Zerrakuretan
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
Gaizka Sarasola
 
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
aurkibidea
 

 

xingarrak eta arrautzak

 

(Fanfarrearen hasierako martxaren doinua. txoria zakuarekin sartu da. Ez du amanda ikusi. amandak txoria bai. Honen mugimenduak jarraitu ditu. txoria otarrean jarri da. Pixka batean egon, altxatu eta trangaderan jarri da. Pixka batean egon, altxatu, eta hozkailuan jarri da. amanda ikusi du. Altxatu, otarrea hartu eta burutik beheiti paratu du ezkutatu nahian.)

 

amanda: Tem visto a Manuel? E! Tem visto a Manuel? Manuel!

 

(Isilunea. amanda txoriagana hurbildu da. Hau ez da mugitu.)

 

amanda: Diz! Diz! Tem visto a Manuel? Manuel!

 

(amanda otarre azpitik begiratzen saiatu da, baina txoria ere amandak ikustea eragozteko makurtu da.)

 

amanda: Não me dizes nada? (Isilunea) Bom. Adeus!

 

(amanda pixka bat urrundu, baina bertan gelditu da txoriari begira. Honek pixkanaka otarrea altxatu du. Aurpegia ikusterakoan berriz ere galdetu dio.)

 

amanda: Tem visto a Manuel? E! Tem visto a Manuel?

 

(txoriak berriz ere otarrearekin burua estali du.)

 

txoria (oihuka): Hemen ez dago inor! Inor!

 

(Isilunea.)

 

amanda: Hemen ere ez dago Manuel? Hemen ere ez?

 

(Isilunea. txoriak poliki-poliki otarrea burutik kendu du.)

 

amanda: Ez duzu Manuel ikusi? (Isilunea) Ez duzu Manuel ikusi?

 

txoria (harrituta): Orain ulertu ditut zure solasak.

 

amanda: Hamaika lurretan ibili behar duenak hamaika solas.

 

txoria: Ya!

 

amanda: Derrigorrez etxetik atera beharra denarentzat, kanpoan leku guziak berdinak dira. Ez dakit non nabilen, ez dakit non nagoen… etxean ez nagoela baino ez; eta nirekin ez dagoela Manuel.

 

txoria: Nor da Manuel?

 

amanda: Gizona.

 

txoria: Hemen da?

 

amanda: Ez dakit. Ez dakit non nagoen.

 

txoria (oihuka): E! Juan! Hik ikusi duk Manuel? E! E! Ikusi duk Manuel? Hik ikusi duk Manuel?

 

(juan agertu da, haserre.)

 

juan: Mekauen Sebastopol, Txoria! Mekauen Sebastopol! Zergatik erran diok hemen nagoela?

 

txoria: Ez zioat erran!

 

juan: Jode, baina ikusi naik!

 

txoria: Eta zertarako atera haiz?

 

juan: Hik deitu didak!

 

txoria: A, bai. (Isilunea) Bueno, ikusi duk Manuel, bai ala ez!

 

juan (haserre): Ez! Ez!

 

(Isilunea.)

 

txoria: Bere gizona duk.

 

juan: Bazakiat. Aditu diat.

 

(Isilunea. txoriak zakua hartu eta juani erakutsi dio.)

 

juan: Hutsik.

 

txoria: Beti bezala. Hutsik. (Isilunea) Barrenean begiratu duk? (Isilunea. juanek haserretuaren begirada. txoriak oihuka) Bai! Bai! Bazakiat! Segi ezak kaka egitera!

 

(txoriak zakua lurrean utzi eta baldea hartu du. Aulkian jarri da. Oinetako eta galtzerdiak erantzi eta hankak uretan sartu ditu.)

 

txoria (amandari): Ez haiz idazkariaren alaba izanen?

 

amanda: Zer?

 

juan: Nola izanen duk idazkariaren alaba! Begira iezaiek arropei. Horrela ez duk jauntziko idazkari baten alaba!

 

txoria: Ez zakiat. (Isilunea) Ez diat inoiz idazkari baten alabarik ikusi.

 

(Isilunea.)

 

juan: Nik ere ez.

 

txoria: Ja! (Isilunea) Ja!

 

juan (amandari): Barkatu, e…

 

amanda: Amanda.

 

juan: Barkatu, Amanda. Hemendik pasa beharra zen Manuel?

 

amanda: Ez dakit.

 

juan: Ez dakizu. (Isilunea) Eta noiz abiatu zen? Nondik?

 

amanda: Aspaldi, etxetik.

 

juan: Etxetik?

 

amanda: Santo Tirson, Portugalen. Aspaldi… aspaldi. Diru nahikoa bildu genuen gizon haiei emateko, bidaian laguntzeko, mugak gainditzeko… Manuel… tabakoa, azukrea eta kafea bezala, mugak gainditzeko, bizi berri baten bila, bizi hobe baten bila… Aspaldi, aspaldi etorri beharra zen nire bila. (Isilunea) Mezuak ailegatzen zitzaizkidan, mezuak bidaltzen zizkidan, mezuak uzten txoriari ogi papurrak bezala. Denak biltzen nituen, sakelatan gordetzen nituen…

 

txoria: Nik hurrak bezala!

 

(mottela gibeleko aldetik agertu da.)

 

amanda: Baina utzi nion mezuak jasotzeari. Ez nekien zer egin, eta bidalitako ogi papurrak jaten hasi nintzen. Jan ditut bereak, jan ditut nireak… eta bizitza jaten hasi baino lehen bere bila abiatu naiz. (Eskuak sabelean) Ez da nirekin Manuel, baina hemen ditut denak, bere hitz apurrak, nire ogi papurrak… Amanda, sem ti tudo é como uma janela sempre fechada.

 

mottela: Amanda, zu gabe, beti itxita dagoen leiho bat bezalakoa da dena.

 

amanda: Sem ti tudo é como un charco cheio de folhas.

 

mottela: Zu gabe, orbelaz beteriko putzua bezalakoa da dena.

 

amanda: Sem ti tudo é como um esquilo pendurado num ramo.

 

mottela: Zu gabe, adarrera lotutako kattagorria bezalakoa da dena.

 

amanda: Sem ti tudo é como um quarto cheio de caixas vazias.

 

mottela: Zu gabe, kaxa hutsez betetako gela bat bezalakoa da dena.

 

amanda: Sem ti tudo é como essa triste canção, bonita, mas sem fin.

 

mottela: Zu gabe, kantu triste hori bezalakoa da dena, ederra, baina bukatzen ez dena.

 

amanda: Sem ti tudo é como esse beijo de teatro, que parece, mas nunca é.

 

mottela: Zu gabe, antzerki bateko muxuak bezalakoa da dena: ematen dute, baina ez dira ematen.

 

(Isilunea.)

 

txoria: Gure txori penatua. (Hankak uretatik atera ditu.) Eta ni txori izoztua! Hau hotza!

 

(ramona sartu da. txoriak oinetako eta galtzerdiak jantzi ditu. amandak eskuak sabelean oraindik, oinazez.)

 

ramona (amandari): Eta hau nor dugu orain?

 

amanda (oinazez): Amanda.

 

ramona: Gaixorik?

 

amanda: Ez. Barkatu!

 

(amanda larritua eta presaka gibeleko aldetik atera da.)

 

ramona: Gaixoa!

 

txoria: Ja! Hainbertze tristura nonbaitetik libratu behar!

 

juan: Segizak kaka egitera, Txoria!

 

txoria: Ba, hori!

 

(txoria amandaren atzetik abiatu da, baina ramonak geldiarazi du. txoria hozkailuaren gainean jarri da.)

 

juan: Mottela, noiztik portugesez?

 

mottela: Ikasia naiz. Jende ikasia naiz.

 

juan: Ikasia? Hobe zenuke jakituria bizidunak lurperatzea eragozteko erabili, eta ez hildakoak lur azaleratzeko!

 

(ramona besaulkian jarri da. mottelak bere etenik gabeko bilaketari berrekin dio, “hemen ez… han bai… hemen ez…”.)

 

ramona: Idazkariaren alaba, adibidez! (isilunea) Bueno, egia erran ez du bilatzailerik falta izanen. Jesus! zenbat kamera, kazetari eta polizia… horiek denak herrian kabitzerik ere!

 

juan: Ez da agertu oraindik?

 

ramona: Ez. Bahitu ote duten susmoa dute orain. Idazkariaren alaba bahitu? Zenbat diru izanen du herri ttiki bateko idazkariak bada? (Isilunea) Dirua ez, baina informazioa… informazioa ausarki!

 

mottela (geldituz): Ez! Ez! Informazioa lortzeko idazkaria bera hartu. Idazkaria hartu, eta zuloan sartu. Zuloan sartu, eta egia atera!

 

juan: Egia. Zenbat zulo. (Ingurura begiratuz) Hau bezalako zenbat zulo! Haitzulo, Ikatzulo, Sorginxulo, Arritxulo… batzuk berezkoak, bertzeak guk eginak… zenbat zulo… guk erabiliak, guk sufrituak… lur azpian eta lur gainean.

 

mottela: Zuloak lur gainean?

 

juan: Baita zeruan ere! Guk eginak, guk sufrituak… zerbait gordetzen, eta zerbaiten bila.

 

mottela: Bilatzen! Bilatzen! Hezurrak bilatzen!

 

(mottelak bilaketari berrekin dio.)

 

txoria (zutituz): Eta Manuel? E, Mottela! Manuel! Bilatu Manuel!

 

(txoria berriz ere hozkailuan jarri da.)

 

ramona: Ze Manuel?

 

juan: Amandaren gizona.

 

ramona: Bera ere desagertuta? Ez zen idazkariaren alabarekin joanen…

 

juan: Ez. Manuel aspalditik falta da. Aspaldikoa, Mottelaren hezurrak bezala.

 

txoria (zutituz berriz ere): Bilatu Manuel, Mottela! Bilatu Manuel!

 

(Gibeleko aldetik amanda agertu da. Eskuetan makila bat du. txoria hozkailuan jarri da.)

 

mottela: Makila! Makila! (Isilunea) Manuelena?

 

amanda: Makila? Ez. Manuelek hanka indartsuak ditu. Lurrean zegoen.

 

ramona: Ze arraroa!

 

txoria: Arraroa? Edonon aurkitzen dira makilak.

 

(amanda mottelagana hurbildu da.)

 

amanda: Mottela, zuk bilatuko duzu Manuel?

 

mottela (urduri): Non? Non? Bilatu non? Hemen? Han? Han? Non?

 

amanda (bera etorritako bidetik seinalatuz): Handik heldu naiz, hemen nago, eta Manuel ez dago. (Bertze aldera seinalatuz) Han akaso?

 

mottela: Han! Han! Bilatu! Han!

 

(mottela adierazitako bidetik atera da. amanda makilarekin aginduz.)

 

amanda: Han, Mottela! Han!

 

juan: Idazkariaren alabaren bila hamalau, Manuelen bila lau.

 

txoria(zutituz): Lau? (Isilunea. Otarrera hurbilduz.) Mottela bakarrik.

 

juan: Errateko modu bat duk!

 

txoria (otarrean eseriz): Gezurra.

 

juan: Metafora bat.

 

txoria: Metafora? (Pentsakor) Gezurra!

 

ramona: Egia ez dena ez da beti gezurra, Txoria.

 

txoria: Ja! Baina ogia dena ez da inoiz hezurra!

 

(Isilunea.)

 

amanda: Ba, gure etxean ogirik izatekotan, hezurra bezain gogorra!

 

juan: Gurean ere horrela zen!

 

(Isilunea.)

 

txoria: Gurean ere bai.

 

(txoria altxatu eta paseoan hasi da.)

 

ramona: Ogi guziak ez dira berdinak.

 

amanda: Desagertu guziak ere ez.

 

juan: Ezta hildakoak ere!

 

amanda: Hildakoak?

 

(Isilunea.)

 

ramona: Hildakoak bai. Batzuen irriak erakusten dizkigute; zer jaten zuten, zer amesten… argazkiak eta arropak... bizitzen erradiografiak. Bertzeetan… bertzeetan gorpuak; hutsuneak eta trapuak… herioen zenbaketak.

 

txoria: Bisitarien kontaketak, euriteen neurketak.

 

juan: Kandelak espaloietan, edo hizkiak periodikoetan. V puntu L puntu S puntu; hilda.

 

txoria (zopa janez bezala): Uuuffffp! Hizki zopetako hizkiak irensten bezala.

 

juan: Edo hizkirik gabe zuzenean. Puntu, puntu, puntu, puntu…

 

txoria: Uuuffffp! Uuuffffp! Uuuffffp! Uuuffffp! Hizkiak, bolatxoak, fideoak, izarrak.

 

juan: Periodikoak leitzen, zopak jaten, eta hildakoak irensten.

 

txoria: Uuuffffp!

 

juan: Memorietatik zurrupatuak. Zulo beltzak. Zulo beltzak gurean.

 

txoria: Uuuffffp!

 

juan: Zeruetan izarrak daude… eta zulo beltzak lurrean.

 

txoria: Irentsiak. (Isilunea) Zuloan.

 

ramona: Zertarako sartuko zuten idazkariaren alaba zuloan?

 

(mottela lasterka sartu da.)

 

mottela: Zuloan sartu, edo hegoak moztu! Zak! Zak! Horrelakoak gertatzen dira!

 

amanda (makilarekin aginduz): Han, Mottela! Han!

 

(mottela lasterka atera da.)

 

txoria (mottelari oihuka): Zergatik erraten duzu horrelakorik! Zergatik erraten duzu horrelakorik! (Isilunea. Bertzeei) Zergatik erraten du horrelakorik?

 

(amanda, makilaren laguntzaz inguruan ibilian hasi da.)

 

ramona: Horrelakoak gertatzen direlako.

 

juan: Gertakizunak. Gertakizunen kontakizunak. Kontakizunen asmakizunak.

 

txoria: Gertaerak eta kontaerak. Kantaerak eta bertsokerak.

 

ramona: Bertsoak kantatzeagatik sartuko zuten zuloan!

 

juan: Bertsoak egiten zituen, edo poesia? Edo ipuinak?… edo propaganda?

 

txoria: Ez duk berdina?

 

juan: Kopuruen araberakoa. Aunitzek aditu eta denek ulertu, aunitzek aditu eta guttik ulertu, guttik aditu eta inork ez ulertu, edo inork ez aditu eta denek ulertu.

 

txoria: Ez diat ulertzen.

 

juan: Poesia orduan.

 

(txoria aulkian jarri da.)

 

ramona: Tamaina, Txoria, tamaina. Ur-korronteak bezalaxe… mendietako sorburu eta iturburuak, errekastoak gero, batzuetan ur-jauzi, eta ibai zabalak azkenean.

 

juan: Iturria non den ez dakigun ideien korronteak dira horiek, uholde bihurtzen direnak.

 

ramona: Bai. Ideien korronteak, ideien uholdeak bihurtzen direnak. Eta ur uherrak dena eramaten du. Ezinezkoa egiten du bere bidetik ateratzea. Eta pasatakoan lohiak dena berdin zikintzen du. Berea ez den bertze kolorerik ez, ahots berezirik ez… dena ñabardurarik gabe.

 

txoria: Ahotsak eta lohiak?

 

juan: Buztinezko hitzak. Hauskorrak, baina moldagarriak.

 

ramona: Hori da! Buztinezko hitzak ! Buztinezko hitzak moldatzeagatik sartuko zuten zuloan! Hitzak asmatzeagatik. Hitzak asmatzen, esaldiak okertzen, solasak plazaratzen… inork ere ez ulertu eta denek kantatzeko. (Altxatuz) Biziki eta bizikidetzan kantatzeko, amultsuki, modu autogestionatuan beti ere, baina… baina errefusarekin zer? Zer? Ze luxu, hain usu… iraultza berdea eta bere errelatoa, ahalduntzearen bila, konpetibitatea irabaziz… I gehi G gehi B… irabazi. Eta KPI? K ken P ken I… eroste ahalmena galdu. Alferrik! Alferrikako oinazea eta min bidegabea.

 

txoria: Zer? (Isilunea. Zutituz) Min bidegabea?

 

ramona: Bai. Min bidegabea.

 

juan: Ez duk ulertzen?

 

txoria: Bai. Ulertzen diat. Baina min bidegaberik baldin badago, bidezko minik ere bai.

 

juan: A, bai! (Isilunea) Bidezko mina.

 

txoria: Ja! Gurea! Gurea! Bide madarikatu hori egitera behartuak… gurea bai bidezko mina!

 

juan: Hori duk arrazoia! Bidearen gainean eraikia! Min bidezkoa!

 

txoria: Min bidegabea edo bidezko mina!

 

juan: Bat ez bada bertze!

 

txoria: “Xingar edo arraultze!”.

 

ramona (haserre): Zaudete isilik, demonio ergelak! Zaudete isilik. Guk eragiten diogunaz gain bizitzak berak ere nahikoa min badu berez, minari koloretako gometxak jartzen aritzeko gainera. Gometxa gorriak, gometxa horiak, gometxa berdeak… ipuinak.

 

(Isilunea.)

 

txoria: Ke zuriak, laino urdinak, istorio beltzak, izurri gorriak eta gometxa berdeak.

 

(amanda gelditu da.)

 

amanda: Baina, zeinek eta zergatik ebakitzen ditu hegoak hemen?

 

(Isilunea.)

 

ramona: Mottelaren kontuak dira horiek!

 

txoria: Xingarra. Arrautzak.

 

(txoria hozkailura hurbildu da.)

 

ramona: Senarrari zoparako fideoak gustatzen zitzaizkion.

 

txoria: Niri ere bai. Eta xingarra, arrautzak… (Hozkailuan begiratu du) Babak!

 

(txoriak zakua hartu du.)

 

ramona (amandari): Goazen! Etorri gure etxera, garbitu, jan eta deskantsua hartzera.

 

(ramona etorritako bidetik ateratzear.)

 

amanda: Baina Mottela? Eta Manuel?

 

ramona: Mottelagatik lasai. Bilatzen eta bilatzen ariko da. Etorriko gara bueltan.

 

(ramona atera da.)

 

amanda: Eta makila?

 

juan: Utzi hor, hagaren ondoan.

 

amanda: Makila luze hau?

 

juan: Haga!

 

amanda: Haga?

 

juan: Bai. Haga. (amandak makila otarrearen bazterrean dagoen makila luzearen ondoan utzi du) Ikatza egiteko erabiltzen da.

 

amanda: Ikatza? Ez duzue butanorik? (Isilunea) Baina nora etorri da Manuel? Zeren bila? (ramonari oihuka) Zuk butanoa izanen duzu, ezta?

 

(amanda ramonaren atzetik atera da. txoria eta juan elkarri begira.)

 

juan: Mekauen Sebastopol!

 

(juan txondorrean ezkutatu da. txoria gibeleko aldetik atera da.)