Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

DANTZAREKIN NOLA JOKATU

 

      Dantzarekin nola jokatu? Hasiera batean uste izan nuen ez zegoela alde handirik dantza emanaldi baten eta antzezlan batean artean. Han gauzak azalduko zizkigutela, hitzik gabe izan arren baina nolabaiteko argumentu batekin, eta dantzarien mugimenduen bidez ulertuko nuela eszena gainean gertatuko zena.

      Horrela uste izan zen denbora askoan ere ballet klasikoaren aroan, eta Beltxargen aintzira dugu xix. mendeko ideia horren adibiderik ezagunena. Laster konturatu nintzen, ordea, dantza eta antzerkia oso alor diferenteak direla, eta dantzarik onena batere argumenturik ez daukana dela. Gaur egun argumentu baten gainean eraikitako dantza lanei dantza programatikoa deitzen zaie, eta haietan mugimendua, jantziak eta musika kontakizun baten zerbitzura daude. Zilegi da —zelan ez— horrelako ikuskizunak plazaratzea, eta nolabaiteko zaletasuna sortzen dute, baina —berriz diot— argumenturik gabeko dantza izaten da ene uste apalean onena.

      Hala ere, azken dantza mota horretan badaude ikusle arruntarentzat nagusi diren bi adar: alde batetik, dantzaren planteamenduan oso ideia abstraktua jorratu nahi dutenak, eta bestetik, dantzaren bidez giza gai, kontu edo auziren bat aztertu nahi dutenak.

      Lehenak, normalean, dantzarien gaitasun teknikoaren erakustaldiaren antza izaten dute, mugimendu-estudio hutsak izatetik gertu egoten dira, eta haietan edertasun hutsaren gozamen estetikoa da nagusi, ia gozamen intelektuala izaten dena. Merce Cunningham izango litzateke paradigma horren ordezkari nagusia.

      Bigarrenetan, aldiz, koreografoak zerbait mugiarazi nahi du ikuslearen izpirituan. Arlo horretan, bereziki gogoratzen dut orain dela hogei urte ikusitako Maria Rovira koreografo katalanaren Mandala lana (Transit konpainia), non dantzaren joko errepikatu eta aldakorren bidez, ikuslearen arima meditazio egoera batera eramatea lortzen zen. Niretzat, horixe da dantzak duen ahalmen izugarria, hau da, ikusle trebatuaren arima mundu honetatik kanpoko egoera batera eroatea. Bide batez esanda, zirku emanaldi onenetan ere bizitzen dut emozioen horrelako igoera. Normalean, ez da emanaldiaren denbora osoan lortzen, baina bai une eta tarte batzuetan, eta horrelakorik gertatuz gero benetako esperientzia mistikotzat jo dezakegu dantza emanaldi hori ikusi izana. Seguru nago koreografo handiek horrelako bidaia proposatzen digutela, eta beren jakituria osoa jartzen dutela ikusle trebatuek harekin partekatu dezaten gozamen paregabe hori. Frantsesek la petite mort deitzen diote orgasmoaren osteko loari, eta horren pareko zerbait da dantza emanaldi on batean lor daitekeena, are hobeagoa ere esango nuke nik.

      Eta gero, badira gai edo auzi konkretuak aztertzen dituzten dantza lanak, dela Kolonbiako biolentzia-egoera, dela protagonistaren bidaia iniziatiko bat, dela egia-osteak eta joko politiko ziztrinek eragindako miseria morala… Harrigarria da, zinez, dantzak giza arimaren misterioak argitzeko duen ahalmena, eta, bitxia bada ere, gaiak dantzaren bidez tratatzeko era zenbat eta sotilagoa izan orduan eta efikazagoa da dantzaren bidez igorritako mezua.

      Ni behintzat harritu egiten nau Itzik Galili, Benjamin Preljocaj edota Pina Bausch bezalako koreografo handi batzuen gaitasun horrek, eta oso eskertuta nagokie beren bizitza osoa dantzaren aldarean sakrifikatzen duten dantzariei, haiek gabe ez litzatekeelako posible izango ni petite mort horiekin mundu honetatik desagertzea, une batzuetatik baino ez izan arren.