Erradikalak
Erradikalak
Beatriz Egizabal Ollokiegi
Ane Labaka Mayoz
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larraņaga
Barruko argazkiak: Cesar Marcos
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
152 orrialde
978-84-17051-89-1
Beatriz Egizabal Ollokiegi
1971, Lasarte-Oria
 
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2021, saiakera
 

 

Sar hitza

 

ehaze

 

      Ganbilaren ohiko irakurleak badaki, dagoeneko, edizio proiektu honen hastapenetatik bertatik euskal antzerkigintzaren aniztasuna islatu nahi genuela gure bilduman. Irakurle berriari ohartarazi nahi diogu, badaezpada ere, gure helburu horretan jarraitzen dugula, hau da, poliki-poliki, osatu nahi dugula eszenatoki garaikidearen ikuspegi orokorra, baina artista bakoitzak bere berariazko estiloaren ekarpenen bidez eraikita. Bidean gabiltza, beraz, alez ale gure xedea gauzatu nahian, betiere, zuen, irakurle estimatuen laguntzaz.

      Gauzak horrela, Ane Labaka eta Beatriz Egizabalen Erradikalak ikuskizunen testuei egokitu zaie oraingo txanda. Oholtza gaineko bikote barregarrien tradiziotik edaten dute, ze, binaka ibiltzen diren antzezleak ez baitira gutxi; gurean hortxe ditugu, esate baterako, Mikel Martinez eta Patxo Telleria, Inazio Tolosa eta Ramon Agirre, Ane Zabala eta Galder Perez, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola. Bistan da emakumez soilik osaturiko bikote komikoak ez daudela aipatutakoen artean, zeren kronologikoki beranduagokoak baitira Aiora Sedano eta Ane Zabala (Perezen laguntzaz) zein Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena bezalako artistek osatutako aliantza artistikoak. Testuinguru horretan kokatu behar da Ana Labaka eta Beatriz Egizabalen ekarpena, une batean non bikote komiko gehienak gizonezko edota talde mistoak ziren (eta diren). Aldiz, ebidentzia horrek ez luke ezer ere adieraziko beste eduki batekin gurutzatuko ez balitz, eta hortxe Erradikalak-en indarra, ikuskizun bat non gidoien usadiotik alde eginda, umorea eta feminismoaren lerroa uztartu zituzten, publikoaren oniritzia lortuz.

      Feminismoaren eta sormenaren arteko harremanez asko dakite biek. Labakak hala adierazi zigun Algara mutilatuak izeneko liburuan, adibidez, eta Egizabalen kasuan, Virginia Imazen clown feministaren munduko praktika eta irakaspenei esker artista moduan hasia zela irakurri diogu behin baino gehiagotan. Izan ere, pentsamendu feminista estrategia dute egoera barregarriak sortzeko, non, generoen arteko desparekotasunak ez ezik emakume feministon kontraesanak ere agerian uzten zizkiguten. Ondo dakite biek osasuntsua dela geure buruaz barre egitea eta are osasuntsuagoa dela komunitatean egiten bada. Eta teatroa horixe da, egun inoiz baino gehiago, ordenagailuetako pantailen gezurrezko hurbiltasunetik elkar gaitzakeen fenomenoa, non, esate baterako, Erradikalak-en kasuan bezala, ikusleak ahizpatasunaren konplizitatean sentitzen ziren konektaturik. Zentzu horretan Erradikalak bada umore politizatua —polisaren iraultzarako egiten dena— argi eta garbi, disimulurik gabekoa, helburu eraikitzaile bat duena: emakumezko generoaren zama seinalatuta, horren pisua arintzea, horren gaineko katarsia lortzea algarak direla medio.

      Erradikalak ikuskizunak formatu txikiko gisako pieza bezala deskriba daitezke. Eszenografia xumeak ahalbideratzen zuen antzezlanaren eramangarritasuna, eta, horregatik, okupatu zitzaketen plazak mota guztietakoak izan zitezkeen. Hortaz, Labaka eta Egizabalen diskurtsoa, beste toki batzuen artean, herriko plazetako aire zabalean zein kultur etxeetako lokaletan aditu da. Erradikalak lan hibrido moduan sailkatzea ere badago bertsogintza eta clown mundutik eraikita dagoelako. Bietan jendaurrekotasuneko bat-batekotasuna ditugu ezaugarri komuna. Baina, nahiz eta publikoak inprobisaziotzat jotzen zuen, gidoia idatzita zegoen, eta gainera, artistak antzezten ari ziren, baina ez zuten pertsonaiak ematen, baizik eta bertsolari edo pailazo izatetik abiaturiko benetako Ane eta Beatriz. Zentzu horretan ere Erradikalak ikuskizunak ekin dio beste hibridazio mota bati non, diziplina nahasketa izateaz gain, sortzailearen eta horrek haragitutako pertsonaiaren arteko distantzia neurtzen zaila zen. Eta horregatik, sortzailearen eta ekintzailearen arteko mugak ezabatzen dituen teatro militantearen ikur bat dugu Erradikalak.

      Beraz, ongietorria egin diezaiogun Erradikalak-i sormen, konpromiso feminista eta umorearen batasun eredu gisa.