Dama
Dama
Jon Gerediaga
Azaleko irudia: Aitziber Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-61-7
Jon Gerediaga
1975, Bilbo
 
Dama
Jon Gerediaga
Azaleko irudia: Aitziber Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-61-7
aurkibidea
 

 

2. ATALA: SUKAR-AMETSA

 

 

4. ekintza: Ameslaria

 

(dama eta jon bakarrik daude, manta batean bilduta.

Zigarro bat edo zerbeza bat elkarrekin edaten edo erretzen ari dira.)

 

jon: Gehiago ezin da eskatu. Dena daukagu.

 

dama: Entzun nahi al duzu zerbait?

 

jon: Zerbait ez, poema bat. Bakarra.

 

dama: Eguna freskatzen ari da ilunabarrean…

        Edan ezazu nire eskuaren beroa,

        nire eskuak udaberriaren odol berbera dauka.

        Har ezazu nire eskua, har ezazu nire beso zurbila,

        har ezazu neure sorbalda txikien desira…

 

jon: Oso polita da.

 

(jonek eskutik heltzen dio damari, irrikaz. Berotuz doa.

jonek musu ematen dio damari, gehiago nahi du.

damak musua eteten du, eta bularrean paratzen du jonen burua, konpainia apur bat baino ez du nahi. Poemarekin segitzen du.)

 

dama: Entzun, ez dut amaitu:

        …Harrigarria litzateke sentitzea

        gau bakar batez, halako gau bakar batez

        zure buruaren pisua neure bularraren kontra.

 

(jon berriz saiatzen da musua luzatzen. damak atzera paratzen du jonen burua bere bularrean.)

 

jon: Ondo zaude?

 

dama: Bai.

 

jon: Ni ere bai. Oso ondo nago. Zer falta da? Zu ondo zaude, ni ondo nago, biak gaude ondo, gazteak gara, hortz eta hagin guztiak ditugu, bakarrik gaude, gustura. Zer gehiago behar dugu?

 

dama: Honaino heltzen da, ez doa urrunago.

 

jon: Benetan? Edith, dena ez da poesia, prosa ere behar dugu bizidunok.

 

dama: Bai, lokatza, badakit. Sentitzen dut.

 

(jonek manta osoa uzten dio damari, haserre ez, baina apur bat etsituta dago. Jaka janzten du, beste trago bat hartu, eta porroari beste zupada bat ematen dio. damaren aldamenean geratzen da, zurrun, publikoari begira.)

 

dama: Lore baten bila ari zinen

        eta fruitu bat aurkitu zenuen.

        Iturburu baten bila ari zinen

        eta itsaso bat aurkitu zenuen.

        Emakume baten bila ari zinen

        eta arima bat aurkitu zenuen.

        Desengainaturik zaude.

 

jon: Ez, ez nago desengainaturik, baina joan beharra daukat, presaka nabil. Poesia ez den beste guztia ere konpartitzeko prest zaudenean, abisatu.

 

 

5. ekintza: Zyprexa (I)

 

(Argia aldatzen da. dama eta jon (pazientea 1) psikiatraren itxarongelan daude. pazientea 2 (bernar) sartu, eta euren aldamenean jartzen da, zurrun.

dama itxarongelan eserita dago, zain, publikoari begira.)

 

dama (ahapeka,  marmarrean, obsesiboki): Gaua iristen denean

        eskaileran geratzen naiz eta entzuten dut,

        lorategian izar-multzo handiak ari dira sortzen

        eta ni ilunpean nago.

        Entzun. Izar berri bat erori da tintin-hots bat eginez!

        Ez irten oinutsik belarretara,

        lorategia ezpalez beterik daukat.

        (Azken bi bertsoak etengabe errepikatuz)

        Ez irten oinutsik belarretara,

        lorategia ezpalez beterik daukat…

 

(ana sartzen da, baina oraingoan ez da ana, damaren psikiatra baizik: luzia.)

 

luzia (moztuz): Sartu, Edith.

 

(Bostekoa ematen dio damari.

dama eta luzia beste mahai batean esertzen dira, bata bestearen aurrean.)

 

luzia: Zelan zaude?

 

dama: Ondo. Nahiko ondo.

 

luzia: Dena ondo? Ez zaitu ezerk kezkatzen?

 

dama: Beti dago zeozer, baina orokorrean ondo.

 

luzia: Asko edaten edo erretzen ari zara?

 

dama: Gutxi. Apur bat. Zeozer. Baina orokorrean ondo.

 

(luzia azeleratuz doa. Geroz eta azkarrago hitz egiten du. damari apenas uzten dio erantzuteko edo hitz egiteko tarterik. Tarteka, zigarro elektriko bat bapeatu, petakatxo batetik edan, eta pilula bat hartzen du. Bere energia goraka doa modu grotesko batean, ia estasira heldu arte.)

 

luzia: Ez gara orain hasiko esaten edatea txarra da, eta beste hau txarra da, eta beste hori txarragoa, eta adarraren sagarraren puntan, puntaren puntan. Suabe. Hori denok dakigu eta denok edaten dugu, eta erre, eta igual zeraren apur bat ere bai, zergatik ez. Ulertzen?

 

dama: Bai.

 

luzia: Eta beste substantziekin berdin. Ez dizut nik anfetamina, edo opiazeoak, edo kraka, edo MDMA, edo agian txino txiki bat noizean behin, edo dena delakoa… ez dizut nik debekatuko, suabe, ezin dut, eta hori ez da nire lana. Ulertzen?

 

dama: Bai, bai.

 

luzia: Tabakoa, adibidez. Tabakoa antsiolitiko ona dela ere denok dakigu. Den-dena txarra balitz jendea ez litzateke drogatuko, ulertzen? Jendeak badaki zer egiten duen. Jendea ez da inozoa. Suabe. Nik esan dezakedan gauza bakarra da horrek guztiak ondorio txarrak ere badituela. Ulertzen?

 

dama: Bai.

 

luzia: Eta ondorio oso txarrak ere izan ditzakeela. Eta pertsona batzuengan, zure kasuan, adibidez, are latzagoak, ulertzen, e? Ados? Nik esaten dizut, esan behar dizudalako. Gero erabakia zuk hartu behar duzu. Suabe-suabe. Ulertzen? Nik informazioa besterik ez dizut ematen. Ados?

 

dama: Bai, bai.

 

luzia: Bueno. Esandakoa hartzen ari zara? Zyprexa, Lorazepam. Hartzen duzu dena, egunero? Zer zen? Bat eta bat, gauez. Ezta? Bat eta bat. Gauero. Ezta? Ados?

 

dama: Eta goizez ere erdia eta bazkalostean beste erdia ilun sentitzen naizenean, edo barne-ikara hori sentitzen dudanean.

 

luzia: Bai, hori Lorazepama da. Lorazepama nahi beste har dezakezu. Beldurrik gabe. Baina Zyprexa momentuz bat, gauez, ezta? Ulertzen? Ados?

 

dama: Bai. Zyprexa bat.

 

luzia: Lorazepama behar duzun aldiro har dezakezu. Beste batzuek egunean hamar baino gehiago hartzen dituzte eta ez da ezer gertatzen. Suabe. Tolerantzia sortzen du azkenean, baina ondorio latzik ez du. Zure buruaz beste egin nahi baduzu ez da biderik egokiena. Gorputzak aguantatzen du. Ulertzen? Hartu nahi beste, ulertzen? E, ados? Ulertzen? Suabe-suabe.

 

dama: Bai. Ez daukat suizidatzeko asmorik. Nik bizitza maite dut.

 

luzia: Nik informazioa eman behar dizut. Lorazepama ondo dago. Sublinguala hartzen baduzu, mingainaren azpian desegiten uzten baduzu, hamar minututan efektua egiten du.

 

dama: Ados.

 

luzia (beste trago bat hartzen du, eta beste bapeo bat, eta beste pilula bat, in crescendo): Ondo egiten duzu lo? Lo egitea zuretzat oso inportantea da. Zazpi-zortzi ordu gutxienez. Hori okertzen bada tentuz ibili. Bestela hartu gauez Lorazepam gehiago. Horrek ez dizu txarrik egingo. Seko lo egin arte, Lorazepam, jo eta su. Apuntatuko dizut.

 

dama: Ados.

 

luzia (hankak mahai gainean paratzen ditu): Lanen bat aurkitu duzu ala poesiarekin jarraitzen duzu?

 

dama: Bueno… klase partikularrak…

 

luzia: Saiatu funtzionala izaten. Enplegu normal bat lortzen. Agian bikote egonkor bat, lorez lore ibili beharrean, edo bakarrik ibili beharrean. Funtzionala.

 

dama: Bai.

 

luzia: Irakurri dut aurrekoan eman zenidan poema. Oso polita, Edith. Nola zen?

 

dama: Zeren beldur naiz? Infinituaren parte naiz…

 

luzia: Ixo! Utzi niri…

        Zeren beldur naiz? Infinituaren parte naiz.

        Osotasunaren indar handiaren parte naiz.

        Mundu bakarti bat milioika munduren artean…

        Ez dakit zer, badakit nor, pum, pum, pum, eta abar, eta abar, eta beste hori, nola da?…

 

(Biek batera esaten dute, energia goian dauka luziak.)

 

luzia eta dama (batera): Bizitzearen garaipena, arnasa hartzearen garaipena, existitzearen garaipena, norberaren zainetatik doan denbora izoztua sentitzearen garaipena!

 

luzia (oihuka kasik): Dios! Subidoia! Hori da! Hori da, ostia! Suabe-suabe. Ze ona! Eta beste hori…

        Denbora eraldatzaile, denbora suntsitzaile, denbora sorgintzaile…

 

dama: …asmo berriekin ote zatoz, mila trikimailurekin niri eskaintzeko

        hazi txiki baten existentzia, suge kiribildu baten existentzia…

 

luzia (mahai gainean zutik, bere onetik aterata): Denbora hiltzailea, aparta zaitez nigandik!

 

dama: Izar guztiak itzaliko dira egunen batean,

        baina argi egiten dute, beti beldurrik gabe.

 

luzia (oihuka): Izar guztiak itzaliko dira egunen batean,

        baina argi egiten dute, beti beldurrik gabe!

        Ze ona, redios!!!!

 

(Supituan eseri eta serio jartzen da.)

 

        Dena den poesiak igual ez dio mundu guztiari onik egiten. Saiatu funtzionala izaten. Lan bat, soldata bat, ez dakit, ordena apur bat: fun-tzio-na-la, ulertzen?

 

dama: Bai, funtzionala. Funtzio bat daukana.

 

luzia: Horixe, funtzio bat gizartean, bizitzan. Ados? Suabe. Maiatzaren 4an etorri, hamabietan. Ondo datorkizu? Bale. Ez ahaztu Zyprexa hartzen. Eta lo egiten. Lorazepam, nahi beste.

 

dama: Ados. Eskerrik asko, Luzia.

 

(dama altxatzen da eta badoa.

Bostekoa ematen dio luziari joan aurretik.)

 

luzia: Beti beldurrik gabe, jode! Suabe-suabe.

 

(luziak segundo batzuk baliatzen ditu azkar-azkar zigarro elektronikoan bapeatzeko, eta pilularen bat hartzen du petaka bati trago luze bat emanez. Altxatu eta aulkietan eserita dauden beste biengana doa.)

 

luzia: Hurrengoa! Sartu, Escobar.

 

(pazientea 1 altxatzen da eta luziari bostekoa ematen dio.)

 

luzia: Zelan zaude?

 

pazientea 1: Ondo. Nahiko ondo.

 

(Iluna.)

 

 

6. ekintza: Sukar-ametsa

 

(Tabernan. bernar barran dago. ana bestaldean, lanean.)

 

bernar: Nik bost xentimo ere ez nituzke ordainduko. Ez du merezi.

 

ana: Eta lizentzia lortuko banu?

 

bernar: Lizentziak ez dizu bezerorik ekarriko. Negozio bat eramateko beste zerbait ere behar da.

 

ana: Zer behar da ba?

 

bernar: Dirua, lehenik eta behin. Inbertsio bat, fundamentuzkoa. Eta sinesgarritasuna.

 

ana: Zer esan nahi duzu horrekin?

 

bernar: Jendeak sinetsi behar zaitu, zugan sinetsi behar du. Bankuak behintzat zugan sinetsi behar du, bestela ez dizu dirurik emango.

 

ana: Eta zuk, sinesten duzu nigan?

 

bernar: Nik ez dizut dirurik emango.

 

ana: Ez dut zure dirua nahi, filantropo.

 

(dama sartzen da. Besarkada ematen dio anari.)

 

ana: Astelehena, Edith. Astelehena beti aldapan gora. Animo, goazen apurka-apurka.

 

(damak ohiko keinua egiten dio anari, eta ohiko lekuan esertzen da. Isilik.)

 

Bernar (damari begira): Eta lana, noski. Lana. Dirua lortzeko lana behar da. Sinesgarria izatea, eta lana. (dama seinalatuz, erlojua begiratzen du) Poetak ez dauka lanik gaur ala?

 

(damak ez du erantzuten. Koaderno bat, edo liburu bat zabaltzen du.)

 

ana: Hori utzi bakean, nahikoa egiten du eta. Nik zer? Lan gutxi egiten dut nik ala?

 

bernar: Beste batzuek baino gehiago bai. Ez da zaila.

 

ana: Igual beste batzuek ez dute behar.

 

bernar: A ez, e? Eta nola egiten da hori? Ea nik ere ikasten dudan.

 

ana: Modu askotara. Gutxiago gastatuta, adibidez. Edo lana baino denbora-pasa hobea izaten. Edo errenta ona izaten. Edo dirua beste modu batera irabazten, bizkarra lanean apurtu gabe. Egia esan, nik ez dakit, eta ez dut jakin nahi, eta berdin zait.

 

bernar: Eta besteen kontura bizitzen. Bizkarroia izaten. Nik gastatzen dudana irabazten dut. Ez, eskerrik asko. Errenta ona izango banu ere nik lan egiten jarraituko nuke eskuak apurtu arte. Lan, lan eta lan, lehertu arte. Hori da gizalegea.

 

ana: Lan mota asko daude, Bernar. Zuk eskuak eta hankak gehiago erabili behar dituzu, bururik ez daukazulako.

 

bernar: Eta burua daukanak zer egiten du, potrojorran aritu tabernaz taberna, sudurra liburu artean sartuta, ondo pasatzen?

 

ana: Ikasi behar zenean ez al zenuen zuk ondo pasatu ala? Ikasle garaian ondoegi pasatu zuenak gero lan doblea egin behar. Burua daukanak burua erabiltzen du. Eta besteoi burua erabiltzen irakatsi. E, maistra? Baietz?

 

bernar: Horrek irakatsi behar dit niri burua erabiltzen? Txoriburu alfer horrek?

 

ana: Bai, horrek. Zu bezain zakarra ez izateko, adibidez.

 

bernar: Artista fin bat, ala benetako gizona nahiago zenuke?

 

ana: Nik neuk nahiko nuke dama bat izan, burua, eta bihotza, eta espiritua zaindu. Zuk ezin duzu, zuk ez daukazu espiriturik, basurde.

 

(jon sartzen da tabernan. damak isilean edaten segitzen du.)

 

jon: Hasi gara? Goizetik hasi gara basurdekeriak egiten eta esaten?

 

bernar: Hemen bestea, goizean goizik tabernan: langile fin bat. Langilea eta fina, biak batera. Nola egiten duzu?

 

jon: Natural ateratzen zait.

 

bernar: Zuk lana bai, eta espiritua ere bai orduan.

 

jon: Horixe, lotsarik ez pasatzeko inon ere.

 

ana (bernarri): Lasai, zuk ez dakizu lotsa zer den. Lotsarik gabe bizi zara, lasai asko.

 

bernar: Zertaz lotsaturik ez daukadalako bizi naiz lasai.

 

ana: Ez? Ziur al zaude?

 

bernar: Nik ez behintzat. Zuk, Jon? Ba al duzu zertaz lotsatu?

 

jon: Nik bai, gauza askotaz. Biziduna naiz. Gizakia. Eta zuria gainera. Nola ez naiz ba lotsatuko.

 

bernar: Ba nik ez daukat zertan lotsatu. Nik ez dut ezer egin. Ni lasai nago. Astean berrogeita hamar ordu baino gehiago lanean, eskuak eta bizkarra lehertuta hamar xentimoren truke, bizitza erdia baino gehiago kotizatuta, eta lotsatu? Zergatik lotsatu?! (Berotzen hasia) Bueno, faborez, falta zitzaiguna! Lotsatu daitezela errentistak, lapurrak, bizkarroiak, alferrak! Lotsatu daitezela artista ganorabako horiek guztiak! (damari begira) E, artista?

 

ana: Ez dio inori kalterik egiten behintzat, ez du inor iraintzen.

 

bernar: Niri bai egiten didate kalte. Bizkarroiak. Nik lan eta lan, leher eginda, eta artista eta errentista eta lapur horiek guztiak tabernan edaten? Aurpegira egiten didate barre ar-tis-ta hauek guztiek.

 

jon: Zu ere tabernan zaude.

 

bernar: Bai, baina atseden hartzen. Ondo irabazita daukat nik taberna. Lan nahikoa egin dut.

 

ana: Igual tabernan ere lan egiten du berak.

 

bernar: Tabernan lan? Bueno, bueno, adarrik ez jo niri, e? Barre amari! Tabernan lanean ari den bakarra zu zara, eta gutxi. Tabernan lanean, falta zena. Burua txoriz betetzea, eta sudurra paper artean sartuta edukitzea, eta arratsalde erdia edaten ematea lan egitea al da orain? Noiztik da hori lana? Mesedez, mesedez, berotzen ari naiz. Atera beste karajillo bat. Eta ordain dezala hark. (dama seinalatuz) Bai jauna, ordain dezala artista langileak.

 

jon: Lasai, mezenas. Egin dezala bakoitzak ahal duena bizitza aurrera ateratzeko. Atera niri beste bat, eta kobratu niri dena, mesedez, Ana.

 

(anak beste erronda bat ateratzen du. damarengana hurbildu eta kopa betetzen dio.)

 

ana (ahapeka): Hau nire kontura, maistra. Basurde horri kasurik ez, ez du ezer ulertzen.

 

dama: Eskerrik asko, Ana.

 

(Laztan bat egiten dio anari.)

 

ana (damari): Zer, ametsetan gaur ere?

 

dama: Bai, ametsetan.

        Geure mundu eguzkitsu osotik

        lorategiko banku bat baino ez dut desio,

        eguzkia hartzen ari den katu batekin…

        Hortxe egongo nintzateke eserita

        bular gainean gutun bat daukadala

        gutun bakar eta labur bat.

        Halakoa da neure ametsa.

 

bernar: Kaguensandios, artistak!

 

ana: Ze polita! Kasurik ez basurdearen kurrinkei. Amets txikia da, erraza dirudi, lor daitekeen zerbait dirudi, horregatik gustatzen zait. Katua altzoan, banku bat, eguzkia. Zertarako gehiago? Posiblea da, hurbila. Eta oso polita, Edith.

 

dama: Eskerrik asko, ahizpa. Zuretzat neure ametsa.

 

(Paper tolestu bat luzatzen dio.)

 

ana: Mila esker, poeta! Hau bai opari ederra!

 

bernar: Hori al da opari eder bat? Paper tolestu eta izerditu bat? Mesedez, Ana.

 

ana: Zuk oparitu didazuna baino gehiago bada behintzat.

 

bernar: Atzo ohean ez zenuen gauza bera esaten. Orduan dena zen esker ona.

 

ana: Bai, zu oso eskuzabala zara.

 

jon: Mezenas handia. Lorenzo Medici.

 

bernar: Mezenasa igual ez naiz izango, baina horrek (damari begira) bere anisa egunero edateko nik egunero zergak ordaintzen ditut, hori seguru. Eta horren pentsioa ere bai. Ze horrek pentsio bat dauka, ez du lanik egiten. RSI, edo FMI, edo dena delakoa.

 

ana: RGI.

 

bernar: Berdin zait izena zein den. Horren anisa, eta horren komuneko papera nik ordaintzen ditut. Eta gainera eskuzabala bera da, ni ez. Izorrai!!

 

jon: Gizartea mendi txango bat bezalakoa da, Bernar. Denbora azkenak markatzen du, ez lehenengoak.

 

bernar: Begira, Sokrates. Dama finez, filosofoez eta kapitain jeneralez nazkatuta nago. Indio gehiago eta kapitain gutxiago. (damari, haserre, sarkasmo handiz) E, filosofa? Entzun duzu? E, poeta? Ulertu duzu? Artista? Artista de la pista? Ulertu duzu edo hobeto zaude burua paper artean sartuta? E, artista?!

 

ana: Bernar! Nahikoa da! Utzi emakumea bakean. Ez dizu ezer egin. Lanean ari da eta ez du inor molestatzen.

 

bernar: Lan egitea beste gauza bat da, jode!

 

ana: Lan zuk bakarrik egiten duzu ezta?

 

bernar: Armeria guztiko kableatua eta instalazio elektrikoa nork egin ditu ba? Nik, nik eta Jonek, ostia. Hori da lan egitea.

 

ana: Armeria martxan jarri duzue, e? Ba zorionak, armeria bat ekarpen handia da gizartearentzat.

 

bernar (onetik aterata, oldarkor): Kontuz nirekin, e, Ana? Nirekin ez harrotu, e? Sarkasmoarekin kontuz, e! Kontuz!

 

(bernarrek kolpe handi bat ematen du barran.

anak atzera egiten du. damaren aldamenean esertzen da. damak besarkatzen du.)

 

bernar: Bai, hori. Orain emaiozue musu bat elkarri goiza borobiltzeko. Konpondu zuek zuen artean. Egizue artazi fabrika bat elkarrekin. Emakumeak bakarrik. Emakumeak eta artistak, besterik ez. Langileak bat ere ez. Artazi fabrika bat. Emakumeak soilik.

 

(damak musu ematen dio anari, probokatzaile. anak onartzen du, bernarrekin haserre.)

 

bernar: Kaguenlaputa! Zuek emakumeok ez daukazue ni izorratzeko behar dena!

 

(dama mahai gainera igo eta biluzten hasten da, poema bat errezitatzen duen bitartean.)

 

dama (biluztuz): Ez naiz emakume bat. Neutro bat naiz.

        Ume bat naiz, morroi bat, eta erabaki ausart bat,

        eguzki gorrimin baten izpi irribarretsua naiz…

 

        Emakume guztien omenezko brindisa naiz,

        urrats bat naiz, zorirantz eta hondamendirantz,

        salto bat naiz, askatasunerantz…

 

        odolaren mintzoa naiz gizonaren belarrira,

        arimaren sukarra naiz, desira eta haragiaren ukoa,

        paradisu berrietarako sarrera-seinalea naiz.

        Sugarra naiz, bilatzailea eta lotsagabea,

        ur sakona naiz, baina belaunetaraino ausartu dena,

        sua eta ura naiz, elkartasun aske eta leialean…

 

(Isilune luzea. ana txaloka hasten da.

bernarrek baso bat apurtzen du amorru biziz, eta badoa, arrapaladan.

jonek manta bat jartzen dio damari soinean, haren gorputz biluzia tapatzeko.

Iluna.)