Zartatua / 4.48 Psikosia
Zartatua / 4.48 Psikosia
Sarah Kane
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-53-2
Sarah Kane
1960-1996
 
Zartatua / 4.48 Psikosia
Sarah Kane
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-53-2
aurkibidea
 

 

Hirugarren agerraldia

 

Mortero-bonba batek hotela zartatu du.

 

Hormetako batean zulotzar bat dago eta oraindik zabaltzen ari den hautsak dena estali du.

 

soldadua konortea galduta, erriflea eskuan du oraindik.

iani pistola erori zaio; pistola hori bien artean dago.

 

ian lurrean geldi-geldi datza, begiak oso irekita ditu.

 

ian: Ama?

 

Isiltasuna.

soldadua bere onera etorri eta ahalik eta mugimendu gutxienez begiak eta erriflea ianengana zuzentzen ditu.

 

Instintiboki libre duen eskuaz soina eta hankak ukitzen ditu osorik dagoen jakiteko. Osorik dago.

 

soldadua: Edaria.

 

ianek inguruan begiratzen du. Haren tokitik gertu gin botila bat dago tapoirik gabe.

Argitara ipintzen du.

 

ian: Hutsik.

 

soldadua: (Botila hartu eta azken zurrupada edaten du.)

 

ian: (Barretxoa egiten du.)

          Ni baino okerrago.

 

soldaduak botila goian altxatu eta ahoaren gainean astintzen du, hondarrak harrapatzen.

 

ianek alkandorako patrikan zigarroak topatu eta bat pizten du.

 

soldadua: Emaguzu zigarrotxo bat.

 

ian: Zergatik?

 

soldadua: Pistola nik daukadalako eta ez zuk.

 

ianek arrazoiketa kontuan hartzen du.

Orduan paketetik zigarro bakar bat atera eta soldaduari botatzen dio.

soldaduak zigarroa harrapatu eta ahoratzen du.

iani begira dago suaren zain.

ianek bere zigarroa eskaintzen dio.

soldadua aurrera makurtzen da, piztuta dagoenaren kontra zigarroaren muturra ipinita, begiak ianengan iltzatuta ditu.

Erretzen du.

 

soldadua: Ez dut inoiz ingeles pistoladunik ezagutu, gehienek ez dakite pistola bat zer den ere. Soldadua zara?

 

ian: Horrelako zerbait.

 

soldadua: Zeinen alde, gogoratzen baduzu.

 

ian: Ez dakit zeintzuk diren hemengo alderdiak.

          Ez dakit non...

 

(Nahastuta isiltzen hasten da, eta soldaduari begiratzen dio.)

 

          Mozkortuta nagoela uste dut.

 

soldadua: Ez. Benetan da.

 

(Errebolberra hartzen dio eta miatzen du.)

 

          Gure alde borrokatzera etorri zara?

 

ian: Ez, ni —

 

soldadua: Ez, jakina ezetz. Ingelesa.

 

ian: Galestarra naiz.

 

soldadua: Ingelesa ematen du, zure azentu kabroi horrek.

 

ian: Han bizi naiz.

 

soldadua: Atzerritarra?

 

ian: Ingelesa eta galestarra gauza bera dira. Britainiarra. Ez naiz inportaziokoa.

 

soldadua: Ze ostia da galestarra, ez dut horrelakorik inoiz entzun.

 

ian: Etortzen zaizkigu auskalo nondik umeak egiten dituzte eta ingelesa esaten diete baina ez dira ingelesak Ingalaterran jaiotzeak ez zaitu ingeles bilakatzen.

 

soldadua: Galestarrak Galesen bezala?

 

ian: Izaera bat da.

 

(Buelta ematen du.)

 

          Begiratu nire zamarra demonioa nola dagoen. Urdanga.

 

soldadua: Neska-lagunak egin dizu hori, haserre zegoen ala?

 

ian: Ez da nire neska-laguna.

 

soldadua: Zer da orduan?

 

ian: Utzi nire kontuak bakean.

 

soldadua: Ez daramazu denbora luzea hemen, ezta?

 

ian: Eta zer?

 

soldadua: Manera onak ikasi, Ian.

 

ian: Ez deitu niri horrela.

 

soldadua: Nola deitu beharko nizuke?

 

ian: Inola ere ez.

 

Isiltasuna.

soldadua iani begira dago denbora luze batez, ezer esan gabe.

ian deseroso dago.

Azkenean.

 

ian: Zer?

 

soldadua: Ezer ez.

 

Isiltasuna.

ian berriro deseroso.

 

ian: Ian dut izena.

 

soldadua: Ni

          Irrikitan

          Nago

          Amodioa egiteko

          Ian

 

ian: (Begiratzen dio.)

 

soldadua: Neska-lagunik al duzu?

 

ian: (Ez du erantzuten.)

 

soldadua: Nik bai

          Col.

          Ikaragarri ederra.

 

ian: Cate —

 

soldadua: Begiak itxi eta gogora etortzen zait.

          Hemen dago —

          Hemen dago —

          Hemen dago —

          Hemen dago —

          Hemen dago —

          Hemen dago —

          Hemen dago —

          Noiz egin duzu azkenekoz —?

 

ian: (Begiratzen dio.)

 

soldadua: Noiz? Orain dela gutxi izan dela badakit, usaintzen dut, gogora ezazu.

 

ian: Bart. Uste dut.

 

soldadua: Ondo?

 

ian: Ez dakit. Mozkorturik nengoen. Seguru asko ez.

 

soldadua: Gutako hiru —

 

ian: Ez kontatu niri.

 

soldadua: Hiritik kanpo zegoen etxe batera joan ginen. Denak alde eginda zeuden. Izkinan ezkutatzen zen mutil bat salbu. Besteetako batek mutila kanpora atera zuen. Lurrean etzanarazi eta hankak tirokatu zizkion. Sotoan negarrak entzun nituen. Jaitsi nintzen. Hiru gizon eta lau emakume. Besteak deitu nituen. Gizonei heldu zieten nik emakumeei larrutan egiten nien bitartean. Gazteenak hamabi urte zituen. Ez zuen negar egin, besterik gabe, hor zegoen etzanda. Buelta eman nion eta —orduan negar egin zuen. Ni mingainaz garbitzera behartu nuen. Begiak itxita gogora ekarri nuen —

          Haren aitari tiro bat eman nion ahoan. Anaiek garrasi egin zuten. Barrabiletatik zintzilikatu nituen sabaitik.

 

ian: Xarmagarria.

 

soldadua: Ez duzu horrelakorik inoiz egin?

 

ian: Ez.

 

soldadua: Ziur?

 

ian: Ez nintzen ahaztuko.

 

soldadua: Ahaztuko zinen.

 

ian: Ez nuke lorik bakean egingo.

 

soldadua: Eta emazteari, zer?

 

ian: Dibortziaturik nago.

 

soldadua: Ez duzu inoiz —

 

ian: Ez.

 

soldadua: Eta komunean giltzapetu den neskaz, zer?

 

ian: (Ez du erantzuten.)

 

soldadua: A.

 

ian: Zuk lau batera izorratu zenituen, nik bat besterik ez.

 

soldadua: Neska hil duzu?

 

ian: (Bere pistola berreskuratzen saiatzen da.)

 

soldadua: Ez egin hori, tirokatu beharko zaitut. Orduan bakarrik geratuko nintzateke.

 

ian: Ez dut hil, jakina ezetz.

 

soldadua: Zergatik ez? Ez du ematen oso gustukoa duzunik.

 

ian: Gustukoa dut.

          Emakumea... da.

 

soldadua: Eta?

 

ian: Ez dut inoiz.

          Ez da.

 

soldadua: Zer?

 

ian: (Ez du erantzuten.)

 

soldadua: Soldadua zinela uste nuen.

 

ian: Ez horrelakoa.

 

soldadua: Ez horrelakoa, denak horrelakoak dira.

 

ian: Nire lana —

 

soldadua: Baita ni ere. Izan behar.

          Nire neska-laguna —

          Ez naiz berarekin itzuliko. Itzultzen naizenean.

          Hilda dago, badakizu? Soldadu kabroi madarikatuak, berak —

 

Gelditzen da.

Isiltasuna.

 

ian: Sentitzen dut.

 

soldadua: Zergatik?

 

ian: Ikaragarria da.

 

soldadua: Zer?

 

ian: Baten bat galtzea, zure emakumea, horrela.

 

soldadua: Badakizu, ezta?

 

ian: Nik —

 

soldadua: Horrela, nola?

 

ian: Horrela —

          Esan zenuen —

          Soldadua —

 

soldadua: Soldadua zara.

 

ian: Ez dut —

 

soldadua: Eta aginduko bazizuten zer?

 

ian: Ezin dut irudikatu.

 

soldadua: Irudika ezazu.

 

ian: (Irudikatzen du.)

 

soldadua: Zure eginbeharra betetzen.

          Zure herriagatik.

          Gales.

 

ian: (Gogo handiagoz irudikatzen du.)

 

soldadua: Jendaila kanpotarra.

 

ian: (Gogo handiagoz imajinatzen du. Ondoezaz dirudi.)

 

soldadua: Egingo zenuke?

 

ian: (Buruaz baietz dio.)

 

soldadua: Nola?

 

ian: Azkar. Buruko atzealdean. Danba.

 

soldadua: Hori da dena.

 

ian: Nahikoa da.

 

soldadua: Hala uste duzu?

 

ian: Bai.

 

soldadua: Zuk ez duzu inoiz inor akabatu.

 

ian: Baietz, ostia.

 

soldadua: Ez.

 

ian: Ezetz, ostia.

 

soldadua: Ez zenuke horrela hitz egingo. Jakin beharko zenuke.

 

ian: Zer jakin?

 

soldadua: Horixe. Ez dakizu.

 

ian: Zer ostia jakin?

 

soldadua: Hobe duzu ez jakitea.

 

ian: Zer? Zer ostia? Ez jakitea zer?

 

soldadua: Pentsatu —

 

          (Gelditzen da eta irribarre egiten du.)

 

          Emakume bati lepoa hautsi nion. Hankartean bost aldiz sastakatu eta bosgarrenean bizkarrezurra apurtu zitzaion.

 

ian (Ondoezaz ematen du.)

 

soldadua: Zu ez zinateke gai izango.

 

ian: Ez.

 

soldadua: Ez duzu inoiz hil.

 

ian: Horrela inoiz ez.

 

soldadua: Horrela

          inoiz

          ez.

 

ian: Ni ez naiz torturatzailea.

 

soldadua: Gertu jartzen zara, pistola buruaren kontra ipintzen diezula. Lotzen dituzu, zer egingo diezun esaten diezu, espero dutena egiten diezu, eta gero… zer?

 

ian: Tirokatzen dituzu.

 

soldadua: Ez daukazu ideiarik ere.

 

ian: Orduan, zer?

 

soldadua: Ez diozu inoiz gizon bati larrutan egin akabatu baino lehen?

 

ian: Ez.

 

soldadua: Eta ondoren?

 

ian: Jakina ezetz.

 

soldadua: Zergatik ez?

 

ian: Zertarako ba? Ez naiz maritxua.

 

soldadua: Col, ipurtzulotik egin zioten, lepoa moztu. Belarriak eta sudurra aizkorakatu eta atariko atean iltzatu zizkioten.

 

ian: Nahikoa.

 

soldadua: Horrelakorik ikusi al duzu inoiz?

 

ian: Nahikoa.

 

soldadua: Ezta argazkietan ere?

 

ian: Inoiz ez.

 

soldadua: Zu bai kazetaria, zure lana da hori.

 

ian: Zer?

 

soldadua: Gertatu dela frogatzea. Hemen nago ni, ez daukat beste aukerarik. Baina zuk. Zuk jendeari kontatzen egon beharko zenuke.

 

ian: Inork ez du jakin nahi.

 

soldadua: Zerbait egin dezakezu nigatik.

 

ian: Ez.

 

soldadua: Jakina baietz.

 

ian: Ezin dut nik ezer egin.

 

soldadua: Saiatu zaitez.

 

ian: Nik istorioak… idazten ditut. Hori da guztia. Istorioak. Hau ez da inork aditu nahi duen istorioa.

 

soldadua: Zergatik ez?

 

ian: (Oheko egunkarietako bat hartu eta irakurtzen du.)

 

          Richard Morris, auto saltzaile perbertituak, bi prostituta nerabe mendira eraman, hesi bati lotu eta gerriko batez zartatu zituen larrutan egin baino lehen. Sheffield-ekoa zen Morris horrek hiru urteko kartzela zigorra beteko du hamahiru urteko nesketakoetako batekin sexu harreman ilegalak izan zituelako.

 

(Egunkaria botatzen du.)

 

          Istorioak.

 

soldadua: Egin digutena beraiei egitea, zertarako balio du horrek? Gurean garbi nago. Ezer gertatu izan ez balitz bezala. Kontaiezu salbatu nauzula.

          Kontaiezu... salbatu nauzula.

 

ian: Hori ez da nire lana.

 

soldadua: Norena da, ba?

 

ian: Nazionaleko kazetaria naiz, Yorkshiren. Ez ditut atzerriko gaiak lantzen.

 

soldadua: Atzerriko gaiak, zertan ari zara hemen?

 

ian: Beste kontu batzuk egiten ditut. Tiroketak, bortxaketak, apaizek eta irakasle maritxuek abusatutako umeak. Ez soldaduak elkar izorratzen lur zati batengatik. Izan behar da… pertsonala. Zure neska-laguna, hori bai istorioa. Gozoa eta garbia. Zu ez. Ugerdoa, beltzaranak bezalakoa zara. Morenoen istorioek ez dute interesik, nori inporta zaizkie? Zertarako aterako zaitut argitara?

 

soldadua: Nitaz ze ostia dakizu zuk?

          Eskolara joan nintzen.

          Colekin maitasuna egin nuen.

          Kabroi batzuek akabatu zuten, orain hemen nago.

          Orain hemen nago.

 

(ianen aurpegiaren aurka zanpatzen du erriflea.)

 

          Buelta eman ezazu, Ian.

 

ian: Zergatik?

 

soldadua: Larrutan egingo dizut.

 

ian: Ez.

 

soldadua: Orduan akabatuko zaitut.

 

ian: Ondo.

 

soldadua: Tira. Hobe tirokatua izatea izorratua eta tirokatua izatea baino.

 

ian: Bai.

 

soldadua: Eta orain esaten dudan edozein gauzarekin ados zaude.

 

ian amultsuki musukatzen du ezpainetan.

Elkarri begira daude.

 

ian: Colek bezala usaintzen duzu. Tabako bera.

 

soldaduak esku batez iani buelta ematen dio.

Bestearekin errebolberrari heltzen dio ianen buruaren kontra.

ianen galtzak jaitsi, bereak askatu eta bortxatzen du —begiak bilduta eta ianen ilea usaintzen.

soldadua negar-malkotan dago.

 

ianen aurpegiak beldurra adierazten du baina isilik dago.

 

soldaduak amaitzen duenean galtzak igo eta errebolberra ipurtzulotik sartzen dio iani.

 

soldadua: Kabroi hark katua Colen barruan sakatu zuen.

          Zer sentitzen da?

 

ian: (Erantzuten saiatzen da. Ezin du.)

 

soldadua: Pistola berreskuratu eta ianengandik gertu esertzen da.

          Ez dizu inoiz gizonezko batek larrutan egin?

 

ian: (Ez du erantzuten.)

 

soldadua: Hala ematen zidan. Hori ez da ezer. Ikusi nituen milaka lagun kamioietan txerriak bezala pilatuta hiritik alde egin nahian. Emakumeak euren umeak kamioietara jaurtikitzen baten batek zainduko lituzkeelako esperoan. Denak elkarrekin zapalduta hiltzeraino. Garuna begietatik ateratzen zitzaien. Ikusi nituen ia aurpegi osoa lehertuta zeukan ume bat, izorratu nuen neskatxa haren eskuaz, nire barrualdean sartuta, esne osoa atera nahi zidala, gizon bat goseak amorratzen bere emazte hildakoari hanka jaten ari zitzaiola. Armak hemen sortu dira eta ez dira hilko. Ez naiz zure ipurtzuloarengatik tragiko jarriko. Ez pentsatu zure ipurdi galestarra izorratu ditudan beste ipurdien aldean ezberdina dela. Ez al duzu beste janaririk? Kristoren goseak amorratzen nago.

 

ian: Akabatuko nauzu?

 

soldadua: Zu beti zure ipurdia babesten.

 

soldaduak ianen buruari heltzen dio bere eskuen artean.

 

ianen begi baten gainean ahoa ipinita, kanporaino xurgatu, hortzez atera eta jan egiten du.

 

Beste begiarekin gauza bera egiten du.

 

soldadua: Begiak jan zizkion.

          Kabroi zikin hark.

          Nire bihotz koitadua.

          Kabroi zikin madarikatu hark.

 

          Ilunaldia.

          Udazkeneko euri soinua.