Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

10. agerraldia:
Kristina eta kamioi gidariak

 

(kristinaren amets-oroitzapenaren jarraipena da agerraldi hau.

kristina ospitaleko korridoretik doa oinez. Hotz egiten du. manta banatzailea sartzen da bere orgarekin.)

 

MANTA BANATZAILEA: Mantaaaak!... Mantaaak!...

 

(Jendea korridoreetan dabil. Hotz egiten du. kristina taka-taka bat daroan gaixo batekin gurutzatzen da.)

 

GAIXOA 1: Berogailuan aurreztutakoa zeuek sartzen duzue poltsikora, ezta? Hotza, hotza…

 

(kristinak aurrera jarraitzen du kasurik egin barik. Bere tokia hartu eta jendeari, publikoari hitz egiten dio.)

 

KRISTINA: Bitxia da, uztaila baitzen, eguzkia abuzturantz jausten hasita zegoen eta, hala ere, beti entzun izan dut hotz egiten zuela...

 

(Atzean, gurpildun aulkiz sortutako kamioia osatzen da eta eszenan sartzen da.)

 

KRISTINA: Iluntzetan, landan txitxarren kantuekin batera, kamioien motor hotsa entzuten zen. Ez ei ziren haurrak bakarrik gauaren beldur zirenak...

 

(Kamioia eszenaren aurrealdera gerturatzen da.)

 

KRISTINA: Etxeren bateko atea bortizki zabaltzen zenean, gainerako etxeetako leihoak zarratu egiten ziren. Orduan, kamioiaren motor hotsa bakarrik entzuten zen...

 

(Kamioia geratu egiten da.)

 

KRISTINA: Kamioia geratu zenean, uztaila izan arren... kamioiaren argipean, muino hartan... Hotz egiten ei zuen.

 

(kamioi gidaria 1 eta 2 jaitsi eta izenak irakurtzen eta ahoz gora esaten hasten dira. Fusilatzera doazen kideak kamioitik jaisten hasiko dira, fusilamendu lerroa osatuz. Haien artean dago patxi, dagoeneko heldua.)

 

KAMIOI GIDARIA 1: Maria Dolores Ibarluzea Lizarraga... Jose Manuel Mendinueta Goņi... Josune Beitialarrangoitia Amezketa... Epifanio Arruabarrena Imaz...

 

(kamioi gidaria 1ek izenak esan ahala, kristinak batzuk errepikatzen ditu.)

 

KAMIOI GIDARIA 1: …Mercedes Endurzeta Petriati... Manuel Razkin Reparaz... Jon Etxanobe Mendoza... Patxi Garcia Lizarralde...

 

KRISTINA: Patxi!

 

PATXI: Kaka zaharra!

 

(patxi, eskuak atzean lotuta dituela kamioi gidarien aurretik pasatzen da. kamioi gidaria 1 harritu egiten da hura ikustean.)

 

KAMOI GIDARIA 1 (harriduraz): Koņo, Patxi.

 

(patxi kamioi gidaria 1i begietara begira geratzen zaio une batez eta badoa. kristina pentsakor dago. Kamioitik jaitsitakoak fusilamendu-lerrora doaz. Fusilamendua hasten da.)

 

KAMIOI GIDARIA 2: Zer duk?... Zer debru darabilk orai?

 

KAMIOI GIDARIA 1 (burua apur bat jasoz): Herriko jendea duk, eskolan nirekin ikasiak, bida...

 

KAMIOI GIDARIA 2: Etzaiok man buelta gehio, Jainkoain izenian!... Kauendios! (kamioi gidaria 1engana doa eta eskuarekin burua jasotzen dio, bekoz beko jartzeko) Adizak ongi: hau eztuk gure arazoa, etzak muturrik sartu bertzeren kontuetan, konpreitzeuk?

 

KAMIOI GIDARIA 1: Bai. Konpreitzeiat. Guk gure lana iten diau.

 

KAMIOI GIDARIA 2 (kamioi gidaria 1en aurpegia askatuz): Hori duk! Kamion-gidariak gaituk. Ez bertzerik.

 

KAMIOI GIDARIA 1 (begiradari eutsiz): Bai. Kamion-gidariak gaituk.

 

KAMIOI GIDARIA 2: Kontratatu in gaitiztek.

 

KAMIOI GIDARIA 1: Karga erran tokian hartzen diagu....

 

KAMIOI GIDARIA 2: ...karga erran tokirat gaten diagu....

 

KAMIOI GIDARIA 1 (begirada apur bat jaitsiz): ...ta karga erran tokian uzten diagu.

 

KAMIOI GIDARIA 2: Ta kobratu iten diagu. Kitto!

 

KAMIOI GIDARIA 1: Gure lana duk.

 

KAMIOI GIDARIA 2: Ta lanak iten dik gizona.

 

KAMIOI GIDARIA 1 (burua makurtuz): Baina... hoiek ere... gizon ta emazte langileak tuk...

 

KAMIOI GIDARIA 2 (haserre tonuan): Ez hadila sartu nehoren kontuetan...

 

KAMIOI GIDARIA 1 (begirada jaso eta bekoz beko begiratzen dio): Baina, hau…

 

KAMIOI GIDARIA 2 (masaileko bat ematen dio): Xo!

 

(Atzean zutik geratzen den azken fusilatuak begiratu egiten die, eta erortzen da, kaunk!, hots handia eginez.)

 

KAMIOI GIDARIA 1 (publikoari begira, bere buruarentzat): Gu kamion-gidariak gaituk. Gure lana iten diagu. Ez bertzerik!