa”, larritzen da Akizu 22 urterekin. Beren lekua lortzeko edo lortutako lekuari eusteko lehian ari direla iradokitzen dute gehienek. Testigantzetan hamahiru aldiz aipatzen da “demostratu beharra”. Ordainsari duina merezi ote duten ala ez zalantzan jartzen dute emakume bertsolari zenbaitek, maila nahikorik ba ote duten, jardun honetarako balio ote duten. Ukaezintasuna eta bikaintasuna ezin izan litezke izateko modu bakarrak, eraiki beharko dira oasiak basamortuan. Muturreko autoexijentzia estrukturala suntsitzailea izan daiteke, eta egiten dutena nahikoa ez dela sentitzera, isiltzera eta lan beraren truke gutxiago kobratzera eraman ditzake bertsolariak. Euskarazko sorkuntza den eremu berez prekarioan generoak prekaritate handiagora bultza ditzake emakume bertsolariak. Diruaren sexualizazioaz hitz egiten dute adituek. Egokia litzateke gizonen esperientzia jasotzea eta haien arteko diferentziei ere erreparatzea. Clara Coria psikologo argentinarrak diruaren erabilera eta banaketa desnaturalizatzearen garrantziaz idatzi zuen 1986an argitaratu eta hainbat aldiz berrargitaraturiko El sexo oculto del dinero liburuan. Kulturgintzaren alorreko kudeaketa ekonomikoari buruzko hausnarketa egitea, bertsolaritzako politika ekonomikoez pentsatzea, diruari buruzko hausnarketa kolektiboa egitea eta gaia genero ardatzean kokatzea lehentasunezkoa da.

      Bestalde, txapelketaren garrantzia erlatibizatzeak eta analisiarena areagotzeak kiroletik urrundu eta artearen esparrura hurbilduko luke bertsogintza (edo alderantziz da, akaso: kiroletik urruntzeak eta artearen esparrura gerturatzeak puntuaketatik urrundu eta analisira hurbilduko luke). Ez luke horrek jarduna lehiatik salbuetsiko, artearen esparrua ere lehiakorra eta oso indibidualista da sarritan —aitzitik, bertsolaritzan kolektibotasunak indar handia du—, baina izateko modu diferenteak egingo lituzke posible, eta balorazio eskalak dibertsifikatuko.

      Kezkagarria iruditzen zait elkarrizketaturiko bertsolari askok euren buruari ezartzen dioten behin-behinekotasun presuntzioa, ez dagokien territorioan aritzearen pribilegio sentsazioari eta izaera ordezkagarriari lotua. Besteren eskutan egotearen sentipen uzkurtzaile hori. Behin-behinekotasunaren onarpena umiltasun existentzialari eta bizitzaren lege naturalari balegokie, gaitz erdi, baina nago autoafirmazioaren kontrako txerto ez ote den. Emakume bertsolariek, praktikan, onartuta daukate elkarren arteko ordezkagarritasuna. Gutxitan kantatzen dute elkarrekin, elkarren ordezko direnez. Bestalde, nahikoa da emakume berri bat plazaratzea zaharrek euren agendetan suma dezaten. Bertso eskoletan % 50 direnek plazako merkatuaren % 25 dute eskura. Gerruntzeari inbutua gehitzea da hori. “Neska gazteak nire lekua lapurtzera zentoztela sentitu nuen”, “bertso sistemak berak emakumeon arteko lehia eta inbidia sustatzen dituela sentitu nuen nire gorputzean”... Gizonezko bertsolari zaharragoen (40 urteren bueltakoez ari naiz!) ahotan ere aditu izan dugu ordezkatuak izango diren segurantzia. Adin horretatik gorako emakumerik apenas gelditzen den plazan. Euren zikloa amaitu den sentipena edo errealitatea bizi dute. Niri neuri tamalgarria iruditzen zait horren bizi laburreko bertsolariak ekoizten dituen sistema. Plaza bertsolari zaharragoentzat —eta bereziki emakume bertsolari heldu eta zaharrentzat— bizigarri egiteko helburuari eta bertsolari zaharrak entzuleen intereseko bilakatzeko erronkari heldu behar geniokeelakoan nago. Ahaleginak agerian utziko luke plazako baldintzak norentzat diren bizigarri, eta norentzat ez.

      Sistemak eragindako lehiakortasunari eta prekaritateari aurre egiteko mekanismo kolektiboak lantzen ari dira emakume bertsolari asko. Ahalduntze Bertso Eskola, Zilekoa, Ez da kasualitatea saioak, Txakur Gorria kolektiboa...; banakako lehia meritokratikotik aparte, testua eta testuingurua lantzeko tresna kolektiboak ari dira izaten. Festa, konplizitatea, inspirazioa, kalitatea, erotika, lasaitasuna, gozamena, segurtasuna, taldetasuna, ausardia, maitasuna, alternatiba, entusiasmoa, autoerrepresentazioa, gorpuztasuna...... gune horietan aurkitu dituzte emakume bertsolari askok. Zoru komunaren eraikuntza (Estitxu Eizagirrek emakumera batua deitu ziona), hizkuntza eta erregistro berrien sorkuntza, elkarren ezagutzaren bidezko autoezagutza bultzatzen duten gune kreatiboak funtsezkoak dira.

      Lan horri esker esparru batzuetan prestigioa lortu dute emakume bertsolariek, haien diskurtsoak eta bertsokerak. Aldi berean, lehenago bertsozalea ez zen jendea bertsozaletu dute eta plaza berriak sortu. Emakume bertsolarien lan kreatiboa eta aktibista, biak dira esanguratsuak euskal gizartearen parte batentzat, eta bertsolaritzaren azken ikerketa soziologikoaren arabera, baita bertsolaritzaren beraren etorkizunerako ere.

      Identitate feminista askatzailetzat dute emakume bertsolari gehienek. Kontzientzia eta kontzientziaurrea bereizten dituzte batzuek (Agirreazaldegi, Akizu, Amuriza, Artetxe, Bartra, Enbeita, Ibarzabal...), kontzientzia feministak euren buruaren eta bertsotarako testuinguruaren irakurketa erabat aldatu baitie. Haietako zenbait, kontzientzia feministaren ondorioz iritsi dira biolentziaren kontzientziara, beste batzuek alderantzizko bidea egin dute: biolentziaren kontzientziak eraman ditu kontzientzia feministara.

      Emakume bertsolari batzuek euren burua kolektibo feministatik kanpo sentitu edo kokatu izana kontuan hartzekoa eta lantzekoa da. Komunikazio zubiak hobetzea, hainbat esparrutatik egindako lana aintzakotzat hartzea, era guztietako bizipenei leku egitea, pentsamendu feministan sakontzea, egiturazko azpiratze mekanismoak bistaratzea eta aitortzea, sistemak eragiten duen elkarren arteko lehiakortasuna desaktibatzea eta lanketa eta tresna kolektiboen garrantzia azpimarratzea beharrezkoak izango dira aurrerantzean ere.

      Autoafirmazio ariketa kolektiboak martxan dauden arren, azpimarratzekoa da emakume bertsolarientzat bertsokide kanonikoen (gizonak, ia denak) aprobazio premiak duen pisu nabarmena ere. Haien iritziek, aitortzak edo gaitzespenak (zeharkakoa izaten da maiz, kideei buruzko iruzkinen bidezkoa) eragin zuzena dute elkarrizketaturiko bertsolarien autoestimuan, autopertzepzioan eta errendimenduan. Esposizio maila altuak eta familia egituraren antzekoa den sistemak eragindako iritzien eta iruzkinen iragazkortasunak —“Biolentziaren ordena sinbolikoa aita da / amaren ordena sinbolikoa biolentzia da” (Goikoetxea, 2014)— zaurgarri egiten ditu bertsolariak, zaurgarriago emakumezkoak. Izan ere, emakumezkoek ez dute Anaidiaren babesik. Emakumeen arteko aliantzez hitz egiten den moduan, hitz egin behar genuke gizonen artekoez, tradizio luzeko babes sareaz eta konplizitate mekanismoez. Belaunaldien eta generoen arteko autoritate-transferentzia nola eta zeren arabera gertatzen den —edo ez den gertatzen— aztertzekoa litzateke.

      Bide beretik, bertsolari purua eta bertsolari totala, eraitsi beharreko bi totem direla dirudi, periferiak oro (generikoa, identitarioa, territoriala, linguistikoa, generazionala) kanpo uzten dituztenez. Naturala/artifiziala, purua/ez-purua, erabatekoa/partziala, jatorra/traketsa, zirtolaria/puntularia, intimoa/soziala... sustrai sakoneko ideologien aurpegi dikotomikoak izan daitezke, bertsolaritzaren biziraupenerako eta osasunerako arriskutsuak.

      Hogeita bira deitu diot mugatze-mekanismoak aletzen dituen atal nagusiari. Tantoak oharkabean sartzen dizkiguten bitartean, kontrako eztarritik kantatzen jarraituko dugu.

      Berdintasunezko bertsolaritza bizigarriaren alde, topa, lagunok.

 

 

 

Azken agurra

 

Sasiak janak bide-lasterrak,

azpiratuak eskuin-ezkerrak,

profazadoren ondorengook

nahasten ditugu bazterrak.

Lur minatuan txoriak hegan,

belarrietan, muskerrak,

besten lurretan maizterrak:

zuen artean naiz bertsolari

eta zuei eskerrak.

 

 

[13] Mari Luz Estebanek Maialen Lujanbio izaki unibertsal gisa irakurria zela aipatu zuen Iruñeko UEUko Bertsolaritza eta generoa ikastaroan (2018ko ekaina), baina baita irakurketa hori alda zitekeela ohartarazi ere.

[14] Pertsonarengan berezkoak diruditen ezaugarriek osatzen dute: autoritatea, prestigioa, ospe ona, sinesgarritasuna, garrantzia, ohorea, gustu ona, ulergarritasuna... Pilaturiko balio sinbolikoa.

[15] Biolentzia sinbolikoa agenteek kokapen sozial bati loturik dagoen gizarte-dominazioa barneratzea da. Dominazio hau kontzientziaren azpitik dago eta ez da subjektuen arteko menderakuntzan oinarritzen (gizabanako bat beste baten gain), ezpada egiturazko dominazioan (kokapen bat beste baten gain). Egituraketa agenteek duten kapitalaren arabera egiten da eta biolentoa da, agenteek ez baitute antzematen. Biolentzia hau gutxiagotasun uste edo ezdeus sentimendu iturri izan daiteke: sufritua izan daiteke; inolaz ere ez objektibatua. Biolentzia sinbolikoak talde sozialen hierarkizazioari loturik dagoen sailkapen eskemen legitimazioan du bere oinarria.