Isiltasuna
Isiltasuna
Eneritz Artetxe Aranaz
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
114 orrialde
978-84-17051-46-4
Eneritz Artetxe Aranaz
1972, Gernika
 
 

 

Hitzaldia 2

 

(laia hitzaldiaren espaziora bueltatzen da.)

 

laia: …eta, hain zuzen ere, gaur egun gizartean indarrean dugun balore sistema, zeinean emakumearen presentzia, edo hobeto esateko, absentzia ulertzeko, sarraski hauek aipatzea behar-beharrezkoa dela iruditzen zaidan. Sarraski maila eman emakumeon gainean historian zehar gauzatu den indarkeria fisiko, bortxa psikiko eta egiturazkoari. Gaur egun oraindik naturalizatuta dagoen egitura sozial honek etengabeko indarkeria suposatzen duelako gizon hegemonikoa ez den edonoren gainean.

 

      Silvia Federici filosofo italiarrak Caliban eta sorgina liburuan maisuki adierazten duen bezala, Erdi Arotik joan ziren ontzen hala emakumearen gorputzaren eta berarekin garraiatzen zen pentsamendua nola jarduera guztien kriminalizazio eta estigmatizazio muturrekoa.

 

      Desprestigiatze eta deabrutze kanpaina historiko horrek sorgin ehiza ekarriko zuen gailurreko ondorio bezala. Honetan, emakumeen aurka sekula burutu den sarraskirik handiena eraman zen aurrera ongiaren, jainkoaren eta hamaikatxo ideia androzentriko eta hiltzaileren mozorropean. Milaka emakume —baita gizonezko ere, bereziki indigena mordoa munduan zehar—, torturatuak eta erailak izan ziren, gertaera hau historiaren arrastoan ia-ia kontakizun mitologiko eta ipuineko bezala baino geratu ez den arren.

 

      Emakumearen gorputzarekin eta honi atxikitzen zitzaion pentsamenduarekin bukatu zen, modu ezin bortitzago honetan. Eta sarraski honen ondoren argi geratu zitzaien europar herritarrei zein izango zen ordutik aurrera Europa mendebaldean, eta europarrek kolonizatutako beste herri guztietan, gailenduko zen pentsamendua.

 

      Gerora emakume zein gizonen inkontzientean eragin handia izan du gertakari honek, nahiz eta harrigarriki ipuinetan baino azaleratzen ez den.

 

(Pantailan sorgin ehizari buruzko irudiak agertuko dira. Psikiatrikoetan internatutako emakumeen irudiak, psikiatria patriarkalak eragindako indarkeriaren gaineko eszenak eta historian zehar erotzat hartu diren emakume ugariren argazkiak.)