Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

Sarrera

 

 

Nola iritsi bertsora
emakume gorputzetik?

Itziar Okariz

 

 

      “Nola iritsi bertsora emakume[1] gorputzetik?”, galdetu zidan Itziar Okarizek duela bost urte inguru auto gidari desorientatuaren aurpegiarekin. Kosta egin zitzaidan erreakzionatzea. Galderak, Suedian bizi nintzenean amonak egin zidan beste bat oroitarazi zidan: “Aizan, hor ere igandea al da?”. Distantziaren neurria sentitzera eraman ninduten. Joan egin behar da Stockholmeraino; iritsi egin behar da, gero, bertsoraino.

      Gorputz ez-autorizatuak iritsi egin behar du testuraino, eta testuak askatu egin behar du gorputza, kreazio autonomo gisa funtzionatuko badu. Horri buruz ari zen Virginia Woolf Gela bat norberarena enblematikoan Shakespeareren purutasunaz mintzo, haren idazkera askeaz, amorrurik, aldarririk, gorputzik gabeaz. Aldiz, madarikatu egiten zuen emakumea zela ahaztuta idatzi ezina, luma astindu beharra gorputz hankaperatua garraio. Distantzia hori, emakumearen eta bertsoaren artekoa zerez egina dagoen ikertzeko jakin-mina ate joka dabilkit ordutik.

      Autoritateaz pentsatzen neramatzan hilabete batzuk, gogoetatzen nola eraikitzen eta deseraikitzen den bertsoaren munduan baina bertsotik —testutik— kanpo. Entzuleek mikrofonoaren aurrean ikusten duten gorputza, entzuten duten ahotsa non dagoen neurtu nahian, non autopertzepzioz, non besteen begietara, non beste gorputzekiko erlazioan. Zenbateraino dagoen hurbil adostutako sinesgarritasunetik, taxutik, kalitatetik, graziatik, purutasunetik. Zenbateraino den Shakespeare, zenbateraino Woolf. Zein diren bertsolariak autoritatez janzteko eta eranzteko martxan dauden mekanismoak. Nola eragiten duen sexu-genero sistemak horretan. Nola gertatzen den edo ez den gertatzen autoritate transferentzia belaunaldien artean, kolegen artean, gizonen eta emakumeen artean. Zertarako autorizatua dagoen bertsolari bakoitza une, plaza, ariketa bakoitzean. Leku berean egonagatik posizio diferenteetan dauden gorputzek habitatzen baitituzte frankotiratzaile postuak, hondartzak, bertso saioak.

      Emakume bertsolarienak gorputz publikoak dira —begiratuak, epaituak, esanguratsuak— eta haien errepresentazioa etengabeko negoziazio semiotikoaren emaitza da. Askotarikoak izan arren —neurriz, estiloz, esanguraz—, emakume bertsolarien gorputzek emakume gorputz generikoarekin dialogatzen dute (haren historiarekin eta etorkizunarekin) inguruko gorputz errealekin adina. Emakume gorputzak plazaratzeak ekarri du gorpuztasuna lehen lerrora bertsolaritzan eta, gorputzari lotuta, plazera, mina, bortxa, erotika, erresistentzia... haragitzen ari dira.

      Gizonek taxuturiko tradizio eta moldeetan, gizonekin batera, eta gorputz maskulinoen artean eta aldamenean sortzen dute emakume bertsolariek (sarritan, saioan gutxiengoa direla), eta ezinbestean daude haien iritzi eta balorazioekin, haien esperientziarekin, presentziarekin eta egiteko moduekin zeharkatuta. Bertsolariak ezin du, Harkaitz Canok amesten zuen idazlea nola, artista abuhardillatua izan; behartuta dago autoa, solasa, komunitatea eta errelatoa konpartitzera edo, gutxienean, negoziatzera. Egikera hori aldi berean da zailtasun eta aukera: frikzio eta entrenamendu.

      “Gizonen pertzepzio eta sentsazioen gatibu gara denok. Gizonen hitzen gatibu”.

      “Emakumeen gerrak kolore, usain, argiztapen eta espazio propioak ditu. Hitz propioak”.

      “Gizonek... desgogara uzten diete emakumeei beren munduan, beren territorioan sartzen”.

      “Gizonak beldur ziren emakumeek beste gerra bat, bestelako gerra bat kontatuko ote zuten”.

      Svetlana Aleksievitx-en Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuaren irakurketak izan zuen eraginik emakume bertsokideen testigantzak biltzen hasteko asmoan. Urte erdia eman nuen bertsokideak elkarrizketatzen tabernetan, terrazetan, euren etxeetako sukalde eta egongeletan, gure etxean bertan. Haien hitzak antolatzen eta entzundakoari buruz gogoetatzen aritu ostean, gaur egun plazan kantatzen duten 15 emakume bertsolariren testigantzak bildu ditut hemen. 1977koa da elkarrizketaturik zaharrena, eta hogeita bost urtetik gora daramatza plazan; 1996an jaioa da gazteena, baina dozena bat urte dira jendaurrean kantatzen duela. Badira bertsolari intermitenteak, beren jarduneko uneren batean plazan bertsotan egiteari utzi eta handik urte batzuetara itzuli direnak, beste kontzientzia eta oinarri batekin; Ainhoa Agirreazaldegi eta Miren Artetxe, kasurako. Badira, bat-batean maiztasunez aritu ostean jendaurreko bertsogintzatik erretiratu eta (oraingoz) itzuli ez diren hainbat bertsolari ere: Estitxu Arozena, Alaitz Sarasola, Estitxu Eizagirre, Leire Ostolaza, Erika Lagoma, Estitxu Fernandez, Leire Bilbao, Oihane Enbeita... Haien testigantzak jasotzeak osatu egingo luke emakume bertsolariaren errealitatea, eta ertz berriak gehituko lizkioke argazkiari. Era berean, interesgarria litzateke hemen azaltzen diren gakoak gizonezko bertsolariek nola bizi dituzten ikertzea ere.

      Kontrako eztarritik lan honetan bildutakoak ez du istorio bat izan nahi. Joanna Russ-ek Nola ezabatu emakumeen idazketa saiakeran adierazi bezala, “tresna analitiko baten zirriborroa” izan nahi luke, emakumeen bertsolaritza azpiratzeko mekanismoetan errepikatzen diren patroiak bistaratuko dituena. Horrekin batera, bertsolaritzaren definizio tradizionala zabaltzen eta osatzen lagundu nahi luke; orain arteko definizioetan ez baitira kabitzen bertsogintzaren, bertsolari gorputzaren eta esperientziaren hainbat aspektu, emakume inprobisatzaileek azpimarratzen dituztenak.

      Hogeita bi patroi edo mugatze-mekanismo errepikari identifikatu eta izendatu ditut emakume bertsokideen kontakizunetan; ez dira patroi isolatuak, elkar ukitzen dutenak, gurutzatzen eta gainjartzen direnak baizik. Mekanismook, izan, ez dira emakume bertsolariei bakarrik eta bereziki eragiten dietenak: gutxi-asko, eta partikulartasunak partikulartasun, azpiratze sistema orotan errepikatzen dira.

 

 

[1] “Emakume” eta “gizon” terminoak zentzu sozialean erabiliko ditut, gu guztiok emakume eta gizon izendatuak eta irakurriak garen neurrian. Komatxoak, izartxoak eta zirrimarrak irakurlearen esku.