Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

ZALDI URDINA NON IKUSI

 

      Zaldi urdina non ikusi? Pandemiaren aroaren aurreko denboretan gaude, gainera datorkiguna susmatu gabe, eta egon gara arte eszenikoek urrirako emango dutena ikusten. Hamasei ikuskizun ditugu aurrean. Eskerrak gehienak Bilbo aldean izango direla, horrek esan nahi baitu kilometro eta ordu gutxiago emango ditugula zeregin honetan. Badira batzuk Barakaldon, beste batzuk Gasteizen… Eskerrak urri honetako emanaldi gehienak Bilbotik hurbil izango direla.

      Baina tartean, badakigu Zaldi urdina estreinatuko dela udagoien honetan. Ez da marka makala, gero, Artedrama, Dejabu eta Axut! konpainien artean laugarren antzezlana munduratu behar izatea, eta ez dugu estreinaldi eguna galdu nahi. Normalean Luhuson gertatzen da, azken hiruretan hala izan da , eta Bilbotik haraino joateak badu bere xarma, duda barik: muga politikoa existituko ez balitz bezala zeharkatu, erlojuan ordutegi berberak jarraitzea, euroari esker diru bera alde bietan erabiltzea… Gustatuko litzaiguke autoaren matrikulan ere ez nabaritzea Hegoaldekoak garela. Baina horrek ere badu bere puntua, hara ailegatzean aparkalekua bilatu eta alde honetako beste auto batzuk ere ikusten ditugunean.

      Kontua da, ordea, urriaren 11n izango dela estreinaldia eta aurreko egunean Galiziako Matarile konpainia datorrela Bilboko Azkuna Zentrora —guretzat partikularki eta bilbotar garenontzat beti izango da Alondegia, bere ardo ozpinduaren usain sarkorra eta guzti— beren azken proposamenarekin. Nahi gabe edo, edo nahita seguruenik, parte izan gara euren ekoizpen prozesuan, aspaldi garelako haien zale porrokatuak eta iruditzen zaigulako “edertasuna dela mendeku posible bakarra”. Ez da harritzekoa, beraz, hain paralelismo argiak ezarri ahal izatea haien eta gure Metrokoadroka kolektiboak sortzen dituen ederlanen artean. Bilaketa artistiko erosezinak batzen ditu urrutitik, ia subliminalki, konpainia biak.

      Orduan, zer? 10ean Matarileren Daimon Bilbon ikusi, konpainiako kideak agurtu, etxera joan, kritika idatzi, hurrengo egunean errepasatu eta bidali, errepidera irten eta Luhusoraino joango gara ia-ia prozesu berbera jarraian errepikatzeko? Garai batean egingo genukeen, seguru, baina emozioak ez dira gauza mekaniko bat. Beren denbora behar dute gure hondoraino joan eta handik beren toxina bizigarriak gorputz osora hedatzeko. Antzezlan biak elkarren segidan ikusiz gero, Toxikologia Instituturako kasu interesgarria izango ginateke.

      Orduan, zer? (Berriro). Non izango da Zaldi urdina-ren hurrengo emanaldia? Angeluko Quintaou aretoan, hilaren 15etik 19ra. Ondo da, hara joango gara. Bide batez, zein ondo kokatu diren neska-mutil hauek, pentsatzen du batek bere baitan, bazen garaia. Baina, 15ean Shakespeareren Measure for measure dakar Londresko Shakespeare konpainiak Gasteizko Antzerki Jaialdira, eta aukera paregabea da horrelako lan bat jatorrizko bertsioan eta baldintza onenetan ikusteko…

      Orduan, zer? (Hirugarrenez). Gazteszenan 23tik 27ra emango dute… Non ikusi, ordea? Quintaou aretoari lehentasuna emanda, Iparraldeari ematen diogu presentzia bat Berria-ko orrietan: Hegoaldeko irakurleek ikusten dute Iparraldean euskarazko antzerki garaikidea leku ofizialetan ere ari dela bere lekua —aspalditik merezi zuen lekua— konkistatzen, eta Iparraldeko irakurleak ikusten dute euskarazko egunkari bakarrak Lapurdiraino desplazatu duela bere arreta-gunea. Jakina, hau ez da lehen aldia —arreta nahikoa ematen dio Iparraldean gertatzen denari— baina harri koxkor bakoitza da kontuan hartzekoa euskararen etxe komuna eraiki nahi dugunontzat.

      Kilometroak eta denbora ere hartu behar ditugu kontuan, eta antzoki bakoitzak berarekin dakarren egokitasuna ere bai. Seguruenik, oso bizigarria izango da Angeluko eta bam osoko euskaltzaleen erantzuna bertatik bertara ikusi ahal izatea, baina hor sumatzen dut ez naizela gai izango hango ikusleen erreakzioa bere neurrian antzemateko. Hain dira diferenteak alde bietako ikusleak, euren nahiak, oinarri estetikoak… Uste dut hori ere antzemango dela nonbait antzezleen jardunean, eta beldur naiz ez ote dudan behar den beste gozatuko proposamenaren ausardiarekin, kalitatearekin, koherentziarekin, aurrerapen estetikoekin.

      Azkenean, Gazteszenan ikusiko dugu. Askoz kilometro gutxiago dira, lasterrago itzuliko gara etxera, freskoago egongo naiz ganorazko zerbait idazteko, eta jakin badakigu aretoak hamarkadak daramatzala publikoak trebatzen. Horiexek dira baldintzarik onenak bai antzezleentzat bai guretzat.