Poema antologia
Charles Bukowski
itzulpena: Josu Lartategi
Poema antologia
Charles Bukowski
itzulpena: Josu Lartategi
1997, poesia
180 orrialde
84-86766-74-5
Charles Bukowski
1920-1994
 
 

GUGGENHEIM FUNDAZIOKO BEKADUN BATEK ELKARRIZKETATUA

 

Hego amerikar Gugg-bekadun etorri berri hura

bere putarekin sartu zen

eta putak ohe-ertzean eseri eta

berna bikainak gurutzatu zituen

eta ni bernei begira paratu nintzen

eta gizonak laxatu egin zuen gorbataren korapiloa

eta nik biharamuna neukan

eta berak zera itaundu zidan

zer iritzi duzu ameriketako

poetez?

eta nik esan nion iritzi larregirik ez nuela

Ameriketako poetez

eta gero jarraitu egin zuen beste itaun

aspergarri batzuk egiten

(bitartean beraren putaren bernak nire burmuinaren labarrean

zetzatela) hala nola

tira, zuk ez duzu ezelako ardurarik hartzen

baina irakasle izango bazina eta ikasleetarik

batek galdegingo balizu ameriketako zein poeta

irakurri beharko luketen

zer erantzungo zenuke?

begira nengoela putak ostera gurutzatu zituen bernak eta niri bururatu egin zitzaidan

ukabilkada bakar batez jokoz kanpo laga nezakeela gizona

4 minututan emakumea bortxatu

L.A.era trena hartu

Arizonan jaitsi eta desertuan barrena abiatu

eta nik ezin nion morroiari esan egundo ere ez nintzatekeela

irakasle izango

Ameriketako poesiagintza gustuko ez izateaz gain

Ameriketako irakaskuntza ere ez nuela gustuko

ezta haien ustez hartu beharko nukeen lanbidea

ere,

horrexegatik zera esan nuen

Whitman, T.S. Eliot, narrazti eta piztiei buruzko

D.H. Lawrence-ren poemak, Auden. eta orduan konturatu

egin nintzen Whitman zela benetako amerikar bakarra,

Eliot nolabait ez zela amerikarra eta

enparauak ere ez jakina, eta

berak ere bazekien hori

bazekien izorratu egin nuela guztia

ordea nik ez nuen apologiarik egin

zertxobait gehiago pentsatu nuen bortxaketaz

ordurako ia maitemindurik nengoen emakumearekin baina banekien bera handik irten eta

sekula ere ez nuela berriz ikusiko

eta gero elkarri bostekoa eman eta Gugg-ek esan zidan

artikulua argitaratutakoan bidali egingo zidala

baina nik banekien ez zeukala artikulurik

eta berak ere bazekien hori

eta gero bota zuen

bidali egingo dizkizut ingelesera itzulitako neure poema

batzuk

eta nik esan nuen ederto-ba

eta so egin nien kalera zihoazela

eta so egin nien emakumearen takoi luzeei eskailera-maila berde

altuetan behera taka-taka

eta gero biak desagertu ziren

baina nik gogoan dut oraindio emakumearen jantzia soin leunean irristan

bigarren azala bailitzan

eta basapiztien gorrotoa erne zitzaidan goizarekiko eta amodioarekiko eta tristeziarekiko

eta neure ergel-kondizioarekiko

ezer komunikatzeko

ezgai

eta sartu eta garagardoa amaitu nuen

beste bat irentsi

nire jaka frantsestu higatua jantzi

eta New Orleans-eko kaleetara murgildu nintzen

eta gau hartan bertan

lagunekin jesarri eta zozoki jokatu nuen

xikiñ

ahohandi eta fede txarrez

eta ankerki

eta inoiz ez zuten jakin

zergatik.