Feminismoa eta politikaren eraldaketak
Feminismoa eta politikaren eraldaketak
2017, saiakera
120 orrialde
978-84-92468-98-0
editorea: Jule Goikoetxea
Mari Luz Esteban
1959, Pedrosa de Valdeporres (Burgos)
 
 

 

Gatazka eta gatazkak:
itun feminista
berritzeko unea iritsi da

 

      Bakea eta bizikidetza helburu dituen prozesuan gaude murgilduta Euskal Herrian.

      Emakumeak aspaldi daude eremu horretan buru-belarri, elkarte eta jarduera askotarikoetan konprometiturik, betiere ideologia ezberdinetatik. Baina gaur egunera arte emakumeei utzi ohi zaien papera, oro har, bitartekari hutsak izatearena da.

      Euskal Gatazkak arreta mediatiko eta soziopolitiko behinena erakarri badu denbora luzez, feminista askok uste dugu horrek bestelako bereizkeria eta indarkeria egoerak (emakumeena, kasu) lausotu dituela. Eta joera hori berrikusteko, aztertzeko eta aldatzeko momentu aproposean gaudela.

      Esan genezake emakumeek era kolektiboan proposatu dituzten ekimenen artean, lehena Ahotsak izan zela, 2006an EAEko eta Nafarroako legebiltzarkide emakumeek (partidu guztietakoak, PP eta UPNkoak izan ezik) bultzatu zutena. Geroago zenbait talde feminista ere batu zitzaizkien. Indarkeriaren erabilera alde batera utzi eta Gatazkaren konponketa eta guztion arteko elkarrizketa aldarrikatu zuten. Hainbat agerraldi eta ekitaldi publiko egin zituzten, jendetsuena Bilboko Euskalduna Jauregian[38].

      Bilgune Feminista ere aspaldi ari da gai horren inguruan ekiten. Kanpora begira proposaturiko ekimenen artean interesgarriena 2016an, Iruñean eta Bilbon, “Hau ez da gure bakea. EHko gatazka politikoen irakurketa feministak” lelopean antolatutako Eskola Feminista litzateke.

      Ikuspegi ideologiko ezberdinetako emakumeez osaturiko Emagune, edota gizartearekiko harremanak sendotzeko EHUk sustatzen duen EhuGune barruan dagoen bi urteko ekimena ere hortxe kokatu beharko genituzke. Aldez aurretik egon diren ekimenen ondorengo sentitzen garen Emagunekook jendaurrean dokumentu bat aurkeztu genuen pasa den irailean gure ideia nagusiekin[39].

      Beste aldetik, duela gutxi, berrogeita hamazazpi emakume preso ohiek manifestu bat plazaratu dute beren esperientzia mahaigaineratuz eta bizi (izan) duten egoera salatuz[40].

      Ordea, feminista batzuek uste dute Euskal Gatazka egon izanak preseski ahalbidetu gaituela euskaldunok bestelako arazo sozialez hausnartzeko eta horien kontra ekiteko. Eta zer hausnartua ematen du irakurketa horrek.

      Eta beste batzuek ez dute ikusten gai horren inguruan ezer berezirik egiteko beharrik. Eta badaude Euskal Gatazka dagoenik zuzenean ukatzen dutenak ere.

      Ikerketa arloan ere ugalduz doaz Euskal Herrian motibazio politikoa duen indarkeriaren[41] gaia genero ikuspegitik aztertzen ari diren lanak. Bi aipatzearren: Oihana Etxebarrietak eta Zuriñe Rodriguezek 2016an argitaraturiko Borroka armatua eta kartzelak liburua, Jule Goikoetxearen hitzaurrearekin eta Irantzu Mendiaren epilogoarekin; eta Argituz - Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak plazaratu duen Violencia de motivación política contra las mujeres. 1960-2014 (Gaztelumendi, Naredo et al., 2016) txostena. Eta badaude beste zenbait ikerketa eta doktore-tesi martxan[42].

      UEU-Udako Euskal Unibertsitatean, 2015. eta 2016. urteetan antolaturiko uda-ikastaroak ere azpimarragarriak dira: Oihana Etxebarrietak, Zuriñe Rodriguezek eta Arantza Santesteban-ek koordinatu zuten Euskal Herriko gatazkaren irakurketa etorkizuneko bake feministaren bidean[43], eta Oihana Barrios-ek eta Oier Azkarragak koordinaturiko Kartzela eta Euskal Gatazka birpentsatzen. Subjektu feminista baten norabidean[44], hurrenez hurren.

      Lehenago esan dut: hemengo feministak oso trebeak izan gara elkarrekin egoteko abaguneak sortzen. Baina egiari zor, hori posible izan da “euskal gatazkari” zegozkion gaiak alde batera utzi ditugun neurrian, salbuespenak salbuespen[45].

      Emagune ekimenean parte hartu duten bakea eta bizikidetzaren arloko elkarteetako zenbait emakumek, berriz, kontrako egoera kontatzen dute: nahiz eta elkarte horietan emakumezkoak gehiengoa izan, ez ohi da beren dinamiketan genero-kontraesanekin loturiko eztabaidarik piztu, inongo ezberdintasunik egongo ez bailitzan, ez eragileen artean ezta jardueren artean ere.

      Aro politiko berrian gaude eta itun feminista berritzeko unea ere heldu zaigula esango nuke. Eta berritzen ari gara.

      Emagune ekimena edota 2016ko apirilaren 9an, Gasteizen, eginiko “11 eraso, 12 erantzun. Feministok Prest!” manifestazio erraldoia, non Euskal Herriko mugimendu osoa bildu zen emakumeen kontrako mota guztietako indarkeriak salatzeko (motibazio politikokoak barne), bi adibide dira.

      XXI. menderako Itun Feministak baldintza bat bete beharko luke ezinbestean: mota guztietako eskubide urraketak benetan integratzea, harreman eta ezberdintasun ekonomiko eta sozialei dagozkien gaiak ere erdigunean txertatuta.

      Horra hor hordagoa.

 

 

[38] Urte berean, Emakundek “Mujeres generando las paces” Nazioarteko Kongresua (Sare 2006) antolatu zuen, non zenbait emakumek eta feministek hitz egin zuten, haien artean, Ahotsak-eko partaideek.

[39] Ikus: http://www.ehu.eus/eu/web/ehugune/emagune

[40] Ikus: http://www.berria.eus/albisteak/130151/emakume_preso_ohien_manifestua_hemen_gaude.htm

[41] Argituz - Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak lehenetsitako “motibazio politikoa duen indarkeria” terminoa neure egiten ari naiz.

[42] Olatz Dañobeitia, esate baterako, Biolentzia politikoa eta generoa Euskal Herrian, 90. hamarkadan. ENAM-eko emakumeen kasua izeneko doktore-tesia jorratzen ari da.

[43] Ikus: http://www.ueu.eus/ikasi/udako-ikastaroa/814/Euskal%2BHerriko%2Bgatazkaren%2Birakurketa%2Betorkizuneko%2Bbake%2Bfeministaren%2Bbidean.

[44] Ikus: http://www.ueu.eus/ikasi/udako-ikastaroa/931/Kartzela%2Beta%2BEuskal%2BGatazka%2Bbirpentsatzen.%2BSubjektu%2Bfeminista%2Bbaten%2Bnorabidean.

[45] Emakumeen kontrako tortura kasuen salaketek, adibidez, batu dituzte noizean behin feminista guztiak.