Zartatua / 4.48 Psikosia
Zartatua / 4.48 Psikosia
Sarah Kane
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-53-2
Sarah Kane
1960-1996
 
Zartatua / 4.48 Psikosia
Sarah Kane
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-53-2
aurkibidea
 

 

Laugarren agerraldia

 

Toki bera.

 

soldadua ianen ondoan datza, errebolberra eskuan.

soldaduak bere burua zartatu du.

cate komuneko atetik sartzen da gelan, blai-blai eginda eta ume bat dakarrela.

soldaduaren gainetik igarotzean begirada bat botatzen dio.

Orduan ian ikusten du.

 

cate: Amesgaiztoa zara.

 

ian: Cate?

 

cate: Hau ez da geldituko.

 

ian: Catie? Hor zaude?

 

cate: Hirian mundu guztia negarrez ari da.

 

ian: Uki nazazu.

 

cate: Soldaduek agintzen dute.

 

ian: Irabazi dute?

 

cate: Jende gehienak amore eman du.

 

ian: Matthew ikusi duzu?

 

cate: Ez.

 

ian: Nire partez hitz egingo diozu?

 

cate: Ez dago hemen.

 

ian: Esaiozu —

          Esaiozu —

 

cate: Ez.

 

ian: Ez dakit zer esan semeari.

          Hotzez nago.

          Esaiozu —

          Hemen zaude?

 

cate: Emakume batek bere umea eman dit.

 

ian: Nire bila etorri zara, Catie? Ni edo erreskatatzeak berdin du maite zaitut Cate nire partez esaiozu nigatik egizu uki nazazu.

 

cate: Ez dakit zer egin neskatxarekin.

 

ian: Hotzez nago.

 

cate: Negarrez jarraitzen du.

 

ian: Esaiozu —

 

cate: ezin dut.

 

ian: Nirekin geratuko zara?

 

cate: Ez.

 

ian: Zergatik ez?

 

cate: Laster itzuli beharko dut.

 

ian: Shaunek badaki zertan ibili ginen?

 

cate: Ez.

 

ian: Hobe esaten badiozu.

 

cate: Ez.

 

ian: Enteratuko da. Esaten ez badiozu ere.

 

cate: Nola?

 

ian: Usaina harrapatzen da. Erabilitako merkantzia. Ez duzu hori nahi, norbait aratza lor badezakezu behintzat.

 

cate: Zer gertatu zaizu begietan?

 

ian: Hemen behar zaitut, Cate. Ez du luze joko.

 

cate: Umeei buruz zer dakizu?

 

ian: Ezer ez.

 

cate: Eta Matthew?

 

ian: Hogeita lau urte ditu.

 

cate: Jaio zenean.

 

ian: Kaka eta negar egiten dute. Erremediorik gabe.

 

cate: Odoletan zaude.

 

ian: Ukituko nauzu?

 

cate: Ez.

 

ian: Horrela hemen zaudela antzemango dut.

 

cate: Entzuten didazu.

 

ian: Ez dizut minik emango. Hitza ematen dizut.

 

cate: (Poliki hurbiltzen zaio eta burugaina ukitzen dio.)

 

ian: Lagun iezadazu.

 

cate: (Ilea laztantzen dio.)

 

ian: Edozein modutan ere laster hilko naiz, Cate.

          Eta min ematen du.

          Laguntza emadazu kont—

          Lagundu

          Kon- kontu hau

          Bukatzen

 

cate: (Eskua kentzen du.)

 

ian: Catie?

 

cate: Umearentzat jateko zerbait lortu behar dut.

 

ian: Ez duzu ezer aurkituko.

 

cate: Hala ere begiratuko dut.

 

ian: Kabroi madarikatuek dena jan dute.

 

cate: Hilko da.

 

ian: Amaren esnea behar du.

 

cate: Ian.

 

ian: Geratu.

          Ez daukazu nora joan, nora joango zara?

          Ikaragarri arriskutsua da zure kabuz joatea, begira iezadazu.

          Babes handiagoa duzu hemen nirekin.

 

cate gizonaren arrazoiketa kontuan hartzen ari da.

ianengandik pixka bat urrunduta esertzen da umearekin.

ianek emakumea entzutean lasaitua hartzen du.

catek umea kulunkatzen du.

 

ian: Ez naiz hain gaiztoa, ezta?

 

cate: (Begiratzen dio.)

 

ian: Lagunduko didazu, Cate?

 

cate: Nola?

 

ian: Pistola bilatuko didazu?

 

cate pentsaketan dago.

Orduan altxatu eta inguruan bila dabil umea altzoan duela.

Errebolberra soldaduaren eskuan ikusten du eta aldi batez begira geratzen zaio.

 

ian: Aurkitu duzu?

 

cate: Ez.

 

soldaduaren eskutik pistola hartu eta jolasten hasten da.

Bat-batean irekitzen da eta Cate barruko balei begira dago.

Balak kendu eta pistola ixten du.

 

ian: Pistola da?

 

cate: Bai.

 

ian: Eskuratuko didazu?

 

cate: Ez dut uste.

 

ian: Catie.

 

cate: Zer?

 

ian: Tira.

 

cate: Ez esan niri zer egin.

 

ian: Ez dizut esaten, maitea. Ume hori lasaitzerik al duzu?

 

cate: Ez du ezer egiten. Gosez dago.

 

ian: Ostia, denok gaude gosetuta, nik neure burua tirokatzen ez badut goseak akabatuko nau.

 

cate: Zure burua hiltzea gaizki dago.

 

ian: Ez, ez dago.

 

cate: Jainkoak ez luke gustukoa izango.

 

ian: Ez dago halakorik.

 

cate: Nola dakizu?

 

ian: Ez Jainkorik. Ez Olentzerorik. Ez maitagarririk. Ez Narnia. Ez Ezerez putarik.

 

cate: Zerbait egongo da.

 

ian: Zergatik?

 

cate: Bestela ez du zentzurik.

 

ian: Ez izan baboa, demonio, edozein modutan ere ez du zentzurik. Ez da Jainkoa egotea hobea litzatekeelako soilik.

 

cate: Ez zenuela hil nahi uste nuen.

 

ian: Ez dut ikusten.

 

cate: Nebak lagun itsuak ditu. Ez amore eman.

 

ian: Zergatik ez?

 

cate: Makalek egiten dute hori.

 

ian: Badakit zigortu nahi nauzula, bizirik mantenduta saiatuz.

 

cate: Ez.

 

ian: Baietz, joder, nik ere egingo nuke. Sufritzen ikusi nahiko nukeen jendea badago baina ez du sufritzen, hiltzen da eta kito.

 

cate: Eta oker bazabiltza?

 

ian: Oker ez nabil.

 

cate: Baina ibiliko bazina?

 

ian: Hildakoak ikusi ditut. Hilda daude. Ez daude inon, hilda daude.

 

cate: Eta mamuak ikusten dituen jendeaz zer?

 

ian: Jende horretaz zer? Imajinatzen dute. Edo asmatzen dute edo lagun hori oraindik bizirik egon dadin grinaz daude.

 

cate: Hil ondoren itzultzen den jendeak tunelak eta argiak ikusi dituela esaten du —

 

ian: Ez dago hil ondoren itzultzerik. Hori ez da hiltzea, hori konortea galtzea da.

          Hiltzen zarenean amaiera da.

 

cate: Jainkorengan sinesten dut nik.

 

ian: Gauza guztiek azalpen zientifikoa dute.

 

cate: Ez.

 

ian: Emadazu nire pistola.

 

cate: Zer egin nahi duzu?

 

ian: Ez dizut min egingo.

 

cate: Badakit.

 

ian: Honekin bukatu.

          Behar dut, Cate, gaixo nago.

          Pixka bat azkartuko dut, besterik ez.

 

cate: (Gogotik pentsatzen ari da.)

 

ian: Mesedez.

 

cate: (Pistola eskuratzen dio.)

 

ian: (Pistola hartuta ahoan sartzen du.

          Gero ateratzen du.)

 

          Ez jarri nire atzean.

 

Pistola berriro ahoan sartzen du.

Katua sakatzen du. Pistolak klik egiten du, hutsik.

Berriro tiro egiten du. Eta berriro eta berriro eta berriro.

Pistola ahotik ateratzen du.

 

ian: Joder.

 

cate: Patua, ikusten duzu? Ez da zure ordua. Jainkoak —

 

ian: Alu zikin hori.

 

(Pistola etsita botatzen du.)

 

cate: (Umea kulunkatzen ari da eta pistolari begirada botatzen dio.)

          Ai, ene.

 

ian: Zer?

 

cate: Hilda dago.

 

ian: Kabroiak zorte ona izan du.

 

cate: (Barrez lehertzen da, era antinaturalean, histerikoki, kontrolik gabe. Barre egiten du eta barre egiten du eta barre egiten du eta barre egiten du eta barre egiten du.)

 

 

Ilunaldia.

 

Neguko euri jasaren soinua aditzen da.