Isiltasuna
Isiltasuna
Eneritz Artetxe Aranaz
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
114 orrialde
978-84-17051-46-4
Eneritz Artetxe Aranaz
1972, Gernika
 
 

 

Etxea 8

 

laia: Ez dakit zeren bila zatozen, baina ez daukat behar duzun hori. Zoaz etxera.

 

maurizia (atearen bestaldetik): Ezin dut atea ireki.

 

laia: Oraingoan giltzaz itxi dut.

 

maurizia: Txiste bat entzun nahi duzu?

 

laia: Ez dizut atea irekiko.

 

maurizia: Gizon txikitero pare batek, igande batean behingoagatik tabernetako osteratxoa alde batera utzi eta mendirako txangoa egitea erabakitzen du. Hara non, sagasti eder batetik dabiltzala, sugegorri batek egiten dion zizt haietako bati. Larrialdi zerbitzuetara ahal bezala korrika abiatzen da osasuntsu dagoena:

 

      “Aizu, mediku anderea, nire lagunari sugegorri batek egin dio zizt zakilaren puntan. Zer egin dezakegu?

 

      “Xurgatu iezaiozu pozoia ahoarekin”.

 

      Bueltatu da osasuntsua bestearengana eta honek, premiaz galdetzen:

 

      “Aizu, zer esan dizu medikuak? Zer egin behar dut sendatzeko?”.

 

      “Oso larria omen da eta ez dago zereginik. Ez zara honetatik bizirik aterako”.

 

(Gutxinaka-gutxinaka laia txisteaz ohartzen da. Ez du barrerik egin nahi baina ezin du irribarrea ezkutatu.)

 

laia: Ez dizut aterik zabalduko.

 

maurizia: Laurogei urteko gizon bat ohetik jaikitzen da gauaren erdian. Pixa egitera doa komunera. Egiten duen bitartean honela hitz egiten dio bere apendize maiteari: “Ikusten? Zuk beharrezko duzunean, ni zutitu egiten naiz. Zutaz ordea ezin dezaket gauza bera esan…”.

 

(Isiltasuna.)

 

maurizia: Ez da zutitzen… ulertzen? Ez dio mesederik egiten… berak, aldiz, bai… zutaz ordea ezin dezaket gauza bera esan…

 

(laiak barre egiten du algaraka.)

 

laia (barrez lehertzen oraindik): Ateko alfonbratxoaren azpian duzu giltza.

 

(maurizia sartu egiten da ate zuritik eta laiaren egoera negargarriari begiratzen dio.

laiak txistearen parte barregarria errepikatzen du behin eta berriz.)

 

maurizia: Noiz da ebakuntza?

 

laia: Ez dizut esango.

 

maurizia: Zergatik?

 

laia: Halako txisteak kontatzeko kapaz zara ospitalean nagoela. Eta ez dut erizainen aurrean negargarri agertu nahi.

 

maurizia: Bisitan joango natzaizu.

 

laia: Gartxotekin egingo duzu topo orduan.

 

maurizia: Tipo jatorra da.

 

laia: Jatorra eta ederra. Baina zorionez zuk ez dituzu gizonak maite.

 

maurizia: Emakume bitxia zara…

 

laia: Zeren bila etorri zara?

 

maurizia: Lore bila.

 

laia: Ez daukat lorerik. Zoaz etxera.

 

(mauriziak espazioan zehar sakabanatzen diren loreak jasotzen ditu eta laiaren gorputz gainean uzten. Emakume biek elkar besarkatzen dute. mauriziak aurpegia laztantzen dio laiari. laiak negar egiten du mauriziaren sorbalda gainean eta elkarrekin topa egin eta dantzan egiten dute. Musika entzuten da. Emakume biak eta aztia, oholtza gainetik ateratzen dira.)

 

ILUNA