Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Antzerki dokumental arloko lan honetan Argentinako diktadura militarrak kulturaren kontra burututako ekintza basatietariko bat ekarri zuen taula gainera El reportaje lanak. Gainera, orduko hartan Federico Luppi handia ikusteko azken aukera izan genuen.

 

Antzokiak erretzen

 

2015eko martxoaren 13a

 

—ANTZERKIA—

EL REPORTAJE

Egilea: Santiago Varela. Zuzendaritza: Hugo Urquijo. Aktoreak: Federico Luppi, Susana Hornos, Juanjo Andreu. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Martxoak 11.

 

      1981eko abuztuaren 6ko gauean, Buenos Aireseko Picadero antzokia erre zuten militarrek, bonba sukoiak eszenatoki azpian jarrita. Egun batzuk lehenago, antzoki haren inguruan biltzen ziren intelektualek Teatro abierto izeneko ziklo bat hasia zuten, diktaduraren kontrako erresistentziaren ikur gisa. Eraikina erre zuten, baina 2012an inauguratu zen Picadero berria, eta Argentinako Kultur Idazkaritzak antzerki lehiaketa bat antolatu zuen diktadurako biktima hura omentzeko. El reportaje izan zen lehiaketaren irabazleetako bat, eta horrela izan dugu antzoki historiko haren berri.

      xx. mendeko gertakarien gaineko pasarte bat berreskuratzea gutxi balitz bezala, nor eta Federico Luppi handiak (Buenos Aires, 1936) hartu du atentatuaren egilearen rola. Argumentuaren fikzioaren arabera, Luppik gorpuzten duen jenerala preso dago, epaiketaren zain. Nik dakidala, ordea, ez zen inoiz aurkitu benetako erruduna, militarren arteko isiltasunaren ondorioz. Baina, tira!, gogoratu dezagun behintzat Videla bera kartzelan hil zela, berak sustaturiko terrorearen kondena betetzen zegoela, eta Argentinatik ere etortzen ari dela frankismoaren krimenen ikerketa, Espainiaren hermetismoaren kontra bada ere.

      Santiago Varela egileak, aldiz, fikzioarekin jokatu behar izan du, eta ikerketa-kazetaritzaren aitzakia prestatu dio jeneralaren pertsonaiari, berak nahi duena azaldu diezaiela telebistako ikusleei. Bide horretatik, agerian geratu dira diktadurako buruzagien ideologia ustela eta zinismo mugagabea, eta bide batez, beste gai batzuk ukitu dira, albotik izan arren, hala nola militar gehienen ustelkeria eta katolizismo fundamentalistaren esku beltza.

      Grabaziorako kamera, kazetariaren jesarleku soila, mahaitxo bat eta besaulki arranditsu bat izan dira eszenako elementu bakarrak. Polizia batek zaindu du denbora guztian militarra —ederki bete du bere rol diskretua— eta jenerala uniformez jantzita agertu da. Jakina zen Luppik sendotasun osoz eraikiko zuela bere pertsonaia, baina kazetaria ere —Susana Hornos— fin-fin ibili da, ibilbide luzeko ikerlari baten antzera, segurtasunez, harira beti eta manera onak mantenduz, aurrean duen genozidaren figura nola edo hala eramanez.

      Luppik, noski, ezin hobeto eman du bere azken rola izan daitekeena, bere zahar ahoskera gorabehera, eta luxu bat izan da bere isilune esanguratsuak eta eskuen keinu agintedunak behatu ahal izatea. Umore txinpartak ere sortu dira, jenerala bere kultur faltak ezarritako tranpetan erortzean, baina umore tristea izan da azken finean, tanta batzuk baino ez kolpistek sortutako basakeriaren infernuan.