Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

15.
PROTAGONISMOA ETA ARRAKASTA
ZIGORPEAN, AUTOBOIKOTA

 

      Eider Rodriguezen Idazleen gorputzak lanean (Lisipe 6, 2019) Laura Mintegiren hitzok aurki ditzakegu: “Joan Riviere-k hitz egiten du feminitateaz maskara moduan. Berak dio emakume indartsuak, proiekzio soziala daukan emakumeak, eremu publikoan aritu ostean (hitzaldia eman ondoren, esaterako) inkontzienteki bilatzen duela gizonezkoen onarpena; emakume horrek behar du gizonezkoak berrestea ondo egin duela. Eta, gainera, bere burua gutxietsi egiten du, garrantzia kentzen dio egindako lanari, lan bikaina izanagatik. Lortutako arrakasta egotziko dio lanean emandako ordu mordoari edo zori onari, baina ez bere gaitasunari, sakon-sakonean, uste baitu bere ahalmena agerian utziz gero galdu egingo duela gizonaren afektua. Jendaurrean arrakastatsua izan den emakumeak disimulatu egiten du bere gaitasuna, gizonezkoak manten dezan nagusitasuna eta feminitatea ez galtzeko berak. Halaxe azaltzen du Joan Rivierek. Egia da Riviere 1883an jaio zela eta gaur egun gauzak aldatu egin direla emakumeentzat, baina ikuspegi psikoanalitikotik begiratuta, nik uste dut eremu publikoan gabiltzan emakume guztiok noizbait sentitu dugula halako zerbait... Nola edo hala, gizonari esaten zaio, ‘ni naiz ondo egin dudana baina zu zara hori berresten duena’. Eta hori guztia, ez bihurtzeko lehiakide gizonarekiko, onartua izateko...”.

      Virginie Despentes-ek ere hala definitu zuen emakume zuri ideala King Kong teoria ezagunean: “Lan egiten duena baina bere gizona zapalduko  duen arrakastarik gabe, [...] inteligentea baina ez gizon bat beste...”.

 

      Oihana Iguaran:

      «Nik bertsolari izateko erabakia hartu dut, eta txapelketa garaian adibidez, kontzienteki baztertzen dut bide horretan oztopa nazakeen guztia. Ez da emakume batengan ondoen ikusita dagoena».

 

      Ane Labaka:

      «Protagonismoa hartu behar dudan garaien aurretik neure burua ondo prestatzen dut: txapelketa baino lehen, Erradikalak gara estreinatzean, Durangoko azokaren aurretik... Kontzienteki entrenatu behar izaten dut barrua. Esposizioa kudeatzea ez zait erraza. Hala ere, nire sorkuntza defendatu izan dut beti eta, hain zuzen ere, uste dut hortik datorrela nirekiko sumatzen dudan epaia. Ez naiz etxean gelditu nork deituko zain; martxan jarri eta nire proiektuak garatu eta proposatu ditut. Horretarako, taldean babestu naiz: ez nukeen bide hau egin izango bertso munduan animatu eta babestu nauten konplize batzuk izan ez banitu, esan ez balidate “balio duzu, egin ezazu”. Dena uzteko bulkada izan dudanean konplizeak egon dira ondoan, bertso munduko eta bertso mundutik kanpoko emakumeak, eta haiei esker ausartu naiz bideak urratzen».

 

      Ainhoa Agirreazaldegi:

      «Niretzat beste mugarri bat izan zen... zure [Uxue] protagonismoa hartzeko joera. Esango nuke ordura arteko neskok bigarren planoan kokatzen genuela geure burua. Eta zu zinen, baita lagunartean ere, esango nuke bertsolariarena egiten zuena, guk baino gehiago behintzat: hitza hartu, anekdotak kontatu... Nik sentitzen nuen foku guztiak zuri begira jartzen zenituela zure interbenitzeko moduarekin: bai plazatik kanpo, baita oholtza gainean ere. Eta horrek sortzen zidan eta gaur egun ere sortzen dit ezinegona. Eta gaur egunetik interpretatzen dut ez geundela ohituta neskak protagonista ikusten. Eta nire aurreko, nire jirako emakume bertsolariak ez zirela hitza hartzen zutenak, ez zirela zentroa hartzen zutenak, ez zirela afariko protagonista».

      «1994a zen, 16 urte nituen eta Xenpelar sarian parte hartu nuen. Saioa amaitu ondoren, bukaerako agurren aurretik, oholtzatik behera jaitsi eta hantxe egon ginen epaimahaiaren deliberoaren zain. Etorri zen antolatzailea eta esan zigun ni izan nintzela txapeldun hautatua. Sorpresa hartu nuen eta atera zitzaidan: “Bai zera! X-k merezi zuen!”. Nire inguruko bertsolari batzuek arrazoia eman zidaten eta esan zuten X-k merezi zuela, indartu egin zuten nire ez-merezimendua. Orduan, amaierako agurrean txapela X horri eskaintzea erabaki nuen, eta hala egin. Itxuraz, epaileak harrituta gelditu ziren nire jokabidearekin eta amaieran errieta egin zidaten. Ez zitzaien ondo iruditu epaileen iritziaren kontra kantatzea. Txapela irabazi izanaren kulpari epaileak haserretu izanarena gehitu zitzaion, eta hurrengo egunean Egunkaria-n barkamen gutun bat argitaratu nuen».

 

      Miren Artetxe:

      «Plazak egiten hasi nintzen, eta Bartzelonara ihes egin nuen. Alde batetik, beldurtu egin nintzelako. Plazetan ari nintzen eta ez nekien zertarako. Euskal Filologia ikastera joan nintzen 18 urterekin eta nire klasekideek ezagutu egiten ninduten. Ez nituen nire autoestimua eta egoa bereizten, eta ihes egin nahi nuen horretatik. Klaseko afaria egiten zenean, ni klaseko lau xelebrerekin elkartzen nintzen, aparte. Denek nahi ninduten euren taldeko, eta nik uko egiten nion, gatazka handia neukan horrekin. Bestetik, eta horrekin lotuta, bertso eskolako irakaslea nintzen eta, hortaz, arduratsua izan behar nuen; alaba perfektua nintzen, ikasketetan ona, bertsotan karrera hasita neukan... eta bat-batean, Euskadi Irratian kolaboratzea eskaini zidaten, Berria-n kolaboratzea... Ordura arte hurbiltzen ez zitzaidan jendea hurbiltzen zitzaidan... Eta bazirudien bidea egina zegoela: Egin jauzi itsasora eta arrakastaraino. Bazirudien horrek izan behar zuela helburua eta nik ez nuen hori nahi, kontziente nintzen hutsune pila bat neuzkala, landu beharreko gauza asko... Kontrola galtzeari beldurra zen bat, desegokia izateko beldurra... Orduan esan nuen: Hau hemen ez dut egingo... Hemen ezagutu egiten naute. Lau katu ziren, baina nik sentitzen nuen publikotasun hori, ezin nuen desegokia izan... eta joatea erabaki nuen. Deskontrolatzera, esperimentatzera, politikoki beste toki batean kokatzera, Euskal Herriko espaziotik kanpora beste gauza batzuetan pentsatzera... On handia egin zidan. Genero perspektibatik begiratuta ere han asko askatu nintzen, batez ere, desegokitasunerantz».

      «Isilik egon nintzen garaian ez zidan inbidiarik ematen bertsotan egiteak berak. Inbidia ematen zidan ideiak adierazteko kanal bat izateak, batetik; eta, bestetik, ikusia izateko kanal bat edukitzeak. Baina nire coming out-a prestatzen ari nintzen pertsona zinez interesgarria nintzenerako berandutuz beti. Jeloskor sentitzen nintzen bertsolariek toki bat eta espresiobide bat zeukatelako. Ni borborka nengoen barrutik, baina ez nion neure buruari adierazpide hori baimentzen».

      «2017ko Txapelketa Nagusiaren ondoren saioak ugaritu zitzaizkidan; banekien txapelketaren errenta kobratzen ari nintzela, eta banekien amaitu egingo zela. Saioak ugaritzerako sentitu nuen saioak galtzeko beldurra. Zalantza sortu zitzaidan: Benetan al da hau beste aukera bat ala txapelketa osteko errenta amaitu orduko etxera joango naiz berriz? Gainera, konturatu nintzen bertsotan egin nahi nuela, gustatu egiten zaidala. Utzidazue denbora pixka bat, sentitzen nuen. Desagertzeko beldurra ere sentitzen dut. Egotearen, erreferentzialtasunaren, egoaren droga ere bada. Eta oraindik ere oso deserosoa zait hori onartzea».

 

      Maialen Akizu:

      «Besteak baino pixka bat gehiago hitz egiten ari naizela konturatzen banaiz edo nabarmentzen ari naizela... esku frenoa jartzen dut».

 

      Jone Uria:

      «Ez naiz inoiz protagonismozalea izan, beti izan naiz diskretua. Ez naiz inoiz nabarmentzen saiatu, ezpada bertsotan, testuan. Beti pentsatu izan dut zer edo zergatik nabarmentzekotan nire bertsoengatik nabarmendu nahi nuela eta ez inguruko beste ezerengatik. Gertatzen zait, lagunarteko bertso saioetan, batez ere, beste bertsolaria jende artean iji-aja dabilenean eta ni, aldiz, nire lekuan bertsotan, ohartzen naizela entzuleek usteko dutela hark kristoren saioa egin duela eta ni, aldiz, kikilduta egon naizela».