Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Artedrama, Dejabu eta Le Petit Théâtre de Pain konpainien arteko bigarren elkarlan honek hautsak harrotu zituen ohiko eszenaratzea espero zutenengan. Egia esan, ni neu ere geratu nintzen jokoz kanpo lehen aldiz ikusi nuenean, eta gogoratzen dut Arriaga antzokitik irtendakoan “kabroiak!” bota niola Ximun Fuchsi —barre artean eta era lagunkoian betiere—, etxera ailegatu orduko eginkizun nuen kritika lan zailean pentsatuz.

 

Hamlet, gaur eta hemen

 

2014ko ekainaren 15a

 

—ANTZERKIA—

HAMLET

Konpainiak: Artedrama, Dejabu eta Le Petit Théâtre de Pain. Jatorrizko egilea: William Shakespeare. Adaptazioa: Xabier Mendiguren. Zuzendaritza: Ximun Fuchs. Aktoreak: Ander Lipus, Ainara Gurrutxaga, Manex Fuchs, Maika Etxekopar, Iñaki Ziarrusta, Miren Tirapu, Urko Redondo. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 3. 

 

      Non eta Euskal Herriko hiriburuan izan da, maiatzaren amaieran, euskarazko Hamlet-en azken emanaldia. Nafarroako Antzerki Eskolako aretoa ia beteta zegoen, eta nik behintzat bertan egon nahi nuen, agur esateko euskararen lurraldea mutur batetik bestera zeharkatu duen antzezlanari.

      Euskal Herri osoko hogeita hamabost bat herritan antzeztu, Bilboko Arriaga ere bete, era guztietako ikusleak erakarri... Artedrama, Dejabu eta Le Petit Théâtre de Pain konpainien elkarlanak Errautsak mitiko harekin sortutako olatu erraldoia errepikatu du oraingo honetan ere, eta nik esango nuke ez duela ikuslerik axolagabe utzi. Arriagako, Gazteszenako eta naeko txaloak ikusita, argi dago entusiasmoa piztu duela askorengan —neugan ere bai, bistan denez— baina badakit beste ikusle batzuek —haietariko batzuk adituak— ez dutela hain gustuko izan, erdi zapuztuta irten direla antzokitik, euskarazko Hamlet-en emanaldira joan eta beste gauza bat ikusi izanaren sentsazioarekin.

      Kasualitatez edo, badirudi egunotan ari direla Publikoari gorroto-ren akabuko emanaldiak ematen, eta, badaezpada, Gernikako Trinkete Antitxokora joan naiz hau ere agurtzera, Donostiako Gazteszenan eta Victoria Eugenian ikusi ostean —Donostia Antzerki Saria eskuratu zuen 2013an—. Oraingo Hamlet-en bezala, Xabier Mendiguren da testuaren egilea —Hamlet-en kasuan itzulpena eta moldaketa egin du, jakina— eta eszenaratzean ere beste izen batzuk errepikatzen dira: zuzendaritzan Manex Fuchs —aktore Hamlet-en— eta taula gainean Ander Lipus, Miren Tirapu eta Iñaki Ziarrusta. Baina kasualitate emankorra izan da, Publikoari gorroto-ren testuan argitasun ikaragarriz salatzen eta aldarrikatzen baitira, hurrenez hurren, xix. mendeko teatro burgesaren ajeak eta antzerkiak gizartearen osasunerako dituen betebeharrak. Alde horretatik, nik esango nuke ideia haietariko asko gauzatu egin direla oraingo Hamlet eszenaratzean.

      Beste kontu bat da gero zer ulertu ote dugun Ximun Fuchsek zuzendutako muntaian, zeren eta, hasiera batean eta jatorrizko testua buruz jakin ezean, irudiko luke antzezle txoropito batzuek pertsonaia klasikoa aitzakiatzat hartu eta bufoien pare ibili direla, ikusleak era kaotikoan asaldatzen. Eta hori ere gertatu da Hamlet honetan, askotan badirudi proposamenak eskuetatik ihes egin diela, hain da dena dibergentea, hain da, nola esan, libertimendu erakoa... Bizitza arruntean, ordea, eguneroko errealitate gordinak asaldatzen ditu ikusleak, eta ez antzezleek. Antzezleek, aldiz, ederki baliatu dute fartsa giroa errealitatearen esperpentoa iraultzeko, eta testu klasikoan aurkitu dituzte anabasa horri forma fisikoa emateko gakoak, Hamleten garaian bezala, antzerki aurreratuenaren estiloan eta jatorrizko pasarterik esanguratsuenak xxi. mendeko dramaturgia eredugarrian txertatuta.

      Agian, ikusle despistatu batzuk engainatuta sentitu dira muntaia betiko Hamlet alboratu eta ohiko bideetatik irteten hasi orduko. Haiei esango nieke ez dezatela ahaztu engainua dela teatroaren zutabe nagusietariko bat. Eta gainera, hiru konpainien ibilbide eta izaera iraultzailea ezagututa, nork uste zuen benetan betiko Hamlet-en bertsio gaurkotua baina azken finean konformista —burgesa ez esatearren— ikusiko genuela? Beharbada euskararen prestigioak halako eszenaratze handinahi bat behar zuen —ez dut uste—, baina seguru nago antzerkiaren arteak ez duela horren beharrik, eta gaur eta hemen Hamlet hau sortu zaigu: kementsua, sormentsua, egiaz betea, ezin euskaldunagoa. Egin ditzala nahi duenak klasikoen eszenaratze estandarragoak, gogoa eta borondatea izanez gero, eta bitartean harro egon gaitezen antzerkiaren funtsezko garra bizirik dagoelako geure benetako sortzaileen altzoan!