Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

8.
HIPERSEXUALIZAZIOA
ETA HETEROARAUA

 

      Feminismoarentzat gorputzaren errepresentazioa kontu gatazkatsua dela baieztatzen du Maria Teresa Alario Triguerosek Arte y feminismo liburuan. Barbara Kruger artista alemaniarraren Zure gorputza gudu-zelaia da obra hartzen du metaforatzat. Obrari izenburua ematen dion esaldia emakume gazte baten aurpegi zatituaren gainean irakurtzen da. Bi erdi simetrikotan banatzen da aurpegia: ezkerrean erretratuaren positiboa; eskuinean, negatiboa. Batetik, hor dago emakumeen autoerrepresentazio beharra eta, bestetik, irudi horiek ohiko errepresentazio sexistekin nahasteko arriskua.

      Bertsolari (emakume?) modura, batez ere, gizonekiko erlazio erotikotik existitu ahal izatearen eta haien desiraren araberako lekua okupatzearen muga azpimarratzekoa da. “Emakumeen ikusgarritasuna gizonezkoen desiraren neurrira egina izan da” (Nead, 1998). Gizon publikoaren osagarri rola bete izan du askotan emakume publikoak; kontrastean lehenengoaren ezaugarriak bistaratzeko erabili izan da bigarrena. Sexualitatearen eta erotikaren eraikuntza patriarkala betikotzeko mekanismoa da umore sexista, eta bertsotan ere gizartean hartzen duen forma bera hartzen du: ehiztaria eta harrapakina, desiratzailea eta desiratua, osoa eta osagarria, botere harreman goitik beherakoan. Autoerrepresentazioaren eta interpretazio sexisten artean borrokan ari da maiz emakume bertsolaria, positiboaren eta negatiboaren artean.

 

      Oihana Bartra:

      «Askotan bihurtu izan da gai —batez ere bi bertsolariren arteko libreko saioetan eta beste bertsolaria gizona denean— besteak gustuko ninduela, besteak nirekin zerbait izan nahiko lukeela, kalabazak eman dizkiodala... Halako kontuak».

      «Gertatzen zait bertso saio osoa gizonezko bertsolarian zentratzea, hari buruz egitea umorea, hari buruz kantatzea... Niri buruz, guapa nagoela, nirekin zerbait nahi duela eta halakoak esateaz gain, badirudi ezin dela beste ezer esan. Bestelakoan, badirudi ez dudala grazia handirik. Askotan sentitu dut —gai horietatik aldenduz gero— bertso-saioetatik desagertu egin naizela, sexualizaziotik bakarrik existitzen nintzela».

      «Garai batean, rol horietan, emakume desiragarri moduan, ez nintzen bereziki deseroso sentitzen, edo onartu egiten nuen horixe zela zegoena. Baina gaur egun ez naiz eroso sentitzen. Hortik ihes egiten saiatzen naiz eta ez dut beti lortzen. Txarto sentitu naizen aldiak gertu daude denboran; ez dakit besteak inkontzienteki memoriatik ezabatu ditudan edo lehen kontzientziarik ez nuelako ez zidaten hainbeste eragiten. Eta badauzkat bertsolari batzuekin bizipen desatseginak».

 

      Oihana Iguaran:

      «Hamar urterekin bertso eskolan hasi nintzenean ume modura irakurtzen ninduten, eta garbi daukat noiz sentitu nuen lehen aldiz emakume modura irakurri nindutela. Bertso eskolako irakaslearen begietara sentitu nintzen lehen aldiz emakume. 13 urte nituela ikasturte bukaerako jaialdia egin genuen Lasarteko Jalgi tabernan. Bertsoaldi pila bat egin genituen, gehienak guk proposatutako gaiekin, ume kontuetan. Baina, halako batean, bertso eskolako beste mutil gazte bat eta biok atera gintuzten kantura eta ligoteoko gai bat jarri zigun irakasleak. Gaiak zioen berak nirekin ligatu nahi zuela. Nik defentsiban erantzun nion, zakar. Oso deseroso sentitu nintzen. Ohartzen nintzen esaten ari nintzenak ez zeukala zerikusirik nik benetan esango nukeenarekin, baina, aldi berean, grazia egiten zuela, funtzionatu egiten zuela. Lehen aldiz ikusi nuen neure burua rol horretan: gizonentzat erakargarria den emakume modura, ni zerbait sexuatu bezala. Hori berria zen niretzat, eta ohartu nintzen zenbat gauza mugitzen ziren. Orduan konturatu nintzen, irakasleak gai hori jarri zigunerako, diferente irakurtzen gintuela: ni emakume bezala eta kidea gizon bezala, eta botere harreman horrek grazia egin ziola publikoari».

      «Bertso eskolan harreman desberdina eraiki dut umetan hasi ginenon artean eta gerora, nik 15-16 urte neuzkala hasi ziren mutilekin. Aurrenekoekin, emakume bezala irakurria izan aurretik neukan kodea mantendu dugu eta jarraitu dugu, nolabait, neba-arreba edo kide izaten; baina bigarrengoekin beti egon da konponente erotikoa, errespetutik, baina hor egon da. Haietako batekin hitz egin ere egin nuen, beti hortik jotzen genuelako libreko saioetan eta nik sentitzen nuelako efektiboa zela, funtzionatu egiten zuela, baina bide asko zeudela ikertzeko hortik kanpo. Publikoko jendea sentitzen nuen imajinatuz ea liatuta ote geunden, ea larrutan egiten ote genuen, hori zela jokoa».

      «Lehen ez nintzen saio batera inoiz gonarekin joaten, sexualizazioa saihesteko, badaezpada. Ez daukat gogoan bertsotan inoiz sedukzio jokoan hasterik gaia nik aterata. Deseroso sentitzeko beldurrez, sozialki nola eraikita gauden..., parekoari esan ordez “aizu, hau ez zait gustatzen”, beti egin izan dut “ni aldatuko naiz, nire itxura aldatuko dut, nire jarrera aldatuko dut gustatzen ez zaidan kode horretara ez iristeko”».

 

      Onintza Enbeita:

      «Emakume bertsolarien bizitza sexualari buruzko komentario asko egiten dira: halako seguru moja hutsa dela, beste hark askorekin egingo du larrutan... Lagunei buruz entzun behar dituzu, eta hortik kontuak atera zutaz zer esango duten».