Dama
Dama
Jon Gerediaga
Azaleko irudia: Aitziber Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-61-7
Jon Gerediaga
1975, Bilbo
 
Dama
Jon Gerediaga
Azaleko irudia: Aitziber Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-61-7
aurkibidea
 

 

Damarekin solasean:
hitzaurrea edo hitzostea?

 

Iņigo Martinez Peņa

 

 

Artelana aurretik doa

 

      Artelan bati buruz hitz egitea arriskutsua izaten da beti. Azalpen eta interpretazioen bidez haren esanahia harrapatzerik badago? Komentaristen iruzkinek artelanaren mezu ezkutua agerian uzterik badute? Sarritan egin izan dira horrelako saiakerak, modu askotara gainera: artelana artistaren biografiaren edo psikologiaren bidez azalduz, garaian garaiko mugimendu kultural edo artistikoetara murriztuz, edo artea klase sozialaren bidez argituz. Hortaz, artelanaren azalpen psikologikoak, soziologikoak edo historiko-politikoak lehenetsi izan dira. Baina kausa-efektuaren logikak ez du artean oso ondo funtzionatzen, sormen artistikoaren emaitza aurreikustea ezinezkoa baita. Horrelako azterketak, beraz (eta zorionez), porrotera kondenaturik daude: ez dute obra bere osotasunean harrapatuko. Testuingurua(k) argitzea, dena den, aberasgarria eta oso interesgarria izan daiteke, baina horrekin nahikoa dela deritzozue? Gehiegi edo gutxiegi esango dugu beti, neurrian asmatzea ezinezkoa da. Hizkuntza kontua? Artelanaren ezinezko itzulpena? Artelan bakoitzak bere errealitate propioa sortzen du. Horregatik, Lacanen hitzak gogoratuz, artelana beti aurretik doala esango nuke, azalpenek ez dutelako sekula agortzen. Finean, artelanaren esanahia artelanean bertan dago, ez da kanpoan bilatu behar, artearen meta-hizkuntza bio-psiko-sozio-historiko edo dena delako batean.

      Hala ere, antzokira joaten garenetan, atsegina da ikuskizunari buruz bueltaka aritzea, sentitu eta pentsatu duguna partekatzea. Zinematik irten ondoren, filma komentatzea gauza ederra da; liburu bat irakurri eta gero, burutazio edo galdera batzuk bota ohi ditugu; margolan baten aurreko zirrarei hitzak jartzen saiatzen gara. Artelanak bizirik jarraitzen du jaso duen pertsona bakoitzarengan eta gugan utzitako aztarnak araka ditzakegu.

      Beraz, Damak nigan utzitako aztarnak partekatuko ditut hemen. Izugarri disfrutatu dut irakurketa barre eta negarren artean; hunkigarria da. Irakurle edo ikusle bakoitzak, noski, bere hausnarketak idatziko lituzke eta gustura entzungo nituzke ahots horiek guztiak antzerkia amaitu ondoren. Horregatik, hitzaurrea baino, agian hitzostea izan beharko luke honek. Artelanak eraman egiten gaitu, haren atzetik goaz gu. Dama da gure maistra, gida gaitzala berak.

 

 

Damaren ahotsak eta beste pertsonaien ahotsak

 

      Antzezlanaren hasieran Damaren hitzetan Edith Södergran poeta finlandiarraren  oihartzuna entzun daitekeela ohar egiten zaigu. Haren ahotan agertzen dira testuan zehar Jon Gerediagak itzulitako poemak. XIX. mendean jaio zen eta XX. mende hasiera bizi izan zuen: bere biografoen arabera, garai historiko gogorra egokitu zitzaion. Edozein garairi aplika dakiokeen esaldia? Haren poemek, historiatik haratago, bizitzari, naturari eta maitasunari abesten diote. Bere garaian poeta miretsia bezain baztertua izan zen, erotzat hartua, bere idazkera libreagatik kritikatua: poesiak egitura zehatz bat jarraitu behar al zuen? Egun, erromesaldian, urtero hurbiltzen dira bere hilerrira hainbat jarraitzaile, Errusiako Raivolara. Azken poemak Existitzen ez den aberrian izenburupean bildu zituzten. Natura bera al da existitzen ez den guztion herria? Naturak ez omen dauka aberririk eta, agian, historiari natura kontrajarri ahal zaio. Horregatik, Damaren ahotsak naturaren kantua harrapatu nahi duela iruditu zait, naturaren ahots ororen batura: Ni naiz sugarra, ur sakona, paradisu berrietarako sarrera…”, idealizatu gabeko naturaren osotasun dionisiakoa, bere gauza on eta txar guztiekin (korapilorik gabe ona eta txarra zer den epaitzea ezinezkoa bada ere). Batak bestea behar du? Zerua eta lurra. Tximeleta zuriak hegan eta basurdeak lokatzetan. Gizakiak tximeleta eta basurde gara, zerutarrak eta lurtarrak, poetikoak eta prosaikoak, onenerako eta txarrenerako gai. Damaren metafisika zentauroen metafisikarekin lotu dut eta Zentauro-hankak Jon Gerediagaren liburuko hainbat poema izan ditut gogoan, osotasun erdibituan.

 

            [...] Zeruari begira isiltzen da naizen piztia hankamotza

            bere gabezia lurtarra zurearekin elkartuz

            bikoteka doazen kaio horiek bezala

            ni bezala janari bila haiek ere

            eguzkirantz

            ilargirantz

            auskalo norantz

            janari bila bake bila [...]

            hitzen eguna eta gaua elkartzen dira halakoetan

            kaosa izendatuz eta deseginez

            aldi berean munstro guztiak konbokatuz eta txikituz [...]

 

      Baina Damaren hitzak enigmatikoak dira. Poema asko begiak itxita errezitatzen ditu eta pitonisa igarle baten mezu ezkutuak direla dirudite; beste errealitate edo beste dimentsio batetik etorritako hitzak. Horrela al da? Edo ameslari bakarti baten jolasaren aurrean gaude? Hitzen, doinuen, esanahien erabilera ludiko-poetikoa ote da berea? Mozkorraldi existentziala? Bizitza eta poesia maite ditu Damak. Eta, berea, edozein herritako edozein tabernatan idazten dagoen poetaren istorioa izan daiteke. Taberna bazter batean, anisa edaten, idazten. Zoritxarrez, susmopean jar dezake horrek: zertan ari da? Ez al du beste lanik egiten? Aurkitu duzu lanen bat edo poesiarekin jarraitzen duzu?. Ika-mikak, existentziaren errentagarritasuna erakusteko presioak, justifikatu beharrak. Zentzu horretan, agian, edozein artistak ikus dezake bere burua Damaren ispiluan islatuta. Artea zer den sekula ez dago argi eta artista gisa norbere burua izendatzea ez da gauza erraza. Krisi existentzialera kondenaturik al dago artista, poeta, idazlea, dantzaria...? Bere bizimodua justifikatzeko kontzeptuen eta argudioen bilaketa nekagarrian aritu behar du?

      Galderak galdera, Damaren hitzetatik askotariko ahotsak irudika ditzakegu: naturaren kantu ahistorikoa, orakuluaren mezu ezkutua, ameslari bakartia, artista anonimoa. Batera zein bestera izan, hitz ederrak dira bereak, iradokitzaileak, hunkigarriak.

      Badirudi, tamalez, besteon aurrean bizimodu poetikoa justifikatu behar duela, inori kalterik egiten ez badio ere. Justifikazioaren beharra, dena den, besteona dela ematen du, ez Damarena. Zer proiektatzen du, orduan, Damak besteengan? Antzezlaneko beste pertsonaiak, Dama ez bezala, haien burua justifikatzeko ahaleginetan ari dira. Eta norbere bizimodua justifikatu beharra ez da lan psikologiko makala. Astuna da konparaketaren lehia. Nor da funtzionalagoa, eredugarriagoa? Rafael Sanchez Ferlosioren hitzak gogora ekarriz: Démonos por imposibles los unos a los otros como buenos hermanos. Finean, konparaezinak gara. Eta Dama kritikatzen badute euren bizimodua justifikatzeko? Bernarrek langile ona dela erakutsi nahi du, Fiskalak bere aberria eta bere familia ereduak zuzenak direla frogatu nahi digu, Anak bere desirak eta sexu-grinak justifikatu nahi ditu Norentzat dira justifikazio horiek? Nor da norberaren epaile? Ezinezko bikaintasunaren konparaketan murgilduta daude. Nola justifikatu lotsarik gabe gizon zuria izatea mundu honetan? Justifikazioaren tiranian, ebaluazio ereduak eta laukiak sortzen ditugu. Nor geratuko da laukitik kanpo eta nor sartuko da lauki barruan? Badirudi justifikazioak eta sailkapenak eskutik helduta doazela.

 

 

Sailkagarria eta sailkaezina;
balioduna eta baliogabekoa

 

      Antzezlanak agerian jartzen du sailkatu beharraren mania, normaltasunaren tirania. Sailkapenak edonon agertzen dira eta Gerediagak umorearen bidez zulatzen ditu, bizigarriago bihurtuz. Umorea eta amorea ditugu sendagarri.

      Dama, adibidez, modu askotara sailkatu nahi dute. Hortxe daude, besteak beste, kazetarien galdera tematiak: Nola definitzen duzu zure burua?, Zeintzuk izan dira zure eraginak?. Bere poesia sailkatzeko eta ordenatzeko ere sinekdokeak, oximoronak edo kataforak topatu behar dituzte. Aldi berean, diagnostikoen sailkapenen zerrenda psikiatrikoaren mahai gainean dago: Trastorno límite de la personalidad, loca con gatos, ardi galdua; eta portaera bakoitzari farmako bat dagokio (Zyprexa, Haloperidola). Bizitzaren jariotasunean, tempus fugit, denbora ondo sailkatzea eskatuko diote Damari psikiatrikoan: Zer egun da gaur?, Zer hilabete, zer urte?. Modu berean, pentsamenduak egoki sailkatu behar ditu: moja bere pentsamendu lizunen bila arituko da eta sailkapen sexual zuzenen artean egongo dira fiskalaren kezkak (bi emakumeren arteko jokaera lizuna, perbertsioa, eskandalu publikoa). Familia eta kultura eredugarriaren sailkapena buruan dauka fiskalak: herri jator, langile eta zintzoa gara, kontxo! Eta sailkapenera ez bazara makurtzen, zigorren sailkapena dator: paliatiboa, prebentiboa, eredugarria. Kontua da, den-dena ondo kokatzea, dagokion kutxan, tokatzen zaion fitxategian.

      Sailkaezinak, beraz, ez al dauka baliorik? Poesia sailkapenetik haratago dago, hizkuntza tolestu, luzatu edo korapilatu egiten baitu. Hizkuntzarekin hizkuntzatik kanpo salto egiteko saiakera omen da poesia. Hizkuntza poetikoa ez da sailkapenera lerratzen. Gramatikatik kanpo ote dago? Roland Barthesek esaten zuen gramatika faxismoa zela; eta poesiak askatasuna behar du. Egun, balioaren ikuspegi neurgarria erabat inposatuko balute, noski, poesiak ez luke ezertarako balioko. Baina baliodunaren eta baliogabekoaren arteko bereizketa zurruna zabalduko bagenu, askeagoa eta anitzagoa egingo bagenu, hori beste kontu bat litzateke. Ekonomiatik balioen eredu konkretuegi eta sinpleegi bat inposatu digute: berehalako emaitza neurgarriak eskatzen dizkigute. Erabilgarritasunaren zentzua, aldiz, anitza izan daiteke: gauzak modu askotara dira erabilgarri. Horregatik da garrantzitsua balio duenaren edo balio ez duenaren eztabaida ez sinplifikatzea, merkatuaren eta errentagarritasunaren topikoetan ez jaustea. Badira kalkulaezinak diren balioak ere.

      Poesiaren moduan, adiskidetasunaren balioa ere ez da kuantifikagarria. Taberna batean bizitzaren eta poesiaren inguruan mintzo ginen aspaldi Jon eta biok. Sasoi hartan, filosofiako klaseetan Daniel Defoeren liburu klasikoa lantzen ari ginen: Robinson Crusoe. Eleberriko protagonistak hondoratutako ontzitik ezinbesteko objektuak erreskatatu behar ditu, galdutako irla batean biziraun ahal izateko. Horien artean, idazluma eta libreta uste baino lagungarriagoak egingo zaizkio. Kontakizunak idazteak, amesteak, fikzioa sortzeak hauspotu zuten bere aurrera egiteko gogoa. Solasean gustura aritu ginen horren harira eta, hurrengo egunean, poema bat oparitu zidan. Poema hori urteetan gorde izan dut eta balio handikoa izan da niretzat. Horrekin amaitu nahiko nuke eta, ondoren, Damari hitza eman.

 

            Tabernako leihotik goibel

            begiratzen diot elurrari

            epifania isila bezala agertu da

            bat-batean zarataren hirian

 

            orduan kolera eta nazka

            baretuz doaz astiro-astiro

 

            Maite eta Kattalin lo daude

            jendearen marmarraren babespean

            Marik kalean elur-malutak

            harrapatzen ditu mingainarekin

 

            eta lagun handi batek esaten dit, bai

            pospoloak edo kanabera bat

            oso erabilgarriak izan litezke baina

            poesia, amets eder bat,

            behar-beharrezkoak dira

            bizirik irauteko, ezinbestekoak

 

            eta elurra ari du isil eta leun

            eta ni erabat ados nago

            gaur zeruarekin.