Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

6.
INFANTILIZAZIOA,
AITAKERIA,
AITAPONTEKOTZA

 

      Aita kulturalez idatzi zuen Ane Labakak 2018an Berria-rako artikulu batean. “Eskatu gabeko aholku” sortaz ari zen, “laguntzeko prest beti, susmagarria suerta daitekeen gehiegizko aitakeriaz. [...] Jende interesgarri gehiago aurkeztuko dizute gero, kultur programatzaileak, idazle kontsakratuak, editore zorrotzak... hortxe dituzu, gurtu beharreko aita gehiago zure bildumarako”. Transferitzen ez den kapital sinbolikoaz, kulturalaz eta sozialaz ari zen, alaba kategorian mantenaraziko gaituenaz.

 

 

      Alaia Martin:

      «Herrerako bertso-bazkari batean, duela hamarkada bat inguru, saio aurreko bazkarian, senar-emazte batzuk egokitu zitzaizkidan parean. Erretzen ari nintzen, baita nire bertsokidea (gizonezkoa) ere. Bikoteko senarrak esan zidan ez zidala ondo ematen erretzeak. Neska finaren itxura neukala esan zidan. Nik esan nion horrek ez zeukala inongo zerikusirik. Berak, arrazoi neukala, fintasun guztia kentzen zidala, hain zuzen, erretzeak. Emazteak esan zidan mutiletan ez zela itsusi geratzen erretzea, baina nesketan zikin geratzen zela, zabar, eta zimurtu egingo zitzaidala aurpegia, usain txarra edukiko nuela eta, adin batetik aurrera behintzat, uzteko, benetan gaizki ematen zuela erretzailea izateak adin batetik aurrera. Haserretu egin nintzen, eta ohi bezala edo gehiago erretzen jarraitu nuen, baina gogoan dut saioan zehar zigarreta bat pizten nuen bakoitzean klink egiten zidala buruak, erretzen ari nintzenak zenbatzen ariko zirela sentitzen nuela, haientzat zigarro bakoitzeko zabarragoa eta zikinagoa nintzela eta kantatzen nuena kantatuta ere haiek eraikita zeukatela nire irudia, eta zilegitasun eta begirune gutxiago eskainiko zidatela. Markatuta geratu zitzaidan saio hura».

      «Bertso afari batean, orain hilabete gutxi, antolatzaileetariko batek esan zidan “oso serio” kantatzen ari nintzela azken boladan, “gai sakonez-edo” bere hitzetan, eta arinekin segitzeko, lehen bezala, hobeto joango zitzaidala».

 

      Jone Uria:

      «Emakumeoi errazago ematen dizkigute edozeri buruzko aholkuak. Badirudi uste dutela ez dakigula zertan ari garen, gauzak kontzienteki egingo ez bagenitu bezala. Seguru asko asmorik onenez, baina aitakeriaz esaten dizute, “hau egingo bazenu” edo “beste era honetara egingo bazenu”...».

      «Bertsokide gizon zaharrago batzuei aitakeria sumatu izan diet, “altuago kantatu” eta horrelakoak esan izan dizkidate, kantaerarekin lotutako gauzak. Entzuleek bertsoa gehiago saldu behar nukeela eta irribarre gehiago egin behar nukeela ere esan izan didate, ez gizonek bakarrik, emakumeren batek ere bai».

 

      Oihana Iguaran:

      «Ni ia bat-batean igaro nintzen saio gutxi batzuk egitetik elitekoekin plaza nagusi askotan ibiltzera. Horregatik, ez dakit ondo bereizten zein jarrera jaso ditudan emakumea naizelako, zein berria nintzelako, zein gaztea nintzelako... Aitakeria handia sentitu dut: autoa gidatzen ez uztea, antolatzaileekiko harremana nire ordez egitea... Kontraste handia sentitu izan dut saio aurretik ematen didaten tratuaren eta bertsotan ari garela eman didatenaren artean. Aurretik, esne-mamitan banindukate bezala, adingabe bat banintz bezala, burujabe ez banintz bezala. Intentzio onez beti, baina “lasai, nik jasoko zaitut zu autoz, ez zaitez Aritzetaraino gerturatu” edo “lasai, lekua nik prestatuko dut”, “antolatzaileekin nik hitz egingo dut”... Antolatzaileekiko tratuan askotan sentitu izan naiz solasetik kanpo, ez banengo bezala. Askotan ni kontuan izan gabe hartu dituzte zenbait erabaki antolatzaileak eta beste bertsolariak (gizonezkoak), eta nik ahal nuen bezala kudeatu behar izan ditut. Kontrastea handia da, ze ez zaituzte kontuan hartzen erabakiak hartzeko orduan baina gero exekutatu egin behar dituzu, besteak bezalaxe egin behar duzu bertsotan. Mikrofonoaren aurrean bakarrik zaude eta moldatuko zara, segituko diozu bideari. Kantuan eroso sentitzen naiz autosufizientzia aitortzen zaidalako, baina, aldiz, saioa hasi aurreko momentu eta harremanetan askotan sentitu izan naiz akonpańante».

      «Gizonezko bertsolari heldu eta kontsakratu bat nire tutore eta manager bihurtu dela sentitzen dut, nik hala eskatu gabe eta nik hala nahi gabe. Eta ez dakit nola kudeatu, uste dudalako bera asmo onez ari dela. Nik eskatu gabe adopzioan hartu nauela sentitzen dut, bere buruari planteatu gabe nik hala nahi dudan ala ez, azkeneko okasioetan antolatzaileekin nire kontratazio baldintzak negoziatzeraino. Nik esan diot “eskertzen dizut berarekin hitz egin izana, baina bihar goizean deituko diot”, eta berak “ez deitu, ja lotu ditut gauzak”. Eta ni? Non nago ni?».

 

      Nerea Ibarzabal:

      «Gizon nagusiekin ume sentitzen naiz, emakumeekin emakume. Gizon artean ume sentitzen naiz; ez dakit neuk hartzen dudan papera den, beraiek ematen didatena, fisikoki transmititzen dudana...; batzuekin ez dut lortzen espiral horretatik irtetea. Egia da ez diedala neuretik askorik erakusten, ez dakit nagia den edo oro har gizonezko helduagoekin harremantzeko dudan modua. Entzun egiten diet, baina ez naiz batzuetan kontra egiteko nor sentitzen. Ez daukat gogorik, batzuk aldaezinak iruditzen zaizkit. Fase paranoiko batean nago eta irudipena dut denek uste dutela ez naizela ona bertsotan, ez dutela nirekin kantatu nahi, eta edozein momentutan, hurrengo txapelketaren batean hanka sartu eta saioak galduko banitu, nitaz beste batzuei buruz esan duten gauza bera esango dutela: “Txapelketak bere lekuan jarri du”».

 

      Ane Labaka:

      «Aita bertso munduan ezaguna izatea itzal handia izan da. Gizonezko bertsolari zaharrago jakin batzuek aitaren alaba bezala tratatu izan naute beti, aitaz galdetzen zidaten, eskumuinak harentzat... aldiro. Eta nik sentitzen nuen: Baina, ni nago hemen zuekin bertsotan!».

      «Umetzat hartua sentitu izan naiz: ez didate utzi tragoak ordaintzen, autoa gidatzen, euren arteko elkarrizketetan sartzen... Kanpo sentitu naiz askotan. Batzuen partetik inongo ahaleginik ez parez pareko harremana sortzeko eta, batzuei gozagarri ere ez ote zaien behetik gora begiratuko dien norbait izatea, miresmenetik tratatuak izatea. Bertsolarien arteko solasaldietan, mahai inguruan... txiki sentitu izan naiz».

 

      Maialen Akizu:

      «Azken lau urtean aita ponteko bat izan dut buruan kantatzen nuen aldiro, haren balorazioa, haren epaia. Hainbesteraino, ze, ez bainuen beste inor ikusten: ez antolatzailerik, ez publikorik».