Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

9.
GIZONEN DESIRAREN ARABERA
ERAIKITZEAREN KONTRAESANAK
ETA GATAZKAK

 

      Gizonen iritziek eta balorazioek —baita erotikoek ere— emakume bertsolari askoren eraikuntzan duten eragina sakon aztertzekoa litzateke. Mary Ellmann idazle eta kritikariak inposizio erogenoaz idatzi zuen 1968an argitaraturiko Thinking about Women saiakeran. Lau urte geroago, Elaine Reuben kritikariak zehaztu zuen (1972): “Emakumeek, gizonentzat erakargarria den eran jantzi behar izateaz gain, idatzi ere helburu berarekin idatzi behar dute”. “Gehiegi begiratzen diezue gizonei”, egotzi zigun Mari Luz Estebanek Iruñean, 2018ko UEUko Bertsolaritza eta generoa ikastaroan. Testigantzotan ere gutxi aipatzen dira emakumeak solaskide edo erreferentzia gisa. Boterea ments duenak, botereguneetan ninia. Ahalduntzea autozentratzetik hasten bada, estrabismoa dugu sendatzeko.

 

      Oihana Bartra:

      «Orain oso presente daukat amatasuna; ama izatea erabakitzea edo ama ez izatea erabakitzea. Amatasunak beldur asko sortzen dizkit, alor askotan, baina bertsotara ekarrita, nire beldur handienak dira nire bertso jardunean izan dezakeen eragina eta, batez ere, gorputz onartu bat izateari uzteko beldurra. Zehatzago: gorputz desiratu bat edo gustuko gorputz bat izateari uzteko beldurra. Hori aitortzeak lotsa ematen dit, baina hala da».

      «Sentitu dut saioko emakume polit bezala irakurria izan naizela. Baliteke saio horretara beste emakume bati ere deitzea, saioko emakume graziosoa izateko. Horrek bi gauza dakartza: bi rol horiek egotearen ondorioz emakume biok oposizioan eta lehian jartzen gaituela, eta saioko polita zarenean zure sorkuntzaren edukia, esan dezakezuna ere mugatu egiten duela. Izan ere, horretarako deitu dute graziosoa, zuri ez zaizulako umorerik suposatzen: zu izango zara egokia, neurtua, polita eta goxoa. Sentitu izan ditut polit bezala kantatzearen pribilegioaren mugak. B aldeak. Hortik datoz nire barne kontraesanak: uste dudalako ezaugarri fisiko horiek galtzeak leku bat galaraz diezadakeela bertso munduan, baina, aldi berean, arrazoi horrengatik ematen zaidan lekua ez zaidalako erosoa. Nigan kontraesan handia da eta neure buruarekiko haserretik bizi dut: zergatik nahi dut emakume polit bezala irakur nazaten? Zergatik mantendu nahi dut pribilegio hori ez badut polita naizelako deitzerik nahi? Baina, era berean, ez diot polita izateari utzi nahi».

 

      Onintza Enbeita:

      «Neskazahar alegera bat eraiki dut gorputz ez-desiratu gisa irakurria izatearen minari aurre egiteko. Hain onartuta izan dut gizonentzat nire gorputza ez dela existitzen, edozer esan izan baitiet: gizonetik gizonera hitz egingo banie bezala. Eta horretaz ez nintzen kontziente izan zuk [Uxuek] esan zenidan arte: “Nik ez nioke inoiz Xri horrelakorik esango, gustatu egiten zait”. Eta nik pentsatu nuen: Niri ere bai!, baina ni berari ez. Barneratuta izan dut hori. Nik nire gorputza beti daukat presente eta agertzen da, noan lekura noala; kontua da, nik eduki dudan sentsazioa izan dela nire gorputza gizonentzat ez dela batere desiragarria. Horregatik esaten dut neskazahar alegera bat eraiki dudala, hortik neure buruari barre egiteko, ez dudalako biktimista edo haserre edo ahul azaldu nahi. Ez digutelako uzten biktimista, haserre edo ahul azaltzen. Batzuetan nire gorputzaren kontra kantatu izan dut neronek, ustez umorez edo ironikoki, baina etxera etorri naizenean korapilo handia izan dut barrenean: nire gorputzari barre egiten diot baina nahiko nuke ez izatea barre egiteko objektu bat, ezpada gorputz benetako, errespetagarri eta desiragarri bat».

      «Nire gorputz sexuala ikusezina ez izateko ahalegin berezia egiten dut. Nire janzkera ez da kasualitatea: ikusezina ez izaten saiatzen naiz, nire gorputz sexuala nabarmentzen. Gaztetxoagotan, nire desiragarri izateko ahalegina beste leku batetik zihoan: dieta bat bestearen atzetik egitetik».

      «Politikan emandako lau urteetan nire neskazahartasuna aldatu egin da apur bat. Hainbat jende deskolokatuta zegoen. Neskazahar lotsagabeak balio dit bertsotarako, baina ez politikarako. Politikaren esparruan beste era batera irakurritako emakumeak eskatzen dira. Zu bertsolaria zara: lotsagabea, andre desegokia, zenbait gizon estu hartzera ohitua..., baina zuk ezin duzu politika serioa egin. Inpresioa daukat, jende asko politikan eman ditudan lau urteetan hasi dela nire atzean, barruan edo hor nonbait emakume bat ikusten. Emakume bat bere hankekin, besoekin, titiekin, bihotzarekin... Emakume bat desiratu daitekeena, morboa izan dezakeena... Bertsotan ikusezin sentitu naiz erotikoki, eta konturatu naiz politikatik irakurria izan naizenean morboa pitz dezakedala. Eta ez dakit egoera zelan kudeatu».