99 pauso ganorabakoen aldamenean
99 pauso ganorabakoen aldamenean
Peru Calabaza Saban
Azaleko irudia: Juncal Altzugarai
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-76-1
Peru Calabaza Saban
1973, Iruņea
 
 

 

99PGA... baina, nola?

 

 

* 2006-2010 bitartean 99PGA taularatzeko hainbat ahalegin egin nituen eta, lortu ez banuen ere, garai hartako ohar hauek testuekin batera behar dutela iruditu zait. Hala ere, testu hauekin zerbait muntatu nahi duenari, “gogoak ematen didana egiteko gai naiz?” etengabe bere buruari galdetzeko jarrerarekin hurbiltzea eskatzen diot oroz gain, eta beste guztia ahanztea nahi baldin badu.

Peru Calabaza Saban

 

 

 

aurkezpena:

 

Gure kultura honetan gauza guztiak fundamentuz egitea asko baloratzen den zerbait da. Edozer fundamentuz egitea. Dena fundamentu osoz egitea. Asko baloratzen da. Lan fundamentuzkoa. Pertsona fundamentuzkoa. Bizitza fundamentuzkoa. Baina ez da sanoa. Presio handiegia da.

Barnean daukagun fundamentalista ttiki zein handi oro da lan honen jopuntu. Baita inguruan dauzkagun fundamentalista handiak ere.

 

Helburua ganorabakoen aldamenean 99 pauso ematea da, eta erronka ea 100. pausoan zer aurkituko ote dugun. Ganorabakoa fundamentalistek gustatzen ez zaien jendilajea izendatzeko erabiltzen duten hitza da. Nire lagunak. Batek dakizkien gauzak darabiltzatenak buruan. Potentzialki indartsuenak, baina ez dakigu zertarako. Eta hau ez da kuestio makala!

Zentzu horretan antzerki politikoa da, bazterretatik erdigunera abiatzen den indarra delako, zerbait mugitzeko asmoz.

 

Antzerkia eta performancearen arteko zerbait izango da pieza hau, edo ez da ezer izango.

 

Harremanak lanaren erdigunean izango dira. Ikusleekiko harremana landuko da bereziki.

 

Kultura gauza zabala (eta ez gauza estua) izan dadin nahi dugunok egunen batean ganorabakoen inguruan bildu beharko ditugu indarrak. Ganorabakotu beharko gara.

 

 

mamia:

 

“Galdera handiei fundamentu gutxiko erantzunak dagozkie”.

 

Hainbat galdera handi daude lan honen oinarrian, hauek dira horietako batzuk:

 

—Zeintzuk dira gure pentsamoldeak jartzen dizkigun tranpak?

—Zer da menpean egotea?

—Nola manipulatzen dira pertsonak?

—Gu ala gure ordezkoak gara?

—Ze mekanismo ditugu ezagutu beharrekoak ondo bizitzeko?

—Non ditugu gure mugak?

—Bizitzeko grina zerk berpiztuko digu?

—Zerk liluratuko gaitu bihar?

 

Asmoa ganorabakoen aldamenean 99 pauso ematea da ea fundamentu gutxiko erantzunen bat aurkitzen dugun gure galdera potoloentzat.

 

Hauek dira galdera fundamentalak, lan honen fundamentuak. Baina lan honetan fundamenturik ez dugu, taupadak ditugu. Eta kezkak. Gaur egun politika egiteko orduan goian aipatutako zenbait gauza aintzat hartu beharko liratekeela iruditzen zaigu.

 

Ezegonkortasunari buruzko pieza ere bada 99 pauso ganorabakoen aldamenean. Bizitzaren aldakortasunari buruzkoa. Askatasunari ateratzen diogun probetxuari buruzkoa (ateratzen ez diogunari buruzkoa ere bai, noski). Galdutasunaren aldekoa.

 

galdutasunari buruzko egia
ttikien sare malgua da.

 

Dena lotuta eta orekatua edukitzen ohituta gauden gizakiok desorekan gara etengabe. Ez dakigu kontrolatzea maite dugun ala ez. Zenbat kontrolatzea da kontua. Sufritzeko aitzakiak bilatzen ditugu maiz. Pilulak.

 

Norberaren identitate malgutasunak, anbiguotasunak, murruak behera botatzen dituzten jarrerak landuko dira. Identitaterik eza. Ganoragabekotasuna.

Aktoreek ganorabakoarena egiten dute, bakoitza bere mugak bilatuz bezala. Beren gorputzetan, beren burmuinetan, espazioan.

 

Egunerokoan gure buruari egiten dizkiogun narrazioak interesatzen zaizkigu. Eta narrazio horiek beti ere daukaten arbitrariotasuna.

 

Oro har gizalegezkoak ez diren jarrerei buruz arituko da pieza. Ganberroak izatea ez da derrigorrez hiriko mobiliario urbanoa apurtzen ibiltzea edo beste izaki bizidunei putadak egiten ibiltzea. Ganberroak izatea beste gauza bat da, guztiz askatzailea den material sentikorra.

 

Loari buruz ere hitz egingo da. Goiz osoa lotan pasatzen duten horietaz, adibidez. Psikonauta handi horietaz. Beren ohitura ezkutuan gorde behar izaten duten horietaz.

 

Bereziki zainduko da tonua, giroa. Sentiberatasuna oso presente egongo da, nahiz eta barre algarak egiteko uneak ere izango diren obran zehar. Zenbait kasutan barre urduriak izan daitezke, eta beste zenbait kasutan barre sakon askatuak. Maitekorra da guztia babesten duen giroa, ordea.

 

 

modua:

 

Ahalegin sortzaile zintzoa dago egitasmo honen atzean.

 

Hala, benetakotasuna izango du oinarri taularatze moduak. Ez dugu inola ere “espektakulu bat gehiago” egin nahi. Hurbileko komunikazioa bilatuko dugu, bai prozesuan, bai emanaldietan.

 

site specific art. Alegia: Leku bakoitzari moldatzen zaion arte espezifikoa. Izan ere, gure emanaldi bakoitza aurretik eskainitakoen zeharo ezberdina izango da, espazioa, giroa edota ikusleen jarreraren arabera. Ahalegin berezia egingo dugu zentzu honetan antzerkiak berezko duen ikusle eta aktoreen arteko interaktibitatea berraktibatzeko. Irudipena baitugu oro har antzerkian ikusle pasiboaren figura kodifikatu dela, eta bestelako harremanak eraiki nahi ditugu pieza honetan. Kode berriak eraiki beharko ditugu baldin eta hartu-eman hori aktibatu nahi badugu. Ikerketa lerro argia dugu hortik.

 

Hala, entsegu denboran sorkuntzaren oinarriak ondo finkatu beharko ditugu gerora, zuzenekoan, aipatutako malgutasun horren barruan askatasunez eta atseginez mugitu ahal izateko.

 

Ekoizpenaren pieza guztiak norabide horretan doaz, arlo guztietan egitura malguak sortuz muntaia edozein lekutan kabitu dadin, baldin eta entxufe bat baldin badago. Medioak aurrezteko apustu bat ere dago, funtsezko komunikazioa lortzeko aparataje handiak beharrezko ez direlakoan. Eramangarria izango da dena. Antzokiak gustatzen zaizkigu baina bestelako espazioetan interbentzioak egiteari oso interesgarria deritzogu.

 

2+1=3  Bi aktore izango dira taula gainean. Horiez gain, hirugarren pertsona bat egongo da hor. Pertsona honek girotze lanak egingo ditu oro har, musika eta bideoaz arduratuko da eta argiekin ere lagunduko du. Hizketaldirik egitea ere gerta liteke. Aktoreen eta ikusleen artean harreman lasaiak izan daitezen arduratuko da. Emanaldian ikusi eta entzuten diren argi eta soinu guztiak aipatu hiru aktoreek maneiatuko dituzte zuzenean.

 

Jantzi aldaketa guztiak eszena gainean egiten dira, aktoreek zenbait rol hartzen dituzte piezan zehar, baina rol horiek jolastuz besterik gabe, “gogoak ematen didana egiteko gai naiz?” etengabe bere buruari galdetzen dionaren jarrerarekin. Partida bukatzen denean, adibidez squash partida bat jolasten egon izan balira bezala, beste zerbait egiten dute, edo komentatu egiten dute zerbait, edo pixka bat deskantsatu egiten dute, zerbait pikatu...

 

Umorea. Pentsamenduak harrotzen dituen umore mota horren bilaketa funtsezko osagaia da gure sukaldean.

 

Ekintza Antzerkia, Antzerki Zuzena, publikoa mugiarazten duena gustatzen zaigu. Gertakizunak aldi berean gertatzen dira antzerkian, lantalde osoa lanean ari da uneoro, askotan plano desberdinetan. Unean uneko harreman horiek eraikitzen dira haien eta ikusleen artean. Ez dago distantziarik ikusleekiko, espazio berbera konpartitzen dugu. Planteatuko diren ekintzetako batzuk kalean egin daitezke, iragarri gabe, egun arrunt bat baliatuz, eta ea zer gertatzen den...

 

Pieza zentzugabekoa eta zentzuduna izango da. Biak. Gimnasia intelektual askatzailea planteatzeak dakarren arriskua da.

 

Pentsamoldeari argi berriak eskaini nahi dizkionak (akaso zenbait euskaldun-fededuni hereje samarrak suerta dakizkiokeen argiak) badu zer erein paradoxaren lur bizietan.

 

Pentsaera poetikoa pentsamenduaren matxinada lez instalatu zaigu.

Poesia ez baita testuan jaiotzen.

Poesiak gure begirada argitzen du.

 

Susmoa dugu badela antzerki-errepresentazio eredu bat agortzen ari dena. Pieza hau ez dugu ikusten dramaturgia klasikoaren eskemaren arabera.

Ez da pertsonaiarik pieza honetan. Ez, gure eguneroko bizitzetan pertsonaiarik ez dagoen heinean... Pertsonaiak barik aktoreak izango dira eszenan, eta ikusleei mintzatuko zaizkie zuzenean, zuzenean baina albotik, xuxurlatuta ere batzuetan. Publikoaren papera ez da antzerkiko ohikoa izango, mugiarazi egingo baitugu, xamurtasunez eta kausa onaren alde baina mugituz.

 

Eszena bakoitzean aldi berean ala jarraian ematen diren zeinu ezberdinek sortutako tentsiotik sortuko da osotasunaren zentzua. Eszena batetik bestera igarotzeak ez ditugu zertan justifikatu. Tarteka impasse uneak izango dira. Amets-irudi modukoak.

Pik Nik bat ere egingo dugu piezaren erdian. Atsedenaldia iragarri eta jendea mahaira hurbiltzera gonbidatuko dugu giroa aldatuz e.a.

 

 

testuak:

 

Piezaren abiapuntua dira. Testu askeak dira esku artean ditugunak eta haien arteko loturak eta kontrasteak, abenturak eta kalenturak, bilatzea zeregin funtsezko bat izango da, aktoreekin eta ekintzekin batera egin beharrekoa. Aktoreek ere testu berriak idatz ditzakete. Pieza aurkezten den bakoitzean desberdina izango den heinean, testu-banku bezala funtzionatuko du testu pila horrek.

 

 

soinua:

 

Soinuak presentzia nabarmena izango du taularatzean giroa sortzen daukan garrantziagatik. Emozioak eta giza irrazionalitatean aurki daitekeen zirrara izango dira helburu. Emanaldietan soinu teknikariaren kokapenak, eszenaren alboan, eta taula gainean gertatzen den guztiarekin izango duen harreman zuzenak ere soinuari bestelako protagonismoa emango dio.

 

 

argiak:

 

Ideia nagusia zera da: argiztapen elementu guztiak aktoreek mugituko dituztela, eta argiztapena oro har eszena barrutik maneiatuko dela. Neurri txikiko argi ugari izango da, argiztapen katxibatxeak.

 

 

bideoa:

 

Bi funtzio ezberdin beteko ditu bideoak pieza honetan:

 

1. Argiztapen elementu oinarrizko bezala zenbait unetan. Batzuetan marrak proiektatuko dira, beste batean xaboi ponpak, beste batean paisaia bat...
 

2. Espazio publikoetan egindako ganorabakokadak erakutsiz. Oso film laburrak izango dira, minutu batekoak gehienez, eta edukian oso-oso zehatzak. Gaia: Ametsak. Esna edo lotan izan ote diren ez dakigun amets horiek. “Nire burua imajinatzen dut toki publiko ezberdinetan gauza arraroak egiten eta barregura sartzen zait”.

 

 

jantziak:

 

Gure ganorabako hauek ez dute zertan beste guztiok bezala jantzi, aske baitira nahi duten guztia jartzeko. Jantzitakoekin gusturago eta lasaiago ibiliko lirateke New Yorkeko kaleetan adibidez Euskal Herriko edozein herritako kaleetan baino. Jantzi aldaketa ugari egongo da. Arropak eszenatokian daude eskegita eta aldaketa guztiak bertan egingo dira. Pertsonaia asko dago baina haien atzean aktoreak daudenik ez da ukatuko. Maskarak, antifazak eta koloretako betaurreko asko egongo dira, baita pelukak ere.

 

 

eszenografia eta atrezzoa:

 

Eszenatokiak oro har nerabe baten logelaren antza izango du. Bi mahai, koltxoi bat eta beste altzariren bat izango dira. Lurrean botata egongo dira arropak, diskoak, komikiak...

 

atrezzoak zenbait ganorabakokeria eta ganorabakogailu jasoko ditu, objektu bitxiak eta jostakariak, baita erabilpen ezohikoa izango duten objektu ohikoak ere.

 

Pikatzeko janaria egongo da ikusleen eskura mahai batean: tenporadako fruta zatituak, sandwichak, txokolatea, freskagarriak... Atsedenaldi moduko bat egin eta bertaratzeko gonbita egingo zaie ikusleei, giroa hartara moldatuz.

 

99PGAren ikus-entzuleak jale ere izango ditugu beraz.

 

On egin!