Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

3.
BERTSOLARITZAREN
DEFINIZIO HERTSATZAILEA

 

      Joanna Russek emakumeen literatura suntsitzeko erabiltzen diren mekanismoez gogoetatu zuen Nola ezabatu emakumeen idazketa saiakeran 1983an. “Begira zeri buruz idatzi duen, ulertezina da, gaizki idatzia dago, ez da behar bezain trinkoa, irregularra da, ez da interesgarria...”. Autoritate maskulinoek erabakitzen dute zer den literatura eta zer ez. Zer den literatura ona eta zer literatura txarra. “Emakumeen esperientziaren debaluazio automatikoa” salatu zuen Russek, eta Phyllis Chesler-en hitzez baliatuz azaldu: “Gutxiespen horrek baimenduta, gizonek emakumeen sufrimendua ez dute ikusten sufrimendu humanoaren erakusgarri edo ordezkari posible gisa”. Ezta emakumeen poza, kezkak edota interesak ere. “Esperientzia femeninoa esperientzia maskulinoa baino zabaltasun, erakusgarritasun, garrantzi gutxiagokotzat jotzen da”. Hala, “emakumeen esperientzia gizonezkoenaren azpikotzat, garrantzigabetzat eta mugatutzat jota, emakumeen literatura automatikoki gutxiesten da”. “Zoritxarrez”, baieztatzen du Erica Jong-ek, “emakume izateak definizio maskulinoak sinestea esan nahi du”. Azpirakuntzaren motiboa argia da Russentzat: “Literatura bereizi egiten da esperientziatik, emakume idazleak bereizi egiten dira haien tradiziotik eta batzuk besteengandik, publikoa bereizi egiten da pribatutik, politikoa pertsonaletik, eta hori guztia kriterio absolutu jakin batzuk ezartzeko. Beltzen artea, emakumeen artea, arte txikanoa —eta gainerako arte subordinatu guztiak— beldurgarriak dira honexegatik: objektibitatearen eta kriterio absolutuen ideia bera jartzen dutelako zalantzan”.

 

      Ane Labaka:

      «Oraindik ere teknika da bertsotan gehien baloratzen dena. Generoaren araberako espazioaren banaketak bertsolaritzaren definizioa bera zeharkatzen du. Publikoa/pribatua, etxekoa/kanpokoa banaketa horretan, kanpokoa baloratzen da gehien: espontaneitatea, zirtoa, momentuko erreakzio azkarra, hitz jokoa, ateraldia, ingenioa... Bat-batekotasunarekin eta naturaltasunarekin lotzen dena, nahiz eta hori ere ikasia den. Aldiz, diskurtsoa, poetika, jakintza... etxean egiten ditugula egozten digute, aurrez prestatzen ditugula eta, beraz, ez daukala besteak adinako meriturik. Esaten digute gu onak garela aurretiko lanean, oso prestatuta gaudela, gogoeta eta hausnarketa interesgarriak egiten ditugula, baina hori ez dela bertsolari izatea. “Hemen balio duena bestea da”. Eta kuriosoa da nola ume-umetatik bideratu gaituzten pentsatzera, gogoetatzera, helduak eta jakintsuak izatera... inork ez digu baloratu eta akuilatu grazia, ateraldia, ingenioa, eta gero horixe da eskatzen digutena».

 

      Miren Artetxe:

      «Gaur egun bertsolari bihurtzeko marraztuta dagoen bidea irabazlearena da. Eskolartekoan nabarmendu, gazte-txapelketak irabazi, plazetan hasi, herrialdeko finalera pasa eta Euskal Herrikoan gutxienez finalerdietara iritsi. Eta hori dena gazterik; hogeita hamarrak baino lehen. Ez dago beste eredurik. Uste dut gure erronketako bat dela prozesua motelagoa eta bihurriagoa ere izan daitekeela erakustea. Bertsolari bilakatzeko eta bertsolari izateko modu askotarikoak sortzea. Helduen bertso eskolen eredua ere kuestionatu beharko genuke: ostegun gauetako soziedadeko kuadrillaren ereduak ez du, agian, denontzat balio».

      «Bertsolaritzak lore jokoetatik gaur egun arte izan duen eboluzioa ikusita, bertsolariaren figura non kokatu den eta nola kokatu den eta testuinguruaren arabera nola aldatu den, beti bat egin du euskalduntasun idealaren irudiarekin, edo hala berrinterpretatu da behintzat gerora. Nazionalismoaren aurretik txuriak eta gorriak zeuden lore jokoetan, gatazka zegoen, eta bertsolariek bi aldeetan parte hartzen zuten. Txuriak euskaldun fededunak ziren, modernizazioaren kontra zeudenak modernizazioa frantsesez zetorrelako, eta gorriek, liberalek bezala, zioten: “Modernizazioa bai baina geurea”. Horien artean gutxiengoa ziren euskaldunak. Euskal lore jokoak txurienak ziren, gaiak ere halakoak, eta Donibane Lohizunen lehen euskal festak sortu zirenean lehenengoz iragarri zituzten bertsolariak kartelean. Ordura arte pilota, kirol probak... tartean izaten ziren bertsoak ere, baina ez zituzten inoiz kartelera eramaten. Orduan jarri zuten lehen aldiz “bat-bateko bertsolariak” afixan. Zergatik? Haiek zirelako euskalduntasunaren bermea. “Zazpiak bat” aldarri protonazionalista sortu zenean bertsolariek gorpuztu zuten mezu hura. Hala, XX. mendearen hasieran egituratutako nazionalismoak ere bertsolariak erabili zituen euskaldun prototipikoaren irudi... Geroztik, euskalduntasunaren definizioa aldatzen joan ahala, euskaldun fededunetik euskal esentziaren eta arrazaren iruditik naziotasuna hizkuntzan ardazten duen euskalduntasunaren irudi izatera igaro dira bertsolariak ere. Eta gaur egun euskaldun prototipikoak izaten jarraitzen dugu. Bertsolariari baloratu zaiona euskalgintzan une bakoitzean baloratu denaren araberakoa izan da. Euskal munduan zein balio diren gu, euskalduntasuna definitzen dutenak, horrek definituko du bertsolaria, eta neurri txikiago batean, baliteke alderantziz ere gertatzea. Lorea Agirreren Korrikako diskurtsoak —“plaza hartu, nor izan...”[2]— nire ustez, bertsolaria ondo deskribatzen du. Autonomiaz jokatu, erakundeekin kolaboratu baina autonomia mantenduz, eragile soziala izan, euskalgintzako eta kulturgintzako eragilea izan...; uste dut hori dena baloratzen zaiola gaur egun bertsolariari. Ez da nahikoa bertsotan ondo egitea —sektore batzuetan bai—, bertsolariari eskatzen zaio euskalgintzako eta kulturgintzako beste bagaje bat ere. Eta ez da kasualitatea momentu honetan emakumeek bertsolaritzarako sarbide bat aurkitu izana, feminismoak plazara ekarri dituen hainbat gai, lehen ez bezala, baloratzen hasi direlako bai euskalgintzan eta bai kulturgintzan. Gatazka armatuaren amaierak, militantzia ereduaren eta politikan parte hartzeko moduen aldaketek —edo— eta beste ideia batzuentzako espazioa zabaldu izanak ere eragin du, beste balio batzuei lekua egin zaie. Eta, jakina, Lujanbioren bertsokerak eta diskurtsoak boterea hartu izanak eta kanon aldaketak ere eragin du. Dena dago elkarreraginean. Denis Laborde-k esaten zuen lore jokoen hasieran bertsolaritza paisaiaren parte zela. Berak defendatzen du gaur egun bertsolaritza deitzen diogun hori lore jokoen bitartez egituratu zela. Hor jartzen du hasiera: Euskal Herri osoan sortutako zirkuituari esker bertsolaritza paisaian zegoen zerbait izatetik saritua izatera igaro zen, epai irizpideak sortu ziren, lehenengoz oholtzara eraman zen, teatroetara, ariketak sortzen ziren, gaiak, saio egiturak... Hortik, bertso egunak sortu ziren; hortik, txapelketak... eta pixkanaka joan da kulturatzat hartzen. Zer gertatzen da emakumeekin? Hain justu, bertsolaritza egituratu zen momentuan kantuan ari ziren emakume haiek desagertu egin zirela dirudi. Bertsolaritza oholtzara igo zen momentuan desagertu zen, adibidez, “Aña deabrua”, gizonei irabazten zien neska hura. Eta ez dator berririk. Orain, berriz ere bi aldetara ari da gertatzen eraldaketa: emakumeok plazaratzen garen heinean aldatu egiten dugu plaza, eta plaza aldatzen den unean plazaratzen gara emakumeok. Orain euskalduntasuna askoz poliedrikoagoa bihurtzen ari da, eta aldi berean definigaitzagoa, eta baita bertso plaza ere. Denbora askoan bertsolaritza ez da letra larrizko kulturatzat jo izan. Kultura primitiboaren adierazpide gisa baloratu izan dute folklorista erromantikoek. Orain gutxi arte izan da dohain bat, berez zetorrena, naturala. Eta hortik baloratua izatetik kultura gisa baloratzeko urratsak egin direnean, unibertsaltasunetik baloratua izan dadin, erresistentziak sortu dira, jende batek nahi du bertsolaritza esentziari lotuta mantendu, eta horrek inplikazioak ditu, generoari dagokionean, bi zentzutan. Azken Txapelketa Nagusian naturaltasunaren eta berezkotasunaren aldeko iritzi korronteak agertu ziren berriz. Kasualitatea: hor ez gara emakumeak kabitzen (eta kabitzen direnak salbuespen izango dira). Hor kabitzen dira gizon batzuk: euskaldun zaharrak, dialektodunak...».

 

      Onintza Enbeita:

      «Zenbait bertsolariren artean aliantzak landu ditugu eta hortik posible da betiko moldeak puskatzea. Hain zuzen, molde horiek zabaltzeko beharrak elkartu gaitu. Betiko umorea, gaiak, jarrerak, harremanak, arauak... eraldatzeko lanean ari gara».

      «Plazagizona izan behar du bertsolariak: herritarrekin egon, anekdotak kontatu... Horretaz gain, plazagizonak denari buruz jakin behar du eta edozeri buruz egin behar du bertsotan; jakina, dena dira gai unibertsalak: plazagizonak jakin behar du Tourra nork irabazi duen, Mondragon kooperatibako lehendakaria nor den... Baina ez du jakin beharrik Evax eta Tampax bi marka diferente direla. Eta plazagizonak barre eragin behar dio publikoari. Grazia izan behar du. Orain: zerk egiten du grazia eta zerk ez?».

      «Bai erratuta baloratzen direla indarra eta pieza-batekotasuna bertsotan eta jendartean! Gogortzat hartzen ditugun gizon bertsolari horiek gure testuinguruan eta ibilbidean jarriko bagenitu, gaur egun erdiak ez lirateke bertsolariak izango».

 

      Maddalen Arzallus:

      «Segurtasun irudia da bertsotan gehien baloratzen dena. Segurtasuna transmititzen duzunean baloratzen da egiten duzun lana, hori da lehen galbahea».

      «Bertsotan telebistako lana aipatzen didatenean epaitua sentitzen naiz, bertsolariok tradizioz telebistarekin daukagun harreman gatazkatsuagatik. Telebista fribolotzat jotzen da eta bertsolaritza seriotzat eta koherentetzat eta uste dut bertsolariok badaukagula pixka bat garenago azaltzeko beharra. Konturatzen naiz jendeak estralurtartzat gauzkala, uste dut gauzkala garena baino kultuagotzat, urrutikoagotzat, koherentetzat, ideologikotzat... Eta nik uste dut jendeak uste baino normalagoak garela eta badugula komunikazio arazo bat. Iruditzen zait alde ludiko purua oso bazterrera utzita daukagula. Uste dut geure buruari ez diogula baimentzen fribolitatea, badirudi esaten dugunaren atzean beti egon behar duela ideia transzendental batek, eta oso-oso koherenteak izan behar dugula. Ni fribolotzat epaitu nahi nauenak epaitu nazala, baina niri barregura eurek ematen didate: beti hain serio agertzen direnek. Telebistan agertzearekin aldatzen ari da nire irudi publikoa eta irudi hori benetan naizenetik gertuago dago bertsolari modura bakarrik irakurria nintzenean baino. Uste dut telebistak justizia egiten lagundu diola nire benetakotasunari».

      «Nik alaitasun handia daukat, bizipoz handia, nahiz eta bertsotan ez dudan hainbeste azaltzen bertsoak berak dauzkan formengatik. Hor galtzen da pixka bat nire alaitasuna. Bertsotan askoz serioago azaltzen naiz kontzentrazio momentu bat delako. Uste dut neure burua gehiago deskribatzen duela Doraemonen[3] bertsoak beste guztiak baino».

 

      Maialen Akizu:

      «Bertsotan gehien baloratzen diren dohainak dira: autentikotasuna, benetakotasuna, etxeko marka, umorea, sorpresa... Uste dut gure belaunaldian gertatu dela halako itzulera bat; gure aurreko belaunaldian asko intelektualizatu zen bertsolaritza eta garrantzia eman zitzaion jakintzari, pentsamenduari... Guk hori landu dugu batez ere. Bertso munduan bati baino gehiagori entzun/irakurri diot, publikoak ere gai arinak geroz eta gehiago eskatzen dituela. Egungo joera izan liteke, baina gure adin bueltan sumatu dut emakumeok diskurtso, dialektika, poetikaren eremua hartu dugunean desprestigiatu egin dela, gehiago baloratzen direla ziria, zirtoa, naturaltasuna...».

 

      Oihana Bartra:

      «Hitz egin nahi nuke generoa eta euskalduntasuna gurutzatzen diren lekuaz. Nire lehen oroimena umetan Kanpantxuko[4] egonaldietara joaten ginenekoa da. Izututa joaten nintzen, pentsatuz ea denei ulertzen diedan. Ohartzen nintzen nire euskalduntasuna ez zela haiena bezalakoa. Bertso-munduan sartu ahal izateko, propio ikasi nuen bizkaiera, dialektoaren beharra sentitzen nuen euren artekoa izateko. Sentitzen nuen epaia zela hemen dator Bilboko pija hau, euskaraz ondo ez dakiena, nora eta bertso mundura. Konplexu handia neukan. Arrotz eta ez-aintzatetsia sentitu izan naiz. Ahalduntze ariketa egin behar izan dut hizkuntzari dagokionez ere. Aurten, lehenengoz, Bizkaiko Txapelketan euskara batuan kantatzea erabaki dut, kantatu nahi diodalako euskara ikasten ari den edo euskalkirik ez daukan euskaldun horri ere. Bateraezintzat jotzen da euskara batuan kantatzea eta txispa edukitzea, umorea egitea, hizkuntzarekin jolastea... Nik ez dut, agian, Hernaniko bertso eskolakoek jolasten duten modu berean jolasten hizkuntzarekin, baina jolasten dut, akaso, beste joko batera. Eta hor gurutzatzen dira generoa eta hizkuntza, umorerik gabeak dira biak: emakumea eta euskaldun euskalkirik gabea. Gezurra da. Buelta eman behar diogu horri».

      «Nik ez dizut txisterik egingo onddo biltzeari, uso paseari edo letxugak biltzeari buruz. Leku batean grazia egiten duena niretzat arrotza bada, ez dut graziarik egingo. Nik interesatzen zaidanari buruz, pentsatu dudanari buruz, bizi dudanari buruz egingo dut umorea, baina bizipen, interes, esperientzia guztiek ez dute balio bera. Egia da periferia eta zentroa trukagarriak izan daitezkeela eta bertsolari rural bat periferiko izan daitekeela Bilbon, baina bertso munduan daukaten balorazioa desberdina da. Bertsolari totala izateko Aiako edo Altzoko saiora deitu behar zaituztela dirudi, horiek dira benetako bertsolariak deitzen dituzten plazak. Baina zenbat jende bizi da Aian? Eta Altzon? Zergatik du hango entzuleak Basaurikoak baino balio espezifiko handiagoa? Bertso munduan estatusa ematen du Aian edo Altzon kantatu izanak, eta ez Bilbon edo Santurtzin. Han kantatzea denez garrantzitsua, baloratzen dena da Altzon eta Aian ondo moldatzen den bertsolari klasea».

      «Zer da bertsolari totala? Behar ditu grazia, trebezia soziala eta jendetasuna, bertso estilo jakin bat, euskalkiduna izatea, eta gizontasunarekin lotzen diren hainbat ezaugarri: erantzun azkarra, ingenioa, indarra, ziurtasuna, arrazoia, sendotasuna, ez kikiltzea, ez haustea... Zergatik kritikatzen zaio Onintzari negar egitea? Ez delako bertsolari bati dagokiona, desafiatu egiten duelako bertsolariaren ideia bera».

      «Zahartzaroari buruz pentsatu behar dugu. Topatu eta eraiki egin behar dugu gure zahartzeko modua. Ez daukagu erreferenterik. Galdetzen badidazu ea 50 edo 60 urterekin bertsotan jarraitu nahi dudan, baietz esango dizut, baina ez dakit nola egiten den hori. Nola egingo dugu guk bertsotan jarraitu nahi izateko eta antolatzaileek gu entzun nahi gaitzaten? Nik jarraitu egin nahi dut, baina ez dakit nahiko nauten. Ez dakit plaza prest dagoen emakume helduei eta zaharrei entzuteko. Ez da halako gorputzik eta diskurtsorik existitzen plazan. Zahartzaroa bera gutxietsita dago, hor ere badago debaluazio automatiko bat, eta emakume zaharra bazara, bikoitza. Plaza prestatzen hasi behar dugu, honi buruz berbetan hasi, eremu hori landu etorkizunean nahiko genukeen horretarako, ez gaitzan plazak automatikoki egotzi. Apustu bat da, ardura hartu behar dugu, ez dago ezer eginda».

 

      Jone Uria:

      «Bertsotan hasi nintzenean baneuzkan emakume bertsolarien artean hainbat erreferente, eta erreferente horien artean Maialen bakarrik gelditzen da. Hori zergatik pasatu den eta berriro pasatuko ez ote den... ikertu beharrekoa da».

 

 

3.1.
KATEGORIZAZIO FALTSUA

 

      Emakume sortzaileak gutxiesteko erabiltzen den beste mekanismo bat haien lana kategoria okerrean sailkatzea dela salatzen du Russek, kategoria zuzenerako sarrera ukatuz. Asko izan dira emakumeen literatura azpiratzeko erabili izan diren kategorizazioak: literatura femeninoa, intimista, autofikzionala... Eta kuriosoa da nola gizonezkoen literatura goratzeko erabili izan diren adjektibo berek balio izan duten emakumezkoena gutxiesteko. 2017ko Txapelketa Nagusian zirtolariak eta haien naturaltasuna goraipatzen zuen iritzi-korrontea esanguratsua izan zen, adibidez. Kurioski, emakumerik apenas jotzen den zirtolaritzat eta naturaltzat. Sarbide naturala ez da haientzat egina.

 

      Onintza Enbeita:

      «Irakurtzen gaituzten moduak eragiten digu. Emakume modura irakurtzen gaituzte, baina ez emakume modura bakarrik: beti zara emakume gehi beste zer edo zer. Emakume gaztea, polita, lodia, itsusia, harroa, ezkongabea, ama, promiskuoa, moja... Genero sistemaren arabera irakurtzen digute gorputza, ideologia, nortasuna, jarrera..., eta andrea edo gizona izan, diferentea izango da balorazioa eta kategorizazioa. Emakume bertsolari modura irakurtzen gaituzten momentutik ez gara unibertsalak; figura unibertsala, bertsolaria, gizonezkoa da; gu eranskinak gara. Historia liburuetan bezala: “Bigarren Mundu Gerra” kapitulua egongo da, eta gero eranskin bat: “Emakumea Bigarren Mundu Gerran”. Luparekin begiratuko dute esaten duguna, hamaika bider eta hamaika modutan gogoraraziko digute guk egiten duguna ez dela bertsoa, edo ez dela bertso egokia, ez dela bertsoak izan behar lukeen modukoa, saiatuko dira gure bertsoa kalitatetik apartatuko duten ezaugarriak ikusten: biktimismoa, intimismoa... Bertso kutsatua izango da gurea: gogorregia edo lañoegia; diskurtsiboegia, poetikoegia, sakonegia, feministegia... Bertsotan hasi aurretik badago epaiketa publiko bat: entzuleek erabakiko dute zure nortasuna eta estiloa egokiak diren ala ez: zorrotzegia den, bigunegia den, gordinegia den, mingarria den... Eta balorazio horietarako irizpideak eta neurriak ezberdinak dira emakumeentzat eta gizonentzat. Mikroaren aurrean jartzen garen momentuan publikoak ikusten duen lehen gauza emakume bat da, eta horrek baldintzatuko du zer esateko baimena dugun eta zer esateko ez dugun baimenik. Eta emakume horri jartzen zaion adjektiboaren arabera —polita ala itsusia den, lotsatia ala lotsagabea den, feminista den, bertsolaritzatik kanpo jardun publikorik baduen...— are gehiago mugatuko zaio mugimendu marjina eta haren balorazioan beste guztia garrantzitsuagoa izango da bertsoa bera baino».

 

      Miren Amuriza:

      «Gai jartzaileek askotan jarri izan dizkidate formal paperak, eta uste dut neska on bezala irakurria izateak gai batzuetatik urrundu nauela. Uste dut publiko zabalaren aurrean neskatxa papera (txintxoa eta goxoa) betetzen jarraitzen dudala neurri handi batean. Askotan gertatzen zait entzulearen harridurarekin harritzea. Haserrearazi egiten nau, beraiekin lehenengo eta neure buruarekin gero. Momentu horietan pentsatu izan dut, inor baino gordinago arituta ere, jendeak hamar-zortzian margaritak besterik ez ditudala isurtzen pentsatzen jarraituko duela eta kontziente naiz, estereotipo hori apurtzeagatik, naizena baino zakarrago, gordinago, kantatu izan dudala maiz. Mutur batetik bestera pasatu izan naiz eta berriz ere neure buruarekin haserretu: rol aldaketak funtzionatu ez didalako eta, batez ere, inkoherentea izaten ari naizela sentitu izan dudalako».

 

      Maialen Akizu:

      «Neska txintxo/sinpatika/poeta ez dut izan nahi. Bertso bat ilunabarra hitzarekin hasten badut... uf! Bertso bat sakonegi ateratzen bazait, irribarretxoa egiten dut karga kenduz bezala. Neska artzaina izaten ere saiatu izan naiz batzuetan, egunerokotasunean banaizelako batzuetan, baina bertsotan erregistro hori gizonkera batzuekin berdintzeko erabili izan dudala uste dut, testuinguruan funtzionatzen zuela ikusita. Gogoratzen naiz behin kide bati ariketa bat jarri ziotela: bertso baten bidez lotsa sentiarazi behar zion publikoari. Kantatu zuen larrutan ari zela kaka egin zuela... Inbidia sentitu nuen! Nik horrelakorik kanta nezake? Ez dut nahi kategorizatu nazaten honela edo bestela. Beldurra ematen dit etiketatua izateak: ez dut femeninoegi agertu nahi, ezta maskulinoegi ere; ez dut panpina izan nahi, baina zarpaila ere ez. Askotan pentsatu dut mutila izan nahi dudala, kezka horiek askoz ere intentsitate baxuagoan dituztela uste dudalako, baina orain kezkak kontzienteago eta lasaiago bizi ditut».

 

 

[2] 2015-03-30, https://www.berria.eus/albisteak/109510/19 korrikako mezua.htm

[3] 2017ko Txapelketa Nagusiko Irungo finalerdian Doraemon marrazki bizidunen doinuan kantatu zuen amaierako agurra.

[4] Bizkaiko bertso eskoletako haurrak eta gaztetxoak Kanpantxun bildu ohi ziren urtero hiru egunez.