Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

5. agerraldia:
Kristina eta umetako eraztuna

 

(Agerraldi honetan kristinaren amets-oroitzapena azaltzen da.

haur taldea esku-jolasetan dabil “Karlisten ereserkia” kantatzen:

“Por Dios, por la Patria y el Rey lucharon nuestros padres. Por Dios, por la Patria y el Rey, lucharemos nosotros también”. (Bi bider).

Halako batean jolasean kristina harrapatu egiten dute.)

 

KRISTINA: Kaka zaharra! (Isilunea) Kaka, nik kaka esan dut…

 

BESTEAK 1: Ha dicho “kaka”!

 

BESTEAK 2: Euskera! Ha hablado en euskera!

 

BESTEAK 3: Ha dicho “kaka”!

 

(Sarraskijale talde bat bailiran oihuka, gutxiesten eta barre egiten ariko zaizkio. kristina bere senetik aterata, negarrez.)

 

KRISTINA: Ni ez naiz euskalduna! Nik eztut euskaraz in!... “kaka” baizik eztut erran ta “kaka” ezta euskaraz!... Eztut “kakazaharra” erran!... Ni enaiz euskalduna!

 

(kristina eszenaren ertz batean. Bere inguruan ibili direnak joan dira. Bere buruari ari zaio hizketan.)

 

KRISTINA: ... Eztutela euskaraz in!!... Ni enaiz euskalduna!!... Euskalduna izatea kaka bat da!!...

 

(kristina negarrez. patxi agertzen da eta bere ondoan makurtzen. Atzamarra eskaintzen dio eraztuna sar diezaion. kristina hasieran ez da horretaz ohartzen.)

 

KRISTINA: Nik “kaka” erran dut, ez “kakazaharra”!

 

PATXI: Bino euskaraz da, ez?

 

PATXI: “Kaka” ez da euskaraz! “Kaka” “kaka” da hemen ta edonon!...

 

(kristina patxik atzamarra eskaintzen diola ohartzen da. Harrituta.)

 

PATXI: Tira neska, kaka zaharra!... (Atzamarra erakutsiz)

 

KRISTINA: Hori tranpa da.

 

PATXI: Ta?... Ez erran inori ta kitto.

 

(kristinak patxiri eraztuna jartzen dio.)

 

KRISTINA: Eraztun hau kaka bat d...

 

(patxik isiltzeko keinua egiten dio. Eraztuna bere atzamarrean du. Zutundu eta badoa.)

 

KRISTINA: Patxi!

 

(patxi jiratzen da.)

 

KRISTINA: Esker mile.

 

PATXI (irribarrez): Gure sekretue da.

 

(Atzamarra ezpainetara eramanez isiltzeko keinua egiten du.

patxi badoa. kristina bakarrik geratzen da tarte batez, lurrean jesarrita. Atzealdetik juanjo dator gurpildun aulki bati bultzaka. kristina ikustean gurpildun aulkiari aurrerantz, doan lekura doala ere arretarik gabe, bultza egiten dio eta kristinaren ondora makurtzen da. kristina negarrez, zotinka, arnasari buelta eman ezinda.)

 

JUANJO: Zer gertatzen zaizu?

 

KRISTINA: E... Eraztuna...

 

JUANJO: Zer?!... Altxa zaitez, tira...

 

(juanjok kristinari jaikitzen lagundu eta besarkatu egiten du.)

 

JUANJO: Lasaitu zaitez, Kristina, eta esadazu zer gertatzen zaizun.

 

KRISTINA (zotin eta arnasestu artean): Eraztuna galdu dut... Ez dut aurkitzen...

 

(Bien bitartean gurpildun aulkian dagoen gaixoa eztulka eta soinu arraroak egiten hasten da. juanjok kristina albora utzi behar du harengana joateko.)

 

JUANJO: Egon! Egon pixka batean, bai?

 

(gaixoari burua zabar samar tentetzen dio eta krtistinarengana joaten da.)

 

JUANJO: Barkatu, e! Zeladoreak greban daude eta klaro, ospitale hau kaosa da!... Eraztuna, eraztunaz ari zinen.

 

KRISTINA: Galdu egin dut.

 

JUANJO: Ba! Zenbat ez ote ditudan galdu nik! Nire lehenengo ezkontzakoa, adibidez!

 

KRISTINA (ez dio graziarik egin): Ez da edozein eraztun!

 

JUANJO: Barkatu.

 

KRISTINA (negarrez berriz): Ez dut aurkitzen...

 

(Gurpildun aulkian dagoen gaixoa goitika hasten da. juanjok ikusten du.)

 

JUANJO: Buagh!... Ze txerria!... Joder!... (gaixoarengana doa, goitika ukitzen du nahi gabe eta mahukan garbitzen dio) ...Kristina, barkatu baina, hau nonbaiten utzi eta oraintxe nator, bai?... Oraintxe bertan, ja!

 

(juanjo badoa.)