Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-33-9
Tere Irastortza
1961, Zaldibia
 
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-33-9
aurkibidea

Aurkibidea

Sarrera. Koldo Izagirre

Bibliografia

Diskografia

Erosi: 4,00

Aurkibidea

Sarrera. Koldo Izagirre

Bibliografia

Diskografia

 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Maitale urrundu edo ezezagun bati mintzo zitzaion Tere Irastortza bere aurreneko lanean, zu baten ausentziaz moldatu zuen obraren ardatza. Alabaina, zu hori beste zerbait ere bazen. Estreinako poeman «Esadazu zer pentsatzen duzun / (...) / ene minak zeure koadratu tristeetan itotzen ditudanean» galdetzen dio idazten ari denari, irakurtzen dugunari. Poemari egiten dio galde autoreak... bere lan poetikoari buruz! Poesiaren gabezia ere bazeukan poesia egiten zuenak. Kontradikzio hau berria zen, eta nola edo hala Irastortzaren obran eta beste poeta askorenean aldikal ageriko zaigu. Bai, poesiari buruzko poesia sortu zen orduan, galdera hark salatzen zuen galdua genuela mailu bat zelako segurtasuna, orria misterio zen. Irastortza bezalako poeta arduratuek atezu horretan idatzi dute geroztik, materialen ikerkuntza gai poetikoa bilakatzen dutela, kanongileek mesprezatua eta merkatuan baztertua egonagatik poesiak azpiz obratzen baitu, bera da langintza literarioaren bihotza. Baina ez dezagula pentsa Tere Irastortzak sistema bat osatzea duenik helburu. Poetaren lehen errealitatea hizkuntzarekin egiten duen borroka delako ageri zaigu kezkatua testuaren barruan egiten denari buruz, horixe delako poetika guztien arazo hurbilena. Poetak hitzak dauzka, ez poemak. Ez da ehiztari, artisau baizik, «poema konstruktore», Ibon Sarasola isolatu batek 1969 urrun hartan abisatua eta erakutsia zeukanez. Atelierra zabaltzen digularik, poetaren zalantzen berri ukanen dugu, helburua perfekzioa dutelako froga. Paradoxaz, ezintasun sentimendu batek ematen dio hats egungo poesia molde bati. Inoiz baino kontzienteago idazten du orain poeta multzo batek, identitate krisi batean, poesiaren beraren beldur. Eta horrela bihurtzen dute idazketa zerbait esentzial, zuztarreko: munduaren ezagutza sakontzeko metodo bat. Irastortzarenean behintzat, idazteak sortzen du poetika, ez teoria baten aplikazioak. Poesiari buruzko gogoeta, bai, baina gogoeta poetikoa.

        Obra oparoa du poeta honek, anitza, estilo desberdinetakoa, baina ingurutik baitaratzen ditu beti bulkorik jasoenak: hitzetarik sortzen baldin badu poema, esperientziatik sortzen du ideia. Etengabeko zehazte prozesu batean tematua, beti jakin izan du ordea, baita bere arorik minimalistenean ere, «zamarik gutxien duen erara, / indarrik haundien duen / sendimenduaz» idazten, hots, aldarri egin behar izan gabeko emetasunaz guztion giharrean jotzen. Minduran eder eta bozkarioan zuhur iritsi zaigu bere azken obra ere, gozatzen eta pairatzen duenetik sortua, perfekzio askoren ondorengo emaitza umotua, amatasuna eta espazioa uztartzen dituen hausnarketa liluragarria. Haurdunaldiak jaiotzea dakar, hau da, sortzea, sorkuntza literarioa, erditzearen beste adiera, eta honenbestez espazio bat okupatzen dugu. Espazio baten hartzea eta bilaketa baten espazioa bihurtzen da poesia, laster gabezia bihurtuko den betetasunez... Haragitasunetik datorren hegaldia da Tere Irastortzarena, hizkerarik arduratuena eta aldi berean hunkigarriena duen poesia.

   

Tere Irastortza (Zaldibia, 1961) filologian lizentziatua da eta irakasle dihardu. Marià Manent, Edmond Jabès eta Marina Tsvietaieva-ren poema liburuak itzuli ditu. Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da egun.